www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren amar agindubeetako lenengo bosteen ikasikizunak
Frai Bartolome
1816

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

II. IKASIKIZUNA
 

zeinetan erakusten dan

guzurrezko juramentubak Jaungoikuari
egiten deutsan injuria;
ta inori egin oi deutsazan kaltiak.

 

        Juramentuba dan legez bateti ain gauza sagraduba ta santuba; ta besteti ikusten dan legez kristinaubeen artian ain erraztasun andija, bapere premina bagarik juramentu berbaan berbaan egiteko, nai guzurragaz ta nai egiijagaz, bai umeen artian ta bai nausijen artian; pensau dot, neure kristinaubak, dotrina onetan erakutsi biar deutsudala guzurrezko juramentubak mereziduten daben gorrotua, gurasuak eta umiak, guztiok itxi dagijozun ekandu galdubari. Jaungoikuaren aurrian txito gorroto andikua da guzurrezko juramentuba. Mundukuen artian bere gauza lotsagarrikua ta desondrauba da. Baita erejeen ta jentileen artian bere. Ikutsi daigun, bada, ze injurija egiten deutsan Jaungoiko andijari. Ta ze kaltiak ekarri oi dituban mundura juramentu paltsuak. Ta zelan erremedijau biar dirian. Entzuteko gogua eskatuten deutsut zeubeen arimako ona gaiti.

 

 

I.

 

        Pekatubaren malezija ta oitura galdubak gizonen artian azi, geitu ta zabaldu zirianian, dino san Juan Krisostomok, agertu zala mundura juramentubaren biarra. Orduban, gizonak ta emakumiak euren esaneetan guzurti agertuten zirianian, alkarren esanari pijau ezinda, asi zirian Jaungoikuari testigutzat dei egiten; Jaungoikua euren esanaren testigutzat ekarten. Au gaiti esaten dau Jesukristo geure Jaunak, ez edo bai esateko. Bada, onezaz gainerakua, dino, gatxaganik datorrela. Geure malezijati, geure guzurti izateti datorrela, dino Jesukristok. Kristinaubak bagina egijazkuak ta zuzenak, dakiguna dakigun legez, geitu, gitxitu, edertu, toloztu, ezaindu edo estaldu bagarik, geure goguan daguan legez beti esaten dogunak, ez legoke preminarik inos bere juramentu egiteko. Orduban asko izango litzaateke, alkarri sinistuteko, esatia: onan zan edo alan zan, Jaungoikuaren izen santuba testigutzat aotan artu bagarik.

        Baina gizon eta emakumiak dirian legez eureenez malezijotsubak, engainutsubak eta guzurtijak, dakijeena ez jakin egiten dabeenak; ez dakijeena, jakina legez esaten dabenak; eritxikua ta sospetxakua zuzentzat konteetan dabeenak; zuzen jakina erdiz erdi baino esan gura ez dabeenak; edo guzurra asmauta esaten dabeenak, beti dago bildurra, gizonaren edo emakumiaren berbaak egijazkuak ala guzurrezkuak ete dirian. Bildur au gaiti balijoko gauzen egiija jakiteko artuten dira testigubak, noberaren esanaren gainera. Baina munduko testigu guztiak bere gizonak edo emakumiak dira. Ta guztiak engainau ginaijeez. Biar da, bada, testigu bat, guztia dakijana ta guzurrik esan ezin legijana. Ta ara emen juramentubaren preminia. Gizonari edo emakumiari sinistuko badeutsagu duda bagarik bere esana, ekarri biar deusku testigutzat edo, san Juan Krisostomok dinuan legez, bere esanaren pijadoretzat, guztia dakijan ta guzurrik esan ezin legijan bat. Au da geure Jaungoiko zuzena ta egijazkua.

        Guztia daki geure Jaungoikuak, ta inos bere guzurrik esan ezin legi. Au gaiti Jaungoikua testigutzat aotan artuta esaten dana, sinistuten da. Ez bakarrik kristinaubeen artian, baita erejeen, judegubeen, moruen ta jentileen artian bere. Jaungoikua testigutzat artuta esatia da, gauzia sinistu eragiteko errazoe nausija gizoneen artian. Jaungoikua testigutzat artuta egiija esaten bada, sinistuten jako. Guzurra esaten bada bere, sinistuten jako, Jaungoiko egijazkua testigutzat ekarri dabelako. Baina zer egiten dau, Jaungoikua testigutzat aotan artuta, guzurra esaten dabenak? Bere partez Jaungoiko egijazkua egiten dau guzurti. Juralari paltsuak esaten dau guzurra, inor engaineetako. Ta ekarten dau Jaungoikua bere guzurraren testigutzat, Jaungoikuak egijazkotzat ta ontzat emon dagijan bere testigantza paltsua ta guzur esatia. Au da berbeeta onian Jaungoiko egijazkua bere guzur lagun egitia; testigu paltsuak esan daben guzurra, egija dala esatia. Ara emen, kristinaubak, juralari edo juramentari paltsuak Jaungoikuari egiten deutsan injuria. Bera guzurtija ta paltsua dan legez, Jaungoikua bere guzurti ta paltso egitia bere partez. Guzurrezko juramentuba egiten dabenak, bere partez ukatuten deutsa Jaungoikuari bere izate santuba ta ontasun guztia. Esaten dau moduren baten Jaungoikua dala guzurtija. Orregaiti dakar, guzurra sinistu eragiteko testigutzat. Jaungoikua guzurtija balitz, ez litzaateke izango ez zuzena, ez jakituna, ez egillia, ez ona, ez Jaungoikua; ezbada paltsua, engainutsuba, malezijotsuba ta gaistua, juralarija bera paltsua dan legez. Oh, ze injurija! Ze desprezijua! Ze desondria egiten deutsan juralari paltsuak Jaungoiko egijazkuari! Pensau ta beste bagarik ikaratuten dau kristinauba juramentu paltsuak. Oh, juralari paltso tristiak, ze karga pisutsuba artuten dozun zeubeen gainian, guzurragaz juramentu egiten dozunian! Aingerubak, santubak ta kriatura guztiak armauko dira zeubeen kontra. Guztiak predikauko dabee, egijazkua dala geure Jaungoikua, zubek guzurti egin gura izan arren. Zaintuko dabee Jaungoikuaren ondria ta bengauko dira juralari paltsuaren kontra.

        Ta ez pensau, neure entzula onak, injurija andi au Jaungoikuari egiteko, juezaren aurrian egin biar dala juramentu paltsua; edo proximuari etorri biar jakola kaltia zeubeen guzurrezko juramentubagaz. Ez. Orrako zeubeen berbaan berbaango oiturazko juramentubok, destajuban, eritxira, ondo ez dakizula, txantzaan, bada ez badaan edo barre eragiteko esaten dituzun errazoiok, lasto bat balijo ez deutsubeenok, Jaungoikua testigutzat artuta esaten dituzunok, orreek dira Jaungoiko egijazkua desondretan dabeenak. Orreek dira sakrilejijozko pekatu mortalak. Kristinau askok daukee ekandu madarikatuba, errazoe bakotxian esateko, nai guzurra dala nai egiija dala esaten dabeena: neure arimarako alan dana; argija dakutstan legez; ebanjelijua dan legez; Jaungoikorako... egija dana. Inori kalterik egin ez arren, guzurrezko juramentubak desondreetan dau ta injurijeetan dau Jaungoiko egijazkua. Kendu, kendu, kristinaubak, daukazunok ekandu gaisto ori. Segurubago da inos bere juramenturik ez egitia askozaz, dino san Anbrosiok. Ez ondo juramentu egitia pekatu dalako, ezbada guzurragaz egitia pekatu ikaragarrija dalako ta juralarijak sarri guzurragaz egiten dabelako.

        Egiijagaz, preminiagaz ta gauza onerako juramentu egitia, geure Jaungoiko ona ondreetia da. Jaungoikua egijazkotzat autortutia da. Jaungoikuak berak egin dau sarri juramentu, geure argaltasunari begiratuta, bere berba santubai indar geijago emoteko. Elias propeta santubak Isrraeli predikeetan eutsanian Jaungoikua testigutzat ekarten eutsan, egiijaak sinistu eragiteko. Propeta askok ta san Paulo apostolubak beste ainbeste egiten ebeen sarritan, jentiari eureen esanak sinistu eragiteko. Baita zurak ta arrijak Jaungoikotzat eukeezan jentilak bere, sarritan juramentu egiten ebeen, euren Jaungoiko paltsuen izenian. Baina ez zirian azartuten, dino san Agustinek, guzurragaz juramentu egiten. Bada, jentil itsubak azartuten ez baziran arrijeen ta zuren izenian juramentu guzurrrezkua egiten, zer izango da, pedia daukan kristinau batenzat, Jaungoiko egijazkuaren izenian guzurrezko juramentu egitia? Oh, kristinaubak! Ez da erraz aituten emoten, ze injurija andija egiten deutsan Jaungoikuaren izen santubari, guzurragaz juramentu egiten dabenak, nai juezaren aurrian, nai osterantzian, nai adrede ta nai benetan, nai gauza gitxijan ta nai andijan. Baita askotan guzurrezko juramentubak mundukuai bere ekarten deutseez kalte andijak. Ikutsi daigun zelan.

 

 

II.

 

        Juezak dauka eskubidia, egiija jakin biar dabenian, juramentubaren beian erasoteko bere agindupekuai sail atan dakijeena. Ta juramentubagaz esaten dana, egijatzat artuten da leku guztietan. Juezak erabagi biar daben sail atan jazoten da egotia edo proximuaren ondria, edo kleituba, edo aziendia, edo bitzitzia. Askotan maijorazgo oso bat, edo etxe bat, edo solo bat, benefizijo bat, edo irabaziko tratu bat. Beste askotan gizon baten edo pamelija oso baten pamia ta kleituba. Beste batzubetan inozente bat galdutia edo gaisto bat libreetia, edo pekatari bat kastigubagaz erremedijeetia, edo eskandalu bat erriti kendutia ta beste onetariko balijo andiko gauza asko jazoten dira. Juezak, zuzen jakinda, erabagi ta erremedijau biar ditubanak.

        Kontu egin daigun, bada, onako balijoko gauza bat jakiteko, juezak eskatuten deutsula zuri, juramentubaren beian dakizuna esatia. Bada, zuk egiten badozu guzurrezko juramentuba, okertuten dozu juzgu guztia ta juzgu geijaren erabagija. Zure guzurrezko juramentuba sinistuta, (sinistu biar daben legez, Jaungoikua testigutzat artuta esan dozulako) juezak maijorazkua, etxia, solua edo diruba kenduko deutsa jaubiari ta emongo deutsa beria ez dabenari. Persona ondrauba edo pamelija geratuko da desondrauta; ta enbusteruba, okerra edo lapurra ondriagaz. Urkamendijan edo destierruban egon biar leukiana geratuko da libre; ta inozentia urkamendijan edo destierruban. Eskandaluba ta exenplu gaistua geratuko da errijan, leen legez; ta zelo santubagaz erremedijau gura izan dabena geratuko da lotsatuta, isilduta, arpegija atera ezin dabela. Au guztiau zuk juezaren aurrian egin duzun guzurrezko juramentuba gaiti.

        Ze naastiak ta okertasunak imini legizan ta imini dituban askotan, neure entzula onak, guzurrezko juramentu batek! Nok kontau legiz bere kaltiak? Naiko zenduke, auzuak guzurrezko juramentubagaz jueza engainauta, zeuri aziendia edo kleituba galduta, pobre edo desondrau geratutia? Naiko zenduke, errurik ez daukazula, zeu destierrura bialduta, lapur bat edo gaisto bat errijan libre ta ondrau geratutia? Ez. Begiratu bada, kristinaubak, zeubeen arimaak gaiti juramentubaren itzalari ta bere ondorik dakarren errubari. Biar dan e[r]reberenzijagaz egiten bada, Jaungoikua ondreetan da juramentubagaz. Baina guzurragaz egiten bada, ta endamas juezaren aurrian, kalte ikaragarrijak dakaz bai arimarako ta bai mundurako. Ta erremedijau biar ditu juralari guzurtijak alako inori egindako kaltiak?

 

 

III.

 

        Duda bagarik, kristinaubak. Salbauko bada juralari paltsua, erremedijau biar ditu. Baina zelan? Bere konpesoriak esaten deutsan moduban. Galdu eragin deutsa guzurrezko juramentubagaz etxia, solua, diruba edo irabatzi jakina? Bada, galdu eragin deutsan beste ta kastau eragin deutsan beste biurtu biar deutsa juralari guzurtijak atzera, salbauko bada. Galdu deutsa kleituba edo ondria guzurrezko juramentubagaz? Bada, juralari paltsuak biurtu biar deutsa ondria edo kleituba galdu deutsanari, salbauko bada. Nundi daukan artian juralari guzurtijak, jaso biar deutsaz juramentu paltsuagaz proximuari egin deutsazan kaltiak, nai aziendaan, nai kleituban, nai bakian, nai osasunian, salbauko bada.

        Gauza gatxa da au. Nekez ta gitxitan egiten dana da au. Baita esan ginai, nekez ta gitxitan erremedijeetako ta salbeetako arriskuban aurkituten diriala juralari paltsuak. Errazago da, neure entzula onak, juramenturik ez egitia, alako lor bildurgarrijeetan geratutia baino. Artu daigun, bada, guztiok Erromako Katezismuaren konsejuba. Ta zer? Sarri ta ondo pensauta ta ondo jakinda egin juramentu. Juramentu egitera orduko begiratu, dino, ondo ia gauza ak mereziduten daben edo ez juramentu egitia. Juramentubaren beian esan biar bada, denporia artuta, astija artuta, sosiguz pensauta prestau biar dau Jaungoiko egijazkuaren izenian juramentu egiteko, ez gorrotuagaz, ez odijuagaz, ez prijsaka; ezbada zentzunez ta kontuz juramentu geijari begiratuta, ak eskatuten dabelako. Kuidado andi onegaz egiten ez dan juramentuba, ondo pensau bagarik, priisaka ta arin aringa egiten dana izango da okerra ta nezijua. Alan oi dira, edozein gauza gitxiren gainian juramentubagaz baietz esaten dabeenak. Juizijoz baino ekandu gaistuagaz leenago juramentu egiten dabeenak. Tratalarijak, salzailiak ta eroszailiak, euren gauzaak goraago saldu edo merkiago erotsi egiteko, ardura bagarik juramentubagaz jasoten ditubee edo tatxeetan ditubee erosi edo saldu biar ditubeen gauzaak.

        Gurasuak kargu andija eukiko dabee Jaungoikuaren aurrian. Bateti eurak bildur bagarik juramentubak egiteko ekandu gaistua daukeelako ta pamelijaren aurrian sarritan egiten ditubeelako.

        Ta besteti eureen umiai ta etxekuai, juramentubak egiteko oitura galduba artuten isteen deutseelako. Artu daigun bada, kristinaubak, pekatu ikaragarri onen gorroto santuba, asarratu ez daigun jeure Jaungoiko ona ta libre egon gaitezan beste esan dirian juramentu guzurrezkuaren gatxeetati. Zerubak egin daigula onetarako grazia. Aitiaren, Semiaren ta Espiritu Santubaren izenian. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa