www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (I)
Sebastian Mendiburu
1759, 1904

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai, Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1904.

 

 

aurrekoa hurrengoa

II.garren OTOITZ-GAIA

GURE GORPUTZAREN AZITZEA, TA BUKAERA

 

 

A.

Txar itsusia da lurreko gure azitzea, ta izatea

 

        Zein gauza txarrak garan obeki guk ezagutzeko, begiratu bear diogu jaiotzetik obirañoko gure ibillerari ere. Jaio, ta bereala trosatu ginduzten ta lotu ezur eterarikako, edo autsi bat lotu oi den bezala. Lotu, edo trosatu ginduzten, elbarriak edo galduak geldi gindezen beldurrez; ain minbereak zeuden orduan gure ezur-aragiak. Lokarriak kendu, ta illabete ta ill osoak joan ondoan ere, ezin baliatu giñan gu geren oñ-eskuz. Asi giñan noizbait ibiltzen, baña lau oinka edo arrastan; ta ezurrak autsiak daduzkan sugea bezain nekez ta nagi.

        Urtea ta illak beteagatik, abel gorriak bezain mutu geunden gu: ta, erausiagatik zerbait guk orduan, etzuen niork aditzen guk geniona, edo geransana. Orduan, ta geroz ta geroz ere, guk genekiena zen oialak eta soñekoak zikintzea, ta bazterrak marraskaz betetzea. Egiten ezpaziguten nai genuena, marraska ta negar. Gose bagiñan, edo egarri, negar ta marraska. Lotatik gentozenean, negarrez. Bakarrik uzten baginduzten, negar ta negar. Etxean, kanpoan, ta bazter guzietan eskanbilla, ta negar. Amak, etxekoak, eta zaitzen ginduztenak, erdietan beintzat, ezin burutu zuten gurekin. Guziagatik ere gure Jauna guri begira, ta guri ongiak eta ongiak egiten! Noiz pagatuko diogu zor diogun amorea? Noiz ezagutu ere guk amore au?

        Aurtasun guzian bagenuen zer edo zer. Bagenuen bein ortz-aginen agertzea; bein baztanga edo nabarreria; gaur txisariak, bigar gornia; ta egunoro, edo beintzat ardura ta maiz, buruko, sabeleko, ezurretako, ta gorputz guziko miña ta oñazea. Bitartean ematen genien etxekoei, nork daki zenbat egiteko; ta gurasoei berei, gurekin zuten nekearekin, aitzen zitzaien, askotan beintzat, guganako naia ta amore guzia. Anbat ziran orduko gure ezinegonak, gure kezkak, gure negarrak eta aldarteak. Jaungoikoaren amorea da, bein ere aitu ezten amorea! Jaungoikoa da bakarrik, gure txarkeri dollorrai asarratu gabe, begira zegozana. Zorionekoak gu orain badere, asitzen bagara gure Jaun maitagarriaren amore oni, gure alegin guzian, amorez erantzuten!

        Atera ziñan aurtasunetik; baña ez miñen, oñazeen, ta gaitzen azpitik. Gazte sendorra ziñanean ere, izandu zenuen egunoroko, edo bitik beingo sukarra, saietz-miña, odolixurtzea, tabardilloa, edo zuk dakizun eritasuna. Garbitu, edo ill ezpazinduen ere, utzi zinduen, zenbait egunez, argizagi oriaren itxuran, edo karea, edo galzina bezain errezuria. Gaitz bat aituagatik, etzaizkitzu aituko gaziak. Bein joan zena, itzuliko da agian; ta onek ezpada, besteren batek utziko zaitu, bai, eriotzaren sabel ustelean.

        Noiz ote? Ez dakigu. Zenbat beranduago, anbat obeki ageriko da gure deuseza ta txarkeria. Adiñ onaren muga ukitu orduko agertuko da, lenago agertu ezpada, illartean iraun bear duen bularreko, buruko, gerriko, edo beste oñaze, miñ edo gaitzen bat. Gaitz onek ekarriko ditu egunoroko aldarte txarrak, indarren galtzea, zañen gogortzea, ta begien itsuera, edo ekuste laburra. Geroz urratuko gaituzte aldapak, nekatuko gaituzte bideak, eta ezin egiñen degu, egin oi genuen lanaren erdirik ere. Asiko dira erortzen ortz-agiñak, eta buruko illeak. Makurtuko zaiku lepoa, astunduko dira oñak eta belaunak; eta joan gara meartuz, galduz, ta bukatuz.

        Au guzia ongi ezagutua zedukan Gorgias zeritzan gizon jakintsuak, eta jakiñak bezala, eman zion gure gorputzari bear bezalako izena. Gorputza zela, zion, urratuz ta eroriz doan etxe txar ustela. Egia zion; bada oartu ezkero, ekusiko degu, olak eta zuajea usteldu zaizkan etxea bezala eroriz doala, ta puskaka galduz, gure gorputza.

        Urratuz doa, bai; ta biziro alere gure gorputza; bada egunoro ez ongitzera, edo egunoro ematen ezpazenio bear duen jan-edana, zortzi baño len lurrean lezake illotza, ta animarik gabe. Etxolarik txarrenak ez du ongigillerik bear, urte askotan; ta aste batez ere ezin iraun dezake gure animaren etxe txar, gorputz ustelak, estaltzen ezpadira egunoroko jan-edanarekin, izerdiz ta bestela galtzen denak uzten diozkan zuloak.

        Urratuz doan etxe txar, gurputz au etxe ustela da; orregaitik usteltasuna ta loia dariola dago orduoro, ta lenago ere. Oartu ezpazara, begira zaiozu kontuz ezpañ-belarrietara, sudurretara, ta beste edozein aldetara; ta ekusiko dezu dariona. Zein loia, zein zikiña guzia! bada izerdia bera umore likits zorrizua da; ta izerdia da, darion gauzarik usteldu-gabeena.

        Gaztean, ta sasoi onean, estaltzen da arpegiko printzarekin ta soñeko apainduarekin barreneko usteltasuna ta loia; baña nekeak eta urteak makurtzen dituzte zañ-ezurrak, galtzen dute soñekoa, zikintzen ta zimeltzen dute larrua, ta erakusten dute barrenean dagoena. Barren loi au arpegira agertu ezkero, izutzen du begiratzen diona, ta nekez arkituko da orrenbat-orrenbat naiko dionik.

        Gure Jaungoikoak ezagutua daduka gure ezer-eza ta loikeria. Egin ginduzeneko, ta eternidade guzian ere, bazekien zer giñan gu, ta nola egon bear genuen bizitza guzian. Ezin izutu izandu gure Jangoiko maitea, gugan ekusten zuen gure loitasunak. Lagundu dio irauten gure izate txar loiezkoari; ta lagundu ezezik, eman ere diozka indarrak bere lan onekin irabaz dezan sekulako glorla. Zorionekoak orretan ari diranak! Orain ezpada ere, egunen batean ezagutuko dute Jaungoikoari, barren txartasun ta loikeri guzien artean zor diotena, ta pozik eta pozik egoin dira sekula guzian, ari eskerrak eta eskerrak ematen. A! nere Jesus maitea! izan banendi ni ere langille on, esker emalle orietatik bat! Izain naz, bai, neronek au ziñez bai dudala, ta artarako zugandik uste ditudan laguntza ta graziarekin batean. Indazu bada zure laguntz andi sendor, ta grazi au; baita nere lan on oriek egiten lenbaitlen asitzeko gogo bortitz bat ere. Bai arren, bai!

 

 

B.

Txar itsutsia da gure eriotza, ta illondoa

 

        Ekusi ondoan ekusi dituzun gauzak, begira zaiozu, irrista batean badere, zere eriotzeko, ta illondoko izateari ere; ta ekusiko dezu zein txarra den, ta zein izugarria! Gañerakoak garaituagatik, etorriko da zuk garaituko ez dezun azken-eritasuna. Onek batetan kenduko dizu bizia, edo luzeenaz ere kenduko dizu nekezko egun gutiren buruan. Zerbait luzatzen duen eritasunak bukatzan baditu zure egunak, egunoro urtuz joanen da, ta galduz ta galduz zure izate txarra, edo gorputza. Azken alderako indarrik gabe utziko zaitu zere eritasunak; eta agian erdi aur biurtua.

        Geroz ez du eriak jakiten gertatzen zaiona. Galtzen ditu dituen maindireak, eta tresna guziak. Zaitzen dutenak ezin eraman dute, era onetako eriak usten duen urrin edo usai gaistoa. Ondatzen zaizka eri berari bere begiak, zorrozten zaio arpegia; gorazten zaio bularra, ta nekez artzen du, biziko bada, bear duen asnasea, edo zerbait aize. Geroz ez du aditu oi ere erraten zaionik; eta, anitz neke ta kezkaren artean, illtzen da tristea! Orra zein ikuskari andi-ederra den illtzeko dagoen edozein! Ez dakit bada, ondoan bat ere ederragoa gelditzen ote den. Goazen ekustera.

        Ill orduko betetzen du illak illuntasunez etxe guzia. Gazteak izutzen ditu illaren erioak, edo onen oroizapenak; eta zarrak ez dute urbildu nai gorputz illa dagoen tokira. Guziak nai lukee, eraman lenbaitlen elizara, ta bere obira; badakite alabaña, agerian balego illa zenbait egunez, zakur ustela bezain galdua legokela, ta agitz-galduagoa.

        Galdu-izugarria gelditu oi da, ill orduko, illaren gorputza; baña galdu-izugarriago arkitzen da, bere obian zenbait egun egin, ta ondoan; bada arkitzen da ezurra ez bestea, ar, txitxar, loi, ta usteltasunutz egiña. Orra zertara-bearra den gure antuste ta arrotasun guzia! ta orretara-bearra da egun gutiren buruan! jaio orduko artzen dugu guziok eriotzeko bidea; ta, urrutitik itsasoraño gelditzen ez den ura bezala goaz, bein ere gelditu bage, geren erio garbitzallearen eskuetara. Illtzen dira bada, ta obira doaz guziak; ta orien ondoren arako gara gu ere, ur geza itsaso gaziratzen den bezala. Agertzen deneko igartzen den lorearen bizia dirudi, gure gorputzaren bizitzak, dio Job Santuak. Atzokoak gara, dio Jobek berak, lenago ekusi dugon bezala: ta erran genezake noski guk ere, illen bizia dirudiela gure bizitza guziak! ain laburra da alabaña au, edo ain laster erio garbitzallearen trantze txar orretara-bearrak gara munduan garanok.

        Ongi: ta onengana txarra, ta gauz onen labur-likits bat zer izan diteke gure betiko Jaungoiko andiaren aldean? Deusez bat bezala, dio Dabidek. Geiago dio Isaias Profetak; bada dio, gizon bat ezezik, munduko guziak ere, ezpalira bezala dirala, gure Jaunaren begietan.

        Eta ezer-ez onen zati apur loi, nere buruari begiratzen dio, izatez, edertasunez, ta eskuz bazterrak betetzen dituen nere Jangoikoak? Bai; ta ez bein edo berriz, baizik beti ta beti ere. Nola, uste dezu? Nai, ta maitze andiarekin: bada, anitz balio duen gauza bat bagiña ere, ezin begira lezakegu gure Jaungoikoak, begiratzen digun baño begi obeekin! Jaungoikoaren begiratze on au ezagutzeko, oar zaitez zer egiten duen olloak txitoekin, aurzaiak aurrarekin, ta amak bere semearekin.

        Erne dabiltza, ta anitz begiratzen die, dakizun bezala, oiloak, azitzen dituen txitoei; aurzaiak, besoetan dakarren Jaunari; ta amak, maite duen bere semetxoari: baña orien ernetasun, ibillera, ta begiratze guzia ez da deus, gure Jaungoikoak guganako duen begiratze maitearen aldean. Adi zazu onen gañean bere Ebanjelistaz ta Profetaz Jaungoiko berak erraten diguna. Anitz aldiz, ta askotan, dio bere Ebanjelistaz: Bildu nai izandu zaitut, emakume txar, edo gizon prestueza; ta bildu nai izandu zaitut nere biotzean gordetzeko, olloak txitoak egopean bezala; baña zuk naiago izandu dezu ibili sulezeko miruaren atzaparretan.

        Banekien, dio Jaun berak bere Profetaz, zerez ta ni gabe ezin zenbiltzken aur txarra ziñala zu, anditu ta ere; ta, zutaz urrikaldurik, artu zindudan nik nere amorearen besoetan ta belaun gañean aurra, zaitzen duenak artu oi duen bezala. Oni guziari guti baderitzatzu, oraindik geiago egin naiez nago; bada, nai badezu, maite duen semetxoa amak palakuz, beso-bular ezpañ-artean estutuz, ta buruko illea leunduz, lotara eraman oi duen bezala, eraman zaitut nik, emen bear dituzun, ta zeruan arkitzen diran atsegin ta kontentuetara. Orra zein andia den gure txartasun guziaren artean, gure Jaungoiko zein-andiagoari guk zor diogun amorea! Orra zer gauzak eragiten diozkan gure Jaungoikoari bere guri-ongi naiak, eta amore bazterbagekoak.

        Ezagu zaitzakedan baño andi-ederragoa zara zu, bai, nete Jaungoiko maitea; ta anitz amore zor dizut, zeren zuk, nere bear etziñala, ezer-ezetik atera, ta egin ninduzun egin ninduzun bezala! Baña ez dizut gutiago zor, ez, zeren, izanik ni nazan bezain gauza txar loi laburra, begiratzen didazun, begiratu didazun eran! Zer ez die zor txitoak olloari, aurrak bere zaitzalleari, ta semeak amari? baña orien zorrak artzekoak dira, nere zuganako zorren aldean! Nere ondoan zabiltza zu! gal nadin beldurrez zaude! gorde nai nazu zere biotzean! auts egin nai nazu zere amorez; ta eraman nai nazu zuk zere erresumara, an izan nadin ni aingeru guzien lagun, zure maitatzalle, ta zekula guzien zorioneko doatsu! Gauz arrigarria!

        Nondik niri, asitze loia, jaiotze zikiña ta bizi urratu galdua izandu dudanari, onenbat ondasun ta ontarte? Zure eskutik, zure amore andiegitik, nere Jaungoiko maitea! Semeak, aurrak, eta txitoak, anditu ezkero, erantzun dezoke beren zorrari; ta egin ditzake artzekoak ere; baña nik, ez txikitan, ta ez andituagatik, erantzun dezoket nere zor andiei: bada, orretarako zerbait egiten dudaneko, egiten derozkidatzu zuk, nere Jaungoiko maitagarriak, on ta ondasun berriak, eta lenak baño ere ontarte ta fabore andiagoak!

        Zer egiñen dut bada, nere ongille andi, Jaungoiko maitagarria? geldirik egon, ezer ere egin gabe! Ez Jauna, ez: eskergabetasun andiegia lizake ori! Aitortuko dut egunoro nere txartasuna; aitortuko dut zuri zor dizudana, ta egiñen dut alegiña, umiltasun andiarekin zu gaurgero ta ill arte guzian serbitzatu ta maitatzeko. Indazu zerorrek onetarako bear dudan laguntza ta grazia. Bai arren, Jaungoiko maitea, bai!

 

 

Homo natus de muliere, brevi vivens tempora,
repletur multis miseriis.

Job. 14. 1.

 

        Laburra da, bai, jaio giñanetik ill arterañoko gure bidea; baña ez dira laburrak, ez eta txikiak ere, bide onetako gure lanak ta nekeak! Gosea ta egarria, bearra ta premia, kezkak, aserreak, eritasun gaistoak, eta egunoroko naigabeak, dira gure bizitza laburraren betiko lagunak! Guzien artean aisa ta erraz galtzen dute gure osasuna, ta aisa ta arin daramate gure gorputza lurpera, edo bere obira! Onenbat etsaien artean gure Jauna da bakarrik, guri laguntzeko prest dagoena. Lagun zakizkit, bada, nere Jaun andi on maitagarria, andi ta txiki guziak garaitzen, edo guzien txarkeriak zure izenean emeki ta bear bezala eramaten. Bai arren, nigatik ezpadere, zor dizudan zere nai ta amore andiagatik, bai!

 

 

Omnes morimur, et quasi aquae dilabimur.

2. Reg. 14. 14.

 

        Egunoro, orduoro, ta asmaldioro galtzen dugu guk gerok geren bizitzaren zatiren bat edo beste; bada zenbat asmaldi, edo denboraren puntu doazen, anbat gure bizitzaren zati doaz. Ill zen atzoko gure bizitza: gaurkoa ere illaz doa: ta zenbat ere geiago gabiltzan, anbat erioaren alderago arkitzen gara. Iturriko ura bezala da gure bizitza: zenbat geiago dabillen, anbat zati geiago galtzen du; ta, bere ibillera guziarekin, itsasoan ondatzera doa! Eriotza da gure itsasoa: Ara baño len galtzen ditugu zati anitz; eta, galtzen diran nekezko zatiekin, azkenean an ondatu bearra gara! Zorionekoak gu bizitza txar onek dirauño bear den eran egiten baditugu, beti iraun bear duen, zeruko gure bizitzak eskatzen dituen, gauz onak.

 

 

Spiritus meus attenuabitur, dies mei breviabuntur,
et solum mihi superest sepulcrum.

Job. 17. 1.

 

        Nere ezaguera laster laburtuko da; laburtzera doaz nere egunak; eta obia da nere gorputz txar loiak izan bear duen jauregia, ta ondasun guzia. A, asmo eroak lurreko nere asmoak! aizez bera beti gure burua, ta aizetan ta aizetan gure asmo ta gogoeta txarrak! Ezkontzak, ondasunak, etxe berriak, bazterrak eta irabaziak gau ta egun gure gogoaren muñetaraño sartuak; izanik ere guzi-guziak emen gure bizitzarekin batean, ondaturik gelditu bear duten gauzak! Ustelduz joan gure gorputza! erioaren ortzetan arkitzen gure bizitza; ta sekulan bizi-bearrak bagiña bezala, geroko neurriak, eta neurriak asmatzen gu gau ta egun ta beti!

        Erotu zara zu? Nastu zaitzu buru txar ori, edo zer gertatu zaitzu, gaur, bigar, edo denbora laburrean iltzeko zauden gizon edo emakume zoratua? Beude, beude aldebat, ketan gelditu bearrak diran zure asmo eroak! Etorri da zentzatu-ordua! Urbil dabil, bai, zure erioa! Begira zazu, zu jaio ziñanetik zure begira dagoen zere obira! Zurekin emen usteldu bearrak dira, zerurako balio ez duten zure gogo-asmoak; zere Jaungoikoarekin dituzu zuk zere kontuak. Ematen dizu oriek zuzentzeko diña denbora. Artu zazu bada bizitza berri bat. Utzazu zere gogotik, fite utziko zaituen mundu txarra! Oraindaño baño, begitarte obea dagizun zuri zere Jaungoikoak ill artean, ta sekula guzian, garbi zazu damuzko negarrez zere biotza; eta esazu itzez ta biotzez: Nere Jesukristo, etc.

 

aurrekoa hurrengoa