www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren amar agindubeetako lenengo bosteen ikasikizunak
Frai Bartolome
1816

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

II. IKASIKIZUNA
 

zeinetan erakusten dan

seme alabaak gurasuai zor deutseena.

 

        Gurasuen eginbiarrak badira andijak seme alabaak Jaungoikuaren bildur santuban azteko, oneek gurasuai zor deutseena ez da ardura gitxiago biar dabena, neure entzula onak. Gurasuak dira, Jaungoikuaz ostian, geuri izatia emon deut[s]kubeenak. Eurak dira, sarritako izerdijagaz ta nekiagaz, zer jan ta zer jantzi prestauta, emon deutskubenak. Geure ama ona da, bere sabelian arduraz ta kontuz lutzaro erabili ginduzana. Alaz ta minez nekez argitara atera ginduzana. Sarri lua galduta, sarri janari[a] itxita, aldatu, garbitu, isildu, berotu ta zaintu ginduzana. Geure guraso zintzuak dira, geure umetako mainaak, min bagako negarrak ta iletak, gurari ta tema ernegagarri guztiak, iru edo lau urte osuetan edo geijaguan ixilik ta karinoz, parkatu eutskubezanak. Eurak azi gaitubee. Eurak bitzi izaten erakutsi deutskubee. Eurak Jaungoikuaren lege santuba erakutsi deutskubee. Eurak jantzi gaitubee. Eurak emon deutskubee, edo eskolia, edo opizijua, edo daukagun bitzigarrija. Zeinbat naibaga, zeinbat kastu, zeinbat ardura, zeinbat lo galdute, zeinbat neke, dinot, padezidu ez ditubee guraso tristiak gure onerako? Baina eguno gauza on bat egin ez baleutskubee bere geure gurasuak, sortutia ta egitia baino, gurasuak dira, ta gurasuak dirialako zor deutseegu: 1. Maitetasuna. 2. Ondria. 3. Obeidutia. Ta ara emen, kristinaubak, irakaste onen geija. Entzun egizu gogo bitzijagaz.

 

 

I.

 

        Zor deutsegu geure gurasuai, dirianak diriala, nai onak ta nai arin onak, nai ondraubak ta nai desondraubak, nai ondo azi gaitubenak, nai gaiski azi gaitubenak, gurasuak dirialako zor deutsegu maitetasuna. Dinot, neure entzula onak, maite izan biar ditugula geure aita ta ama, beste proximo guztiak baino lenago. Bada, gizonaren izatia, Jaungoikuaz ostian bestek inok bere emon ez deutskuna, emon deutskubee geure gurasuak. Ta au da naturalezan daukagun ditxarik andijena. Zor deutsegu gurasuai: 1. Arpegiera biguna, berba humildiak ta lotsa ona. 2. Opa biar deutsegu gurasuai bakia, osasuna, bitzi izateko ditxa ona ta zaartza luzia. Ta oneek baino geijago, arimako grazija, erijotza santuba ta zeruko glorija. 3. Erakutsi biar d[e]utsegu ta aituten emon biar deutsegu agiriko seinaliagaz, geure bijotzian ta ariman eurentzat daukagun nai maitetsuba ta opa ona, eriak ta ordubak eskatuten dabenian. 4. Erregutu biar deutsagu Jaungoikuari geure gurasuen arimako ta bitzitzako oneraak gaiti, bitzi dirian artian ta ill ditezanian euren arimak gaiti. Au da geure gurasuai zor deutsegun maitetasuna edo amodijua. Ta onen ondorik zor deutsegu ondria.

 

 

II.

 

        Laugarren aginduban Jaungoikuak berba argijakin eskatuten deutskuna da, aita ta ama ondretia. Zer da, bada, ondretia? Norbait ondretia da, estimazinoiaren, lotsa onaren, uste onaren ta opa onaren seinale agirijak ari emotia. Alan gurasuak ondretiak gauza asko eskatuten deutskuz: 1. Beti berba ondo egin biar dogu geure gurasuak gaiti, dagozan lekuban dagozala. 2. Geure gurasuak euki arren paltak ta izan arren deungaak, ez ditugu euren paltak kontau edo azaldau biar, ezbada Jaungoikuari erregutu eurak gaiti. 3. Entzun ta artu biar ditugu esker onagaz ta nai humildiagaz, aitak eta amak emoten deutskubezan erakutsi onak eta konseju santubak. 4. Lagundu biar deutsegu alegin guztijagaz aitari ta amari euren premina ordubetan. Bai gaixorik dagozanian, bai inok persegiduten ditubanian, edo gaiski egin gura deutsenian; bai zer jan edo zer jantzi ez daukenian; ta endamas arimako peligruban dagozanian. 5. Ardura andija zor deutsee seme alabak gurasuai gaixorik dagozanian gurasuak, sakramentu santubak errezibidu bagarik ill ez ditezan ta erijotzako ordu estuban euki dagijezan kristinaubak nai oi ditubeen arimako sokorrubak. 6. Seme alabak kobru emon biar deutsee zintzoro, eurai jagokuenez, gurasuen azkeneko naijai edo borondatiai, zeintzuk geratu oi dirian testamentuban edo berbaz esanda. Au guztiau egin biar dabee seme alabak, alizatiak, eriak eta preminiak eskatu ta aginduten deutsenian, gurasuak ondretako, Jaungoikuak laugarren aginduban eskatuten daben legez.

        Sinistu biar dau kristinaubak, gurasuen kontra umiak egiten ditubeen pekatubak diriala txito Jaungoikuaren gorrotokuak. Pekatu gustiai deutsee Jaungoikuak gorroto. Baina batzuk Jaungoikuaren gorroto andijagua dakarree beste batzuk baino. Aparteko markiagaz seinalauta dagoz Eskritura Sagraduban. Ta onetarikuak dira seme alabak gurasuen kontra egiten ditubeenak. Aitari edo amari bekoki illuna imintia; arpegi asarria erakustia; berba astunak, gogorrak ta itzalsubak esatia; euren paltaak ta leenagoko deskuiduak argijan ezartia edo euren ondorik esatia; gurasuai burla egitia; dakijeela, atsakabaak ta penaak emotia; gurasuen esan onak ta konseju onak ta santubak desprezijetia edo barregeitzat entzun ta kontetia; errazoe minberekin, ta lotsa txaarragaz bildurtuta, isilduta, gurasuak imintia; preminan dagozanian, nai justiziaren eskubetan, nai karzelan, nai gaixuan, nai ez orduban, edo pobrezan, nai arerijo baten gatxian edo persekuzinoian, nai arimako biar orduban; orduban, dinot, gurasuari ez lagundutia ta esan dan moduban gurasua umiak trateetia da, Jaungoiko onari ta guraso guztien ondria zaintuten dabenari, esateko moduban, bijotzaren erdijan ikututen deutsan pekatu madarikatuba, maldizinoe askogaz zamaituta daukana.

        Aitari atsekaba emoten deutsan ta amari iges eragiten deutsan semia edo alabia, dino Espiritu Santubak, izan dedila desondrauba ta desditxauba. Aitari edo amari burla egiten deutsan umiaren begija, dino Espiritu Santubak, pikau dagijeela ibaiko belaak. Edo argiruago esateko, jan dagijeela ta iruntsi dagijeela alako ume lotsa gaistokua inpernuko pristijaak. Aitari edo amari bidao egiten deutsan umia, dino Espiritu Santubak, ill dedilla, kondenau dedilla ta bere odola bere kontra izan dedilla. Gurasuak badauke seme nezijo bat edo lotsa galduko bat, euren esana egin gura ez dabena, eruango dabee juezen aurrera seme gaistua ta esango deutsee gurasuak juezari: Gure seme au lotsa txaarrekua ta nezijua da, gure esanak ta konseju onak desprezijetan ditu. Ez deutsku obeidu gura. Jan edan gaistuetan, luxurijetan ta bide galdubetan dabil. Orduban juezak aginduta, erriko jentiak arrika ill dagijeela gurasuen esana egin gura ez daben seme lotsa galdukua. Kenduko dozu zeuben arteti alako ume nezijua. Ta Isrraelgo jentiak entzuten dabenian, ikara egingo dau. Au egiteko, dino Espiritu Santubak, gurasuen desondrako ta esker txaarreko seme ezi bagakuakin. Madarikatuba izan dedilla, dino azkenian Espiritu Santubak, aita ta ama ondreetan ez dituban umia. Ta jente guztiak esan dagijala: Amen. Maldizinoe oneek guztiok eta geijago ezarten deutseez, neure kristinaubak, Jaungoiko andijak bere Eskritura Sagraduban lotsa txaarreko, esker txaarreko ta ezi gaistoko seme alabai.

        Oh ze bildur izan biar daben bai gurasuak ta bai umiak! Gurasuak umiak ondo azteko txikitati Jaungoiko andijaren bildur santuban, zamai ikaragarri oneetati libre egon ditezan. Ta umiak euren gurasuak amau ta ondrau dagijezan karinoz, lotsa onian ta Jaungoikua gaiti, Jaungoiko altubaren asarriak kastigau ez dagizan. Kan, Noeren semia, bere aitari erreberenzija galdu eutsalako zan ta da madarikatuba inpernuban. Ez bera bakarrik, ezbada bere ondo rengetara, bere seme alabeetara bere eldu zan Jaungoikuaren maldezinoia. Esauk bere aitaren aginduba egin ez ebalako edo aitaren esanaren kontra pekatu egin ebalako, galdu eban majorazgua, galdu eban ondria, galdu eban arimia ta da madarikatuba inpernuban. Absalon, Dabiden seme lotsa gaistokua, jagi zan aita onaren kontra. Baina zerubak persegidu eban ta azkenian iru ezpatagaz josita arimia entregau eutsan Satanasi. Baina nok kontau Jaungoikuak seme alaba gaistuen kontra egin dituban kastigubak? Esan legi, pekatu jenero gitxi dagozala Jaungoikuak, munduti asita, prestago ta agirijago kastigau ditubanik, gurasuen kontra umiak egiten ditubenak baino. Gitxitan ikutsi izango da seme bat edo alaba bat bere gurasuari lotsa txaarra ekarri deutsana, naibagiak ta atsekabaak arpegijan emon deutsazana, ezaubera ona ta premina orduban sokorruba ukatu deutsana, modu txaarrian ta temaz justizijati justizijara erabili dabena, gurasuaren abisu santubai ta konseju onai burla egin deutsena... dinot kristinaubak, gitxitan edo nekez ikusi izango dala onako seme bat edo alaba bat zaartza onian auzuak ta etxekuak estimetan dabeela, erijotza ona egiten.

        Oh, ze bildurgarrijak umiak gurasuen kontra egiten dituben pekatubak! Baina, oh ze ugarijak! Ez dakit, ala gurasuai Jaungoikuak bialduten deutsen azotia dan, ala ume gaistuak eurentzat presteetan dabeena dan. Baina bai guraso askok negar egiten dabeela bijotz mingotxagaz, seme alaba gaistuak eraginda. Ez dagoz ume asko ta asko gurasoai madizinoeka? Ez dabee beste askok nai dabeena egiten etxian gurasuen esker gaistuan? Ez dabee urteten etxeti gabaz ta egunaz nai dabeen lekura, gurasuak agiraka ta diadarka dagozala? Ez dira sartuten gura dabeen etxeetan? Ez dira egoten eskandaluko lagunakin? Ez dira ibilten pekatuko lekubetan, aitak eta amak etxian euki ezinda? Ez dagoz seme alaba asko, ez gurasuak, ez kura jaunak, ez juezak ezi ezin ditubeenak? Ez dagoz beste asko gurasuai jotera egiten deutseenak ta joten ditubeenak? Ez dagoz guraso zaar asko euren etxeetan sobrauta, berba bat esaten azartuten ez diriala, baztartuta, isilduta, ikaratuta euren etxian, semiak edo alabiak, erreinak edo suinak, edo guztiak bekoki astunagaz ta berba gogorragaz aginduten deutseela ta burla egiten deutseela? Ez dagoz guraso asko, euren izerdijagaz irabazita euken puskia kendu artian berba labanak ta aginzari andijak umiak eginda, sinistuta, engainauta, eukeena umiai emonda gero gosiak illten dagozanak? Zeinbat onetariko? Zeinbat guraso zaarren kexak entzuten dira?

        Ah guraso desditxaubak! Zeubek olan portau bazinian zeuben gurasuakin, ondo mereziduba edo irabatzija daukazu zeubei beste ainbeste umiak egitia. Baina ez dira orregaiti zeuben umen pekatubak txikijago. Errukirik geijen emoten dabeenak dira guraso zaar uatubak edo ibili ezin dirianak. Eukeen guztia umiai emonda, gosia iragoten ta errazoe txaarrak entzuten bitzi dirianak. Alako umiak nai dabee guraso zaarrak laster illtia. Bana oneen kontra dira Jaungoikuaren zamai bildurgarri, esan dirianak. Egija da, gurasuak izan leitekez deungak, ordijak, lapurrak, bidaotijak, okasinoetsubak, bake txaarrekuak, desonestubak ta errazoe gaistokuetakuak. Au gurasuak deungaro egiten dabee. Espiritu Santubak esaten deutsee gurasuai bere, ez dagijuela asarratu eragin ta su artu eragin euren umiai berba deungaakin. Baina orregaiti ez deutsa umiak lotsa ona ta borondate ona galdu biar gurasuari, esan dan legez.

        Jazo leiteke gurasuak euren umiak gaiski azi ditubenak izatia. Baina gurasuen pekatubak eta gaiski eginak ez ditubee txikituko umen pekatubak. Ta deungaak izan arren gurasuak, gurasuak dira. Ta gurasuak dirialako aginduten dau Jaungoikuak ondretako. Konturik zuzenenian jazo leiteke, alako gurasuak eta umiak munduban alkarren gozo bagarik, poz bagarik edo, obeto esateko, alkarren gorrotuan ta bidaoka bitzi izatia; gurasuetati umeetara gatx onek belauneti belaunera luzaro irautia; ta negargarri andijan guztiak guraso ta ume beste mundura euren pekatuben sari txaarra artzera juatia. Oh zeinbat onetariko jazo irakurten dirian! Ondrau daiguzan bada, kristinaubak, geure gurasuak, Jaungoikuak aginduten deutskun moduban. Baita obeidu bere, Jaungoikuak aginduten deutskun gauzeetan.

 

 

III.

 

        Seme alabak gurasuai obeidu biar deutsena gauza jakina da, kristinaubak. Nos eta zetaragino da, ikasi biar dana. Santo Tomasek dino umiak gurasuai obeidu biar deutsela, arimiaren onerako ta etxeko pamelijaren onerako ta kobernurako biar dirian gauzetan. Alan umiak egin biar dabee gurasuen aginduba: 1. Dotrina ikasteko, meza santuba entzuteko, konpesatara nosik bein edo errazoezko denporan juateko aginduten deutsenian. 2. Lagun peligruzkuakin ez ibilteko, etxe sospetxakora ez juateko ta pekatuko okasi noetati aparteetako aginduten deutseenian. 3. Berba ta kanta desonestubak ez esateko, danza peligruzkuetara ez juateko ta liburu indezentiak ez irakurteko aginduten deutseenian. Oneek pekatuko okasinoiak dirialako. 4. Gabian etxeti premina bagarik ez urteteko, joko txaarretati ta tabernetati alde egiteko aginduten deutseenian. 5. Eskandaluko edo modu txaarreko jantzija eragozten deutseenian. Umeen bitzi modurako ondo dan opizijua edo ikastia aginduten deutseenian. 6. Etxeko biarretako, artu emoneko ta saldu edosiko gauzetan umiak obeidu biar deutsee gurasuai, gurasuen aginduban dagozan artian. Gauza oneetan gurasuen esana ta aginduba ez egitia, beti da pekatu. Gauza andijan bada, pekatu andija ta gauza txikijan bada, pekatu txikija.

        Ez da popuertzakua umiak gurasuai obeidutia euren estadubaren gainian. Jaungoikuak emoten deutsa eskubidia kristinaubari, zeruba irabazteko onduen deritxon estaduba artuteko. Ta gurasuak galarazo ezin legijue umiari estaduko libertadia. Egija da, Eleisiaren erakuslaak dinuenez, pekatu da umiak gurasuai kontu emon bagarik, eria daukala edo eurakin bitzi dala, ezkontzia egitia. Estaduba artutia gauza andija dalako ta, edola bere, gurasuak jakin biar dabeelako. Umiak ez deutsee obeidu biar gurasuai pekatu egiteko edo pekatuko okasinoe agirira aginduten deutseenian. Bada, leenago da Jaungoikuari obeidutia, gurasuai baino. Ta Jaungoikuak aginduten dau pekaturik ez egiteko, ez munduko guztiak gaiti, ez mundu guztia gaiti bere.

        Begiratu egizu bada, kristinauba, zelan maite izan biar ditugun geure gurasuak; zelan ondrau biar ditugun, bai bitzi dirian artian, baita ill da gero bere; ta azkenian zelan obeidu biar deutsegun ta egin biar ditugun euren agindubak, al izan ezkero, pekatu ez dirian gauzetan. Artu daigun Jesus maitiaren exenpluba, kristinaubak, gauza onetan bere. Bada, izanik zeruben ta luurren jaubia, izanik Jaungoiko egijazkua, Jesus humildiak obeidu eutseen bere amari ta aita ordekuari. San Joseperen ta Ama Birjiniaren esana egiten eban Jesusek munduban, dino ebanjelijo santubak. Oh Jesus, guraso guztien gurasua! Erakutsi egijezu, bada, guraso guztiai, euren umiak dotrina onian, humilde ta kristinau egiazko azten. Oh Jesus, Jaungoiko geure ona gaiti umetuba! Izan zaitez zeu seme alaba guztien guraso biguna. Artu gaizuz guztiok zeure grazijaren ta bildur santubaren katiapian. Biztu egizu geure gogua zeu maite izateko, zeu ondretako ta zeuri obeiduteko beste guztiai baino leenago; ta zeure ondorik, geure gurasuai zor deutsegun maitetasuna, ondria ta ob[e]idutia pageetako, ta beti zeruban zeugaz bitzi izateko. Aitiaren, Semiaren ta Espiritu Santubaren izenian. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa