www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren amar agindubeetako lenengo bosteen ikasikizunak
Frai Bartolome
1816

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

IV. IKASIKIZUNA
 

zeinetan erakusten dan

Jaungoikuari zor deutsagun amodijua,

lauba, andija ta indartsuba dalako.

 

        Jaungoikuak mereziduten badau, neure kristinaubak, geure amodijo guztia jakituna, zuzena ta aberatsa dalako, ez dau gitxiago mereziduten lauba, andija ta indartsuba dalako. Egon zaitez entzute onagaz.

 

 

I.

 

        Lauba da Jaungoikua. Ta au gaiti bere eskatuten deutsku geure bijotzeko amodijo guztia. Laubaren izenagaz esan gura dot, zeubek esan oi dozuna. Ta da eukitia personiak modu on bat ta graziojoso bat guztienzat. Andija ta txikija, pobria ta aberatsa, zaarra ta gaztia, guztiak estimetia ta guztiai karinoz begiratutia. Buru eretxi bagakua, andiari bagakua, persona bat bere desprezietan ez dabena da duda bagarik lauba. Munduban gitxi usauba da egijazko lau izatia. Andiarija, buru eritxija ta noberak edu ondasun, jakiturija edo entzute ez daukeenai kasurik ez egitia ta ozta berba bat edo bi baino ez egitia da, giza artian sarrijen ikusten doguna. Lau errial daukazana lotsatuten da, bi baino ez daukazan bati berba egiten. Aberats batek uste dau, mesede andi bat egiten deutsala pobriari, berba bat edo agur bat eginagaz. Guraso pobre baten umia deskuiduan zerbaiten jaube egiten bada, ya ez dau entzun gura aita edo ama pobriaren izena bere. Ta oraindino gitxiago nai dau, bere etxe aberatsian sartu dakijon guraso pobria. Andiari utsa ta soberbija utsa da au. Guztiak gorroto deutseena. Baina munduban txito asko aginduten dabena. Ta beste aldeti txito asko estimeetan dana da lautasun egijazkua.

        Gogoratu daigun bada, kristinaubak, ia geure Jaungoiko ona lauba dan edo ez. Oh, neure Egila guztiz maitia! Zeu zara bakarrik egiazko lauba. Ez zara bategaz bere lotsatuten. Ez zara inogaz bere aaztuten. Ez deutsazu inori bere zeure palazijoko atia isteen. Andijeentzat ta txikijeentzat, aberatseentzat ta pobreentzat, ondraubeentzat ta desondraubeentzat, guztientzat daukazu bijotza zabalik, neure Jaungoiko ona, zeu amau ezkero. Ain opa onagaz erantzuten deutsa Jaungoikuak kurutzian josita daguan lapurrari zein Jerusalengo juez nausijari. Ain pozik sartuten da Jaungoikua Lazaro, Marta ta Madalenaren etxe humildian zein paresijo aberatsarenian. Ain gustoz berba egiten deutsa Jaungoikuak uretara doian Samariako emakume pekatarijari zein Isrraelgo legegin, agintari ta obispuai. Ain arpegi onagaz begiratuten deutsa Jaungoikuak Bera ta Eleisa guztia persegidu dituban Saulori zein da Eleisa guztiaren buru egin daben Pedrori. Oh, Jaungoikuaren bijotz zabala! Oh, zeure maite guztien erarako bijotz santuba! Zeure amodijua eskatuten deutskuzu bakarrik. Zeu amau ezkero, guztientzat zagoz prest. Moises, arzain pobriagaz berbeeta luziaguak daukaz Jaungoikuak, Ejitoko Faraon erregiagaz baino. Dabid, Arzaina sarrijago bisiteetan dau Jaungoikuak, Saul Isrraelgo erregia baino. Samuel, mutil gaztiari obeto zabalduten deutsaz zeruko jazo altubak ta santubak, Eli sazerdotiari baino. Enpin beste milla jazogaz erakusten deutsku Jaungoikuak Eskritura Sagraduban, guztientzat daukan ontasuna ta lautasuna.

        Munduban dagozan gizon ta emakume guztiai, nai diriala entzute andikuak, nai baztar baten aaztuta bitzi dirianak, nai aberatsak, nai pobriak, nai euren gatx eginak gaiti erbestetubak, nai tronu andijeetan jarrita dagozan erregiak; dan modukua dala, guztiai entzutia emoten deutsee Jaungoikuak. Guztiai edegiten deutseez bere miserikordijaren atiak Jaungoikuak, ta eskintzen deutsee borondate onagaz grazija santia ta bere adiskidetasuna. Nor arrituten ez da, kristinaubak, gogoratu ezkero Jaungoikuaren lautasun neurri bagakua? Ze gauza andija, edozeinek Jaungoikuagaz berba egin al izatia! Edozeinek, Jaungoikuagana juateko beti atia zabalik eukitia! Enpeñu bagarik, bitaarteko bagarik ta ate onduan zain egon bagarik, nos nai daben, Jaungoikuari berba egitia! Oh, Jaungoiko ona! Oh, Jesus maitegarria! Ameetan zaitut nik neure bijotz guztiagaz, ain ona, ain presta ta ain prestuba zarialako. Ta ez dakit zeinek amauko ez zaituban, gogoratu ezkero zeure ontasun neurri bagakuak.

        Zer pensau ginai, neure entzula onak, ikutsi ezkero geure Jesus, Jaungoiko ta Gizon egijazkua ain laster ta pozik doiala, mendi arteko txabola baten daguan ikezgin tristia konsoleetara, zein palazijo andi baten daguan erregiagana? Karzela atsitu, illun baten preso daguanagana, zein seda ta urre artian daguanagana? Etxe zaar, jausi pobre batera, zein aberats barrira? Ain gogoz gabaz, zein egunaz? Ain gogoz urrinera, zein urrera? Zer pensau ginai, ezbada, arritu, humildau, adorau, alabau, jaso ta amau bijotz guztiagaz geure Jaungoiko ona? Ta zer egiten dau Jaungoikuak altarako sakramentu santu atan? Mai santu atara elduten dira umiak ta nausijak, zaar ibili ezin dirianak ta arpegijan edo gorputzian gatxa daukeenak, jantzi pobria daukeenak ta jaso onik ez daukeenak, mundubak sobrautzat daukazanak ta kastigauta daukazanak, grazijaan dagozanak ta pekatuban dagozanak. Baina guztientzat dago Jesus maitia altara santuban prest, isilik ta humilde. Ta zeinek bere ontasuna geijago maite dauen, á gana dua Jesus, dana dala, atsegin geijagogaz, poz andijaguagaz ta gogo obiaguagaz. Oh, aingeru santubak! Ez zaitez kansau Jaungoiko altu, humilde ta laubaren ondo esatian. Oh, neure arimia! Begiratu egijozu zeure Jaungoiko onari, bai zeruban ta bai munduko leku guztietan. Izan arren zu oraingino bere arerijua, ameetan badozu aurrera, pozik bere adiskidetzat artuko zaitu. Urtu zaite bada, al badaizu, neure bijotz liorra, zeure Jaungoiko onaren amodijuan ta ondo esatian, ain lauba ta maitegarrija dalako. Baita andija dalako bere.

 

 

II.

 

        Andija da Jaungoikua. Ta au gaiti bere maitetu biar dogu, beste gauza guztiak baino geijago. Ez dago dudarik, neure entzula onak, gauza ona izan ezkero, zeinbat andijago, ainbat naijago ta maitiago. Gauza txikija ta gitxija, ona izan arren, ezer ezian geratuten da. Ta ez da ainbeste estimeetan. Adiskide pobria, leijala izan arren, adiskide txikija da. Urria estimauba izan arren, ain gitxi bada, asko balijo ez dau. Gauzarik oneenak, gitxi dirianian, geratuten dira ezer ezian. Baina andijak dirianian, guztien auan ta bijotzian dabiltz txito estimau.

        Jaungoikua da bada, neure kristinaubak, on guztien artian bakarrik ona, ta andi guztien artian bakarrik andija. Andija da Jaungoikua ta txito guztiz ondo esatia mereziduten dabena, dino Dabid erregiak. Nora juango nas? Esaten deutsa Errege santubak berak Jaungoikuari: Nora juango nas zeure espiritubaganik ta nora iges egingo dot zeure arpegi santuti? Zeruragino igoten badot, zeu an zagoz. Inpernuragino jasten banaz, an bere prest zagoz. Eguak artuta iragoten banas egun sentijan itxasuen bazterreragino, an bere zeure eskubak eukiko nau. Pensau neban, menturaz illunak alderatuko nindubala zeu ganik ta gabak ezkutauko nindubala zeure aurreti. Baina gabak argi egiten deutsu, illunak legez. Gaba ta eguna zuretzat bardinak dira. Onan kanteetan eban, neure entzula onak, Dabid erregiak Jaungoikuaren anditasun neurri bagia.

        Ezin sartu leiteke gizonaren ezauberaan, ze altuba dan Jaungoikuaren anditasuna. Leku guztietan ta denpora guztietan dago Jaungoikua guztiakin ta bakotxagaz. Jaaten bagagoz, geugaz dago. Lo bagagoz, geugaz dago. Esnaatuta bagagoz, geugaz dago. Gabiltzan lekuban ta gagozan lekuban, beti geugaz dago geure Jaungoiko ona. Itxasuak baino zabalago da, zerubak baino altubago da, kriatura guztiak kabidu ezin dabeena da. Edo obeto esateko, beste gauza guztiak ezer bere ez dira, utsa dira, Jaungoikuaren anditasunagaz bat egin ezkero. Nok neurtu dau Jaungoikua? Nok ezer erakutsi deutsa? Nok ezer emon deutsa? Nori ezer eskatu deutsa? Nos egon da ezeren premi naan? Nundi urten dau mundu andi onek? Nundi itxaso ondo luzeko dunak? Nundi eguzkijak ta izarrak? Nundi aingerubak ta gizonak? Nundi zerubak? Oh! Jaungoiko andijaren espirituzko kolko altsu ta santuti urten dabee guztiak. Baina guztiak bat eginda bere, Jaungoikuaren anditasunaren ezaungarri apur bat baino ez dira. Beste milla zeru, milla mundu ta milla bidar millinoiak geituta egingo balitu bere Jaungoikuak, bere anditasun neur[r]i bagakua geratuko zan beti legez osorik.

        Oh Jaungoiko andija! Nok ameetan ez zaitu? Zer da au, kristinaubak? Ez dogu amauko geure Jaungoiko on, andi, bakarra, beste gauza guztiak baino geijago? Ez dago beti geugaz? Edo, obeto esateko, ez gagoz beti beragaz? Ez da ordu guztietan topau biar doguna, alabau biar doguna ta amau biar doguna? Ez da zorakerija itsuba, munduko gauza on iskijeen billa ibiltia, gauza on guztiak beragaz daukazan Jaungoiko andija geugaz euki ezkero? Ameetan badogu Jaungoikua, guztia da geuria. Ameetan ez badogu, dan baisen andija izan arren, beti geugaz egon arren ta guztiz ona izan arren, ez da geuria, geu kastigeetako baino. Oh, kristinaubaren itsutasuna, ain Jaungoiko andijaren bildur ez izatia! Aren lege santuba austia! Pekatuban bitzi izatia! Jaungoikuaren kontra jagitia! Oh, Jaungoikuagaz dagozan pobre aberatsak! Oh, pekatuban dagozan aberats pobriak! Oh, neure Jaungoiko guztiz andija ta guztiz bildurgarrija! Zeu ameetan zaitut neure bijotz guztiagaz ta arima guztiagaz, andija zarialako. Baita indartsuba zarialako bere.

 

 

III.

 

        Ontasun guztietan da amai bagakua geure Jaungoikua. Ta oneen artian bat da indartsuba izatia. Ezin ukatu ginai, kristinaubak, txito asko nai oi dogula geure adiskidia ezertakua, sendua ta indartsua izatia. Argala, epela ta makala bada, berak geu zaintu biarrian, geuk bera zaintu biar dogu. Orregaiti, ezertako ez danari, koitaubari, luur jota daguanari, entzute gitxi emoten deutsagu. Baina, bada geure adiskidetzatzua animosua, sendua, jarkija, indartsuba, inoren bildurrik ez daukana ta arerijo guztietati librau ginaizana, entero maite dogu. Ta agazkua ez galdutia gaiti beste bagarik, sarritan kanseetan gara.

        Jaungoikua da bada, neure entzula onak, adiskide indartsuba bakarrik. Jaungoikuaren adiskidiak bagara ta Jaungoikua ameetan badogu, ez daukagu zetan bildurrik euki inoren bere. Jaungoikuaren adiskidia banas seguru nago arerijo guztietati. Alperrik jagiko dira nire kontra galdugarri guztiak. Alperrik munduko agintari ta borregu guztiak inpernuko purija guztiakin armauko dira nire kontra; ez deustee buruko ule bat kenduko, Jaungoikua bada neure adiskidia. Inpernubaren astuzija guztiak ta mundukuen gorroto ta alizate guztiak eltxo bat bere ez dira, Jaungoiko indartsubagaz pelietako. Jaungoikuak, bere adiskidiak zaintuteko, itxasuak liortuten ditu, eguzkija geratuten dau, laba gorijak oztuten ditu, artzak eta leoiak mansotuten ditu ta naturaleziaren lege guztiak aldatuten ditu. Jonas bere adiskidia arrain baten tripan dauka bitzirik iru egunian ta andi aterata, bialduten dau predikeetara. Daniel artz goseen artian gordeetan dau pena bagarik. Babilonijako umiak laba ixiuan daukaz erre bagarik. Isrraeltarrai itxasua liortuten deutsee, Faraoneganik libreetako. Ta mendi soilian zeruti bialduten deutsee janari gozua, gose dirianeko. Lazaro illda laugarren eginian biztuten dau. San Pedro katiaz lotuta ta soldauz ingurututa daguan lekuti libreetan dau, inok igarri bagarik ... Enpin ez mundukok, ez inpernukok, ez ezek bere ezin leikegu ezer bere gatxik, geu Jaungoikuaren adiskidiak izan ezkero.

        Oh, Jaungoiko sendua ta indartsuba! Nor azartu leiteke zeure kontra ezer egiten? Nok gatx egin legijuee zeure adiskidiai? Nos itxi dozu zeu maite zaitubana, arerijuaren eskubetan, zaintu bagarik? Oh! Inos bere ez. Noe justubak ez eukan ujaleen bildurrik. Moisek ez eukan Faraonen bildurrik. Eliasek ez eukan Akazen bildurrik. Apostolubak ez eukeen inoren bildurrik. Martirijak ez eukeen inoren bildurrik. Birjina santaak ez eukeen inoren bildurrik, Jaungoikuaren adiskidiak zirialako. Zeinbat donzella argalek desapijau ditubee agintarijak, erregiak, berdigubak, karzelaak, laba gorijak ta penagarri guztiak bildur bagarik? Zer egin ebeen santa Eulaliak, santa Inesek, santa Luziak, santa Agedak ta beste millak Jaungoikuaren laguntasunagaz bakarrik? Noren bildur zan ene ama santa Teresa inpernuko demonino guztiak desapijetan zitubanian Santo Kristo bategaz? Inoren bere ez. Jaungoikuaren adiskidiak zirian; ta Jaungoikuak zaintuten zituban.

        Sinistu daigun bada, kristinaubak, Jaungoikuaren amodijorik ezak ta Jaungoikuaren adiskide izan ezak dakazala geure bijotzeetara bildurrak guztiak. Munduko ondasuneetan, adiskideetan ta luurreko gauzeetan iminten dogu geure gogua. Aaztuten gara Jaungoikuagaz. Bilatuten dogu geure ondo egotia ez daguan lekuban, ta biarren dogunian, geratuten gara utsik eta penaz beterik. Topau daigun bada, kristinaubak, Jaungoikuaren adiskidetasuna. Gorde daiguzan bere agindu santubak. Euki daigun beragan konpijantza osua. Ta amau daigun geure Jaungoiko ona lauba, andija ta indartsuba dalako. Onegaz bitziko gara seguru geure arerijuetati; ta jadijtxiko dogu zeruko betiko glorija. Aitiaren, Semiaren ta Espiritu Santubaren izenian. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa