www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (I)
Sebastian Mendiburu
1759, 1904

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai, Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1904.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XVIII.garren OTOITZ-GAIA

JESUSEK BERE JAIT-DENBORAN
LENBIZIKORIK ERAKUSTEN DIGUNA

 

        Ekusi dugu, zein gaizki bizi ziran munduko jendeak gure Jaungoikoa, gizon-eginik, mundura zenean. Zergatik, uste dezu, zela orren gaistoa mundukoen orduko biziera? Zeren nagusitako artuak zeduzkaten irur etsai guztiz galgarriak, eta egiten zuten oriek nai zutena. Zein ote ziran mundukoen irur etsai oriek? Oriek ziran, san Joan Ebanjelariak adirazten dizkigunak; edo ziran aragiaren naikunde makurrak, begien edo gogoaren arinkeriak, eta biotzaren autuste galduak, edo arrotasuna. 1. Ioan. 2. 16.

        Eta zer ote da, Jesusek bere jait-denboran munduko gaisoei erakusten diena? Beren itur nagusi edo etsai galgarri oriek garaitzeko bidea. Nola ote? Itzez, ta manuz? Ez: itzik atera gabe; ta berak egin zuenarekin. Zer egin zuen orretarako gure Jesus maitagarria? Orain guk ekusi bear duguna:

 

 

A.

Aragiaren naikunde gaistoak
garaitzen guri erakusteko,
jaio baño lenago Jesusek egin zuena

 

        Aragi gaistoa, bure naikunde makurrekin da, S. Joan Ebanjelariak agertu digun bezala, munduak dituen irur etsai indartsuetatik bata: Concupiscentia carnis. Nola garaitzen den etsai galgarri au, laster aski ta fite erakutsi izandu zien munduko guziei Jesus maitagarriak; bada erakutsi zien, bere jait-ordua etorri baño lenagotik ere. Nola, uste dezu? Bere buruari, edo aragiari, eragiten ziola aragiak egin nai oi ez duena. Zer izan oi da, gure aragiak, edo mundura datorren edozeinek, berez nai duena? Emen bat ere nekerik bage, gustoz beterik, eta aisa bizitzea. Ala bizitu ote zen gure Jesus mundura zenetik, edo egin ote ziozkan gure Jesusek atsegin guziak bere buruari? Ez eta bat ere. Guziak ukatu ziozkan jaio zeneko; baita lenagotik ere. Siñisten ezpanazu, ez dezu, orduan Jesusek gugatik egin ta eraman zuena ekustea besterik.

        Gure Jesus maitea jaiotzeko zegoen egunetan aditu zuten onen Amak eta S. Josek, Augusto Erromako enperadorearen agintze ta manu bat. Manuak zion, enperadorearen pean arkitzen ziran guziak billa zezatela nongoak ziran, ta noren umeak; eta ager zitzatela beren izenak.

        Bearrean arkitzen ziranak, ziran, edo beren eskuz bizi ziranak S. Josek eta Jesusen Ama maitagarria; baña Dabid errege andi, ta santuaren etxetik zetozenak ziran bata ta bestea. Etxe au Belenen arkitzen zen, ta berak bizi ziran, berri au aditu zutenean, andik urruti Nazaret zeritzan erritxoan. Bazekien Ama Birjiñak, berri au argana zenean, etzegoela agitz urruti beraren erdi-ordua. Bazekien, edo izan zezaken bere goganberta, bazter guzietatik au bilduko ziranak beteko zutela Belen, ta artuko zituztela ango ostatuak eta etxeak. Bazekien, nekez arkituko zuela ura bezalako errumes pobre edo beartsu batek non oñak sartu; ta alere nekezago aren eran edo adiuntzan arkitzen zen emakumeak. Bazekien, berekin zekarren bere Semea, Aita Eternoaren Semea zela, ta Aita bera diñako Jaungoikoa. Bazekien lurreko erregeen semeei bezain ongi zegokiola jaiotzeko zegoen Jaungoiko-gizon oni bere etxean, ta gelan jaiotzea.

        Baña au guzia bezala, bazekien zer egin gogo zuen aldi artan gure Jesus maitagarriak; eta, aditu zuenean Enperadorearen manu au, atera zen bereala bere itxetik, bere lan guziak eta egiteko andi-txikiak au utzirik. Artzen ditu bada, Jesusen jait-ordurako prestatuak zeduzkan bere oialtxo garbiak; ateratzen da bere senar on S. Joserekin batean bere itxetik; eta, non gelditu bear duen ez dakiela, badoa Enperadore Erromakoak agintzen dion, ta Jaungoikoak nai duen, tokira.

        Nora zoaz, Jesusen Ama maitagarria? Nora zoaz? neguaren erdian, ta erditzeko puntuan aterako ziñan zu zere baztertxotik? Begira zaiozu, zere buruari ezpadere, zerekin daramazun zere Jesus jaio bearrari! Orain arrerazi nai diozu orrenbat neke ta lan? Aski dira, bai, jaio ondoan orren begira daudenak, ori ongi nekatzeko!

        Baña, ezin geldi ditekela dio Jesusen Amak: nekez beterik jaio nai duen Semeak deitzen duela dio, Romako enperadorearen itzez; ta deitzen diola, bere jaiotzean, nekea, lana, ta bearra besterik izain ez duen lekura; ta Seme berak nai duela, dirala, dio, artzera doan bidea, ta bide luze gogorreko nekeak. Zoaz bada ordu onean, Birjin Amandrea; ta zere Seme Jesus balia dakizula, beragatik artzen dezun zere bidean, ta, berarekin batean eraman bear dituzun aldarte txarretan, otzetan, ta gañerako zere neke gogor guzietan!

        Artzen dute Belengo bidea Jesusen Amak eta san Josek: badoaz beren bidez, bidean gelditu gabe: sartzen dira billatzen zuten beren errian; ta gertatzen zaie, uste zutena: bada, nekezko beren bidea bukatu ondoan, arkitzen ez dute Belen guzian, gaba pasatzeko ta gutiren bat atsedeteko, gelatxo bat badere ematen dienik: orduko beteak daduzkee kanpoko aberatsak, edo, uste diranentzat gordeak daude erriko itxe guziak, eta etxeetako gelak.

        A Belendarrak (errain zuen berekiko aldi onetan Jesusen Ama maitagarriak); a Belendarrak; eta bazenekie zuek nor den, orain emen nere barren onetan dakardan aurtxoa! Emen dator, aspaldian zuek uste dezuten Mesias andia. Emen dator israeldar guzien, ta munduaren Salbatzallea. Emen dator gizon eginik, eta jaiotzeko puntuan, Trinitateko bigarren persona, Aita Eternoaren Seme Jainko maitagarria! ta dator, zuek zuzendu naiez, ta zuei zeren etsaiak garaitzen erakustera; ta orregatik dator, edozein aurtxo bezala, neketan, ta bere burua zuekgatik penatzen duela! Au ez dakizue zuek: egunen batean ezagutuko dezue; ta geienok beintzat, berandu noski, ta beste munduan.

        Zer penak (asmatzen badakizu), orduko Ama-Semen biotzetako penak! Amak etzien bere penei begiratzen. Semearen penaz oroitzeak erdiratzen zion Ama maitariari bere biotza: ta Semeak ere, bereak baño agitz geiago ta geiago sentitzen zituen bere Amaren penak; bazekien alabaña berak arreraziak zirala Amak zeramatzienak; eta maite zuen Jesusek bere Ama; ta maite zuen, munduko seme maitatzalle guziak beren amak baño anitz eta aski geiago.

        Ekusten dezu orain, jaio baño lenagotik ere gure Jesus bere buruari egin izandu ziona? Ekusten dituzu, jaiotzeko zegoenean, Jesusek eraman zituen nekeak eta penak? Etzigun ederki erakutsi, nola garaitzen den etsai gogor aragi gaistoa? Zer nekeak eta penak, Jesusi Belendar eskergabe txarrak arrerazi ziozkatenak? Zer penak eta nekeak, Amarenei begiratzeak eman ziozkanak? Etziran andiak? Eta nolere! Bada guziak ziran gure onerako; guziak gure amoreakgatik, eta guzi-guziak guri erakusteko aragiaren naikunde txarrak garaitzen; naikunde galgarriak galerazi ez dizaguten geren bide ona, ta zeruko gloria. A gure Maisu eder, gure Jesus maitagarria! goiz aski asi zara zu guri erakusten, guk ongi izatekotz, egin bear duguna! Noiz asi bear ote dugu guk ikasi dugun lan on au egiten? Noiz etsai gogor, gure aragi sutu au, guk eskuratzen? Bertatik nai nuke, nik beintzat, zuk laguntzen didazula, nere Jesus maitagarria. lagun zakizkit bada; bai arren, bai!

 

 

B.

Aragiaren naikunde gaistoak garaitzen
guri erakasteko, Jesusek
bere jait-orduan egiña

 

        Etzuen Jesusek utzi, ez, jaio zenean, bere ordurañoko erakuste ona, ta guri geren aragiaren naikunde txarrak garaitz-erazteko bidea. Siñisten ezpadezu orain nik zuri erraten dizudan au, atoz ekustera, orduan Jesusek egin ta eraman zuena. Bazen, Belengo errian sartu baño len itxola txar bat, eguraldi gaistoak ematen zueneko. Ekusirik bada Ama Birjinak Belendarren ongi etorria, edo eskergabea; ta ezaguturik urbil zuela bere erdi-ordua, sartzen da itxol onetan. Ateratzen ditu an, ordu artarako berekin zekartzien oial garbiak. Belaunikatzen da itxolaren baztertxo batean; ta, berak gero santa Brijidari adirazi zion bezala; ala zegoela, ta bere gogo guzia zeruan zedukala, oñazerik gabe, ta, ez beste aurren gisara, baizik argia bidriotik ateratzen den eran, jaiotzen da Jesus; ta, jaio orduko Aingeruak ezartzen diote Ama berari bere besoetan. Zeruko bere lo ederretik iratzartzen denean, arkitzen du Jesusen Amak bere Seme maitagarria otzez ikara, ta negarrezko aurpegiarekin. Orra, jaio zeneko, Jesusen asiera! orra zer bizitza! orra zer sosegua! orra bere gorputzari aldi onetan Jesusek ematen dion atsegin-aldia!

        Urrikaldurik, Ama Birjinak biltzen du lenbaitlen bere Seme-Jesus bere oialtxo garbietan. Baña oialak berogarri txikiak ziran, Jesus bezain otzikara zegoen aur bati, bere ikar-eria kentzeko. Etzekien Amak zer egin orretarako. Etzuen egurrik; sua egiteko; etzuen lumarik, etzuen seaskarik au estaliz, estutuz, ta erabilliz bere Seme Jesusi otza kentzeko. Neguan arkitzen ziran ta neguko gau-erdirik gogorrenetatik batean. Alde guzietatik sartzen zitzaien beren itxola txar erdi-urratuan, den aizerik otzena ta biziena; ta orduko izoztuz joain ziran bazterrak. Jesusen Ama ere otzak ikara zedukan, ta beregana bere Semetxoa artu naiagatik, guti bero zezakean au. Zer egin dezake bada, Jesusen Ama maiteak, otzez ill ez dakion bere aurtxo Jesus bere besoetan? Zer daki berak ere? Onetan dagoela, begiratzen du, au arkitzen zen estalbi txar batera; arkitzen du au agotz, edo lasto moltxo edo abar bat; etzarzen du aren gañean bere Semetxo ongi oztua. Baña azpiko lasto zatiak zenbat bero dezakee, otzez ikara dagon Aurra?

        Non zaudezte zuek, zeruko Aingeruak? Ez dezute ekusten Ama-Semeak gau onetan daramaten otza ta nekea? Noizko da bada zuen jakiundea, ta esku andia? Ez dakizue nola, edo zer bidez berotzen diran otzez ikara daudenak? Ez dakizue zer zor diozuten zuek zeren Errege Jesus, otzez ikara dagoenari? Zertan zaudezte bada, edo zeren begira?

        A! baña badakite Aingeru onak, nai balu berotu, ez duela orien bearrik Jesus jaio berriak. Badakite, otzez ikara ta negarrez dagoen aurtxoa izanagatik. Jaungoikoa dela Jesus jaioberria. Ta Jaungoiko, otz-beroak eta gañerako gauzak bere eskuan dituena. Badakite, bai, otzez badago ta negarrez gure Jesus, bere naiez dagoela, ta guri erakusteagatik zeruan sartzeko guk egin bear duguna, edo nola garaitzen den ango bidera ateratzen den etsai galgarri, aragi gaistoa; ta orregatik, ez duela Jesusek nai ken dagokion oraingo aldian daraman bere otza ta nekea. Zaudezte bada geldirik, Aingeru jakintsuak; eta zaudezte Jesusi begira, ta arri zaitezte Jesusek gugatik bere jaioberrian daraman otzikaraz, ta neke arrigarriaz!

        Eta zuk, Ama Birjina, zer egiten dezu zere Seme maite Jesus berotzeko? Ez nai adiña! Ekusirik Amak Jesusen otzikarak; eta etzuela deus balio, oriek arintzeko, itxola txarreko estalbi otzak, artzen du Jesus bere besoetan, ta egiten du al duena. Nai zioken egin, bere Jaunari bezala, al zuen agurrik, begitartetik, eta begiratzerik umillena; baña erdiratzen zion bere biotza, Jesusi ekusten zion otzak eta negarrak. Ekuste onek urtzen ziozkan Ama maitariari bere bi begiak; eta, zer ari den ez dakienaren eran, estutuko zuen bere bular gañean; josiko zuen bere arpegia Jesusen arpegiarekin, ta urrikariz ta amorez Amari zeriozkan negar malkoak nastuko ziran Jesusen begietako negar-malkoekin; ta bien negarrak utziko zuten Jesus bi aldiz ur egiña.

        Zer dardarak, zer itonaiak Amaren biotzak ordu artan izandu zituenak! Ekusi zuen eran Jesus ekusi baño, naiagoko zituen artu bere gain munduko gose, egarri, otzikara ta neke guziak. Amaren pena ta neke guzia zen ezin-arindua, berak nai bezala, bere Seme jaioberriak ordu artan zeramana bezain neke, ta pena arrigarria.

        Neke au ezagutuko zenuen zuk ere, zuk orduan ekusi bazenu Jesus zegoen eran, ta era artan zegoen Jesusi begira Jesusen Ama maitari ezin urrikaltiagoa: ta bidenabar ezagutuko zenuen, aragiaren naikunde txarrak garaitzen zuri erakutsi naiez zela, bere buruari aldi artan Jesusek ematen zion tunda ta nekea; ta ekuste onek, arrizkoa ez izatera zu, erdiratuko zuen zure biotza, ta utziko zituen negarrezko iturri egiñak zure bi begiak: ta utziko zinduen zu, bere orduko nekearekin erakusten zizun guzia zuzen egiteko gogoarekin; ta, aragiaren gogo, ta naikunde gaistoak garaitzeko gogoz ongi-ongi betea.

        Orain ere gogora ekartzen badituzu zuk orduko Jesusen otzikarak, orduko aren negarrak eta nekeak, eta begiratzen badiezu astiz ta kontuz, ta maiz, badut uste ezagutuko dezun, zuk ta nik asm-al baño andiagoa ta andiagoa zela orduan Jesusek bioi zigun amorea; bada, onelakoa ez izatera, etziozkan eragiñen, ez, eragin ziozkan ikarak, negarrak, eta mundu guzia arritzeko aski ziran gañerako gauzak. Ekarzkizu bada gogora. Begira egiezu maiz, astiz, ta amorez: ta, ekusirik Jesusek, jaio orduko, zugatik egiten duena, egiozu ordez alegina; ta, zere gogo gaistoa, ta aragiaren naikunde txarrak garaitzen dituzula, sar zaitez Jesusek aldi onetan erakusten dizun zeruko bide garbian, ta zabiltza ortik atera gabe, bera ekustera, ta zor diozkatzun eskerrak ematera, zeruan sartu artean. An biok elkar dakusagula! Bai arren, bai!

 

 

Subjecti igitur estote... propter Deum,
sive Regi.... sive Ducibus, tanquam ab eo
missis ad... laudem bonorum.

1.— Petr. 2. 13.

 

        Aita Eternoak nai zuena egiten zebillen gure Jesus jaio zeneko; baita lenagotik ere, bada zeren ala nai zuen Aita Eternoak, ibilli zen Jesus bere Amaren baitan, Nazareth zeritzan erritik Belengo erriranoko bide guzian. Ama zebillen Erromako errege andiaren manuz ta aginduz; ta aren sabeleko Semetxo Jesus zebillen, bere Aitari atsegin egiteagatik, eta guri erakutsi naiez, ere geren aldietan gure Jaunagatik, egin bear duguna.

        Zer da bada, gure Jesus maitagarria, zer da, zuk egin dezunaren eran guk egin dezakeguna; ta zer aldi dira gure egiteko onen eginaldiak? Egiteko au ote da, Jaun beragatik, Jaunaren ordez daudenen erranak egitea? Eta egitekoaren aldia ote da Jaun-ordezkoen (naiz gure gurasoak izan, naiz nagusiak, naiz gurekiko eskuren bat duen bertze edozein) manu ordua? Bai? Egin uste dugu bada, zure laguntzarekin batean, bertatik eta trikatu gain, naiz nekalea gerta dedilla, ta naiz erraza, orduan guri manatzen zaikuna. Ori da zuk guri zere Aitagatikako ibillera nekatu-luzearekin erakusten diguzuna, ta ori guk egin nai duguna. Iguzu zerorrek, zuzen egiteko, bear dugun zure laguntza ta eskua. Bai arren, bai!

 

 

Reclinavit eum in praesepio:
quia non erat locus in diversorio.

Luc, 2. 7.

 

        Jaio zenean, arkitzen zen gure Jesus bere aitziñekoen lekuan; ta alere ez berak, eta ez bere Amak izandu zuen ongitorrigillerik, edo beintzat etxeren batean zokotxo bat ere eskeñi zionik; eta Amak Jesus ezarri zuen, mundura zeneko, animaltegi bateko estalbi batean. Au zer da, gure Jesus maitagarria? Bearrean dagoen edozeñi edozein lekutan urrikaltzen zaio nor edo nor; ta, neguan bada, edo eguraldi gaistoan, aren bearra, eman oi zaio bere beroaldia, bere afaria ta oatzea, edo gutienean etxeko agoztegia, edo zokotxoren bat; eta zuri, ta zutaz erditzeko dagoen Espiritu Santuaren Esposari, ta Aita Eternoaren Alaba maite Birjin Mariari, ukatzen diote beren erritarrak, eta aldeak ere, au guzia, ta uzten zaituzte zuek biok neguko gaurik gogorrenean etxez ta erriz kanpoan! A, zer geldiera, bidez nekatuak datozen, ta guziaren bearrean arkitzen diranentzat! Arrizkoak ote ziran, orduan Belenen bizi ziran gizaki ta emazteki guzien biotzak? Galdu ote zuten txoil guziak beren ezagumentua, edo zer gertatu ote zitzaien? Onen gogorrak Belendarrak, burdiñezko jendeak ere bera zitzaken tranzean, beren alde Jesusen Amarekin? Nola ez diozu, zuk badaere, gure Jesus urrikaltia, obeki begiratzen zere Ama maitagarriari? Zeri dagokala arrerazten diozkatzu onenbat eskergabetasun, onenbat otz, eta neke? ta zergatik ez dezu bidenabar kupideago zuk zere burua?

        Zergatik, uste dezu? Guri geiegi naiez! Gugatik dira alabaña aldi onetako Jesusen nekeak; eta gugatik Amaren neke gogorrak ere bada guri adirazteagatik nola dijoazen zerura doazenak, nekatzen ta nekatzen du Jesus jaioberriak bere burua; ta, bere burua nekatzeagatik uzten du neke gogorretan bere Ama ere, edo uzten du eguerri gabeko otzikara, kezka-lan, ta neke guzien artean! A! ta zenbat zor dizugun, erakusle on, gure Jaungoiko-aur, Jesus maitagarria! Zure eskolan bagenbiltza gu bizi garaño; ta egiten bagenu guk, gaur baña bigar zuzenago, ta egunoro bear bezala, jaio ere baño lenagotik zuk, gure Jesus maitagarria, erakutsi diguzun guzi-guzia! Ori gerta dakigula, zure laguntzarekin batean. Bai arren, bai!

 

 

Semper mortificationem Jesu in corpore nostro
circunferentes, ut ei vita Jesu manifestur,
in corporibus nostris.

2.— Cor. 4. 10.

 

        Nai dezu dagoen beti zure gorputza Jesusen gorputza orain arkitzen den eran, edo atsegin-kontentuz ta gloriaz betea? Egizu bada zuk, eta gaurdanik egizu, jaio zenetik Jesusek egin izandu zuena. Etzuen Jesusek deusetan uts egin bein ere, ez begiz, ez eskuz, ez oñez, ta ez beste aldetara. Etzuen gogoan artu Jesusek ongi etzirudien gauzarik txikiena ere. Etzuen maitatu Jesusek, maitatzekoa etzen munduko gauzarik bat ere: zuzenak ziran beti Jesusen gogorazioak, zuzenak itzak eta zuzenak gañerako Jesusen gauzak. Guzi-guziak egin zituen Jesusek bere Aitak nai bezala, ta uts egin bage; ta artu zituen gogoz, ta pozik, bere gorpuza nekatu zioten otzikarak, eguraldi txarrak, begitarte gaistoak, eta gañerako neke guziak. Orregatik arkitzen da gaur Jesus, ta egoin da Jesus eternidade guzian ere, dagoen bezala, atsegin ta kontentu andiarekin.

        Orrela nai dezu egon zuk ere? Bada gorde bearko dituzu zere begiak ekuste arinetatik; zere bearriak aditze gaisto, berriketa txar, lausenga loi, ta era orretako gauzetatik; gorde bearko dituzu, bai, zere miia ta zere eztarria, izketa arin ta jan-edan utsezkoetatik; gorde bearko dituzu zere eskuak ukitze lizun, joko galgarri, ta bear ez den beste edozein lanetatik; gorde bearko dituzu zere oñak danza zikin, ibillera galdu, ta sartze-ateratze galgarri guzietatik; eta gorde bearko dezu zere biotza asmo, gogo, ta naikunde, gure Jaunaren begietan ongi ez dirudienetatik.

        Ori ezezik, egin bearko dezu zuk geiago ere: ontzat artu bearko dituzu zuk, eta zugatik nekatu zen zere Jaungoiko-aurraren izenean, egiten zaizkitzun bidegabe ta esker gaistoak, etortzen zaizkitzun eritasunak, naigabeak, berri illunak, kalteak, eta zure gorputza edo zure biotza nekatzeko diran gañerako gauzak. Bai, nere Jesus maitea, bai; guk ekusi ezkero, zuk gure onerako zere jait-egunetik egin ta eraman dezuna, ori guzia egin naiez beteak arkitzen gara. Ala izan dezagula, guzia ongi, zuzen, ta beti egiteko bear dugun zure grazia. Au eskatzen dizugu gaur, lenago bide au artugabeaz, ta egin ditugun geren bekatu guziez ongi damuturik, erraten dizugula: Nere Jesukristo Jauna, etc.

 

aurrekoa hurrengoa