www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (I)
Sebastian Mendiburu
1759, 1904

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai, Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1904.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXIV.garren OTOITZ-GAIA

 

A.

Erregeei Jaungoikoa eragin ziena,
ta guri ere eragin nai digun
irurgarren gauza da, present on bat
umilki, ta gogoz Jesusi guk egitea

 

APERTIS THESAURIS SUIS OBTULERUNT EI MUNERA.— Matth. 2. 11.

 

        Bere presentagatik eskerrak uste dituen presentariak, edo present-gilleak, presenten batekin norbait billatzen duenean, egiten diozka oni, bere presenta egitean, eskumuñ umillak eta agur andiak; bada, den andiena izanagatik daraman presenta, arroturik badarama, ta ematen badio artzen duenari, zor ez dion gauzaren itxuran, ta modurik gabe, mindurik utziko du present-artzallea, ta anitz estimatzen ez diola bere presenta.

        Gure goiztar erregeak egin zioten, arkitu zutenean, Jesus maitagarriari beren presenta. Nola ote? Ausardiarekin; antustez beteak zeudela, ta erregetzar arroen eran? Ez, baizik umilki, ta bear bezala, arkitu bazuten ere Jesus, uste etzuten eran ta tokian, edo bazterrean.

        Non arkituko zuten gure Jesus goiztar erregeak? Erregeen jauregian, edo aren jait-errian, ta, an alakorik ezpazen, erriko itxerik onenean ta apainduenean? Ala arkitu usteko zuten; bada Errege jaioberri baten billan zetozen; ta erregeak, erregeei dagozten tokietan idiro, edo egon oi dira, jaiotzen diranean. Baña etzuten arkitu, ez, Jesus maitagarria orren toki on-apainduan: arkitu zuten itxe txar edo abeltegi erdi urratu batean: ta, arkitu zuten an, beraren izar berriak erakusten ziela; bada, ara zeneko, batean gelditu zen izarra Jesusen itxe txar edo toki gañean zein zen Jesus, erregeei bere argiarekin adirazten ziela.

        Orra, goiztar errege jaunak; orra non arkitzen den, zuek billatzen dezuten aur jaioberri, judu gogorron Erregea! Ez dezute noski zuek orren leku txarrean sartu ere naiko? Nai dezute atera dezaten atarira, orren urrutitik zatozten ezkero, ekusi bage ez itzultzeagatik zeren errietara?

        Baña erausi eroak dira, era onetako erausi guziak! Ekusi orduko zein den, izarrak erakusten dien Jesusen tokia, jaisten dira beren dromedarioetatik, eta sartzen dira erregeak Jesus ekustera: ta, ekusi bezain laster belaunikatzen dira Jesusen oñetan, ta gelditzen dira, ezin umillago, ta arrituen eran, edo odolez ustuak edo liluratuak bezala.

        Au zer da, errege andiak? Gizon indartsu, bear bezalakoak, zer da gaur or zuei gertatzen zaitzuena? Soldaduz betea zegoen Jerusalengo erria, ta murru arrigarriz, ta dorre andi sendorrez ingurutua. Erri andi ta Korte sendor onetan arkitzen zen gizatzar gaisto errege gogor Herodes. Zuek an sartzean etzenuzten errege onen baimenik, onen errian sartzeko; ta alere sartu ziñazten ojuka, ta galdez: non arkitzen da juduen Errege jaioberria? An egondu ziñazten, nai adiña denboraz, izutzen etziñaztela, ta andik atera ziñazten, batere beldurtu gabe, ta ausardi andiarekin: ta, etxe txar batean sartu orduko, adio zuen belaun-besoetako indarrak, eta arpegiko kolorea! Zer gertatu zaitzue or zuei; edo or zer ekusi dezue zuek? Ama donzella beartsu bat, erantzuten dute, bere amabi eguneko Semetxo batekin.

        Zer dute oriek biok, orrela zuek uzteko? «A (diote, biotzez beintzat) ezin adirazi ditekeen diñakoa da oriek dutena! Edertasuna darie Ama Semeei; baña ez lurrekoa! Ori ekusi dugu guk, emen sartu orduko, ta orrek utzi gaitu batetan gu, ikara bezala, ta umiltasunez ta debozionez beteak! Eta berebat gertatuko zen, Sansonek adiña indar ta biotz izandu bagenu ere! Lurreko loreak, zeruko izar-eguzkiak, eta gañerako gauz ederrak, nolakoak dirala uste dezu (diote), emengo Ama-Semeen edertasun aren aldean? Ikatza bezain beltzak, eta guztiz itsusiak. Jaungoikotasuna zer den dakienak, bai, baña bestek ezin ezagutu dezake zer den, ta nolakoa den Jesusen edertasuna; ez-eta onen Amarena ere».

        Irur erregeak orduan agertzera, barren-barrenean zutena, agertuko zuten au guzia: baita anitz geiago ta geiago ere; bada, an sartu orduko, asiko ziran biotzez edo al zuten bezala, erraten: Edertasunaren beroa, ta erretzallea! Erretzen derozkigu geren barren guziak, eta amoriozko sutan urtuak bezala gelditu dira gure biotzak! Urtu ditezela, bai, ordu onean; ta maita zaitzagula guk, gure Jesus, ezin geiagoraño; ta maita zaitzagula, orain ezezik, beti ta beti, ta eternidade guzi-guzian ere! Ai, Errege jaioberri, gure Jaungoiko maitagarria! Ez dugu damurik, ez, zu ekustera etorri garalakoaz, urrititik artara etorri bagara ere! Etortzeko bageunde gaur, ta milla ta milloi aldiz, etorri garan baño urrunagotik etorri bear bagenu ere, pozik eta pozik etorriko giñake gu, zu ekustera; ta orain emen arkitzen garan bezala, zure oñetan belaunikaturik, zuri agur ta agur umillak. eta ongi-torri bero-beroak egitera!

        A ero zoratu galduak! (erran zezakeen, au erran ondoan, erran ezpazuten ere) a Jerusalendar ero zoratuak! A Herodes, Herodes! A Herodesen soldadu, ta jende galduak! A, zuek ere, gure goiz erritar galduak, eta bazter orietako jende, onara gu ekarri gaituen izar bera, guk bezain ongi ekusi dezutenak, eta, gurekin ez etorri naiez, or gelditu zaraztenak! Bazenekite zuek, nor den guk emen gaur arkitu dugun aur jaioberria; ta nor onen Ama, ta zein onak biak, eta zein eder maitagarriak, laster artuko zenukee, bai, guk ekarri dugun onarañoko bidea; ta ibilliko ziñazkee, gu bezain biziro, edo biziroago; ta, gu bezala, gure ondoan belaunikaturik, egiñen zeniokee, bai, guk bezain gogoz, zor zaion ongi-torri, ta dagokan, bere agur-ta-agur andia!

        Guk, Jesus maitea, ezagutu zaitugun ezkero, errain zuten gero errege berak, aitortzen dugu, ta pozik alere, zu zarala gure iruren, ta munduko guzien Jaun, Jabe, ta Errege ezin-maitagarriagoa; ta zu zarala, zeru guzian ta lurrean arkitzen diranak maitatu bear zaituzten Jaungoiko-gizon, gure Salbatzallea! Au, erdia itzez, ta erdia biotzez erraten zuteño, egiñen ziozkaten goiztar erregeak milla agur, ta eskumuñ beren Jesus maitari-maitagarriari.

        Artzen dute gero beren presenta. Balaunikatzen dira berriz Jesus beraren oñetan, ta erraten diote: erregeen Erregeari, ta Jainkoari bezala, zor zaitzu zuri, gure Jaun andi jaioberria, munduan arkitzen den guzi-guzia; ta, guk duguna zurea dela zuri adirazteko, ta noiz ere nai emain dizugulako siñutan edo señalean, orra gerekin artu ditugun urre zati, inzenso-piska, ta mirra-apur au. Au, ta guk ditugun ta izan ditzakegun ondasunak ezezik, gure buruak ere, edo gu gerok, garan adiña, zureak gara; ta egizu gutaz ere, gure eskuetako presentaz bezala, zuk zerorrek nai dezuna. Au erran ondoan, uzten dute Amaren eskuetan beren presenta; ta gelditzen dira, guti ematen diotelako damuarekin; ta Jesusek adirazi bear nai diezten gauzen begira.

        Ekusten dezu, nola dauden gaur goiztar erregeak Jesusen oñetan? Zein umillak! Zein zenzatuak! Zein bildu makurtuak! Ekusi orduko, arritzen ditu, ta betetzen atsegin ta kontentuz Jesusen Jaungoikotasunak; eta geroz lurretik ezin jaso dituzte beren begiak; ain txarrak derizte beren buruei Jesusen parean, edo Jesusen begietan: ta, an daudeño, beti daude beren Jesus gogoan dutela, beren Jesusi eskerrak ematen, ta Jesus maitatzen ta maitatzen dutela.

        Orobat egiten ote dezu zuk ere, elizan arkitzen zaran zere aldietan, ta errezo zerbait egiten dezunetan? Ez ote diezu begiratzen zuk bein ere aldi orietan, elizan sartzen edo andik ateratzen diran jendeei? Ez, eta an daudenei, edo an batetik bestera beren egitekoetan dabilzanei ere? Ez dira an elizan zure gogoratzen, edo gogotik, ara orduko, utzi oi dituzu zuk itxeko zere egitekoak, kanpoko zere lanak, lagunen erausiak, auzokoen bidegabeak, oroitzapen lizunak, eta gañerako erakeriak? Abe-Mariak erraten dituzu, Jesusen Amari begira zaudela, edo itzez erraten dezun guzia biotzez diardukazula? Mezakoan egon oi zara zu Jesusen izatea, Jesusen bizitza, Jesusen neke gogorrrak, eta guganako Jesusen amore bazter-bagekoa zere gogoan ta zere biotzen daduzkatzula? Ori da errege goiztarrak zuri gaur adirazten dituzun egitekoa; ta ori zere Jaungoikoak zuri eragin nai dizuna.

        Zer presentak ote dira, elizarazten zaran aldietan, ta egunoro zuk zere Jesus maitagarriari egiten diozkatzunak? Ematen diozkatzu zuk goizoro, edo jaiki orduko, ta egunaz gero noiz edo noiz, zere gogo guzia, zere adimentua, ta zere naimendua, biei eragiten dieztezun, ta Jesus berari atsegin egiteko diran, zure gauz on guziekin? Edo egiten dezu zuk, oriez biez baliatzen zarala, goiz-arratsetan, egunaren ordu guzietan, ta beti, edo beintzat maiz, zugandik zure Jaunak nai duena? A zer urrezko presenta ori zure Jesus maitagarriarentzat!

        Jesus beraren izenean, ta zu zerori gal etzaitezen, nekatzen dezu bidenabar zuk zere burua, edo baruz, korapilluz beterikako lokarriz, ta silizioz, edo eragotziz zere begiei bear ez dituzun ekusteak, zere miiari itzketa makurrak, zere bearriei aditze lizunak, arroak, edo ez zuzenak; eta zere biotzari bere naikunde txar gaisto guziak? Minaren arrigarria! Presentaren ona!

        Eta errege onak egin zuten presentaren erako present oso bat egiteagatik, enzuten dituzu egunean eguneko mezak? Egiten dituzu goiz-arratsetako, ta otorduetako, edo otrontzetako zere otoitzak? Erraten diozu zerbait, etxetik ateratzean, orduak aditzean, zere lanak asitzean; ta era bereko beste aldietan zaitzen zaituen zere Aingeruari, zere izeneko Santuari, edo zere Jaungoiko maitagarriari? Egiten dezu arratsetako examina, edo egun guziko zere lanen ekus-aldia; ta, oni darraikon ones-damua, edo akto kontriziozkoa? A zer inzensua! Ala zer presenta!

        Orra zuk, erregeen eran, Jesusi egin bear diozun presenta: ta orra nola egin ere. Egin badiozu zuk bein ta berriz, ta anitz aldiz, edo egunoro, iltzen zaran artean, zuk ekusiko dezu denboraz, baita beti-beti eternidade guzian ere; ta ekusiko dezu, bai, goiztar erregeak Belenen baño agitz obeki ta ageriagoan, zere Jaungoiko-gizon Jesus maitiaren edertasuna; ta zu aren lenbiziko ekustetik, izain zara zorioneko Jesusen umea! Zu atsegin utsez, ta kontentuz beti bizi bearra! Ta zu zeruko Errege, edo erregeen laguna. Erotasunez betea zara zu, ta zenzugabea, au guzia, orren erraz irabaz dezakezula, gelditzen bazara zu zeruko izarraz edo gogargiaz kasorik egiten ez dezula, ta zere bazter txar orretan, edo bizitza galdu galgarrian!

 

 

Fili, Deo dignas oblationes offer.

Eccli. 14. 11.

 

        Nere semea, dio Eskritura santan gure Jaungoiko maitagarriak, nere semea, bada, begira zazu zertara zoazen, zere Jaunaganatzen zaran aldietan: ta begira zazu zer present-modu den, arganatzen zaranean zuk egin uste diozun zere presenta. Konfesatzera zoaz? Egin uste diozu konfesioko presenta? Begira bada zer eran, edo nola zoazen, konfesatzera! Zoaz (joan nai badezu, joan bear den eran); zoaz, gaizki eginaz, ta gaizkiarekin zere Jaungoikoari egin diozkatzun atsekabeez ongi damutua. Zoaz umilki an zere Jaungoikoari agur egitera: ta zoaz, zere gaizki guzia barkatuko dizulako uste oso-osoarekin; baña zoaz, oben guziak eta kulpak aldebat uzteko asmoz beterik, eta guzi-guziak utziko dituzulako itza zere Jaungoikoari ematera. Orrela ezpazoaz zu zere konfesionera, ez da, zure Jaunari dagokan presenta, zure konfesionea.

        Komuniozkoa da zuk zere Jaungoikoari egin uste diozun presenta? Bear bezala komulgatzen zara? Biotz garbi-garbiarekin komulgatzen zara? Jesus artu naiez zoaz zu zere komunionera? Jesus maitatu naiez zoaz; ta komunione oneko indarrarekin, obeki baño obekiago zere Jauna serbitzatzeko gogoz betea zoaz zere komunionera? Orrela bazoaz zu, ongi zoaz, bai; ta, gogo dezuna egiten badezu, komulgatzen zaranean, egiñen diozu Jesus maitagarriari ederki dagokan komunioneko zere presenta.

        Otoitz garbi beroa da, egin nai diozun zure presenta? Bear bezala enzunikako meza da zure presenta? Zure presentak dira, egunak, asteak, illak, eta bizitza guzia ongi, ta kontuz eramatea? Present ederrak dira. Oriek zuk zerekin artu ezkero, bazoazke, bai, lotsalkerik gabe, zere Jesus ekustera. Ongi artuko zaitu, bai, Jesus maitagarriak, eta begitarte ederra egiten dizula, era orretan arganatzen zaran aldietan.

        Ala joaten ziñan zu oraindañokoan zere Jaunagana, arganatzen ziñan guzietan? Ai, nere Jesus, ta zein guti! Zugana naz ni askotan, nere Jesus maitagarria, present on bat badere eskuetan ez nuela! A! ta zenbat eta zenbat aldiz zugana nazan ni txarkiago ta txarkiago ere, edo biotz zikin, loitu, galduarekin! Onetaz oroitzeak berek guztiz alketzen nau ni gaur; ta, ez dakit zer negiken, aldi orietako nere agertze txarrak galerazteagatik! Gal bitez, arren, zure gogotik, nere Jesus maitagarria, ta geldi bitez bertan barkatuak! Au eskatzen dizut, eta ziñez alere; ta berriz era bereko agertze txarrak ez egiteko itzarekin.

 

 

Coram illo procident Aethiopes.

Ps. 7. 19.

 

        Bazter guzietatik etorriko dira, dio Dabidek, Jesusi agur ta presentak egitera. Bazter guzietan izain ditu gure Jesusek adoratzalleak, maitatzalleak, eta ongilleak; baita Etiopiako leku illunetan ere; ta egia dio. bada egungo egunean badira orrelakoetatik (eta anitz alere, ta anitz) Españian, Franzian, Europan, Asian, Amerikan ta Afrikako anitz lekutan.

        Baña orietatik ote naz ni ere? Askotan agur egiten diot nik nere Jesus maitagarriari, goizetik arratseraño? Askotan, ta maiz belaunikatzen naz ni nere Jesusen oñetan, otoiz edo erregu zenbaiten presentak egitera? Etzait egunik igarotzen, egin nitzakeen orrelako gauzetatik zenbait iuzten ditudala? Bai noski, ta geienak ere! Orobat gertatuko da datozen egunetan? Ez nuke nai beintzat, nere Jesus maitagarria!

        Eta nola nator ni gaur nere Jesusen oñetara? Biotz garbi-zuriarekin, edo mairu beltzaren larrua baño beltzago dadukala nere barrena, edo nere anima? Ala badere, ona non nazun ni gaur zere oñetan, nere Jaungoiko maitagarria. Zein ere beltz-galdua nazan ni, zure eskuetatik aterea naz. Aisa aski egin ninduzun zuk ni, artara ziñanean; ta egin ninduzun bezain aisa, zuri nazakezu, neronek nere naiez arturikako nere obenen beltztasun loi-zikiñetik. Ez dezu bear orretarako, ez, nere utsak barkatzea, ta zere graziaz ni beterik uztea besterik. Egizu arren, nere Jesus maitagarria. Eskatzen dizut, nere gaizkiez ongi damuturik; eta, gaizki berririk egin bage, ta garbiro bizi nazala, agur umillak eta lan onen presentak maiz eta maiz zuri egiteko asmo osoarekin. Ai, anitz banegitza, ta guziak zuri dagozkizunak!

 

 

Rex erit super nos.

I. Reg. 8. 20.

 

        Billa bezate nai dutenak, nai duten lekuan, beren erregea: nere Errege da, goiztar erregeei izar berriak erakutsi dien Jaungoiko-Erregea. Nere Erregea da nere Jaungoiko-gizon Jesus maitagarria! Ez da, ez, nere Errege au baño errege zuzenagorik, ez da ederragorik, ez da oberik, ez eta maitagarriagorik ere! Onen etsai guziak nere etsai egiñak gelditzen dira gaurgero: guziak garaitzera noa, nere ezagueraren, adimentuaren, ta biotz on baten armak arturik. Lenagotik lan onetan ez asiaz dut damu ta urriki!

        Nere Jaungoiko Erregeren etsaiak etsai gogorrak dira; ta etsai guztiz bortitzak: dira alabaña nere aragi gaistoa, bere naikunde txar sutu-galduekin: Mundu arroa, bere asmo eroekin, ta ikuskari makurrez edo exenplo gaiztoz dena jauntzia; ta sulezeko gaistoa, bere jakindearekin, bere gu ezin-ekusiarekin, ta bere milla gordeka, ta tentu arrigarriarekin. Askotan eraman naute, bai, bein batak, bein besteak, eta zenbait aldiz guziak elkar arturik, nere Jaunaren kontra: baña gaurdanik orien kontra nai dut egon beti, ta nere Jaunarekin bat egiñik. Zein ere bortitz-indartsu-gorrak diran etsai oriek, guziak garaitu uste ditut, guziak baño indartsuagoa den nere Jesus Errege onak laguntzen didala.

        Orra bada ni, nere Errege Jesus maitagarria; ona ni prest, zuk nai dezuna eragiteko nere begiei, nere eskuei, ta nere adimentu ta naimendu guziari. Nazan guzia, nere gauza guziekin, zurea nai dut izan nik gaur ta beti. Dudana baño geiago banu nik, present obea egiñen nikezu gaur. Biotzez ta zinki ematen dizut orain, bildu dudan ta emen dakardan au; baita gaurgero nik izan dezakedan guzi-guzia ere, gauz on anitz zure alde egiteko, orain dudan nere gogoarekin batean. Egin ditzadan guziak, nik nai bezala, ta batean ere uts egin bage, kendu bear didazu zuk, lenagoko nere utsen karga gaistoa; eskatzen dizut, nere naiez artu nuelako damuz beterik, eta itzez, ta biotzez erraten dizudala: Nere Jesukristo Jauna, etc.

 

aurrekoa hurrengoa