www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (I)
Sebastian Mendiburu
1759, 1904

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai, Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1904.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XVI.garren OTOITZ-GAIA

ZEIN GAUZ ANDI ONA DEN
JAUNAREN GIZON-EGITEA

 

        Elizako doktoreak, nola-ere-bait guri adirazteagatik zein andi ekusgarria den Jaungoikoa gizon egitea, au dela, diote, sekula guziko Jaunaren egitekoa; au dela, jakinde utsa den Jaungoikoak baizik, ezin asma zezaken egitekoa; au dela, berak baizik, ezin egin zezaken egitekoa; ta au dela, den bezain ona, ta zuzena edo justoa ezpaliz gure Jaungoikoa, sekulan Jaungoikoak eginen etzuen egitekoa; ta orregatik dela, Jaunaren eskuetatik atera den, ta atera ziteken, egitekorik edo gauzarik andiena ta onena. Egiteko ta gauza andi on au ezagu dezagun, oraindañokoan ez bezala; ta bidenabar ezagu dezagun, onegatik guk Jaungoikoari zor diogun onestea ta amorea, ekusi bear ditugu astiz, ta banaka, orretarako diran ta orain ukitu ditugun irur gauzak.

 

 

A.

Jaungoiko jakintsuak baizik,
ezin asma zezaken gauza da
Jaungoiko bera gizon-egitea

 

        Zer dela uste dezu zuk, gure Jaungoikoa gizon egitea? Jakiunde utsa den Jaungoikoak baizik, ezin asma zezaken egitekoa. Au da alabaña gauzarik andienak ta txarrenak elkar artzea, edo Trinitateko bigarren personak, Aita Eternoa bezan-bateko Seme Jaungoikoak, Espiritu Santuaren birtutez artzea gure izate txarra ta loiezko naturaleza, Birjiña garbi andredone Mariaren erraietan, edo sabelean. Au da, sekula guzian izandu zen, ta ezin ill ziteken, Jaungoikoa gizatasun illgarriarekin bat eginik gelditzea. Eta zertako? Bere denboran aur jaiotzeko, giz-artean, edozein bezala, bizitzeko; ta, zenbait urteren buruan, gaistoen eskuz gurutze batean bere egunak nekez beterik bukatzeko.

        Ezpazen gure Jaungoiko jakintsuak, nork au asma zezaken? Niork ere, Alexandriako Zirilok dionaz; «bada, guk asma al baño andiagoa da, dio, egiteko au, edo, egin den bezala Jaungoikoa gizon egitea». Bai, dio S. Pablok ere, Misterio au, Jaungoikoaren jakiundeak asmatu zuen misterioa da; ta misterio, berak agertu artean, gogora niori etorri gabea. Etzuen zer artu, ez, gure Jaungoikoak onenbat egiteko, gu Adanen bekatupetik atera, ta zeruko bidean sartuak uzteko. Bazituen orretarako, ta zeruko geren bidean bearko genuena guri emateko, anitz bide ta egin-era: itz birekin egin zezaken Jaungoikoak ori guzia, mundua len, ta munduko gauzak egin zituen bezain aisa; baña etzuen orretan gelditu nai izandu: egin nai izandu zuen egiteko ta lan andi au, ezagu genezan guk geren Egillearen jakindea; ta, gure onerako egin zuen trazagatik, zor diogun amore andi bazter-bagekoa.

        Norañokoa dela deritzazu zuk, ortik datorkizun zure zor andi au? Nork au adirazi! «Traza onetan ongi begiratzen badiogu, ekusiko dugu, dio S. Agustinek gure izatea ta naturaleza, ezin geiagoraño goratua; bada ekusiko dugu, odeiak, izarrak, zeruak, eta zeruko Aingeru, Serafin, ta gañerako Espiritu andi-eder-goratuak baño goratuagoa, ta Aita Eternoaren eskuietik dagoen Seme Jaungoikoarekin bat egiña».

        Orra gure Jaungoiko guk ongi aserretuak artu izandu duen benganza, edo bendekua! Bein Adanen eskuz, ta geroz gerok, egin diozkagu nork daki zenbat bidegabe! nork daki zenbat txarkeri! Guzi-guziak ekusi zituen guk egin baño len, ta bere eternidadetik. Ekusi zuen denbora berean gure lan txar oni zegokan kezka ta pena, (ta pena, ta kezka sekulakoa), barkatzen ezpazizkigun guri Jaungoiko berak geren gaizkiak, edo agertzen ezpazen, gurekin berarekiko bakeen eragille, arteko onen bar; bada guk gerez ezin genegiken, pekatuen barkamenturako bear diran gauzen laurdenik ere. Au guzia zekusan gure Jaungoikoak zer egin ote zuen sekula guzian, ta bere eternidadean? Gaizkia zetorreneko, edo Bekatu bat ekusi orduko, prestatu suak, prestatu garrak, eta prestatu sulezeko tormentu guziak? Ori zen bai, guri geren lan gaistoagatik zegokiguna. Baña etzion, ez, guri zegokigunari gure Jaun onak begiratu: begiratu zion bere buruari: begiratu zion bere ontasunari; ta egin zuen, oni zegokan, ta bere jakiunde andi bazter-bagekoak agertu zion araistiko traza; ta artu zuen gugatik gizon egiteko asmoa.

        Zorioneko traza, gure Jaunaren amoriozko traz eder au! ta zorioneko asmoa, asmo, onen ongi guri dagokiguna! Egin zitzakeen traza guziak agertzen balitu ere, ez liguke guri geren Jaungoikoak agertuko traz au bezain ongi legokigun trazarik; ez eta, onen erara gauzak egiteko asmoa bezalako asmorik ere: bada emendik dator gure zorren pagua; emendik dator gure ta Jesusen senidetasuna, emendik gure grazia, ta emendik gure zerua, ta zeruko gloria. Zer trazetan arki genitzake guk onenbat ondasun, ta ondasun onen andiak? Zer ez diogu zor guk orien trazatzalleari? Zer, traz eder ondasundun onetan bere Semetako artu gaituen gure Jaun on maitagarri jakintsuari? Ta zer, eternidade guzi-guzian, guri onelako faboreak egin-naiez, egondu den gure Jaun andiari? Au ezagutzera, bear den eran, norako lirake gure biotzak? Geldirik egon litezke, ta amorez bertan urtzen ez lirala? Ez noski, luzaro beintzat, bertan ez galtzera guk geren buruak edo geren ezagumentua!

 

 

B.

Jaungoikoa gizon egitea,
guzia dezaken Jaunaren egitekoa da

 

        Jaungoikoa gizon egitea jakiundez beterik dagoen gure Jaun andiaren traz ederra da, ekusi dugun bezala. Orain ekusi bear duguna da, Jaunaren jakiunde andiak trazatu zuen gauz au egitea noren lana ote den, edo noren egitekoa? Baña norena izan al diteke, bat besterik ezpada lan onek eskatzen dituen diñako indar-eskuak dituenik! Nor ote da, orrenbat esku ta indar dituen au? Nor izan diteke, ez izatera altasun guzia beregan duen gure Jaun andia. Jaun onen lana da bada, ta oni bakarrik zor diogu guk, gure Jaungoiko maitagarria gugatik gizon egitea; bestek alabaña etzezaken egin, au bezain lan andirik; ez, eta milla ta milloi bider txikiagorik ere: bada, lenago Libruan ekusi dugun bezala, ezer-ezetik ezin ezer atera dezakee, indarrik geiena duten egilleak ere; ta batez bestea egiteko ere bear dute egilleak berak beren Jaunaren eskua ta laguntza. Gure Jauna da bakar-bakarrik, eta lagunik bage edozein gauza, ta, nai duen guzia, noiznai ta nai duen eran, egiten duena. Zarrak berritzea, berriro gauzak egitea, zar-berriak alkarganatzea, ta noranai, ta nai adiñetan edozein gauza, ta gauza guziak igortzea, ori da, gure Jaungoiko altsuak baizik ezin dagiken gauza edo egitekoa; ta Jaungoikoak, geldirik balego bezain aisa, egiten duena.

        Baña (gauz arrigarria!) orra zenbat diran, dakusazun bezala, gure Jaun alsuak eginikako gañerako gauzak! Oriek, ezpalira bezain txikiak dira, beste anitz, Jaun berak egin litzaken gauzen aldean; ta alaere egiñak eta eginkizunak deusez bat bezala dira, lan onen, edo Enkarnazioko misterioaren, edo Jaungoiko bera gizon-egitearen aldean. Gauz andia da, bai, dio S. Tomasek, berak len egiñikako elementuetatik gure Jaunak, atera oi dituen bezala, ateratzea loreak, sagarrak, arraiak, egaztiak, belarrak, ardiak, eperrak, perlak, eta gañerako gauzak. Ori baño ere gauz andiagoa da geroz gurekin gure Jaungoiko berak egin duena egitea; egin gaitu alabaña elementu beretatik, eta ezer-ezetik; bada ezer-ezetik gure Jaungoikoak aterea da, gutatik bakoitzari, egin ginduenean, eman zion anima; ta gure gorputza elementuetatik egina da; bada badu elementu batetik ezatasuna, bestetik beroa, ta gañerakoetatik zer edo zer ta egiñak gara, elementu pisu ta astunetatik, eta astuntasunik ez duen espiritu andi arin uts-garbiarekin: ta orregatik gara, Aingeruen idurikoak, eta lurreko gauzen antza ta izatea dugunak.

        Baña zenbat ere lan andiak diran gañerako gure Jaungoikoak egiñikako gauzak; eta zein ere andia den, gorputz-animak bezain elkargandik urruti dabiltzan gauzak elkarganatzea, ta biez bat egitea, lan andi ta egiteko au, ta gañerako gure Jaunak eginak daduzkan guziak labur-errazak dira, orain gu ekusten gabiltzan onen aldean. Zergatik ote? Zeren bere lan onetan, bat egin duen gure Jaungoiko altsuak bere Seme maitagarriaz, ta artu dituen gorputz-animez; ta au da, S. Tomasek dionaz, gure Jaungoikoak egin zezaken gauzarik andiena. Eta ala da: da alabaña, den, ta asma ere diteken baño gauz andiagoak, edo Jaungoikoak, eta gure txartasunak, edo Jaungoikoak, eta gure txartasunak, alkar artzea.

        Au besterik egin ezpalu ere bere gizon egite onetan, egin zuen gure Jaungoikoak, zeru-lurrak, itsaso-bazterrak, eta oraindañokoan egin dituen, ta eternidade guzian egiteko dagoen gauza guziak baño andiagoa den gauza bat. Onetan ezagutuko dezu, norañokoa den Jaunaren gizon egitea ta Enkarnazioko misterioa; au denean (den bezala), nai duen guzia egin dezaken Jaungoikoaren lanik eta gauzarik andien-andiena.

        Zenbat agur ta eskumuñekin begiratuko zenion zuk zere Jaun egilleari, lan au egitean, an arkitzera zu, ta zuk ezagutzera zertan ari zen zure Jaungoiko maitea, lan onetan ari zenean! Nola begiratu ote diozu zere Jaunaren lan oni berari gerozko zere egun-denboretan? Zer? Ez ote da egungo egunetan, egin zen orduan bezain ekustekoa gure Jaunaren lan andi au? Ez dago egun gure Jaungoiko berarekin, orduan bezain ongi, ta orduan baño obekiago ere, gure izatea edo naturaleza? Ez dago egun gure naturaleza, edo izate au, Aitaren eskoietik arkitzen den Semearekin bat egiña? Ez du au bertan egon bear gaur, ta beti, ta sekula guzian? Begiratu diozu zuk nioiz, arkitzen den tokira astiz, ongi, ta kontuz? Ori zuk egin izandu bazenu, edo egin bazeneza, gertatuko lekikezu, urrutitik Salomonen gauzak ekustera joan izandu zen erregin bati bein Jerusalenen gertatu zekiona.

        Malzeda zeritzan Etiopiako erregin batek aditu izandu zuen bere denboran, guztiz ekustekoak zirala errege Salomonek egiten zituen gazak, eta, oriek ekusi naiez, utzi zituen bere Korteko, zegozkan atsegin-sosegu guziak. Artzen du Salomoneganako, edo Jerusalengo bidea; ta an sartu, ta ekusi orduko Salomonen jauregia ta palazioa, palazioko maiak, ango jan-edanak, ango zaldunak eta serbitzariak, orien ibillera ta soñekoa; ta ekusi zituenean Salomonek Jaungoikoari egin zion eliza, ta elizara igortzen zituen ofrendak eta gauzak, arritua gelditu zen guzia, ta atsik, edo asnasarik ezin artu duen baten eran: ta, itza noizbait etorri zekionean, erran izandu zion Salomoni: Jauna, andia da, bai, segurki zure jakiundea, andia da zure eskua ta altasuna! Anitz aditu nuen nik an nere erresuman, zure gauzen ugain itz egiten zidaten jendeetatik: ta ez nuen nik uste, egin zezakela munduan denek, nik aditu nuenaren laurdenik ere; eta ekusteagatik zer ote zen zuk egin izandu zenuena, etorri naz anbat bidez, dakusazun bezala; ta ez dut, ez, etorriz bat ere damu; bada ekusi dut zuk egiña, ta ekusi dut uste nuena baño anitz eta anitz geiago; bada ekusi dut, geien-geiena erran zidanak ere, erran etzidala zuk eginik dadukazunaren laurdenik ere. Zorionekoak, eta agitz alere, zure ogia jaten dutenak! Zorionekoak zure itzak aditzen dituztenak! eta milla bider bedeikatua, orrenbat jakinde ta esku zuri eman dizun zere Jaungoikoa! eta, au erran ondoan, eman ziozkan Salomon berari nork daki zenbat urte, perla, inzenso, ta presenta. (3. Reg. 10.)

        Gizon batek egiñikako gauzak onela arritzen badute adimentu onezko bat, zer eginen ez luke gere Jaungoiko altsuak egin duen gauzarik andienak ongi guk au ezagutzera, ta astiz ta maiz begiratzen bagenio? Zorionekoak (erran dezakegu guk ere, orretara baño len, ta gaur emen bertatik dakigunarekin): zorionekoak Aingeru-Serafiñak, eta zori berekoak gañerako zeruko guziak, bada ekusten dituzte erregeen Errege, Jaungoiko jakintsu eskudun andiak, egin dituen gauzak: baita egin dituen gañerako guziak baño andiagoa den bere gizon-egitea ere! A! nork lekusken, zuen eran, edo nolerebait, zuek or zeren zeruan ekusten dezutena! edo nork ezagu lezaken, oraindañokoan ez bezala, ta dagokan eran, gure Jaunaren eskuak egin duten gauzarik andien ori! Baña nork orrela ori ezagu-al? Ez-eta zuek zerok, zeruan arkitzen zaraztenak ere.

        Aski da Jauna, aski ta sobera da, orain nik neronek dakidan apurtxo au berau, besterik bage, ongi bearturik uzteko ni, agorrez beterik, zure esku ezin geiagorañoko egailleari apa ta muñ egitera; ta, dudan guzia bertatik eskeintzera. Eskeintzen dizut, bai, ta gogoz alere, nere adimentua; eskeintzen dizut nere nai guzia, ta eskeintzen dizkitzut gorputz-animak, beren gauzekin batean. Oriek dira nik orain ditudanak. Geiago ez izanaz, eskeintzeko zuri geiago, dut damu ta pena. Artu zazu orien ordez, geiago ta geiago zuri eskeintzeko, orain nigan arkitzen den, nere gogo au: ta indazu, arren, izan dezadan berriro zuri zer eskeñi gauz on anitz, egiteko grazia; baita egin dezun gauz andi onen ezaguera garbi-andi, nere biotzaren berotzalle bat ere: bai arren, bai!

 

 

C.

Bazterrik bageko ondasuna duen Jaunaren
egitekoa da Jaungoikoaren gizon-egitea

 

        Bere gizon-egite onetan duen Jakiundea ta eskua bezain ongi agertzen du gure Jaungoikoak guganako bere ontasuna ta ongi naia. Guri ongi naiez beterik arkitzen da gure Jaungoikoa, dio S. Tomasek (ubi sup. op. 60.) leku, bazter, ta gauza guzietan. Obeki naiez, ematen die onei bere grazia, ta adiskidetasuna: ta, zeren ontasun utsa den, ta nai digun guri ezin geiagoraño, egin da gizon, ta artu du beregana gure txartasuna ta naturaleza. Orra nolakoa, santo Tomasek dionaz, gure Jaunari guk zor diogun ongi naia. Onenbat guri nai ez izatera, zertako utziko zion gizon egiten betiko Aitak bere Seme bakar Jaungoiko maitagarriari, erraten du Alejandriako Klemente, gizon jakintsuak?

        Etzen izandu, ez, ongi nai utsa, gure Jaunaren ongi nai andi au. Ondasunez betea da, ta, nai dutenen betetzallea, gure Jaunaren guganako ongi naia: ta, aisago gu bere ondasunetatik bete naiez, egin da gizon, ta, gizon egiñik gure artean dago, gure Jaungoiko maitagarria. Bai, etorri nintzan ni gizon egitera, zion bein Kristo Jaunak, izan zezaten gizonak nere laguntza ta grazia ta izan zezaten, etorri ezpanitz izain zutena baño grazia ta laguntza agitz andiagoa. Eskerrik asko, zere etortze ongille ondasundun onegatik. Baña zenbat azi da, Jaungoiko-gizon, Jesus maitagarria, zenbat azi ote da, zu gizon egitera etorri ziñanetik, gure bizitza ta grazia? S. Pablok adirazten duen adiña. A! Jesus maitea (dio S. Pablok); eta zuri guk zor dizugun ondasuna! Zeren zuk artu dezun gure onerako zere gizatasuna, zure Aitak bidaldu ditu giz-artera bere graziaren, ta gure animako ondasun moduak eta bedeikazio guziak.

        Orra zertara den gure Jaun andia, gizon egin zenetik! Len etzuen nai urbil zekion, bere ordez igortzen zuen Aingeruari ere, ezpazen Moises, edo onen erako gizonen bat edo beste: ta bera gizon egin denetik, atozte, dio, nai dezuten guziak; atozte itzez itz, eta Artekorik bage, gogo dezutena, niri noiznai ta uste osoarekin adiratzera. Atozte nekatuak, atozte, bearra ta izerdia baizik etzarazten gaisoak, nik arinduko dizuet zeren bearra ta premia. Atozte, bai, nik emain dizuet bear dezuten jan-edana, ta zeren animako sustentua.

        Len ezin sar ziteken Sancta Sanctorum zeritzan Elizako tokian, ezpazen orduko Aita Santua edo Apez-nagusia; ta ori ere ezin egin zezaken, bein baizik, urte guzian. Zergatik uste dezu? Zeren au zegoen arka edo kutxa txiki batean mana zati bat. Zer zen ango mana zati au? Aldareko Sakramentuaren itzala edo señalea. Ongi: ta gure egunetan, ta Jaungoiko-gizona Sakramentuan dagoenetik, zenbat Meza-emalle igaten ote dira Jaungoiko Sakramentuarekin itz egitera? Egunoro, emen Españian eun milla, ta anitz geiago. Nork konta Franzian, Italian, Alemanian, ta mundu guzian Meza ematen dutenak? Oriek ere, Españiakoak bezain ongi, igaten dira Aldarean gure Jaunarekin tratatzera; ta, diranak baño, milla ta milloi bider geiago balira ere, guziak egin lezakee bertze orrenbeste. Ekusten dezu, gure Jaunak gizon egitean, ta geroz, agertzen digun ontasuna? Bai? Bada ez da oraindik au, aldi onetan dugun ekuskizun guzia.

        Noizbait atera bear bazen Israeldarren arka edo kutxa txiki au, ezin begira zekikeon bere soñeko, ta estalki guziak eman artean: ta zeren bein begiratu zioten Batsamitak, bertan illak gelditu ziran berrogeita amar milla, ta geiago (1. Reg. 6. 19.). Baña, gizon egin zenetik, noiznai ekusten dugu guk Aldareko Sakramentuan geren Jaungoiko maitagarria. Gizon egin zenetik, eta Sakramentu Aldarekoan gelditu ezkero, egun osoek daramatzi agerian; ta zenbait aldiz kalez kale dabil, ta sartzen da batzuetan erien etxeetan ere: ta aspaldian berak errana daduka aren atsegin ta kontentua dela emen gurekin egotea, gurekin emen itz egitea, ta emen gu guziok bere ondasunez betetzea. Orregatik dio S. Agustinek, egin dela gure Jauna gizon, beldur gutiagorekin, ta adiskideen eran, maita dezagun guk emen bizi garaño.

        Ai au ekustekoa! Len eriotzez, ubeldez, ta kastiguz bazterrak arrotzen zituen gure Jaungoikoa, onen emeki emen gure artean, bildots bat bailiz bezala! Ezeren bearrik ez duen, ta gauza guzien Jauna ta jabea den gure Jaungoiko maitagarria emen gure artean, gizon eginik, eta Aldareko Sakramentuan, ematen zaionaren begira bezala! Guri ongi naiez, ta lurreko guziak ondasunez betetzeagatik gizon-egina, gizonen ta mundu guziaren Egillea! Aingeruz inguratua dagoen, ta atsegin ta gustoa besterik ez den gure Jaungoikoa, gizartera jatsia; ta, gizonen onagatik gau, egun, ta beti, gizonen begira! Nork au siñistu, fedezko begiz ez ekustera? Nork asmatu ere, ongi nai au bezain izugarria? Egin zuen gure Jaungoiko ontasunez beteak baizik ez, sekula guzian ere. Orra zer gauza den gure Jaunaren gizon-egitea! Orra zein andi ona! ta orra Jaunaren gizon-egitetik datozen ondasunak eta doaiak! Zorionekoak gu, galtzen ezpaditugu, eskatu gabez eman naiez dagoen gure Jaungoiko-gizon maitagarriari!

 

 

Occulta Sapientiae tuae manifestasti mihi.

Ps. 50. 8.

 

        Nori, nere Jaungoiko jakindez beterikakoa; nori gogora zekikeon, artu zitekela, gu zuzentzeko zuk artu dezuna bezalako lana ta bidea? Nori gogora zekikeon, traza zenezakela zuk zerorrek ere, ezinobeki trazatu dezun zere gizon-egitea? Jakiunde utsezkoarena da traz eder au; ta orregatik da, zurea bezalakoa. Bekatutan egiña, ta jaioa naz ni; nere gisakoak dira gañerako gizonak eta jendeak; eta, alere, zu ezin geiagoraño trazetan zabiltza, galduak izan ez gaitezen oriek guziok, etorkizunak, eta ni! Eskerrak eskatzen ditu (ez dut ukatzen) guri zuk onen ongi, ta onenbat amorerekin begiratzeak; eta ematen dizkitzut, nik beintzat, gaur bertatik eta gogoz, ta ziñez alere: baña bidenabar zure traza maitagarri onek adirazten digu norekin den gure lana ta egitekoa; baita, galduak izan nai ez dutenak egin bear dutena ere: bada adirazten digu zein izugarria den, traz onetako gauz andiak eskatzen duen Aitaren eskua, zuzentasuna ta justizia!

        Bai: gure bekatuak guztiz aserretua zedukaten Aita Eternoa; ta, aserreak uzteko, trazatu zuen bere Seme maitearen gizon-egitea, ta Seme beraren ogeita amairu urteko neke-izerdi guzia; baita beraren Gurutzeko eriotz gogor odolezkoa ere! Onenbat kostatu zaio Jaungoiko-gizon Jesus maitagarriari gure obenak, gure kulpak, eta gure bidebageak bere Aitari barkaraztea? Onan aserretua zedukaten? Onen andi-izugarriak ziran gure bekatuak?

        Bai, egiaki! Barkatuak ote daude, edo ez? Barkatuak ezpadaude, nora bearra naz ni? Eta nora bearrak dira nere lagunak? Sekulako sulezera! beti ta beti lertzen, urratzen, ta negarrez au egotera! Ori da gure Jaun aserretuak, barkatu bageko bekatuari berezi dion pagua. Zor onen alde dira gure Jesus maitearen lan-irabaziak. Ez ditu Aita Eternoak gutiagoan barkatu nai izandu. Eta, oraindañoko zorretatik atereak egonagatik, sartzen bagara gu berriz berrietan, egiten baditugu bekatu berriak, noren ustean, edo zeren begira geldituko gara?

        A! gure galduak, eta geren galgarriak gu, berriz orretaratzera! Orren erraz urratzen baditugu guk gure Jaunaren trazak, edo egiten baditugu trazaren kontrako lan txar-zikiñak, zer begiz guri begira dezaguke gure Aita Eternoak? Nork au adirazi! A! Jauna, aski, ta sobera dira lenak ere! Ez naz arkitzen ni, ez, bekatu berriz nere burua loitzeko asmoan! Lenaz dut damu, ta ziñez alere. Indazu, arren, orien barkamentua; ta, berririk egiten ez dudala nere egunak bukatzeko, ta zere traz ederragatik milla ta milla esker zuri zere zeruan emateko grazia! Bai arren, bai!

 

 

A Domino factum est istud,
et est mirabide in oculis nostris.

Ps. 117. 23.

 

        Andiak dira, bai, ta kontuz ekustekoak, len ta gero gure Jaungoikoak egin dituen gauzak; baña lenagoko, ta geroko gure Jaunaren gauzak, aldi onetan egin duenarekin ekustekorik ez duten gauzak dira; bada gañerako gauzak izarrak dira, ta eguzkia, zeruak dira, ta lurreko bazterrak, eta lurretik asti ta zeruaren erpiñeraño arkitzen diran gauzak; eta oriek guziak, zein ere andi-ederrak diran, gure Jaungokoak ezer-ezetik atereak dira; baña guk orain egiñik ekusten duguna, Jainko-gizona da: Jaungoiko gauza guzien egillea; eta orregatik da, Profetak dion bezala, andi guzien artean andia, ta ekusgarrien artean ekustekoa; edo, zuzen itz egitera, au da bakarrik gauz ekusgarria, ta nornai arritzekoa den gauza, ta gure Jaunaren egiña.

        Egiten dezun gauzarik txikienagatik ere zor zaitzu zuri, nere Jaun andia, nork daki zenbat, eta anitz geiago! Zenbat zorko zaitzu bada, egin dezun, ta egin zenezaken andien onegatik? Nork au adirazi? Nork ezagutu ere? Ezeta diran Aingeruak, gizon jakintsuak, eta ager litezkeen adimenturik andienak elkar arturik ere! Au bear den eran ezagutzeko, bear da, gure Jaun andia, zurea diñako adimentua; bear da adimentu bazterrik ez duena; adimentu, diranak eta egin litezken gauzak, batetan ezagutzen dituena; edo bear da adimentu, Jaungoiko bera bezain andia.

        Adimentu onekin arkitzen zaran gure Jaungoiko maitagarria, urrikaldurik zu nere txar onetaz, indazu al dukedan argirik andiena, nolerebait ezagutzeko zure lan andi au; nolerebait eskerrak emateko, zure lan andi onetan niri dagokidanagatik; eta, zuk laguntzen didazula, autorez ta maitatzez erauzuteko nolerebait, emen bertan agertzen dezun zere esku andiari, ta ongi naiari. Nik ez dut, orain eskatzen dudan gauzarako, eskurik bat ere. Eskatzen dizut alere eskatzen dudan au, erdisteko uste osoarekin, ta ontarte berri onegatik ere eskerrak emateko gogo beroz ta asmoz beterik. Indazu bada, dezakezunak bezala: bai arren, bai!

 

 

Sic Deus dilexit mundum,
ut Filium suum unigenitunt daret.

Ioan. 3. 16.

 

        Siñestuko zenuen naiko zigula guri gure Jaungoikoak, nai izandu digun adina? Badakizu zuk norañokoa den gure Jaunaren guganoko nai andi au? Oartu zara zu noiz edo noiz? Bear bezala beintzat bein ere: ta noizbait, begiak goraturik, asi bazara zu gauz au ekusten, laster aspertu zara; ta, ez aspertuagatik ere, ezin ekus zentzaken zuk dena den bezala, ez eta erdizka ta laurdenka ere. Nai dezu zuk, nere anima, ager dakizun zuri, orain badere, S. Joan Ebanjelistaz agertzen duen eran? Orra, bada, dio, orra Jaungoikoari munduak zor dion amorea: Aita Eternoak eman die munduko guziei, (ta ongi naiez eman die) bera diñako, berekin beti dadukan, ta bere burua bezain maite duen, bere Semea.

        A! Ebanjelista santua, ta nork adirazi lezaken, zuk onen errate labur onekin agertzen diguzun gure Jaunaren amore au! Maitatzea batek bat, oni ongi naia, oni ongi egitea da; ta zenbat ere bati zuk geiago nai diozun, ta emanten diozkatzun ondasun geiago, anbat geiago onesten, ta maite dezu zuk zure gauzen artzallea. Bada ezin andiagoa bada, den bezala, gure Jaurgoikoak gaur ematen digun ondasuna (ematen digu alabaña, gizon-egiñik, gauza guzien Jaun ta Jabe den, ta asierarik, bukatzerik eta bazterrik ez duen bere Seme Jaungoikoa), norañokoa da aldi onetan agertzen digun ongi naia, ta amorea?

        Begira: gure Jaunaren emate onetan bada, ematea ez besterik ere, bada ematen digu bere Seme Jaun au gure senidetako, ta senide onak bezala, guri laguntzeko: ematen dien, bere lanez, egiñez, ta itzez guri erakusteko jakin bear duguna; ematen digu, berak irabaz dizaigun bere nekez, odolez, tormentuz, ta eriotz gogor batekin geren bekatuen barkamentua, ta zerurako bear dugun guzia; ta ematen digu emen gurekin sakramentaturik idukitzeko, munduan bizi garaño, ta eternidade guzian berari zeruan begira gaudela, atsegin-kontentuz beteak bizitzeko. Egin zezaken au gure Jaun andiak, ondorik bageko, ta bazterrik ez duen amorearekin ez arkitzera? Orra bada norañokoa den, aldi onetan egin digunagatik guk geren Jaungoikoari zor diogun onestea ta amorea!

        Atozea: ta ongi lirudike Jaungoiko-gizon Jesus maitearen senideak, onenbat ondasun bere Jaunagantik artu dituzten umeak, Jaungoikoak bera diñako amorearekin maitatu dituen gizonak, eta, Aingeruen lagun egiñik, zeruan beti berekin iduki nai dituenak, beren Jauna ta Jaunaren ondasun-amoreak aldebat utzitik, lurreko gauzei begira gelditzea? bekatuaren zikinkerietan loitzea? sulezeko bide-galduak artzea? ta beren naiez, ta berariaz, beren buruak betiko galtzea? Eta ez da ori anbatek eta anbatek munduan egiten dutena? Egin gogo dezu zuk ere? Ez al!

        Ez, nere Jaungoiko maitagarria, ez! Nik egin gogo dudana da gogotik ez uztea zuri zor dizudan amorea gogoan erabiltzea zure nigatikako gizon egitea, ta zere gizoñ-egite onetan egin dizkidatzun, ta emendik datozkidan on-ondasunak; oriei, ta orietan erakusten didazun zure amoreari amorez, ta bizitz on garbi batekin aleginean erantzuteko bizi nazaño. Zurea da, bai, oraingo nere gogoeta, ta asmo au ere. Iraun baleza onek nere bizitzak adina! Ala gertatuko da, zuk biziro laguntzen badidazu. Lagundu bear didazu, onetan ezezik, oraindañoko nere esker-gabeen ta bekatu gaistoen damu ta urriki ziñezko batean ere. Eskatzen dizut itzez ta biotzez, onetarako bear dudan zure grazia, erraten dizudala: Nere Jesukristo, etc.

 

aurrekoa hurrengoa