www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (I)
Sebastian Mendiburu
1759, 1904

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai, Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1904.

 

 

aurrekoa hurrengoa

VIII.garren OTOITZ-GAIA

NORAÑOKOA DEN GURE JAUNAREN EDERTASUNA:
TA ZENBAT GURE ONERAKO

 

 

A.

Ezin andiagoa da Jaungoikoaren edertasuna

 

        Andia bezain ederra da gure Jaungoiko maitea. Izatez ezin neurri ditekena da, ta ezin andiagoa, ekusi degun bezala, gure Jaungoikoa; ta gisa berekoa da beraren edertasuna; edo, ekus diteken baño ekusgarriagoa. «Erregeen Erregea da gure Jaungoikoa, dio san Pablok: manatzen dutenen manatzallea da, ta emengo batek ere ekusten ez duena, ta ekusi ere ezin dezakena, ekusi diteken adiña, ta duen ekusgarritasunari dagokan bezala».

        Eta zeruan arkitzen diranen ekustea, onen ekuste laburra bada, zer-nolakoa izan diteke lurrean arkitzen denarena? Agitz laburragoa ta guztiz illuna; bada lurrekoak ez dute beren Jaungoikoa ekusten emengo figuren ta gauza txarren ispilluan ezpada. Baña zein ere labur-illuna den emengo gure begiratze au, aski ta sobera da guri adirazteko guztiz andia dela, ta ezin andiagoa, gure Jaungoikoaren edertasuna.

        Nola ekusten da emen (erran bear didazu) gure Jaunaren edertasuna? Ekusiz lenik lurreko gauzak, eta andik gero begiak zuzenduz gure Jaunagana. Ala dio san Pablok. Adituz gero sulezekoak diotena edertasun berarekin zerukoei gertatzen zalena.

        1. Atozea: ez dira ederrak arrosak, klabellinak eta gañerako loreak? Ez dira ederrak itsasoko perlak, mendiko diamanteak, eta meatzeetan arkitzen diran urre zillar, topazio, ta beste arri fiñak? Ez dira ederrak zeruko izarrak? Eta ez da ederra, izarrak berak beren erregetzat ezagutzen duten eguzkia? Ederrak dira (ezin uka diteke) au, ta gañerako erran ditugun gauzak. Baña ez du zer-ekusi orien edertasunak Jaungoikoaren edertasunarekin; ta Jaungoikoaren edertasunaren aldean gauz orien edertasunak itsustasuna dirudi, ta illunbea: aiñ andia da gure Jaungoikoaren edertasuna.

        Au ezagutzeko, aski lizake, ez-da-bai-da batean guk ekustea gure Jaunaren edertasunaren zatirik txikiena. Bein Kristo jaunak agertu ziozkan santa Teresari bere eskuak. Eskuak ekuste au ekuste laburra izandu zen; ta ala ere zoratuaren eran ibilli zen Santa egun artan, ta beste anitz eta anitz egunez ere. Etzitzaion orrelakorik gertatu ekusiagatik, ekusi zituen bezala, bein ta geiagotan ere zeruko izarrak eta eguzkia, itsasoko perlak, lurreko loreak, eta mendietako diamanteak eta gauzak: eta ori gertatu lekuan, gertatuko zitzaion san Ignazio Loiolakoari gertatu oi zitzaiona, ta errain zuen oren eran: «a, zein zikin-itsusia iduritzen zaidan mundua bere gauzekin, Jesusen eskuak ekusi nituenetik!».

        Ongi ta onen ederrak badira Jesusen eskuak, zein ederra izain ote da Jesusen gizatasuna? Eta onenbat edertasun ematen badie Jesusen eskuei, gorderik dadukan bere Jainkotasunak, zein ederra ote da Aita Eternoaren, Semearen, ta Espiritu Santuaren Jaungoikotasuna? Ori bageneki, arrituko ez giñake, arritu oi garan bezala, aditzen dugunean sulezekoak edertasun onen gain adirazi dutena.

        2. Konjuroetan ziardukala, Fraide batek galdetu zion bein infernukoari zein andia den, edo nolakoa gure Jaungoikoaren edertasuna? ta sulezekoak erantzun zion: «ezin adirazi ditekena. Galdetu zion beniz Fraideak; eta zer egiñen zenuke zuk edertasun au ekusteagatik? Begi-iste-idekitze batean begiratu nion bein Jaungoikoari, erantzun zion sulezeko etsaiak; eta berriz alako begiratze bat egiteagatik, artuko nuke zurea bezain gorputz minbere bat: eta arkitzen banu, bide lekuan, lurretik zerurañoko pillare bat, guzia kanibet zorrotzez, lantzez ta ezpataz inguratua, asiko nintzake bertatik oñ utsak ezartzen orien puntetan; ta puntaz punta joain nintzake zeruraño, trikatu gabe, ta biziro alere. Zeruan sartzeko nengoenean amiltzen, edo malkortzen banintz, naiz dela mundu onetako errekaraño, urratuak geldituagatik lurrera baño len ere nere ezur-zañak, eta orduko nere gorputz guzia; ta geldituagatik ni milla zati, ta odol egiña, berriz, osatzen banindute, asiko nintzake au bertan igaten; ta ez nintzake geldituko, bide guzia egin, ta Jaungoikoa ekusi artean, jakiñik ere, ekusi orduko ondatuko ninduela nere sulezean, ta leneko neke tormentuetan».

        Orra gure Jaungoikoak, guri bere edertasuna agertu naiez, Infernukoari idarokia! Orra Infernukoak edertasun onegatik egin nai zuena! Eta orra zuk ere egiñen zenukena, ark bezala ezagutzen bazenu nolakoa den zure Jaungoikoaren edertasuna. Eta zer etzenuke egiñen zuk, ezagutzen bazenu edertasun au, ez infernukoaren eran, baizik dena dan bezala?

        3. Infernukoak etzuen ekusi bein ere gure Jaungoikoaren edertasuna, orain zerukoak ekusten duten bezala; ta alere eramain zuela, zion, aditu dezun guzia, lenaren gisako ekuste illun labur bategatik. Zer eramain ez luke zerukoen ekuste argi betikoagatik? Eta zer ez dezu eraman bear zuk, ez ekuste bategatik, baizik zeruan beti ta beti Jaungoikotasun ederrari begira-begira egoteagatik?

        Baña zer gertatzen zaie zerukoei, Jaunari onela begira egotearekin? Gauza arrigarria! Gau-egunak ezezik, asteak, illak, urteak eta urteak ere joaten zaizte, oartu gabe bezala: ain andiak dira, zerukoei Jaungoikoaren edertasunak ematen diezten, atsegin-kontentuak. «Milla urte Jaungoikoari begira dagoenarentzat, joan den atzoko eguna bezala, dira, dio Dabidek».

        Ekusi zazu nolakoa izan diteken, milla urte igaro den eguna adiña laburtzen dituen edertasuna! Ori da Jaungoikoarena: ta ori da oraindik zure gogoan, bear bezala beintzat, sartu ez den edertasuna.

 

 

B.

Gure gogoa zerura zuzenerazteko da
gure Jainkoaren edertasuna

 

        Jaungoikoaren gauza guziak andiak dira, ta ezinobeak gure gogoa zerura zuzen-erazteko, ta beste anitz gauzetarako ere; baña guzien artean Jaungoikoaren edertasunak orretarako egina dirudi; ta, zure gogo txar ori zeru berera zuzen-erazten ezpadu, ari zuk begiratu bagez da, ta zeren geiegi begiratu oi diezun liluratzen zaituzten lurreko gauzei. Bai, zentzugabea, bai: itxura zerbait duen lurreko gauzaren bat ekusi orduko, an dira bereala zure begiak; an da zure gogoa; an da zure biotza, ta an bertan dira zure oroitzapen, gogorazio ta naikunde guziak; eta, orrekin ez dituzu goititzen ere zere begiak zere Jaungoikoaren edertasuna ekusteko! Emengo gauzarik ederrenak itsusia dirudi ta guztiz loia, Jaunaren aldean; ta ala ere emengoei begira zaude erdi-txoratu liluratua, ta zere Jaungoikoaz kasorik egiten ez dezula! Asma zazu asm-al adiña, adituez osterontzean, Jaunaren edertasunaren gain; baña ez dezu, ez, asmatuko zure Jaungoikoaren edertasunak dituen milla milloi zatietatik erdi bat ere. Eta zuk ezer ez asmatuagatik gure Jaunaren edertasun onen gain, adirazi zaitzuna bera aski ez ote da, edozein biotz Jaun eder maitagarri onen amorez urtu-betea bertan uzteko? Baña aditu dezunak orretaratzen ezpadu zure biotz txar ori, adizazu orain agertzera noana.

        Zauden tokian agertzera zuri zere Jaungoikoak bere izate ederra, edo duen izatearen edertasuna, au zuk ekusi orduko, geldituko zinake non zeuden etzenekiela; geldituko ziñake kontentu ta atsegin utsez betea, ta geldituko ziñake Jaungoiko beraren amorez urtua. Aldamenekoak orduan zuri zere belarrian oin ta oiu egiñagatik, arriak baño kaso geiago egiten etzenieke orien oin guziei. Baña oriei baizik ez? Lurreko kantari ta musika guziak elkar arturik balerausate ere zure aldamenean, emendik Indiak bezain, zugandik urrun baleude baño geiago adituko etzenuke oriei erausia ta kanta guzia.

        Nai dezu geiago? Ori bada. Jaungoikoaren edertasunari begira zeunden denboran, sartzen bazinduzte zu, ogia sartzeko punturaño berotua dagoen labe batean, edo egun ta erdi sutan dagoen karobian, au zure gorputz guzia kiskildu, ta errea geldituagatik, arrizkoa baziña baño geiago etziñake oartuko, zure gorputzak orduan leramaken neke arrigarrira. Badakizu zergatik? Zeren ekusten zenduen zere Jaunaren edertasunak itoa ta urtua bezala idukiko zinduzken bere amorearen itsasoan. Aditzen dezu orain nolakotsua den zure Jaunaren edertasuna? Bada guzi-guzia zuri erakusteko daduka zure Jaungoiko maitagarriak; eta zuri erakusteko, ez bein edo berriz, baizik sekula guzian; ta onenbat atsegiñezko ekuste onen berri au aldi onetan ematen dizu zere Jaungoiko maiteak, zure gogo txar ori bertatik beragana zuzenerazi naiez.

        Zorionekoa zu, au orain ta bizi zaran arte guzian egiten dezula, ill ondoan bein edertasun au ekusten badezu! Bada bein zeruan au zuk ekusi ezkero, ez dizu zere Jaungoikoak zere begietatik bein ere kenduko, ta ordu beretik betiko kenduko dira zure ai-kezkak, zure neke-izerdiak, zure naigabeak, zure otzikarak, zure gos-egarriak, eta munduko lan ta atsekabe guziak! Ez da, ez, gure Jaungoikoaren edertasuna emengo edertasun txarrak bezalakoa. Emengoak laster igartzen diranak dira; ta igartu baño len ere begiratzen dienak asperturik utzi oi dituzten edertasunak; bada, den andiena izanagatik lurreko edertasuna, etziñake egoin ari begira gau ta egun aste batez jan ta edan gabe, ta lorik egiten etzenuela; ta Jaungoikoaren edertasuna ekusten duten zerukoak, asteak ezezik, illak, eta illak, urteak, eta urteak, betiko denborak, eta eternidade guzi-guzia eramain dute Jaungoikoari begira ta begira, bein ere begiratzez aspertu gabe, ta beren begira-aldi bakoizean, lenbizikoan adiña kontentu, ta kontentu berriak eta gustoak artzen dituztela; ta beti-beti egoin dira deusen ere bearrik gabe, ta bein ere den naigaberik txikiena ekusten ez dutela.

        Onenbat atsegin ta kontentuz animak betetzen dituzun gure Jaungoikoaren edertasuna, noiz ekusiko ote zaitugu, emen neke-ta-neke gabiltzan gaisook? Baña ekusiko ere ote zaitugu nioiz? Nioiz ere, oraindañokoan adiña arrastazen bagaituzte geren gogoeta txarrak, eta lurreko gauzak! Gauz orietan ongi nastuak iduki gaituzte askotan ta luzaro geren etsaiak; eta iduki gaituzte, bere sarean armiarmak euliak daduzkan bezala. Ez ote gara gauz orien sare galgarritik, eta gure leneko naspilletatik orain badere aterako? Ez ote gara saiatuko, etsaiaren eskuak garaiturik, eta lurreko edertasunak eta gauza txarrak gogoz badere aldebat utzirik, zeruko bidea artzera, ta Jaungoikoaren arpegi ederra billatzera? Guregan dago ori guzia; ta, nai dugula, badagikegu guk, gure Jaunak ematen digula bere laguntza ta grazia; ta Jaunaren laguntza au ta grazia prest daude, bear bezala eskatzen dituen edozeiñendako. Nai dugu bada guk, eta nai dugu bertatik, eta luzatu bage, lan au egiten asi; ta iguzu, gure Jaungoiko emalle maitagarria, prest dadukakazun zere laguntza ta grazia. Bai arren, bai!

 

 

Beati qui habitant in domo tua:
in saecula saecularum laudabunt te.

Ps. 83. 5.

 

        Zorionekoak, gure Jaungoiko maitea, zorionekoak zure etxean, zure jauregi eder, edo zure zeru orretan bizi diranak: bada badute or nai duten guzi-guzia; ta ekusten ez dute atsegin ta kontentu ematen ez dien gauzarik bat ere! Bai, badute nai dutena; bada or ekusten dituzte zure Aingeruak, ekusten dituzte Santuak, eta ekusten dute Santu-Santen, ta Aingeru guzien Erregina; ta ez da guzien artean bat ere doaiez, ta edertasunez betea ez dagoenik. Baña zenbat ere ederrak diran or ekusten dituzten guziak, ekusten dute bidenabar deus ez bat bezala dela orien edertasuna, zure edertasunaren aldean, gure Jaungoiko maitagarria! Oni begira daude beti, liluratuen eran: beti daude laudatzen zu ta bedeikatzen; beti ta beti zumaitatzen ta onesten. A ni ere or berean banengo orien lagun eginik! Arako al naz egunen batean! Ongi bizitzea da arako biderik zuzenena, ta, orretarako, maiz gogoratzea Jaungoikoaren edertasuna. Au da nik gaurgero egin uste dudana. Indazu, Jaun ederra, indazu zerorrek orretarako bear dudan laguntza ta grazia. Bai arren, bai!

 

 

Concupiscit, et deficit anima mea in atria Domini.

Ps. 83. 1.

 

        A zein maitagarriak diran, dio Dabidek, Aingeruen bizi-tokiak! Ara naiez nago, nere Jaungoiko maitagarria! Noiz ezarriko ote ditut nere oñak orien jauregi ta palazio ederreko atari orretan! Ara bear dudalako oroitzapenak berak urtzen dit biotza, ta uzten nau naiez ta amorez betea. Orra Dabidek diona! Baña zer diogu guk, edo zuk, eta nik? Ez ote da noiz ere bait sartu bearra gure biotzetan ere onelako naikunde ta zerurako gogo sendor ta nai bizi-bizi bat? Aisa, ta laster sartuko lizake, guk emen gauza bat zuzen egitera. Zer? Noizean bein badere, oroitzea Jaungoikoa dala, nai duten guziak zerura daramatziena: ta, aratzen diran guziak bere edertasunarekin beti ta beti atsegin-kontentuz betetzen dituena; ta nai badut, ni ere era berean eramain nabela atsegin-kontentu berez beterik uzteko. Non arkituko dezu zuk oroitz au baño, oroitz erraz leun asegarriagorik? Non bearrago dezun oroitzarik? Eta alere, ezpaliz baño geiago etzara oroitu zenbait egunen, ta geiagoan ere, zere Jaun andi eder maitagarriaz! Ez al zaitzu berriz onelakorik gertatuko? Ez, arren, nere Jaungoiko maitea: ez, ez!

 

 

Heu mihi, quia incolatus meus prolongatus est!
habitavi cum habitantibus Cedar:
multum incola suit anima mea.

Ps. 119. 5.

 

        Ai ene! dio Profetak; noiz artean bizi bear ote dut nik nere zerutik erbestatua! Agitz luzatu da emengo nere bizitza! Bizitzaren txarra ta nekezkoa! Ez nago ni emen, ez, niri dagokidan tokian. Gain orretako zerua da nere erri ona, ta betiko nere egontokia. An ekusi artean nik nere Jaun maitagarriaren arpegi ederra, edo edertasuna, ez dut nik, ez, onik uste! illunbean bizi diranen artean bizitu naz ni oraindañoko nere urte guzietan: bada illlunbea da lurreko egunik argiena, Jaunaren edertasun argiaren aldean! Edertasun au ekusi naiez berandetsia dago, bai, nere anima! Noiz-noiz bada, ekusi bear ote dut nik arpegiz arpegi bezala, ta deusek eragozten ez didala? Zorionekoak, gorputzeko presondegitik iges eginik, zeruan arkitzen zarazten animak; bada badituzue zuek, nik nai nitukeen ekuste garbiak! Noiz artean luzatu bear ote du zuen arterako nere aldiak?

        Au zion, edo, zionarekin au adirazten zigun Profeziak, eta orobat errain, edo adiraziko nuke nik ere, baldin banu, ark adiñako zeruaren, edo zeruko gure Jaungoikoaren edertasun ezin ederragoaren zerbait berri. A zeru ederrak, nere begiak ekusten etzaituzten zeruak! eta a zeru orretan ta mundu guzian arkitzen zaran nere Jaungoiko, ederra baño ederragoa! noiz-noiz ekusiko zaitut nik arpegiz arpegi! Orain ekusten bazindut nik, bertan ni atsegin ta kontentuz illen nintzake! Zorioneko eriotza, zure edertasunak, eta onen ondoren etorriko lizaken nik zu maitatzeak lekarken eriotza! A, baña ez dut au nik merezi! Irabaziko al dut, zu beti gogoan erabiltzearekin, ta erabiltze onek eragiñen didan bizitza on garbiarekin, zorioneko eriotz on au ezpadere, ill ondoan zu zere edertasun guziarekin ekusteko grazia! Bai, nik nai dudala. Nai dut, bada; nai dut, orain badere nai au zuk emanik, nere Jaungoiko eder-maitagarria! Nai onetan nai dut iraun ill arte guziak: indazu arren orretarako bear dudan laguntza ta eskua; baita orain itzez ta biotzez errateko ere: Nere Jesukristo, etc.

 

aurrekoa hurrengoa