www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (I)
Sebastian Mendiburu
1759, 1904

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai, Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1904.

 

 

aurrekoa hurrengoa

V.garren OTOITZ-GAIA

NOLAKOA IZAN OI DEN
GIZATASUNEKO GURE IBILLERA

 

 

A.

Zorti itsusia da gizonaren bizitza,
ta ibillera

 

        Gaztetasunarekin bukatzen balira gure obenak, edo adin onean sartu orduko uzten bagenitu guk ordurañoko geren erakeriak, aztura txarrak, eta bear ez diran gauzak, iltzen diran geienak, arkitu oi diran baño zor gutiagorekin arkituko lirake beren eriotzeko azken-asnasean. Baña gaztetasuneko asiera txarrari askotan datxeko andi denborako ibillera txarragoa; ta, lenak utzi bearrean, arkitzen dira gizonak eta emazteki eginak zor berriz ta bekatu kulpez beteak: gertatzen zaie alabaña lar berriari, anditu ondoan, gertatzen zaiona.

        Larrak anditzean, ez du zotz edo zigor zuzen bat eta zenbait arautza-punta besterik agertzen, edo erakusten; baña bein anditu ezkero, abiatzen da adarrak eta adarrak botatzen; ta botatzen dituen adar guziak datoz arautza gogorrez beteak: eta urteroko arkitzen da larra adar-arantza, ta sugai geiagorekin. Gizonak ere baditu bere gazte-denboran oben-kulpen arantzak; baña geienean beintzat, era bateko arantzak edo kulpak; eta kulpa-arantz ez orren gogorrak. Anditu ta ondoan betetzen da gizona aztura gaiztoen adarrez, ta oben kulpen arantzez ta elorriz: edo su-gai zorrotz igartuz. Ez da au egia? Begira egiozu zere buruari, ta ekusiko dezu.

        Atozea; arkitzen ziñan zu, gaztea ziñanean, oraingo kulpen erdiekin ere? Urte berrietan bezala, etzara sartu zu zor berrietan, ta oben gaistoetan? Bai egiaki; ta orregatik egunez egun, ondu bearrean. gaistatu izandu zara zu; ta, egin dituzu dakizun bezala, lenen gain, nork daki zenbat kulpa, oben, bekatu ta zor berri! Ori da zuk, zere zorpetik ateratzeko, arkitu izandu dezun bidea? Zuzen zabiltza; bai segurki! Obe lizake, bakarrik bazenbiltza: baña anitz dira zurekin batean bide berez dabiltzan gizonak!

        Badakizu zuk, bide galgarri orretan zenbat zabilzten? Jeremias profetak ekusi zituenak adina bazarazte, ez da erraz ori zuk siñistatzea. Zenbat zirala, deritzazu, profetak ekusi zituenak? Adi zazu gauz onen gain Jaungoiko berak erran-erazi ziona. Ez da bat, dio, egia dionik: ez da bat zuzen ta bear bezala mintzatzen denik. Gaizki dabiltza guziak; gaistoak dira; ta gaizki egiñaz etzaie urrikitzen bein ere, bear bezala beintzat; eta ezer-ez bat dela, diote, egiten duten edozein txarkeri, oben ta kulpa. Ekusten bazenitu zenbait aldiz, usteko zenuke damuturik daudela beren gaizkiez: baña ez da ala: bada fite itzultzen dira beren lanetara; ta, zaldi berotua arm-artean bezala itsuak, sartzen dira beren bide gaistoko lokatzean ta bekatu artean.

        Aize gañean dabillen miruak ezagutzen du dagokan denbora; ta, ona ezpada datorkiona, uzten du bere egaka, ta gordetzen da nonbait, bat ere trikatu gabe. Otzaren beldur diran egaztiak, etortzeko dagoela otz-denbora ezagutu orduko, igesi doaz bazter beroetara; ta bazter otzetan gelditu baño, lenago joain dira itsasoaren alde artakoetara, edo edozein beste leku urrutietara; ta ez dira itzuliko, itzuli artean denbora bero-epela: baña mundukoak ez diote begiratu nai beren Jaungoikoari; ta, ezpaliz baño geiago ansiatzen ez dira onen eskutik datorren sekulako nekeaz. Txikitik asi ta andirañoko guziak lurreko atsegin ta gauza txarren ondoren dabiltza. Orra zenbat ziran Profetak bide gaistoan ekusi zituenak; edo orra zein guti bide gaistotik kanpoan arkitzen ziranak. Eta non arkitzen ote zara zu? Zerorrek dakizu; edo ikas dezakezu. Ikasi zazu bidenabar, nondik datozen adin onetako bekatu gaistoak.

 

 

B.

Adin onetako bekatuen sustraia,
edo zaña

 

        Oartu zara noski Profetak dionara, edo lurrekoei orren gaizki, ta bekatuz bekatu, ibiltze au non dabiltzan ez ezagutzetik datorkiela? Ezagutzen balute lurreko gaisoak, zein gaistoa den, ta zein zikin-itsusia, bekatuz bekatu dabiltzanean berak daramaten bidea, laster utziko lukee, bai: ta artuko lukee, ongi dabiltzanak eraman oi dutena: ta au artean gaistotik dabiltza, nondik dabiltzan ezagutu gabez. Begira niri, nere jendeak; adi zazue zer diodan, dio Jaungoikoak Dabiden ezpañez, aditzen badituzue zuek nere hitz onak; eta oartu ezkero nora zoazten, ortik zabiltztenak laster aterako zarazte, bai; ta etzarazte sartuko, ez, esker gaistozko bide makurretan: ta orietan berriz egiñen ez dezue nik nai ez dudan pausurik txikiena.

        Baña gauza arrigarria! dio Jaungoiko berak: ez dute aditu nai gaizki dabiltzanak nik erraten diedanik; begi bat goratzeari ere, zer nai dudan nik ekusteko, geiegi derizte. Gelditu gabe, ta lasterka bezala, doaz berren bidez. Utzi diet nik, dabiltzala nai duten eran. Beren naikunde gaistoak arrastatu ditu; ta egunoro ibilliko dira gaizki baño gaizkiago, ta lan loi zikin gaiztoagoak egiten dituztela.

        Orra gure Jaungoiko maiteak Dabidez diona, edo aditzera ematen diguna: ta orra nondik datorren gaistoen bekatutik-bekaturako ibillera galdua: beren berariazko itsuera gaistotik. Berekin dakarren itsuera galgarri au baizik ezpalu ere bekatu gaistoak, bekatua lizake, dio San Joan Krisostomok, gauza gaisto guzien artean gauzarik gaistoena. Eta egia dio; bada itsuera au da, len genuen zeruko argia guri kentzea, edo agitz laburtzea; ta argi au guri kentzearekin, edo agitz laburtzen digula, uztea gu barurik edo adimenturik bageko eroak bezala. Eta zer itxedan diteke, adimenturik ez duen, edo bururik bageko bategandik? Bere griña gaistoak eragin dezoken guzia. Eta non arkituko dezu au baño gauza gaiz-gaiztoagorik?

        Anitz alegin oi du gure etsaiak, erraten du Alexandriako Klementek, gazteei gaizkiak eragiteagatik. Eragiten diezte gazteei beren gaizkiak laur gauzetarako; bada, eragiten diezte, beinik bein, Jaungoikoari atsekabe ori eman naiez; badaki alabaña, guztiz maite dituela Jaungoikoak bere gazte on-garbiak. Eragiten diezte, gero, lenbaitlen ta aisa gazteak beretu naiez; zeren dakien aisa sar ditzakela bere kateetan; ta, bere katean bein gazteak sartu ezkero, nekez andik ateratzen dirala. Eragiten diezte, gazte berak errazkiago gaistarazi naiez; badaki alabaña, gaistakerian asitzen diran gazteak ibilli oi dirala gaizkiz gaizki, loiez loi, ta bekatuz bekatu. Baña, guziakgatik baño, geiago (ta laur-garren lekuan) eragiten diezte gazteei gaztedanik beren gaizkiak, zeren gazte-denborako gaizkiak egiten duten bizitza guziko bekatuetarako bide zabal erraz bat.

        Bai, dio Espiritu Santuak, bai: gazteak, ez anditzen denean, ta ez zartuagatik, utziko ditu bere gaztetasuneko oitura gaistoak; eta besterik ezin duenean, bere gaztetasunean gaistoa izandu zen zarrak, ezur-muñetan erabilliko ditu orduko erakeriak, eta aztura gaistoak; eta berekin eramain ditu guziak bere obira, edo lurpera.

        Gaztetasuneko bekatuak, bada, sartzen dute bat bekatu bidean, ta uzten dute erdi-itsutua. Urteetan ta bekatuetan sartuz bezala, itsutuz ta itsutuz doa gaztetasun gaistotik aterarikako gizona; ta, animako ekustea laburtzen zaionetik izuzen ez dute bere bekatuak, itsusiak izanagatik oriek, eta guztiz arrigarriak; eta orrekin egiten ditu bekatu berri andi itsusiak, egarri andia duenak ur otza edan oi duen bezain aisa. Itsuera, ta illunbe au ezpalekarte bekatu gaistoak, bekatu artean nola leudeke bekatariak, dauden bezain lasai ta ansia gabe?

        Gizon batzuek ez dira jai-igandeetan, ta al duten guzian, jokoa ta jan-edana besterik. Beste batzuek ez diote miiz niori barkatzen, beren erako jolasdunekin arkitzen diranetan. Zenbait ez dira boto, juramentu, ta maldizionea bertzerik. Bertze batzuek galtzen dituzte mezak, urratzen dituzte jaiak eta baruak, edo egiten ez dituzte egin bear diran beste gauzak. Zenbaitek ez dituzte egiten amarren-primiziak, edo gaizki ta txarki egiten dituzte egiten dituztenetan. Loitzen dituzte beste zenbaitek beren gauza likits zikin anitzekin beren anima-gorputzak; zikintzen dituzte era berean beren eskontzak, edo eskontzarako bideak. Etxean, langubietan, jendartean, ta non-nai ereintzen dute bertze anitzek jolas lizunen biia, ta alea. Begiratze likitsak dituzte orietatik ez gutik, eta gog-asmo, oroitzapen, ta naikunde zikiñak. Loiez loi dabillen animalia baño galduagoak daude beste anitz, eta asko. Beste anitz ez dira bein ere zorpetik ateratzen: ta ortik atera lekuan, ebasten dute al dutena, beren saldu-erosietan, ta beste anitz aldetara. Konfesatzen diranean era orietako gizon ta emakumeak, konfesatzen dira, elurra bezain otza dadukatela beren biotza, edo ontzeko asmorik bage; ta alere, beren ustez ongi ta bear bezala konfesatzen dira; ta orregatik dira frenesiz, edo berak ezagutzen ez duten gaitzez, iltzen diran erien erako bekatariak.

        Zenbat, bear ez den apaintze, ez da arkitzen Andre arro ero-txarren artean? Zenbat arrotasun ta antuste? Erriertak, eskanbillak, eta gorrotuak daramate orrelakoen artean nork daki zenbat ordu, ta denbora. Elkar ezin-ekusia, guzia beretu-naia, ta gañerakoak azpian idukitzea, da Lurreko anitzen egitekoa, edo beintzat naia ta gogoa. Kargudunak, kargurik bage baleude bezala aisa bizi dira asko lekutan beintzat, eta agian geienetan: ta bizi dira orren lasai ta aisa, zeren ez duten uste errikoen edo beren menekoen gaizkiez eman bear dutela bein ere konturik bat ere beren Jaungoikoaren aitzinean. Beren naiezko itsu gaisoak!

        Jai-igandeak, gure Jaunaren egunak izanagatik, urteko egunik loituenak eta galduenak dira geienendako, edo anitzentzat beintzat; eta, zenbat ere andiagoak diran egun oriek, anbat galdu-loituagoak dira orien artean. Orduko dantza zikiñak, gazteen jan-edanak, nastekak, eta gañerako gaizki dabiltzanen gaistakeriak, kendu naiagatik eliz-Artzai kontuzko zenbaitek, eman nai ez die eman bear lieken eskua ta laguntza erriko kargudunak, nagusiak, edo gurasoak; eta gelditzen dira gauzak len zeuden toki berberean, edo agitz gaistoagoan.

        Norbaitek erraten badie, onela dabiltzanei ez dabiltzala ibilli bear duten eran, ta zuzen ibiltzeko, egin bear dutena ez-aditu egiten dute, edo irri ta farra. Berriz ori bera, edo beren onerako den zerbait erraten bazaie, sumintzen dira, ta irugarren aldian adituagatik ongi dagotena, gelditzen dira len bezain itsu-gogor gaistoak. Badakizu zer-nola? Zeren oriek eta gu oituak gauden txikidanik, dio San Agustinek, gaistoen lanak ekustera, ta ematen ez diguten begitan bat ere, beintzat orietara oituak gaudela, urteetan sartu ezkero. Orregatik bada zenbat ere zarragoak diran gaistoak, anbat zordun-itsuagoak izan oi dira, bizi diraño.

 

 

C.

Gaistoak, beren gain artzen ditu
besteren bekatuak ere

 

        Gaitzera oitzen diranak ez dira, ez, debozionezko lanetan anitz nekatzen; ta lan orietaratzen diranean ere, au ezpaleude bezala daude, edo gogo guzia barraiturik dadukatela, ta nagitasunez beteak. Orrelakoak, berekiko diranak izan oi dira bertzeekin ere, ta erakutsi ez oi die etxekoei, ta gañerako beren menekoei jakin bear dutenaren laurdena. Erakustean diranak, dira gañerako gauzetan; ta eragin bear likeena baño anitz gutiago eragiten die beren eskupean, edo menean, dituztenei. Eta berak gaistoak izatea, ta itxekoak eta gañerako bere menekoak gaistatzea aski ezpaliz bezala, gaistatzen dituzte auzokoak, eta berekin diarduketenak ere, hitzez ta erranez; eta, orien begietaratzen diran gañerakoak lanez, ibilliz, ekuskariz, ta exenplo gaistoz; ta ez doaz berak mundutik, mundua ondorengo gaistoz beterik utzi artean.

        A gurasoak, gurasoak! a guras-orde, buru, edo zenzugabeak! Egunen batean ekusiko dituzue zuen nagitasunak eta aisola-gabeak dakartzien malurrak eta kalteak! Zaitu ta maneatu gabez, galdu dituzue Jaungoikoaren mintegiko landareak, edo itxeko umeak eta erriko gazteak, bada utzi dituzue guztiz makurtuak, edo gaitzera oituak; eta oitura gaiztoak, eta gaztetasuneko makurrerak ez oi dakar sekulako sugaia, ta sugai arrigarria besterik.

        Errazue ezperen: zuek zerok dituzuen oraingo kulpak nondik dakarte beren asiera? Ez ote dakarte aurtasuneko, edo gazte-denborako zuen asitze txarretik? Zenbat ikusi dituzue anditu ondoan gaistatu diranak, gaztetasuna ongi ta garbiro eraman ezkero? Zer nai dezue bada gerta dakien, zuek bezala gaizki aziak dauden zuen gazteei? Anditu orduko gaistatuko dira noski zuen erara; ta orien orduko gaistakeriak ere zuen gain izain dira. Zer zorrak orduan zuenak.

        Arrigarriak, nere Jaungoiko maitea, ta bertatik ni ikaraz nadukatenak! Orain, bai, orain asitzen naz ezagutzen, zein andia den zor dizudan niganako zure amorea! Ni naz autsetik egiña, ta autsetan gelditu bear duen gauza txarra! Ni naz nerez betazal bat ezin gora dezakedana! Ni naiz bekatu etorkian jaioa! Ni nere naiez bekatura ta gaizkietara anitz aldiz makurtu nazana! Aurdanik asi nintzan ni nere gaistakerietan! Agiz geiago gaistatu nintzan gazte denboran; ta gaitzetik gaitzera ibilli naz ni, bizitu nazan denbora guzian.

        Zenbat ote dira, nere Jaungoiko maitea, zenbat aldetarakoak eta zein itsusi-andiak aurtasunetik oraindañoko nere obenak eta bekatuak? Begiz, ezpañez, eskuz, itzez, bellarriz, biotzez, zenbait bekatu salla ez ditut egin izandu nik, sortu nintzanetik orain artean? Aurtasun loiaren ondotik etorri zen nere gaztetasun loiagoa; ta biei darraizte gerozko nere urte galdu-galgarri-zikiñak!

        Au guzia badakusazu zuk, nere Jaungoiko maitagarria? Ongi kontatuak daduzkatzu, bai, nik oraindañokoan egin dizkitzudan txarkeri andi-txikiak: bakoitzak agertzen dizu nere eskergabetasuna: ta guziak eskazen dizute pagu gogorra; bada eskatzen dizute aurtiki, edo bota nazazula, aspaldian nik ongi irabazia nedukan zere su-lezera, au beti ta beti nekez ta negarrez beterik zuk idukitzeko ni: ta alere, ori egin lekuan bizirik nadukazu, ta, ori egin lekuan, egiten dizkidatzu niri, nere Jainko maitagarria, nork daki zenbat ongi, ondasun, fabore, ta ontarte!

        Zergatik ote? Zere bearrez, edo zeren nigandik zerbait uste dezun? Bat ere! Nioren bearrik ez duena da gure Jaungoikoa; ta, egiten digun guzia ongi naiez egiten diguna.

        Badakizu zuk au, errebes txar eskergabea, ta alere etzara bertan iltzen alkez, damuz ta naigabez? Onegia zurekiko, zure bearrik ez duen zure Jaungoikoa; ta ni ezer-ez beartsu txar, bat izanik ere, nioren bearrik ezpazenu bezain zere galgarri gaistoa. Eskerrak Jaungoikoaren amore andiegiari; bada, onelakoa ez izatera, oroituko ziñan zu gaur ezezik, sekula guzian ere. Ezaguzazu bada, berandu badere, zere erakeria ta bizitza gaistoa! Zoazkio, orrenbat maitatu zaituen zere Jaungoikoari; ta negarra dariozula biotz, damuz erdiratuarekin, eska zaiozu oraindañoko utsen barkamentua; ta, berririk egin bage, ta zere nagitasun, uts guzien sustrai galgarria zeregandik ateratzen dezula, beraren amoreari bizitza on batez, ta amore andiz, erantzuteko grazia.

 

 

Vae nobis, quia peccavimus:
propterea maestum factum est cor nostrum,
ideo contenebrati sunt oculi nostri.

Thren. 5. 16.

 

        A, gure Jaungoiko maitagarria, ta nola galdu ditugu guk geren buruak? loitu dugu bekatuz geren anima, ta damuz, ta tristuraz bete ditugu geren biotzak! Zergatik au? Zeren, zure erran errazak egin bearrean, egin ditugun aurkeri ero batzuek! Orretan ari giñanean, gauz andiren bat egiten genuela uste genuen guk: baña azkenean eroen ustea zen gure uste guzia! Egin orduko, ezagutu genuen geren erakeria; bada etzigun utzi geren egin galgarriak, egin genuelako damua ta naigabea beste gauzarik! Berriz, ta berriz ere artara giñan gu, ero txar galduok; baña, geren buruak geiago galtzea, ta zuri atsekabe andiagoak ematea beste ondasunik atera gabe. Orra gure ibillera galgarrial Orra zorigaistoko gure ibillerak!

        Onetan galduak dira, ongi bizitzeko niri nere Jaungoikoak eman zizkidan egun ederrak! A nere egun, damu gaistoan nik neronek gaizki galduak! galtzeko bazendeuzte, etzinduzket, ez, galduko, galdu zaituztedan bezain aisa! Zuek galtzeko egin ditudan txarkeri loiak illundu didate nere barren guzia, ta alkez beteak utzi dituzte gaur nere begiak! Nola nik gaurgero begiratuko diot, onen txarki eranzun diodan nere Jaungoiko maite ongilleari? Zer dakit bada! Urrikalduko al zait, alkez ta damuz beterik ekusten nabenean, orain ekusten naben bezala! Bai baldinbere! Bai, nere Jaungoiko maitea, bai; urrikal zaitez gaur errumes txar bekatari gaisto galdu onetaz. Eginaz damuturik nator ni, dakusazun bezala; ta berriz lengo gauza txarretatik bat ere egiten ez dudala, ta al ditudan on guziak egiten ditudala, zuzen bizitzeko gogoz ta asmoz beterik nator. Zuri zor dizut oraingo nere gogo-asmo au ere. Bete dezadan osoro, edo dagidan zuzen egin uste dudan au guzia, indazu bertatik nere orain arteko gaizkien barkamentua, ta zere laguntza ta grazia. Bai arren, bai!

 

 

Laetantur cum malefecerint,
et exultant in rebus pessimis, quorum
viae perversae sunt, et infames grosus corum.

Prov. 2. 14.

 

        Gaistoen on guzia gaitzean da, ta gaistakerietan (ala izandu da beintzat nerea, ta zorigaistoan alere!). Zenbat andiagoa den, gaistoak egiten duten gaistakeria, anbat geiagokoa gaistoen atsegin-kontentua!

        Gaistoen bideak bide makur, galdu, galgarriak dira; orietan dabilzanen pausuak pauso loi beltz-itsusi-gaistoak dira; ta su-lezeko urkabera edo neke arrigarrira daramaten pausuak! Ara ninjoan ni ere nere pausu ta bekatu gaistoekin; ta, den bezain ona ez izatera nere Jaungoiko maitagarria, an nintzan ni, nork daki zenbat urte onetan; ta an urratua nintzan ni, ta urratu bearra beti ta beti sekula guzian!

        Au badakit nik: eta etzait alere damuz lertzen nere biotz au? Lertu zitzaien, edo damuz ill ziran, ni bezala obendun etziran zenbait, berea bekatuen ta Jaungoikoaren zerbait ezaguera artu zuteneko. Etzait niri lertzen nerea, edo iltzen ez naz ni, ezagutu gabez zein izugarri galduak diran nere bekatuak, eta zein andia Jaungoikoari zor diodan amorea! Ezagutu banintza orain badere! geroz pausu garbiekin ibilliko nintzake ni, ta zeruko bide zuzenean: geroz maitatuko nuke nik guztiz ni maite naben nere Jainko maitagarria, ta azkenean izain nintzake ni zorioneko doatsuetaik bat. Ala gerta dedilla: bai arren, bai!

 

 

Iniquitates suae capiunt impium,
et funibus peccatorum suorum constringitur:
ipso morietur, quia non habuit disciplinam,
et in multitudme stultitiae decipientur.

Proverb. 5. 22.

 

        Gaistakeriak eta bekatuak dira gaistoaren arrapatzalleak. Oriek dira onen soka-lokarriak. Zenbat bekatu geiago dituen bekatariak, anbat obeki estutzen dute au bere bekatuak, eta uzten dute era ta tranze agitz gaistoagoan. Garai onean urratzen ezpaditu, edo oitzen ezpada bekataria, gaistoak utzirik, gauza onak egitera, mundutik aterako da bere bekatuen sok-artetik atera gabe, ta arkituko du bere burua erakeriz, obenez, ta bekatuz bete-lotua. A zer arkiera!

        Orduan errain du, bai, bekatariak; eta errain du damuz, urrikiz, ta naigabez beterik arkitzen dela: ona zertara nauten ni nere aisa bizi-naiak, eta nere ibillera galduak! Ona zer dakarren, onez erraten diran gauzak ez artu naiak! Ez-aditu egiten nien nik nere gurasoei, predikariei, ta bear bezala itz egiten zidaten guziei! Nere gogo gaistoa zen, eskergabeko lanak niri erakusten zizkidan nere maisu-nagusi galgarria! Maisu-nagusi onek agintzen, edo manatzen zizkidan gauzak ziran, nik pozik egiten nituen gauzak; eta, gauz orietara oitu nintzanetik, begitan artuak neduzkan barurak, otoitzak, konfesioneko lanak, lagun onak, eta bizitza onera eraman nintzakeen gauza guziak: eta kristau artean bizi banintzan ere, jentil ta turko bat bezain gaizki bizitu nintzan, maisu onen eskolan nenbillen denboran! Ona, orain nik ezagutzen ta, bortxaz badere, aitortzen dudan nere kontrako egia!

        Egiaren arrigarria! Ez al dezu zuk ere, nere erako bekitaria, ill artean utziko onen aitorrera! Ez nuke nai beintzat, nere Jaungoiko guztiz maitea: ta oraindañokoan urriki-damu au artu bagez nago orain nagoen adiña bekaturekin! Bekatuz beteak daude nere begiak, bekatuz beteak nere oñak, bekatuz beteak nere eskuak, nere ezpañak, nere belarriak, nere miia, ta nere biotz guzi-guzia! Bekatuz bekatu nabillela (ta ala gaizki) joan dira oraindañoka nere egun guziak! Nik urratu-alak baño sendorragoak dira, era orretan ibilli nazan denboran egin izandu ditudan nere bekatuzko kateak! Kendu bear dizkidatzu, nere Jaungoiko maitagarria, zugana nadin damuz ta urrikiz, ta negarra dariedala, zugandik uste dudan barkamentuaren, ta zure graziaren eske; ta bata ta biak erditsi ondoan, bien eskerrak ematera. A! zein gogo betez, zein ziñez emain nizkitzukedan esker oriek! Egizu anbeste, geiegi nigatik egin dezun Jaun on maitagarria. Bai. arren, bai!

 

aurrekoa hurrengoa