www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (I)
Sebastian Mendiburu
1759, 1904

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai, Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1904.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XII.garren OTOITZ-GAIA

ADANEN UTSAK ATERATZEAGATIK,
EGIN ZEN GIZON GURE JAUNGOIKO MAITAGARRIA

 

        Adanek bere gaizkiarekin, edo Jaunaren Legean egin zuen uts arrigarriarekin, galdu zuen bere on anitzen artean beretzat, eta geretako, guziok (zerurako bagara) bear dugun Jaunaren grazia, ta adiskidetasuna: ta Adanen uts au ateratzeagatik, edo guretzat irabazteko argatik guk galdu genuen grazia, ta graziak dakarren eskua ta deretxa, egin zen gizon Jaungoiko-Semea, ta gizon egin zenetik ill arte guzian egin zuen libru onetan ta urrengoetan adiraziko duguna. Bera lan onetan Jesusi zor diogun amorea ezagutzen asteko, asiko gara Adanen bekatutik; eta otoitz-gai ontan ekusiko dugu Adani bere bekatuagatik gertaturikako nekea.

 

 

A.

Anitz da bere bekatuagatik
Adanek galdua

 

        Ill bage bizi bearrak ziran gure guraso Adan ta Eba, Adan-Ebak egin ezpaliote beren Jaungoikoari, egin zioten txarkeria. Egin zuen gure Jaungoikoak Adan, egin zuen Eba, ta biak egin zituen bere zerurako. Egin orduko eman zien biei, lurrean bizi-ziraño aisa ta ongi bizitzeko bear zutena; bada eman zien lurreko paradisua, ta zeruko inozenzia, justizia orijinala ta grazia. Bazuten Paradisuan (ta doarik alere) Adanek eta Ebak jateko, edateko, ta gauza guzietarako nai adiña, baita anitz eta anitz geiago ere. Etzuten orduan gaitzerako makurtasunik bat ere; eta gauz onak aisa egin zitzaken beren inozenzian, ta zuten graziarekin batean. Egiten bazituzten zenbait denboraz, eramain zituen beren egille Jaungoiko berak emengo paradisutik zeruko paradisura, ta eramain zituen erioaren ortzetara gabe; ta emain zien an eternidade guziko atsegin-kontentua, ta sekulako gloria. Orobat gertatuko zekien bien ondorengoei, ondorengoak ere, biak bezala, ongi bizitzen baziran beren aldart-orduraño; ta kontatuak izain ziran ondorengoen artean, gaitzera makurtuko ziranak, Eba ta Adan ongi bizitzera.

        Orra lendabizitik guk geren Jaungoikoari zor diogun ontarte ta fabore arrigarria. Zorionekoak gu, lendabiziko gure gurasoak ain aisa, ta añ ezer-ezagatik galdu ezpaligute! Oriek ori guri galdu arren, dugu, zerua irabazteko geroz guk daramagun neke ta pena guzia: ta on alaere irabazten badugu azkenean, geren neke ta pena guziekin badere!

        Emen bizi zeño, etzuen jan bear Adanek Jaunak berezi zion arbola baten frutatik (onaren ta gaitzaren jakiundeko arbola zen, arbola debekatuaren izena). Onetatik jaten baduk, erran zion lendabizitik gure Jaungoikoak Adani, galduko duk, nik nere naiez eman diedan grazia ta inozenzia; galduko duk, ere graziak iri ematen dien zerurako eskua ta deretxa, galduko duk ik ere bizitza, ta ill bearko duk ere ume ta ondorengo guziekin; ta (Jesus, ta bere Ama ez) beste guziak egoin dituk, bizitzen asi orduko, ire bekatuaren loiean itsustuak eta galdu-zikinduak; eta, ik ori ez egitera, jaioko dituk oriek inozenzian, ta graziaz beteak. Begirok bada zer egiten duen. Itz bian adirazi zion gure Jaungoikoak Adani au guzia; baita anitz geiago ta geiago ere.

        Nork etzuen usteko, Jaungoikoaren meatxu onek beldurtuko zuela Adan; kenduko ziola arbola debekatuagana urbiltzeko gogoa; ta etzuela aren frutarik probatuko mundu guziagatik ere? Baña zer gertatu zen? Gauz arrigarri bat! Meatxu au aditu ta laster, Jaunaren erranaz, Jaunaren eginaz, ta Jaunagandik uste zituen lurreko ta zeruko ondasun andiez kasorik egiten etzuela, jaten du Adanek arbola debekatutik; eta gertatzen zaizka, aditu dituzun malur ta kalte guziak; baita agitz geiago ta geiago ere: bada aren jate galdutik datoz Adanek berak ekusi zituen, ta geroz gertaturikako, ta oraindik etorkizun arkitzen diran, neke guziak.

        A nonbait, Adan, Adan! orren guti begiratuko zenien zere buruari, ta guri tristeoil Orren aisa galduko ginduzun, ta bokadu bategatik! Anbat kostatzen zekizun bear etzenuen sagar edo fruta bat uztea, eskuetan zenituela Paradisuko beste guziak? Kontuzko gauzaren bat izan baliz ere ori zuk ustea, etzen askiko anbat zor zenion zere Jaungoikoak zuri ala manatzea? Zure eskergabetasunaren txar itsusia!

        A nere Jesus maitea! ta agitz ederragoa da nik askotan, ta anitz aldiz, erakutsi izandu dizudana? Ez nezake egin nik ere, zenbait aldiz beintzat, Adanek bezain aisa, edo, anitz nekatu gabe, zere Legean niri zuk eskatzen didazuna? Etzen aski, ta sobera bere bekatuagatik Adani gertatuaren berria, ni zentzarazteko, ta Lege garbi orrek diona niri eragiteko? Zertan nabill bada, edo zeren begira nago? Ez ote naz orain badere mudatuko? Bai, baldinbere: bai, Jesus maitea, bai, zuk sendorki laguntzen didazula.

 

 

B.

Andi-arrigarria da Adanen
bekatuaren kastigua

 

        Arbola debekatutik jan orduko, ezagutu zuen Adanek; baita, berak jan ondoan, Adani janerazi zion Ebak ere, bere bearra, ta erakeri ezin-galgarriagoa; bada ezagutu zuten, batak eta besteak, galdu zutela beren Jaunak doaiez emanikako grazia, ta zuten inozenzia; ta arkitzen zirala bekatupean, ta Jaunaren etsai egiñak; eta, oarturik etzutela soñean deus, lotsatu ziran biak; eta, beren alkekizuna kenerazi naiez, estali ziran nolerebait, pikutik arturikako zenbait ostoren soñeko zirtzillarekin. Onetan daudela, aditzen dute, an zebillen beren Jaunaren otsa, edo itza; ta ematen diote bertan igesiari, ta gordetzen dira al duten betala. Orra gaizkiaren lagunak! orra gaizkiaren ondorengoak! Lotsa, alkekizuna, ta beldurra. Ez dituzu ekusi zuk ere zere baitan noiz edo noiz? Bai noski, ta gaizkiren bat egin dezun aldioro ere, naiz itzezkoa izan zedilla, edo lanezkoa, naiz gogo utsezkoa, zure gaizkia ta txarkeria.

        Itz egin zien Jaunak bizi beren gorde-tokira; ta adirazi zien, egin berririk arkitzen zen beren utsaren itsustasuna; ta eman zion bakoitzari zegokan sentenzia. Esan zion bein Ebari: bai? Jan dun erorrek, eta jan-erazi dion Adani nik biei debekatu nizuen, arako sagar edo arbolatik? Oroituko az bada, bizi azaño. Ik izain ditun bai ere denboran nekeak nekeen gain, kezkak kezken ondo; ta erditze gogorrak gogorrekin: ta, zeren ere buruz ibilli azan, ta gaizki, ta galdu duan erekin batean ere gizon au, gizonaren eskupean egoin az beti, ta egiten ditunala, nai ez ituken gauzak eta lanak.

        Itzultzen da gero Jaun bera Adanegana, ta erraten dio oni ere: ik, nere erranak aldebat utzirik, egin duk ere andre galgarriaren errana; ta jan duk ik ere, nik iri debekaturik utzi nien arbolatik? Orain artuko duk, orain, ere lan eder onen irabazia. Lurrak i nor izatera, berez, edo maneatu ta ondu gabe, ekarri bear zien zuek ongi ta nolanai bizitzeko emen lurrean bear zenuten guzia. Ez az izandu i, ez, izan bear uena. Ez duk ik egin, ez, nik manatu nienik. Egin duk ik ere gogo gaistoak eman diena: ta, nere grazia ta adiskidetasuna galdurik, egin az i ere bekatuagatik nere etsai gogor beltz-itsusi, ta galdu. Bada ik egiñen dituk, bai, emengo aldiak; eta, paradisutik aterarik, nik utziko aut i nekezko bazterrean ta lur madarikatuan: jan-edanen baduk, an billatu bearko dituk ere janaria ta edaria; ta billatu bearko dituk, maiz eta galanki nekatzen azala. Izerditaraño ariko az lurra maneatzen, ta alere, zenbait aldiz beintzat, arantzak, elorriak, eta bidegabeko gauzak emain derozkik ere lurrak, labore-lekuan; eta orduan ire janaria izain duk ganaduarena, edo belarra, edo anitz-anitz obea ez den gauzaren bat. Ire neke-izerdiak, ogi zati bat, edo bear den beste zerbait biltzeko, iraun bear dik ill adin artean: ill bear duk ik; eta illen dituk ire ondorengoak ere, ire jate txar, ta bekatu galgarriagatik. Orra Jaungoikoak egin ziezten karguen mamia, ta sustanzia; ta orra Jaungoikoak Adan naigabetuari ta Eba galgarriari emanikako sentenzia ta kastigua! Ekusten dezu zein izugarria!

        Gaur agertzen baliz Jaungoiko bera gure kontuak artzera, zer errain ote lioke gutatik bakoitzari? Zer karguak egiñen lizkiguke, oraindañokoan guk egin ditugun utsegite ta txarkeriakgatik? Zenbat eta zenbat bekaturekin emain lioke bakoitzari bere begietan! Zein itsusiak agertuko ote lirake oriek, eta zein bidegabekoak! Adanek bat egin orduko, an zuen bere gain bere Jaungoikoa, ta aditu zuen nornai arritzeko den, ta zuk zerorrek ekusi dezun, sentenzia. Agertzen baliz orain, guri dagokiguna guri ematera, gutaz zer izain ote lizake? Bertan noski geldituko giñake illotzak, eta betiko galduak. On utsez, orain ixillik dago gure Jaungoikoa; ta begira bezala dago zentzatzen ote garan, geren gauzak garai onean prestatzen ditugula, kontu onak emateko. Zorionekoak mugaz, ta luzatu gabe, orretaratzen diranak! Orietatik izain gara, gaizki egiñaz damuturik, ongitzen baditugu geren egitekoak. Ori da, guk emen beti egin bear duguna. Nik beintzat egin uste dut, eta bertatik alere, nere Jaunak artan laguntzen didala; ta erditsi uste dut, artarako eskatzen diodan bere laguntza. Indazu bada, nere Jaun maitagarria, bai arren, bai!

 

 

C.

Latz illun-gogorra da Adanek
bere bekatuagabik izandu zuen damu-urrikia

 

        Manatzen dio bere Jainkoak Adani atera dakiola Paradisutik, eta doala bere bekatuari dagokan sentenziak diona egitera, edo lurra maneatuz, ta nekezko izerdiarekin bere jan-edana, ta gañerako bear dituen gauzak, billatzera. Ateratzen da andik Adan ixill-ixillik, eta berekin bere andre Eba daramala. Baña zein illun ta triste atera ote zen andik Adan? Zenbat naigaberekin? Ez ote zerien negar-malkorik aren begiei? Eta zer asmoak ote ziran, aren gogoan orduan zebiltzanak? Nork au adirazi? Jakintsua zen Adan, izandu bada munduan bat ere: ta bertatik ezagutu zuen, galdu zuen Paradisutik, eman zioten bazterrera zijoana. Paradisua zen alabaña, Jaungoikoak bere adiskide maiteei prestatu zien toki eder bat; eta toki gizon batek, atsegin-kontentuz beterik bizitzeko, desea zitzakeen gauza guziak zekartziena: ta, toki onen lekuan, Adanek zuen lurra, lur maradikatua zen; ta lur, gauz on zenbait dakartzienean, nekez ta izerdiz erakartzen zaizkana.

        A zer trukada trukada au Adan bekatariarendako, ta onen ume galduentzat! Ekusi zuen Adanek zer zen Paradisua. Bazekusan, onen ordez ematen zitzaion bizi-tokia: ta ezagutu zuen, guk ez bezala, bere bekatuagatikako trukada; ta trukada onetan ark, eta guk galtzen genuena; ta galtzen genuela beti-betiko; ta galtzen genuela, kalte arrigarriak andik zetozkigula; bada Adanen trukada gaistotik datozkigu izaten ditugun eritasunak, naigabeak, kezkak, eta malurrak; baita umeen eskergabetasunak, auzokoen erriertak, gertatzen diran eriotzak, eta gañerako, bekatutik datozen, bidegabeak, eta ekusten ditugun lan gogorrak, auziak, gorrotuak, eta neke-izerdiak. Oriek gogoan artu ezkero (artuko zituen bezala), zenbat izain ziran, Adani bere biotza ingurutuko zioten illuntasunak, ai! gogorrak, eta tristurak? Nor au adirazi? ta nork ezagutu ere?

        Eta bitartean zer egin ote zuen andre gaiso, Eba minbereak? Zer egin zezakeen? Negar, ta negar! Ezagutzen zuen alabaña, berak zuela trukada gaistoan obenik geiena: bera zela lenenik uts egin zuen bekataria: bera zela Adan tentatu, ta bekatari eragin zuen emazteki galgarri gaistoa; ta bera (Jaunak zionaz) neke, ta perellik gogorrenak ekusteko zegoen emakumea.

        Paradisutik ateratzean errain zuen Eba minbereak; eta errain zuen negarra zeriola: nork arindu ninduen ni, senarra utzi, ta bakarrik au Paradisuan ibiltzeko? Egondu banintz ni Adanen begietan, edo onen bistan, ta bazterrean, sugea, edo sugearen itxuran sulezeko etsai madarikatua etzen asiko nerekin itzketan, asi zen bezala; ta ni gaur egoin nitzan nere Paradisuan, atsekaberik bage, ta birtutez ta kontentuz betea! Arindu nintzan, bakarrik ibiltzeko; ta, Paradisuko bazterrak ekusten nenbillela, au agertu zen nere etsai engañaria; ta, ongi nai zidalako idurian, ta urrikaldurik bezala, galdegin zidan, nola bada ta zergatik debekatu diezue zuei zeren Jaungoikoak arboletako fruta? Arbola bakar batekoa debekatu digu; eranzun nion nik; eta ori ere debekatu digu, gerta ez dakigun andik jatetik iltzea. Erakeria da ori, erran zidan au bertan nere etsaiak, eta engañu ageria: ori gertatu lekuan, ortik zuek jan orduko idikiko dira zuen begiak: ikusiko dezue zer den ongia; ta zer den gaizkia; ta izain zarazte zuek, Jaungoiko bera bezalakoak. Orrenbat zuen on ezin ekusiz, debekatu dizue zeren Jaungoikoak zorioneko zeren jate ori; jan zazue ardurarik edo beldurrik bat ere gabe ta gertatuko zaitzue, nik orain zuri erraten dizudan guzi-guzia.

        Ai! etsai galgarri madarikatua! nik orduan ari erratera; eta eman banio bertatik igesiari, ta iges egin banu Adan arkitzen zen tokiraño, etzen gertatuko, ez, gertutu zaidana, ta egoin ez ninzan gaur, nagoen tranze gogor onetan! Baña berez arintzen denak, aitzina eraman oi bere arinkeria! ta ongi eritzi emaztekiak laudarioari, edo lausenga eroari! Goratzen ditut, argandik nik au aditzean, nere begiak (ez nintzan itsutuko, orretara baño len!). Ekusten dut arbola debekatuko fruta: ta, ekusi orduko, iduritzen zait guztiz eder-goisoa. Begien ondoren au zen bereala nere gogo gaistoa ta jangura; ta, biei zerraikiela, nere esku, ara baño len errerik gelditu bear zukena! Artu, ta jaten dut nik neronek; eta neronek janerazten diot nere senar Adan, nerekiko beraegiari! Jan orduko, idikitzen dira senar-emazte bion begiak. Zertako ote, baldin badakizu? Galduak garala gerok, ekusteko; ta ekusteko bidenabar, galdu ditugula geren ondorengo jaiokizunak.

        Nork (ekusi ezpalu) erran zezaken, nik nere egin berrian; nik, naturalezaren ta graziaren doai ederrez apainduak; nik, gaitzerako bat ere makurtasunik gabekoak; nik, onerako jaioak, nai zuen guzia nere eskuetan nuenak; nik, naigaberik etzen Paradisuan bizi bearrak, eta nik, Paradisutik, ill gabe, sekulako gloriara igateko egiñak; nork (diot berriz ere), nork erran zezaken, nik au guzia nere naiez galdurik, etorri bear nuela, orain dadukadan egoera illun beltz galgarri onetara?

        Orra bada: onetara naz ni; ta laster alere, edo Jaungoikoak egin ninduenetik ordu gutiren buruan; bada guti dira Paradisuan nik egin ditudan orduak. Onetara naz ni, bai; ta ez ezinegonez zorioneko nere Paradisuan: bada banuen nik au, bear nuena, ta geiago; ta ez niuduen ni nere Jaungoikoak andik aterako, utzi banio geldirik, eta ukitu gabe, bear ez nuen ta berak debekatua zedukan arbola bakar bateko frutari. Onetaranaz, bai; ta onetan nik neronek ekusi bear ditut nere Jaun zuzenak adirazi dizkidan neke-izerdi, erditze gogor, ta ezin erran-al-adiña lan ta oñaze; ta, oriek ekusi ondoan, ill bear dut nik nai, ta ez; usteldu bearra da, ta, izandu ezpaliz baño geiago ageri ez dela, gelditu bearra nere gorputz txar au; ta au erioaren ortzetan utzirik, joain da nere anima... nora ote? Ai au pena! au, bizi nazan arteko nere nekea! ez jakin nik, ez-eta jakinen ere, bere gorputzetik au atera artean! Eta zertara joain ote da, sulezeratzen bada? An kiskiltzen ta erretzen beti ta beti egotera. Orra Eba gaisoaren orduko kezka ta naigabezko beldur izugarria! Eta bekatuan arkitzen den edozeinena? Daraman bidea utzi artean, era berekoa. Utzi ote dut nik, nere bekatuak ar-erazi zidatena? Bai, baldinbere! Ala gerta dedilla, nere Jaungoiko maitagarria: ta gerta dedilla, nik berriz or oñik sartu gabe, mundu galgarri onen atzaparretatik iges egitea: bai arren, bai!

 

 

A muliere initium factum est peccati,
et per illam omnes morimur.

Eccl. 25. 3.

 

        Lenbizlko emaztekiak galerazi zuen bere senarra; ta, bere senarrarekin batean, galdu ginduen bien etorki guziok; eta aurtiki, edo bota ginduen erioaren atzapar gaistoetara! izan nai ez dutenak lenbiziko galgarri onen erako galduak, utzi bearko dituzte era bereko beren ibillerak eta begien arinkeriak: bizi bearko dute beren tokian, edo beren Jaunaren legea beren gogotik uzten ez dutela. Bebiltza bada, emaztekiak ezezik, gizakiak ere beren bidez; ta bide ta lagun gaistoen igesi. Ori zeren egin etzuen, galdu zen Adan lurreko Paradisuan, ta galdu zen bere emaztearen itz bi aditu orduko, beste tentaziorik gabe. Zer gerta dakioke bada, Paradisutik urrun, ta etsai galgarriz ta griña gaistoz inguruturik dabillenari, erne ibilliz, ongi begiratuz, ta orduoro eskatzen duela bere Jaunaren laguntza ta grazia, uzten ezpaditu zerura begira bere asmoak, ara zuzentzeko gero bere oñak eta gauza guziak?

        Nork daki zer? Arkitzen da alabaña alde gaistoetara guztiz makurtua, ta aragiaren loikerietarako tirrikazioz betea. Zorionekoak, oriek garaituz, begiak itsiz: okasione txarretatik iges egiñez, ta, alik ongiena pausuak zuzenduz, garbiro bizi diranak! A, ni, gaurdanik badaere, egiten baninz orietatik bat, edo orien lagun! Indazu arren, nere Jaungoiko maite, nigatik gizon egiña, orrelakoetatik izateko, bear dudan zure indar guzia, ta laguntza. Eskatzen dizut, bai, nere oraindañoko utsegite guzien damu andiarekin, ta uts berririk ez egiteko asmoz ta gogoz beterik arkitzen nazala. Ez niri au ukatu, Jesus maitea; ez, arren, ez!

 

 

Emisit eum Dominus Deus de Paradyso voluptatis, ut operaretur terram, de qua sumptus est.

Genes. 3. 23.

 

        Orra bere bekatu eskergabekotik Adanek atera zuen ondasun guzia! Bere Jaunak on-utsez emanikako grazia, ta zeruko doaiak galdurik, errumes beartsu baten itxuran, Paradisutik ordu-gaistoan ateratzea! Zertara? Lurra maneatzera! Nola uste dezu? Ongi nekatuz, ta izerditan goizetik arratseraño dabillela; ta dabillela, bere gogotik utzi bage nondik datorkion lan gogor au: ta bere neke-lan-izerdi guzien buruan, berari gertatu bearra, edo zertan gelditu bearra zen, berekin zeraman bere gorputza. Nondik zuen, baldin badakizu, Adan gaisoak bere gorputza? Lurretik. Eta zertan gelditu bearra zen Adanen gorputz au? Gelditu zenean: edo lurretan, ta auts egiña.

        Ai, Adan, Adan! A zori tristeko gizona! Paradisuko atsegin-gusto guzietarako jaioa zu; ta, orko zere gusto-atsegin-kontentuen artean bizitzen baziñan zenbait denboraz bear zen eran, eta zure Jaungoikoak eskatzen zizun bezala, zerura bearra zu; ta zerura bearra ill-ere bage, ta kontentuz beterik arkitzen ziñala! Eta galdu zuk au guzia, deusez bat bailiz bezala; ta galdu zuk, bokadu txar bategatik! Non zenuen zuk orduan zere burua, edo non zuk zere adimentua?

        A nere Jesus maitea! ta non nuen nik nerea, Adanen ondoren nenbillenean, edo, nere gogo galduari atsegin egiteagatik, galtzen nuenean, Adanek bezala, zeru bera, edo zerurako eskua ta deretxa dakarren grazia? Ta galdu ezpanu, Adanek baño, geiagotan edo bein baizik, etzen izain, izaindu den bezain buru-bagekoa, aldi artako nere erakeria! Baña nik galdu dut au, nere Legeko gauza larrietan uts egin dudan aldioro, edo bekatu larri bakoitzarekin! ta galdu dut, deusez bat baizik galtzen ezpanu bezala, ta atsegin-kontentu ta poz andiarekin! Ai Jesus! ez luke, ez, galduko Adanek, galtzeko baleduka, bere Paradisua! Ez eta nik ere nere bekatu berriekin zerurako nere deretxa ta grazia! Ari urrikitu zitzaion bere bekatuaz; baita niri ere nere guziez. Guzien damuz beterik nator gaur zure oñetara: barkamentu esker nator, ta ongi bizi naiez-ta-naiez betea. Indazu onetarako bear dudan guzia; baita nere oraindañoko utsen barkamentua ere. Bai arren, Jesus maitea, bai!

 

 

Ipsi autem, sicut Adam, transgressi sunt pactum:
ibi praevaricati sunt in me.

Oseae., 6. 7.

 

        Len batean Profetaz erraten zuen gure Jaungoikoak; Orra Israelko jendeak egiten dutena! Adanen gisan urratu dute, ta autsi, beren itza ta nere Legea! Bada promisloko bazterretan bizi dira, jentil batzuek bizi litezkeen bezala, ta nitaz kasorik egiten ez dutela! Elkar ezin ekusi dutela daude, ta, mindurik, gizon odoltsuen eran! Nori berea kendu naiez dabiltza; aragizko loiez zikinduak dabiltza; ta, ni aldebat utzirik, artu dituzte beren Jaungoikotzat, maite dituzten gauzak! Orra zein arritzekoa den, nere Israeldarrak egiten dutena!

        Au da Jaungoikoak orduan bere Profetari erranerazi ziona. Eta zer ote da egungo egunetan adirazi litzaikeguna? Ez da munduan arkitzen orduko israeldarren erako jenderik bat ere? Ez da geroz jendartean lapurreririk? Ez da aserretzerik? Ez da gaistakeririk? Ez da zikinkeririk? Ez da beste gisako bekaturik ere? Ager bitez, zerbait orrelako beren bizian egin ez dutenak; eta ekusiko dugu, zein bakan-bakanak diran oriek, eta zenbat eta zenbat gañerako bekatari gaistoak! Zeñetatik ote zara zu? bear den eran bizi diran onetatik; edo bekatari txar gaistoetatik? Gaistoetatik, Jaungoiko maitea, gaistoetatik; eta gaistoen artean ere gaistoenetatik! Bada kontatuak dira, zure mandamentuetan bein, berriz, ta askotan nik urratu ez ditudanak!

        Eta zer izain zen nitaz, edo non egoin nintzan ni gaur, ta, etorkizuna den gereko sekula guzi-guzian, zu, nere Jaungoiko maitagarria, ez etortzera, etorri zaran eran, edo gizon eginik, ni ta ni bezalako tristeok geren gaistakerien kateetatik ateratzera! A baña! atera ote naz ni alere orrelako kateen atzapar artetik? Nere naigabez izandu da ni ez ateratzea, orrelako katetan arkitzen banaz orain ere; bada nornai ortik atera diteke zure laguntzarekin batean; ta zuk, nai duten guziei ateratzen laguntzen diezu, naiz gabaz dela, ta naiz egunaz; baita edozein orduz ta puntuz ere. Orain beintzat autsi naiez nago ni era orretako nere kate izugarriak. Lagun zakizkit zu, nere Jaungoiko maitagarria, oraingo nere lan on onetan; ta indazu damuz ta urrikiz errateko grazia: Nere Jesukristo Jauna, etc.

 

aurrekoa hurrengoa