www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren amar agindubeetako lenengo bosteen ikasikizunak
Frai Bartolome
1816

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

IV. IKASIKIZUNA
 

zeinetan erakusten dan

ugazaabak otseginai zor deutseena, ta otseginak ugazabai zor deutseena.

 

        Tratu baten bitartez ugazabaak ta otseginak euren burubai ezarten deutseez, neure entzula onak, leenago ez eukeezan eginbiarrak. Ugazaba batek otsegina etxera artuten dabenian, zeregin barrijak ezarten deutsaz bere burubari. Ta otsegin bat ugazaba serbidutera doianian, sartuten da ugazabaren agindupian. Ta ara emen zelan, gurasuak umiai zor deutsezan legez eginbiar batzuk ta umiak gurasuai beste batzuk, ugazabaak bere daukeezan aparteko eginbiarrak otseginen onerako; ta otseginak ugazaben onerako.

        Zeregin oneek izentetan ditu san Paulo apostolubak, bai otsegin edo krijadu krijadenak, ta bai ugazaba edo jaunenak. Ta dino Apostolu santubak: Otsegin zarianak edo krijadu edo krijada, obeidu egijeezu zeuben aragizko ugazaba edo jaunai bildurragaz ta ikariagaz, bijotzeko humildade ta zintzotasunian, Jesukristori berari legez. Ez ainbeste euren ederra gaiti ta eurak ikusi zagijezan areen esanak eginagaz, ezbada Jesukristoren kri[j]adubak legez, Jaungoikuaren borondatia gogoz ta bijotzeti eginagaz. Nai otseginak ta nai bestelakuak jakin biar dau, bada, ondo eginaren sarija artuko dabela Jaungoikuaren eskubetati. Ta zuek ugazabaak edo jaunak otseginak daukazuzanok, beste ainbeste egin eurai, zamaijak parkatuta edo zamaika beti jardun bagarik, gogoratubagaz zeruban daguala zeuben otsegineen Jaungoikua, guztien ugazaba, inor bere munduban andija edo txikija dalako, goguan geijago sartuten ez jakona. Espiritu Santubak san Paulo apostolubaren aoti esandako berba oneetan agiri da, kristinaubak, argiro otseginak zer zor deutseen euren ugazabai, ta ugazabak zer zor deutseen euren otseginai. Alkarri dautseez bitzubeen eginbiarrak. Ta entzun egizuz gogo onagaz zeintzuk dirian.

 

 

I.

 

        Laugarren aginduba gordeetako, otseginak edo krijadu krijadaak: 1. Amau biar ditubee ta estimau biar ditubee euren ugazabaak bijotz onagaz, humildadiagaz ta lotsiagaz Jaungoikuaren lekuban dagozalako. Otsegin izatia edo ez izatia noberaren eskuban dago. Baina bein otseginzara juan ezkero, ugazabari lotsa ona, humildade ta maitetasun egijazkua erakustia, Jaungoikuaren aginduba da. 2. Otseginak obeidu biar deutsee ugazabai: Bateti, etxiaren onerako biarreetan ta agindubeetan. Bada, ugazabaren esanak egiteko ta etxia serbiduteko duaz otseginzara. Besteti, obeidu biar deutsee ugazabai, euren arimeen onerako errazoez aginduten deutseezan gauzeetan. Dotrinia ikastia, sakramentu santubak errezibidutia, sermoetara ta eleisako zeregin santubeetara juatia, errosarijo santuba errezeetia, ta beste eureen arimeen onerako dirian ta errezto egin al dagijeezan gauzaak ugazabak agindu ezkero, egin biar ditubee otseginak. Beste ainbeste, pekatuti alderatuteko aginduten deutseenian. Edo joko gaistorik ez egiteko, edo maldizinoerik ez esateko, edo gabian etxeti ez urteteko, edo pekatuzko dantzeetara, adiskide deungetara eta etxe sospetxakuetara ez juateko, edo jantzi indezentiak ez erabilteko, nai beste pekatu edo pekatuko peligruba dan gauzia ugazabak agindu ezkero, egin biar dau otseginak. Ta esan biar dau konpesinoian, beste pekatuben gainera, ugazabaren agindubaren kontra egin ebana onako edo alako gauza. 3. Otseginak begiratu biar deutsee ardura andijagaz ugazabaren gauzai, endamas bere kontura ugazabak itxi ditubanai. Onen kontra otseginak egiten dabee pekatu: Leleengo: jagokuen beste biar egin ezagaz. Bigarrenian: eureen paltaz ugazabaren gauzaak galdubagaz. Irugarrenian: biar dabeen baino geijago kastaubagaz, nai gulerijeetan, nai isilikako asmuetan, nai euren kontura dagozan etxeko gauzeetan. Laugarrenian: Ugazabeen naija bagarik, etxeko gauzaak inori emonagaz. Bostgarrenian: Etxeko gauzaak ostubagaz. Ta erabatera asko izan ez arren, lapurreta txikijak alkarri badautsaz, egiten dabee pekatu andija, gauza andira elduten danian. Alperrik da esatia, soldata txikija emoten deutseela. Andijagua eskatu baino ez dauka. Edo andijagua emoten deutseen lekura juan. Bost jazo oneetan, esan dan moduban, otseginak kalte andija egiten badeutsa ugazabari, biurtu biar deutsa atzera kendu edo galdu deutsan beste. Bada, ugazabak, tratuba egin eban legez soldatia ta janarija emon ezkero, geijago zor ez deutsa. Ta andi gainera otseginak bere erruz galdu eragiten deutsana, oostuba legez da. Ta jaubiari biurtu biar jakona da.

        Oneek dira, kristinaubak, otseginen zeregin nausijak euren ugazaben ondrarako ta onerarako. Onezaz ostian otseginak estimau ta maite izan biar dabee etxia ta etxeko jentia, guztiak pamelija batekuak dirian legez. Euren ontasunari jagoka, etxian jazoten dirian paltaak, deskuiduak ta isilgauzaak, laatzak ezkutau biar ditubanak, kanpuan ez esatia ta ugazaben ondra ona ta kleitu ona gordetia. Bada, guztiak gorroto deutsen gauzia da, otsegin baten auan ugazaben paltaak, jenijuak, deskuiduak, asarriak ta etxeko pamelijaren arteko kasik popuertzako argaltasunak ta geurezko miserijaak ibiltia. Otsegin humildiak, zinzuak, isilak, esan onekuak, Jaungoikozkuak eta biarginak dira zerubak eta mundubak estimetan ditubanak. Ta duda bagarik Jaungoikuak emongo deutsee otsegintza onaren sarija euren erijotzako orduban. Baita ugazabai bere, otseginai beste ainbeste egiten badeutsee, Jaungoikuak aginduten deutsen legez. Ikusi daigun, bada, ugazabaak otseginai zer zor deutsen.

 

 

II.

Ugazaba edo jaun dirian guztiak gogoratu biar dabee, leleengo, ez daguala Jaungoikuaren aurrian ya erabagirik, andija edo txikija dalako, aberatsa edo pobria dalako, jasua edo bajukua dalako, jakituna edo ez jakina dalako. Ezbada jentila ta judeguba, zirkunzidauba ta ainbagakua, barbarua ta eszitia, krijaduba ta ugazaba, nai dan sortuera edo bitzierakua, guztiak diriala Jaungoikuarenak, ta onak izan ezkero, guztietan daguala Kristo gure Jauna. Gomuta onegaz aisaatu daikeez munduko jaunak, aberatsak ta ugazabaak euren burubetan banidadiak sortu oi dituban keiak, eritxi arruak ta andiari irago gaistokuak. Bada, Jaungoikuak, guztien Jaun bakarrak, Ugazaba bakarrak ta Aita onak, geijago gura deutsa pobre zintzuari, aberats arruari baino. Geijago krijadu leijal ta zuzenari, ugazaba aisaatubari ta bijotz gogorrekuari baino. Guztiok gara Jaungoikuaren krijadubak. Ta ojala bagina zintzuak! San Paulo apostolubak bere ondrarik andijentzat kontetan eban Jesukristoren krijadu izatia. Ta zeinbat ugazaba ta jaun biurtu dira krijadu izatera? Zeinbat krijadu pobre eldu dira ugazaba ta Jaun andi izatera? Ah! Murmurau begi mundu gaistuak onako jazo askoren gainian. Baina eurak dira Jaungoiko altsubak bere jakiturija amai bagakuan ondo neurtuta daukazan egitadiak. Eurak dira geure begijen bistati kendu biar ez ditugunak. Ta endamas, edo eukijagaz, edo entzutiagaz, edo jakiturijagaz, edo agindutiagaz, edo inoren mesediagaz beste jentiaren arteti goraago igon dabeenak. Oneek ezautu biar dabee, beerago itxi ditubeenak bere, Jaungoikuarenak diriala. Ta eurak jaso ditubanak areek bere jaso eukezala, gura izan baleu. Ta munduban itxi baditu luurraren urraago krijadu krijadaak ugazaben agindupian, zeruban goraago jasoteko itxi ditubala menturaz.

        Prestaera onegaz esaten jakue ugazabai:

        1. Amau ta estimau biar ditubeela euren otseginak bijotzeti, euren umiak balira legez.

        2. Otseginak ez badakijee doktrinia ondo, erakutsi biar deutsee ugazabaak, edo nok erakutsi imini, edo ikasteko bidia emon bateti edo besteti. Bada, ugazaben kontura dagoz otseginak, ta ugazabaak Jaungoikuari kontu emon biarko deutsee eurak gaiti.

        3. Otseginai emon biar deutsee ugazabaak denporia, etxeko laneen ta eginbiar oi dirianen kalte bagarik, sakramentu santubak errezibiduteko, Eleisako zereginetara juateko ta kristinau egijazgo baten bitzi moduba iragoteko. Bada, bere arimiaren kaltian ez dua inor bere otsegintzara, ta juan bere biar ez dau.

        4. Eragotzi biar deutsaz ugazabak otseginari pekatu dirian gauzak. Pekatuzko esanak edo eginak, pekatuzko ekandubak, egotiak, ibiltiak, etxiak eta lagunak, guraso batek umiari legez. Bada, ugazabak neurrija iminita, kontu artuten ez badeutsa otseginari onako Jaungoikuaren ondrarako ta bere arimiaren onerako egin biarretan, bestek ez deutsa artuko. Ta geratuko da otsegina ezi bagakua, kristinautasun bagakua, lotsa on bagakua ta Jaungoikuaren bildur bagakua. Ta au guztiau izango da ugazabaren erruba.

        Bakit ugazaba askok esango dabeena: Lastima andijan! Otsegunai esija iminten asi ezkero, edo euren ibiltiak galarako ezkero, areekin bakerik ezin legijala; biarrik egin gura ez dabeela; edo etxeti urteten dabeela; Jaungoikozko otsegin bat topau ezin legijala... Atxekija oneek ez dabe balijo Jaungoikuaren aurrian. Ugazabaak badira Jaungoikozkuak, topauko ditubee otseginak Jaungoikozkuak. Baina dan moduban dala, ugazaben eginbiarra da, otseginak etxian daukezan artian, onei kontu egitia ta Jaungoikuaren kontrako gauzaak eragoztia. Etxeko pamelijaren arduria ez daukana, dino Apostolu santubak, jentila baino deungaago dala. Ta ze pamelijaren ardura dauka, otseginari nai daben nasaitasun ta ibilera pekatuzkuak, gabaz ta egunaz, etxian ta kanpuan, biarra egin dagijan, parkatuten deutsazan ugazabak? Biar madarikatuba da alakua. Ta jentilla baino oba ez dana alako ugazaba.

        5. Ugazabak emon biar deutsa otseginari etxiak dakarren janarija, gosez euki bagarik. Jan urrija ta gosezko maija daguan etxian, otseginak urterik baino lapurreta geijago egingo dau.

        6. Ez deutsa ugazabak otseginari, edadiak, opizijuak ta errazoe onak aginduten daben baino biar geijago eragin biar. Ez ditu ugazabak otseginak biar alperrerijarako, leen esan dan legez. Baina, ezda gau ta egun etenaz, arrastaka, bitsa darijuela, biarrian beti erabilteko bere. Bagoz ugazaba batzuk otsegineen biarragaz inos aspertuten ez dirianak. Ze gauza andi da, bada, alako ugazabaak inos krijadu edo krijada on bat ez eukitia? Beti ituaz biarpian? Beti ugazabak otseginaren biarrari gitxi deritxola? Nai leuke otsegin Jaungoikozkuak etxian eukitia? Ta oni ezarten bajako gosia, orduban izango da etxe ondrauba otsegin zintzuak ta Jaungoikozkuak topeetako. Oh zeinbat ugazaba zeken ta kodizioso dagozan, otseginari zanetako odola bere txupauko leuskijuenak, al balegijee! Ez dira otseginak sobraubak. Ez dira edosijak. Kristinaubak dira. Geure anaiak dira. Geu edu Jesukristori kosta jakozanak dira. Ze pozgarri emoten deutsee, bada, alako ugazabaak euren otseginai, biar geijago eragin dagijuen? Konzienzijako libertadia. Biarra egin ezkero eureen gustora, atiak zabalik daukeez alako etxeetan otseginak gabaz (nai egunaz, jaijegun santuba biarrik ezin legijana izan ezkero) bigiretara, joko gaistuetara, erromedija ta piesta pekatuzkuetara, etxe edo lagun sospetxakuetara, edo jakiniko pekatuzkuetara juateko. Oh penagarrija! Zurtu, zurtu ugazabaak. Zeuben umiak ez badira bere, zeuben umien lekuban artu dituzunak dira. Zeuben umiak balira legez, Jaungoikuari kontu emon biarko deutsazuzanak dira.

        7. Ez jako otseginari biar eragotzitakorik eragin biar domeeka ta jai osuetan. Noberak egitia legez da otseginari eragitia. Zeinbat otseginek jai santubak iragoten ditubee euren erropaak adabetan, astegun baten puntada bat eurentzat egiten isteen ez deutseelako! Ugazabak zor deutsa otseginari, beste gauzarik tratuban irago ez beeben. Otseginzako errazoiak au eskatuten dau.

        8. Erabagita dauken soldatia emon biar deutsee otseginai zuzen. Azkenian, aparteko errazoerik ez daukeela, ez ditubee otseginak etxeti atera biar, urtia edo denpora izentauba eldu artian, otseginak kleituban kalterik euki ez dagijeen. Oneek dira, kristinaubak, ugazaben egin biar nausijak euren otseginen gainian. Oni darraiko otseginari berba deungarik ez esatia, exenplu deungarik ez emotia, inoren gauziari, gitxijan izan arren, oratuteko ta etxera ekarteko ez agindutia, arpegiera astunik edo gorrotokorik ez erakustia. Maite izatia, karinoz ta berba bigunakin biarra eragitia, ta beste guraso on bati bere umentzako jagokan guztia.

        Txito gauza txaarra da, otseginak gaiti leen esan dan legez, ugazabaak euren otseginen paltaak ta deskuiduak azaldeetia. Bagoz ugazaba batzuk, inos otsegin txaarrik izan ez dabeenak. Ta zegaiti? Euren kristinautasunagaz, bijotz bigunagaz, ordu oneko esan lotsa onekuagaz, pazienzijagaz ta otseginen arimako, osasuneko ta gorputzeko ardura ona ta presta artubagaz, begiratuten deutseelako otseginai. Otseginak ain onak izan ez arren lelenguan, dakutseenian aita on bat edo ama on bat ugazabaren lekuban, artuten dabee gogo barrija, etxiari ta etxeko gauza guztiai ondo begiratuteko, euren ugazaba ona ta ondraduba maite izateko ta estimeetako, guraso on bat balitz legez. Beste batzuk inos bere ez oi dabee otsegin onik. Ta zegaiti? Esanda geratu da zati bat. Onen ondorik ez gitxien dana, ugazabaak euren otseginen paltaak zabaldutia, ekandu galduba da. Ez dabee otseginak biar euren ondria ta kleituba? Ez dabee munduban bitzi biar? Zeuben umen paltaak alan azaldeetan dituzu? Bada, otseginak bere Jaungoikuarenak dira ta zor jakue ondra ona. Palta bagakorik inor bere ez dago. Ugazabari jagokana da, otseginaren paltaak aleginaz erremedijeetia. Ondo esanagaz, pazienzijagaz, lotsa onagaz ta itzalagaz, ta askotan zurria emonagaz otsegina okerra ta gaistua bada, eskuratu ta ondu biar dau ugazabak, inundi al badai. Palta andijak badaukaz otseginak, lotsa gaistokua bada, obeidu gura ez badeutsa ugazabari ta zuzendu ezin badau, denporia dabenian etxeti atera, edo leenago, preminiak eskatuten badau. Baina ez otseginaren paltaak zabaldu. Au karidadiaren kontra beti da. Ta askotan zuzentasunaren kontra bere bai.

        Ez bada aaztu, neure entzula onak, laugarren aginduko eginkizunekin. Gurasuak amau begijeez seme alabaak Jaungoikuaren izenian ta aziko ditubee zerurako. Umiai erakutsi bekijee txikitati Jaungoikuaren dotrinia, pekatubaren bildurra ta zeruko ondasunen gurarija, ta eurak izango dira ume onak, zintzuak, Jaungoikozkuak ta esanekuak. Sazerdote jaunetan gogoratu daigun Jesukristo geure Jauna bera, zeinen krijadu urrekuak dirian sazerdote guztiak. Orduban amauko ditugu ta ondrauko ditugu sazerdote guztiak, bakotxa bere lekuban, Aita Santu Erromakua, obispo jaunak, kura jaunak ta beste guztiak. Errege jaunai ta juezai begiratu daijeegun geure ongila andijai legez, eurak zaintuten dabeelako geure erreinuko, errijeetako ta etxeetako bake ona ta eukijaren zuzentasuna. Orduban eskerrak emongo deutseeguz, lelengo Jaungoiko onari ta gero geure agintarijai. Ontzat artuko ditugu euren agindubak, ta kobru emongo deutseegu gogo onagaz. Ugazabaak sinistu begijee, umen lekuban daukeezala otseginak; ta eurak estimauko ditubee, maitetuko ditubee ta begiratuko deutsee otseginai arimako ta gorputzeko premineetan, eureenak balira legez. Ta orduban eukiko ditubee aukerako otseginak ta guztiak gordeko dabee laugarren aginduba.

        Eskatu deijogun grazija andi au Ama Birjina guztiz santiari. Bera da Jaungoikuaren Ama, sazerdote guztien Ama, errege ta agintari guztien Ama, guraso ta ume guztien Ama, ugazaba ta otsegin guztien Ama. Izan zaitez zeu, Ama errukiorra, Jesus zeure seme maitiaren aurrian geure bitarteko seguruba, jaditxi daigun mesede santa au, ta onegaz zeure grazija ta zeruko glorija. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa