www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (I)
Sebastian Mendiburu
1759, 1904

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai, Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1904.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XIX.garren OTOITZ-GAIA

JESUSEK BERE GIZATASUNA ARTZEAN,
TA JAIT-ORDUAN ERAKUTSI ZIGUN BIGARREN GAUZA

 

        Bigarren gure etsai aserre gogor indartsua da begi galduen arintasuna, ta gogoaren erakeria. Concupiscentia oculorum. Adanen bekatuak, edo bekatu etorki orijinalak, gaistatu zuen gure gogoa, ta agitz arindu zizkigun gaitz aldera geren begiak. Orregatik gure begiak, adiñetan gu sartu orduko, bazterretara begira dabiltza, ta lurreko gauza txarrak ekusi-naiez; ta ekusi ezkero begiak iduri oneko gauzak, gauz oriek izan arren anima gaisoari ongi ez dagozkanak, gelditzen dira onen gogoan geiegi sartuak; eta zenbat ere gauzak gaitzerako egokiagoak, anbat gelditzen dira animaren gogoan barrenago sartuak. Zergatik, uste dezu? Zeren animako gure gogo galduak naiena dituen gauzak diran, beraren erakoak, edo bera errazkiago gaitzera eraman oi dutenak. Orietatik dira etxe galantak, oatze leunak, edertasunak, diruak, ondasunak, eta barren makurtu txarrari, ta begi galduei atsegin egiteko diran gañerako gauzak. Orien atzetik, edo orien ondoren dabillen gogoa, gogo galdua da; zeruko bidetik urrun dabillen gogoa da; ta gogo, sulezera zuzen-zuzen dijoana.

        Zer egin dezakegu bada guk, gogo ero au zenzarazteko, ta geren begi arin galduak eskuratzeko? Gure Jaungoiko-aurtxoak bere gizon egitetik erakutsi zigun bigarren gauza. Zer da orduan guri gure Jaungoikoak erakutsi zigun bigarren gauz au? Atsegin ta kontentuz, diruz ta ondasunez beterik dagoen bideren bat? Ez bada; orrelago bidearen bukaera sekulako sua ta garra da; sekula guzian borrero gogorren eskuz ta atzaparrez urraturik bizitzea da; orrelako bideak darama bat betiko negar-urratzeetara, edo sulezeko erretze gaisto, lertze betiko, atsekabe madarikatu, pena gogor, ta damu guzietara: ta Jesusen bidea doa Aingeruen artera, ta, atsegin-kontentuak baizik ez diran tokira.

        Zer bide da bada gure Jaungoiko-aurtxoak agertzen digun zerurako bide zuzen au? Bearrez, gabez pobrezaz, ta gogo ariñak nai ez lituken gauzaz betea dagoen bide bat. Bide au da, gure Jaungoikoak gizon egin zenetik beretzat arturikako bidea; ta au berau da Jesusek, zerura nai dutenei, erakusten dien arako bidea.

        Bada nik zerura nai dut, nere Jesus maitagarria; ta nai dut ekusi, zuk egin zenuen bide au, zure ondoren, ta zu nere begietatik galdu bage, zuzen ibiltzeko.

        Nondik asi zenuen zuk, nere Jesus maitagarria, zerurako zere bide zuzen au? Gizon-egite pobre, bearsu batetik. Baña nai zenuela? Nai osoarekin, ta zuen amorez. Jaiotzeko dauden aurrak ez dakite, aberatsak izain diran edo beartsuak, beren jait-orduan ez-eta non ta nola jaio bear duten ere: ez dakite alabaña deus; ezagumenturik bage arkitzen dira beren amen sabeletan: ta ezagumentuan sartuak balira ere, ez luke aurrak beren eskuan, ondasunak dituen gurasoetatik, edo ama beartsuagandik jaiotzea. Jesus da bakarrik, jaio baño len guzia zekien Aurra; ta nai zuena egin zezaken Aur-Jaungoikoa.

        Bai; bere Amaren sabeleko aurtxoa zenean ere, bazuen Jesusek, ill zenean adiña adimentu, ezagumentu, ta ezaguera. Bertatik ekusten zituen Jesusek, jaiotzeko zegoenean gertatzen ziran gauzak eta etorkizunak. Aurra bazen ere Jesus bere Amaren sabelean, ta aur oraindik jaio bagea, Jaungoikoa zen denbora berean; ta Jaungoiko, nai zuen Ama ta nai bezalakoa, artu izandu zuena.

        Ar zezaken berez gure Jaungoiko maiteak, gugatik gizon egiteko zegoenean, nai zuen Ama, ta nai bezalakoa? Dudaren pitsik gabe. Baña nolakoa zen, artu izandu zuena? Munduan zen onena, bai, baña denbora berean ondasungabea, ta ongi beartsua.

        Ekusten dezu zein laster, ta zein goiz, asi zen gure Jesus guri erakusten nola garaitzen diran begien arinkeriak, eta gogoaren gura gaistoak; bada asi zen, bere Amaren sabelean gizon egin zenetik, edo au bere gizatasuna artu zuenetik. Orra zuk zere Jesusi zor diozun lan andi bat. Bai? Bada orduko zure zor andi ori, zuk Jesusi zor diozunaren asiera bat bezala da. Goazen ekusiz gañerako geren zorrak ere: eta orain ekus dezagun, ordu beretik, geren bigarren etsaia garaitzeko Jesus berak egin izandu zigun erakutsaldia.

 

 

B.

Bere jait-orduan erakusten du Jesusek,
nola garaitzen den animako bigarren etsaia

 

        Nola jaio zen gure Jesus, orretarako ordua etorri zenean? Begi ariñak, eta gogo galduak nai dituzten gauzekin, edo ondasundun ta aberats? Ez, baizik beartsu; ta gabe, ta gañerako aurren neke guziekin, ondasun gabeko Ama baten umea bezala. Bai: aur jaio zen gure Jesus; ta jaio orduko, egiten zuen Jesusek negar; ta, negarra bezala, egiten zituen adiñ artako beste aurrak egin oi dituzten begiak-idikitze, españak-erabiltze, ta gañerako gauzak.

        Aur-gauzak baizik argan ekusten etzituztenak, usteko zuten arkitzen zela Jesus beartsu, ta gabetasuna ta bearra nondik zetorkion etzekiela. Baña, bear den eran dakienak nor, ta nolakoa den gure Jesus, badaki, bai, berak nai-izanez gertatu zela, orduan ta geroz Jesusi gertaturikako guzia. Jaungoikoa Jaungoiko zenetik, edo eternidade guzian, egondu zen gizon egiteko Trinidadeko bigarren Persona; ta ordutik artuak zeduzkan bere neurri guziak, jait-ordua zetorkionean jaio zen eran, edo beartsu ta nekez beterik, jaiotzeko. Ustekabean bezala gertatu ziran orduko Jesusen gauzak; baña Jaunaren konsejuz egiñak ziran, Jesusek berariazko bere bearra estaltzeko billatuak bezala; ta orregatik artu zuen gure Jesusek, bere Amatako, Birjina garbi birtutezko bat, bai, baña ongi beartsua, edo doi-doia bizitzeko diña zuena.

        Etzen, ez, Ama bezala, beartsua Jesusen Aita; Aita Eternoa da alabaña Jesusen Aita; ta Aita Eternoak badu, ta eman dezake, nai duen guzia: bada Aita Eternoarenak dira, lurraren ondo-ondotik zeruaren erpiñerano arkitzen diran gauzak; eta guziak baño geiago, ta agitz ederragoak egin ditzake Aita berak edozein orduz ta puntuz; ta guzia eman dezoke, edo guzitik nai duena, berak nai duenari.

        Baña bere Aitaren ondasun guzietatik zer artu zuela uste dezu Jesusek bere jait-ordurako? Egiñen zion ordu artarako bere Aita altsuak jauregi eder edo palazioren bat? Prestaraziko zion, Konstantinoplako enperadoreak beren semeei apaintzen ziena ere baño ederkiago, ta obeki, apaindurikako gela? Ordurako egiñak egoin ziran, edo billatuak, seaska ederren bat, eta seaskarako bear ziran lumak, olandadak, seda-urte, zillarrezko estalkiak, eta errege guzien Erregearen Semeari zegozkan gauzak eta festak, eta atsegin-kontentuak, eta gusto guziak?

        Siñistuko dezu? Bada etzion egin, ez, gauza onetatik bat ere gure Jesus jaio berriari, zein ere maite zuen bere Aita Eternoak; eta Jesusen Ama bezain beartsu izan baliz bezala beraren Aita altsu maitagarria, utzi izandu zuen bere Seme Jesus bere jait-egunean guztiz gabe ta bearsu: ta, palazio ederraren, edo jantegi-lekuan, eman izandu zion itxola txar, kasi tellatu erdi-urratu bat baizik etzuena: itxolan eman izandu zion, seaskaren edo oatze leun beroaren ordez, estalki otz-gogor bat: eta Jesusen orduko soñeka guziak izandu ziran guti balio zuten oial txar batzuek.

        Gertaturikako gauza ote da zuek aditzen dezutena, Jesusen umeak? Munduan izandu den birtuterik andieneko Amaren Seme bat izan Jesus maitagarria: uts bat bere bizian egin ez duen Amaren Semea izan Jesus gurea; Jaunjikoari atsegin gelena eman dion Kriaturaren Semea izan Jesus jaioberria: ta denbora berean, guzia dezaken gure Jaungoikoaren Seme maitea izan Jesus bera; ta alaere onen tranze gogorrean, jaiotzen deneko, gure Jesus maitari ezin-maitagarriagoa? Au zer da (adirazi nai badiguzu) Ait-Eterno, Jaungoiko zuzen, ezin zuzenagoa? Munduan den gurasorik gaistoenaren ume batek ere izan lezake, zure seme maitari Jesusek duen jaiotzea baño jaiotze nekatu-gogorragorik, eta jaiotze bearsuagorik?

        Ekus dezagun gauz onen gain, Ebanjelari santuak adirazten digun gauzatxo bat Jesus jaio zen gau artan berean agertu zela, dio, Aingeru bat; eta Belendik urrun etzeuden artzai batzuei erran ziela «Berri on batekin natorkitzuet, nere artzaiak; zuei adiraztera nator, orain berriro, emen zuen bazterretan gertaturikako gauz andi bat. Dabiden erri,urrengo Belen orretan, gaur jaio da munduaren Salbatzalle kristo Jaun Jaungoiko-gizona. Zoazte, zerok zeren begiz ekustera. Baña ez da zer-uste ta pensatu, diruz beterik eta urrez jauntzirik datorkizuela zeren Salbatzallea: guti balio duten oialtxo batzuetan ingurutua edo bildua, ta estalbi batean ezarria, arkituko dezue, aratzen zaraztenean. Badoaz artzaiak beren ekuskizun andi au ekustera; ta arkitzen dute beren Jesus, edo beren Salbatzallea, Aingeru onak adirazi zien bezala. Luc. 2. a v. 9.

        Gauz-arrigarria! Gizon eginik datorkigu guri gure Jaungoikoa geren artera; ta, onara era onetan etortzeko, jaiotzen da Ama beartsu bategandik! Munduko guzien, ta zeruko Erregea da, mundura datorren Jaungoiko-gizon au; ta, munduan agertzen denean, aberetegi, edo itxola txar erdi-urratu batean, jaiotzen da! Jauntzen dute, jaio zenetik anitz luzatu gabe, zeru-lurren Errege andi Jaungoiko-gizon au; baña nola, edo zer eran, uste dezu? Edozein aur beartsuk izan litzaken zenbait oialtxorekin. Errege jauntzi onen lenbiziko, ta bigarren gela ezkaratza zen, ta animalien lekua. Onen lumazko, ta illezko koltxoiak estalbi gogor bat, eta ola, edo arria! Otza garaitzeko an arkitu izandu zuen sua, bazter guzietatik sartzen zen ifarra, edo aize bizia. Orra nolakoa gure Jaungoiko-gizon, Jesus maitearen munduratzea eta jait-era!

        Aditu dezu etorrera, edo jaiotze nekezkoagorik? Ori da bada gure Jesus maitariarena: ta da, zuri ta niri erakusteko nola guk iges egin dezakegun, gure begiak arintzeko ta gure gogoa makurtzeko diran gure etsai gaistoen ortz-atzaparretatik: eta da guri bioi erakusteagatik nola, lurreko gauzak eta atsegin txarrak aldebat utzirik, irabaz ditzakegun betiko gure ondasun andiak, eta atsegin eder-garbiak: irabazten dira alabaña, begiak bilduz, gogoa garaituz, asmoak zuzenduz, ta zeruko izar ederrak, edo gogargiak billatzen dirala, Jesusek bere jait-egunean izandu zuenaren erako gabeak eta beartasunak erakusten digun bidez, ta bezala. Orregatik bada, erditsi nai dituztenak zeruko ondasun oriek, billatu bear dituzte Jesusek ekusi zituenen erako nekearekin, gos-egarriekin, bearrarekin, ta gabearekin; edo, lurreko gauzak (oriekin arkitzen diranak, eta gañerakoak) gogoz badere uzten dituztela; ta, ezpalituzte bezain umil ta garbiro bizitzen dirala.

        Bearrean arkitzen zara zu, ta, zure gogoak nai lituken gauzaren batzuek gabe. Ez da zer-ansiatu, Gauza gaistoa baliz, edo, gaitzera daraman bidea, bearra, gabea edo ez-izatea, beretzat etzuen, ez, artuko gure Jesus erakusle on maitagarriak; ez eta guri ere arreraziko, arrerazi digun bezala: ta, arrerazi badigu, edo geren bearrean edo gabearekin iutzi bagaitu gure Jesus maitagarriak, guri ongi naiz izandu da, bai, siñistu nazazu, ta, guk geren zeruko bidea gal dezagun beldurrez bezala, ta irabazi andiak guri eragiteagatik.

        Bearrean arkitzen zara zu, ta lenago zerorrek zenituen, zenbait ondasun edo gauza bage? Begira egiozu, zugatik bere munduko gauza guziak utzi, ta beartsu jaio zen Jesus maitagarriari: artu zazu arenaren izenean zere bearra; ta irabaziko dituze betiko diran ondasun ederretatik zati andiak.

        Ez dituzu nai bezalako, edo zere gogorako, itxea ta gelak? Oatze gogorra dezu, edo zuk nai ez bezalakoa? Oroi zaitez Jesusen seaskan, estalbi otz-gogorraz, ta itxolaz; ta ekusiko dezu, zein ere txarrak diran, arenak baño agitz obeak dirala zureak, edo zuk dituzunak; eta ez daramazula zuk zerean, au ark eraman zuenaren erdirik, ez eta laurdenik ere.

        Ez dizute, zere estutasunetan zere erritarrak, zere aldeak, edo zere auzokoak ematen eskatzen diezuna, ta bear zenuken zer edo zer? Eta zer artan zioten Belendar gogorrak Jesus maitagarriari ta onen Ama erditzeko zegoenari, bide luzez etorri, ta itxe-baztertxo bat Belenen eskatu, edo billatu zutenean?

        Euriak, aizeak, eguraldi gaistoak gaizki zarabiltza noiz edo noiz? Eta nola erabilli zuten gure Jesus, jaio zen gau otz-illun-gogorrean? Ekusi dezu zuk bein ere zure Jesus onagatik, Jesusek ordu artan ekusi zuenaren amar zatietatik bat ere? Norgatik ziran orduko Jesusen nekeak? Etziran guziak zure onerako, ta zuri erakusteagatik, alako aldietan zuk egin bear zenuena? Noren onerako dira zure lanak, zure nekeak, eta zure munduko estutasunak? Zuretako izan diran guziak, eta alere saiatuko etzara zu bear den bidez, ta alik ongien-ongiena, oriek guziak eta geiago ere, (geiago Jaungoikoak nai balu) eramatera?

        Ez dezu nai adiña beti, edo guti dezu? Baña ill zara oraindañokoan gosez, soñeko gabez, edo bearrez, edo ez dizu zere Jaungoikoak andik edo emendik eman izandu egunean zere egunekoa? Eta, bizitza gaistoarekin, edo zere eskergabearekin eskuak lotzen ezpadiozkatzu zuk zere Jaungoiko berari, ez ote du egin bear beste orrenbeste, bizi zaraño?

        Oroitzen bazara zu, zure Jesusek bere jaio berrian, ta larrugorrian zegoela, izandu zuen otzikaraz ta neke arrigarriez, txikia iduriko zaitzu, bai, zere nekerik andiena; ta iduriko zaitzu, ondasun andia dela zure bear guzia, lana, ta gabea. Oroi zaitez bada alik maizena; ta, begiak kendurik lurreko erakeri, gauza txar, ta lilurazio galduetatik, artu zazu gogoan gaur Jesusek, bere gizatasunaren artze, ta jaiotze umill-penatuarekin, erakusten dizuna; ta egizu alegiña, zere zeruko bigarren etsaia garaitzen dezula, zeruko bide batean sartu, ta zuzen ibiltzeagatik. Jesus jaio berriak dizula, orretarako, bear dezun bere laguntza ta grazia. Bai arren, bai!

 

 

Apparuit gratia Salvatoris nostri...
erudiens nos, ut abnegantes impietatem et
saecularia desideria, sobriè, iustè, et piè vivamus.

Epist. ad Tit. 2. 11.

 

        Zorionekoak, gure Jaungoikoa gizon egiñik etorri ezkero, mundura etorri garanak; bada guk badugu, lenagokoak izandu etzuten Maisu jakintsu erakusle ezinobe bat. Maisu au Maisu zen bere lendabiziko jait-egunetik; eta bertan, edo jaio zenetik asi zen erakusten guri, guk geren bizitza guzian jakin ta egin bear dugun guzia.

        Zer ote da, orduan guri gure Jesusek erakusten ziguna? Zer? Ez diozala batek ere eskurik eman bere buruari, gauza txar galduetarako. Utz ditzala gogoeta ariñak, eta naikunde makur, zeruko bidetik atera nai dutenak. Bere jan-edanetan, bere loan, ta bere gañerako bear dituen lurreko gauzetan, ez dedilla sartu, ezinbestez baizik; eta, sartzen denean ere, sar dedilla lenbaitlen andik ateratzeko, ta bear duena baizik ez artzeko asmoan.

        Erakutsi izandu zigun, gure Maisu on Jesusek bere jait-egunean zerbait geiago? Bai, ta gauz anitz eta anitz ere; ta guziak guztiz onak, edo ezinobeak. Zer bada, edo nolakoak? Erakutsi zigun, ta adirazi, ibilli gindezela bear den eran, edo zuzen-zuzen, geren zeruko bidean, ta Jaunaren legetik oñik atera gabe. Adirazi zigun, ta erakutsi, ez dagiogula bati ere, berak naiko ez duen gauzarik, edo ongi ez den, ta gerok gerendako naiko ez genuenik. Eta erakutsi zigun azkenean, eraman ditzagula geren egunak, geren asteak, geren illak, eta geren bizitza, gure Jaungoiko maitagarriak manatzen dituenak, eta beste zenbait gauz on, egiten ditugula.

        Orra gure Jesusek lenbiziko bere jait-egunean erakusten diguna, dio san Pablok: orra zein eder-on-andia gure Jesusen lenbiziko erakustea. Egin bageneza guk zuzen beti, ta itzik atera gabe, gure Jesusek erakutsi digun au! Zorioneko Jesusen eskolarrak orduan gu! Asi gaitezen bada gaur bertatik, jaioberriak bagiña bezala. Erakutsi ziguna, guri egiten laguntzeko, dago gure Jesus; ta zenbat ere andiagoa den geren lanerako gure naia ta gogoa, anbat indartsuagoak izain dira gure Jesusen laguntzak. Artara noa, nere Jesus; lagun zakizkit nere lanaren azken-orduraño, au bukatzean sar nadin ni, nekez ta zuzen ibilliz, zuk irabazi zenuen zere zeruko glorian. Bai arren, bai!

 

 

Scitis gratiam Domini nostri Jesu Christi,
quoniam propter nos egenus factus est,
cum esset dices, ut illius inopia vos divites essetis.

2.— Cor. 8. 9.

 

        Ez dakizue zuek, Jesusen umeak, zeren Jesusi zenbat zor diozun? Gizon egin baño len, ta eternidade guzian ere, bazuen Jesusek nai zuena. Etzuen ezeren bearrik bein ere, ta beti bazuen, guzirako, bear zen esku ta indar baztergabekoa, ta alere, guri ongi naiez, egin zen gizon, ta jaio en beartsu ta gabe. Bai, guri ongi naiez, ta gu aberastuak eta ondasundun egiñak uzteagatik!

        Nola uste dezu? Bere borondatezko, edo bere naiezko gabearekin graziak eta graziak guri irabazten zizkigula, ta, gabeak arrerazten ziozkan nekeekin, guri agertzen zigula nekezko bide, irabazi andizko bide, zeruko bide zuzen arrigarrizko bat. Zorionekoak, Jesusen amoreakgatik bide au artzen dutenak, eta, onetan dabiltzala, irabazten dutenarekin zeruan aberats sartzen diranak! Oriek, bai, oriek dira, gure Jesusek maite dituen umeak; oriek dira bere ondasundun gure Jesusek egiten dituenak: eta oriek, pozik bere glorian gure Jesusek artuko dituen umeak.

        Ez ote naz ni ere izain orietatik? Nik neronek nai badut, bai; ta bertatik alere: bada guzientzat dator gure Jaunboikoa, gizon eginik, gure artera: guziei erakusten die Jesusek bure zeruko bide au, ta, onetan sartzen diranak, sartzen ditu Jesusek zerurako dauden bure umeen artean. Nai dut bada nik, nere Jesus maitagarria; nai dut nik artu, zere bearrarekin, edo gabearekin erakutsi didazun zeruko bide au. Indazu orretarako, nere etsaiak garaitzeko, ta bide onetan irauteko, bear dudan zure laguntza ta grazia. Bai arren, bai!

 

 

Expectatio Israel, Salvator ejus....
quare quasi colonus futurus es in terra,
et quasi viator declinans ad manendum?

Jerem. 14. 8.

 

        Israeldarrak len uste zinduztena, ta noizbait, noizbait, gizon eginik agertu zaran Mesias gure Jaungoiko Salbatzallea, zer asmoak dira zere gogoan orain zuk dakazkitzun asmoak? (erran dezakegu gaur guk, Jeremias Profetaren itzak geren alde artzen ditugula) Zergatik zatoz gaur, bere errian tokirik izan bagez, toki billan urrutira dijoan bat bezala, ta, besteren etxean sartzen den bidezko errumesaren eran? Zere jaio-puntuan arkitzen zaranean, uzten dezu zuk zere leku ta erri Nazareth; bazoaz bidez bide, andik urrun dagoan Belengo errira; ta au zabiltza zere Amarekin batean, gau bat pasatzeko toki billan; ta, tokirik au ezin arkituz, arkitzen zara erdi-urratua dagoen itxola batean sartzeko premian! Ez da au nornai arritzeko sobera den lana ta nekea?

        Zertako da bada, Jesus maitea; zertako da, aldi onetako onenbat zure neke, arazo, ibillera ta lan? Zeri dagozkala artu izandu dituzu, zuk artu dituzun zere bidezko tundak, eta toki txarretan igaro dituzun gau latz-gogor-otzak? Ez dakizu zuk ori, bekatari galdua? Artu izandu ditu, guri gogoan sarrerazteko geren munduko sar-aterea; ta orren ondoren eragiteagatik, oroitzapen onek eragin oi duena.

        Nola, uste dezu, sartu ziñala zere munduan? Larrugorrian, ta deus ere bage. Eta nola atera bearrak ote gara zu ta ni, biok, mundu beretik ateratzeko denbora datorkigunean? Emen utzirik ditugun geren gauza guziak. Utsik atera nintzan (dio Job Santuak, eta erran dezakegu guk ere) nere amaren sabeletik, eta utsik itzuli bear dut lurrera, edo lurraren sabelera. Gauz onen oroitzapena da Jesusek bere jait-egunetik zure gogoan sarrerazi nai duena.

        Baña zertako? Lurreko gauza txarretarako gogo galduak zuri gal-erazteko; bada, nai-ta-ez utzi bear diran gauzetatik aisa kentzen da gogoa. Ongi diozu, nere Jesus maitea, ongi diozu! Bidezkoak gara munduan garanok; eta, geren biderako, edo bizitza labur au zutik idukitzeko, bear den jan-edana ta soñekoa baldin badugu, ez dugu geiagoren bearrik, ansiarik bage ta aisa bizitzeko. Apaintze ederrak, ekuste ariñ zorrotz eskergabekoak, begiak eta biotzak zikintzea, janari meez, edo edari sutuz barrenak berotzea, oatzez, ta gustoz gorputzak aspertzea, ta orrelako bertze gauzak, Jesusek bere jait-ordutik aldebat utzirikako gauzak dira; ta Jesus beraren ondoren dabiltzanak utzi bearrak. Beude bada, Jesus maitea, beude aldebat; bada nik ere zure ondoren ibilli nai dut, bizi nazaño. Lenago ez-utziaz, ta, oriek eragin dizkidaten bekatuez, dut orain zuk ekusten dezun adiña damu ta urriki! Orien barkamentua eskatzen dizut orain bai, ta bekatu berririk ez egiteko grazi ta laguntza ere, itzez ta biotzez erraten dizula: Nere Jesukristo Jauna, etc.

 

aurrekoa hurrengoa