www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren amar agindubeetako lenengo bosteen ikasikizunak
Frai Bartolome
1816

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa  

SERMOIA GURASUEN TA UMEEN ONERAKO

 

                Curva cervicem eius (filii) in juventute,

                et tunde latera eius, dum infans est, ne forte induret,

                et non credat tibi, et erit tibi dolor animae.

                        Eccl. Cap. 30, v. 12.

 

                Beeratu egijozu umiari iduna gaztetan,

                ta domau egijozuz saijetsak, txikija dan artian,

                deskuiduan gogortu ez dedin, ta sinistutia

                ukatu ez dagizun, eta arimako penia izan ez dagizun.

                        Eccl. ubi sup.

 

        Arimako poz andijagaz ta bijotzeko esan ezin legijan gozotasun bategaz entzuten dira, neure kristinaubak, seme alabaak ondo azten ditubeen gurasuen zaartzako, bitzitzako ta erijotzako atseginak, ditxa onak, bendezinoiak ta grazijak. Umiak ondo azten dituban gurasua, atseginduko da ta konsolauko da bere semiagaz ta alabiagaz. Ondrauko dabee, jasoko dabee ta estimauko dabee auzuetako ta erriko jentiak. Bitziko da bijotzeko alegeretasun gozoz ta pozgarri maitez beteta. Ta illteko orduban ez da penauko, seme alaba oneetan isteen dabelako bere etxura zuzena, ondrauba, zintzua, baketsuba ta kristinauzkua. Job santuba, Abraan patriarka andija, Tobias ditxosua, Susana Jaungoikozkua, Ana Samuelen ama, Eleazaro, Matatias, santa Monika ta beste milla dira, neure entzula onak, egiija onen testigubak. Guztiak artu zitubeen ta artuten ditubee ugari zeruban, seme alabai emon eutseen atziera onaren prutu ditxosua ta zorijonekua. Espiritu Santubak, kasik isildu bagarik, ez dakit zeinbat lekutan, aginduten deutsee ta eskatuten deutsee gurasuai seme alabeen atziera ona, esanekua, humildia ta kristinauzkua. Opa deutseez bitzitza luzia, ditxa ona ta zaartza ondrauba, umiak ondo aztiaren saritzat.

        Baina beste aldeti, gogoratuten deutsee guraso guztiai zeruko espiritubak errazoe ta jazo askogaz, umiak ondo ezi bagarik, erakutsi santuba bagarik, Jaungoikuaren bildur egijazkua bagarik, nasaitasunian ta guraari askatubeetan azten baditubee, ekarriko deutseela eureen burubai naibagezko bitzitzia, atsekabazko zaartzia, erijotza desondrauba ta azkeneko penia. Beeratu egijotzu umiari iduna gaztetan, dino Espiritu Santubak. Gaztetan, txikitan, lau edo bost urte ditubaneti aurrera, dum infans est, domau egijozuz saijetsak. Kontu egizu, gogortu ez dakizun ta zeuri sinistutia ukatu ez dagizun. Bada, isteen badeutsazu umiari indartuten, sendotuten ta gogortuten, zeuri entzun gura ez deutsula, zeure esana egin gura ez dabela ta zeuri entzuterik edo sinistuterik emoten ez deutsula, izango dozu arimako penia. Erit tibi dolor animae. Txikitati umiari zigorragaz lotsia emoten badeutsazu, umiaren arimia inpernuti librauko dozu. Txikitati zigorragaz lotsa onian azten ez badozu umia, gorroto deutsazu, gaiski opa deutsazu umiari.

        Onan berba egiten deutsee, neure entzula onak, Espiritu Santubak guraso guztiai euren seme alabeen aziera onaren gainian. Umetati seme alabai esan oneko ta errazoe oneko azieria emon biar jakueena, txikitati ezi ta domau biar diriana, tema gaistuakin urteten itxi biar ez jakuena ta gauza deungarik parkatu biar ez jakuena, Jaungoiko egijazkorik ezaututen ez ebeen jentilak bere autor dabeen gauzia da. Platon, Aristoteles, Plutarko, Zizeron ta beste jentil askok erakutsi legijuee kristindadeko gurasuai, zelan txikitati azi biar ditubeen eureen umiak. Areetati batek dino, umiak prenuba biar dabeela gaztetati. Prenuba, lotsagarrija, lotugarrija, bildur santuba, ta erakutsi ona umiari gaztetan. Beste batek dino, gurasuak zelakuak nai ditubeen, alakuak izango diriala umiak. Esateko moduban, gurasuen aziera ona edo arin ona dala umeen izate guztia. Beste batek dino, gurasuen zeregin nausija dala, umiak errijaren ta jentiaren onerako aztia. Au erakusten ebeen jentilak. Onan berba egiten eutseen gurasuai, Jaungoikorik ezaututen ez dabeenak. Oh, kristinaubak! Zer esan biar ete dau, bada, Jesusen eskolari batek?

        Au gaiti, zeubek dakizu, neure entzula onak, era gitxi galdu ditudana neure erakutsijetan, gurasuai eginbiar andi edo nausi au gogoratu bagarik. Batzubetan atajadiak ekarrita, beste batzubetan berarijaz topauta; askotan ondo esanagaz; sarritan ezer parkatu bagarik nos bait erregutubagaz, ta ez gitxitan zamaitubagaz, ta ume gaiski azijeen sail negargarrijak esanagaz, insta, oportune, importune... Dendatu nasala, uste dot, gurasuai eureen ta umeen onerako zeregin santu au buruban sartuten. Pensau dot, bada, oi dirian boti kakuakin gatxa osatu ezin daben medikubak edo osalarijak, barrijak asmauta, gaisuari emoten deutsazan legez, beste asmo barriko bide bat artu biar dodala sermoe onetan gurasuen ta umeen erakutsirako.

        Guraso zaar asko ikusten dira, esker txaarreko, bijotz gogorreko ta lotsa gaistoko umeen eskupian ta agindupian, asko padeziduten dabeela euren seme alabeetati ta errukija emoten dabeela. Alako guraso triste, zaar, errukarrijai zer egin biar dabeen esatia, konseju onak emotia ta eureen zaartzarako ta erijotzako ordurako pozgarri bat erakustia ta presteetia, duda bagarik da karidade andija. Au da bada, neure entzula onak, sermoe onetako nire ustia ta zeubeen entzun onaren geija: Seme alaba deungaak ta esker txaarrekuak daukeezan guraso zaar errukarrijai pozgarri seguru bat erakustia. Uste dot, entzungo deustazula gogo onagaz.

        Sermoe onetan bertan ikasi daikee seme alabaak bere, baita ume txikarrak daukeezan gurasoak bere, terzijo atara elduten badira, eureen zaartzaan ze pozgarri euki daikeen. Ez nas kansauko, kristinaubak, erakutsi onetan, Zizeron ta Demostenesen berbeetako modubak toloztuten. Egiija aituten emotia da neure lanaren ta zeubeen entzutiaren geija. Au biar dan espiritubagaz ta nik guztioi opa deutsudan prutubagaz egiteko, eldu gaitezan guztiok bijotz garbijagaz zeruko tronu santura. Eskatu daijogun seme alaba guztien Aita onari, geure Jaungoiko bakarrari, jadiisteko uste osuagaz, nik sail oni jarraituteko biar dodan grazija; garbitu dagizala nire bijotza ta ezpanak, sendotu dagizala nire berbaak, zuzendu dagijala nire naija ta bigundu dagizala zeubeen borondatiak. Ta zuzenago jadiisteko grazija santa au, imini daigun bitaartekotzat zerubetako Erregina, Ama Birjina guztiz santia ezanagaz: ABE MARIA.

 

 

Curva cervicem eius in juventute, ut supr.

 

        Egiija esateko, neure kristinaubak, zer egon leiteke munduban penagarrijagorik edo minberagorik bijotz batenzat, iru edo lau seme alaba edo geijago nekez azi dituban guraso zaar, kansau, ezertako ez bat areen esker txarrian ta lotsa gaistuan ikustia baino? Ya edadian jausita, zaartuta, kansauta, sepulturara bidian daguan gurasua, izerdi askogaz ta nekez azi dituban sabeleko prutubak, bere semiak edo alabaak gaizki tratetia da, duda bagarik, pena andijeetati ez txikijena. Ume batak kasurik egiten ez deutsala; bestiak lotsia ta errespetua galduten deutsala; bestiak begiratute on bat egiten ez deutsala; bestia agur bat egitera inos agertuten ez jakola; bestiak berba bat esan orduko, erremuskadiagaz atzera sartuten deutsala; bestiak gurasuak jaaten daben kopaubari asko deritxola; bestiak auzijak eta naibagaak etxera ekarten deutsazala; bestiak agiraka ta jotera bere egiten deutsala; bestiak bere gaztetako paltaak burlaz arpegijan esaten deutsazala; beste semia edo alabia justizijak karzelaan daukala; dinot, neure kristinaubak, menturaz ez daguala luurraren gainian guraso batentzat pena garratzagorik, atsekaba mingotxagorik, naibage minaagorik ta bitzi izateko gobaitgarrijagorik, berak nekez azi dituban umiak modu onetan zaartzan berari erantzutia baino.

        Guraso batek ernegeetako, arimati negar egiteko, bijotza erdi bi egiteko, buruba amaituteko ta zerubari erijotzia eskatuteko penia da au. Umiak azi ditut, dino alako guraso triste errukar[r]ijak. Ta eurak dira neure zaartzako penarik andijeena. Umiak azi ditut, neure zaartzako pozgarritzat. Ta nire poza biurtu da neure bijotzeko mingotxtasun nausi izatera. Umiak azi ditut nekez ta penaz neure despeideengo eguneen arrimugarrizat. Ta eurak dira egunian egunian ta orduban orduban bitzitziagaz desesperau eragiten deutsteenak. Eurak dira, ni baztartuta, sobrauta naukeenak. Ez dauka guraso penaubak luurraren gainian nora begiratu, bere umeetati atsekabia ta penia artu bagarik. Ez da gauza barrija, guraso sobraubak tertzijo atan bere buruba ikusita, egunian milla bidao ta maldezinoe umiai ezartia. Bada, egunero dauka ume bata ganik albista txaarra, bestia ganik injurija, bestia ganik gosia, ta guztietati illgarrija ta mingarrija. Ez da gauza barrija, guraso askok eureen seme alabeen lotsa gaistua ta esker txaarra ikusita, areek eskura ta errazoera ekartiagaz desesperauta, euren burubai purijaz illtia opa izatia, (beste muduban zer ikusirik ez balego legez). Ez da gauza barrija, ta ez da gitxitan jazo oi dana bere, guraso asko, urte geijagotan bitziko litzaatekezanak, seme alaba deungaak diriala medijo, leenago illtia ta, eurak esan oi dabeen legez, munduko bakia egitia.

        Oh, seme alaba gaistuak ta lotsa galdukuak daukeezan guraso errukarrijak! Oh, triste desditxaubak! Oh, ze zaartza penagarrija ta garratza dan zubeena! Nor errukituten ez da, nori bijotza austen ez jako berekauten, edadian jausitako aita bat edo ama bat oian, edo makal, edo ibili ezin dala, edo bere gorputz zaarra ozta jasoten dabela ikutsita, bere umiak edo naibagez, edo errazoe txaarrez, edo gosez, sobrauta, ill ezinda illten daukeela entzun ezkero? Oh, ze egite santuba alako guraso tristeen bijotzak konsoleetia! Oh, ze karidadia pozgarri on bat areentzat topeetia! Baina zelan erremedijau legi onako gatx andija? Zer egin legijee, negar ta uste on guztia galdu baino beste gauzarik? Nora begiratu legijee guraso edadekuak eureen bijotz tristiak nasaituteko ta konsoleetako? Umiak andijago dira gurasuak baino. Umiak indartsu ta sendo dagoz; gurasuak zaar, makal ta bigun. Umien eskubeetan dagoz etxeko gauza guztiak. Gurasuak eurak egiten deutseenaren zain dagoz. Gurasuak ondo esaten badeutsee, ume lotsa galdukuak gaiski erantzuten deutsee. Jotera egiten badeutsa umiari, umiak egiten deutsa gurasuari atzera edo emoten deutsa sakatu bat. Zer bait altubago edo gogorrago esaten badeutsa gurasuak, beti barriketan jardun bagarik, isilik egon dedilla, erantzuten deutsa umiak. Jaungoikua gaiti eleisara juan dedilla edo konpesau dedilla esaten badeutsa gurasuak, bai, zeu bere eleisazalia izan zara ta, esanda, burla egiten deutsa umiak. Kura jaunaren aurrera eruanda, lotsia emon gura izan arren umiari, leen bere izanda dago ta ez deutsa ardura. Txaarrago. Alkate aurrera eruanda, egun batzubetan karzelaan eukitia, beste ainbeste. Txaarrago. Gurasuen lotsia galduta daukanak, kura jauneena ta justizijarena bere galduta dauka. Zer egingo dau, bada, edo nora begiratuko dau alako guraso errukarrijak?

        Egiija esateko, ez dakit, neure entzula onak, zein botikatan topau legijan alako bijotz baten konsuelua. Baina orregaiti, ez dogu guztiz galdu biar topeetako ustia. Dendatu biar dogu ardura andijagaz, guraso tristeen pozgarrijaren billa. Medikubak esaten dabee, gatxari asipena ta sustraija topau ezkero, osatuten edo osagarrija ezarten errazago dala. Jarraitu daijogun bada, kristinaubak, bide jakin oni. Aztertu daiguzan eskina guztiak. Artu daigun errazoe zuzenaren argija eskubetan. Ta esaminau daiguzan, bat itxi bagarik, guraso zaarreen gatx negargarrijak euki legizan asipen ta sustrai guztiak. Au topau ezkero, errazto erakutsiko jakue guraso guztiai botikako bat, artuten badabee, eureen gatxa osatuta, gozatuta, poztuta, alegrauta itxiko ditubana. Asi gaitezan, bada, gogoz.

        Seme alabaak esker txaarrekuak, gogorrak ta lotsa galdukuak daukeezalako dira guraso zaarreen atsekaba ta pena guztiak. Examinau daigun, bada, orain, ia nundi edo zelan gogortu, lotsagaldukotu ta gaistotu dirian seme alaba orreek. Oh, guraso zaar, ume gaistuak gaiti negar mingotx egiten dozun, tristiak! Nok galdu ete ditu alan zeubeen erraijeetako seme alabaak? Galdu ete ditu Jaungoikuak? Ez. Jaungoikuak, onak, zintzuak, humildiak, lotsa onekuak ta santubak emon eutsuzan zeubeen umiak, batiatu zirianian. Eguzkija baino argijago, lirijuak baino ederrago, luurra baino humildiago, guztiz onduta, aingerututa bautismoti etxera eruan zenduzan zeubeen umiak. Ta bautismuan artu ebeen ontasunagaz, edertasunagaz, humildadiagaz, karidadiagaz ta bijotzeko biguntasunagaz gorde deutsuz Jaungoikuak sei zazpi urtera artian, errazoiaren usura eldu artian. Ta andi aurrera bere seguru gagoz, Jaungoikuak galdu ez ditubana.

        Mundubak galdu ete ditu zeubeen seme alaba gaisto orreek? Ez. Diabrubak lotsa galdukotu ete ditu? Ez. Aragi deungiak ekarri ete ditu, guraso zaarreentzat esker txaarrekuak, gogorrak ta lotsa gaistokuak izatera? Ez. Bada, munduba, diabruba ta aragija bardinak dira zeubeen seme alabeentzat ta bestientzat. Ta orregaitino guraso edadeko asko dagoz, seme alaba humildiak, Jaungoikozkuak, zintzuak, maitiak ta estimaubak daukeezanak. Eureen zaartzaan laguntasuna, poza ta atsegina emoten deutseenak. Inos, eurak esan oi dabeen legez, buruko min bat, ez naibage bat emon ez deutseenak. Jaungoikuaren bildur santuban ta kristinau egijazko baten moduban eureen guraso zaarrai osasunian ta gaisuan, arimaan ta gorputzian lagunduten deutseenak. Auzuak ta errijak enbidija deutseen ume onak. Asko dagoz onetariko seme alabaak. Onako seme alaba bedeinkatubak ta estimaubak euki dabee, zeubeen seme alaba Jaungoikuaren bildur bagakuak ta bijotz gogorrekuak euki dabeen eriko munduba, diabruba ta aragija. Begaz, ez deutseegu onei ezarri biar, zubeen seme alabaak galduteko erruba.

        Lotsagaldukotu edo deungatu ete dira eurak eureen artian ta eureen bakarrian? Ori bere ez, kristinaubak. Eurekauten ez dira semiak deungatuten. Bakarrian bere ez. Berekauten ta bakarrian deungatutekua ta gaistotutekua inor izan balitz, Moise santuba, Dabid erregia, Elias propeta andija, san Juan Bautista, Madalena, san Anton abata, san Paulo lelengo ermitainua ta santa Maria Ejiziaka izango zirian gaistuenak ta deungeenak. Bada, eurak dira bakarrian geijeen azi ta mundukuen parteti eureenez luzaruen bitzi izan dirianak. Gurasuak, begaz ez dira zubeen seme alabaak bere eureenez ta bakarrian gaistotu ta lotsagaldukotu.

        Ze miraari izan da, bada, au? Jaungoikuak onak, inozentiak, santuabak ta aingerubak emon eutsuzan. Andi ona Jaungoikuak ez ditu galdu. Mundubak bere ez. Diabrubak bere ez. Aragijak bere ez. Eurak eurekautan bere ez. Zek egin dau, bada, galdumendi andi au zeubeen seme alabeetan? ¿Quis semina vit hic zizania? Leen humildiak; orain soberbijosuak. Leen zintzuak; orain ardura bagakuak. Leen ixilak; orain desbergontzaubak. Leen zeuben bijotzeko maitiak; orain zeubeen errabijo ta gorrotogarrijak. Leen, auzoeraan zirian ume rik esanekuenak, ezertakuenak, Jaungoikozkuenak ta karinosuenak zeubeen umiak. Alan esaten zenduban zeubek, zortzi amar urte areek zitubeenian. Ta orain dirianez, ta zeubek dinozunez, guztien artian deungeenak, gogorreenak ta esker gaistokuenak, zek, bada, allagina engainau ta itsutu ditu zeubeen umiak? Zeubeen maijan ta alboan azi dituzunak? Bildur nas, gurasuak, zeubek galdu ete dituzun zeubeen umiak. Zeubek erein ete dozun azi txaarra eureen arimeetan. Baina ez nas azartuten baietz esaten, ondo pensau bagarik. Gogoratu daigun, bada, puska bat sustraiz; ia, iru, lau, zortzi, amar, amabi, amalau urte ingurura artian edo geijaguan askok, orain andi eginda zeure penagarritzat ta illgarritzat daukazuzan ume lotsagalduko orrei: 1º Zer esan deutseezun.Zer erakutsi deutseezun.Zer agindu deutseezun.Zer parkatu deutseezun.Zer entzun deutsubeen.Zer ikutsi deutsubeen. Prestau entzutia, gurasuak.

        1º Zer esan deutseezu? Urte bi edo iru zitubeeneti amalau amasei urtera artian, dala nai txaarragaz, dala ainbagarik, kasik egunian egunian ta askotan egun bakotxian sarri esan deutseezu zeure umiai: plagiaren izena, barrabasa, arraijua, diabruba, bitzirik etorriko ez al dala, itoko al dala... batian asarriagaz ta purijagaz ta bestian ekandu txaarragaz. Lagun batek deskuiduan txopin bat eginda negarrez ikusi badozu zeubeen umia, altzuan artuta, palagauta, esan deutsazu: ia arri bat artuta, musturrak zetako ausi ez deutsazan lotsa galdukuari. Auzoko persona nausi batek belaarri ondoko bat emoten badeutsa zeure umiari, ondo merezidu ebalako, persona aren ta aren leenagoko guztien kontra ez zara isilduten gaineko eguneetan, umiak entzuten deutsula. Sei urteti aurrera edo leenagoti zeure umiaren paltaak ta pekatubak gitxitutia, edertutia, ezkuteetia, eurak palageetia ta aboneetia izan da, zuk esan deutseezuna. Guztiak dakijeen ta eskutau ezin dozun pekatu bat egiten badau zeure semiak edo alabiak, aren erruba bere inori ezarten deutsazu. Mutil deungaren batek galdu izango dau zeure alabiaren onestidadia. Ordi jokolariren batek engainau izango dau zeure semia. Bestelan eureenez ez dakijee zure umiak gauza txaarrik egiten. Enpin, bidauak, izen gaistuak, errazoe txaarrak, palagu aixetsubak, guzurrezko abonubak, zamai gorrotozkuak ta erakutsi pekatuzkuak dira, zuri seme alabaak umetati entzun deutsubeezan berbaak. Umiak arrotuteko, gaistotuteko ta lotsa galdukotuteko erdijak bere asko dirianak.

        2º Zer erakutsi deutseezu? Gauza onik bat bere ez. Gauza deungaak asko. Zubeen umiak zortzi, amar, amabi urtegaz dotrinarik ez ekijeen, konpe seetan ez ekijeen, meza bat Eleisiak aginduten daben moduban entzuten ez ekijeen, kristinau izatia zer dan ez ekijeen. Ta oraindino bere, etxuria daukeenez, ez dakijee. Arimaan on egingo deutseen ta salbeetako balijoko deutseen gauza bat sustraiz erakutsi ez deutseezu zeubeen umiai. Beste aldeti bost sei urteti aurrera, koloria mudau bagarik esaten zitubeen zure umiak aitaren ta amaren aurrian, auzuetan ta errijan jazoten dirian ezdabaidaak, demandaak, okasinoiak ta nauskontu guztiak. Baita kanta desonestubak ta berba ezainak bere bost urte zitubeeneti aurrera. Zelan au? Zeubek erakutsita. Ez beraarijaz, ezbada umeen aurrian zeubek ardura bagarik sarritan esanda. Eurak esaten ditubeenian, zeubek aua zabalik eurai gustoz entzunda. Zeubek esaten dozuna ta egiten dozuna, umiak ikasten dabee. Au gaiti esaten eban jentil batek: Gurasuak, ez egizu berba desonestu bat esan inos zeubeen umen aurrian. Ez dagizula inos umiak ez entzun ta ez ikutsi, onestidadia ta modestija ez dan gauzarik. Begiratu biar jakue umiai ta eureen aurrian ibili biar da txito ardura andijagaz. Gaztiak izan arren umiak, ez euki euren bistaan ardura gitxiago. Umeen arduriak geratu zagizala gauza txaar guztietati. Jentil baten konsejuba da au. Oh, ze ona guraso kristinaubentzat, dino jakitun batek.

        3º Zer agindu deutseezu? On izateko esaten deutseegu, dinozu gurasuak. Ori bada zeubek umiai egiten deutseezun agindute guztia, turkubak bere ori egingo dabee. Baina, zelan aginduten deutseezu on izateko? Agindutia ta parkatutia gurasuarentzat an an dira. Aginduten deutseezu geijeenok, nos edo nos bederatzi edo amar urte ditubeenian, mezatara eleisara juateko, mezia entzuten irakatsi bagarik. Baita dotrinia ikasteko bere, irakasten kansau bagarik. Baita konpesetara juan biarko dabeela bere, konpesetia zer dan ez dakijeela, ta zeubek juaten urtian bein edo birritan baino ikusten ez zaitubeela. Ara emen, kristinaubak, alako gurasuen aginduterik oneena ta biarra egitia. Baina, zer geijago aginduten deutseezu? Aztertu daigun sail au. Aginduten deutseezu, bost, sei, zazpi urte ditubeeneti, esanak ondo egitia gaiti ta biar asko egitia gaiti, apainduta, piestara eruatia edo bialdutia. Guraso askok ez daukee edo ez dakijee beste pozgarririk, ume inozentiak, gatx bagakuak, malezija bagakuak, aingeru dirianak poztuteko, isilik eukiteko, esanak ta biarra eragiteko; ez daukee, dinot, edo ez dakijee beste pozgarririk edo saririk, piesta batera, erromedija batera, sarau batera, bigira batera edo dantzako ibilte batera agindutia baino. Ah, guraso pobriak! Ez daukazu beste gauzarik, zer agindu. Ah, guraso ez jakinak! Ezin asmau dozu beste sari bat. Gauza buru gitxikuak zara. Ondo eginaren pagutzat ta saritzat aginduten deutsazu umiari sei zortzi urte ditubaneti amasei edo amazortziragino pekatuko eskolia, pekatuko lagunak, pekatuko bidiak ta pekatuko okasinoiak.

        Esaten deutsazu ume txikijari edo azijaguari: Esanak ondo egiten badituzu, neuk eruango zaitut edo bialduko zaitut piestara, edo saraura, edo bigirara, edo erromedijara, apainduta. An ikasiko dozu munduba, diabruba ta aragija serbiduten. An ikasiko dozu, an erakutsiko deutsubee, bautismo santuban egin zenduzan promes andijak ta santubak ukatuten. An ikasiko dozu Jaungoikua salduten, Jesukristo desondretan, ainjerubak tristetuten, santubak lotsatuten, arimia mantxeetan ta zeruba galduten. Egizuz ia, umia, esanak ondo ondo, neuk aginduko deutsut piestara. An ikasiko dozu zeure gorpu[t]za apainduten, guzurrak esaten, etxeko gauzaak oostuten, adiskide txaarrak egiten, zelo arrabijaubak artuten, onestidadia galduten, enbidijaz igartuten, kodizijaz sikatuten, gorrotoz ixioten, luxurijaz atsituten. An ikasiko dozu kristinau izatia aaztuten, Jaungoikuaren bildurra boteetan, pekatubak pena bagarik irunsten, nasai izaten, inozentiak engainetan, enbusterijak zabalduten, inoren ondria galduten, arrotuten, naustuten, lotsa galdukotuten, Jaungoikua opendiduten ta diabruba serbiduten. Aginduko deutsut, umia, piestara, zeindan birtute guztien ondamendija edo galdu lekuba ta bizijo guztien edo pekatu guztien eskolia edo ikasi lekuba. Bai, gurasuak. Au da Eleisiaren santubak ta erakuslaak orrako zeuben piestoi ta dantzoi egiten deutseen ondra ederra. Aginduko deutsut piestara umiari esatia da, esatia: Aginduko deutsut pekatu egiten; aginduko deutsut Jaugoikua opendiduten; aginduko deutsut diabruba serbiduten; aginduko deutsut kondenetan. Ta ez ete deutseezu inos agindu zeuben umiai, sagarra, gaztainia, egurra, azia, indiababia, kipulia ta beste inoren gauzaak oostuteko ta etxera ekarteko? Ah Gurasuak! Ori zeubek jagingo dozu. Ikutsi daigun zer parkatu deutseezun zeuben umiai.

        4º Zer parkatu deutseezu? Esan egizu, gurasuak, zer parkatu deutseezu zeubeen umiai? Parkatu deutseezu, ta ezin ukatu zinai: 1º Amaren bularrian egozan artian, aitari ta amari txopinga egitia, jotera egitia, sinu egitia ta zamaitutia; menturaz aitak amaren kontra ta amak aitaren kontra erakutsita ta lagunduta. Amak joten ebanian, aitak abonau umia; aitak lotsia emon gura deutsanian, amak beste ainbeste. 2º Parkatu deutseezu umetati, txikitati demoninua, diabruba, barrabasa ta beste bidao ta maldezinoiak esaten, zeubek entzuten deutseezuzala. 3º Parkatu deutseezu, auzuetako persona nausijai lotsia galduten ta deungaro erantzuten. Baita zeubeen adiskide ez dirian auzuai, edo soluan, edo esijan, edo ganaduban, edo osterantzian bengeetan ta kalte egiten bere. Zeubeen auzo arerijuai umiak kalte egin arren, zeubek ontzat emon. 4º Parkatuten deutseezu txiki txikitati auzo inguruban dirian nausikontu guztiak, gorrotuak, kereilaak, zer esanak, eskandalubak, neska mutileen arteko adiskidetasunak, amoriak, jazotiak ta beste sekula umiak entzun biar ez ditubeen saltsa guztiak, zeuben aurrian konteetan. Zortzi amar urteko umiak dirianak esaten ditubee ziatz ta sustraiz, gurasuak barreka eurai entzuten dagozala. Lastimia! Dotrina ikasten dira atzeratxubak, ze g[u]eure umiak baino akordaubaagorik ta gauzaak polituago esaten ditubanik, eureen edadekorik bat bere ez dago. Au esaten dozu, gurasuak, arro arro eginda, zeuben umiak gaiti edade atan. 5º Parkatuten deutseezu, zeuben eukijari ta bitzi modubari ez jagokan moduban jantzten. Balitz Jaungoikuaren etxerako, Jesusen mai santura edo aurrera arimako ta gorpuzzeko jantzi ederragaz agertuteko, Jesusen begi garbijak ondo eritxi dagijuen, alegin guztia da gitxi asko. Baina ez, malpekau. Zubeen umeen apaindurija ta jantzi neurriti kanporakua, ta ez gitxitan onestidade bagakua, da piestarako, plazarako, saraurako, bisitarako, munduba, diabruba ta aragija serbiduteko. Zeinbat gurasok, endamas amaak, eurak eleisarako jantzi jaso bat ez daukeela, arrastaka ta gosiagaz batuta edo zorrian apainduten ditubee umiak, ez jagokuen moduban ta eureen eskubakin jantzita gero, zuaz esanda, lotsa gaistuan bialduten ditube pekatuko ibilte nasaijeetara? Ta au nosti? Umetati, zazpi, amar urteti aurrera. Baita parkatuten deutseezu zeuben seme alaba gaztiai nai dabeen lagunakin, juan, etorri, egon ta ibili, gura dabeen orduban ta gura dabeen moduban egiten. Alan dabilz zuben umiak, zeubek dakizula ta areen peligruba ezaututen dozula, mutilak neskatxakin ta neskatxaak mutilakin, gabak denporaak emonda. 6º Parkatuten deutseezu pekatu mortalian egoten. Bakizu zuzen, zeure semiak edo alabiak pekatu mortala egin dabena. Jaungoikuaren agindu santu bat gauza andijan ausi dabena. Bakizu pekatu mortal bat edo asko egin ditubaneti, gaineko ill bijan, lauban edo geijaguan konpesau ez dana. Bakizu diabrubagaz lo egin dabena. Ta ez deutsazu kasurik egiten. Oh, bijot[z] gordineko gurasuak umeentzako! Parkatuten deutsazu... Ezer bere sgauza gatxik parkatu biar ez zeuntsala, au guztiau parkatu deutsazu zeure umiari. Ta zer entzun deutsubee? Ikusi daigun.

        5º Zer entzun deutsubee? Ah kristinaubak! Lotsa izan leiteke, guraso askori umiak txikitati entzuten deutseena esaten. Entzun deutsubeez zeure umiak zeure aoti: Bidauak, maldezinoe ikaragarrijak, suzko ta purijazko zamai bildurgarrijak, banidadezko ta arrokerijazko berba aixetsubak, zeuben gaztetako desapijuak, peliadaak, burrukaak, orditutiak, pikerdijaak, bengantzaak, errondaak, desonestidadiak, kortejubak... Entzun deutsubee: Eleisako gauza santubai, sermoiai, abade jaunai ta relijiosuai burla egiten, barre egiten ta desprezijeetan. Entzun deutsubeez: ipoin berdiak, berba zatarrak, kontu loijak, errazoe bajubak, prestuezak ta gizatasunaren lotsagarrijak. Entzun deutsubeez: berba galdu ta errazoe txatxar asko zeure gurasuen kontra, senideen kontra, lagunaren kontra ta umeen eureen kontra, auak ekarri deutsun guztia, kristinaubak ez bazina legez. Au guztiau entzun dabee sarritan zeure umiak zeure aoti. Ta zer ikutsi deutsubee? Gogoratu daigun au bere asko luzatu bagarik.

        6º Zer ikutsi deutsubee? Azartuten nas, gurasuak, esaten gauza on asko ez deutsubela zeubeen umiak ikutsi. Jai domeeketan zelan bait mezia entzutia. A bere beti ez. Errosarijo bat erdi luan edo erdi agidaka ta priisaka errezeetia. A bere zubeetati askok gitxitan edo inos bere ez. Beste askok negu partian, udaan ez. Ama Birjina guztiz santiaren debozinoia udaan mingotxago balitz legez. Ta urtian bein edo birritan ozta baten konpesetara juatia. Ara emen, kristinaubak, zeuben umiak ikutsi deutsubeezan gauza onik nausijeenak. Ta gauza txaarrik ikutsi ete deutsubee? Ah! Au zeubek dakizu. Zeinbat bidar ikutsi zaitubee ordituta? Zeinbat bidar, gurasook alkarri agidaka, alkarri bidaoka ta alkar joka? Zeinbat bidar joko gaistuetan? Zeinbat bidar auzuakin asarratuta, alkarren gorrotuan, berbarik egin gura ezda, zamaika? Zeinbat bidar adiskide gaistuakin, etxe sospetxakuetan, ibilte nasaijeetan ta pekatuzkuetan? Ze[i]nbat banidade? Zeinbat kodizija? Zeinbat engainu? Zeinbat lapurreta txiki ta andi? Zeinbat moda indezente? Zeinbat desonestidade? Zeinbat pekatu ikutsi deutsubee zeure umiak txikitati asi ta andi egin arte guztian? Zeubek dakizu, gurasuak, zeuben bitzitzia zer izan dan. Baita zeuben umiak bere bakijee. Baita zeuben auzuak bere.

        Oh, guraso zaarrak! Oh, seme alaba gaistuak daukazuzan errukarrijak! Ez kendu inos ispilu onetati zeubeen begijak. Euki beti goguan, ia zeubeen umiai zer esan deutseezun. Zer erakutsi deutseezun. Zer agindu deutseezun. Zer parkatu deutsezun. Zer entzun deutsubeen. Ta zer ikutsi deutsubeen? Ez bein bakarrik, ez egun baten, ez urte betian, ezbada eureen denpora guztian. Amaren bularrari tiraka egozaneti, zeubek baino andijago ta senduago egin artian. Eureen burubeen jaube izatera eldu artian. Ojei edo ogeta bi urtera artian. Jaungoikuak emon eutsuzan ume santubak zerurako azteko denporaan. Landara txiki ta bigun areek zuzenduteko, zeubeen eskubeetan egozan edadian. Orduban zeubek umiai esan deutseezun, erakutsi deutseezun, agindu deutseezun, parkatu deutseezun, entzun deutsubeen ta ikutsi deutsubeen guztia, esan daikegu, izan dala, zeubeen ume inozentiak, gatx bagakuak, grazijazkuak, santubak, aingerubak, argizai biguna legez edozein eratara ekarten txito errez zirianak, galduteko, deungatuteko, nasaituteko, bijotz gogortuteko, lotsa gaistotuteko ta pekatarituteko. Esan daikegu, zeubek dinozun moduko ume gaistuak eukitia, zeubeen erruba dala. Zeubek galdu dituzula zeubeen umiak.

        Ze erremedijo, bada, orain? Jesukristo geure Jaunak, Lazaro biztu ebanak, Jairoren alabia biztu ebanak, gaisuak osatu zitubanak, itsubai bistia emon eutseenak ta beste mirari andijak egin zitubanak, erremedijau legiz, nai izan ezkero, zeubeen seme alabaak bere. Baina onako milagro gitxi ikusten dogu, guraso deungeen ume gaistuak onduteko. Osteranzian, zer egin daikezu zeubeen ume deungaakin guraso zaar tristiak? Zeubek baino senduago dira. Karzelaan egun batzubetan egon arren, ardura ez deutsee. Konpesoriak asolbidu ez arren, ardura ez deutsee. Sermoetara juaten badira deskuiduan, sermoiari ta sermoeginari burla egiten deutsee. Zer egingo dabee, bada, guraso zaar errukarrijak?

        Ez dago, kristinaubak, nik dakidanez, erremedijo bat baino. Zer, bada? Isilik egon ta padezidu. Seme alabak deungaro azi dituzulako, guztia ta geijago zeubek merezidu dituzula sinistu, ta isilik egon ta padezidu. Seme edo alaba gaistuak bidao bat egiten badeutsu, isilik egon ta padezidu. Sorgina edo barritsuba esaten badeutsu, isilik egon ta padezidu. Burla edo sinu egiten badeutsu, isilik egon ta padezidu. Zeure gaztetako paltak ta lotsaarijak arpegijan esaten badeutsuz, isilik egon ta padezidu. Purijaz sakatu bat edo botakada bat emoten badeutsu, isilik egon ta padezidu. Oian makal zagozan lekura, arto puska bat nekez gogo bagarik jaurtegiten badeutsu, isilik egon ta padezidu. Berba gogorrak ta errazoe zitalak ta minberaak bekoki illunagaz ta asarriagaz esaten badeutsuz orduban orduban, edo belaarri ondoko bat eskintzen badeutsu, isilik egon ta padezidu. Eureen moduko lagun gaiski azitakoz etxia beteta, gau guztian zeure aurrean milla desonestidade ta pekatu egiten baditubee, isilik egon ta padezidu.

        Zeure semiak edo alabiak, ezkondu baino leenago seinak azteko etxera ekarten badeutsuz, edo kanpuan zeure patrikarati azi biar badituzu, isilik egon ta irago. Auzuak ta erriko jentia, zeure umiaren gatx eginak, lotsa txaarra ta eskandalu kaltegarrijak areen gorrotoz esaten ikutsten badituzu, isilik egon ta irago. Justizija etorten bajatzu gabaz edo egunaz zeure umia preso artutera ta karzelara eruatera, isilik egon ta irago. Zeure umiak inori egin deutsazan kaltiak ta atsekabaak gaiti, eskribau batek etxian dozuna enbargauta eruaten badeutsu, isilik egon ta irago. Zeure umia, edo erriti atera dabeela, edo karzelaan daukeela, edo galereetara erbestetu dabeela, edo urkatu dabeela entzuten badozu, isilik egon ta irago. Zeure semia edo alabia kondenau dala sinistuten badozu ta inpernuko demoninuen laguntzat konteetan badozu, san Dionisiok dinuan gurasuak legez, isilik egon ta irago. Ta zeu, leenago illda, inpernura juaten bazara umiak gaiski azi dituzulako, santa Brijidak ikutsi eban ama zori gaistoko bat legez, edo zeure umiak eta zeu, alkarri pekatu eraginda, alkar betiko galdu dozulako, zeu umiai ta umiak zeuri madarikatuka inpernuban beti egon biar badozu, Granadako Aita Prai Luis beneragarrijak dinuan gurasua ta umia legez, padezidu ta irago, irago ta padezidu.

        Ez dago, neure entzula onak, beste botikakorik. Ez dago beste pozgarririk, ume lotsa gaistokuak ta bijotz gogorrekuak daukazuzan guraso zaar tristiontzat. Jaungoikuak zuzenak, humildiak, esanekuak, maitetsubak ta txito onak emon eutsuzan, batiatu zirianian. Zeubeen kontura egon dira. Zeubek azi dituzu. Ta zeubek galdu dituzu. Alperrik dira zeubeen oraingo negarrak. Alperrik dira kexaak. Alperrik da, kriatura guztiai diadarka ta bidaoka umeen kontra orain egotia. Alperrik da erijotziari dei egitia. Alperrik da desespereetia. Lau urte, sei urte, zortzi urte, amar urte, amalau, amasei urte zitubeenian, edadiari jagokan moduban, bajau bazeuntseez zeubeen umiai idunak, curva cervicem filii in juventute; domau bazenduz, ezi bazenduz, txikijak zirianian, dum infans est, karinuagaz, maitetasunagaz, ondo esanagaz ta obeto erakutsijagaz, exenplu onagaz, gauza txaar bat sekula umeen aurrian egin ezagaz; ta au asko ez bazan, gastigubagaz, zurriagaz, saijetsak berotubagaz edo domaubagaz, tunde latera eius, ah! beste egun batzuk ikutsiko zenduzan zeure zaartzaan munduban. Beste ditxa bat eukiko zenduban zeure erijotzaan ta zeruban. Baina esan legi, oi danez, zeure umiak gaiski azijagaz, zeuretzat ta zeure umeenzat amai negargarri bat prestau dozula. Orain zaartzaan umiak emoten deutsubeezan pena, atsekaba ta naibage orreek diriala, eurak eta zeuk amai bagarik beste munduban irago ta padeziduko dituzuneen asieria.

        Gauza bi dira gurasuak umiari ondo goguan sartu biar deutsazanak: Bata, maite dabela. Bestia, gauza gatxik parkatuko ez deutsala. Umiak sinistuten badau, iru urte ditubaneti amazortzi ogeiragino, bateti, aitak eta amak maite dabeela, ondo gura deutseela, zaintuko dabeela ta jagokana, karinoz emongo deutseela; ta besteti, gauza txaarrik, pekaturik, lotsa txaarrik, ezauberazko paltarik, ez txikirik ta ez andirik parkatuko ez deutseela, nekez atsekaba emongo deutsa alako umiak guraso zaarrai. Umiak ikusten badau, gurasuak diriala kristinaubak, Jaungoikozkuak, pekatubaren gorroto andikuak, nekez izango da kristinau deungia ta lotsa txaarrekua alako umia.

        Oh, gurasuak ta umiak! Zeinbat jazo andi irakurten dirian, guztion erakutsirako! Argitu, bada, zeubeen begijak. Aukeratu oraindixe, naijago dozun aldia. Edo ume lotsagaldukuak, zaartza txaarra ta ari darraikon erijotza desditxauba. Edo bendizinoezko umiak, zaartza ondrauba ta zorijoneko erijotzia. Oh, Jaun zerukoa! Oh, Guraso nausija! Oh, guztien Aita bedeinkatuba! Zeugana biurtuten gara bijotz osuagaz. Zeuri erregututen deutsugu arima arimati, erakutsi dagijeezula guraso guztiai, eureen seme alabaak zerurako azteko jakiturija balijotsuba, ta ume guztiai, eureen gurasuak maitetuteko ta ondreetako eginbiar estuba ta grazijotsua. Eskatu dagijogun, kristinaubak, mesede au Aita zerukuari bere miserikordija neurri bagakua gaiti, Jesusen pasinoe santuba ta erijotza penazkua gaiti, ta Ama Birjina maitegarrijaren erraija bigunak gaiti. Ta onen ondorik geure arimako grazija ta zeruko betiko ditxa andija, zein opa deutsudan guztioi. Aitiaren, Semiaren ta Espiritu Santubaren izenian. AMEN.

 

aurrekoa