www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren amar agindubeetako lenengo bosteen ikasikizunak
Frai Bartolome
1816

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

JAUNGOIKUAREN LEGEKO AGINDUBEEN ASIERAKO BIGARREN IKASIKIZUNA
 

zeinetan erakusten dan

mundubaren asieria; gizonaren andi izatia;
ta kristandadiaren balijua.

 

        Jaungoikuak geu gaiti egin dituban gauzaak euki biar ditu kristinaubak beti goguan ta begijeen aurrian, bere eginbiarrak ikasteko. Eurak dira, geure bijotzetan Jaungoikuaren bildur santuba ta amodijua onduen iminten dabeenak. Andi andika edo salto baten legez esango deutsut bada, kristinaubak, dotrina onetan: 1. Mundubaren asieria. 2. Geure izatiaren anditasuna. 3. Kristandadiaren balijua. Entzun egidazu gogo onagaz.

 

 

I.

 

        San Pablo apostolubak esan ezkero munduko gauzai begiratuta ezaututen dala eureen Egilia, txito gauza biarrekua da kristinaubak jakitia mundubaren asierako lan arrigarrija. Onetarako sinistu biar dogu, neure kristinaubak, orain zazpi milla urte, Eleisiaren kontubari jarraituta, ez eguala kriaturaren errasturik Jaungoikuaren entendimentuti kanpora. Jaungoikua bera eguan bakarrik berez beragan ta beste gauzarik ezer bere ez eguan. Jaungoikuak ezer bere ezeti atera zituban bere birtute edo nai bategaz zerubak, luurrak, itxasuak eta zeruban, luurrian eta itxasuetan agiri dirian ta ez dirian gauza guztiak.

        Lelengo egunian edo istantian egin eban Jaungoikuak argija ta alderatu eban illunaganik. Imini eutsan argijari egunaren izena ta illunari gabarena. Bigarren egunian edo istantian egin zituban zerubak ta alderatu zituban zerugañeko urak zerupeko ureetati. Irugarren egunian edo istantian batu zituban Jaungoikuak zerupeko urak guztiak leku batera ta agertu eban liorra. Liorrari imini eutsan luurraren izena ta urak egozanari itxasuarena. Ta egun atan egin zituban luurreko arbola ta bedar jenero guztiak. Laugarren egunian edo istantian egin zituban Jaungoikuak eguzkija, illargija ta izarrak; ta imini eutseezan eureen betiko ibilerarako legiak, egunak, illak eta urtiak neurtuteko. Eguzkija egunari argi egiteko ta illargija gaberako. Bostgarren egunian edo istantian egin zituban Jaungoikuak uretan dabiltzan arrain jenero guztiak ta egaan dabiltzan txori jenero guztiak. Ta emon eutseen Jaungoikuak onei guztioi, baita arbola ta bedarrai bere, eureen erikuak sortuteko ta ondorengetara atzija iragoteko birtutia, beti munduban iraun dagijeen bitzidun guztiak. Bedeinkatu zituban dirianak, esanagaz: Azi zaitez ta geitu zaitez.

        Seigarren egunian edo istantian egin zituban Jaungoikuak luurreko alemanija ta gauza bitzi guztiak ta emon eutseen arei bere euretarikuak sortuteko alizatia edo birtutia. Aingerubak zein egunetan Jaungoikuak kriadu zituban, ez dabee bardin erakusten maisu guztiak. Baña pedeko egiija da, Jaungoikuak mundubaren asieran ezer bere ezeti egindako espirituzko kriaturaak diriana aingu[e]rubak. Areetati batzuk, san Migel aingeruba aurrerengo zala, obeidu eutseen Jaungoikuari, errazoia zan legez. Ta dira zeruban Jaungoikua goze etan dagozan aingeru onak. Beste batzuk, Luziper aurrerengo zala, eureen edertasunak arrotuta, soberbijaz beteta, ez eutseen Jaungoikuari obeidu gura izan ta Jaungoikuak soberbijazko pekatu á gaiti bota zituban inpernubetara. Ta dira ango diabrubak ta demoninuak.

        Luurreko kriatura guztiak zuzen eta artez gordetan ditubee Jaungoikuak imini eutseezan ordena, lege ta egitade edo izate modubak. Orregaiti esan eban Jaungoikuak, kriatura areek egin zitubanian, guztiak ziriala entero onak. Et erant balde bona. Alemanijaak, arrainak, txorijak, zerubak, luurrak eta beste kriatura guztiak dagoz beti pirme, Jaungoikuari obeiduten deutseela ta Jaungoikuaren anditasuna, jakiturija ta probidenzija beti predikeetan dabeela. Au da, neure entzula onak, beti kristinaubak goguan euki biar dabeena. Arri muturaginoko guztiak Jaungoikuari obeiduta, Jaungoikuaren esana eginda; gizonak Jaungoikuari ez obeidutia, Jaungoikuaren kontra pekatu egitia. Oh, zelan lotsatuko dan Jaungoikuaren aurrian pekatarija, beste kriaturaak euren moduban Jaungoikua ziur serbiduta, berak serbidu ez dabelako!

 

 

II.

 

        Seigarren egunian edo istantian bertan egin eban Jaungoikuak gizona. Pormau eban luur zati bategaz gorputz bat. Kriadu eban ezerbere ezeti espirituzko arima bat. Imini eban luurragaz egin eban gorputz atan espirituzko arimia. Ta geratu zan Jaungoikuaren etxurara ejindako gorputz eta arimazko gizona, zeiñi deritxon Adan. Au da lelengo gizona, lelengo gurasua ta munduko gizon eta emakume guztiak moduren baten izatia zor deutseena. Jaungoikuak berak, leengo dotrinaam esan dan legez, Adani emon eutsan zeruko gauzeen ezauberia, entendimentuko argija, borondate leijala ta zuzena ta beti ditxoso izateko biar eban guztija. Itxi zituban Jaungoikuak Adanen eskubetan alemanija, arrain, txori ta (arbola bateko prutuba eragotzita) beste gauza guztiak. Imini eban Jaungoikuak Adan paradisuban, munduban inok euki legizan gusto, atsegin, ondasun ta ditxa guztien artian.

        Adan bakarrik egon ez zedin, bera lo eguala, atera eutsan Jaungoikuak saijetseko azur bat, minik emon bagarik. Ta Adanen saijets azurragaz pormau eban emakume baten gorputza. Kriadu eban arima bat ezer bere ezeti. Imini eban arimia gorputz atan. Ta egin eban lelengo emakumia, zeñi deritxon Eba. Au da lelengo emakumia ta beste guztien ama. Eba imini eban Jaungoikuak Adanegaz paradisuban gatx bageko edo inozenzijako estadu ditxosuan. Modu onetan izan zan, kristinaubak, geure lelengo gurasuen asieria.

        Gizona da (ta bardin da emakumia) espirituzko arimia ta luur[r]ezko gorputza bat egindako gauzia. Gizona da aparteko pensamentubagaz Jaungoikuak bere etxurara egina. Gizona da munduko kriatura guztietati nobleena. Gizona da Jaungoikuaren zurtasun nausija beragaz daroiana. Jaungoikuak beste kriatura guztiak egin zituban gizonarentzat ta itxi zituban gizonaren eskuban. Adanen pekatuba izan ez balitz, gaur bere geure eskuban eta aginduban egongo zirian luurreko kriatura guztiak.

        Gizonaren izatiari imini deutsa Jaungoikuak bere naturaleziaren silluba. Gizonak bere adilliagaz edo entendimentubagaz igoten dau zeruragino, jasten da inpernuragino ta gorputza geldi daukala dabil pensamentubagaz mundu guztian, beste kriaturaak baño altubago, izatia daukeen gauza guztiai begiratuten dautsee gizonak. Guztiak examineetan ditu banaan banaan. Ta ez da ezegaz bere naikotuten, Jaungoikua topau artian. Borondatiagaz ameetan ditu urrineko gauza onak, urrekuak legez. Ta kriatura guztien ontasuna ezautu arren, gosez dago Jaungoikua bijotz guztiagaz ameetan ez daben artian. Gomutiagaz, iragotako giza aldijak ekarten ditu bere aurrera. Ta juizijuagaz etorkizunai begiratuten deutsee, jazotakuak balira legez.

        Gizonak asieria bauka beste kriaturaak legez, baña amairik ez dauka. Beste kriatura guztiak amaituta, utsera biurtuta bere, gizonaren gorputza ta arimia bitziko dira beti guztian, irabazten dabeen lekuban. Gizon bakotxa, mundu guztiak baño geijago balijo dabena da. Jesukristo geure Jaunaren odolagaz ta erijotziagaz erosita daguana da. Jaungoikua ezaututeko, ameetako ta zeruban beti gozeetako jaijo dana da. Gauza ona edo txaarra, berak nai dabena egiteko libertadiagaz Jaungoikuak egin dabena da. Zer geijago? Oraindino dauka gizonak gauza bat, beste kriaturak ez daukana. Au da gaiski eginagaz garbatuteko alizatia. Ura, suba, aixia, luurra, arbola ta arrijak Jaungoikuaren kriaturaak dira. Baña ez deutsee Jaungoikuak emon arei sentidurik edo sengarririk, izatia baño. Alemanijai, arrainai ta txorijai emon deutseez Jaungoikuak sengarrijak edo sentidubak eta izatia, (naturalista itsubak ukatu arren). Baña ez deutseez emon entendimentuba edo adizailia ta borondatia. Orregaiti alemanijak ez daukee ez ezauberarik ta ez amodijo egijazkorik. Aingerubai emon eutseen Jaungoikuak adizailia ta borondatia; baña ez deutsee emon aingerubai ondo edo gaiski eginagaz garbatuteko alizatia edo libertadia. Au gaiti diabrubak, juizijoko egun artian kondenau bagarik egon balira bere, ez zirian garbatuko bein egin ebeen pekatubagaz. Ta zeruko aingerubak, juizijoko egun artian zeruban sartu ez balira bere, lelenguan amau ebeen Jaungoikua ameetiari ez eutseen itxiko. Bada, aingerubai ez jakue emon, bein ondo edo gaiski eginagaz garbatuteko ta erremedijetako libertadia. Gizonaren noblezia ta kondezinoia da onetan bere apartekua. Gizonak, dino san Gregoriok, dauka izatia arrijak eta luurrak legez; sengarrijak edo sentidugarrijak eta bizitzia, alemanijak legez; adizailia ta borondatia, aingerubak legez. Ta onezaz ostian dauka gaiski egina erremedijetako ta gatxeti onera biurtuteko alizatia, beste kriaturak ez daukana. Gizonaren libertade onetan asten da obra oneen ta deungeen merezimentuba, legiaren biarra edo nezesidadia, ta bakotxak zer egin biar daben jakiteko preminia. Ara emen, kristianaubak, zeinbat doe ta grazijagaz jantzita daguan geure izate noblia. Oni darraikona da, lege santu baten ta erlijinoe egijazko baten preminia. Au ikusiko da, aituten emonagaz kristandadiaren balijua.

 

 

III.

 

        Jaungoikuak emon arren gizonari esan dan nobleza altuba, erakutsi ez baleutsa zer egin biar eban ta emon ez baleutsaz erregela edo neurgarri zuzenak eta segurubak, bere pensamentubak, berbaak eta obrak errazoezkuak eta onak izateko, ez eban ezer bere egingo. Jaungoikuaren lege edo erregela bagarik geratuko zan gizona, aixe guztietara jira egiten daben kañabera bat legez. Ez eban gizonak bere buruti bakarrik sekula gauza on bat egingo, ta ez zan sekula zeruban sartuko. Baña Jaungoikuaren ontasuna ta miserikordija ez zan kontentau, gizonari alako doe ta mesede ugarijak naturalezaan emonagaz, ezbada onezaz gañera, emon eutsazan lege zuzenak eta erregela segurubak, arei begiratuta, bere egitiak eta naijak zuzendu dagizan.

        Jaungoikuaren lege edo neurgarri guztia enzerretan da amar mandamentubetan. Eurak esaten deuskubee zer egin biar dogun; ta zer egin biar ez dogun; zer esan biar dogun; ta zer esan biar ez dogun; ta zer desiau edo gura biar dogun; ta zer gura edo desiau biar ez dogun. Ta Jaungoikuaren amar agindubak baño gauza zuzenagorik ta argijagorik ezer bere ez dago, gero esango dan legez. Berba bigaz amaitu eban Jaungoikuak bere lege guztia, esanagaz: Jaungoikua amauko dozu beste gauza guztiak baño geijago; ta zure proximua, zeure buruba legez. Jaungoikua ameetako, ezautu biar da lelengo. Bada, adizailiak edo entendimentubak ezaututen ez daben gauzarik, borondatiak amau ezin legi. Jaungoikuaren ezauberia inok bere gizonari emon ezin legijo, Jaungoikuak berak baño. Orregaiti Jaungoikuak berak artu dau karguba, geuri bera nor dan erakusteko.

        Gizonaren zeregin nausija da, berba egiten deutsanian, Jaungoikuari entzutia ta sinistutia. Ta gizonaren uts egiterik andijeena da, Jaungoikuari ez entzutia ta ez sinistutia. Denpora guztietan Jaungoikuak berba egin deutsee gizonai. Ta denpora guztietan izan dira gizonak, Jaungoikuari entzun, sinistu ta obeidu deutseenak. Ta baita entzun ez deutseenak, sinistu ez deutseenak ta obeidu ez deutseenak bere. Orregaiti denpora guztietan izan dira onak eta gaistuak, justubak eta pekatarijak, santubak eta kondenaubak.

        Naturaleziaren legian Adan, Eba, Noe, Abraan ta beste asko justubak eta santubak zirian. Eskribidutako legian Moises, Josue, Dabid... justubak eta santubak zirian, Jaungoikuari entzun, sinistu eta obeidu eutseelako. Ta Kain zorigestokuaganik asita, denpora guztietan izan dira pekatarijak eta kondenaubak, Jaungoikuaren berbia sinistu ez dabeelako, edo sinistuta, gorde ez dabeelako.

        Jesus geure Salbadore ta Erakusla maitiak erakutsi deutsku leenagoko guztiak baño ezagunago, geu salbeetako entzun, jakin, sinistu ta egin biar dogun guztia. Ebanjelijoko berbia da Jesukristo geure Jaunaren berbia. Ta ebanjelijuak esaten dabena entzutia, sinistutia ta egitia da, Jesukristoren diszipulu edo kristinau izatia, kreduaren azkeneko berbeetan esango dan legez. Kristinau izateko biar da pede bat, bautismo bat ta Eleisa bat. Pede bagarik, bautismo bagarik ta Eleisa bagarik ez dago kristinaurik, ez gizonarentzat salbazinoerik. Orregaiti jentilak, judegubak, moruak eta erejiak, batzuk pederik eta bautismorik ez daukeelako; ta bestiak Eleisa egiijazkorik ez daukeelako, guztiak kondenetan dira lastima gorrijan. Kristinau izatia da zerura juateko popuertzako bidia, baña seguruba, noberak nai izan ezkero. Ta ara emen, neure entzula onak, berba gitxitan aituten emonda mundubaren asieria, gizonaren anditasuna edo noblezia ta geure sinistutiaren edo kristandadiaren balijua. Eskatu daijogun Jaungoiko andijari, bialdu daigula bere argi santubaren erraijo bat geure arimeetara, ebanjelijoko berba gozuak bijotz onagaz entzuteko, sinistuteko ta obra egijazkuekin gordeetako. Aitiaren, Semiaren ta Espiritu Santubaren izenian, Amen.

 

aurrekoa hurrengoa