www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren amar agindubeetako lenengo bosteen ikasikizunak
Frai Bartolome
1816

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

I. IKASIKIZUNA

 

zeinetan erakusten dan

zelan aitu biar dan inor ez illtia.

Nos ez dan pekatu inor illtia.

Ta ze pekatu andija dan inor illtia.

 

 

I.

 

        Bostgarren lekuban aginduten deutsku, neure kristinaubak, Jaungoikuak inor ez illteko. Non occides. Gauza bi Jaungoikuak eskatuten deutskuzala agindu onetan, dino Erromako Katezismuak: Bata da inor ez illtia. Ta bestia, arerijuak ta adiskidiak, proximo guztiak maite izatia, guztiakin bakia eukitia ta besten paltaak pazienzijagaz iragotia. Geure lagunak edo proximuak zelan maite izan biar ditugun; ta arerijuai gatx eginak zelan ta zetaragino parkatu biar deutseeguzan, esanda geratu da lelengo aginduban. Ta agindu onetan bakarrik esango da, inor ez illtiari jagokana.

        Agindu guztietan gogoratu biar dogu, kristinaubak, geure Jaungoikuaren ontasuna; ta bere biguntasunak geu gordeetako ta zaintuteko daukan arduria. Laugarren aginduban zaintu dau gurasuai ta nausijaguai euki biar deutseegun ondria, lotsa ona ta maitetasuna. Bada, eurak dira, Jaungoikuaren urrengo, geure gizonaren ta kristinaubaren izatia emon deutskubeenak. Onen ondorik Jaungoiko onak ta mansuak zaintu ta gorde gura deutsee guztiai bitzitzia. Alan aginduten dau inor ez illteko. Non occides. Berba oneetan eragozten deutsku Jaungoikuak, ez bakarrik inor illtia, ezbada inori osasunian edo gorputzian kalte egitia bere bai. Alan, inor illtia, banatutia, odoldutia, beso bat edo azur bat austia, berenua edo gatxgarri bat emotia edo gaixotutia, guztia dago eragotzita bostgarren aginduban. Baita geijago bere. Bada, noberak inor ill ez arren, bestiari inor illteko, banatuteko edo gorputzian kalte egiteko agindutia, lagundutia, konseju emotia, atarako botikakua, erramientia edo bidia emotia, guztia dago eragotzita agindu santu onetan. Ez dozu illgo, dino Jaungoiko andijak. Ez deutsazu inori kalterik egingo, ez bitzitzaan, ez osasunian, ez gorputzian, ez zeure eginagaz, ez inori egiten erakutsijagaz, ez agindubagaz, ez lagundubagaz, ta ezda ezetara bere. Jaungoikua bera da geure bitzitziaren ta erijotziaren, osasunaren ta gaixuaren, gorputzaren ta arimiaren jaubia. Ta ez dau aren ontasun altubak gura, luurrekok inori gauza onetan ikutu dagijon, bere agindu santuba edo alizatia bagarik.

        Ez dozu inor illgo Jaungoikuak bere legian esanagaz batuten ditu modu onian agindupe onetara munduko gizon ta emakume guztiak. Ez ganadubak eta pristijaak edo patarijak, Erromako Katezismuak san Agustinegaz dinuan legez, denpora bateko erejeen utsegitiak urrin baino urrinago alderatuteko. Bada, Jaungoikuak ez deutsku eragozten ganadu gauzaak illtia agindu onetan, ez bestetan bere, gauza bitzijak dirialako. Gizonak ta emakumiak dira agindu onetan sartuten dirianak, amaren sabelian sortuten dirianeti bitzi dirian arte guztian. Agindu onek artuten ditu, bada, bere azpijan gizon ta emakume guztiak, bai kristinaubak, bai erejiak, bai turkubak, bai jentilak ta bai judegubak; ta baita geure burubak bere. Izan ezkero gorputza ta arimia daukana, nai urrinekua ta nai urrekua, nai adiskidia ta nai arerijua, nai ona ta nai deungia ezin ill ginai inor, Jaungoikuak edo Jaungoikuaren ordekuak agindu bagarik. Ezda kalterik egin bere, leen esan dan moduban. Kanpo au guztiau artuten dau bostgarren agindu santubak, inor ez illteko esanagaz. Oh Jaungoiko guztiz ona ta mansua! Nok maite ez zaitu! Ta beti izango da pekatu inor illtia? Ez, kristinaubak, ta ikusi daigun nos ez dan pekatu.

 

 

II.

 

        Modu askotara jazo leiteke inor illtia, pekaturik egin bagarik. Leleengo: juezak aginduten dabenian. Juezak Jaungoikuaren lekuban dagoz, leen esan dan legez. Jaungoikuak agindu deutsee juezai errijetako ta etxeetako jentiaren bitzitzak, aziendak ta bake ona zaintuteko. Jaungoikuak berak emon deutsee juezai eskubidia edo alizatia, gaistuak ta deungaak kastigeetako, baita askotan illteko bere. Gizon bat edo emakume bat bada errijan okerra, lotsa galdukua ta ezi bagakua, lagunai kalte egiten deutseena ta ez zamaijagaz, ez ondo esanagaz, ez beste kastigugaz eskura ta agindupera etorri gura ez dabena, bada guztien kaltegina, dino santo Tomasek alako gizon edo emakumia gaiti, popuertzakua dala ta ondo dala, alakua illtia. Osalari batek edo mediku batek gorputzeko zati igartu edo usteldu bategaz egiten dabena egiten dau juezak alako gizon edo emakume deungiagaz. Gorputzaren zati guztiak dira onak ta biarrekuak, gauza badira, gorputzari lagunduteko bere biarretan. Baina gorputzaren zatija bada igarra edo ustela, bere lekuban egon gura ez dabena ta gorputzari lagundu biarrian kalte egiten deutsana, ebagi ta kendu egiten jako gorputzari alako zati galduba.

        Beste ainbeste egiten dau ta egin biar dau juezak gizon ta emakume deungaakin. Besteen kaltian diriana ezautu ezkero, kendu biar ditu, ill biar ditu deungaak, legiak aginduten daben moduban. Alan urkatuten dira ta illten dira gizon eta emakume deungaak, juezak aginduta, pekaturik egin bagarik. Bigarrenian: esan dan errazoia gaiti, juezaren igesi erririk erri edo mendirik mendi dabilen gaiskina, juezaren agindubagaz illtia ez da pekatu. Askotan jazo oi da, juezak sarija agindutia onako edo alako gizon edo emakume igesi dabilen deunga bat, bitzirik edo ilda eruaten deutsanari. Orduban justizijaren aguazilak edo agindukuak bitzirik artu ezinda, artu guraan illten badabee gaiskina, ez da esaten pekatu egiten dabeela. Baina inundi bitzirik gorde al badagije, gaiskin andija izan arren, ez dabee eurak ill biar, ezbada artuta juezari eruan.

        Irugarrenian: Gerra zuzenian soldaubak arerijuak illtia ez da pekatu. Ez arerijuen ondasunen gurari gaistuagaz, ez gerrako eginbiar edo ordenetati kanpora, ezbada errege edo agintari jaunari obeidutia gaiti, ta erreinu guztiko ona gaiti. Errege jaunak edo erreinubak aginduten dabenian gerria egiteko, soldaubak obeidu biar deutsee agintarijari. Gizonak ill bagarik gerrarik ezin legi. Bada, orduban gizonak illtia da errege jaunari obeidutia ta erreinu guztia serbidutia. Soldaubak juan jakozanian san Juan Bautistari itandutera, ia zer egingo ebeen, ez eutseen esan san Juan Bautistak gerrarik ez egiteko, armaak isteeko ta geldi egoteko, ezbada bide bagarik, ordena bagarik ta errazoe bagarik gerraan inor ez zauritu ta ez banatuteko; inori guzurrezko paltsakerijarik ez ezarteko; ta eurai jatorken aloberagaz edo sarijagaz kontentu izateko. Legezko gerria Jaungoikuak ontzat emoten dabena da. Baina gerriaren eztalgijagaz egiten dira pekatu asko, Jaungoikuaren agindu santuben kontra. Ta pekatubak ez ditu Jaungoikuak ontzat emongo. Ezin ukatu ginai, gerria dala Jaungoikuak erreinu ta errijeetako pekatubak kastigeetako bialduten deutskun azote gogorra. Ikara egiten dabee oraindino geure bijotzak, leengo eguneetako geure gerra odoltsubak gogoratuta. Ojala obatu balitubee geure ekandubak! Ojala bigundu balebee geure Jaungoiko zuzenaren asarria!

        Laugarrenian: Jaungoikuaren agindubagaz inor edo norbera illtia ez da pekatu. Alan ill zan Sanson. Alan ill zituban Phineek Zanbri ta onegaz pekatuban eguan Madiango alabia. Alan ill zituban Eliasek Isrraelgo propeta paltsuak. Jaungoikua dan legez gere bitzitzeen jaubia, Jaungoikuaren agindubagaz inor edo norbera illten danian, ez da austen Jaungoikuaren legia.

        Bostgarrenian: deskuiduan inor edo norbera illtia ez da pekatu, ustez uste bagarik ta naijaz bestera danian. Nairik ez daguan lekuban, pekaturik ez dago. Bada, ezaubera bagarik, gatxnai bagarik, deskuido baten geijagoko bagarik gizona illtia ez da esaten pekatu dala. Orraitino bere, dino Erromako Katezismuak, deskuidozko erijotzetan modu bitara pekatu egin legijala. Bata da, inor illteko arriskuko gauza txaarra egiten dabela, inor illten dabenian. Orduban, inor illtia gura izan ez arren, nai dau inor illteko peligruko egitia ta andi dator inor illtia. Bada, ezarten jako erijotziaren erruba. Joko baleu batek, dino Katezismuak berak, emakume seindun bat ostikuagaz edo ukabilagaz ta galduko baleutsa sabelian daukan seina, joten dabenaren borondatiaz edo naijaz kontra izango litzateke seina galdutia. Baina egingo leuke pekatu, seina egiteko daguan emakumia ezetara bere jo biar ez dabelako. Bestia da, naijaren kontra izan arren, inor deskuiduan illtia, biar dan ardura guztia imini ez dabelako jazo atan. Deskuiduan izan arren bere, ustez uste bagarik izan arren bere, bere ardura bagatasunez ta osoro begiratu ezaz egin badau erijotzia, pekatu da.

        Seigarrenian: Norbera ez illtia gaiti. Ez dago ezer bere mundurako bitzitzia baino gauza estimaubagorik. Beste edozein gatx iragotera, leenago etorten dira gizonak illtera baino, juizijo onian dagozanian. Eskubak eta oinak ebagita, gorputza moztuta baino ez bada bere, bitzi gura dau gizonak. Buruko arinak edo etsaijaren tentazinoiak ekarri legi bat bere buruba itotera edo illtera. Askok esan oi dabee, arrabijoz su artuta: Illda balegoz, itota balegoz. Baina illteko orduba eldu dakijuenian, bitzi gura oi dabee areek bere. Jaungoikuaren amodijo santubak ixiota dagozaneen batzuk, Elias batek, san Paulo batek, beste onetarikuak Jaungoiko gozua zeruban laster ikustia gaiti, benetan illtia desiau dabee lege onian ta errazoez. Bitzitzia da berez luurreko gauzarik estimaubena. Ta illtia da inori munduban egin ginaijon kalterik andijena.

        Karidade egijazkua asten da, bada, norberaganik. Edozein premina edo biar ordutan, nai arimakuan ta nai gorputzekuan, bijen premina ordubak bardinak izan ezkero, leenago da norberari begiratutia proximuari baino. Alan, izan arren inor illtia berez pekatu andija, badator deunga bat neu illtera ta librau ezin badot neure bitzitzia aren esku gaistuetati bera illda baino, ez da pekatu a illtia. Esaten da: librau ezin badau bere bitzitzia. Bada, ezetara librau al badedi alako arerijo gaistoaganik norbera bitzirik, ez dau ill biar. Orregait[i] aitu biar da dotrina au ardura andijagaz. Sarritan jazoten dana da. Geijagotan jazo leitekiana da. Iges eginda alderatu al badedi arerijuaganik, ez dau ill biar. Lagunai otseginda, diadar eginda librau al badedi, ez dau ill biar, nor bera illtera datorrena zuzen jakin arren. Kolpe batzuk emonda apartau al badedi arerijuaganik, ez dau ill biar. Enpin, norbera ill edo arerijo illtera datorrena ill baino beste urteerarik inundi bere ez daguanian esaten da, bere bitzitzia zaintutia gaiti, a kendu gura deutsan arerijua illtia ez dala pekatu.

        Egija da, orduban bere, alan norbera illtera datorrenaren estadu tristia ezaututa a illten badau, betiko inpernura botaten dabena gogoratuta, bitzirik geratuta menturaz erremedijau dedin itxiko baleutsa arerijuari norbera illten bera ill bagarik, egingo leuke Jaungoikuaren aurrian karidade andi bat. Emongo leuke bere bitzitzia proximuaren arimia gaiti. Ta duda bagarik Jaungoikuak sari andija prestauko leuskijo zeruban. Onetarako, alan norbera illten bere arerijuari isteeko, norberak egon biar dau, bere ustez, Jaungoikuaren grazijaan. Bada, bijak badagoz pekatu mortalian, ez dau ondo egingo arerijuari bera illten istia, dino santo Tomasek.

 

 

III.

 

        Esan dirian sei jazuetan, erakutsi dan moduban, inor illtia odijo bagarik, gorroto bagarik, kondenetako ta geijago bengetako opa txaar bagarik, ez da pekatu, kristinaubak. Onezaz ostian, beste inori edo norberari bitzi[t]zaan edo gorputzian kalte egitia, eragotzita dago bostgarren agindu santuban. Guztioi gorde ta zaintu deutsku Jaungoikuak geure bitzitzia. Aintxinako jentil askoren utsegitiak erbestetuta, aberatsai ta pobriai, zaarrai ta gaztiai, gurasuai ta umiai, guztiai lege estu bategaz gorde deutsku zerubak geure bitzitza estimauba. Baina zelan? Txito lege estubagaz ta gogorragaz. Gizona illtia da proximuaren kontra egiten dan pekaturik andijena. Au gaiti dauka lege on guztietan, inor ill dabenak, ill biarra. Bitzitziaren trukian, bitzitzia; begijaren trukian, begija; aginaren trukian, agina; eskubaren trukian, eskuba; ta oinaren trukian, oina, dino Jaungoikuak. Esateko moduban: Ill dozu inor? Zeu illagaz pagauko dozu aren zorra. Galdu deutsazu eskuba, oina, edo begija proximuari? Zeure eskubagaz, oinagaz edo begijagaz pagauko dozu aren zorra. Gizon illzaillia zan Kain desbenturauba. Ta zer dino bera gaiti Eskritura Sagradubak? Zure anaiaren odolaren deijak diadar egiten deust luurreti, esan eutsan Jaungoikuak Kaini, Abel bere anae errubagia ill ebanian. Abel ill zan. Aren odola luurrak txupau eban ta liortu zan. Baina diadar egiten eban zeruragino odol illak. Kainen bengantzia eskatuten eban odol inozentiak Jaungoiko zuzenaren aurrian. Edo Kainen gizon illzako pekatu ikaragarrija agertu zan Jaungoikuaren aurrian zeruban ta eskatu eutsan pekatu aren bengantzia. Ta zer esaten deutsa Jaungoikuak Kaini? Madarikatuba zara emeti aurrera luurraren gainian, zeinek bere aua edegita artu eban zure eskubetati zeure anaiaren odola.

        Aitu, kristinaubak, ze berba itzalsubak ta bildurgarrijak dirian oneek Jaungoiko bitzijaren auan. Aitu, ze gorroto andija deutsan Jaungoikuak gizon illtiari. Ta zer jazo jakon Kain anae illzailiari berari? Desesperau egin eban lelengo bere burubagaz. Enbidijak, kodizijak ta inoren ikusi ezinak ill eragin eutsan Kaini Abel bere anae errubagia. Ill eban. Baina bertati sartu jakon bitziro bere buruban Kaini pekatu ezainaren karga astuna. Ezin jaso eban. Ikara eragiten eutsan bere bijotzian, bere belaunetan ta gorputz guztian gizon bitzija illak. Sinistu eban, zeruba ta lurra diadarka eukazana bere kontra. Astundu ta mindu jakon bere bitzitzia, inorena galdu ebalako, ta itxi baten esan eutsan Jaungoikuari: Andijagua da nire pekatuba, parkatutia merezidu daben baino. Oh Kainen bijotz tristia, larrija, jausija, illuna ta astuna! Oh gizon illte desbenturauba! Ze sail txaarrak dakazuzan zeugaz. Kain lelengo gizon illzaillia, zeruba ta luurra, bere konzienzija ta bere bitzitzia, guztiak bere kontra ditubala, marka bategaz dabil baztarrik baztar vagus et profugus guztien igesi. Baina ez da libreetan illteti. Ezda inpernuti bere.

        Ara, kristinaubak, gizon illtiaren sail bildurgarrijak lelengo gizon illzailiaren buruban. Gizona illten dabenak, birrinduten dau Jaungoikuaren obra andija. Jaungoikuak ekarri gaitu gizon ta emakume guztiok mundura, berak gura daben artian munduban bera jaso, alabau, serbidu ta amau daigun. Onetarako emon deutsku bere izatiaren irudija. Zer egiten dau, bada, gizona edo emakumia illten dabenak? Birrindu Jaungoikuaren egin nausi bat. Galdu gizon bat edo emakume bat. Edo sortuta laster amaren sabelian, bitzi izaten ondo asi bagarik. Edo umetan, Jaungoiko bere egilia ezaututen asten danian. Edo azita, Jaungoikua, proximuak, errija ta etxia serbidu biar ditubanian. Edo zaartuta, bere egineen prutuba batuta, zerubari bere bitzitzia ta arimia emoteko presteetan daguanian. Orduban gizon illzailiak kutxilo bategaz ebaten deutsa bitzitziaren arija, bialduten dau arimia beste mundura ta gorputza ar artera. Galduten deutsaz, Jaungoikuari emon biar eutsan ondria ta beste egingo zitukian biar on guztiak. Ta esku artuten deutsa Jaungoikuari, Jaungoikuak berak ill biar eukian gizona illagaz.

        Ikara egin daigun, kristinaubak, gizon illtia gogoratuta beste bagarik. Eskatu daijogun Jaungoikuari, emon daigula espiritu mantsua, espiritu biguna, iraun andiko gogua ta bijotza, geure arerijuen prestuezkerijak ta azalkerija mingarrijak karidade santia galdu bagarik iragoteko. Eskatu daijogun, amatau dagijala gere bijotzetan gorrotuaren, odijuaren, enbidijaren, kodizijaren ta bengantziaren su madarikatuba, gorde daigun beti geure arimetan Jesusen mansotasuna ta grazija, zeinegaz jaditxiko dogun zeruko glorija. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa