www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren amar agindubeetako lenengo bosteen ikasikizunak
Frai Bartolome
1816

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

III. IKASIKIZUNA
 

zeinetan erakusten dan

zer dirian botuak edo promesak.

Zelan botozko aginduba egin biar dan.

Ta zelan kenduten dan eureen egin biarra.

 

        Bigarren Jaungoikuaren aginduban sartuten dira botoz edo promesez Jaungoikuari egiten jakozan agintzarijak. Kristinau asko dira txito prestak, nai bakian, gatxian ta estutasunian Jaungoikuari edo santubai onako edo alako gauza ona edo egitade santuba borondatez eskintzeko. Baina ez dira guztiak ain prestak, alako borondatezko agindu santuba bere orduban egiteko. Emeti dator kristinau asko luzaro pekatuban bitzi izatia, eurak Jaungoikuari egindako agindu santubakin aaztuten dirialako. Bada, san Juan Krisostomok Ananias gaiti dinuan legez, oba da botorik edo promesik inos ez egitia, eginda aginduba ez gordeetia baino. Ezagutu dagijeen, bada, kristinaubak ze ardura andija eskatuten deutskubeen Jaungoikuari jeure naiz egiten deutsaguzan agindubak, esango deutsut, neure entzula onak, dotrina onetan: 1. Zer dan boto edo promesa egitia. 2. Egin ezkero, zelan gorde biar dirian. 3. Zelan kenduten dan euren eginbiarra. Zeubek dakizu zeinbat bidar konzienzijako zer eginagaz ta peniagaz aurkitu oi zarian boto ta promeseen gainian. Bera gaiti esaten deutsut, aitu dagizula doktrina au zurtasun guztiagaz.

 

 

I.

 

        Botua edo promesa zer dan esatera orduko, jakin biar dau kristinaubak, Jaungoikuari berari bakarrik egiten jakozala botuak edo promesak. Geure kristindade santuko egitadia da botua. Jaungoiko andijari, kriatura guztien gainian daukan eskubidia ta altsutasuna autortuteko egiten deutsaguna da botua. Alan aingerubai, santubai ta santai egiten jakuezan agindubak edo botuak, Jaungoikuari berari egiten jakozanak dira eurenez. Santu bati edo santiari zerbait aginduten jakonian; edo santuba ta santia izentauta aginduten danian, Jaungoikuari berari aginduten jako. Ta santuba edo santia iminten da bitaartekotzat, Jaungoikuaganik jaditxi daigun gura gendukian grazija, laugarren sakramentuban meza santubaren gainian agirijago erakutsiko dan legez. Au onan izan arren, aintxinako debozinoia da Eleisa Ama santaan, Poujet jakintsubak dinuan legez, kristinaubak Ama Birjina guztiz santiari, aingerubai ta zeruban Jaungoikuagaz dagozan santubai mezaak ateratia ta beste egitade santubak euren ondrarako agindutia. Alan dauka, esan oi dan legez, bakotxak bere debozinoeko santuba edo santia. Ta egiten jakuez agintzarijak Jaungoikuaren izenian. Alan Eleisa Ama santiaren goguagaz bat eginda, Jaungoikua bere lekuban ta santuba eureenian ondreetako botuak eta promesak egitia, gauza santuba da. Gauza ona da. Geure Erlijinoeko egitadia da.

        Geure sinistutiaren aitu era onegaz prestauta esaten da, neure entzula onak, botua edo promesa dala noberaren ezauberiagaz ta naijagaz Jaungoikuari gauza ona baino obia agindutia. Esaten da, noberaren ezauberiagaz. Boto edo promes egiten dabenak, ezautu ta jakin biar dabelako ondo zer egiten daben. Ez jakinaz ta destajuban egiten dirian botuak ez dira onak. Esaten da noberaren naijagaz. Botuak borondatezkuak izan biar dabeelako. Bada, santo Tomasek esaten daben legez, izena bera bere botuak borondateti dakar. Noberaren guraz ta nai osuagaz ez dala, ez da botorik egiten. Esker gaistoko ta derrigorrezko botuak ez ditu estimeetan Jaungoikuak. Ezaubera osuagaz ta nai osuagaz egin biar da botua. Esaten da gauza ona baino obia. Botuaren geija edozein ez dalako. Boto edo promes izateko, ez da asko Jaungoikuari edozein gauza on agindutia. Izan biar dau ona baino obia. Gauza ona da matrimonioko sakramentuba, baina berez ez da botuaren geija. Obia da erlijinoian sartutia, nai ezkondu bagarik kastidadia Jaungoikuaren izenian gordetia. Egin biarreko gauzaak bere edo legepian dagozanak eureenez ez dira botuaren geijak, ezbada geure naijaren beian dagozanak.

        Botuen geijak izaten dira: Erlijinoian sartutia; matrimonioko estaduba artu bagarik, Jaungoikuaren izenian kastidadia gordeetia; Jerusalengo, Erromako ta Santiagoko leku santubak bisiteetia; santu edo santa bat ondreetia; limosnaak egitia; barubak ateratia; mezaak entzutia; sarrijago konpeseetia; errosarijuak errezeetia; ta beste Jaungoikua ganako nai onak. Onetariko geure borondatepian dagozan ta ona baino obia dirian gauzaak dira boto geijak eurenez. Esaten da, Jaungoikuari agindutia. Aituten emoteko Jaungoikuari berari bakarrik egiten jakozala botuak, leen esan dan legez. Baita aituten emoteko, Jaungoikuari bein alan agindu ezkero noberak ezauberaz ta naiz gauza ona baino obia, ya ez daguala bere eskuban agindu dabena egin bagarik istia, gero esango dan legez. Jaungoikuak ziur ta gogoz emoten deutskuz agindu deutskuzan sarijak, agindu deutskuzan moduban. Dinot, kristinaubak, Jaungoikuak ziur gordeetan deutskuzala egian deutskuzan promesak, geuk ziur egiten dogunian bere aginduba. Sinistute oso bategaz esaten eban san Pablo apostolubak: Gordeta dago niretzat ondo eginaren sarija, zein emongo deutstan Jaungoiko zuzenak neure azkeneko egunian. Bada, Jaungoiko andijak esanda badauka bere berbia ondo eginaren sarija geuri emoteko, ta inos ukatuten ez badau, beti ziur gordeetan badau; kristinaubak bere ezauberaz ta naiz Jaungoikuari egindako botua edo aginduba gorde biar dau. Esaten da, botua edo aginduba. Ez ustia edo gogua. Ta erakutsi onen paltaz kristinau asko bitzi dira utsegitiagaz. Batzuk gogua edo ustia artu ezkero gauza ona baino obia egiteko Jaungoikuaren, santu edo santa baten izenian, uste dabee botua dala. Beste batzuk, Jaungoikuari edo santubai egindako boto edo agindu jakinak bere ez daukeez bototzat.

        Botuaren ta ustiaren edo goguaren artian erabagi andija dago. Buruko mina edo beste gatx bat oi dozulako zeuk edo zeure etxekuak, etorten jatzu gogua ta artuten dozu ustia alako santu edo santa bat bisiteetara juateko geijagoko bagarik; au ez da botua, ez da promesa. Au uste ona da, gogo ona da. Baina egin biarraren karga barrija burubari ezarten ez deutsuna da. Buruko mina bera gaiti edo beste gatx bat gaiti, Jaungoikuak edo santubak librau zaizan, asmeetan dozu zeure buruban santu etxe batera juatia, meza bat ateratia, baru bat egitia edo beste ona baino obia dan gauza bat egitia. Ta dinozu zeure artian gauza on ari ondo eretxita, nai goguagaz bakarrik ta nai berbiagaz ta goguagaz: Egingo dot, bada, Jaungoikuaren edo santubaren ondraan. Au botua da. Au Jaungoikuari egindako ezauberazko ta bere gurazko aginduba da. Egiteko ustiaz ta goguaz gainera, ezarten deutsa onek bere burubari aginduba egin biarra. Beste edozein jazotan au berau erakusten da boturen ta goguaren gainian. Egiteko gogua edo ustia artuten dan gauzia egin ez arren, ez da pekatu barririk egiten, gogozko edo ustezko gauzia egin ez dabelako. Baina botozko edo promesezko gauzia egiten ez bada, al dedila, pekatu egiten da. Egin biarra bere burubari berak ezarri deutsa. Konpeseetako biar da pekaturik ez egiteko gogua. Ta biar da gogo sendua, gogo pirmia, pekatu egin baino gauza guztiak leenago galduteko gogo egijazkua ta borondatia, parkatuko bajakoz pekatubak. Baina ez da botua. Ta ostera pekatuban jausi arren, ez dau proposituba ausi dabelako pekatu egiten, ezbada Jaungoikuaren aginduba ausi dabelako. Emeti agiri da bada, kristinaubak, zer dirian botuak eta promesak. Ta ikasi biar dozu zelan egin biar dan botozko aginduba.

 

 

II.

 

        Ta esaten da, Jaungoikuaren edo santubeen izenian egindako botua gorde biar dala. Botozko aginduba egin biar dala. Erakutsi onen errazoe sustraizkua da, Jaungoikuak nai izatia geuk egin daiguzan gauza obaak ta gorde daiguzan bere konseju santubak. Jaungoikuaren ondra santubari jaokana da geu onak baino obaak izatia. Aginduten deutsagunian, bada, Jaungoikuari ezauberaz ta naiz, gauza oba bat egitia, aintzat artuten deutsku Jaungoikuak geure aginduba, ta geratuten gara gauza atan Jaungoikuaren zordun. Au berau jazoten da giza arteko promes agijazkuetan. Aginduten deutsazu adiskide bati, bere izenian meza bat duarik esatia; artuten dau aintzat adiskidiak zure agindu ona; bada esan edo atera biar dozu mezia. Parkatu deutsazu, al daizula, ezauberaz ta naiz zordunari zor eutsuna. Ondo dago esanda, aintzat artu dau. Bada, parkatuta geratuten da ta ez deutsazu ostera eskatu biar.

        Jaungoikuari egiten jakon aginduba ona izan ezkero, berez indartsubagua, santubagua ta eginbiar estubagua dakarrena da, gizonari egiten jakona baino. Bada, Jaungoikuari lotsa geijako, leijaltasun geijago ta ardura geijago zor deutsagu geure egitadeetan, munduko gizon guztiai baino. Orregaiti Jaungoikuari aginduba ez gordeetia pekatu andijagua da, gizonari ez gordeetia baino. Ta zer esaten dogu munduban, ezaubera osuagaz ta nai guztiagaz lagunari egindako agindu ona, al dagijala, gordeetan ez dabena gaiti? Txatxarra dala, doiloorra dala, prestubeza dala, bere berbiaren jaube ez dala, inor pijau ezin lekijola... ez agindu baino ez eukala... burla egin deutsala... Au guztiau esaten dogu alako[a] agindu ta ez egin egiten dabena gaiti. Ta errazoiagaz. Zer esango dau, bada, geure Jaungoikuak zeruban, bere anditasunari ezauberaz ta borondatez gauza oba bat aginduta, al dagijala, egiten ez dabena gaiti?

        Zeubek pensau daikezu, kristinaubak. Asarratuko da Jaungoiko ona alako kristinau promesgin ta gordezaile edo eginzaile prestubezaren kontra. Lotsia, errespetua ta ondria galdu deutsalako bere anditasunari, botozko aginduba, al ebala, egin ezagaz. Ara emen, kristinaubak, botuak ta promesak gorde biarra, egin ezkero. Ara emen Jaungoikuaren gorrotua, gordeetan ez badira. Ara emen pekatuba, botua edo promesa austia gaiti. Au gaiti esaten deutsku Espiritu Santubak: Bein zeure aoko berbiagaz (bardin da borondatiagaz) Jaungoikuari agindu deutsazuna gordeko dozu ziur, agindu dozun moduban. Oba da, dino beste leku baten Espiritu Santubak, botorik eta promesik ez egitia, egin ta ez gordeetia baino. Egiteko ez deutsku Jaungoikuak aginduten. Baina egin ezkero, gordeetako bai. Alan zamaituten ditu Jaungoikuak, promes egina gordeetan ez dabenak. Azken txaarra, dino, santubai promes eginda, gero esaneti atzera biurtuten dan gizonari. Berau gaiti kristinaubak euki biar dau txito ardura andija, botuak eta promesak egin dituban legez gordeetako.

        Ta, ze pekatu dala uste dozu, neure entzula onak, botozko aginduba ez egitia? Berez pekatu mortala da, erakuslaak esaten deutskubeenez. Alan botozko edo promesezko aginduba egin biar da aginduten dan denporaan ta aginduten dan moduban. Santu bat ondreetako, agindu dozu bisperaan meza bat entzutia edo barau bat egitia. Bada, besperaan. Ta mezia agindu badozu, mezia. Barauba agindu badozu, barauba. Onan beste boto ta promes guztietan. Ez dauka botoginak edo promesginak eskubiderik egin daben promesa edo botua luzatuteko, ez beste gauza batera aldatuteko. Agindu dozu konpeseetia ta entzuten dozu aren orderako mezia. Ez deutsu balijo. Agindu dozu baruba ta emoten dozu aren orderako limosnia. Ez deutsu balijo. Aginduten dozu aste onetan baru bat egitia; al dagizula, isteen dozu geroko; egiten dozu pekatu, al dagizula, agindutako denporaan kunplidu ez dozulako. Ta modu onetan dira, neure entzula onak, beste imini legizan boto jenero guztiak.

        Ta itanduten badozu, ze pekatu egiten dan botozko aginduba ausijagaz. Esaten da, gauza andijan bada, egiten dala pekatu mortala edo illgarrija. Gauza gitxijan bada, egiten dala pekatu beniala edo txikija. Botua edo promesa egin ezkero, baru bat ateratia, meza bat entzutia, onako egunetan konpeseetia, errosarijo santu bat errezeetia edo beste lege santuban gauza anditzat artuten dirian gauzaak, egin edo kunplidu biar dira pekatu mortalaren beian. Gauza gitxija da salbe bat, abemarija bat, argitako puska bat, limosna txiki bat ta beste onako gauza arinak. Orduban alako botozko gauza gitxi a ez egitia, pekatu arina edo beniala da. Denporiaren parteti nos kunplidu izentauta egiten bada botua, orduban kobru emon biar jako agindu bari. Luzatuten badau nagitasunez, egingo dau pekatu. Denpora luzian ta gauza andijan bada, izango da pekatu illgarrija. Alan ez bada, izango da pekatu beniala. Botoginak señaleetan ez badau botua kunpliduteko denporia, ainbat lasterreen kobru emon biar deutsa botuari. Ya dakutszu, kristinaubak, zelan kobru emon biar jakon botuagaz edo promesagaz Jaungoikuari egindako agindubari. Ta entzun egizu berba bitan, zelan kenduten dan euren eginbiarra edo obligazinoia.

 

 

III.

 

        Botuen eginbiarra edo obligazinoia kenduten da: 1. Botozko aginduba ezin danian. Ezin dabena, lege guztietati libre dago. 2. Eleisako agintarijak, zeintzuk dirian Aita Santu Erromakua, obispo jaunak ta beste asko, botuaren eginbiarra kenduten dabeenian. 3. Konpesore Jaunak beste gauza batera aldatuten deutsanian botoko aginduba. 4. Botua egin dabenari, atarako eskubidia daukanak, guztia parkatuten deutsanian. Au da, neure kristinaubak, boto santubeen gainian ikasi biar dozuna: zer dirian ta zelan kobru emon biar jakuen egiten dirian moduban, eureen eginbiarra edo obligazinoia kendu artian. Duda bagarik, kristinaubak, pekatu asko egiten dira promesak kunpliduten ez dirialako. Estutasun bategaz, naibage bategaz, buruko min bategaz, edozein premina ordutan, nai auzi bat, nai enpeñu bat, nai ganadu baten gaiso bat danian, laster egiten da promesa. Jaungoikuak eta santu edo santaren batek lagundu dagijon biar ordu atan. Ta kobru emoten jako promesari? Egiten da aginduten dan moduban?

        Ah! Esan ginai gaurko eguneko kristinaubak gaiti, beste denpora baten jakitun zelotso batek esaten ebana: Gerria badator geure etxera, pestiak edo gatxak estututen bagaitu, trumoiak edo arrijak geure laboriak zamaituten baditu, liortia edo euririk eza sentiduten badogu, subak edo urak artuten bagaitu, gosiak persegiduten bagaitu edo beste penagarri bat bajatorku, Jaungoikuari ta santubai agintzari andijakin edo promesakin sokorruba eskatuten deutseegu. Orduban gomutatuten gara Jaungoikuagaz ta bere santubakin. Premina ordu estu batek jo artian nekez elduten dira kristinaubak Jaungoikuagana edo zeruko santubeetara. Baina bildurra juan dedinian, estualdija irago dedinian, ez daukee konturik Jaungoikuari ta santubai egindako promesakin. Ezda esker onak emoteko bere. Kristinaubak, Jaungoikuak eta santubak ez daukee gure preminarik. Geu gagoz orduban orduban eureen preminaan. Geuk erantzun biar deutseegu, bada, esker onagaz, Jaungoikuak bere miserikordija gaiti, Jesukristo geure Jaunaren merezimentubak gaiti ta zeruko santu ta santeen bitaartekotasuna gaiti egiten deutskuzan egunian eguniango mesediai. Ta gorde biar ditugu ziur, Jaungoikuari edo santubai egin deutseeguzan botuak.

        Onetarako kristinaubak egin biar dabena da: Lelengo: Ez botorik edo promesik egin, ondo ta astiro pensau bagarik. Ondo pensau bagako edo nezijozko promesa ez da Jaungoikuaren gogogua. Bigarrenian: Eginda daukazan botuak edo promesak gorde ta kunplidu, agindu daben denporaan ta moduban. Izentau ez badau nos kunplidu, kunpliku ainbat lasterreen. Bada, luzatutia pekatu da, dino Espiritu Santubak. Irugarrenian: Promes egina kunplidu al dagijan, edo kunplidu biar daben edo ez dudia badauka, itandu konpesoriari ta egin esaten deutsana. Gauza txaarra jadisteko egiten dirian botuak ez dabee balijo. Pekatuzkuak dira. Eskatu daijogun, kristinaubak, geure Jaungoiko onari, emon daigula grazija, bere lege santuba gordeetako ta bere anditasunari ta ontasunari egiten deutsaguzan agindubak leijal ta ziur egiteko, zeinegaz ondrauko dogun bere izen bedeinkatuba ta irabatziko dogun zeruko betiko glorija. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa