www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren amar agindubeetako lenengo bosteen ikasikizunak
Frai Bartolome
1816

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

II. IKASIKIZUNA
 

Lelengo mandamentubak aginduten dabena zer dan.

Ta pediaren ta esperantziaren biarra, Jaungoikua ameetako.

 

 

I.

 

        Jaungoikuaren legeko lelengo mandamentubak aginduten deutskuna da, neure kristinaubak, Jaungoikua bera ameetia, beste gauza guztiak baino geijago. Alan esaten deutsku Espiritu Santubak: Amauko dozu zeure Jauna ta Jaungoikua bijotz guztiagaz, arima guztiagaz ta gogo guztiagaz. Au da, dino Jaungoikuak, zeuri orain aginduten deutsudana. Au berau erakutsiko deutseezu zeure semiai ta semeen semiai bere bai. Ta berba oneek gordeko dituzu denpora guztietan ta leku guztietan. Jaungoikuaren amodijua eskatuten deutsku lelengo mandamentu santubak, bai aintxinako legian, bai ebanjelijo santuban ta bai beti. Judegubak itandu eutseen Jesukristo geure Jaunari, ia zein zan agindu guztietati nausijeena. Ta erantzun eutseen Jesus, geure zeruko erakusla onak: Lelengo aginduba ta nausijeena da, bijotz guztiagaz, arima guztiagaz ta gogo guztiagaz Jaungoikua ameetia.

        Mandamentu santu onek dinuan legez, Jaungoikua ametako, geure bijotzeko gurari guztiak, intenziñoe guztiak, ezauberazko pensamentu guztiak ta egite guztiak popuertza zuzendu biar ditugu geure Jaungoikuagana ta Jaungoikua serbiduteko ta ondretako gauzeetara.

        Kodizijotso edo laster aberastu gura daben batek, bere kontu, tratu ta artu emon guztiak zuzenduten dituban legez irabazteko ustiagaz, alan lelengo mandamentu santuba ondo gordeetako, kristinaubak ezauberiagaz ta adbertenzijagaz egiten daben guztia zuzendu biar deutsa Jaungoikuaren ondriari bakarrik. Ez dau gura Jaungoikuak, kristinaubaren bijotza egotia zeruko gauzeen ta luurrekuen artian naastauta; ez Jaungoikuaren ta kriatureen artian zatituta edo zabalduta. Bijotz guztia dau beria ta bijotzeko amodijo guztia nai dau beretzat. Ez dau estimeetan geure amodijua, osua ez danian. Orregaiti esaten dau Jesukristo geure Jaunak, inok bere amau ezin legizala ugazaba bi. Esango baleu legez, inok bere amau ezin legizala Jaungoikua ta munduba.

        Jaungoikua ameetan badau, ez dau munduba amauko. Ta mundoko gauzaak ameetan baditu, bitziko da Jaungoikuaren gorrotuan. Munduko gauzeetan bere gogua ta amodijua daukanak, Jaungoikua amau ezin legi; Jaungoikuaren amodijorik ez dauka. Jaungoikua ameetako gauza guztiak baino geijago, prest egon biar dau kristinaubak, biar bada, bizitzia ta beste munduko gauza guztiak bere galduteko, Jaungoikua opendidu baino leenago. Onako presteera santuba bere goguan daukanian ezaututen dau kristinaubak Jaungoikua bere egillazat, bere Jaun bakartzat ta gauza guztien burutzat.

        Orduban adoreetan dau ta alabeetan dau Jaungoiko guztiz ona. Ta autortuten dau, gauza on guztiak Jaungoikuak berak bakarrik mereziduten ditubana. Orduban ustuten dau kristinaubak bere bijotza luurreko gauzeetati ta emoten deutsa leku osua Jaungoikuari bere ariman. Orduban sinistuten dau ta ezaututen dau Jaungoiko bat baino ez daguana; zerubak eta munduba beriak ditubana ta bere eskubetan daukazana; asierarik, ez amairik ez daukana; guztiz ona, zuzena, jakituna. miserikordijosua ta guztien maitegarri bakarra dana. Orduban gordeetan ditu kristinaubak pozik eta gustoz Jaungoikuaren agindu guztiak. Ta gura leuke, gizon eta emakume guztiak Jaungoikua bera bakarrik estimeetia, serbidutia, ameetia ta alabeetia. Au da, kristinaubak, Jaungoikuak leleengo mandamentuban aginduten deutskun amodijua ta bijotzeko prestaeria. Onetarako popuertza euki biar dau kristinaubak pedia ta esperantzia. Bada, pedia bagarik inok Jaungoikua amau ezin legi, dino Apostolubak. Ta Dabid erregiak esaten deutsku, Jaungoikuagan imini biar dogula geure esperantza guztia. Orregaiti dino san Agustinek, pediagaz, esperantziagaz ta karidadiagaz adoretan dala Jaungoikua ta egiten dala leleengo mandamentubak aginduten dabena.

 

 

II.

 

        Pedia da, neure entzula onak, Jaungoikuak duarik geure adizailian edo entendimentuban iminitako doe edo birtute bat, zeñegaz sinistuten dogun Jaungoikuagan ta Jaungoikuak Eleisa Ama santiari erakutsi deutsan guztia, begijekin ikusiko bagendu baino ziurrago ta segurubago. Bautismo santubagaz emon eutskun Jaungoikuak pedia. Ta, bera dala medijo, daukagu zeruko esperantzia ta gara Jaungoikuaren semiak. Pedia da ikusi ez doguna sinistutia, Jaungoikuak esan dabelako. Ez mundubak edo mundukuak esan dabelako, ezbada Jaungoikuak berak esan dabelako. Jaungoikuak berak berba egin deutsku. Ta Eleisa Ama santiak erakusten deutsku, Jaungoikuak esan dabena zer dan ta zelan dan. Bada, san Pablo apostolubak esaten daben legez, Jaungoikuak guzurrik esan ezin legi. Ta au gaiti sinistuten dogu Jaungoikuaren esana. Ez litzateke Jaungoikua Jaungoiko izango, guzur txiki bat esan al balegi. Bada, Jaungoikuaren beraren esana da, Eleisa Ama santiari berak erakutsi deutsana; pedeko gauzeetan Eleisiak engainau ezin ginaizana; ta kristinaubeen Eleisia egiijaren zimentu seguruba ta pillar sendua dana. Eleisiak, nai baleu bere, ezin guzur txiki bat erakutsi leijo kristindadiari pedeko gauzeetan, Espiritu Santubak goberneetan dabelako.

        Promes andi au leleengo Jesukristok egin eutsan san Pedro apostolubari, leleengo Aita Santu Erromako eginda, Eleisa guztiaren arduria emon eutsanian. Imini eban luurraren gainian Jesusek san Pedro bere ordekotzat ta kristinau guztien burutzat. San Pedrori ta aren ondorengo Aita Santu Erromako guztiai esan eutseen Jesus geure Salbadore maitiak, eureen pediaren gainian jasoko ebala edo egingo ebala bere Eleisia; inpernuko atiak edo persekuzinoiak ez ebeela inos bere galduko Eleisiaren pedia ta doktrinia; Eleisiari entzuten deutsanak, Jesukristori berari entzuten deutsala; Eleisiari obeiduten deutsanak, Jesukristori berari obeiduten deutsala; Eleisiari sinistuten ez deutsanak, Jesukristo berari ez deutsala sinistuten; Eleisiaren esana egin gura ez dabenak, Jesukristoren beraren esana ez dabela egin gura. Mundubak dirauban arte guztian, Espiritu Santuba egongo dala bere Eleisiagaz. Oneek ta beste onako promes andijak egiten deutsaz, neure entzula onak, Jesukristo geure jaunak Eleisa Ama santiari edo kristandade guztiari, geure pedia ta esperantzia sendotuteko.

        Emeti agiri da, bada, kristinaubak Eleisiari sinistuteko ta obeiduteko daukeen obligazinoia. Eleisa Ama Santiak erakusten deutskuzan pedeko misterijo guztiak dira Jaungoikuak esanak. Jaungoiko bakar bat baño ez daguana; naturaleziaren ta grazijaren Egillia bera dana; Trinidadeko misterijo santuba; Jesukristoren enkarnazinoe edo gizon egitia, jaijotzia, bizitzia, kurutzeko erijotzia, illen arteti biztutia, zerubetara igotia; grazijaren biarra; sakramentuben izatia; egite oneen preminia ta balijua; pekatubaren kaltia; geure onerako nai gatxerako al izatia; arimiaren amairik eza; aragijaren biztueria; erremedijo bagako guztien illtia; popuertzako juizijua; oneentzako betiko zeruba; deungeentzako betiko inpernuba; ta beste Eleisiak erakusten deutskuzan pedeko gauzaak, guztiak dira Jaungoikuak esanak.

        Misterijo Santu oneek, Eleisiak erakusten dituban moduban sinistu bagarik, inok Jaungoikua amau ezin legi. Orregaiti Eleisati kanpora dagozan gizon eta emakumiak, zeintzuk dirian judegu, jentil, moro ta ereje guztiak, euren uts egiteetan ta engainuban dagozan artian, ezin Jaungoikua amau legijee ta ezin salbau leitekez. Zelan salbauko dira, salbeetako pedia ta doktrinia sinistuten ez badabee? Zelan amauko dabee Jaungoikua, Jaungoikuaren esana sinistuten ez badabee? Zelan juango dira zerura, zeruko bidia ukatuten badabee? Oh, ze errukarrijak dirian Jaungoikuari ta Eleisa Ama santiari sinistu ta obeidu gura ez deutseenak! Desditxadubak eta zorigaistokuak, guzurraren bideetati munduban dudaan ta kezkaan bitzita, gero inpernura zuzen duazan pede bagakuak! Itsu itsuban, kristinaubak, sinistu biar ditugu pedeko misterijo guztiak, andijak eta altubak izan arren. Zegaiti edo zelan ete diran jakiteko errazoiak topeetan ibili bagarik. Jaungoikuak esatia ta Eleisa Ama santiak erakustia da asko, geuk ziur eta pirme guztiak sinistuteko. Bestelan ezin euki ginai geure Jaungoiko onagan, ez amodijorik, ez konpijantzarik. Dudiagaz, sospetxiagaz ta ezta baidaan begiratuten badeutsat Jaungoikuaren esanari, zelan eukiko dot konpijantzia beragan? Ta, zelan bijotz guztiagaz amauko dot, guztiz seguru sinistuten ez deutsadan Jaungoikua? Sinistu biar dogu bai Jaungoikuaren esana. Baita esperantza oso bat euki bere, bere promes edo eskinsari andijeetan.

 

 

III.

 

        Esperantzia da Jaungoikuak geuri duarik emondako birtute bat, zeinegaz bitzi garian geure pekatubeen parkazinoia ta zeruko glorija zabala jadisteko uste osuan. Ez geure merezimentubak edo egite onak gaiti bakarrik, ezbada Jaungoikuaren miserikordija gaiti, Jesusen pasinoeko ta erijotzako merezimentubak gaiti, Ama Birjina maitia bitaarteko dala ta geuk Jaungoikuaren grazijagaz egin edo egiteko ustia daukagun obra onak gaiti. Esperantza santa au eukiteko erakutsi deutsku Jaungoikuak bere ontasuna ta miserikordija. Jaungoikuaren Seme bitzija gizon egiteak, donzella baten sabelian enzerrauta bereratzi illian egotiak, Jesusen Belengo jaiotza pobriak, penazko bitzitziak, kurutzeko erijotziak, pekatubak parkatuteko itxi deutskuzan sakramentubak ta Ama Birjiniaren erraija bigunak eta errukiorrak ekarten gaitubee, Jaungoikuagan esperantza oso bat eukitera.

        Amodijuaren ta miserikordijaren señalle agiri oneek emon ezkero, Jaungoikuak berak nai dau ta aginduten deutsku beragan konpijantza pirme bat eukiteko, geure arimako salbaziñoia berari eskatuteko ta, geuk geure parteti mandamentubak gorde ezkero, duda bagarik zeruko glorijaren esperantzia eukiteko. Alan animeetan ditu Espiritu Santubak kristinau guztiak zerubaren esperantzia eukitera, esaten dabenian, egon gaitezala guztiok duda bagarik Jaungoikuaren promes andijeetan; sinistu daigula duda bagarik Jaungoikua ona, miserikordijosua, zuzena ta altsuba dana, esan daben guztia egiteko. Eldu gariala, dino, zeruko ustia eukitera, zeinegaz balijeetan garian, itxasotarra ankora pirme bategaz legez. Ankora batek itxasoko onzijagaz egiten dabena, dino san Agustinek, egiten dabela zeruko esperantziak geugaz. Aixiak alde batera edo bestera ontzija itzuli gura dabenian, boteetan deutsa itxaso gizonak ontzijari ankoria, itzuli ez dedin ta pirme euki dagijan ontzija. Kristinauba bere alan eukiten dau seguru zerurako esperantziak munduko neke, trabaju, tentazinoe ta aixe txaar peliguruzko guztietan, jausi bagarik. Egiija da, zerura juateko esperantza pirmiak ez dau kenduten arimako bildur guztia. Bateti Jaungoikuaren miserikordijak ta Jesukristo geure Jaunaren merezimentubak emoten deutsee kristinaubari, salbauko dan uste osua. Ta besteti bere pekkatubak ta aurrera jausiko ete dan edo ez ete dan jakin ezak, bildurtuten dabee kristinaubaren arimia; salbauko ete dan edo kondenauko ete dan. Ez daki inok bere, zeruko aparteko abisuba bagarik, pekatuban ala grazijan daguan, Jaungoikuaren adiskidia ala arerijua dan, salbauko dan ala kondenauko dan. Orregaiti esaten dau san Pablo apostolubak, bildurragaz ta ikariagaz jadiitxi biar dogula geure arimako salbazinoia. Zerura juateko ustiagaz bildur bagarik bitzi dana, dino san Agustinek, ardura bagakua dala; ta ardura bagarik galduko dala. Ta bildurra gaiti zerurako ustiari isten deutsana, galduta daguala ta kondenauko dala. Bildur izan biar dogu, kristinaubak, pekatu egiten, kondenau ez gaitezan pekatubagaz. Baña pekatu egin arren, biurtu biar dogu Jaungoikuagana, pekatubaren parkazinoia jadisteko esperantza osuagaz. Sinistu biar dogu, Jaungoikuak parkatuko deutskuzala geure pekatu guztiak, damu egiijazkuagaz ta espe rantza osuagaz eskatuten badeutsagu. Au esperantza sendua, pirmia ta errazuazkua da. Baña pekatuban bitzi, pekkatu egin ardura bagarik, pekatuti urteteko ezer egin ez, ta zerura juango nas pensau, alkarri ez dautsa, utsegitia da, engainuba da, Jaungoikua tenteetia da. Oh, zeinbat onetariko kristinau! Pekatu mortalian urte askotan pena bagarik bitzi dira, tratu gaistuai, ekandu inpamiai ta adiskide pekatuzkuai itxi gura ez deutsee ta esperantza paltso bategaz esaten dabee: Jaungoikuak salbauko gaitu. Jaungoikua ona da. Baña ona dalako, ez dau inok opendidu biar. Eskatu daijogun, bada, Jaungoiko guztiz onari Jesusen merezimentubak gaiti, pede bitzija, esperantza oso bat ta karidade sutsu bat, bitzi garian arteko ta zeruko glorija betiko. Aitiaren, Semiaren ta Espiritu Santubaren izenian. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa