www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren amar agindubeetako lenengo bosteen ikasikizunak
Frai Bartolome
1816

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

II. IKASIKIZUNA
 

zeinetan erakusten dan

ez dala inor ill biar ondria zaintutia gaiti,

ondasunak gordeetia gaiti.

 

        Kristinaubak garian legez txito minberak ta geure gauzak asko maite ditugunak, inok gatx bat egin daiguneko jagiten da geure bijotzetan aren kontra suba, gorrotua ta bengetako gurarija. Onako gorrotuaren subak amatetako ta geure lagunen paltaak pazienzijagaz iragoteko, aginduten deutsku Jaungoikuak, neure entzula onak, bostgarren lekuban, inoren bitzitziari kalterik ez egiteko. Ta inor inos gorrotuak su emonda, azartu bada arerijua edo gatx egin gura deutsana illtera, pagau dau bere bijotz gogorraren ta odoltsubaren egite pekatukua, bai mundu onetan, oi danez, ta baita bestian bere. Kainen ondorenguak dira gizon illzailiak. Lamek, Kain bera ill ebana, askok dinuanez, ez zan atseenago bitzi muduban, gizon illzailia ta deungia izan arren ill ebana. Basuan bakarrik egin arren erijotzia, autortu eban Lamekek bere pekatuba. Bere arimako larrijagaz ta bildurragaz esan eutseen bere emaztiai: Entzun egizu ta jakin egizu, neuk neure gorrotuagaz zauritu dodala ta ill dodala gizon bat. Zazpi bidar bengauba izango da Kainen pekatuba ta irurojeta amazazpi bidar niria. Alan gizon illzaile desbenturaubak, itsututa legez, iminten ditu eureen pekatu odoltsubak.

        Ez dago menturaz arima bat larrijagorik, ikutsi oi danez, ta bijotz bat bildurgarrijagorik gizona ill dabenarena baino. Bere keiziak bere ikara eragiten deutsala, esan legi, gizon illzailiari. Askotan, nai izan arren, iges egiteko modurik bere ez dauka. Pekatuba ezkuteetako bere ez. Alde egiteko bere ez. Aldendu gura dabenian dua juezaren aurrera ta eskubetara sarritan gizon illzailia. Ezkutau gura dabenian bere pekatuba, berak agertuten dau. Ta ukatu gura dabenian, autortuten dau. Zegaiti au, kristinaubak? Ah! Gizona iltiak beragaz dakarrelako itzal astuna, buruko iluntasuna, bijotzeko ikaria, arimako larrija ta pekatu odoltsubaren pisu krubela. Amatau, kristinaubak, gorrotuaren suba. Iges egin, inor illteko asarre ta okasinoetati. Bada, ez da ezegaz bere osatuten munduban gizon illzako pekatuba. Geijagoko bagarik gizona ill biar ez dana guztiak dakijee, ta agindu onetan argiro esanda dago. Baina askok pensau legijee banidadiaren uts egite bategaz, kalte andi bat egin deutsunari, edo ondraan, edo aziendan, edo beste gauza balijokoren baten, opa izan legijola illtia. Edo menturaz ill bere egin legijala alako arerijo deungia.

 

 

I.

 

        Esaten da, bada, munduko ondria gaiti ezin inor ill legijala. Egija da, kristinau batek bere zuzentasunagaz ta bitzi modu zintzuagaz irabatzi daben ondria ta lagun arteko entzute ona, txito asko estimetan dau. Bitzitziaren beraren urrengo dala esaten da. Bada, nai jatorrizkua ta nai norberak irabatzija, kleituba, ondria edo entzute ona galdu ezkero, ez dauka kristinaubak munduban nok jaso andirik, zegaz poztu andirik, ez zer galdu andirik. Au gaiti da gauza guztiz mingarrija, erru bagarik guzurragaz ta enbusterijagaz inori ondria galdutia. Entzute onak asko balijo deutsa kristinaubari. Ondria ez galdutia gaiti, lotsaari baten ez jaustia gaiti, menturaz Jaungoikua gaiti baino geijago, zeinbat bidar pekatuko bideti alde egiten dabee kristinaubak? Munduba gaiti gauza ona egiten dabenak, edo mun[du]ba gaiti bakarrik gauza txarra egitiari isteen deutsanak, ez dauka saririk Jaungoikuaren aurrian. Baina dino santo Tomasek, munduba gaiti bada bere, gauza onak egitera ta txaarrak ez egitera oituten danak, ikasiko dabela Jaungoikua gaiti ta karidadia gaiti gauza onak egiten ta txaarrai isten. Ta onetarako bere, asko balijo deutsa kristinaubari ondra onak.

        Ez eutskun alperrik esan Espiritu Santubak entzute onari edo kleitu onari begiratuteko, zaintuteko ta gordeetako. Bein kleituba galdu ezkero kristinaubak pekatu egintza baten nai beste baten, berekautan legez, nasaijago ta lotsa galdukuago egiten da, ikutsi oi danez. Batuten badau batek ordijaren, lapurraren, desonestubaren edo nasaijaren entzute agirija ta azaldauba, botaten dau munduko esanaren arduria ta jarraituten deutsee bizijo gaistuai lotsa bagarik. Oh ze bildur izan biar dogun lelengo pekatubaren! Oh ze maite izan biar daben, daukanak, bere entzute ona! Ta jazoten bada norbaitek galdu gura izatia geure ondra edo kleitu ona guzurragaz ta enbusterijagaz, ill ginai a geure ondria galdu ez daigun? Ez, kristinaubak. Gauza andija ta estimauba da geure ondria edo entzute ona, esan dan legez. Baina andijagua da gizonaren bitzitzia. Erru bagarik galduten deuskubenian geure kleituba, Jesus maitiaren bidiai jarraituten deutsegu. Orduban Jaungoikuak bere kontura artuten dau geure kleituba. Ta duda bagarik zaintuko dau ta gordeko dau. Bere nai santuba bada, mundu onetan, egiija azaldauta. Ta ezbabere azita ta geituta beste munduban, zeruban, bere izenian iragoten baditugu guzurrezko desondraak. Miin gaistuak mundurako galdu leikegubee ondria. Baina ez Jaungoikuaren aurrerako. Jaungoikuaren aurrian agertuko gara guztiok, garian moduban. Au gaiti santu eta santak ostikopian erabilen mundubaren gaiski esan guztia.

        Pekatu da bada, kristinaubak, munduko ondria, kleituba edo pamia gaiti inor illtia. Alan erakusten deutsku Eleisa Ama santiak. Ta ukatu ezin ginai. Kleitu galduba zerbait jaso legi juezaren aurreti. Gizon illa biztu ezin legi. Kleituba, ona nai arin ona, mundubagaz amaituten da. Gizonaren erijotzia mundubaren amaija ta betijaren asieria da. Ez da bardinduten gizonaren bitzitzia munduko gauzagaz. Ta ez da galdu biar munduko ondria gaiti. Ta galdu legi munduko ondasunak gaiti?

 

 

II.

 

        Egija esateko, ondasunak bere estimetan dira munduban. Ta jazo leiteke, ta sarritan jazo oi da, deunga batek guztiak edo zati batzuk etxeti edo daukazan lekuti eruan gura izatia. Penagarrija da, lapur batek gura dabelako, norberak bere izerdijagaz irabatzita daukazan dirubak edo ondasunak galdutia. Ta jazo leiteke, ta bein barriz jazo da, ondasunak eruan ez dagijozan lapurra illtia.

        Gizona illtiak itzal gaistua dakar beti beragaz. Bildurgarri andija da. Orregaiti kristinau guztiak goguan euki biar dabee gauza onetan Eleisa Ama santiaren erakutsija. Esaten da, bada: 1. Jazo oi danez, urrezko eskudo bat gaiti ez dala inor ill biar: 2. Gero eukiko ditugun, baina oraindino ez daukaguzan ondasunak gaiti, edo geuri jatorkuzana dakigun ta gero eukiteko ustia daukagun ondasunak gaiti ez dala inor ill biar: 3. Ez dala ill biar, noberari jagokan aziendia edo inok agindutako artutekua beretutia, engainuz ta erruz eragozten deutsana edo atzeratuten deutsana. Eleisa Ama santiaren eraku tsija da au, kristinaubak. Deungaak izan arren lapurrak, Jesukristo geure Jaunaren mansotasuna erakutsi biar dogu geure egitadeetan. Zelan pekatuti librauko da, esaten eban san Agustinek, galdu biarko dabeen ondasunak gaiti gizonari bitzitzia kenduten deutsana? Esango baleu legez Santu gloriosuak: Gizonaren bitzitzia ondasunak baino geijago da. Ondasunak ugardunak dira, galduko dirianak dira. Lapurrak ondasunak eruan arren, Jaungoikuaren probidenzia edo arduria ez da palta. Baina gizonaren bitzitzia asko balijo dabena da. Ta ondasunak ez galdutia gaiti lapurra illten dabenak, amaituten dau gizonaren bitzitzia. Ta ze arriskutan iminten dau aren arimia? Oi danez, pekatu mortalian dago lapurraren arimia. Bada, tiro bategaz edo kolpe bategaz illda isten badau, nora boteetan dau betiko aren arima tristia? Mundu guztiak baino geijago balijo dabena? Jesusen bitzitziagaz erosita daguana? Au gaiti esaten da Eleisiaren ordeneetan, ondasunak gaiti inor illtia, erijotzia dala.

        Begiratu bada, neure entzula onak, ze errespetua ta lotsia euki biar deutsagun gizonaren bitzitziari. Ezin pensau legi, ikara egin bagarik, kristinau askoren bijotz gogorra. Edozein gauza gitxi bat gaiti edo kalte txiki bat gaiti esaten dabeee: bereno bategaz illgo neuke; tiro bategaz illgo neuke; bertan oztuta itxiko neuke... Ta beste onako berba gorrototsubak ta odoltsubak gorrotuaren subagaz. Beste ainbeste bijotzeko gogortasun ta gordintasun erakusten dabee, gauza gitxi bat gaiti lagun artian kutxiluak ta ezpatak ateraten ditubeenak; ortubetara ta soluetara gizona ill leiken tiruak inori jaurtegiten deutsezanak. Nai dogu geure gauzak inok oostu ez daiguzan. Ta errazoia da. Gaiski egiten dau alan lapurretan dabilenak. Ta egija da. Baina ain gauza gitxija gaiti gizonaren bitzitzia illteko peligruban imini biar ez da.

        Batian ondria gaiti, bestian ondasunak gaiti, bestian andiguria gaiti, bestian gorroto edo bengantza gaisto bat gaiti, modu askotan paltetan da bostgarren agindu santubaren kontra. Ta ez da errazoeti kanpora izango, neure entzula onak, sarrijen jazo oi dirian batzuk gogoratutia. Alan bostgarren agindubaren kontra pekatu da: Lelengo: Amaren sabelian daguan seina galduteko zerbait egitia. Nai amak ta nai bestek, nai edaatekuagaz ta nai osterantzian seina galdu gura izatia edo galduteko zerbait egitia, pekatu andija da. Ta pena gogorrakin Eleisa Ama santiak kastigetan dabena da. Ez dauken ondra bat billatuteko ta euren pekatu ezainak ta lotsarizkuak ezkutetako, gizonak edo emakumiak itsutu oi ditu diabrubak azkeneko gatxera, zein dan sabelian erneta, azten daguan sein inozentia illtia edo itotia. Oh, sein galzailaak! Zeuben tratu inpamiak estaldu gura dituzu errubagakuen bitzitzia galdubagaz ta areen arimak Jaungoiko gozuaren arpegiti betiko erbestetubagaz? Ah! Egunen batek agertuko ditu. Ez dakit, egiija esateko, zelan gau baten bere sosiguz lo egin legijan gizon batek edo emakume batek, bere erruz ta bere guraz linbo ilunian betiko sartuta arima bat daukana dakijala! Ah! zure bengantzia eskatuten deutsa linboti Jaungoiko egijazkuari. Zeure arimia edu kosta jakon Jesus maitiari.

        Bigarrenian: Pekatu egiten dabee emakume seindunak, sabelian daukeen seinari ainbat onduen kontu egiten ez deutseenian. Euren ardura bagatasunez seina galduteko peligruban dabiltzanian. Ya ez jagokuen karga astunakin, ya asarre arrabijaubakin, ya dantzeetako ibilteekin, sarritan galdu oi ditubee seinak. Ah! zeinbat onetariko negargarri, lastima gorrijan, gurasuen paltaz. Lege guztiak deutsee aparteko kuidadua seina egiteko daguan emakumiari, bere sabelian daguan prutu inozentia gaiti. Ama gaistua ta deungia izan arren, ta urkia ondo merezidu arren, seina sabelian daukan artian, bitzitzia parkatuten jako. Justizijaren eskubak lotuta daukaz, esateko moduban, sabelian daukan seina gaiti. Ta senarrak erabiliko dau emazte katiguba ostikoka ta kolpeka, bildur geijago bagarik? Egitade oneek guztiok dira bostgarren agindubaren kontra ta merezi dabee kristinaubaren ardura guztia.

        Irugarrenian: Agindu onen kontra pekatu egiten dabee, armaak artuta, bidera ta etxetara lapurretara duazanak. Bada, eurakin daroie peligruba, edo inor illteko, edo eurak illda geratuteko, sarritan jazo oi dan legez. Au gaiti alako lapurrak austen ditu agindu bi gitxienaz: bostgarrena ta zazpigarrena. Armia artuta esan dan moduban izan ez arren bere, ortura, solora, etxera edo bidera inori urtenda lapurretara doianak, sarri darua peligruba bertan illda geratuteko. Endamas denpora triste onetan lapurrak geitu ta lotsagaldukotu, ta gizon illtiaren itzala ta bildurra gitxituta dakusgunian.

        Laugarrenian: Makilakarijak ta okasinoetsubak austen dabee bostgarren aginduba. Ta errazoe asko gaiti: 1. Makilaketan ta okasinoietan alkar banatuteko ta askotan illteko peligruban jarten dirialako. 2. Burrukako ta makiladetako okasinoian egiten dabeena baino egin gura leukeena, geijago dalako. Gorrotuaren subagaz iragota, alkar illgo leukeen terzijuan dagoz peliada desditxadu atan. 3. Alako peliada galdubetan geroko gorrotuak, bengetako naijak ta luzaroko ikusi ezinak ta eriaren zain egotiak geijenian geratu oi dirialako. 4. Etxeko pamelijari emoten deutsezan ardura ta atsekaba andijak gaiti, errijan emoten ditubeen eskandalubak gaiti ta okasinoiak oi dakazan kalte txaarrak gaiti.

        Alako gizon okasinoetsubak, bake gaistokuak, beti burrukarako edo makilakarako prest dagozanak, ezin esan legi ze kaltegarrijak dirian etxian, auzuan ta errijan. Bakia gura dabeenak, ez dakijee euren aurrian zer esan edo zelan berba egin. Ondo esandako berba bati oratuta, ateraten dabee ezdabaidia. Oh ze lagun prestubezak, giza artian egoteko! Oh, zeinbat pekatu egin ta eragiten dabeen! Etxia zorrez beteta, emaztia ta umiak biloxik ta gosez daukeezala, geratu bagarik dabilz alako gizon bake gitxikuak erijarik erija, probarik proba, tabernarik taberna ta okasinoerik okasinoe, leku guztietan atsekabia, zer esana, eskandaluba ta gorrotua isteen dabeela.

        Bostgarrenian: Pekatu egiten dabee agindu onen kontra, gurasuai erijotzia opa deutseen umiak. Nai dala gurasuak daukeezan aziendak edo ondasunak eureganatuteko gurarija gaiti, nai dala guraso zaarra jandu ta zaintuteko nekia gaiti. Kodizija edo ondasun guriak pekatu asko eragin oi ditu. Edo obeto esateko san Paulo apostolubagaz, ondasun guria da pekatu guztien sustraija. Umiak, gurasuak dauken guztia gitxi deritxuela, laster euren eskubeetan gura leukee. Tentazinoe onegaz, ez gitxitan, ume askok opa deutsee guraso zaarrai illtia. Baita uatuta edo ezertako ezda dagozanai bere askotan. Seme alaba asko dagoz bijotz gogorrekuak. Egitia ta zerbait aurreratutia eureen nai nausizat artuta daukeenak. Noren umiak dirian aaztuta bitzi dirianak. Euren guraso errukarrijak zaartzan sobrauta etxian daukeezanak. Guraso uatubak edo balijoko ez dirianak etxian emoten dabeen aazuba gaiti, illtia opa deutseenak. Umiak gaiti esaten dana, esaten da suinak, erreinak, lobaak ta beste edozein zaarren arduria daukan edo oneraak jatorkozana gaiti. Oneek guztiok austen dabee bostgarren agindu santuba: 1. Gurasuari illtia opa izanagaz. 2. Emoten deutsen janari kopauba, asko deritxuela ta esker txaarrian emonagaz. 3. Berba gogorrak ta errazoe txaarrak esanda, bekoki illuna ta gogo gaistua erakutsita, atsekaba astunak zaarrari emonagaz. Oneek guztiok dira persona zarraren illgarrijak. Au gaiti guraso edadeko askok, egiijagaz esan oi dabee euren umiak edo ondorenguak gaiti: Naijago leukee orreek illda banengo. Pekatu ezainak ta Jaungoikuaren gorroto andikuak dira oneek, kristinaubak.

        Seigarrenian: Pekatu egiten dabee agindu onen kontra, nai dala ondria gati, nai dala ondasunak gaiti, nai dala andiguria gaiti, nai dala gorrotua gaiti: 1. Inori bide bagako erijotzia opa deutsenak. 2. Erijotzia egiteko aginduten dabeenak, lagunduten dabenak, konseju emoten dabeenak, botikakua edo armaak atarako emoten ditubeenak. 3. Proximuari osasunian, nai gorputzeko zatiren baten kalte egiten deutsenak. Edo beso bat edo azur bat ausi, edo zauritu, edo banatu, edo gaixotuten ditubeenak. 4. Inori gorroto deutsenak, gatxa opa deutsenak ta inoren ikusi ezina daukeenak.

        Bada, Jesukristo geure Jaunak bere ebanjelijo santuban erakutsi euskun, bostgarren agindubak eragozten dabela, ez bakarrik inor illtia, ezbada baita proximuari asarre gaistua eukitia ta asarre gaistuagaz edo gorrotuaren subagaz berba lotsarizkuak esatia bere. Neuk esaten deutsut, dino Jesukristok, proximuagana asarria daukana edo proximuagaz asarratuten dana, ikusiko da ze asarre daukan: Asarriagaz inori berba txaarra (Raca) esaten deutsanari, emongo jako merezi daben kastiguba. Baina esaten badeutsa berba lotsagarrija, desondragarria (fatue), irabatzi dau inpernuko suba. Onan erabagiten ditu Jesukristo geure Jaunak asarre gaistuaren ta gorrotuaren txikitati andirako pausubak. Aituten emoteko kristinau guztiai, asarria ta gorrotua ta asarriagaz inori esaten jakozan berba deungaak, gauza andira eldu ezkero diriala pekatu illgarrijak edo mortalak bostgarren agindubaren kontra.

        Artu daigun bada, kristinaubak, bake santubaren amodijua. Amatau daiguzan asarriaren ta gorrotuaren subak. Parkatu daijeguzan arerijuari gatx eginak, geuri Jaungoikuak parkatutia nai dogun legez. Opa izan daijegun proximo guztiai luzaroko bitzitzia, Jaungoiko andija amau ta alabau dagijen munduban. Errukitu gaitezan inoren osasuneko edo bitzitzako gatx ta naibage guztiakin. Gogoratu daigun, guztiok gariala zeruko Aita onaren semiak. Emen erbeste onetan alkar artuta, alkarri parkatuta, alkarri lagunduta, alkar maitetuta karidade santuban bitzi bagara, zeruko etxe santuban beti adiskide ta ditxoso alkarregaz izango gariala. Zorijonekuak baketsubak, dino Jesukristo geure Jaunak, bada eurai esango jakue Jaungoikuaren semiak. Alan gura izan dagijala Jaungoikuak bere ontasun andija gaiti. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa