www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren amar agindubeetako lenengo bosteen ikasikizunak
Frai Bartolome
1816

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

III. IKASIKIZUNA
 

zeinetan erakusten dan

Aita Santu Erromakuari, obispo jaunai...
errege jaunai... zor deutseegun ondria ta agindubak egitia.

 

        Esanda geratu da, kristinaubak, leengo ikasikizunian, laugarren agindu santuban sartuten diriala ez bakarrik gurasuak eta umiak, ezbada baita geure arimen ardurarako ta bitzitziaren konturako Jaungoikuak bere ordian imini deuskuzanak bere; zeintzuk dirian Elexa Ama santiaren serbizailaak edo sazerdotiak ta erreinuben ta errijen burubak. Errege jaunak ta aren ordian errijak gobernetan ditubenak. Oneek dira, leleenguak geure aimen gurasuak ta bigarrenak geure aziendiaren, ondriaren ta, askotan, bitzitziaren gurasuak edo gordezailiak. Jaungoikuak aginduten deutsku onei guztioi, jagokuen moduban ta lekuban, lotsa ona ta errespeto ona ekarteko. Eurak ondretako, euren agindubak egiteko ta Jaungoikuari aparteko goguagaz eurak gaiti erregututeko.

        Eginbiar oni zerubak eskatuten deutskun legez kobru emoteko, irakatsi onetan esango deutsut, zer zor deutsagun Aita Santu Erromakuari, zer obispo jaunari, zer kura ta sazerdote jaunai, zer errege jaunai ta zer juezai. Entzun egizu, kristinaubak, ikasteko gogo onagaz.

 

 

I.

 

        Aita Santu Erromakua da, Jesukristo geure Jaunaren ordekua luurrian. Eleisa guztiaren buruba. Kristindade guztiaren pedeko ta oitura santubeetako agintarija. Geure arimen onerako gauzetan kardenal, patriarka, obispo, errege, agintari ta kristinau guztiak entzun biar deutseena. San Pedroren ta aren ondorengo Aita Santu Erromakuen eskubetan itxi ditu Jesukristo geure Jaunak zeruko giltz santubak. Aita Santu Erromakuari emon eutsan Jesus geure Librazailiak, gizonai pekatubak parkatuteko edo ez parkatuteko alizatia edo poderia. Baita Eleisa guztien arduria bere. Aita Santu Erromakua, Eleisa guztiaren buruba dan legez, bera da inpernuko etsaijaren, ereje gaistuen ta Eleisa Ama santiaren arerijuen tirorik geijen ta andijenak artuten ditubana. Bera da Jaungoikuaren sokorruba ta Espiritu Santubaren grazija onduen ta ugarijen biar dabena, Eleisa Ama santia kobernetako edo zaintuteko, ta kristinau piel guztiai zerurako bide zuzenak erakusteko. Au gaiti estimau, ondrau ta amau biar dogu kristinau guztiok Aita Santu Erromakua ta erregutu biar deutsagu Jaungoikuari bere osasuna, ontasuna, aziertuba ta arimako grazija gaiti, guztien luurreko guraso nausija dalako.

 

 

II.

 

        Obispo jaunak gaiti beste ainbeste egin biar dogu. Endamas geure obispo jauna gaiti. Obispo jaunak dira apostoluben ordekuak luurrian. Eurak imini ditu Jaungoikuak erreinubetan zabalduta Aita Santu Erromakuaren urreengo, Eleisako pedia ta dotrinia zaintuteko, gordetako ta kristinau pielai gorde eragiteko. Eurak sazerdote egin biar ditubee gizonak; beti oinian egon dedin ordiako sakramentu santuba, ta bizi dedin giza aldirik giza aldira mundubaren amairagino kristindadia edo Jesukristoren Eleisia. Obispo jaunak ezautu biar dabee sazerdote, konpesore, predikadore ta arima gordezailen jakiturija, ontasuna ta bizi moduba, sakramentu santubak ta arimen erakuste ona noren eskubetan isten dituben, jakiteko. Obispo jaunak dira geure arimen gurasuak, ardura andijak, zeregin andijak ta kontu emokizun estubak daukezanak. Orregaiti amau biar ditugu, estimau biar ditugu ta jaso biar ditugu obispo jaunak. Ta erregutu biar deutsagu Jaungoikuari kansau bagarik eurak gaiti. Baita egin bere eureen agindubak txito ziur ta gogo prestagaz, geure guraso onak dirialako.

 

 

III.

 

        Kura jaunak ta sazerdotiak, bai abadiak ta bai prailiak, oraindino urragoti zaintuten ditubee geure arimak, inpernuko etsaijak, mundu gaistuak ta aragi labanak engainau ta goitu ez dagizan zerurako bideetan. Kura jaunak ta sazerdotiak dira geure arimen argijak, geure erakuslaak, geure graziaren bideginak, geure arerijuen bildurgarrijak. Eurak dira geuri zer egin biar dogun erakusteko ispilubak, geure peligruben zelatarijak, geure konzienzijen jaubiak ta jaolaak, geure pekatuben parkazailiak, pekatarijagaz Jaungoikuaren arteko bakeginak. Edo guztia berba baten esateko Malakias propeta santubagaz, sazerdoten ezpanak ta aua dira zeruko iturri bitzijetako grazijak ta ontasunak geure arimetara iragoteko kainubak.

        Nok prediketan deutsu Jaungoikuaren berbia? Nok erakusten deutsu Jaungoikuaren naija? Nok ekarten dau berba bigaz altara santura Jesus Jaungoiko bitzija? Nok arinduten dau zure konzienzijako kargia? Nok parkatuten deutsuz zeure pekatubak? Nok emoten deutsuz sakramentu santubak? Nok animau, sendotu ta konsoletan zaitu zeure erijotzako ordu tristian? Kura jaunak ta sazerdotiak. Zeinbat bidar eldu zara konpesoriaren oinetara, zeure pekatu andijak ta ezainak larrituta, lotsatuta, bildurtuta, areen karga astuna jaso ezin dozula, kasik izerdija darijazula ta zeure salbazinoi[a]gaz dudetan asten zariala? Ta zeinbat bidar jagi zara konpesoriaren beraren oinetati, biztuta, poztuta, konsolauta, zeure pekatu andijeen karga guztia berari ezarrita, beste bat bazina legez, inos pekaturik egin ez bazendu legez, konpesore jaunaren karidadia, zelua, ontasuna, pazienzija, moduba ta atarako alizatia dala medijo? Zeinek munduban bestek egin euskezun á mesedia? Zeinek bestek emon euskion orduban zure arima triste ta larrijari á bakia? Á poza? Á atsegina? Á sosiguba? Á segurutasuna? Munduko batek bere ez. Konpesore batek baino bestek inok bere ez luurraren gainian.

        Sinistu daigun bada, kristinaubak, Jaungoikuak emon deutskuzala eleisa gizonak geure arimen onerako. Jaungoikuaren ordekuak diriala luurraren gainian. Begiratu biar deutsegula errespeto andijagaz. Amau biar ditugula, geure guraso onak dirialako. Egin biar ditugula euren agindubak, sailari jagokan moduban. Estimau, zaintu ta jaso biar dogula euren ondria. Sinistu biar dogu, txito pekatu andija dala eleisa gizonak, nai Aita Santu Erromakua, nai obispo jaunak, nai kura jaunak, nai beste sazerdote edo relijiosuak aotan gaiski erabiltia; areen esanen ta aginduben gainian burla egitia, edo eleisa gizonak desprezijetia. Jesukristo geure Jaunak itxi zituban bere ordekozat eleisa gizonak ta berak esan eutseen guztiai: zeubei entzuten deutsunak, neuri entzuten deust, ta zubek desprezijeetan zaitubanak, neu desprezijetan nau.

        Jaungoikuaren agindu santuba ikusi ezkero eleisa gizonak ondretako, Zer esan legi, neure entzula onak, ainbeste berba ezain ta desondragarri entzuten dirianian sazerdote jaunak gaiti? Edo dala ekandu galduba gaiti, edo dala konzienzija nasaijak gaiti, edo dala orrako pede gaistoko errijetati Espaina sagradura etorri dan irakatsi madarikatuba gaiti, ya esan legi kristinauben zereginetati ez dala txikarrena eleisa gizonen paltak jakitia, esatia, entzutia, geitutia, azaldeetia ta zabaldutia. Kain madarikatuba legez, arimako gurasuen deskuido bat ikusi daijeeneko, arin aringa, pozka ta barreka duaz, agiri dirianai kontetara. Abade baten edo praile baten palta bat, guzurrezkua edo egijazkua entzuten badabee, guztiak sarian sartuten ditubee, ez deutsee parkatuten euren miin gaistuagaz, ez zaarri ta ez gazteri, ez sendori ta ez argali. Eleisako estadubaren kontra, eleisa gizonen kontra dira tiro guztiak denpora desditxau onetan. Sospetxako ta eritxiko paltaak, sazerdotenak izan ezkero, salduten dira ta edosten dira pozik egijazkotzat. Destajuzkuak, zuzentzat. Ta agirikorik ez badauka, intenzinoia izango dau txaarra. Asko da eleisa gizona izatia, paltsua edo gaistua izateko munduko askoren miinian. Orain esaten dodan au berau gaiti, pensauko dozu askok, neure ondria jasoten dodala. Bada, jakin biar dozu, naguan lekuban nagualako ta alan berba egitia zeuben arimen kalte andijan dalako ta eleisa gizonen ondra ona onan erabili ez dagizun, esaten deutsudala. Bestelan zuben esanak pena andirik emoten ez deustee.

        Ez dogu esaten, kristinaubak, eleisa gizon guztiok gariala santubak, ezbada eleisa gizon guztiai zor deutsegula lotsa ona, ondra ona ta maitetasuna. Au Jaungoikuaren aginduba da. Guztiak egin biar dabeena da. Ez dago estadurik paltadunak ez daukazanik. Nire estaduba ainbat oneena izan arren, dino san Agustinek, gizona nas ta gizonen artian bitzi nas. Ez nas azartuten, dua santuba esanaz, neure etxia obia dala, esaten, Noerena baino; baina an bere bat kondenau zan. Edo Abraanena baino obia dala; baina andi bere Jaungoikuak ama semiak kanpora bota zituban. Edo Isaak patriarka santubarena baino obia dala; baina an bere seme bata gaistua zan. Edo Jakorena baino obia dala; baina an bere entzuten da, semiak senidiagaz pekatu egin ebala. Edo Dabid erregiarena baino obia dala; baina an bere seme batak arrebiagaz pekatu egin eban. Ta bestia aita mansuaren kontra armaak artu ta jagi zan. Edo Jesukristo geure Jaunagaz bitzi zan pamelija baino obia dala; baina an bere amabiren artian Judas bat paltsua zan ta Jesus, bere Aita maitegarrija saldu eutsen judegubai. Ez nas azartuten, dino azkenian santubak, neure etxia edo estaduba obia dala esaten, zeruba baino; baina zeruti bere jausi zirian ainjerubak inpernura.

        Onako humildadiagaz ta euren buruben ezauberiagaz berba egiten dabee Eleisiaren Gurasuak, estadurik santubeneko paltaak ta paltadunak gaiti. Ez mundutarrak legez, sazerdote baten palta bat ikusi edo entzun dagijeeneko, barre, txistu, geitu, zabaldu ta sazerdote guztiai ezarri. Ezkondu batek adulterijuak egiten ditubalako, esaten dozu ezkondu guztiak diriala adulterijo ginak? Ezkonduben artian ordi asko dagozalako, lapur asko dagozalako, drogeru asko dagozalako, logreru asko dagozalako, paltso asko dagozalako, kodizioso asko dagozalako, arro asko dagozalako, zeken asko dagozalako, zital asko dagozalako, esaten dozu ezkondu guztiak diriala alakuak? Ez. Zeuben estadubaren ondria nai dozu gorde dagizuben, gaisto asko estadu atan egon arren. Bada, eleisa gizonen estadubaren ondria Jaungoikuak bere kontura artuta dauka. Ta bein baino geijagotan kastigu ikaragarrijakin aituten emon dau, berak zaintuko dabena.

        Moises sazerdotiaren kontra murmurau ebalako, lepra gaisto betegaz jantzi eban Jaungoikuak Maria, Moisen beraren arrebia. Kore, Datan ta Abiron, Aaron sazerdotiaren kontra murmurau ebeelako ta sazerdote jauna desprezijau ebeelako, lurrak iruntsi zituban bitzirik inpernura. Eliseo propeta santubari burla egin eutseelako, berrogeta bi mutil ito zituben era batera otsuak. Elias Jaungoikuaren sazerdotia desprezijadu ebalako kapitan batek, zeruti jatsitako subak bertan erre eban kapitana soldau guztiakin. Ah kristinaubak! Jesukristo bera desprezijeetia da sazerdote jaunen kontra berba egitia. Erakutsi lekuban jarriko dira sazerdotiak, dino Jesukristok, ta egizu zubek, eurak esaten deutsubena; ta ez egizu egin, ona ez bada, eurak egiten dabeena. Onegaz erakusten deutsku Jesus maitiak, eleisa gizonen paltaak bere kontura dagozala. Ta kristinaubari jagokana dala, sazerdotiak ondreetia ta euren erakutsija egitia.

 

 

IV.

 

        Errege Jaunai bere zor deutseegu laugarren aginduban lotsa ona, agidubak egitia ta maite izatia. Errege jaunak dira erreinu guztiaren burubak. Jaungoikuaren gauzetarako leleengua dan legez kristindade guztian Aita Santu Erromakua, alan geure bitzitzaak, aziendaak ta ondria munduban bake onian zaintuteko dira errege jaunak lelenguak euren erreinuban. Erreinu batek zeinbat arerijo, zeinbat gatxegilla ta zeinbat ardurakizun daukazan esaten, ez da errez. Gerraak, pestiak, gose urtiak, lapurretaak, auzi gaistuak, bide bagako erijotzaak, alper askoren naija egin ezinak ta beste geure burubetara etorten ez dirian ta geure onerako dirian sail andijak gau ta egun biarrian darabilez errege jauna ta berari urreengo lagunduten deutseenak. Esan ginai, kristinaubak, ez daguala eginkizun bat, ardura geijago, buru auste geijago, naibage geijago ta arimarako ta gorputzerako peligru geijago daukanik errege jaunarena baino. Ta guztia geure bakia, bitzitzia, osasuna, ondria ta eukija zaintuteko.

        Orregaiti guztion eginbiarra da: 1. Geure errege jauna, Kristoren unjiduba dan legez, beti ondreetia esker oneko ezauberiagaz ta errespeto andijagaz. 2. Jaungoikuari erregututia, geure errege jaunari lagundu dagijon osasunagaz, zeruko argijagaz ta erreinu guztiko zuzen bidiagaz. 3. Egin biar ditugu errege jaunaren agindubak. Bada, san Pedro apostolubak esaten badau, errege deungai ta pede bagakuai bere obeiduteko, ta Baruk propheta santubak esaten beutsen Isrraeltarrai Nabukodonosor Babilonijako erregia gaiti Jaungoikuari erregututeko, ta Eleisiaren lelengo giza aldijeetako agintarijak Eleisiaren ta kristinauben gaiskinak edo tiranuak izan arren, kristinaubak ondretan bazitubeen, eurak gaiti orazinoia egiten beeben ta pekatu ez zan gauzetan obeiduten beutsen, zeinbat geijago geure errege zuzenak, kristinau egijazkuak, Jaungoikozkuak ta Aita on baten erraija bigunak daukezanak gaiti egin biar dogu guk?

 

 

V.

 

        Errege jaunaren urrengo dira ta erregen lekuban dagoz errijetako juezak. Oneek dira errijetako bake santuba, lege zuzenak ta ordena onak oinian euki eragin biar ditubenak. Juezak dira, eskandalubak, gabetako batzaar sospetxakuak, ordikerijak, lapurretak, blaspemijak, maldezinoiak, ibilte desonestubak ta beste agiriko pekatubak eragotzi biar ditubeenak. Karidadiagaz ta modu onagaz, aldagijenian, ta ezbabere kastigubagaz zaintu biar dabee euren errijetako ordena baketsuba ta Jaungoikuaren lege santuba. Bada, san Paulo apostolubak dinuan legez, ez darabilee alperrik gerrijan ezpatia, ezbada Jaungoikuak emonda dauke eskubidia juezak, gaiski egiten dabena kastigetako, liburu sagradubetan sarri irakurten dan legez.

        Alan Jaungoikuaren aginduba da, kristinaubak, bai Testamentu Zaarrijan ta bai ebanjelijoko irakatsi santuban, juezak ondrau biar dituguna, amau biar dituguna ta euren errijaren onerako agindubak egin biar dituguna. Arima guztiak, dino Apostolubak, gizon eta emakume guztiak egon biar dabee altsu nausijen agindupian. Alizate guztia dator, bada, Jaungoikuaganik. Alan agintarijari gogortuten jakona, Jaungoikuaren ordeniari gogortuten jako, dino san Paulok berak. Ta esaten deutsa Timoteo bere diszipulubari, errege jaunak ta juezak edo egintarijak gaiti erregubak ta orazinoiak egiteko Jaungoikuari. Ez dago gauza jakinagorik, neure entzula onak, kristinauben legian, munduko agintarijai zor deutsegun lotsia, leijaltasuna ta obeidutia baino.

        Oneen ondorik dira nausijaguak, zeintzuk ondrau biar ditugun Jaungoikuaren izenian. Bada, Jaungoikuak berak esaten deutsku, ondrau daiguzala persona zaarrak ta jagi gaitezala buru urdinaren aurrian. Onegaz aituten emoten deutsku, edadiari euki biar deutsagula lotsia. Ta aparteko modubagaz ondrau biar ditugula geu baino nausijago dirianak, edo geuri aginduteko edo zaintuteko eskubidia daukeenak, zeintzuk oi dirian geure erakuslak edo maisubak, geure jaolaak edo kuradoriak, geure gurasuen gurasuak edo guraso ordekuak ta zaarraguak. Oneek guztiok sartuten dira laugarren Jaungoikuaren aginduban.

        Ezautu daigun bada, kristinaubak, agindu onen kontuba artuko deutskula Jaungoikuak, besteena legez. Jaungoikuaren beraren lekuban dagozala eleisa gizon guztiak, geure salbazinoeko lanetan biarra egiteko. Ta baita errege jaunak ta juezak bere, geuri munduban bitzi izaten lagunduteko. Ta guztiak ondrau biar ditugula Jaungoikuaren izenian, ta guztiai obeidu biar deutseegula, esan dan moduban. Erregutu daijogun, bada, zerubari guztiak gaiti, emon daigun bere grazija ta betiko glorija. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa