www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (I)
Sebastian Mendiburu
1759, 1904

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai, Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1904.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXI.garren OTOITZ-GAIA

ZORTZIGARREN EGUNEAN, EDO URTEBERRIZ
JESUSEK ERAKUTSI ZIGUNA

 

        Beingo erakustea erakuste laburra da, guk gauz andiak ongi, ta bear den eran ikasteko. Gauz andia da aragiaren naikunde loiak, begi-barrenen arinkeriak, gogoeta makurrak, eta biotzaren antusteak garaitzea. Orregatik etzen aserik gelditu gure Jesus jaioberria, Eguerriz egin zuenarekin, edo bere jait-egunean guri orretarako erakutsi zigunaz. Berriz ta berriz ere, ta anitz aldetara, erakutsi zigun ori bera; ta guztiz ederki urteberriz beintzat, edo bere Zirkunzisioko egunean. Nola, uste dezu? Neke berriekin, ta berariaz berak arturikako alkekizun andiarekin. Bai.

 

 

A.

Urteberriko bere neke berriekin ere
erakutsi zigun Jesusek geren etsaiak garaitzera

 

        Zer neke ziran urteberriko gure Jesusen nekeak? Neke gogorrak! Lege zarreko Zirkunziskoko nekeak! Jaungoikoak manatzen zuen leneko bere Legean, gizakiagandik erditzen zena, semez erditzen bazen, bizi zedilla bereis lenbiziko zazpi egunetan; ta zortzigarren egunean eraman zezatela erdi-berriaren semea Zirkunzisionera. Ala eraman izandu zuten Ama Birjinarena, edo gure Jesus maitagarria.

        Zer zela uste dezu, lege zarreko Zirkunzisionea? Gauza gogor, anitz aurri bizia kentzen zion gauza bat, edo gorputz minberetik, eta gorputzaren alde guztiz peligrozkotik aragi zati bat kanibetaz kentzea. Ebakitze onek, eta ebakitzetik zetorren odolak, oñazez betetzen zuen aur gaisoa: ta, iltzen ezpazen oñazez ta penaz, gelditzen zen irugarren eguneko, lertzen bezala, ta erdi-illa; ain andia zen ebakitzetik zetorren miña ta nekea: bai, ta Eskriturak dionaz, ezin andiagoa.

        Orra zertara zen gure Jesus, gugatik jaio, ta zortzigarren egunean lege zarreko Zirkunsionera zenean! Ekusi zazu zer oñazeak, orduko Jesusen oñazeak! Ez da munduan izandu Jesusen gorputza baño gorputz obeagorik; ez eta minbereagorik ere. Zer miñak bada, ta zer oñazeak urteberriz, ta urrengo egunetan Jesusek izandu zituenak? Orrelako oñazeekin zeuden batean Sichengo erregea, ta aren soldaduak eta gizonak: sartu ziran Jakoben seme bi, ta ill zituzten, eragotzbiderik ekusi gabe, ta nai bezala, guzi-guziak; guziak zeuden alabaña oñazez beteak, eta, beren buruz ezin balia zitezken eran. Nola egoin zen bada Jesus maitagarria, jaio, ta zortzigarren egunetik oñaze beretan sartua zegoenean? Asma zazu, al badagikezu; ta adirazi zadazu alik ongiena!

        Gure Jesusen lan au ekusi zutenean, arrituko ziran zeruko Aingeruak; eta asiko ziran elkarri erraten, baita Jesusi ere, Isaiasek diona: Nola gertatu da, Aingeru lagunak, gertaturik orain guk emen ekusten deguna? Jesus odola dariola? Jesus garaitua, ta kanibetez ebakia? Eta non dira, Jesus, zure aal esku-indarrak? Aur txikia izanagatik zu, etzara zu denbora berean, nai adiña dagikezun gure Jaungoiko altsua? Nola zaduzka bada kanibeta txar batek bere azpian, edo nola utzi zaitu zu nekez, oñazez, ta odolez jauntzia?

        Neronek nai dudala (eranzun zezaken orduan, gure Jesus maitagarriak): neronek nai dudala, ta lurreka gaisoei geiegi naiez. Bai, Jesusek berak nai zuela, ziran Jesusen orduko neke gogorrak eta oñaze guziak; bada Zirkunzisioko legea giza-kume bekatarienzat zen, edo oriek bekatupetik ateratzeko; ta Jesus maitagarria, Espiritu Santuagandik zetorrena zen, ta Birjinagandik jaioa, ta orregatik zen bekaturik bagekoa. Guri ongi naiez bada, ta guri berriz erakusteko, len eguerriz erakutsi ziguna, edo guri erakusteko geren animako etsaiak garaitzen ziran Jesusen Zirkunzisioneko min, oñaze, ta neke guziak; bada, diogun bezala, Zirkunzisioko lege gogorra gizon-uts bekatarientzat zen, ez bekaturik etzuen Jainko gizon Jesus maitagarriendako.

        Artu zituen bada, gure Jesusek (eta artu zituen bere zortzigarren egunetik) Zirkunzisioko oñaze-nekeak, guri erakusteagatik zerura nai dutenak egin bear dutela beren legeak eskatzen diena, aragi gaistoak, begi ariñak, eta barren galduak au ez naiagatik. Lege onek, dakizun bezala, eskatzen digu, Zirkunzisioko kanibetaz, edo al den bidez, bakoitzak kentzea bere aragiaren lan lizunak, bere miiaren itz-arin alfer beroak, bere gogoaren atsegin-gusto debekatuak, bere begien lapurreriak, eta ekuste loi-galdu-gorde-zikiñak, bere bearrien zabaltze eskergabekoak, eta, gure Jaun oikoak debekatzen dituen gañerako gauzak.

        Lege berak dio utz ditzatzula zuk aldebat, aizeak daramatzien berriketak, zuri dagozkitzunak izanagatik, edo zure gain datozanak; baita lagun-urkoen ta zure etsaien uts-egiteak, txarkeriak, eta gañerako bidegabeak ere. Oriek uztea bada, ta bendeku txarrak, eta oroitzapen makurrak gogotik kentzea da zure legeak zugandik eskatzen duena, ta, bere Zirkunzisioko neke guziekin zuri zere Jesusek erakusten dizuna. Nai dezu zuk egin au zere Jesus onaren izenean, ta Jesus berari zor diozun amorearen alde?

        Bai, Jesus maitagarria; baita geiago ta geiago baliz ere. Zu zere jait-egunean otzez ikara ekusteak erdiratzen ditu, ongi nai dizuten guzien biotzak: baña ekusteak zu, gaur zauden eran, edo odola dariezula, ta Zirkunzisioko oñazez zarana betea, aski ta sobera da arri egiñik nornai uzteko; edo, sentiduekin gelditzen denari, zernai eragiteko! Sentiduekin nago ni (eskerrak zuri); orain nik ezagutzen ditut, nigatik zuri zere amoreak eragin dizkizun, zere odolezko, ta neke arrigarrizko erakuste ezinobeak; eta ongi naiturik arkitzen naz gaur, bertatik asteko, zugandik ikasi dudan eran nere lanak egiten, ta egiteko ezin zuzenago, ta zure Lege santak agintzen didan guzi-guzian. Betor orretarako zure laguntza, ta artara noa. Betor: bai, betor arren, betor, nere Jesus maitagarria!

 

 

B.

Urteberriko bere desondrekin
erakutsi zigun Jesusek antuste arroak garaitzen

 

        Zirkunzisioko Jesusen oñaze-nekeak neke-oñaze andiak ziran; ta denbora berean, edo bidenabar, oñaze-neke desondrariak; eta orregatik ziran agitz arrigarriak, eta guztizkoak. Bai: desondrariak ziran Jesusen Zirkunzisioko oñaze-nekeak. Zergatik ote? Zeren Zirkunzisioa zen Jaunak, bekatu etorkia edo orijinala kentzeko, emanik zedukan gauza ta siñua: ta, siñu au bere gain artzen zuenak, edo Zirkunzisionera zijoanak, aditzera ematen zuen bekataria zela, ta loiez ta zikinkeriz animan galdua: ta orregatik, ekusten zutenak Jesus Zirkunzisioko kanibetaz odoltua, usteko zuten beste, adin artako, edozein aur bezain galdua zela, ta bekatu etorkiaren edo orijinalaren zauriak sendatzen zebillena: bada guziak dakite, ez duela niork belarrez ta trapuz loturik ekartzen papurik ez duen eskua, edo zauririk eta miñik bage arkitzen den burua.

        Ekusten dezu, ta aditzen onetan erraten zaitzuna? Aita Eternoaren Seme Bakar Jesus maite bekatariaren siñuarekin ta Zirkunzisioko odolez betea! Ez da gauz arrigarria ta desondraria? Atozea: ez da Jesus Aita Eternoaren ispillu garbi-garbia? Ez da Jesus Aitaren Izate, ta Sustanzia guziaren bear bear bezalako figura, edo Imajina? (Hebr. I. 2.) Edo ez da Jesus, Aitak eta Espiritu Santuak duten izate berberarekin arkitzen den Jaungoiko-gizona? Atozea; Jaungoikotasun eder au ez dago, argia illunbetik, bizitza eriotzetik, eta edozein gauza ezer-ezetik baño agitz eta agitz urrunago pekatutik? Zer desondra bada Jaungoikatasun eder au, bekatariaren soñeko zikin loi itsusiz jaunztea bezalako desondrari? Orra bada zer desondra Jesusek urteberriz nigatik daraman desondra? Bere bizian ekusi zuen andiena; ta niri didan amorea niri erakusteko, ezinobea!

        Siñes nazazu, bai, urteberriko Jesusen desondra dela Jesusek izandu zituen desondra guzien artean agerien dena. Izandu zituen, bai, Jesusek bere desondrak beste zenbait aldiz ere; baña ez Zirkunzisioan bezain utsak, eta andiak. Jaio zenean, etzuen Jesusek izandu, Belengo erri guzian nork eman bere barrunbean bazter edo zokotxo bat, gau bat pasatzeko; ta sartu bear izandu zuen itxola txar urratu batean; ez lo an egitera, baizik otzaren kontra gau guzian pelean egotera. Desondra ta neke andia! Bai; baña ez desondra utsa; bada gau artan berean etorri zitzaizkan zerutik Aingeruak, eta menditik artzaiak, beren Jaun ta Errege andiari bezala, beren agurrak eta onrak egitera.

        Bekataria zirudien Jesusek, San Joan Bautistak Jordango urez bataiatu zuenean: desondra zen au Jaungoiko-gizon Jesus maitearentzat: baña etzen izandu, ez, desondra uts-utsa; bada ura burutik Jesusi san Joanek eman orduko, utzi zuten zeruak Jesus onraz betea: agertu zen alabaña an bertan Jesusen gañetik Espiritu Sautua; ta Aita Eternoak denbora berean ots egin zuen, Au da nik maite dudan nere biotzeko Semea: Au ni atsegin ta kontentuz betetzen nabena.

        Gaiztagin arrigarria bezala, zeatu zuten Jesus bere azken-egunean, edo ostiral santuz: atera zuten Jerusaleno erritik gurutze sendor bat bere soñean zuela; ta gurutze berean iltzez josirik, kendu zioten judu gogorrak bere bizia. Non da desondra andiagorik? Baña, desondra au ere, ondraz beterikako desondra izandu zen Jesus maitagarriarendako, bada munduari adirazteko bear gabeko nekeak zirala orduko Jesusen nekeak, ordu berean egin zituen Aita Jaungoikoak anitz milagro ta gauz arrigarri; gord-erazi zuen alabaña eguzkia, mundu guziaren doluz ta lutuz estalirik uzteko, larrugorrian arkitzen zen bere Semea: urratu zen berez elizako kortina; ta arriak berak erdiratu ziran, al bezala erakusteko, bidegabeko lan ark eskatzen zuen damu ta sentimentua.

        Ona nolakoak ziran gañerako Jesusen desondrak: ondraz ta ondraz beteak. Zirkunzisioko desondra da, ondrarik gabeko desondra; ta orregatik da desondra andi guztiz arrigarria.

        Nork eraman zaitu, Jesus, zere Zirkunzisiora? Nork orren leku desondragarrira? Zere Ama maitagarriak! Jesus! Ama Birjina! Ori egiñen zenuen zuk zere Semearekin? Ez dakizu zuk zer den Zirkunzisioa? Ez dakizu or ematen dutela bekatuaren marka desondrari loi itsusia? Ta ematen dutela milla ta milla oñazerekin, ta neke-penekin? Eta alere ara daramazu, zere Seme Jaungoiko-gizon Jesus maitagarria? Ara darama, bai; baña ongi penatzen zaiola bere biotza; ta zeren zortzi eguneko bere Semetxo Jesusek eragiten dion bide, ta lan gogor desondrazko au!

        Bai, Jesusen umeak! bere naiez doa Jesus bere Zirkunzisiora, Amaren besoetan ara doanean! Bere naiez dago Jesus Zirkunzisioan, oñazez lertzen bezala, ta dolorez, ta desondraz jauntzirik an arkitzen denean; ta orrela dago, guri ongi naiez, ta guri erakusteagatik jakin bear duguna! Amorearen andiegia! Beti-betiko Jaungoikoa gizon egiña, ta jaioberria: Zeru-lurren, ta ondasun guzien jabea gugatik beartsu ta pobre egiña, soñeko txarretan bildua, itxola erdi-urratu batean otzez ikara ta negarra dariola? Gauz arrigarria! Baña Jaungoiko-gizon au, zorztigarrenen eguneko gu guziokgatik kanibetaz ebakia, oñazez betea, ta bekatarien soñekoz jauntzia! Agitz arrigarriagoa!

        Orra Zirkunzisioko egunean guk geren Jesusi zor diogun, kostuzko, ta desondrazko erakustea. Zertarako ote da gure Jesusen erakuste au? Ekusten duguna guri eragiteko. Zer ekusten dugu guk gaur, edo zer erakusten digu gaur guri geren Jesus maitagarriak? Munduko opione txar, ta antuste galduak galdurik, geren lege garbiari jarraitkitzea. Darausala, nai duena mundu eroak: dagiela, nai badu, ista, ta irri; erran dezala, gogok ematen diona, guk, zerurako bagara, ez diogu orri begiratu bear, Jaungoikoak manatzen diguna egin bear dugun aldietan, begiratu bear diogu guk (eta kontuz) bere burua gugatik desondratu zuen gure Jesus maitagarriari. Ongi guk begiratzen badiogu geren Jesusi, ta guk egin nai izaten baditugu Jesusek erakusten dizkigun gauzak, egiñen ditugu, bai, manatzen ez dizkigunak ere; bada ori da Jesusek bere Zirkunzisionean egin izandu zuena; egin izandu zuen alabaña, ongi zirudien gauza bat, baña Aitak manatu etziona; ta egin izandu zuen, desondretan ta neke arrigarrietan bere burua sartzen zuela.

        Egizu bada zuk ere, urteberriko Jesusen nekeei begira zaudela, zere legeak manatzen dizuna; bai, ta edozein beste gauz on ere, Jaunaren gogarokoa dela dakizunean, manatua ez izanagatik, naiz dela nekezkoa, ta onra guti dakarren egitekoa; bada zenbat ere zuzenago ta geiagotan ori zuk egiten dezun, anbat lasterrago garaituko dezu zuk zere antuste arroa, ta egiñen diozu Jesusi atsegin ta kontentu geiago. Saia zaitez arren, bada, zure onerako da guzia, ta, bere Zirkunzisioko erakuste ederragatik. Jesusi zor diozunari nola-ere-bait erantzuten asteko.

 

 

Data est mihi omnis potestas in coelo, et in terra.

Matth. 28. 19.

 

        Urteberriz, edo jaio ta zortzigarren egunean, arkitzen zen gure Jesus, egun adiña esku, ta indar zuela, nai zuen guzi-guzirako. Egin ote zuen orregatik zerbait bere alde ta faboretan? Deus ere. Geldi-geldirik, eta sosegu onean egondu ote zen gure Jesus maitagarria urteberri egunean, ta urrengo egunetan? Ez ori ere. Zer bada? Ezin igitu den aurraren eran arkitzen bazen ere, arkitu zen Jesus egun orietan, berak nai zuela arturikako Zirkunzisioaren neke arrigarrietan! Berak au nai zuela? Nai zuela, ta gure onagatik, edo guri erakusteagatik geren buruak penatzen, ta, gure Jaunak zerbait agintzen digunean, ura guk eragiten geren gorputzei, ta geren gogoei; oriek nai ez dutena, ta eragoz genezakena.

        Aditu dezue, Jesusen umeak? Artuko dituzue gogoz, ta umilki era orretako gauzak, eguraldi gaistoak, zeren kateak, desondrak, eta gañerako, Jangoikoak igortzen dizkitzuten nekeak? Ori da gaur Jesusek erakusten dizutena: ta ori guk, onak izateko, egin bear duguna. Saiatuko zara zu, gaurdanik badere, ori egitera? Nai nuke beintzat, Jesus maitagarria; ta, lan on au eragozteko, lilura ez nazaten aragiaren naikunde txarrak, gogoaren erakeriak, edo biotzaren arrotasunak, indazu zere grazia, askotan ta maiz nik begiratzeko zure gaurko odol isurtze arrigarriari, zure min-oñaze neke gogorrei, ta zure Zirkunzisioko desondra ezin andiagoari; ezaguturik nik guzia zela nere onerako, dagidan alegiña nere obenen alde, ta zuri nik atsegin egiteagatik. Ala gerta dedilla, aur-penatu Jaungoiko maitagarria. Bai arren, bai!

 

 

Circuncidite igitur prraeputium cordis vestri,
et cervicem vestram ne induretis amplius.

Deut. 10. 16.

 

        Ekusi dezue, dio gaur gure Jaungoikoak, Jesusek daramana! Ekusi dezue Zirkunzisioko Jesusen odola; ekusi dituzue orduko Jesusen oñaze-nekeak, eta desondrak! Guzia zen, zuei erakusteko egin bear dezutena: guzia zen, zuei eragiteagatik zeren Zirkunzisioko lan andia. Zer lan ote da lan andi au? Au da guk kanibetaz ebakitzea, edo guk osoro galeraztea, gure animak galtzeko diran aragiaren atsegin txarrak, barren berotuaren suak, eta bendekuak, ta biotz arroaren asmo galduak. Eta lan au bera da umilki guk geren lanak egitea; ta, ezaguturik Jaunarenak garala gu geren bizitzan, geren eriotzan, ta ondasundun arkitzen garanean, edo gabe ta beartsu gabiltzanean, baita atsegin andi-txikiak eta kontentuak ditugunean, edo nekepean gabiltzanean ere, emeki ta beraren izenean guk eramatea, gugandik aldian, gure Jaunak nai duena.

        Orretan nago ni, bai nere Jaungoiko maitagarria, orretan nago; ta prest arkitzen naz ni, gaur bertatik egiteko (ta ziñez alere), zuk orain nigandik nai dezun guzia, ta zuri atsegin egiñen dizun edozein gauza. Zer nai dezu dagidan orain, ta bizi nazaño? Aurdanik asi da Jesus odola isurtzen, ta badakit isuri duela, niri ongi naiez, ta nere onerako. Nai dezu, nere Jesus maitagarria, eman dezadan ordañez nik nere zañetan dudan au guzia? Au ezezik, emain dizut nik, eta pozik alere, nere biotza, bere naikunde, ta duken amore guzi-guziarekin. Oraindañokoan nere gogara bizitu naz ni, ta ez bear bezala! Damuturik nago nere gaizki eginaz; ta gaurgero egin-naiez nago zuri atsegin egiñen dizun, ta nigandik nai dezun guzia. Izan bitez bada zure Zirkunzisioko neke-oñazeen izenean gaurgeroko nere lan ta neke guziak: eta izan bitez guziak, zuk nai dezun orduan ta eran egiñak, eta zuk nai bezalakoak. Baña indazu orretarako, ta guziak zuzen egiteko, zere laguntza ta grazia. Bai, arren, bai!

 

 

Omnia detrimentum feci, et arbitror ut stercora,
ut Christum lucrifaciam.

Philip.3. 8.

 

        Zer gauza dira, munduan arkitzen diran ondasun guziak? Zer izan ditezke lurreko leku eder-luze-ageriak, eta emengo egiteko andiak? Zer; baizik aizetan, edo auts-egiñak, gelditu bear duten gauzak: eta, irauten duteño ere, gure Jauna ta Jaunaren zerua galerazi oi duten gauzak! Orregatik, dio san Pablok: nik lurreko gauza guziei begiratzen nien, animen galgarriei bezala, ta oin-peko autsa, ta loia, bezain erraz utzi nituen guziak, Jesus ezagutzen asi nintzanetik.

        Zorioneko ezaguera, onen lan onak eragiten dituen ezaguera: edo ezaguer, antuste gaistoa bere gauzekin aldebat utzerazirik, arrerazten duena gure Jesus maitagarria! Arrerazi baliezat niri ere, nik gerozko nere gauzak, Apostolu beraren eran, ta Jesusen gogara, edo alik zuzenen-zuzenena egiteko! Ez, Jesus maitea, ez, ez dut nik gaurgero nai, niri zu gal-erazteko den munduko ondretatik edo gauzetatik batere, ondra edo gauz ori baliz ere nik nai bezalakoa, ta mundu guzian arki litekeen andiena, onena, ta naigarriena. Ori, ta gañerako guzi-guziak baño, naiago zaitut Zu bakarrik, nere Jesus maitagarria, zere Zirkunzisioko nekean odolez betea, ta oñazez lertzen bezala, zaudenean ere.

        Egiteko baleude, oraindañokoan niri nere antuste galgarriak, orien ondoren, zoratuaren eran neranbillela, eragin dizkidan egiteko, ibillera ta pausu makurrak, ez nituke eginen, ez; ezeta sekula guzian biziko banintz ere! Lenagotik onetan ez-egonaz, edo lenago Zu nik billatu gabeaz (billatuko bazindudan ere desondren bidez, ta neke ta neke), ongi damuturik arkitzen naz gaur. Eta gaurgero zuzen ibilli nadin nere bidean ta zure ondoren, kendu bear didazu oraindañoko nere oben-kulpen karga astun au. Au eskatzen dizut, itzez ta gogoz erraten duzula. Nere Jesukristo, etc.

 

aurrekoa hurrengoa