www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren amar agindubeetako lenengo bosteen ikasikizunak
Frai Bartolome
1816

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

JAUNGOIKUAREN LEGEKO AMAR AGINDUBEEN ASIERAKO LELENGO IKASIKIZUNA

 

zeinetan erakusten dan

dotrinia ikasteko daguan preminia.

 

        Munduba galduba daguana ta ya inok iraun ezin dabena, Eskritura Sagradubak leku askotan esango ez baleutsku bere, geuk sarritan esaten dogun gauzia da, neure entzula onak. Geuk esaten dogu, kasik isildu bagarik: kristinaubeen artian daguala pede txaarra, konpijantza gitxi, kodizija asko, malezija andija, munduko gauzeen amodijo itsuba, inoren ondasuneen enbidija, alkar ikusi ezina, arrotasunezko buru eritxija, banidadia, okasinoe prestubezak, entzute komunak, deungaro esate asko, neurri bagako desonestidadia, pekatubaren bildurrik eza ta konzienzija arinonak. Gatx oneek eta geijago kristinaubeen artian ugari dagozana, guztiok autor doguna da. Ya esan ginai Dabid erregiagaz, jente guztiak bide zuzenetati alde egin dabeela ta ondo egin gura dabenik, inor ez daguala. Edo san Juan Ebanjelistiagaz, mundu guztia malezijaren ta gatxaren artian iminita daguala.

        Oh, zeinbat estimauko litzaatekian gatx oneek erremedijeetia! Ta menturaz ez da askok uste daben baixen zeregin gatxa, munduba erremedijeetia. Bakotxak beretzat ona dan moduban, edola bere erremedijau legi. Baña onetarako ezautu biar dau kristinaubak leleengo, zegaiti daukan edo zetati jatorkon mundubari ain etxura ezaiña ta errukarrija. Ta au da dotrina onetan lelengo erakutsiko dana. Ta bigarrenian, zelan erremedijau leijan bakotxak, berari jagokana.

 

 

I.

 

        Exodoko liburuban Espiritu Santubak erakusten dabela, esan legi, munduko gatxak luzaro irauteko asipen bat. Irugarren eta laugarren belauneragino, dino Jaungoikuak, bisitauko ditubala edo kastigauko ditubala, gurasuak umeen kontra egiten ditubeen pekatubak. Gurasuak umeen kontra egiten ditubeen pekatubetati andijeena dala deritxat, neure entzula onak, guztiz engañetan ez banas, umiak deungaro aztia. Seme alabaak lotsa txaarragaz, libertade osuagaz, banidade andijagaz, dotrina on bagarik ta Jaungoikuaren bildur santuba bagarik mundubarentzat ta munduko aixe paltsuarentzat aztia da, guraso batek Jaungoikuaren aurrian eukiko daben palta ikaragarrija. Ta guraso asko dirian legez gauza onetan txito ardura bagakuak, ara emen zelan daguan beti oinian, Jaungoikuak ainbeste gorroto deutsan pekatuba. Ta onetariko pekatubak beti diraubeen legez, Jaungoikuaren kastigubak bere badirau geure kontra. Izan leiteke, bada, gurasuak seme alabaak kristinau egijazko baten moduban ta Jaungoikuaren bildur santuban azten ez ditubeen artian, mundubak daukan baixen etxura ezaina ta galduba eukitia. Ara emen mundoko gatxeeen asiera bat.

        Oraindiño esan legi Jeremias propeta santubagaz, pensamentu on baten paltiak daukala munduba galduta. Bakotxak bere artian ondo pensauko balitu gauzaak, erremedijauta legokiala munduba. Egiija esateko, gizon eta emakume guztiak pensauko balebee ondo ta sarri zer dirian, zetati dirian, nor gaiti dirian zetaragino dirian ta zetan azkenian geratuko dirian, ez leukee egiten dabeen beste zaata munduban egingo. Ta ez leukee, emoten dabeen beste penagarri, zeregin ta zeresan emongo. Pensamentu on baten paltia gaiti uts egiten ditugu bide zuzenak, aaztuten gara Jaungoikuagaz ta geroko egijeekin ta iminten dogu geure bijotzeko gogua, amodijua ta desiua luurreko gauzeetan. Ta ara emen beste sustrai bat, munduko jentia beti naastauta, okertuta, sosigu bagarik ta alkarregaz bat egin bagarik (zer egiten dabeen ta nora duazan ez dakijeen inurri aldra bat legez) bitzi izateko prutu ugarija emoten dabena. Bai, kristinaubak, seme alabeen aziera txaarra ta geu zer garian ondo ez penseetia dira asiera bi, zeintzubek eukiko dabeen munduba daguan baixen itxura galdukua, erremedijeetan ez dirian artian.

        Baña oraindiño beste gauza bat deritxat, neure entzula onak, dala munduko bake txaarrari, bitzi izateko nekiari, arimako larrijari, ilteko peniari, konzienzijako nasaitasunari, pekatuko ekandubari ta bijotzeko nai bagiari ta sosigurik ezari lekurik geijeen emoten deutsana. Au da kristinau izaten ez jakitia. Kristinau asko dagoz; baina ez dakijee geijeenak zer dan kristinau izatia. Ez dakijeez naturaleziak, errazoiak eta Jaungoikuak imini deutseezan eginbiarrak ta agindubak. Ez dakijeezan artian, ezin legijeez. Ta bakotxak bere eginbiarrari erantzuten ez deutsan artian, munduba leengo bestian egongo da, edo geruago baino geruago txaarrago izango da. Alperrik da uste ona, gogo ona ta desio ona eukitia. Ez dakijanak, deskuiduan baino azertau ezin legi. Ta gaurko egunian kasurik gitxien egiten jakon gauzia da, kristinaubaren eginbiarrak ikastia. Mundubaren usadijo paltsuak eta lege zorigestokuak zortzi amar urteko umiak bere bakijeez. Baña kristinaubaren zereginak edo eginbiarrak, eskolau anditzat eureen burubak daukeezanak bere, askok ez. Ez dau inok kansau gura, Jaungoikuari, proximuari ta bere burubari zer zor deutsan jakiten. Ez dau inok dendatu gura, Jaungoikuak geu gaiti zer egin daben zer egiten daben ta geuri zer aginduten deustzun ikasten.

        Berba baten, neure kristinaubak, ez dau inok ardurarik iminten, dotrinia biar dan moduban ikasteko. Doktrinia biar dan moduban ez dakijanak, Jaungoikua serbidu ezin legi. Jaungoikua serbiduten ez dan artian, munduba leen daguan baixen ezaina, okerra, naastauba ta deungia egongo da. Jaungoikua serbiduten ez dogun artian, geure bizitzaak izango dira penazkuak, atsekabazkuak, estubak, gusto bagakuak, sosigu bagakuak, sugia legez, luurreko gauzeetan tatarraska ta arrastaka beti dabiltzanak. Jaungoikua serbiduten ez dogun artian, geure arimaak egongo dira pekatuz naastauta, illunduta, loituta diabrubaren aginduban; geure erijotzia izango da estuba, larrija ta ikaragarrija; ta geure betiko azken azken bagakua inpernuko suba. Au da dotriniaren paltiak kristinaubari ekarten deutsan prutu mingotxa. Au guztiau Espiritu Santubak sarritan predikeetan deutsku. Ta esaten azartuten nas, dotrina onaren paltia dala geure arimako ta gorputzeko gatxik andijeenak dakazana.

 

 

II.

 

        Erremedijau legiz bada, kristinaubak, gatx oneek, noberak nai izan ezkero. Baña zelan? Dotrinia ondo ikasijagaz. Onetarako Jaungoikuak beti erakutsi deusku, geure adilia edo entendimentuba berez laburra dana, zeruko misterijuak ezaututeko. Beraren anditasuna etorri da zeruti luurrera, geuri zeruko bidiak erakustera. Adan leleengo geure gurasuari Jaungoikuak berak erakutsi eutsan beti ditxoso izateko asko eban dotrinia. Naturaleziaren legian Jaungoikuak erakutsi eutseezan patriarka santubai, geuk orain entzuten ditugun ta sinistuten ditugun pedeko misterijuak, jazo baño askozaz leenago. Moisen legiak iraun eban artian, denporarik denporara bialduten eutseezan Jaungoikuak isrraeltarrai propeta santubak, bere legia ta dotrinia erakustera. Jaungoikuaren Seme bizija mundura etorrita Ama Birjiniaren sabel garbijan gizon egin zan, ogeta amairu urtian geure artian bitzi izan zan ta kurutze baten josita il zan. Ta zer egin eban munduban? Bere gauza guztiz andijen artian bat izan zan, gizon eta emakume guztiai zer sinistu biar dabeen, zer eskatu biar dabeen, zer egin biar dabeen ta zer errezibidu biar dabeen erakustia. Apostolubeen, obispo ta sazerdote jauneen zereginetati andijeen bat edo bakarra da, kristinau piel guztiai dotrina egiijazkua ta zerurako bide zuzena erakustia. Esan legi, Eskritura Sagradubari ta Eleiza Ama santiaren espiritubari begiratu ezkero, eleisa-gizoneen zereginik andijeena dala, kristinaubai dotrinia erakustia. Lekuban lekuban berba gogorrakin zamaituten gaitu Jaungoikuak ta pena andijakin Eleisiak, gauza onetan sazerdotiok daukagun ardura txikija. Zegaiti au guztiau? Ez beste gauza gaiti, ezbada txito gauza agirija ta ezaguna dalako doktriniaren paltiak dakazan negargarrijak, bai arimarako ta bai gorputzerako. Orregaiti ene Erlijinoe sagraduba, Jaungoikuaren ta Eleisa Ama santiaren espiritubari jarraituta, ez da aspertuten orazinoiagaz, penitenzijagaz ta beste piedade ta karidadezko obra onakin kristindadiari lagundubagaz. Ezaututen dau, dotrina onaren paltia dala munduko gatx askoren sustrai indartsuba ta trabaju askogaz baino erremedijeetan ez dana. Ta alegin guztiagaz lagunduteko kristinau pielai ta kura jaunai premina andiko gauza onetan aginduten dau, desiertubak itxita, beste geure erlijinoeko konbentu guztietan predikeetako pulpitoti dotrinia domeeka arra[t]salde bakotxian ordu erdijan.

        Gauza jakina da, kristinaubak, dotrinia ondo dakijanak daukala Jaungoikuaren ezaubera geijago. Ta zeinbat Jaungoikuaren ezaubera geijago daukan kristinaubak, ainbat urrinago dago pekatubeetati ta kondeneetako bideti. Bada, jakin ezkero ondo Jaungoikuak geu gaiti egin dituban amodijozko gauzaak; Jaungoikuak geugaz daukan ontasuna, pinezia ta pazienzija neurri bagakua; geuri zeruko erreinuba emoteko daukan desio bitzija; Jesus geure Salbadore maitiak bere jaijotzaan, bitzi[t]zaan, pasinoian ta erijotzaan ta endamas altarako sakramentu santuban erakusten deustzun biguntasuna, humildadia ta karino laarregija; jakin ezkero kristinaubak bere argaltasuna, miserija ta ezer eza; berba egingo badau, pausu egingo badau ta arnasa artuko badau, popuertza Jaungoikuaren grazija ta sokorruba biar dabena; erremedijo bagarik ill biarko dabena; erijotza estuban bere bitzi guztiko pensamentu, berba ta egin guztien kontu zuzena ta gogorra artuko deutseena; oneentzat zeruba ta deungeentzat inpernuba daguana; dinot, neure entzula onak, kristinaubak jakin ezkero ta pensau ezkero ondo egiija oneek, nos azartuko litzateke pekkatu egiten, bertan illgo dan edo ez, ez dakijala?

        Onezaz ostian dotrinia biar dan moduban ez dakijana, beti dago pekatu mortalian. Nai izan arren, ondo konpesau ezin leiteke, zelan ez dakijalako. Inok asolbidu bere ezin legi ta salbau bere ezin leiteke. Dotrinia ondo ez dakijanak pekatu egitia zer dan ez daki. Bera da leleengo pekatuban jausten dana ta nekezeen jagiten dana, edo sekula jagiten ez dana. Bada, ez daki pekatubaren ezaintasuna, pekatubaren kaltia, Jaungoikuari egin deutsan injurija ta pekatuti jagiteko biar daben prestaeria. Dotriniaren paltaz dira konpesinoe paltsuetati geijeenak. Dotriniaren paltaz dagoz kristinaubak engainauta, itsututa, zerura zuzen duazalakuan, inpernurako bideti pausu bat bere uts egiten ez dabeela.

        Ta ez dauka inok zetan pensau, kristinaubak bakijeela salbeetako duina dotrina. Geijeen dakijenari bapere sobreetan ez jako. Ta palta dabeenak geijago dira, ondo dakijeenak baino. Aita geuria, abemarija, kredua, mandamentubak, ni pekatarija, salbia, neure Jesukristo Jauna, sakramentubak eta beste onako umetan buruz ikasi zirian orazinoe batzuk aoz esatia, ez da biar dan moduban dotrinia jakitia. Umeentzako popuertzakua da, orazinoe oneek buruz ikastia; baina nausijeentzako ez da asko, oneek buruz esaten jakitia. Aitu biar dabee ta jakin biar dabee berba areek zer esan gura dabeen ta zetarako dirian, itandu ezkero edozeini kontu emoteko ter[t]zijuan. Ta zeinbat kristinau dira au egingo leukeenak? Azartuten nas esaten, ezda erdijak bere. Imini daigun exenplu bat ta ez gitxitan jazoten dana. Kristinaurik geijeenak aoz esango ditubee ondo konpesetako bost gauzaak: examinia, damuba, proposituba... Ta aituten ditubee zer dirian? Bakijee zer dan doloria edo damuba? Bakijee zer biar dan damuba eukiteko? Bakijee, damubaren paltaz konpesinoia zetan geratuten dan? Bakijee jadisteko, zelan prestau biar dan? Bakijee proposituba zer dan? Ze premina andikua dan? Eukiteko zer egin biar dan? Ta egiijazkua danian, ariman zer egiten daben? Ah! Bigarrena doloria, irugarrena proposituba. Ahoz esaten guztiak edo geijeenak bakijee. Baña zer esaten dabeen, erdijak bere menturaz ondo ez.

        Emeti ezaututen da, neure entzula onak, dotriniaren paltiak ze etxura txaarra emoten deutsan mundubari ta dotrinia ikasijagaz zelan erremedijau leizan, bai munduko ta bai arimako edo eternidadeko gatxak. Dendatu gaitezan, bada, guztiok dotrina egijazkua ikastera. Ikasteko, juan biar dogu erakusten dan lekura, ezpabere sekula ikasiko ez dogu. Eskatu daijogun Jaungoikuari bere berba santuba entzuteko ta arimeetan gordetako grazija. Aitiaren, Semiaren ta Espiritu Santubaren izenian. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa