www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren amar agindubeetako lenengo bosteen ikasikizunak
Frai Bartolome
1816

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

III. IKASIKIZUNA
 

zeñetan erakusten dan,

zelan dan Jaungoikua guztiz maitegarrija. Ta zegaiti.

 

        Esanda geratu da, neure entzula onak, leengo dotrinan, lelengo mandamentubak zelan aginduten deutskun kristinau guztioi, Jaungoikua ameetako, beste gauza guztiak baino geijago. Ta baita pedia ta esperantzia biar diriana bere, mandamentu onen aginduba egiteko. Ta esango deutsut dotrina onetan, zegaiti amau biar dogun Jaungoikua, gauza guztiak baino geijago.

        Kristinau guztiak dakijee lelengo mandamentubak aginduten dabena, Jaungoikua ametako beste gauza guztiak baino geijago. Guztiak dakijee, Jaungoikua amau bagarik zerurik ez daguana. Baina ez ditubee guztiak eze, gitxiagok bere ezaututen ta penseetan, Jaungoikua ameetako daukaguzan errazoe andijak eta argijak. Ta au gaiti dagoz kristinau gitxi, Jaungoikua bene benetan ameetan dabeenak. Gauza siku bat, otz bat, derrigorrezko bat edo nora ezeko bat balitz legez begiratuten deutsee askok Jaungoikua ameetiari. Noberaren gogokua bada persona bat, a pozik eta gustoz ameetan da. Baina noberaren gogokua ez bada, ez jako kasu andirik egiten. Geijeenaz bere gatxik ez opa izatia da, noberaren gogoko ez dan personiarentzat daguan amodijo guztia. Inori gatxik ez gura izatia ta ameetia, gauza bi dira. Ez da asko Jaungoikua ameetako Jaungoikuari gatxik ez opa izatia, ezbada, onezaz ostian ondo gura izan biar jako Jaungoikuari, amau biar da, alabau biar da ta maite izan biar da beste gauza guztiak baino gijago. Bada, kristinau guztiak pozik, gustoz ta errazto, berekautan legez, ezer bere kosta bagarik ta pena bagarik amau dagijeen geure Jaungoiko guztiz ona, iminiko ditut errazoe batzuk, edozeinek aitu legizanak ta Jaungoikua ameetara ekarten gaitubeenak. Alkarri oratuta legez, egongo dira mandamentu onetako dotrinaak ta ez aaztu bategaz bere, guztiak entzun artian.

        Ez dago inor bere, neure kristinaubak, ain zororik, ain itsurik edo ain nezijorik, zeinda gauza bat guztiz ona dana jakin ezkero, ameetan ez dabenik. Ta zeinbat dan onagua, gogokuagua ta palta gitxiago daukazana gauza a, ainbat izaten da gauza arentzat amodijua ta karinua andijagua. Ta bada eskina guztietati ona, txito guztizkua ta bat bere tatxa bagakua, orduban arentzako amodijua, karinua ta maitetasuna bere osua, guztizkua ta neurri bagakua da.

        Pensau egizuz bada, kristinaubak, zeubei gurarija emoten deutsubeen gauza on guztijak, zeubek nai dituzun edo onak diriala deritxazun kondezinoe ta maitegarri guztiak. Pensau egizuz, ikusteko, esateko, entzuteko, eukiteko edo gozeetako, goguan jausten jatzuzan ontasun guztiak. Ta dirianak topauko dituzu Jaungoikuagan. Dirianak daukaz Jaungoikuak berez. Ta daukaz bera ameetan dabeneentzat. Adiskide oso baten kondezinoe guztiak daukaz Jaungoikuak. Bera da jakituna, bera da zuzena, bera da aberatsa, bera da lauba, bera da andija, bera da sendua, bera da pirmia, bera da emonzailia, bera da parkazallia, bera da grazijosua, bera da karinosua, bera da guztien erakua, ta bera da betikua. Deritxat, neure kristinaubak, on modu edo kondezinoe oneek guztiok daukazan persona bat topauko bazendu, naiko zendukiala aren adiskide izatia. Ta amauko zendukiala guztiok gustoz, pozik, karinoz ta borondate osuagaz persona a. Bada, artu egizu pazienzija Jaungoikuaren amodijua gaiti, ta ikutsiko dozu argiro, guztiak eta geijago daukazala Jaungoikuak zeubeentzat eta niretzat, geuk bera amau ezkero. Entzun egizu.

 

 

I.

 

        Jakituna da Jaungoikua, ta amau biar dogu jakituna dalako. Jakiturija da, neure entzula onak, munduban txito asko estimeetan dan gauzia. Zeinbatek eureen burubak kanseetan ditubee ta aziendak kasteetan ditubee, zerbait geijago jakitia gaiti? Zeinbatek egunazko ikasijari gitxi eritxita, gabak galduten ditubee liburubak irakurten, izarrak konteetan, bedarrak esamineetan, itxasuak neurtuten, alemanijak zaintuten, luurrak aztertuten, zidarrak eta metalak topeetan ta piseetan? Zeinbatek osasuna ta juizijua galdu ditubee irago dan sei edo zazpi milla urtian bakian ta gerraan, osasunian ta gaixuan, zeruban ta inpernuban, itxasuan ta luurrian zer jazo dan ta jazoten dan jakiten? Guraso baten kontentu ta poz guztia da, seme edo alaba jakitun bat eukitia. Kastau daben guztiak ez deutsa bapere minik emoten, seme alabaak zerbait geijago ikasten dabeenian. Erri baten badago jakitun andi bat, guztiak estimeetan dabee, ta kanpuetan bere konteetan dabee ze jakitun andija daguan eureen errijan. Guztiak nai leukee aren adiskide izatia. Urrineti eskribidutako karta bat baño ez bada bere, aren gauzia eukitia nai leukee. Beragaz berba egitia edo zerbait bere aoti entzutia estimeetan dabee. Illda gero bere ez dira aaztuten, ez senidiak, ez adiskidiak, ezda ez ezagunak bere alako jakitunagaz. Ta esaten dabee: Ah, ze jakituna zan! Neure senidia zan, neure adiskidia zan! Zegaiti, bada, au guztiau, neure entzula onak? Jakiturija ta jakituna guztiak estimeetan dabeelako, ameetan dabeelako ta txito asko nai dabeelako.

        Bada, kristinaubak, munduko jakiturija guztia Jaungoikuaren aurrera jaso ezkero, zorakerija ta ezjakite utsa baiño ez da. Jaungoikua da jakiturija bakarra. Bera da jakitun guztien jakituna ta jakiturija guztiaren erakusla bakarra. Ikasten ibili bagarik daki Jaungoikuak, zeruban, inpernuban, itxasuan ta luurrian jazoten dan guztia. Kansau bagarik konteetan ditu Jaungoikuak zeruban dagozan aingerubak eta santubak, inpernuban dagozan kondenaubak, linbuan dagozan arimaak, itxasuan dagozan arrainak eta ondarrak, lurrian dagozan bedarrak, munduban jaijo dirian ta jaijoko dirian persona guztiak. Mundubaren asierati ona gizon eta emakume guztiak zer esan dabeen, zer egin dabeen, zer pensau dabeen ta zer esan, egin ta pensauko dabeen, guztia daki Jaungoikuak. Urrinekua daki, urrekua legez; aintxinakua, oraingua legez; ta etorkizuna, iragotakua legez. Ez destajuban, eritxijan, dudaan edo guzurrez naastauta, munduko jakitunak legez; ezbada zuzen, artez, argiro ta ziatz, nos, nun, zelan, zeinbat, zegaiti ta zetaragiño dirian, guztia daki Jaungoikuak. Munduban inok ezer badaki, Jaungoikuak erakutsitako puska bat baño ez daki. Ta dakijana bere, (pediaz osterantzekua) utsegitez naastauta baino ez daki. Jaungoikua da jakitun bakarra edo jakiturija utsa. Bada, kristinaubak, munduko persona bat ainbeste ameetan bada ta estimeetan bada jakituna dalako, ta ainbeste desietan bada aren adiskide iza tia, zeinbat geijago amau biar dogu ta estimau biar dogu geure Jaungoikua, jakitun guztien jakiturija dalako? Ta zeinbat geijago desiau biar dogu Jaungoikuaren adiskide izatia, gauza guztiak berak dakizalako ta dakigun puskia berak erakutsita baño ez dakigulako? Ordu lauren baten edo istante baten geijago erakusten deutsa Jaungoikuak arimiari, munduko liburu ta maisu guztiak bere denpora guztian erakutsi legijuen baino. Pensau egizu bada, kristinaubak, ia Jaungoikuak mereziduten daben geuk beste gauza guztiak baino geijago ameetia, Jakitun guztizkua ta amai bagakua dalako. Oh, neure Jaungoiko on! Ameetan zaitut biotz guztiagaz, zeu guztiz jakituna zarialako. Nire pozik andijeena da, Jauna, zeu ezaututia, zeuri entzutia, zeugaz berba egitia ta beti zeure adiskide izatia, jakitun bakarra zarialako. Baita, Jauna, zuzena zarialako bere.

 

 

II.

 

        Zuzena dalako bere amau biar dogu, kristinaubak, geure Jaungoiko ona, beste gauza guztiak baiño geijago. Zuzentasuna da, munduban txito asko nai dan gauzia. Berbeetan, tratuban ta artu emonian zuzena dan kristinauba, guztiak estimeetan dabee ta ameetan dabee. Ta guztiak ondo gura deutsee alako zuzenari. Beste aldeti, paltsakerijak, engainubak, naastiak ta arpegiera bi lagun artian darabiltzan kristinauba, ez dau inok ikusi gura. Ta ezda agaz traturik edo artu emonik euki bere, paltsua dalako. Zuzenari, ziurrari ta zintzuari begiratuten deutsagu beti karinoz ta amodijoz. Ta beragaz nai dogu kontuba ta adiskidetasuna eukitia. Oh! Zuzenak beragaz darua geure bijotzeko amodijo guztia.

        Zer dala deritxazu bada, kristinaubak, munduko zuzentasun guztia, Jaungoikuagana jaso ezkero? Ez beste gauzarik, ezbada engainuba ta paltsakerija. Geure Jaungoiko ona da bakarrik ta berez zuzena, arteza, ziurra ta egijazkua. Gizon guztiak, dino Dabid erregiak, dira guzurtijak edo guzurra esan legijeenak. Jaungoikua da bakarrik zuzena ta arteza bere juizijuan. Ez dago inor bere luurraren gainian ain zuzenik, zeinda egunian egunian askotan uts egiten ez dabenik. Jaungoiko ona da bakarrik, uts egiterik ez daukana. Zelan ezautu ginai, bada, Jaungoikuaren zuzentasun neurri bagakua? Gomutara ekarrijagaz zer egiten dabeen geugaz. Bago inor Jaungoikuaren kontra kexau leitekianik? Ez. Mundura etorri dirian gizon ta emakume guztiakin, zeruban dagozan aingeru guztiakin ta kondenauta inpernuban dagozan guztiakin kontubak egin ditu ta egingo ditu Jaungoikuak. Baina ez dago guztien artian bat, ta ezda izango bere, Jaungoikuak engainau dabenik. Berba on bat esaten badogu Jaungoikuaren izenian ta Jaungoikuaren amodijuagaz; desio santu bat, egitade zuzen bat, konseju on bat, limosna txiki bat, baso bete ur karidadez emotia, Jesus bijotz onagaz esate bat, zerurutz zuzpiru bat egitia; dana dala, danik gauzarik txikarrena bere, Jaungoikuaren izenian ta Jaungoikuaren amodijua gaiti egin dana ta egingo dana, guztia zuzen ta ziatz kontauko deutsku Jaungoiko onak. Ta guztien sarija zeruban ugari emongo deutsku, bera ameetan badagu beste gauza guztiak baino geijago.

        Beste aldeti ez dau Jaungoikuak inor bere kastigauko, bere pekatubak mereziduten dabeen baino geijago. Inpernuban kondenauta dagozan diabrubak ta arimaak ondo ezaututen dabee, daukeen pena guztia dala, eurak pekatubakin irabatzi ebeena. An dakutsee zoriga[i]stokuak ze zuzena ta ze arteza dan Jaungoikua, kondenaubeen pekatuzko naijak, berbaak ta egitadiak ondo pisauta, bakotxari bere mereziduba emoten deutsanian. Ez deutsa Jaungoikuak inori bere eskatuko, emon deutsan baino geijago. Bost emon deutsazanari, eskatuko deutsa bosteen errazoia. Bi emon deutsazanari, birena. Ta bat emon deutsanari, batena. Baina guztiai zuzen ta artez, inok bere kexarik eukiko ez daben moduban.

        Oh, Jaungoiko zuzena! Nok amauko ez dau bada, neure entzula onak, ain Jaungoiko zuzena ta arteza? Ez dau mereziduten Jaungoikuak geure amodijo guztia, karino guztia ta bijotz guztia, zuzena ta arteza dalako? Ez deutsagu entregauko Jaungoiko zuzenari bildur bagarik geure borondatia oso osorik geure gurari guztiakin, sinistu ezkero bere izenian ta bere amodijua gaiti ezauberaz esaten dogun, entzuten dogun, egiten dogun ta desietan dogun guztiaren sarija zuzen emongo deutskula zeruban? Errazoiaren usura eldu ginaneti erijotzako orduraginoko ezauberazko pensamentu, berba, egite, nai ta gura guztien kontuba ta errazoia, nos, nun, zer, zelan, zegaiti, zeinbat bidar ta zeinbat mesede edo kaltegaz izan dan, Jaungoikuari emon biarko deutsagu guztiok erremedijo bagarik. Konturik nausijeenak, konturik naastaubeenak ta konturik balijosuenak egin biarko ditugu Jaungoikuagaz. Oh, ze sail andija! Oh, ze kanpo andija! Zeinbat estimau biar dogu bada, neure kristinaubak, Jaungoikua zuzena ta arteza izatia, geure kontubak guztiak, gomuta ditugunak ta ez ditugunak, beragaz egiteko! Egon leiteke ezer maitegarrija gorik ta geure bijotza beragana geijago daroianik, Jaungoiko zuzena baño? Oh, neure Jaungoiko ona! Beste ontasunik ez bazeunka bere, zeu guztiz zuzena ta arteza zarialako, ameetan zaitut nik bijotz guztiagaz ta arima guztiagaz. Baita aberatsa zarialako bere.

 

 

III.

 

        Aberatsa da Jaungoikua. Ta au gaiti bere mereziduten dau geure amodijo osua. Erreparau egizu puska bat, kristinaubak, ze leku daukeen geure bijotzeetan ondasunak; zelan enkanteetan dabeen ondasunak geure gogua. Ondasunak domeetan ditubee senduak, beeratuten ditubee altubak, jasoten ditubee baxubak, txikituten ditubee andijak ta azten ditubee txikijak. Ondasunak argituten ditubee begijak, poztuten dabee bijotza ta, dagozan lekuban dagozala, eureetara daroie geure amodijua. Beti izango da egiija, ondasunak asko ameetan diriala ta dirubari guztiak obeiduten deutseela. Beti izango da egiija, ondasunak ta diruba Jaungoiko txiki batzuk diriala. Aberats bati guztiak ondo esaten deutsee, guztiak obeiduten deutsee ta guztiak naija egiten deutsee. Ta aberats izatia baino beste paltarik ez badauka, guztiak estimeetan dabee ta ameetan dabee.

        Bada, kristinaubak, ondasunak ta aberatsa ainbeste ameetan badira, Jaungoikua da ondasun guztiak daukazan aberatsa. Basuak guztiak, soluak guztiak, etxiak guztiak, palazijuak guztiak, errijak guztiak ta erreinubak guztiak beriak ditu Jaungoikuak; ta nai dabenari emoteko daukaz. Ganadubak guztiak, arrainak guztiak, txorijak guztiak ta pristija jenero guztiak beriak ditu Jaungoikuak; ta nai dabenari emoteko daukaz. Zidar, urre, diamante ta perla jenero guztiak beriak ditu Jaungoikuak; ta nai dabenari emoteko daukaz. Indijeetako ondasun estimau guztiak, erregeen ta andijeen etxeetako ta soineko urrerija, seda, damasko, karmesi ta perlerija guztia beria dau Jaungoikuak; ta nai dabenari emoteko dauka. Esan daigun batera, zerubak eta luurrak ta zeruban ta luurrian daguan guztia da Jaungoikuarena; ta nai dabenari emoteko dauka. Baiña au guztiau ezer bere ez da, Jaungoikuak bera ameetan dabeenentzat, zeruban gordeta daukazan ondasuneen aldian. Ez aditu, ez ikusi ta ez entzun ezin ginaiz, san Pablo apostolubak dinuanez, Jaungoikuak zeruban geuretzat daukazan ondasunak.

        Bada, kristinaubak, ugarra darijon diru puska bat ta sitsak jaaten dituban luurreko gauza batzuk ainbeste ameetan baditugu, zeinbat geijago ta geijago amau biar dogu geure Jaungoiko aberatsa? Zer dira munduko ondasun guztiak, Jaungoikuagaz bat egiteko? Zegaz naikotu ginai geure bijotza Jaungoikuagaz ostian? Oh, neure Jaungoiko aberatsa! Ez dot gura beste ondasunik, zeu baino. Erakutsi egidazu, ondasun egiijazkuak ameetan. Alderatu egizu neure bijotzeti luurreko ondasun guztien amodijua, zeu bakarrik eta beti amau zaidazan, beste gauza guztiak baino geijago. Aitiaren, Semiaren ta Espiritua Santubaren izenian. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa