www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (I)
Sebastian Mendiburu
1759, 1904

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai, Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1904.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XVII.garren OTOITZ-GAIA

JESUSEN JAIT-ORDUA, TA
ORDUKO MUNDUAREN IBILLERA

 

        Nolarebait agertu dugu zein andia den gure Jaunari guk zor diogun amorea, zeren egin zen gizon, zerura gu guziok zuzendu naiez. Geiseago guk, edo obeki geren zor au ekusteko, ekusi bear dugu, Jaun berak mundura zenetik bere predikurañoko denboran gugatik egin zuena.

 

 

A.

Zer orduz edo noiz mundura zen
Jesus maitagarria?

 

        Ontarte bat noiznai da ontarte; baña ontarte bera ontart andiagoa da, bere orduz, edo bere denboran etortzen denean. Gure Jaungoikoa gizon egitea, ta gizon-eginik, munduratzea, noiznai izain zen guretako ontarte, fabore, ta ondasun andia, baña, era orretan mundura zen denboran munduratzea, munduari obeki zegokan ontartea zen, ta ontart andiagoa. Nola bada? Zeren era orretan gure Jauna zetorren, ikasi bear zutena munduko gaizoei erakustera; ta orretarako, Jaunak arturikako sasoia zen artu zezaken sasoirik onena. Noiz bada, edo zer sasoiez mundua zen gure Jainko-gizon Jesus maitagarria? Augusto Zesar zerizan, Erromako enperadorearen azken aldeko egunetan. Nola arkitzen ziran ordu, edo denbor artan, mundua ta munduko jendeak? Isaias Profetak dion eran, edo bake andian, ta ondasunez beteak.

        Bai, dio, edo dionarekin adirazten digu, Isaias profetak, Jesusen jait-egunak gogoan darabiltziela; bai, gelditu da, len nasia zebillen mudnua bere odol-isurtze gogor ta gerra gaistoetatik. Bere ger-aldiak eman diozkaten ondasun andiekin pozez bete da munduko Nagusia; ta, eskutartean dakarren egitekoan ageri zaio, bai, bere biotzean arkitzen zaion atsegin-kontentua.

        Jesus jaio zeneko, baziran berrogei urte, ta geiago Erromako enperadore zela, orduko nagusi Augusto Zesar. Bitarte orretan, edo urte orietan, izandu zituen Augusto enperadoreak bere geraldi andi-gogorrak. Baña ordurako bukatu zituen guziak; eta bukatu zituen bere gogara; ta ordurañoko bere etsaiak garaiturik, baketan arkitzen zen Zesar, Jesus Jaungoiko-gizona lurrera zeneko; ta arkitzen zen Zesar, munduaren irur zatietan arkitzen ziran erreinu ta bazter aberatsenen jaun, ta jabe bakarra.

        Eta ger-aldi berririk biztu etzedin, edo, bizten bazen ere, lenbaitlen itzal-erazteko, artu zituen Augusto berak bide ta neurri guztiz onak; eta jakinaren gañean egoteko nor nondik atera, ta zer ondasun izan zezaken bere bear denboran, manatu zuen ekus zedilla zenbat ziran, nor ziran, ta nolakoak, aren eskupean arkitzen ziran gizonak eta andreak. Lan onetarako billatu zituen gizonik onenak, eta igorri zuen nor bere tokira, edo batzuek batera, ta besteak bertzera. Egin zuten oriek, bai, (eta zuzen alere), beren egitekoa; ta ikasi zuen Augustok jakin nai zuena. Arte guzian isillik zegoen lurra, ta mundua; ta, Isaiasek dion bezala, munduaren bazterrik onena, edo Promisioko aldea, ta Jesusen jait-erria ta erreinua atsedeten bezala zegoen, ederki eseririk edo jarririk bezala, bere bakearen katadera galantean, gañetik artuak zeduzkala, ta ongi ezarriak, etzezan erre kezkako eguzkiak, uste osozko, edo esperantzazko ta soseguzko oial ederrak; eta bere aldamenean zituela berak lenago bildurikako ondasun andiak.

        Orra nola arkitzen zen mundua, ta orra zertan zebillen munduko nagusia, Jainko-gizona mundura etorri zenean; baketan, isillik, eta bear bezala. Ez da misterio, dio S. Basiliok: Agila deritzan egaztien erregiña egoan dabillenean, isillik daude, dio, egaztiak; eta, mundukoen errege Jesus Jaungoiko-gizona zerutik zetorrenean, isillik egon bear zuten lurreko erregeak, eta geldirik orien armak. (In Ascen. Dni.) Bestela etzen erraz Jesusek egitea egin bear zuena, edo bere erakustea; ez-eta munduko berak ikastea ere Jesus onagandik ikasi bear zutena.

        Lege zarreko gauzak erakustera, bere ordez bidaldu zuen len gure Jaungoikoak Aingeru bat; baña bidaldu zuen legeak eskatzen zuen eran, edo era guztiz izugarrian; bada bialdu nuen tronpet izugarri, bazter guziak ikara zeduzkan batekin; ta bidaldu zuen, suz, kez, trumoiez ta tximistaz beterikako odei arrigarri batean. Gelditu zen odei au Sinai zeritzan mendi gañean; ta, azpiko aldean Israeldar guziak beldurrez iltzear zirala, erakutsi zuen Aingeruak Jaunaren legea, ta legeko gauza bakoitza. Baña erakuste au, diodan bezala, Legearen erako erakustea zen; bada Israeldarren legea lege beldurrezkoa zen; ta legearen erakustea guztiz ikaragarria.

        Gaur ez du gure Jaungoikoak igortzen mundura Aingeru bera, edo besteren bat, lege berria mundukoei igortzera edo erakustera: Jaungoiko bera dator orretara; baña dator gizon eginik; eta dator erakustera, lege berak eskatzen duen eran, edo emeki ta eskanbillarik bage: amoriozkoa da alabaña, Jesusek dakarren Legea; ta on da onelako legeari dagokan erakustea.

        Atozea: ta egin zezaken Jesus maitagarriak bere bakezko etortze, ta amoriozko erakuste au, egin zuenean baño denbora ta sasoi obean? Etzen erraz; bada bake onean arkitzen ziran orduan lurra, ta lurrekoak; eta orrelakoa da, zernai erakusteko, ta jakin bear diran gauzak ikasteko, sasoirik onena; bada gerratakoan, ta aser-aldietan, igesla ta bendekua dabiltza gizonen gogoan; ta, oriek gogoan dituztenak ez daude, erakutsi nai zaiena ikasteko. Guziak ikas zezaten bada Jesusen amoriozko legea, billatzen du, ori erakusteko bear zen sasoia, edo bakezko denbora; ta dator, zetorken sasoirik onean; ta au da, dakusazun bezala, aldi ta sasoirik onenean guri gure Jesusek egitea, egin zezakegun ontarterik andiena; ta egitea, egin zezakegun erarik onenean ta estimagarrienean. Orra zer orduz mundura zen gure Jesus. Eta orra, munduratzearen gain, orduan munduratzeaz guk Jesusi zor diogun amorea!

        A Jesus maitea! onenbat amorerekin asi zaran ezkero zure guganako ongi nai andian agertzen, zer agertzeak egin bear ez ote dituzu zuk gure animan, nor bagara gu, ta guk artzen bazaitugu alik ongiena, alik umilkiena, ta denbora berean amorez, errespetuz, ta naiez beteak arkitzen garala? Era onetan artzera nik zu, komuniatu nazan aldietan gaurko egunerañoko nere denbora guzian, zenbat ondasun artuko nituen nik zure esku zabal-emalle onetatik? Anitz dira, bai, oraindañokoan nik galdu ditudanak; eta galdu izandu ditut, bear bezala ta baketan zu nik ez artuz, komuniatu nazan aldietan? Asaldatuak, eta aztura gaistoz beteak, arkitzen ziran komuniatzen nintzan aldietan nere biotza ta barren galduak; edo gerra bizian zebiltzan nere naikunde txarrak eta pasione sutuak, zu, nere biotzeratzen ziñan geienetan, edo kasi beti: ta orregatik artzen etzindudan nik, niganatzen ziñanetan, Errege bakezkoari zegokan eran; ta laster ta gogoz igortzen zindudan nik nigandik zu, ta igortzen edo bidaltzen zindudan esker gutirekin, ta zertara zentozen ere ezagutu gabe!

        Zure onegia, nere Jesus maitea, ta nere txar galdua! Onela bizi bear ote dut nik datozen egunetan, datozen asteetan, ta denboretan ere? Onen artze txarrak ekusi bear ote dituzu, Jesus maitagarria, urrengo zere etor-aldietan? Ez baldinbere! Bukatuko al dira noiz edo noiz, eta luzatu gabe, oraindañokoan nere barren tristeak ekarri dituen gerrak! garaituko al ditut nik emendik aitziña nere aztura gaistoak! Eskurako al ditut nik, errebes dabiltzan nere pasioneak! baketan ta bakez artuko al zaitut nik, nere Jesus maitagarria, gaurgeroko nere Komunioneetan? Nai nuke beintzat, eta guztiz alaere. Indazu zerorrek, onetarako bear dudan zure laguntza, ta grazia. Bai arren, bai!

 

 

B.

Nola zabiltzan mundukoak,
Jesus mundura zenean?

 

        Mundukoak, ekusi dugun bezala, baketan arkitzen ziran elkarren artean, gure Jesus maitagarria gizon egiñik mundura zenean. Baña Jaungoikoarekin? Gerra bizian, ta agitz edo guztiz gaizki! Iraun balu lenbiziko gizonak, eta, ark bezala irautera beragandik datozen guziak, gure Jaungoiko maitagarriak lenbizikoari emanikako inozenzian, ezagatuko zituzten gauzak diran bezala, edo adimentu zuzen-garbiarekin: izain zuten denbora berean gogo ta naimendu bear bezalakoa; biziko ziran naigaberik bage, ta atsegin andiarekin, maitatzen zituztela maitatzeko diran gauzak. Etzuten galduko bein ere bere Jaunarekiko adiskidetasuna; ta, bizitz on baten buruan, igain ziran, len ekusi dugun bezala, sekulako atsegin-kontentuetara, edo zeruko gloriara. Baña gaistatu zen lenbiziko gizona, berak nai zuela, ta bere gogora: galdu izandu zituen, deuses bategatik, bere inozenzia ta Jaunaren grazia: aserretu zen, biderik gabe ta bere erakeriz, bere Jaun ongille-maitagarriarekin; artu izandu zuen, gaitzera zuzen daraman bide zabala; ta aren bide berez zebiltzan aren ondorengo galduak!

        Zenbat ote ziran, bekatuz bekatu munduko gizonak ordurako egin zituzten legoak? Edo non arkitzen ote ziran mundukoak, Jesus jaio zeneko? Nork au adirazi? Lenago ta lenago ere, edo lenbiziko gizona Jaungoikoak egin, ta bi milla urte baño len ere, gizonak eginaz urrikiturik zegoen Jaungoiko bera, Eskriturak dionaz. Gure Jaungoikoak ekusi zuenean, dio Eskritura santak, zenbat eta zenbat gaistatu ziran munduko gizonak; eta ekusi zuenean, munduko gizonen asmoak eta gogoetak gaitzera beti eta geiago makurtuz zijoazela, damutu zitzaion Jaungoikoari gizonak egiñaz, ta, ekusirik Jaungoiko berak etorkizuna, edo, orren fite ta laster gaistatu ziran gizonak, luzaro bizi baziran, eginen zituzten utsak eta gaizkiak, damuz bete zekion bere biotza edo barren guzia, ta galduko ditut, zion, ta kenduko diet beren bizia, nik neronek egin nituen gizonai, ta oriekin batean laur-oinka, ta arrastan lurrean dabiltzanei; baita egoan dabiltzan egaztiei ere; damutu zait alabaña oriek eginaz. Baña egin zuen gure Jaungoikoak au guzia? Bai egiaki! bada ontzi batean sar-erazi zituen zortzi lagun, ta zenbait animalia; ta, oriek ez, beste guziak itoak utzi zituen, egi, aldapa, mendi, ta mundu guziarekin batean, odei-itsasoetatik igortzen zuela, orretarako bear zen ura edo ubeldea.

        Munduaren gaistatua, edo gizonen gaistoak! Andiak izan bear zuten, ta anitz eta asko zuen gaizkiak eta oben-lizunak, orren kastigu gogor bat eragin ziotenean, zuen egille on, gure Jaungoiko maitagarri, beratxtasunez betea zegoenari! Zentzatu al ziran zuen ondoren etorri ziranak? Zuei bezalakorik gerta etzekien, ez al ziran sartu zuen lanetan? Ez al zuten egin bekaturik bat ere?

        Ai ene! bekaturik ez egin, ubelde ondoan agertu ziran jendeak? Ez, lenekoak baño geiago baizik! Lenbiziko munduaren bi milla urteetan baño, urrengo bi milletan, ta Jesus jaio zen artean gaizkiago bizitu ziran gizonak, eta lenekoak baño bekatu geiago ta geiago egiñen zituztela.

        Jesus jaio zeneko, ezin konta-al adiña ziran munduan arkitzen ziran gizon, andre ta zar-gazteak; eta, israeldarrak eta beste zenbait atera, ta gañerakoak infernukoaren eskupean bizi ziranak ziran; bada, profeta Dabidek dionaz, Israeldarrak ziran, nor zen Jaungoikoa zekiten jendeak. Jentilen jaungoikoak ziran arrizko ta zurezko idoloak, eta gaistoaren itxurak, edo figura itsusiak. Guziak egiten zuten orien etsaiak nai zuena; ta onek nai zuena zen gaistakeria, lizuntasuna, ta batek ere bere Jaunaren erran bat ez egitea!

        Guziak atera ziran zeruko bidetik, Dabidek berak beste batean erraten zuenaz. Guziak galdu ziran ordurako gure Jaungoikoarentzat, eta zerurako; etzen guzien artean gauz on bat, bear bezala, egiten zuenik, ezeta bat bakarrik ere! Orregatik, dio Isaias profetak, zabaldu zuen, bai, (ta ongi alere) su-lezeak bere eztarritzar izugarria. Idiki zituen, ezin geiagorañokoan, bere ortz urratzalleak; sar zitezen, irrikatu gabe, eunka ta millaka ara zidoazen animak.

        Orra nola, ta zer eran arkitzen zen mundua; ta orra nola bizi ziran munduko jendeak Jesus Jaungoiko-gizona mundura zenean! Agertu izandu ezpaliz gure Jesus maitagarria agertu zen denboran, ta zuzendu ezpalitu onen galduak zebiltzan munduko gauzak, non geunden gu gaur, ta norako ziran etorkizunak? Agerian dago, ta nork-nai dakusan gauza da ori guzia. Jesus ez agertzera agertu zen denboran, edo orain artean, bekatuzko naspill uts bat egiñik arkitzen zen gaur mundua. Urrengo egunak, urrengo urteak, eta denborak, oraingoak bezain galduak izain ziran, edo agitz galduagoak eta galduagoak, Jesus etorri ezpaliz gure gauzak zuzentzera; ta azken orduan, oraingoak eta geroagoko jendeak, zenbait ez besteak, gelditu bearrak izain ziran illunbe utsean, linbo arrigarrian, edo sekulako sulezean.

        Zori tristezkoak gu, orretara ezkero! Betiko galduak gu, ez etortzera etorri den eran gure Jaungoiko-gizon, Jesus maitagarria! Zer zorrak gureak, ordu artatik gure gain ditugunakl Baña ordu oneko zorrak! Zor diogu Jesusi, bai, nork daki zenbat, eta agitz geiago! Zor diogu geren bizitza; ta zor diogu, geren baitan orain arkitzen dugun ondunai bero bat, eta onerako arintasuna ere. Baña zor au ez izatera guk, jabeturik zegoen, dagoen ordurako, gutaz ta gure gauza guziez gure galgarri gaisto, sulezeko gure etsaia! Eskerrez, ongi biziz, ta alegiña egiñaz atera ditzakegu guk oraindañoko geren zorrak. Geren zorrak ateratze au gure onerako izain da; ta izain da bidenabar gure irabazbiderik onen onena. Baldin irabazbide onez gu bagabiltza, urrun aienatuko dugu guk gure etsaia; irabaziko ditugu guk gure Jaunaren graziak grazien gain, ta makiñabat gloria zati. Zorionekoak zor-ateratze, ta pagu onen aberatsetan dabiltzanak! Eta zorionekoak gu ere, baldin gu izaten bagara orietatik gaur, ta beti, ta bizi garaño! Jesusek digula, orretarako bear dugun bere laguntza ta grazia. Bai arren, bai.

 

 

Ta impietate sua corruet impius.

Prov. 11. 5.

 

        Soldaduak gara, bai, munduan garanok, Profetak dionaz; baña ez gara gu guziok Errege baten soldaduak. Gutatik batzuek Errege andi on, Jaungoiko maitagarriaren soldaduak dira; baña besteak Jaungoikoaren kontra dabiltzanak; eta orregatik dira gaitzez gaitz, eta bekatuz bekatu, dabiltzan soldadu galduak. Luza dezake zerbait soldadu galdu orien bukaerak, baña, bere denboran agertzen denean, agertuko da guztiz izugarria; bada gaistoen bukaera, edo eriotza, bekatuzko eriotza da, ta nekezko eriotza, edo betiko sulezera eskutik daraman eriotza. A eriotz gaisto-madarikatua, ta eriotzaren galgarria! Zori tristekoak zure atzaparretan bizia galtzen duten soldadu gaistoak! Orietatik izan bear ote dut nik ere? Ez nere Jaunaren soldadeskan zuzen ibiltzen banaz orain, ta nere azken-ordurañoko denboran.

        Nere Jaunaren soldaduak dira aztura gaistoak urratzen dituztenak, beren aragi asaldatua, mundu ero arroa, ta sulezekoa garaitzen dituztenak; eta, oriek garaitu ondoan, gure Jaunari beren biotz garbietan eser-toki, ta atseden-leku on bat egiten diotenak. Zorioneko soldaduak, bertatik orrelako toki on bat beren Jaunari prestatzen diotenak! Orrelakoen biotzetan pozik sartuko da gure Jesus, ta utziko ditu Jesusek graziaz ta zeruko ondasunez beteak. Ai nere Jesus! ta nor orain legoken, bere etsai oriek garaiturik, bake leun-on batean, ta zure begira! Orduko zure etorrera! Orduko zure sartzea! Orduko gure atsegiñak, gure ondasunak, eta zure maitatzeak! Ez ote ditut bada nik noiz edo noiz oriek ekusi bear? Nor banaz, bai; ta laster alere. Indazu zerorrek, nere Jesus maitagarria, nere etsaiak garaitzeko, ta orrenbat gauz onetarako nere barren au bertatik prestatzeko, bear dudan zure laguntza ta grazia. Onekin batean saiatuko naz ni, niri dagokidana lenbaitlen ta zuzen egitera; egiteko gero zurekin batean, ordutik beti zuk, egin dezadan nik, nai dezuna. Ala gerta dedilla, nere Jesus maitea; bai arren, bai!

 

 

Abiit vagus in via cordis sui.

Isai. 57. 17.

 

        Zenbat ere egin dudan nik, munduko gizonak zuzentzeko (dio Jaungoiko gureak Isaias profetaz), ez ditut ekusten, ekusi nai nituenak, ez eta laurdenak ere. Artu zazue, gizonak, artu zazue bide zuzen bat, gal etzaitezten sekula guzirako (erraten zien gero Jaungoiko berak munduko guziei; ta erraten zien bein, berriz, ta anitz-askotan ere); ez dezue zer egin gaurgero ibiller bidegabekorik. Ken bitez zuen bideko beaztopak, edo eror-tokiak; eta zabilzte ibilli bear den bezala: zuzen, ta gelditu gabe. Au da Jaungoikoak len lengoei erraten ziena; ta au berau da oraingooi ere orain sekulako gure Jaungoikoak erraten diena. Au erraten digu zeruaren Jaun jabeak; au ara beti-betirako eraman nai ginduzken gure Egille on-ezin emallegoak. Zer erantzuten diogu guk, ori adizten dugunean? A, noski lengoak erantzuten ziotena! Baña zer erantzun izandu zioten ori aditzen zuten leneko jendeak? Deusez itzez ta miiz; baña lanez ta ibilleraz erantzun zioten, egin nai etzutela aditzen zutenik; bada, galduen eran zebiltzan, gogo gaiztoak nai zuen bidez bide, bide zuzenik artzen etzutela, ta egunoro gaizki baño gaizkiago.

        Orra nola zebiltzan len lurreko geienak, edo kasi guziak, gizon eginik lurrera Jesus etorri zenean! Nola ote dabiltza egun egungo, edo gure denborako jendeak? Lengoen gisan noski, geienak beintzat, eta geren Jaunaren Legetik ere agitz-agitz urruti. Eta, gure Lege onean bizi diranak berak bizi ote dira bear bezala, zuzen, ta gure Jaunak nai duen eran? A, gure Jaungoiko maitagarria! Oriek badere balegite egin bear dutenak! Egiten ote dugu zuek eta nik, edo guk gure Jesusen umeak? Zuzen ote gabiltza gu guziok? Utzi ote genituen guk geren bide makurrak, zuzenak artzeko? Beterik ote daude asmo garbiz, ta zeruko gogoz gure buru-biotzak? Ez ote dute oraindik zerbaittxo nasten gure adimentua aragiaren keak, eta lilurazio nastuak? Oriei darraizten naikunde galduak, edo gura txarrak ez ote dituzte geiegi makurtzen gure biotzak?

        Bai egiaki, gure Jaungoiko maitagarria! Iguzu arren, makurrera onetatik datozen bekatuen keak, eta lañoak aienatzeko bear dugun zure graziaren argia ta laguntza. Iguzu, arren, oraindañoko geren aztura gaistoak garaitzeko, makurtasunak zuzentzeko, bide onean oñak sarzeko, ta bide onetatik atera gabe zuzen ibiltzeko bear dugun indarra ta laguntza guzia. Au guk erdisten badugu, uste dugun bezala, saiatuko gara birtutez birtute zuzen ibiltzera; ta ibilliko gara zeruko bidetik geren oñak atera gabe, ekustera zu zere zeruan, ta an zu maitatzera igan arteko denbora guzian. Iguzu bada argi au, ta laguntza: bai arren, gure Jaungoiko maitagarria, bai!

 

 

Convertimini á viis vestris pessimis,
et quare moriemini, domus Israel.

Ezech. 33. 11.

 

        Au zer da, nere jendeak? zion bein gure Jaungoikoak Ezekiel bere profetaz. Au zer da, edo noiz artean egon bear dezue zeren bekatuaren loan, ta loiean? Noiz artean bizi bear dezue zeren gogara, ta nere gogora begiratu gabe! Zuei begira ni orain, ta eternidadean; ta zuek niri begiratu ere gabe goizetik arratseraño! Zertako zaituet nik zuek; eta zuek zer dagikezue ni bage, ta nik zuei laguntzen ez dizutedala? Beude bada, beude aldebat, oraindañoko zuen erakeriak, eta zeren erakeriak utzirik, atozte nigana orain badere; edo atozte nere graziaren esku onetara. Au dagikezuela zuek, eta orain ta beti bizi zaitezkeela nerekin ongi, ta zeren artean aisa, zertako biziko zarazte gaizki? Zertako gelditu nai dezue kezkaz ta naigabez beteak?

        Au da len Jaungoikoak israeldarrei erraten ziena: ta au berau da, gaur gurekin dakarren itzketa. Baña zer itzketa da guk darausaguna? Zerukoa? Jaungoikoaren itzketa on oni dagokana? ta bear bezalakoa? Zer ote da gure barrenak orain erraten duena? Zer, orain gure biotzak gogoan darabillena, edo egin uste duena? Jaungoikoagana nai duela ote dio, ta mandamentuen bide zuzena artzera doala? Ori badio, ta, baldin badio ziñez, egin gogo du, leneko ta oraingo guziei gure Jaungoikoak eragin nai izandu diena. Ori badio, len lurrera bezain gog-osoz etorriko da orain gure Jaungoikoa, komuniatzen garanetan, gure barrunbera, guri laguntzera, ta gu bere doaiez ta ondasunez beterik uztera.

        A, ero txar galduak gu, Jaungoikoak nai zuen asmo on au artu gabez galdu ditugunak onelako aldiak eta ondasunak! Galduko dugu berriz bat ere? Ez genuke nai beintzat, gure Jaungoiko maitagarria! Artu naiez gaude, beste anitz zure ondasunekin batean, oraindañokoan galdu ditugunak ere. Atoz orretarako, gure Jaungoiko maitagarria: atoz maiz gugana, ta gure biotzera. Damuturik gaude oraindañoko gure ibillera galduez: urrikiz beteak gaude, ta lertu naiez, gure biotzak. Onak izateko, ta zuzen ibiltzeko asmoa ta asmoa da orain gugan dugun asmoa: ta asm-onetan bizi ta ill nai dugulako siñuan, erratera goaz guziok: Nere Jesukristo Jauna etc.

 

aurrekoa hurrengoa