www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren amar agindubeetako lenengo bosteen ikasikizunak
Frai Bartolome
1816

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

III. IKASIKIZUNA
 

zeinetan erakusten dan

domeeka ta jai osuetan zer egin biar dan.

 

        Entzun dozu, kristinaubak, leengo irakatsijetan, bateti Jaungoikuak aginduten deutskula domeeketan biarrik ez egiteko; ta besteti Eleisa Ama santiak aginduten deutskula, egun areetan meza osua, geure gogua ta bijotza Jaungoikuaren gauzetara jasota, entzuteko. Meza santuba entzutia ordu erdi bateko zeregina da. Emeti dator, bada, pensakizuna, ta ez gitxi balijo deutskuna, ge[u]re astian astiango edo sarrijagotako eginbiar altu ta nausi bati kobru emoteko. Ta ze pensakizun dala au uste dozu, neure entzula onak? Ez besterik, ezbada jakitia kristinaubak, ia domeeka egunian ta jai osuetan asko dan biarrik ez egitia ta meza osua entzutia, Jaungoikuaren irugarren aginduba gordeetako. Edo, ia esan dirian egunetan libre dagozan kristinaubak mezia entzun ezkero, pekaturik edo biarrik egin bagarik, osterantzian nai dabeena egiteko.

        Jaungoikuaren lege santuba gordeetiari edo austiari jagokan geija da, irakatsi onetan esaten dana. Bera gaiti eskatuten dau zeubeen adiera osua. Mundutarrak ta ez gitxik kristinauben artian uste dabee, jai domeeketan meza bat esaten dan artian eleisan egon ezkero, beste egun santu areetako denporia ibilteko ta olgetako dala. Esaminau daigun bada, kristinaubak, gauza au puska bat, irugarren agindu santuko eginbiarrari kobru emoteko. Onetarako erakutsiko deutsut dotrina onetan: 1. Zer dirian domeekak. 2. Zetarako Jaungoikuak itxi eutskuzan. Oneen ondorik txito errazto ezautuko dogu zer egin biar dogun jai domeeketan. Prestau zaitez adierarik gogotsubenagaz ondo entzuteko ta beti goguan eukiteko.

 

 

I.

 

        Berekautan ta popuertza legez ezaututen dogu, kristinaubak, geure arimako, gorputzeko ta munduban bitzi izateko biar ditugun gauza guztiak emoten deutskuzala Jaungoikuak duarik. Begaz, Jaungoikuari esker onak ta grazijak emon biar deutsaguz egiten deutskuzan ta egin biar deutskuzan mesede andijak gaiti. Jaungoikuari gizonak emon legijozan esker onak ta grazijak dira: Jaungoikua bera alabetia, adoreetia, ezaututia ta bijotz guztiagaz maite ta laztan izatia. Jaungoikuak ta Jesus bere Seme bakar gizondubak geu gaiti egin ditubeen ekitade santubak, amodijotzkuak ta betikuak, humildade andi bategaz gogoratutia, lotsa onagaz penseetia ta nai bigunagaz maitetutia; Jaungoikuaren ta Jesusen ondrarako ta ondo esanerako balijo dabeen gauzaak alegin guztiagaz geuk egitia, zeinetan sartuten dirian miserikordijaren, karidadiaren, zelo santubaren ta penitenzijaren egitadiak. Au ta oni darraikona da, gizonak Jaungoikuari emon legijozan esker onak edo grazijak ta ondo esatia. Ta au bada Jaungoikuari grazijak ta eskerrak emotia, popuertza biar dau gizonak onetarako denporia.

        Adan, Abel, Noe, Abraan ta beste naturaleziaren legeko patriarka santubak ez dakigu zuzen, denpora seinalaurik eukeenik Jaungoikuari grazijak emoteko; ezbada eureen Jaungoikuaganako gogo onak ta zeruko ondasunen ta betiko egiijeen naijak ta amodijuak eskatuten eutseen denporan ondreetan ebeela Jaun zerukua ta egiten eutseezala eskarijak, beste munduko zereginai itxita. Baina Jaungoiko andijak, Sinaiko mendijan oinaztu ta trumoe artian Moisi judegubentzat legia emon eutsanian, agindu eban berba agirijakin zapatubak gordeetako edo zapatu egunak santu egiteko. Lege atan bertan agindu eutsan Jaungoikuak Moisi, ta aren bitartez judegubai, zerubak mesede andijak egin eutseezan egunak egun santutzat artuteko betiko, eurentzat ta eureen ondorengentzat. Ta ara emen zapatubez ostian urte barruko judeguben jaijen asieria, Jaungoikuak berak aginduta. Zapatubak ta urte barruko jaijak gorde zitubeen judegubak, eskritura sagraduban irakurten dan arduriagaz ta lotsiagaz, Jesukristo geure Jaunak bere erijotza santiagaz judeguben lege zarra birrinduta, ebanjelijo santuko lege biguna ta grazijazkua munduban azaldau edo publikau artian.

        Apostolu santubak, Espiritu Santubak erakutsita, Jesus ill ebeen judegubakin ezetan bere bat ez egitiarren aldatu ebeen zapatuko egin biar edo obligazinoe guztia domeekara. Ta onezaz gainera esaten da, apostolu santubak gorde zitubeela jaitzat ta agindu ebeela gordeetako, Jaungoikuak gizonari mesederik andijeenak egin deutsazan egunak. Apostolu gloriosuen ondorik Eleisa Ama santiak zeruko espiritubak erakutsita agindu dau, Jaungoikuari, Jesukristo geure jaunari, Ama Birjina Jaungoikuaren Ama garbijari, apostolu santubai ta beste zeruko Jaungoikuaren adiskide askori esker onak, grazijak ta ondo esatiak emoteko, euren egunak jai gordeetako. Batzuk jai oso ta beste batzuk jai erdi. Jai osuak, domeekak legez ta jai erdijak, mezia entzuteko domeekak legez ta biarra egiteko, astegunak legez. Au da, neure kristinaubak, urtian urtiango domeeketako ta jaijetako asieria ta eginbiarra. Urte barruko jaijak Eleisa Ama santiak gitxitu edo geitu legiz. Baina domekak ez ditu ez gitxitu, ez geitu. Astian egun bat Jaungoikua ondretako, grazijak ta eskerrak emoteko ta egitade onekin santututeko itxi eutskun Jaungoikuak, ta askok dinuanez, mundubaren beraren asierati..

        San Agustin gloriosuak ta Eleisiaren batzaar nausijak esaten dabee, neure kristinaubak, apostolu santubak ze gaiti aldatu ebeen zapatuko eginbiar guztia domeekara. Dira pensakizun txito onak ta domeeka egunak santututen kristinaubari asko lagundu legijuenak. Errazoe asko dakarreez onetarako. Ta guztiak dira domeeka eguna txito ondo gogoratuta, geure bijotza zerurutz jasoten dabeenak: 1. Domeeka eguna dalako egun guztietati leleengua. 2. Munduko gauza guztiai asieria Jaungoikuak domekan emon eutseelako. 3. Aingerubak domeekan kriadu zitubalako. 4. Mana esaten jakon janari gozua, altarako sakramentu santubaren irudi aintxinakua, judegubai Jaungoikuak domeekan zeruti bialdu eutseelako. 5. Jesus maitia domeekan jaijo zalako. 6. Iru Errege Maguak Jesus adoreetara, Belengo portalera etorteko, domeekan izarra agertu jakuelako. 7. San Juan Bautistak Jesus domeekan batiatu ebalako. 8. Jesusek bost ogigaz ta arrain bigaz bost milla gizon mendi soilian domeekan jandu edo mantenidu zitubalako. 9. Jesus maitegarrija domeekan illeen arteti biztu zalako. 10. Espiritu Santu pozlarija domeekan apostolu santubai zeruti jatsi jakuelako. Oh ze kanpo andija dan au, neure kristinaubak, domeeka santubetan penseetako, ta Jaungoiko altubari ta altsubari grazijak emoteko! Baina aitu ezkero zer dirian domeekak ta jaijak, ikutsi daigun ia zetarako dirian.

 

 

II.

 

        Jaungoikuak ez dau alperrik ezer bere aginduten. Bere jakiturija amai bagakuak gauza guztiak zuzenduten ditu zerbaiterako. Bada, Jaungoikuak eragotzi ezkero ain lege estubagaz, ikutsi dozun moduban, jai domeeketan biarra egitia, autortu biar dogu zerbaiterako eragotzi eutskula. Izango ete da Jaungoikuak guri biarra eragoztia jai domeketan, esan dan moduban, egun areetan gu alperrerijan egoteko? Ezin izan leiteke. Alperrerijari gorroto deutsa Jaungoikuak.

        Ez astian egun bat, eze geure bitzitza guztian ordu bete bere ez deutsku Jaungoikuak emoten alperrerijan egoteko. Alperrerijak, dino Espiritu Santubak, malezija asko erakusten dabela. Malezija asko erakutsten daben bizijua ezin Jaungoiko zuzenak agindu eutskegun, jai domeeketan egiteko. Eragotzi ete deutsku, bada, biarra egitia, jai domeekak libre euki daiguzan goxerik arrats jokorako, tabernarako, danza eragotzietarako, mundutarren bisiteetan, peligruzko pasiuetan ta ordena bagako jan edanetan iragoteko? Kristinaubak, ta ez gitxik, egiten dabeenari begiratu ezkero esan legi, onetarako Jaungoikuak eragotzi eutskula domeeka ta jai osuetan biarra egitia. Baina ebanjelijo santubari ta Eleisa Ama santiaren erakutsijari begiratu ezkero, blaspemia deritxon pekatu kastia da au esatia.

        Eleisa Ama santiaren katezismuak, batzaarrak ta gurasuak ao bategaz dirianak esaten dabee, domeeka ta jai osuak ez diriala, ez alperrerijako, ez ordikerijarako, ez jaate laarregijetarako, ez probeetarako, ez desapijuetarako, ez komedijetarako, ez saraubetarako, ez bigiretarako, ez olgeeta naastaubetarako, ez munduko banidade ta nasaitasunetan iragoteko. Ez, kristinaubak, ez. Ez dago onako legerik. Egitade madarikatuzat konteetan ditu Eleisa Ama santiaren espiritubak alako oitura oneen galdugarrijak ta aragijaren nasaitasunak, ta endamas domeeka ta jai santubetan. Askok egiten dau, bada. Baina ez da Jaungoiko santuba gitxiago desondretan askok egin arren, geijago baino.

        Zetarako eragotzi deutsku, bada, Jaungoikuak, egun santu areetan biarra egitia? Kristinaubak, Jaungoikuak berak esan deutsku zetarako. Ta ukatu ezin ginai. Jaungoikuak berak esan deutsku, santu egin ebala edo santipikau ebala zapatuba. Bedeinkatu ebala ta santu egin ebala zapatuba, dino ostera bere Jaungoikuak. Berak santu egin eban eguna, geuk bere santu egin daigula edo santipikau daigula, dino Jaungoikuak. Akordau zaite, dino, memento edo goguan euki egizu zapatuba santututia; ut diem sabba ti sanctifices. Jaungoikuak santipikau ta bedeinkatu eban zapatuba (orain domeekia) bere eguntzat; ta agindu eutskun geuri bere domeeka egun santuba ta bedeinkatuba geuk bere santu egiteko ta bedeinkatuteko. Esango baleu legez Jaungoikuak: Sei egun emoten deutsudaz astian, pekaturik egin bagarik, zeubeen biarrak egiteko, zeubeen solo, baso, tratu, artu emoneko ta bitzitzarako zereginai kobru emoteko. Baina zazpigarren eguna, domeekia, neuria da. Egun bedeinkatuba da. Egun santuba da. Neure izate altubai konsagrautako eguna da. Beste biarrai itxita, neure izen santuba alabeetan, adoreetan, ondreetan ta ameetan irago biar dozun eguna da. Ez domeeka bakotxeko ordu erdi bat edo ordu bete bat, ezbada astian egun bat, domeeka guztia santu egiteko aginduten deutsut. Memento, ut diem sabbati santifices.

        Beste gauza bategaz aituko dozu au obeto, kristinaubak. Urrezko plater bat, koilara bat edo baso bat edozeinek eskuban erabili legi ta jaubiak agaz edozein gauza egin legi. Baina jaubiak egiten badau urrezko plater agaz kaliza bat ta konsagreetan bada kaliza a mezia esateko altararako, Jaungoikuaren serbizijorako, ya kaliza konsagraduba dan artian, a edozeinek eskubetan erabili ezin legi ta jaubiak bere beragaz nai dabena ezin legi, mezatarako konsagrauta daguan kaliza santuba ta bedeinkatuba dalako. Domeeka ta jai osuak dira Jaungoikuari konsagrautako egun santubak ta bedeinkatubak.

        Beste aste barruko egun baten edo geijagotan gizonak egin legi pekatubaz ostian deritxona, egon edo ibili, errezau edo lo egin, urre jaubiak urriagaz egin legijan legez. Baina domeeka ta jai osuetan, pekaturik egin ez arren, nai dabena ezin legi kristinaubak, kaliza jaubiak kaliza konsegraubagaz ezin legijan legez. Bada, kaliza konsagrauba altararako ta meza santurako dan legez, domeeka ta jai osuak Jaungoikua serbiduteko dira. Ez dago onetan dudarik.

        Zer egin daike, bada, kristinaubak egun santu oneek ondo gordeetako? Domeka ta jai osuetan egin daikezuzan gauzak asko dira, neure enzula onak. Guztiak ezingo dituzu bakotxak. Baina edozeinek daikezu areetati bat edo beste bat. Bai egun batian bat eta bestian beste bat bere, zeubeen jakiturijak ta estadubak eskatu ta aginduten deutsun moduban. Zeregin santu oneen artian konteetan dira: 1. Meza osua bijotz onagaz ta adiera gogotsubagaz entzutia. Inundi al badedi meza nausija ta bakotxak bere parrokijan. Au txito gauza ona da, jai santuba gordeetako. Kristinaubak bere parrokian daukaz leenagoko gurasuen azurrak. Bere parrokijan dauka kristinau egin zaneko arimiaren garbi lekuba. Bere parrokijan errezibiduten ditu sakramentu santubak. Bere parrokijan daukaz arimiaren jaolaak, kura jaunak. Bere parrokijan egiten da orazinoia erriko illak ta bitzijak gaiti. Ta bere parrokijan erakusten da Jaungoikuaren berbia, Trentoko konzilijuak aginduten daben legez, jaijetan ta meza nausitan. Errazoe oneek ta beste asko gaiti esaten jako kristinaubari, jai domeeketako eginbiarraren zati andi bati kobru emoten deutsala bere parrokijan meza nausija ta Jaungoikuaren berbia entzunagaz. 2. Jai domeeketako zeregin santuba da, Jaungoikuaren berbia entzutia; goixeti edo arratsaldian predikeetan danian ta predikeetan dan lekuban. Jaungoiukaren berbia edo sermoia da arimiaren janarija. 3. Sakramentu santubak prestaera onagaz artutia; konpesetia ta komulgetia. Oh ze ondra andija Jaungoikuari ta onera andija bere arimiari, edola bere illian bein ondo prestauta, konpesetia ta komulgetia! 4. Jai domeeketan besperetara juatia, eleisan errosarijo santuba errezetia ta altarak ta eleisia bisitetia. Zer egin santuba ta induljenzija edo parkazinoe askogaz apainduba da au. 5. Edozeinentzat, ta endamas euren etxeetati urten ezin dabenentzat, edo meza nausitara, besperetara edo sermoetara juan ezin dirianentzat, egikizun santuba ta ona da jai domeeketarako: Jaungoikuaren dotrinia ikastia edo erakustia; gaixuak bisiteetia; tristiak konsoletia; al dagijan limosna egitia; orazinoe egitia; edo erlijinoeko egiija altubak, erijotzia, juizijua, inpernuba ta zeruko glorija astiro ta gogoz penseetia; Jesukristo geure Jaunaren bitzitzako, peneetako, erijotzako ta biztu erako pausubak bijotz bigunagaz gogoratuta, Jesus maitia ta Jaungoiko andija adoreetia ta maitetutia; pede santuba gaiti ta purgatorijoko arima pielak gaiti Jaungoikuari erregututia; enpin, aste barruban bere zer eginetan egin dituban palteen parkazinoia ta aurrera ez egiteko biar daben grazija Jaungoikuari eskatutia.

        Ara emen, kristinaubak, domeeka ta jai osuetako zereginak ta eginbiarrak. Bata ez bada bestia, edozeinek egin legizanak. Zaarrak bere egin legijeez, gaztiak bere bai. Aberatsak bere bai, pobriak bere bai. Etxian daguanak bere bai, bidian dabilenak bere bai, oian daguan gaixuak bere bai. Bata ez bada bestia, gitxiago edo geijago, errazoiaren usuba badauka, edozeinek. Au da, neure entzula onak, domeeka ta jai osuak santu egitia edo santipiketia. Onetariko Jaungoikuaren ondrarako ta geure arimen onerako egite santubeetan domeekak ta jai osuak iragotia da, jaijak ta domeekak gordetia. Au da irugarren aginduban Jaungoikuak eskatuten deutskuna. Pekaturik ez egitia egun guztietako Jaungoikuaren aginduba da. Ta domeeka edo jai santubetan pekatu egitia, beste egunetan egitia baino pekatu andijagua da. Meza santuba jai domeeketan entzutia Eleisa Ama santiaren aginduba da. Jesukristo, geure Jaunak zerubetara igon ezkerokua da. Baina domeeka egunak santu egitia, Jaungoikuaren beraren aginduba da. Mundubaren asierati datorrena da. Egun santu oneek obeto, poz geijagogaz ta arimako onera geijagogaz gorde ginaizan, Eleisa ama santiak agindu eutskun meza santuba entzuteko. Baina mezia entzun biarrik ez bageunka bere, gorde biarko genduke astiango eguna santu eginagaz, pekatubaren beian. Ez ordu erdijan, ezbada egun guztian. Egun guztia santu egiteko aginduten deutsku Jaungoikuak.

        Dakutszu, bada, kristinaubak, zer dirian domeeka ta jaijak. Baita Jaungoikuak ta Eleisa Ama santiak zetarako itxi deutskuzan bere. Ta esango dozu, ordu erdijan meza bat entzunagaz ta biarrik egin ezagaz gordeetan ditubala kristinaubak domeeka ta jai osuak? Ordu erdi bateko egitade santubagaz pageetan dabela egun guztiko zorra? Ordu erdijan edo ordu betian baino biarra egin ez deutsunari emoten deutsazu egun guztiko alobera? Bada, Jaungoikuak eskatuten deutsku domeeka ta jaijegun osuetan, goxerik arratserako biar onak egitia; memento, ut diem sabbati santifices. Egun guztia da, geuk santu egin biar doguna. Ta deritxazu ordu erdi baten meza bat prisaka entzunagaz egingo dogula Jaungoikuagazkua? Pensau egizu zeubek, neure entzula onak, errazoe onen indarra. Ta balijau zaite beragaz, zeuben jai domeeketako eginbiarrak zuzenduteko. Baita gogoratu egizu ze urrin dagozan jai domeekak gordeetati, domeeka ta jai osuak tabernetan, jokuetan, desapijo ta probeetan, olgantza desonestubetan ta pekatuko lan gaistuetan iragoten ditubeenak. Meza bat ozta ta bera prisaka ta gaiski entzunda, beste domeeketako ta jai osuetako denpora santuba mundubari, aragijari ta diabrubari konsagretan deutseenak ze urrin dagozan, dinot, jai santubak gordeetati. Oh zeinbat kristinau nasai onetarikuak, lastima gorrijan! Oh gurasuak ta umiak, jai santuben desondragarrijak! Edegi egizuz zeuben begijak.

        Baina zeuk geure Jaungoiko maitia, zeuk imini biar dozu geure bijotzetan egiija santu oneen amodijua. Zeuk erbestetu biar dozu geure gogoti munduko banidade nasaijetarako naija ta zabaldu aren lekuban zeruko ondasunen gosia ta zeure grazija, zeinegaz jaditxiko dogun zeruko betiko glorija. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa