www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren amar agindubeetako lenengo bosteen ikasikizunak
Frai Bartolome
1816

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

III. IKASIKIZUNA
 

zeinetan erakusten dan

zelan paltetan dan noberaren

bitzitziaren edo osasunaren kontra.

 

        Esanda geratu da, neure entzula onak, bostgarren agindu santuban Jaungoikuak zaintuten dabela ez bakarrik besteen bitzitzia, baita norberarena bere. Ta oraindino ardura estubaguagaz. Bada, karidade egijazkua norberaganik asten da; ta bere burubari egiten jakon kaltia, nai osasunian, nai gorputzaren zati baten, pekatu andijagua da beste edozeini egitia baino. Ez dago munduban inor eskubidia daukanik bere buruba illteko, bere osasuna galduteko edo bere gorputzari atzapar bat kenduteko. Agintarijak ta juezak Jaungoikuak emonda daukee alizatia, deungaak ta gaiskinak illteko. Baina eurak deungaak ta txito gaiskinak izango balira bere, ezin ill legijez euren burubak. Neuk illgo dot ta neuk bitzirik eukiko dot, dino Jaungoikuak. Inok bere ez bere buruba ta ez inor ill ezin legi Jaungoikuaren ordena bagarik. Sansonek bere, bere buruba ill beeban arerijuakin naaste, Jaungoikuaren aparteko ordenia eukalako ill eban. Bestelan ez zan pekatuti librauko, dino san Agustinek.

        Au gaiti dauka Eleisa Ama santiak eragotzita, ezauberaz, borondatez, dakijala ta bere naiz bere buruba illten dabena leku sagraduban enterreetia. Baita a gaiti meza santuba esatia ta agiriko orazinoia egitia bere. Meza santuba ez da oprezidu biar, dino Aita Santu Erromakuak, erijotzako ordu artian pekatu eginda, erijotzia bera bere burubari emon eutsana gaiti. Zeinek, bada, erijotza pekatuzkuagua egin legi, Judas gaistuari jarraituta, diabrubak erakutsita, bere buruba ill dabena dakigunak baino, zein gaiti dinuan san Juanek orazinoerik ez egiteko? Nai erramientiagaz, nai urkatuta bere bitzitzia ezauberaz ta bere guraz galduten dabenari ez bekijo emon sepulturarik, dino beste Eleisiaren ordena batek. Bere buruba illten dabena, edo dago zoratuta, zer egiten daben ez dakijala, edo dago desesperauta, diabrubak indarra ariman artuta. Zoratuta daguanak ez dau pekaturik egiten. Zorotasunak pekatuban artu ez beeban, salbauko da, bere buruba berak ill arren, ezauberia palta dabelako. Ezauberaz ta naiz bere buruba illten dabenaren kondenazinoia, sinistu daikegunez, seguruba da. Onako negargarrira diabrubak ekarten ditu pekatarijak askotan. Ez lelenguan, ezbada urte luzeetan pekatuba pekatubari ezarrita, Jaungoikuaren deijai gortuta, konziendijaren kolpe garratzak sarri nekez isilduta, otzta baten arimako bake txaarrian bitzi izan dirianak. Jaungoikuaren pazienzija kansetan da. Arerijuaren astuzijak geituten dira. Pekatubaren pisuba astunduten da. Arimia larrituten da. Munduko pena txikijak andi egiten dira. Bitzitziagaz gobait egiten da. Borondatia pekatu andijakin ta sarritakuakin ikaratuten da ta gogortuten da. Jaunkoiko asarriagaz desesperetan da. Ta kolpe bategaz guztia amaituteko, urkatuten da, itoten da edo illten da, ta kondenetan da. Onan oi da, kristinaubak, euren burubak illten ditubenen asieria ta amai desbenturauba. Bildurtu gaitezan guztiok. Ta erregutu daijogun zerubari, ondo illteko grazija.

        Gitxi dira, ta ojala bat bere ez balitz, euren burubak ezauberaz kolpe baten illten ditubeenak. Baina bagoz kristinau asko, edo dala panparrerija ta arrokerija bat gaiti, edo dala kodizija siku bat ta gorrotogarri bat gaiti euren bitzitziari ta osasunari kalte egiten deutseenak, ta bos[t]garren agindu santuba austen dabeenak. Lelenguak osasunari kalte egiten deutsee banidadia gaiti. Bigarrenak zerbait aurreratutia gaiti. Ta bitzubak pekatu egiten dabee agindu onen kontra. Ikutsi daigun zelan.

 

 

I.

 

        Jaungoikuak ez gaitu bardinak egin guztiok geure gorputzetan. Batari emon deutsa gorputz andijagua ta bestiari txikijagua. Batari indartsubagua, bestiari bigunagua, bere borondate santubak gura izan daben moduban. Baina guztioi emon deutskuz Jaungoikuak gorputzak, Jaungoikua serbiduten, proximuari lagunduten ta zeruba irabazten geure arimiagaz biarra egiteko. Nai gorputz andija euki, nai txikija euki, nai indartsuba euki, nai argala euki, onetarako bakarrik, Jaungoikua serbiduten ta geu salbetan arimiari lagunduteko emon deutskuz Jaungoikuak. Indar geijago emon deutsanari, duda bagarik, Jaungoikuak eskatuten deutsa biar on geijago. Bada, ez deutskuz Jaungoikuak mesediak alperrik egiten, ezbada eurakin balijauta, bere ontasuna obeto serbidu daigun. Argal batek baino sendo batek biar geijago egin legi berez. Bada, geijago egin biar dau bere bitzi moduban, Jaungoikuari kontu ona emongo badeutsa. Bost mesede egin deutsazanari, bosten kontuba eskatuko deutsa Jaungoikuak. Bi egin deutsazanari, bidena. Ta bat egin deutsanari, batena. Alan gorputzian sendotasun geijago indar geijago, ta alizate geijago Jaungoikuaren esku santubetati artu dabeenak, kontu geijago Jaungoikuari emon biarko deutsee.

        Zer egiten dabee, bada, alako indartsu ta sendo askok? Gorputzeko sendotasunagaz balijeetan dira gorputza makalduteko, osasun onagaz osasuna galduteko, gorputzeko indarreekin gorputza argalduteko, mankeetako, uatuteko, gaixotuteko edo illteko. Askogaz geure errijetan ikutsi doguna ta geijago gaiti entzun doguna da au, neure kristinaubak, zeubek ondo dakizun legez. Aixe batzuk buruban sartuta, euren indarrekin ta sendotasunagaz arrotuta, Jaungoikuak pekatu egiteko emon baleutseez legez, lagunak desapijetan, temaak edo posturak egiten, ezin dituben kargaak jasoten ta eruaten ta beste edo bitzitzia edo osasuna galduteko, edo gorputzaren palta bategaz, edo eraso bategaz betiko geratuteko peligru ezagunetan ta jakineetan dabiltz indarsu asko, geratu bagarik, euren gorputzak galdu artian. Alakuak euren goguan, buruban ta berbetan ez daukee beste gauza onik, euren indarrak, euren karga jasotia, euren peliadaak, euren burrukaak, ta euren asko jaatiak ta asko edatiak baino. Ah zoro koitadubak! Indar geijago eukitia ete da gizon ondraubagua izatia? Alan balitz, zaldi bat ondraubago. Mando bat oraindino ondraubago. Ta tigre bat oraindino ondraubago. Sabel andijagua eukitia ta an geijago sartu al izatia ete da gizon prestubagua ta obiagua izatia? Alan balitz, Maximo odolgalzailia ta gizatazunaren lotsagarrija izango zan prestubeena. Bada, esaten da, egunian berrogei libra okela ta ogeta bost libra ardao irunsten zitubala.

        Ojala lotsatuko balira indardun ta jaatun banidadetsubak onako entzunakin. Ojala sinistuko balebee, prestuba izatia, ondrauba izatia, zuzena izatia, baketsuba izatia, esanekua izatia, humilde izatia, ta serbizailia izatia dala mundurako ta arimarako gizonak euki legijan prendarik oneena ta entzuterik estimaubena. Ojala ondo buruban sartuko balitxake, orrako euren buruben ta osasunaren kaltian probeetan ta desapijuetan oi dabilzanoi, indarrak ez da baidakuak diriala. Gaur sendua dana, bigar gaixorik edo andaan egon leitekiala. Ta azkenian bostgarren agindu santubaren kontra pekatu egiten dabeela: 1. Banidadez ta premina bagarik indarrak noragino dirian probeetako, karga astunak jasoten ta erabilten dabilzanak. 2. Banidadez edo temia eginda, sartu al dagijen guztia, nai jana ta nai edana, sabelari emoten deutseenak. 3. Alako desapijuak, temaak ta gorputzezko proba neurri bagakuak egiten ditubenak. Oneek guztiok euren bitzitziaren ta osasunaren kaltian edo kaltegarrijan, gauza andijan austen dabee bostgarren aginduba. Jazo lekijo gizonari, indar biar izatia ta premina orduban guztiak probeetia. Baina banidadez, panparrerijaz, arrokerijaz ta Jaungoikua opendidubaz, bere bitzitzia, gorpuzeko izanera ona galduteko peligruban imintia, gauza ezaina ta itsusija da Jaungoikuaren aurrian.

 

 

II.

 

        Beste batzuk kodizija gosedun bat gaiti galdu ta mankeetan dabee euren osasuna ta laburtuten ditubee bitzitziaren egunak. Oneek izaten dira: Zer jan ta zegaz bitzi Jaungoikuak emonda, eurai jagokuenez, daukeela, zerbait aurreratutia gaiti, osasunaren kaltian gau ta egun biarrian diardubenak. Baita, eukita ez kastetia gaiti geijagoko bagarik, gorputzari osasunian, nai gaixuan gose tristia ta popuertzakuaren paltia emoten deutseenak bere. Laarregijak ta gitxijegijak kondenauta dagoz, neure entzula onak, geure ebanjelijo santuban. Terzijua erakusten deusku ta aginduten deusku Jaungoikuak gauza guztietan. Ta da zerubak estimetan dabena. Ez dozu, bada, pensau biar erakutsi onetan nik leku emon gura deutsadala alperrerijari, buru gintziari, gorputza ondo artutiari, otz berorik edo goserik ez iragotiari, edo beste onako gorputzaren amodijo laarregija oinian eukiteko geijai. Ez kristinaubak. Bakit, gorputzak geure salbazinoiaren arerijuak diriana. Bakit, arimiaren krijadubak diriana. Gorputzaren amodijo ordena bagakua gaiti asko kondenauta dagozana. Gorputzak ondo ezita, domauta, eskupetuta edo errazoepera ekarrita eukiteko Jaungoikuak aginduten deutskuna. Bakit, zeruko justuben zeregin nausija, euren gorputzai gurarijak ukatutia ta padezidu eragitia izan dana. Ojala guztiak onan ezita, domauta baleukez euren gorputzak Jesusen amodijua gaiti ta zeruba irabaztia gaiti!

        Beste ainbeste, gauza jakina da, Jaungoikuak aginduten deutsala kristinaubari zintzo izateko, biargin izateko ta bere izerdijaren sarija estimetako. Batzubetan bialduten gaitu Jaungoikuak inurrijagana, bitzi izaten ikastera, zeinek batuten daben udaan janarija negurako txito kontuz ta priisaka. Beste batzubetan erliagana, zeinek elduten dan leku guztiti, inori kalterik egin bagarik, zerbait eruaten daben bere etxera, nun daukan bitzi izteko biar dabena palta bagarik, inok oostuten ez badeutsa. Egija da, Espiritu Santubak erakutsi oneekin jaso gura ditu geure bijotzak zeruko ondasun egijazkuak topeetara. Baina orraitino ez deutsa eragozten kristinaubari, munduban zintzo izatia ta bere gauzai begiratutia. Adani esan eutsan Jaungoikuak, bere izerdijagaz irabatzita jango ebala ogija. Ta Adanen seme guztioi geure izerdijaren ta biar eginaren saritzat emoten deutsku Jaungoikuak zegaz bitzi. Apostoluben euren artian, ez zan Jesukristo geure Jauna aaztu zegaz bitzi eukiteko arduriagaz. Ez da bada esaten, kristinaubak, erakutsi onetan, ez gorputzak laarregi maite izan biar ditugula, ez Jaungoikuak geu bitzi izateko emon deutskuna, ardura bage egun baten kastau biar dogula.

        Esaten da bai, neure entzula onak: 1. Kodizija gaiti, diruba edo gauzia aurretutia gaiti, aberatstutia gaiti, gau ta egun, euri ta aterri osasunaren kaltian, askok egiten dabeen legez, biarra egitia, bostgarren agindubaren kontra dala. 2. Jaungoikuak emonda daukala, ez kasteetia gaiti, diruba kasteetako daukan errukija gaiti gorputzari gosia emotia, edo osasunian nai gaisuan errazoez ta oi danez jagokana ukatutia, dala bostgarren agindu santuba austia. Erakutsi onetan kondenetan dana da, dirubaren gosia, ondasunen gurarija ta aberatstu naija, osasunaren kaltian dala, zerbait aurreratutia gaiti edo leen daukana ez kasteetia gaiti. Ta zein legetan ontzat emoten dau Jaungoikuak au? Nun esan deutsku Jaungoikuak geure bitzitzia ta osasuna baino dirubak geijago maite izateko? Ta zeinbat kristinau dagoz, bai gizonak ta bai emakumiak, gau ta egun, ta esan legi jai ta aste, uda ta negu beti arrastaka ta beti priisaka izerdija darijuela, euren gorputzak naarrak balira legez nekatubaz, zerbait aurreratutia gaiti, ta etxian biar dabeena ondo daukeela? Zeinbat emakume sabel katigubagaz ta askotan osasun argalagaz, auzuak eskandalizetan diriala, euri ta aterri biarrian etenaz, etxian zegaz bitzi ondo daukala, zerbait geijago eukitia gaiti? Zeinbat kristinau, laboria salduteko zerubak emonda etxian daukenak, arto puskabat errukiz sabelari emoten deutseenak ta gose gogorrak iragoten ditubeenak, ez kastetia gaiti? Zeinbat gaiso, diruba edo eukija daukeenak ta euren buruben jaube dirianak, kodizijaren kodizijaz errial bat ez gitxitutia gaiti, illten dira popuertzakuaren paltaz? Ah kristinaubak! Zeubek dakizu ondo, zeuben etxeetan ta auzuetan zer iragoten dan. Zeubek zara egija triste onen testigubak.

        Ta ez da au dirubari edo, argiruago esateko, diabrubari bere bitzitzia ta osasuna konsagretia? Bai. Diabrubaren martirijak dira alako kristinaubak. Euren biarra, euren nekia, euren osasuna ta bitzitzia bera bere laburtuta dirubaren Jaungoikuari, Satanasari gordeetan deutsee. Esan legije alako kodiziosuak, umiak daukezala, ta are[e]n onerako egiten dabeela. Ah neure entzula onak! Zeubei zer jan emoten deutsun Jaungoikuak, zuben umiai emongo deutsee salbeetako biar dabeena. Ez da Jaungoikua areentzako pobriago, zubentzako baino. Ez daukaz aaztuta Jaungoiko andijak zuben umiak. Kanpuetako lorak jantzten ditubanak, zuben umiak jantziko ditu. Basuetako txorijai janarija emoten deutseenak, zuben umiai emongo deutsee. Kodizija da, diru gosia da zeuben bijotzetan aginduten dabena. Osasuna galdu eragiten deutsuna ta bitzitzia laburtuten deutsuna.

        Zuben umiak biarrago dabee dotrina ona. Dotrina ona ta arima ona ez badaukee, dino san Juan Krisostomok, dirubak ta ondasunak umiai utsa balijo deutsee. Arima ona badaukee, ez eukijak kalterik egingo ez deutsee. Ezin umiai emon zinaijue aziera peligruzkuagorik kodizijarena baino. Ondasunen gosia umiai erakusten deutsezunian, sortuten dozu euren bijotzetan pekatu guztien sustraija. Aberatstu gura dabeenak jausten dira tentazinoian ta diabrubaren lazuban, ta puskaka puskaka duaz euren azkeneko galdu mendira. Oh, ze gatx daben, dino Jesukristok, oh ze nekez zeruban sartuko dan aberatsa! Kodizijari darraikonak, dino Salomonek, etxe guztia okertuten dau. Laster aberatstu gura dabena, dino beste leku baten, ez da pekatu bagarik izango. Bago beste zorakerija bat bere munduban, dino beste leku baten, bakarrik dago, nori ondasunak itxi ez dauka; ta orregaiti kansau bagarik biarrian diardu; bere begijak ez dira asetuten ondasunez. Ara emen, zelan zerubak begiratuten deutseen ondasunai. Ara, zer balijo dabeen Jaungoikuaren begijetan, ta oneek gaiti galduko dogu jeure osasuna? Edo geure bitzitzia? Ain izango gara zoruak, ondasun galdukorrak ameetako geure burubak baino geijago? Ez kristinaubak. Estimau daigun Jaungoikuak emoten deutskun osasuna ta bitzitzia. Ez daiguzan saldu edo galdu ain merke, edo obeto esateko, ain gora. Ez daijogun lekurik emon geure bijotzian tristeza larrijari, arimako illunari, ta gitxijago lelengo pekatubari ta pekatuko egotiari. Zerubagaz desesperauta, Judas gaistuari jarraitu ez daijogun geure burubak illtera ta inpernura. Ez daiguzan aixaatu ta arrotu geure burubak, indar geijago ta gorputzeko alizate geijago daukagulako. Balijau gaitezan Jaungoikuak emon deutskuzan gorputzeko doiakin, esker onagaz Jaungoikua bera serbiduteko, proximuari mesede egiteko ta arimiari salbetan lagunduteko. Kendu daigun geure bijotzeetati ondasunen gurari sikuba, liorra, mingotxa, penazkua ta asetuten ez dana. Egin daigun biarra preminiak, errazoiak ta bitzi modubak eskatuten deutskun moduban gorputzaren bildur bagarik. Baina ez kodizija gaiti kolpe bat bere. Domau daiguzan geure gorputzak. Ezi daiguzan ondo. Ukatu daijegun bide bagarik eskatuten deutskubena. Artu daigun geure gorputzeen gorroto santu bat. Dendatu gaitezan geijago baino geijago padezidu eragiten luurrezko gorputzai geure konpesoriaren ezauberiagaz ta naijagaz, eurak gaiti arimia galdu ez daigun. Baina ez gaitezan izan, ez osasunian ta ez gaisuan geure bitzitziaren ta osasunaren borregubak, euki ezkero ez kasteetia gaiti. Alan gura izan dagijala geure Jaungoiko onak bere miserikordija andija gaiti. Aitiaren, Semiaren ta Espiritu Santubaren izenian. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa