www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren amar agindubeetako lenengo bosteen ikasikizunak
Frai Bartolome
1816

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

V. IKASIKIZUNA
 

zeinetan erakusten dan

Jaungoikua dala adiskide pirmia, emonzailia ta parkazailia.

 

        Jaungoikua ameetan dabenari gauza guztiak erraztuten jakoz, gatxak iruri arren, dino san Agustin gloriosuak. Jaungoikuari ondo gura deutsanarentzat ez dago gauza gatxik, ez agindu gogorrik, ez egin ezinik. Jarraitu daijeegun bada, neure entzula onak, borondatezko adiera bategaz, leen esan danaren gainera, geure Jaungoikuaren ontasunai. Gogoratu daigun oraindino, Jaungoikuaren maitetasunera geure bijotz liorrak, sikubak, otzak ta luurrezkuak irakoiteko ta ge[u]re gogua obeto presteetako, ze adiskide pirmia, ze emonzailia ta ze parkazailia dan geure Jaungoiko ona, geuk bijotz guztiagaz bera bakarrik ameetako.

 

 

I.

 

        Adiskide pirmia da Jaungoikua. Ta au gaiti bere eskatuten dau geure amodijo osua. Gauza jakina da, adiskidiak, ona izateko, pirmiak izan biar dabena. Ez da ezer esaten orain adiskide txaarrak eta pekatuzkuak gaiti. Areek zeinbat lasterrago alkarri itxijago, ainbat pekatu gitxijago. Ezbada esaten da au adiskide onak eta Jaungoikozkuak gaiti. Onak eta Jaungoikozkuak izan arren munduko adiskidetasunak, eurakin daukee penia ta bildurra. Ta zeinbat dan alkarren amodijua ta karinua andijagua, ainbat da alkar galduko ete dabeen edo ez ete dabeen arduria bere andijagua. Ara emen munduko zelo arrabijaubeen ta kaltegin andijeen asieria. Asko nai izaten da ta maitetuten da adiskide pirme bat. Baina nekez topeetan da munduban. Au gaiti umeen adiskidetasunak ez dira estimeetan, laster galduten dirialako. Ta nausijeenak bere bildurra, arduria ta zelo aginkarija eureekin daukee geijenian. Ta deskuiduan topeetan badira munduban adiskide bi, beti alkar maitiak eta pinak, Dabid eta Jonatas legez, bata baino bestia (oi danez) leenago illgo dira. Ta bitzirik geratuten danak negar egingo dau, adiskide ona paltau jakolako, Dabid erregiak egin eban legez. Ta zeinbat adiskide andijagua, ainbat pena andijagua.

        Ez dauka bada, kristinaubak, Jaungoikuaren adiskidetasunak onako ardurarik, bildurrik edo galduko ete jakun penarik, geuk ameetan badogu bera, beste gauza guztiak baino geijago. Ez da aldatuten geure Jaungoiko onaren gogua. Atzo zana da gaur; ta gaur dana, izan da ta izango da beti. Munduba baino leenago zana, mundubaren asieraan zana ta gaurko egunian dana, izango da beti. Ez gaisuak argalduten dau, ez eguzkijak baltzuten dau, ez otzak zurituten dau, ez edadiak zaartuten dau, ez biarrak kanseetan dau geure Jaungoiko ona. Munduko giza aldijak aldatuten dira, erreinubak, ziudadiak ta etxiak, batzuk birrindu ta beste batzuk egin, guztiak aldatuten dira. Ondasunak, osasuna, edadia, opizijuak ta munduko naijak guztiak aldatuten dira ta mudeetan dira. Adiskidiak bere algarregaz aaztuten dira edo alkarreganik aparteetan dira. Ta zeinbat bidar bata inpernura ta bestia zerura? Abel ta Kain adiskidiak zirian; Abel zeruban dago ta Kain inpernuban. Samuel ta Saul adiskidiak zirian; Samuel zeruban dago ta Saul inpernuban. Jakob ta Esau adiskidiak zirian denpora baten; Jakob zeruban dago ta Esau inpernuban. Nos bait adiskide izan arren, ez dago adiskide pirmerik munduban Jaungoikuaz ostian.

        Geuk ameetan badogu Jaungoikua beste gauza guztiaz baino geijago, bera da geure adiskide pirme bakarra. Nai gaisotu nasala, nai pobretu nasala, nai zaartu nasala, nai desondrau nasala, nai karzelaan naguala, nai erririk erri aldatu nasala, nai ill nasala; neuk ameetan badot Jaungoikua bijotz guztiagaz, neu banas bere adiskidia, Jaungoiko ona beti izango da nire adiskidia ta ez nau inos bere bakarrik itxiko. Oh, neure Jaungoiko maitia! Ez zaitut, bada, nik amauko bijotz guztiagaz ta arima guztiagaz, neure adiskide betikua ta pirmia zarialako? Nai neuke beintzat, Jauna, zeu bakarrik ameetia, pirmia ta seguruba zarialako. Baita emonzailia zarialako bere.

 

 

II.

 

        Jaungoikua da emonzaile egiijazkua. Ta au gaiti bere zor deutsagu Jaungoikuari geure amodijo guztia. Munduban ikusten dogunez, gauzia emoten dabeenak, estimaubak dira. Ta zeinbat geijago emoten dabeen, ainbat estimaubago. Adiskidia izan arren, urrija ta zekena bada, esaten da alakua gaiti beretzat obia dala, inorentzat baino. Baina gauzia ugari emoten dabena ta, endamas atzera biurtuteko eskaari bagarik emoten dabena, guztiak estimeetan dabee ta ameetan dabee borondate onagaz.

        Guazan bada, kristinaubak, errazoe onetara. Ta ikutsi daigun, ia Jaungoikuak, emonzailia dalako, mereziduten daben geure amodijo osua. Onetarako gogoratu biar dogu, Jaungoikuak ez daukala inoren bere preminarik. Zerurik eta mundurik ez balego bere, aingerurik edo santurik ez balego bere, kriaturaren errasturik erne, sortu, edo jaijo ez balitz bere, Jaungoikua Jaungoiko izango zan beti. Zeruba ustuko balitz bere, ez leuke Jaungoikuak ezer galduko. Ta kondenau guztiak salbauko balira bere, ez litzaateke dan baino geijago izango. Berez da dana Jaungoikua, ez inok emonda. Au gaiti ez dau inok pensau biar: edo limosna bat, edo barau bat, edo beste karidade bat egiten dabenian; meza bat, edo sermoe bat entzuten dabenian; edo beste gauza oneen bat egiten dabenian, mesede andiren bat Jaungoikuari egiten deutsala. Jaungoikuak nai dau gu onak izatia ta egitade on asko geuk egitia, geu ameetan gaitubalako ta geuri zeruba emon gura deutskulako, ez geure egitade oneen preminia daukalako.

        Onezaz ostian gogoratu biar dogu, Jaungoikuak ez deutsala inori bere ezer zor. Jaungoikua da bakarrik zorrik ez daukana. Emoten deutskun guztia, duarik emoten deutsku bere borondate santiak gura dabelako. Ta emoten deutsku, berarentzat ezer atzera eskatu bagarik.

        Zer emoten deutsku, edo zer emoten ez deutsku bada, neure kristinaubak, geure Jaungoiko emonzailiak? Nok emon deutsku daukagun izatia? Nor gaiti ez gara zubek guztiok eta ni arri bat, zur bat, pristija bat edo ezer bere ez? Nok egin gaitu gizon ta emakume? Nok gorde ginduzan geure amaren sabelian, ito bagarik? Nok emon deutskuz ta gordeetan deutskuz adizailia, borondatia ta gomutarija? Nok emon deutskuz begijak, belaarrijak, miina, eskubak, oinak, osasuna ta beste gorputz ondo amaitubaren zati biarrekuak? Nok gaukaz zoratu bagarik, itsutu bagarik, gortu bagarik, errendu edo galdu bagarik, beste asko galduta dagozan legez? Nok erneetan ditu geure laboriak soluetan, azten ditu ta elduten ditu? Egunaz eguzkijagaz ta gabian illargijagaz nok bisiteetan gaitu? Nok eragiten deutsaz jiraak udiari ta negubari urte oro? Zer izango litzaateke, beti gaba balitz? Zer beti udia edo beti neguba balitz? Oh, zeinbat mesede andi duarik orduban orduban egiten deutskuzan geure Jaungoiko onak! Ta oneek guztiok bere adiskidiai ta arerijuai, justubai ta pekatarijai, kristinaubai ta jentilai, judegubai ta erejiai. Oh, ordaina bagako emonzaile ugarija!

        Ta zer emoten deutsee bere adiskidiai, edo kristinau egijazko izan gura dabeenai? Emen agortuten da gizonaren jakiturija. Emoten deutsku Jaungoikuak ber[e] seme maitia gizon eginda ogijaren ta ardauaren irudijan. Emoten deutsku zeruko ondasuneen sinistutia destierru onetan, arimako grazija, Espiritu Santubaren doiak, geure pekatubeen parkazinoia, zeruba irabazteko biar doguna, bere adiskidetasuna ta zeruban bere izate Jaungoikozkua, geuk bera ameetan badogu bijotz guztiagaz. Daukadan guztia ta nasan guztia, Jaungoikuak emonda daukat. Ta neuk ameetan badot Jaungoikua, Jaungoiko guztia da neuria ta Jaungoikuagaz beste ondasun guztiak bere neuriak dira. Oh, Jaungoiko zabala! Jaungoiko ona! Jaungoiko emonzaile ugarija! Ameetan zaitut ta amau gura zaitut nik neure bijotz guztiagaz. Emon egidazu grazia, Jauna, zeu baino beste gauzarik inos ez ameetako.

        Oh ze zorakerija, kristinaubak, ezer bere balijo ez dabeen luurreko gauzaak topeetia, estimeetia ta ameetia Jaungoikuaren lege santubaren kontra! Oh, Jaungoikuari itxita, munduban gustuak nai ditubanaren itsuba ta errukarrija! Oh, munduko ondasuna, ondria, estimazinoia ta atsegina, Jaungoikua baino geijago ameetan daben kristinaubaren zorua! Ikusiko bagendu, eskeko bati eskintzen deutsala errege batek bere maija ta palazijua ondasun guztiakin betiko duarik, ta errege jaunaren eskini ugarija nai ezda, aterik ate dabilela eskeko a goserik eta erdi biloxik, ez genduke esango zorua dala? Bada, beste ainbeste edo, obeto esateko, bardin bagarik zoruago da gauza on guztiak duarik eskintzen deutsazan Jaungoikua ameetan ez dabeena. Ta au sinistuta, Jaungoikuaren gorrotuan egotia, pekkatu mortalian bitzi izatia, ez da izan leitekian zorakerijarik andijeena edo negargarririk andijeena? Duda bagarik, kristinaubak.

        Orregaiti esaten dau Jaungoikuak Jeremias propeta santubaren aoti: Ikaratu zaitez zerubak ta birrindu zaitez zeruko atiak. Gauza deunga bi egin ditubee nire jentiak: neu izanik ur bitzi guztien iturri ugarija, itxi nabee ta juan dira pozu txistarretako ur berdiak edaatera. Esango baleu legez Jaungoiko andijak pekatubaren kontrako asarriagaz: neu nas, gustuak, atseginak, poza, ondria, osasuna, ondasunak, bitzitzia, grazija ta zeruban betiko glorija gizon ta emakume guztiai duarik eskini deutseedana. Ta eurak neuri itxita, bilatu ditubee ta amau ditubee munduko ondasun ugardunak, ondra illunak, gusto atsitubak ta atsegin mingotxak. Onan kexeetan da Jaungoikua pekatarijaren kontra, neure kristinaubak. Ez gaitezan, bada, zoro izan. Amau daigun Jaungoikua, beste gauza guztiak baino geijago, emonzaile ugarija dalako. Baita parkazailia dalako bere.

 

 

III.

 

        Bijotz on baten aparteko senaillia da, gatx egin deutsanari parkatutia ta arerijo garbatubagaz leen baixen adiskide izatia. Mundukuen artian au gitxitan ikusten da. Ugazaba batek ez dau beinguan ostera etxian artuten, sarri deungaro egin deutsan krijaduba. Errege batek, ez bere palazijoti, eze erreinuti bere laster kenduten dau bere kontra jagi dan arerijua. Jaungoikua da onetan bere, aparteko ontasuna erakusten deutskuna. Pekatu mortala egiten dabenak, opendiduten dau Jaungoikua, injurijeetan dau Jaungoikua, desondreetan dau Jaungoikua, salduten dau Jaungoikua ta, Jaungoikuaren arerijo nausijagaz bat eginda, jagiten da Jaungoikuaren beraren kontra. Ta zer egiten dau Jaungoikuak alako esker txaarreko kristinaubagaz? Kristinauba bera garbatuten bada bere gaiski eginagaz, parkatuten deutsa Jaungoikuak bere pekatuba ta geratuten da leen baixen adiskide Jaungoikuagaz. Kristinaubak pekatu mortalagaz asarratuta euki arren Jaungoikua, esaten badeutsa bijotz osuagaz ta damu egijazkuagaz: pekatu egin dot, Jauna; damu dot, Jauna; parkatu, Jauna; miserikordija, Jauna; ez dot ostera egingo, Jauna; konpeseetan dot, Jauna, neure pekatuba. Au esanagaz ta eginagaz batera aaztuten da Jaungoikua, pekatarijak egin deutsan injurijagaz. Ta artuten dau bere etxian, bere palazijuan, bere maijan ta bere onduan, bere kontra jagi dan gizon edo emakume a, beti bere adiskide izan balitz legez.

        Oh, neure Jaungoiko ona ta parkazailia! Nok amauko ez ditu zeure erraija bigunak ta miserikordijosuak? Nok urtuko ez dau bere bijotza, neure Jesus maitia, zeure amodijuagaz, zeure bijotz amodijozkuari, karinosuari ta parkazailiari begiratu ezkero? Oh, kristinaubak, nos asiko gara geure Jaungoiko parkazaile ona ameetan! Oh, Madalena! Oh, san Pablo! Oh, Errege penitentia! Oh san Agustin! Oh, Pelajia! Zer esango zenduke zubek Jaungoikuaren bijotz biguna, ta parkatuteko presta gaiti? Berandu asi nas, Jauna, zeu ameetan, esango leukee ta esaten ebeen penitente areek guztiak; ta ondo damututa gagoz, leenago asi eza zeu ameetan. Zer esango dau santa Teresa, gorputzezko serapinak, bere bijotzian kabidu ezin dan Jesusen amodijua gaiti? Aingeru batek suzko ezpatiagaz nasaitu biar deutsala bere bijotza, esango dau Teresak, kabiduko badau Jesusen amodijo santuba. Oh, ze ditxosuak onan pensau dabeenak! Ta baita geu bere, kristinaubak, ameetan badogu geure Jaungoiko parkazailia. Akordeetan nas bada, neure Jesus ona, pekatu mortala egin dodan beste bidar izan nasala zeure arerijo esker txaarrekua. Ainbeste bidar merezidu izan dodala zeuk ni inpernuko ondarreetara kondeneetia betiko. Parkatu deustazun beste bidar librau nozula edo atera nozula inpernuti, nun sartu biar neban popuertza neure erruz, zeuk parkatu ez bazeunst. Adorau zaijeezala, bada, zerubak eta luurrak, Jesus parkazailia. Ta ill nadilla mila bidar ni, zeu ostera opendidu baino leenago ta zeure amodijo santuba neure bijotzeti apartau baino leenago. Alan izan dedila, Jesus. Aitiaren, Semiaren ta Espiritu Santubaren izenian. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa