www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren amar agindubeetako lenengo bosteen ikasikizunak
Frai Bartolome
1816

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

VII. IKASIKIZUNA
 

zeinetan erakusten dan

zer dan nobera ameetia.

Ta zeintzuk dirian ge[u]re proximuak.

 

        Ikasi ezkero kristinaubak, lelengo agindubak eskatuten deutsala Jaungoikua ameetako beste gauza guztiak baino geijago, ta zelan dan geure Jaungoiko ona guztiz maitegarrija, onen ondorik Jesukristo, geure Jaunaren esana ta kristinaubaren eginbiarra da, ameetia geure proximua, geure buruba legez. Ez gaitezan, bada, engaiñau, kristinaubak. Proximua ameetako daukagun aginduba, txito andija da. San Paulo apostolubak dinuanez, adulterijorik ez egitia; ezer ez oostutia; inor ez illtia; testigantza paltsorik ez emotia, ta beste Jaungoikuak aginduten deutskun guztia kabiduten da berba oneetan: amauko dozu zeure proximua, zeure buruba legez. Proximua ameetako geure buruba legez, jakin biar dogu zelan geure buruba amau biar dogun. Askok usteko dabee, bakijeela euren burubak ameetan. Ta izan leiteke eureen gorputzak ta gurarijak ameetan jakitia. Baina Jaungoikuak aginduten deutskun moduban eureen burubak ameetan dakijeenak ez dira guztiak, eze gitxijago bere. Au gaiti erakutsiko deutsut dotrina onetan: 1. Kristinaubak zelan amau biar daben bere buruba. 2. Nortzuk dirian geure proximuak. Prestau egizu entzutia.

 

 

I.

 

        Laarregijak ta gitxijegijak eragotzita dagoz lege guztian. Borondatezko ta ezauberazko gauza guztietan biar da moduba ta ordenia. Alan, kristinaubak, Jaungoikuak aginduten deutskunian proximua ameetako, ge[u]re buruba legez, moduren baten aginduten deutsku geure burubak ameetako bere. Zelan baina amau biar dau kristinaubak bere buruba? Ah, neure entzula onak! Emen dagoz utsegite asko. Geure buruba esaten danian, aituten emoten da gizon edo emakume guztia, gorputz ta arima. Arimia ta arimiari darraikozanak, ta gorputza ta gorputzari bere izatian darraikozanak da gizona edo emakumia. Ta au da bere ordeniagaz ta modubagaz bakotxak amau biar dabena. Baina zelan? Jaungoikuak aginduten daben moduban. Geure arimia ta arimako adilarija edo entendimentuba ta nailaarija edo borondatia, ta gorputza bere sentidu guztiakin Jaungoikuak geuri duarik emonak dira. Ta zetarako emon deutskuz Jaungoikuak geure burubak, gorputza ta arimia? Bera ezaututeko, bere naija egiteko, bera ameetako ta gero beti zeruban bere ontasuna gozeetako. Begaz, amau biar ditugu geure burubak Jaungoikua gaiti ta Jaungoikuarentzat. Beste gauzarik esatia, ordena guztia okertutia da. Uts egitia da.

        Amau biar dogu geure izatia, Jaungoikuari grazijaak emonda, gizon egin gaitubalako. Amau biar dogu geure arimia. Ta arimia ameetia da pekaturik ez egitia. Bada, pekatu egiten dabena da bere arimiaren arerijua. Arimia ta gorputza betiko ditxoso egiten ditubana da grazija. Ta au gura izan biar dogu, beste gauza guztiak galduta bada bere, geure buruba Jaungoikuak aginduten deutskun moduban ameetako. Gorputza ta arimia betiko zorigestoko egiten ditubana da pekatuba. Ta pekatubari gorroto izan biar deutsagu, beste gauza guztiai baino geijago, geure buruba ameetako. Amau biar dogu geure gorputza, arimiaren krijaduba dalako ta arimiari Jaungoikua serbiduten lagundu dagijon. Amau biar ditugu geure entendimentuba, borondatia ta sentzailiak edo sentidubak, arimiari ta gorputzari lagundu dagijuen Jaungoikua serbiduten ta zeruba irabazten. Amau biar ditugu bitzitzia, luzia edo laburra; geure osasuna, sendua edo makala; geure gorputzaren zatijak, osuak edo ausijak; geure kleituba, jakiturija ta beste geure izatiari ta izatiaren ontasunari darraikozan ta daukaguzan gauza guztiak. Baina guztiak Jaungoikua gaiti ta Jaungoikuaren naija egiteko. Jaungoikua serbiduteko ta obeto ameetako. Pekatuti aparteetako, biar onak egiteko ta zeruba irabazteko. Geure zeregin nausija ta bakarra dan legez Jaungoikua ameetia ta geu salbeetia, onetarako amau biar dogu geure buruba, garian guztia ta daukagun guztia. Jazoten bajaku inos ordu esturik ta ain esturik, zeinda erremedijo bagakua dan: edo grazija galdu edo begija galdu; edo pekatu egin, edo besua edo iztarra galdu; edo arimia galdu, edo bitzitzia galdu; edo Jaungoikua opendidu, edo kleituba, aziendia ta adiskidiak galdu; erabagita dauka Jesukristo geure Jaunak bere ebanjelijo santuban. Ta zer? Leenago galdu biar ditugula geure begijak, geure besuak, geure iztarrak, geure kleituba, ondasunak, adiskidiak ta bitzitzia bere, grazija galdu baino, pekatu egin baino, arimia galdu baino, Jaungoikua opendidu baino.

        Zer balijo deutsa gizonari mundu guztiak, bere arimiaren kaltian bada? dino Jesukristo geure Jaunak. Esango baleu legez Jesus, geure zeruko erakusla andijak: Oh, kristinauba! Zariana zariala, aditu egizu ta sinistu egizu, geijago balijo dabela zure arimiak, munduko ontasun, entzute andi, portuna ditxoso ta atsegingarri guztiak baino. Mundu guztia irabatzi arren zeure arimia galduten badozu, guztia galdu dozu. Arimiaren kaltia ezegaz bere erremedijauko ez dozu. Munduko gauza bat gaiti pekatu eginda kondeneetan bazara, inpernuti inok bere aterako ez zaitu. Beste leku baten esaten deustzu Jesukristo geure Jaunak dotrina au berau: Zeure begija dala medijo pekatu egiten badozu, atera egizu begija. Bada, oba dozu begi batagaz zerura juan, begija gaiti pekatu egin ta begi bijakin inpernura juan baino. Zeure eskubak pekatu eragiten badeutsu, ebagi egizu eskuba. Bada, oba dozu esku batagaz zerura juan, eskuba gaiti pekatu egin ta esku bijakin inpernura juan baino. Zeure oiña dala medijo, pekatu egiten badozu, ebagi egizu oina. Bada, oba dozu oin batagaz zerura juan, bijakin inpernura baino. Berba oneetan esaten deutsku geure Salbazaile maitiak: Begijak, eskuba, edo oina baisen maite doguna bada bere geuri pekatu eragiten deutskuna; nai aita, nai ama, nai umia, nai senidia, nai adiskidia, nai geure aziendia, nai geure kleituba, nai beste edozein gauza; dana dala, leenago galdu biar dogula, pekatu egin baino. Geijago amau biar dogula geure arimia, munduko gauza guztiak baino. Au da geure buruba ameetia, Jaungoikuak gura daben moduban.

        Ta inok dudeetan badau, ia bitzitzia gordeetia gaiti pekatu egin legijan, au bere erabagita dauka Jesukristok bere ebanjelijo santuban, nun dinuan: gorputza ill baino besterik ezin deutsunari, ez egijozu bildurrik euki; baina bildur izan zakijoz, gorputza ta arimia inpernura bota legizuzan Jaungoikuari. Emen erakusten deutsku Jesus maitiak, leenago galdu biar dogula geure bitzitzia, Jaungoikua pekatubagaz opendidu baino. Geijago amau biar dogula geure arimia bitzitzia baino. Arimia dan legez geure izate nausija ta ya betikua, Jaungoikuak bere irudira egindakua, au gaiti geure arimia ta arimako salbazinoia amau biar dogu, Jaungoikuaz urreengo, beste luurreko gauza guztiak baino geijago. Onen ondorik amau biar dogu bai geure bitzitzia, bai geure osasuna, bai geure gorputza, geure kleituba ta Jaungoikuak emon deutskun guztia. Baina oneek guztiok amau biar ditugu ta guztiakin balijau biar dogu Jaungoikuaren agindubak gordeetako, Jaungoikua bera ameetako ta geure arimia salbeetako. Arimiaren kaltian gor putza, bitzitzia, osasuna, kleituba, ondasunak, gurasuak, adiskidiak edo luurreko gauzaak ameetia da, bere burubari ondo gura ez izatia.

        Zer! Naiko zenduke zeure etxian gauza txaarra eukitia? itanduten deutsa san Agustinek pekatarijari. Ta erantzuten deutsa: Ezer bere ez zenduke naiko txaarra eukitia; ez emaztia, ez semia, ez alabia, ez krijaduba, ez krijadia, ez arkondaria ta ezda oinetakuak bere. Ta nai dozu eukitia bitzitza txaarra ta arima txaarra? Amau egizu, bada, geijago, esaten deutsa santubak, zeure arimia oinetakuak baino. Oh, zeinbat kristinauri esan legijuen beste ainbeste! Ameetan ditubee, lastima gorrija! euren burubak Jaungoikua opendiduteko ta diabruba serbiduteko. Ameetan ditubee eureen gorputzak pekatu nasaijak beragaz egiteko. Ameetan dabee eureen osasuna Jaungoikuaren lege santuba austeko. Ameetan ditubee eureen sabelak, begijak, belaarrijak, bitzitzia, ondasunak ta Jaungoikuak emonda daukeen guztia. Baina zetarako? Ah, pekatari tristiak! Sabela ta gorputza Jaungoikozat artuta, eurak serbiduteko, eurai gusto emoteko, pekatu egiteko ta arima errukarrija kondeneetako. Ta au da kristinaubak bere buruba ameetia? Esango dogu soberbijotso batek, enbidijoso batek, gorrotosu batek, guleru batek, ordi batek, kodizijotso batek, lujurijotso batek, pekatari batek ameetan dabela bere buruba? Ez. Arimiaren arerijua ta bere burubaren arerijua da, pekatu egiten dabena. Amau daiguzan bada, kristinaubak, geure burubak, Jaungoikuak aginduten deuskun moduban, proximuak ameetako geure burubak legez. Baina onetarako, jakin biar dogu, zeintzuk dirian geure proximuak.

 

 

II.

 

        Munduban dagozan gizon ta emakume guztiak dira geure proximuak. Ez euki uts egiterik, kristinaubak, gauza onetan. Nai urrekuak ta nai urrinekuak, nai errikuak ta nai erbestekuak, nai adiskidiak ta nai arerijuak, nai senidiak ta nai atziak, guztiak dira geure proximuak. Adan eta Ebaganik datozan guztiak, dino san Agustinek, dira zeure proximuak. Guztiok gara alkarren lagunak. Baina ez guztiok modu baten, zerurako ustiari begiratu ezkero. Kristinaubak izan ez arren, zeure proximuak dira. Bada, ez dakizu zuk Jaungoikuaren aurrian zer jatzoten dan. Askotan zuk, kristinau ez dalako, burla egiten deutsazuna biurtuten da Jaungoikuagana. Ta benturaz zuk baino obeto serbiduten dau, adoreetan dau ta ameetan dau Jaungoikua. Geuk jakin ez arren nortzuk eta zeinbat dirian, bagoz kristinau ez dirianeen artian kristinaubak. Ez dakigu Jaungoikuaren aurrian zer jatzoten dan, ez zer jazoko dan. Ez daki gu zeintzuk salbauko dirian edo kondenauko dirian. Orregaiti munduko gizon ta emakume guztiak euki biar ditugu geure laguntzat ta proximozat. Au da san Agustinen berbeetia.

        Emeti ateraten da kontuba, kristinaubak, gorputza ta arimia daukeen gizon ta emakume guztiak, nai diriala erejiak, nai judegubak, nai moruak, nai jentilak, nai Jaungoiko bagakuak, nai beste edozein kastatakuak, geure lagunak ta proximuak dira. Ta geure buruba legez amau biar ditugunak dira guztiak, salbauko bagara. Alan 1. amau biar ditugu, zeruban Jaungoikuagaz ditxoso dagozan aingeru, santu ta santa guztiak. Alegrau biar dogu eureen ditxa onagaz ta glorija ederragaz. Ta erregutu biar deutseegu, izan ditezala geure lagun onak zeruban Jaungoiko andijaren aurrian. 2. Amau biar ditugu purgatorijuan erreetan dagozan arima pielak, dirialako Jaungoikuaren adiskidiak; grazija ta karidadia inos galduko ez dabeenak ta zeruban santubakin beti bitziko dirianak. Errukitu biar dogu purgatorijoko arimaak daukeezan penaakin. Ta sokorridu biar ditugu orazinoiagaz, barubagaz ta beste egitade onakin, pena areetati librauta, geure bitarteko zeruban izan ditezan. Purgatorijoko arima pielak gaiti Eleisa Ama santiak erakusten deutskuna da 1. Jaungoikuaren grazijaan ta adiskidetasunian ill dirian arimaak, baina pekatu mortal ondo konpesaubeen edo pekatu txikarreen zor guztia Jaungoikuaren zuzentasunari munduban pagau bagarik ill zirianak, illda gero pagau biar dabeela zor guztia padezidubagaz. 2. Arima errukarri areek purgatorijuan dagozan artian, erriaz ta padezidubagaz baino bestelan eureentzako ezin legijeela ezer. 3. Eleisa Ama santiaren ta kristinaubeen egitade onak, limosnaak, orazinoiak, mezaak, induljenzijaak ta karidadiak, purgatorijoko arimeen izenian egin ezkero balijo deutseela, eureen zorrak pageetako ta penaak arinduteko, edo guztia edo zati bat. Ta zeinbat geijago egiten dan eureen izenian, ainbat lasterrago urtengo dabeela purgatorijoti. 4. Arima ditxoso areek seguru dagozala betiko. Ezin legileela ya pekaturik. Ta zorra pagau dagijeen istantian sartuko diriala zeruko erreinuban.

        Au da, kristinaubak, pediak erakusten deutskuna purgatorijoko arima pielak gaiti. Padezietan ta erreetan dagozan proximuak dira. Jaungoikuak ta aingerubak maite ditubeenak dira. Zeruko pamelija santuba geituko dabeenak dira. Premina andijan dagozanak dira. Menturaz geure gurasuak ta senide urrekuak dira. Ezker onekuak dira. Bada, geuk geure egitade onakin orain pena areetati libreetan baditugu, duda bagarik izango dira zeruban Jaungoiko andijaren aurrian bitarteko segurubak. Sokorridu daiguzan, bada, alegin guztijagaz purgatorijoko arima errukarrijak. Baita onezaz gainera amau biar ditugu munduko proximo guztiak, geroko dotrinan esango dan modubagaz ta ordeniagaz, salbauko bagara.

        Erregutu dagijogun bada, neure kristinaubak, geure Jaungoiko onari, erakutsi daigula bere anditasuna, geure burubak ta proximuak ameetan. Aitiaren, Semiaren ta Espiritu Santubaren Izenian. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa