www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren amar agindubeetako lenengo bosteen ikasikizunak
Frai Bartolome
1816

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

IV. IKASIKIZUNA
 

zeinetan erakusten dan

zer dirian blaspemijaak, maldezinoiak ta bidauak.

 

        Jaungoikuak aginduten daben moduban juramentubak eta botuak egiten dirianian, ondreetan da, neure entzula onak, Jaungoikuaren izen santuba, leengo irakatsijeetan esan dan legez. Baita botuagaz ta juramentubagaz bere desondreetan da ta injurijeetan da geure Jaungoiko andijaren izen bedeinkatuba, esanda geratu dan legez. Baina bagoz beste berbeeta batzuk ta ez gitxi kristinaubeen artian, Jaungoikuaren izen santuba desondreetan dabeenak ta karidadiari zauri andija egiten deutseenak. Onetariko berbak dira edo Jaungoikuaren beraren kontra ta santubeen kontra. Ta oni esaten jako blaspemija. Edo dira noberaren burubaren edo proximuaren gatxerako. Ta onei esaten jakue maldinoinak. Edo dira gatxaren izenak, ta onei esaten jakue bidauak, premina bagarik dirianian. Geijago edo gitxijago guztiak dira pekatubak. Ta moduren baten bigarren agindu santubaren kontra. Esango deutsut, bada, dotrina onetan: 1. Zer dan blaspemija; edo Jaungoikuaren kontrako berbia. 2. Zer dirian maldezinoiak. 3. Zer dirian bidauak. Entzun egizu kuidadoz.

 

 

I.

 

        Blaspemija esaten jako, neure kristinaubak, Jaungoikua bera bere izatian, edo bere santubeetan, edo bere gauza sagradubetan desondreetan daben berbiari edo egitadiari. Pekatu ikaragarri au egiten da: 1. Jaungoikuari bere izate santuban daukan ontasun bat ukatuten jakonian. Esango baleu batek, Jaungoikuak zer egiten daben ez dakijala, edo Jaungoikua sinplia dala, sinplia txotxakerijatzat artuta, edo Jaungoikuak inor kondenau biar ez dabela, izango litzaateke au blaspemijako pekatuba. 2. Jesukristo geure Jaunari ondria kenduten deutsan berbia esaten danian. Esango baleu batek, Jesukristo illagaz guk probetxurik ez daukagula, edo Jesukristori gu salbeetia asko kosta ez jakola edo beste onako Jesukristoren gizatasunaren kontrako berbia, izango litzaateke blaspemijako pekatuba. 3. Blaspemijako pekatuba da kurutze santubaren kontra, sakramentubeen kontra, meza santubaren kontra ta Eskritura Sagradubaren kontra esaten dirian berbaak. Kurutze santiari burla egitia, meza santia ta sakramentubak desprezijeetia ta Eskritura Sagraduko egiijai sinistuterik ez emotia edo guzurrak diriala esatia, blaspemijako pekatubak dira oneek guztiok. Jaungoikua bera desondreetan da, gauza sagradu onei burla egiten jakuenian, nai eureen kontra berba deungaak esaten dirianian. Ta askotan pedia ukatuten da. 4. Blaspemijako pekatuba da Ama Birjina guztiz santiaren kontra berba egitia. Esango baleu batek, edo Maria Santisimia donzeilia ez dala, edo Jaungoikuaren ama ez dala, edo bere debozinoiak ta bitaarte kotasunak balijo ez deutskula edo beste onako berba txaarra Jaungoikuaren Ama Birjiniaren kontra. 5. Blaspemijako pekatuba da zeruban dagozan santubeen ta eureen gorputz zati edo relikijeen kontra berba egitia. Zeruban dagozan santubak dira, Eleisa Ama santiak aintzat erakutsten deutskuzanak. Ta eureen gorputz zatijak dira, Eleisiak berak aintzat ezaututa, adoreetako emoten deutskuzanak. Santubeen ta areen gorputz zatijeen desondrako ta desprezijoko berbaak esatia da Jaungoikua bera bere santubeetan desondretia, dino santo Tomasek. 6. Blaspemijako pekatuba da kurutze santiari, relikijai ta santu been edo santeen imajinai txistuba desprezijoz jaurtegitia, ostikopian erabiltia, nai burla egitia, nai injurijazko gauzaak egitia. Jaungoikuaren, santubeen, aingeru oneen, sakramentubeen ta gauza sagradubeen kontrako berbaak ta egitade burlagarrijak dira blaspemijaak.

        Ta ze pekatu da blaspemijako pekatuba? Sakrilejijo ikaragarrija, dino san Bernardok. Jesukristo kurutzian ill ebeeneen sakrilejijua baino ezainago dala esan legijana. Ez dago ezer bere bildurgarrijagorik edo ezainagorik, esaten eban san Jeronimok, zerubaren kontra aua edegitia baino. Beste pekatubak onegaz bat egin ezkero, gauza gitxija dira. Blaspemijako pekatubari esaten jako Espiritu Santubaren kontrako pekatuba. Ez mundu onetan, ez bestian parkatuten ez dan pekatuba. Ez jako esaten parkatuko ez dan pekatuba, Jaungoikuak parkatu ezin legijalako. Ez dago Jaungoikuak parkatu ezin legijan pekaturik. Ezbada esaten da blaspemijako pekatuba ez dala parkatuko ez mundo onetan ta ez bestian, pekatu ezaineen artian txito ezaina, itxusijeen artian entero guztiz itxusija ta Jaungoikuaren gorroto andikuen artian txito gorroto andikua dalako Jaungoiko Santubaren beraren kontra aua edegitia. Arrika illteko aginduten eban Jaungoikuak leengo legian zerubaren ta gauza sagradubeen kontra berba egiten ebana. Kristindadeko agintari jauneen ordenaak erijotziagaz kondeneetan dabee, Jaungoikuaren, Jesukristo geure Jaunaren, santubeen, sakramentubeen edo Eleisiaren kontra berba deungaak esaten ditubana. Eleisa Ama santiaren erregeliak aginduten dau, blaspemija esaten dabena, zazpi domeekatan, eleisako ateetan kanpoti egoteko, barrura sartuteko lizenzija bagarik. Ta aurreko zazpi barijakubeetan ur ta ogi barau egiteko.

        Begiratu bada, kristinaubak, ze pekatu ezaina dan Jaungoikuaren kontra, santubeen kontra ta gauza sagradubeen kontra berba gaistuak esatia. Ta ez aaztu, sarritan egiten diriala kristinaubeen artian blaspemijako pekatubak bildur gitxigaz. Orrako taberneetan, orrako jokuetan, orrako okasinoietan, askok dauke izkune madarikatuba blaspemijako berbaak esateko. Ustez uste bagako min bat artuten dabenian; gauza bat eureen naira ez jatorkuenian; eskuko kartiak edo erramientiak gaiski urteten deutsanian, nai gauza gitxi bateko su aldijagaz esaten dira blaspemijaak Jaungoiko Santubaren kontra. Beste arima galduko batzuk burlaz, adrede, gatx uste bagarik balitz legez, Satanasen bereno guztiagaz esaten ditubee berba deungaak eta blaspemijaak meza santubaren kontra, konpesinoiaren ta komuninoiaren kontra, imajineen ta relikija jakineen kontra, Eskritura Sagraduko berbeen ta beste gauza sagradubeen kontra. Oneek edan dabee ur mingotxa ta berenotuba pediaren kontrako liburubetan, ta zabalduten dabee eureen arimeetako gatx iratskorra Jaungoikua, santubak ta sakramentubak desprezijeetako. Oh, desbenturau tristiak! Kontuban jautsi zaite ta ez egizu aorik edegi zerubaren kontra, An[t]ioko, Erodes, Juliano apostata, Nikanor ta beste blaspemo asko legez, zerubak kastigau ez zaizan. Ez dedilla entzun geijago zeubeen aoti blaspemijarik. Ta ezda maldezinoerik bere, zein dan beste bizijo bat txito ezaina kristinaubaren auan. Ikusi daigun zelan.

 

 

II.

 

        Maldizinoia da, neure kristinaubak, inoren gatxa eskatuten dabeen berba deungaak esatia. Izan leiteke noberaren burubaren kontra edo proximuaren kontra. Maldizinoiagaz esaten dan edo desietan dan gatxa, izan leiteke arimakua edo gorputzekua edo munduko gauzai jagokuena. Arimiaren kontrako maldizinoiak dira: Diabrubak eruan dagijeela; Jaungoikuak parkatuko ez al deutsala; inpernuban erretan egongo al dala: zeruban sartuko ez al dala ta beste arimiaren gatxa eskatuten dabeen berbaak. Gorputzaren edo munduko gauzeen kontra maldizinoiak izan leitekez bitzitziaren kontra, osasunaren kontra, bakiaren kontra, kleitubaren kontra edo aziendiaren kontra: Illgo al dala; itoko al dala; bitzirik pausurik egingo ez al dabela; oeti jagiko ez al dala; botikako gaistotan artuko al dabela; miinak urtengo al deutsala; gozo onik izango ez al dabela; su gaitok erreko al dabela...

        Arimiaren kontrako maldizinoiak pekatu andijaguak dira eureenez, gorputzaren ta munduko gauzeen kontrakuak baino. Gorputzeko ta munduko gauzeetan bere batzuk geijago balijo dabee ta geijago estimeetan dira beste batzuk baino. Gauza estimaubaguaren edo balijokuaguaren kontra egiten dirian maldezinoiak pekatu andijaguak dira bestiak baino. Noberaren burubaren kontra egiten dirian maldezinoiak pekatu andijaguak dira eureenez, inori egiten jakozanak baino. Zeinbat persona andijaguari edo urraaguari egiten jakon maldezinoia, ainbat da pekatu andijagua. Au gaiti konpesau biar da, ez bakarrik maldezinoeko pekatuba edo maldezinoia egin ebana, ezbada baita ze gatx opa izan eutsan bere maldezinoia egin eutsanian. Ala arimako gatxa, ala illteko gatxa, ala osasunekua, edo kleitukua, edo aziendakua maldezinoiagaz eskatu deutsan esan biar dau konpesinoian. Baita ala bere burubari, ala inori maldezinoe egin eutsan bere. Ta inori bazan, ze kondezinoetako personiari egin eutsan bere bai. Ala sazerdotiari, juezari, gurasuari, umiari, senarrari edo emaztiari...

        Ta ze pekatu da maldedinoe bere burubari edo inori egitia? Santo Tomasek erantzuten dau, kristinaubak, berez pekatu mortala dala inori maldezinoe egitia. Ez gaitu pekatu mortalak baino bestek alderatuten zeruko erreinuti, dino santubak. Maldezinoiak aparteetan gaitu zeruti, san Paulo apostolubak dinuanez, ez diriala maldezinoeginak zeruban sartuko. Begaz, maldezinoe egitia berez pekatu mortala da. Maldezinoia da norbaiti gatxa opa jakonian, a eskatuteko berbeetia. Bada, proximuari nai bere burubari gatxa opa izatia ta a eskatutia karidadiaren kontra da. Ta karidadiaren kontra dalako, berez pekatu mortala da, dino santubak. Ta zeinbat geijago amau biar dogun ta erreberenzija andijagua zor deutsagun persona bati, aren kontra egiten dogun maldezinoia ainbat da pekatu andijagua, leen esan dan legez ta santo Tomasek berak erakusten dabenez.

        Orregaitino, ez dira maldezinoe guztiak pekatu mortalak izaten. Bada, jazo leiteke, dino Santubak berak, inoren gatxa eskatuten dabeen berbaak pekatu txikarra izatia; edo gauza gatx txikija opa deutsalako, edo txantzaan maldezinoe egin dabelako, edo gatxa etorri dakijon gogo bagarik maldezinoia egin dabelako. Maldezinoia bada gauza gitxijan, borondate gaisto bagarik, adrede esaten dabela, edo zer esaten daben ez dakijala ta entzuten dabeenak eskandalizau bagarik, ez da esaten beinguan alako maldezinoia pekatu mortala dala. Baina gauza jakina da, maldezinoiak diriana txito bildurgarrijak. Gorrotuaren subak ta bengeetako naijak erasoten ditu maldezinoiak ta inoren gatxerako berba deungaak. Nobera bengau ezin jakonian arerijuari edo gatx egin deutsanari, eskatuten deutsa Jaungoikuari bialdu dagijola ari laster gatxa. Alan sosegeetan dabee maldezinoiagaz eureen gorrotuaren suba. Oh, ze errukarrijak dirian ain bijotz galduko maldezinoeginak! Duda bagarik egiten ditubee pekatu mortal asko.

        Oraindino geijago arritu leiteke kristinauba, ainbeste miin maldezinoegin edo gatx eskala ikusita. Zeinbat gatx eskaera entzuten ez dira kristinaubeen artian? Ez dagoz asko, bai gizonak ta bai emakumiak, edozein naibage jazoten jakuenian, gauza gitxija bada bere, auan artutia mereziduten ez dabena bada bere, maldezinoeka luurrari ikara eragiten deutseenak? Zeinbat kristinau desditxauk berba birik baten dauke auan maldezinoia? Lupu gaistua, botikako gaistua, zentella gaistua, besuak igartutia, tripaala gaistok jotia, miinak urtetia, bitzirik alderik ez egitia, diabrubak airian erua tia, niri emon deutstazan egunak berari jazotia... Oneek dira kristinau askoren naibage bakotxeko orazinoe edo gatx eskatze madarikatubak. Onako maldezinoiak ezarten jakoz arerijuari, zerbait esan deutsanari, zerbait oostu deutsanari, nai lagunari. Baita ez gitxitan senarrak emaztiari ta emaztiak senarrari, gurasuak umiai ta umiak gurasuai. Oh, ao madarikatubak! Luurrari ikara eragiten deutsee eureen berba bildurgarrijakin. Aurrian dagozanak belaarrijak tapeetan ditubee, entzun ez dagijeezan maldezinoe ikaragarrijak. Oh, zenbait gurasok maldezinoiak esateko dotia isteen dabeen eureen umeetan! Aitari edo amari maldezinoia ezarten deutsana ill dedilla, dino Jaungoikuak. Maldezino[e]ginak ez dira zeruban sartuko, dino san Paulo apostolubak. Jaungoikuak gorroto andija deutsee maldezinoeginai ta askotan egin ditu gurasuen ta umeen artian kastigu ikaragarrijak, maldezinoiari deutsan gorrotua erakusteko. Bildurtu bada, kristinaubak, izenagaz beragaz.

 

 

III.

 

        Bidauak dira beste kristinaubeen arteko esan era bat ezaina ta bildurgarrija. Bidaua ez da berez, ez blaspemija, ez maldezinoia; ezbada gatxaren izena premina bagarik esatia. Bada, blaspemijak Jaungoikuari edo santubari kenduten deutsee ondria. Maldezinoiak noberaren edo proximuaren kontra eskatuten dau ta desietan dau gauza gatxa. Baina bidau egiten dabeenak, gatxaren izena esatia baino ez dau egiten. Esaten da bidaua gaiti, premina bagarik oituraz, ekanduz, purijaz ta soberbijaz berbaan berbaan demoninua ta diabruba, ta askok ez banaka, ezbada millaka, esatia dala txito izkune galduba. Gurasuak esan biar ez dabeela. Umiai esaten itxi biar ez jakuela. Ta izkune galduba daukanak, dendatu biar dabela kansau bagarik, gatxaren berbaak bere aoti kendutera.

        Ez pensau, kristinaubak, demoninuak bere izena dabela. Bere izena dau, ta biar danian esaten da, bai pulpituan, bai ebanjelijo santuban bere, baita edonun bere. Baina onegaz edertu gura zendukez zeubeen orduban ordubango demonio esatiak? Atertu bagarik zeubeen etxeetan nai asarriagaz ta nai ainbagarik esaten dozun bidao tegija? Gurasook egiten badituzu bidauak ta maldezinoiak zeubeen umeen aurrian, zer ikasiko dabee umiak? Ta ondo deritxazu guraso ta ume guztiok demoninoka ta diabruka bitzi izatiari? Gaztetako ekandubak zaartu artian iraun oi dabee. Ta naiko dozu, zaartu zaitezanian, zeuri umiak esatia sarritan, agura diabruba edo atso demoninua, zeuk orain ume diabruba edo ume demoninua esaten deutseezulako? Ikaratu egingo zara, pensauta bere, zeure umiaren aoti onako bidaua entzutia. Bada, gaztetako ekandu galduba zeuk daukazun legez zaartuta, zuri ikasitako izkune madarikatuba ez jakue juango zure umiai bere. Ta bardin egingo deutsubee zuri bidao, zein eureen umiai, zein beste edozeini. Ta onen gainera, bitzitzaan sarri dei egiten badeutsazu gatxari, zure erijotzako orduban indar geijago eukiko dau zeure kontra. Oh, ze bildurgarrija! Zeuk ekandu gaistoz millaka berbaan berbaan auan erabili dituzun demoninuetati dozena bat aua zabalik illten zagozanian zeure oe baztarrian ikustia, zeure arimia inpernuban irunsteko! Ta uste dozu ez diriala an egongo? Sinistu egizu, bidaotija ta maldezinoegina, zariana zariala, ez diriala aaztuko demoninuak zure bidauakin.

        Kristinaubak, gauza jakina da juramentu gaistuak, blaspemijaak, maldezinoiak ta bidauak alkarri dautseena. Gizon bat edo emakume bat bada bidaotija, egingo ditu maldezinoe asko. Maldezinoiak egiten baditu, jausiko da blaspemijeetan ta ez bein bakarrik guzurrezko juramentubeetan. Oh, Jesus maitia! Oh, Ama Birjina gozua! Oh, san Josepe bedeinkatuba! Oh Jaungoiko ona, Aita zeruko ona! Ze izen gozuak, santubak ta grazijaz betiak oneek geure auan artuteko, geure penaak arinduteko, jeuere bijotzak alegereetako ta Jaungoikuaren izen santuba ondreetako, bigarren agindubak eskatuten deutskun legez. Bijuaz, bada, gere auetati blaspemija madarikatubak, juramentu deungaak, maldezinoe bildurgarrijak ta bidao gaistuak. Esan daigun gogo onagaz sarritan Jesusen izen santuba. Jesus bijotzian, Jesus goguan, Jesus auan; Jesus, Maria ta Jose, ta geure Aita zerukua, geure Jaungoiko ona. Oneek dira geure pena, naibage ta estu ordu guztietan auan artu biar ditugun berba santubak ta izen grazijazkuak. Alan gura izan dagijala Jaungoikuak bere Izen Santuba gaiti. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa