www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren amar agindubeetako lenengo bosteen ikasikizunak
Frai Bartolome
1816

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

IV. IKASIKIZUNA
 

zeinetan erakusten dan

zer dan orditutia.

 

        Arimia mingotxtutia da ardao asko edaatia, dino, neure entzula onak, Espiritu Santubak. Ardao asko edatiagaz aituten emoten deutsku, ez edozelan ardaua edaatia, ezbada ardao laarregi edaatia edo orditutia. Janak ta edanak, laarregira eldu ezkero, gatx egiten deutsee ta mingotxtuten ditubee bai gorputzak ta bai arimaak. Janedan larregijak gorputzari gatx egiten deutsana, gulerubak ta ordijak eurak dakijee inok baixen ondo. Arimiari gatx egiten deutsana, san Paulo apostolubak esaten dau. Bada, dino, ordijak ez dabeela zeruba gozauko. Ordijen ipoinak andijak dira. Arimiaren kaltekuak dirianak. Gorputzaren kaltekuak bere bai asko. Beste asko mundurako bere negargarrijak. Guztiak kontau bere ezin legiz, dino san Basiliok. Noe justubaren denporati ona ez da ezaututen aldirik, ardao laarregijaren egitade txaarrak kontetan ez dirianik. Eskritura sagraduko testamentu bijetan milla berba lotsagarrigaz markauta dagoz ordijak. Jentilak eurak bere ezin ikutsi zituben ordijak. Erroman bein orditu zanari ez eutsen konsejuban sartuten isten. Ogeta amar urte artian ez eutsen gizonai ardaorik edaaten isten. Emakumiai inos bere ez.

        Neurri santu onegaz ondo aaztuta bitzi dira gizon ta emakume asko kristinauben artian denpora onetan. Penagarririk andijena da, okerrerija inpame onetati, bein atan ikasi ezkero, gitxi erremedijetia. Okerrerija edo bizijo guztiak dira txaarrak. Baina areetati ordikerija ez da oneena. Ta menturaz bera da gitxien ta nekezen erremedijetan dana. San Basiliok dinuan legez, ordijetati prutu onik aterako ez badogu bere, ekandu galdu atan jausten ez zarianok gorroto geijago izan dagijozun ta urrinago egon zaitezan beraganik, esango deutsut erakutsi onetan: 1. Zetan daguan ordijaren paltia. 2. Nos ezagututen dan orditu dana. 3. Ze pekatu andija dan ordijarena. Au izango da, kristinaubak, oraingo zeuben entzunkizuna ta ez gitxi balijo deutsuna. Egon zaitez, bada, zurtasun guztiagaz.

 

 

I.

 

        Orditutia gauza ezaina, itsusija ta lotsagarrija dana, umetaraginoko guztiak bere ezaututen dabee, neure entzula onak. Ardaua berez gauza ona da. Gauza altu ta andi askoren idurija da Eskritura Sagraduban. Jaungoikuak edateko emon eutskuna da. Errazuazko neurrijagaz, bakotxari jagokan moduban, ardaua edatiak ez lotsaaririk, ez kalterik dakar. Baina ardaua dan legez geure sabelian sartu ezkero ain biargin presta, sutsuba ta indartsuba, gorputzeko odolak ta ur bitzigarrijak erabilteko, berotuteko ta asarratuteko, esaten jako kristinaubari, ardaua edan biar dala botikakua legez. Alan aginduten eutsan san Paulok Timoteo, bere eskolaubari. Estomaguko gatxa gaiti ta bere sarritako gaixuak gaiti edan dagijala ardao puska bat, esaten deutsa. Adin oneko guztiak begiratu deutsee ard[a]uari bildur santu bategaz, errazoia ta sinistute ona galdu ez dagijuezan. Baita adin gaistokuak ta deungaak bere bildurtu ditu ardauak. Maoma desbenturaubak uts egite ta nasaitasun guztien artian itxi zituban bere ikasikuak. Baina eragotzi eutsen ardaua edatia. Sinistu eukian erejegin paltso ak, ardaua neurri bagarik edaten dan lekuban, ezin gizonak iraun legijeela luzaro sen baten. Ta berak itxi eu[t]sen bitziera nasaijak, loijak ta pekatuzkuak iraun egijuen, lege gogor bategaz eragotzi eutsen ardaua edatia.

        Ardao laarregijagaz gizonak egiten daben uts egitia da, errazoia illundutia ta galdutia. Jaungoikuak emon deutskuzan doetati nausijen bat da errazoia. Gizona gizon izatia. Onegaz erabagiten gara ganadubetati. Errazoerik ez bageunka, nos zer egin biar dogun ez bagenki, ona ta txaarra ezautuko ez bagenduz errazoiagaz, gu ta ganadubak erabatekuak izango ginatekez. Zer egiten dau, bada, ordituten dan gizonak edo emakumiak? Gizonaren argigarrija ta errazoiaren usuba illundu, lausotu ta galdu. Jaungoikuak emon deutsan doe nausija, bere guraz ta bere naiz ezkutetan dau ordituten danak, ta biurtuten da abere baten erara. Ordijak ez zer egiten daben, ez zer esaten daben ez daki. Ez nor dan, ez zetarako dan daki. Ordijak ez dauka errazoiaren usurik. Ez dauka gizonaren egitaderik. Ordijari askotan begijetati darijo suba, aoti juramentuba, bidaua, maldezinoia ta bitsa, endemoniadu bati legez. Alan esaten deutsa san Basiliok ordijari: bere gurazko demoninua. Askotan kanta berde, berba loi ta egite lotsaarizkuetan atsituta dago, ganaduba bera baino loijago ta luxurijotsubago, dino san Basiliok berak. Beste askotan batsatza baten, bide baten edo karkaba baten etzinda lo datza edo jagi ezinda dago. Alan esaten deutsa Espiritu Santubak ordijari: ¿Cui fovee? Beste askotan zamaika, desapijoka, burruka ta diadarka dabil, zorua legez. Beste askotan... Ah! Ezin esan legi, ordijak bere burubari eragiten deutsazan zorakerijak, okerrerijak ta gaistokerijak. Ta zegaiti? Ardao laarregijagaz bere errazoia illundu ta galdu dabelako. Filii Belial, demoninuaren semiak esaten deutsee ordijai san Jeronimok. Terzijo onetara ekarten dau ordijak bere buruba bere naiz.

        Ta zer egiten dau osasunian? Ah, kristinaubak! Ordijak eurak dakijee ondo zenbat tripa ala, zeinbat buruko astun, zeinbat aginte txaar iragoten dituben, ardao sobraubari sabelian kobru emon ezinda. Eurak dakijee, ardao larregijagaz zeinbat kolpe andi artu dituben. Baita jakin biar leukee, zeinbatek gorputzak gaisotu dituben, osasuna galdu daben, bitzitzaak laburtu dituben ta baita, ordi aldija irago bagarik, zeinbat ill dirian bere. Bai, kristinaubak, arimiaren ta gorputzaren kontrako pekatuba da orditutia. Baina ardaua edatia ta laarregi edatia edo orditutia bat ez dirian legez, ikutsi biar dogu, zelan ezautuko daben kristinaubak, ardao laarregi edan dabena.

 

 

II.

 

        Ardao zaliak uste dabee, edan dabeen guztiari sabelian kobru emon ezkero, asko edan arren, ez dala laarregi ta ez diriala orditu. Au sinistuta bitzi dira ordirik geijenak pekatu mortalian, menturaz euren bitzi guztian. Aoti atzera ateraten ez badabee, geijago ta geijago edan arren, ez daukee pekatuzat. Baina ordijak juez txaarrak dira, eurai sinistuteko. Santo Tomasek aituten emoten deutsku, ez dala popuertzakua ordituteko, edan dabena aoti atzera ateratia. Pekatuzko orditutia da, santo Tomasen ta beste erakusleen esanian, dakijala, bere guraz errazoiaren usuba illunduko deutsan beste, edo illunduko ete deutsan bildurra daukan beste ardao edaatia. Ta au edozein bere ardao jenerogaz. Bada, guztiak dira tertzijoti aurrera irago ezkero, juizijuaren galdugarrijak. Kristinau guztiak ez dirian legez osasunian, sendotasunian, janian ta edanian bardinak, santubak berak dinuen legez, ezin imini legi guztientzat neurri bat, ardao laarregi nos edan dan jakiteko. Au ezaututeko, erakuslaak begiratuten deutsee ardauak sabelian sartuta dakazan egitiai. Ta andi ateraten ditubee, ardao larregi edanagaz, nos pekatu egiten dan jakiteko ezaungarrijak. Ta dira:

        1. Edanda daguanian, zer esan daben ta zer egin daben bijamonian gogoratu ezina. 2. Edan bagarik daguanian egin ez oi dituban ta esan ez oi dituban gauzak esatia ta egitia. 3. Gauza onak ta txaarrak errazoiagaz erabagi ezina. 4. Miinagaz ondo berba egin ezina. Berbaak naastauta, motelduta, erdiz erdi baino erabagi ezina. 5. Oinakin ondo ibili ezina. Albo alboka juatia. Etxeko edo auzoko persona ezaugunak eta jakinak ezautu ezina. Ta azkenian, etxiak edo arbolak jiraka begitandutia. Senalle edo ezagungarri oneek iminten ditubee, neure entzula onak, Eleisako erakuslaak, ardao laarregi edanagaz nos pekatu egiten dan ezaututeko. Bada, ardauak ekarten badau gizona nai emakumia, edanda eguanian zer esan eban edo zer egin eban bijamonian gomutau ezin dan edura; besteetan egin ez oi dituban zorakerijak edo gaistokerijak egitera; gauza onak ta txarrak bere burubagaz ta errazoiagaz garbitu ta erabagi ezin dituban duinara; miinagaz motelka ta naastauta baino berba egin ezin daben tertzijora; oinen gainian zuzen egon edo ibili ezinera; etxekuak ta adiskidiak ezautu ezinera; buruba zorabijotutera ta ikusgarri ezak begitandutera; gauza jakina da, dinot, tertzijo onetara ardao laarregijak ekarri dabena, orditu dana. Orduban illundu dau errazoiaren argija, galdu dau gizonaren argigarrija, biurtu da bere burubaren jaube ez izatera ta egin dau pekatu, gero esango dan moduban. Baina ze pekatu deritxazu dala orditutia? Entzun egizu, kristinaubak, kontuban jausteko.

 

 

III.

 

        Santo Tomas, ikasilekubetako aingerubak itanduten dau, ia orditutia pekatu mortala dan. Ta erantzuten dau santubak, baietz. Iru modutara, dino Santubak, jazo leitekiala orditutia. 1. Noberak uste ez dabela, edo ardaua aintzat ez daukala edanda ordituten dainian. Alan ardauak eragitia, jazo leiteke pekatu ez izatia, dino Santubak. Au jazo jakon Noe justubari orditu zanian, Eleisiaren Guraso askok dinuenez. 2. Ardaua aintzat ez daukala, zerbait geijago edanda orditu danian. Ta orduban ardauak eragitia, izan leiteke pekatu txikarra, dino Santubak. 3. Ardauak eragingo deutsana ezaututa bere, ardauari itxi baino orditu naijago dabela edaten dabenian. Ta orduban pekatu mortala da ardauak eragitia, dino Santubak berak. Bada, berak dakijala ta nai dabela galduten dau ta illunduten dau errazoiaren argija. Au da, neure kristinaubak, santo Tomasen ta beste erakuslen dotrinia ordikerijako pekatubaren gainian.

        Emeti esaten da: 1. Nos bait ustez uste bagarik, edo bustita dagualako, edo janzaarrian dagualako, edo ezaututen ez daben ardao burutsuba dalako, edanak eratsotia edo orditutia, jazo leitekiala pekatu bagarik. 2. Tertzijoti puska bat geijago edatia, errazoia illundu bagarik, gorputzian ta errazoian kristinau daguala, izango dala pekatu txikarra. 3. Noberak dakijala ta ezaututen dabela (leenago sarritan jazo jakolako), bere guraz esan dirian tertzijuetati batera nai beste batera bere errazoia edo gorputza ekarteko duina ardao edaten dabenak, egiten dabela pekatu mortala edo illgarrija. Ta au, nai dala ardao jenero bat, nai dala beste bat, nai dala ona, nai dala komuna, nai dala bakarrik, nai dala naastauba.

        Erakutsi onetati ezaututen da, kristinaubak, eria dabeen guztian ordituten dirianak, nai gizonak ta nai emakumiak, urte askotan oitura galdu au daukeenak ta itxi gura ez deutseenak, pekatu mortalian bitzi diriala. Oh, ze penia! Ta zer askorena orditute lotsagarrija! Ez da berbarik topeetan, oiturazko ta ekanduzko ordi bat, merezidu daben moduban desondreetako. Esatia ordijari galduten dabela bere arimia, osasuna, kleituba ta eukija, alperrik da. Ardauaren gurari zorigaistokuak itsututa, engainauta dauka ordi desbenturauba. Baina, ze trago mingotxak edaten ditubeen! Ze pekatu ezainak irunsten ditubeen!

        Zeinbat pekatu darraikoz ordikerijari? Zeinbat eskandalu? Zeinbat okasinoe? Zeinbat erijotza eragin ditu ardao laarregi edanak? Zeinbat burruka, makilaka, tratu gaisto, joko galdu, auzi bide bagako ta bake txaar imini ditu errijeetan, auzuetan ta etxeetan orditutiak? Zeinbat adulterijo, pornikazinoe ta luxurija lotsagarritara ekarri ditu gizonak eta emakumiak ardauak? Nos ikutsi da gizona edo emakumia, ardauan jausten dana, ta modestija, onestidadia ta kastidadia maite ditubana ta gordetan ditubana? Ah! Espiritu Santubak ta Eleisiaren Gurasuak esaten dabee, ta geuk ikusten dogu bijotzaren peniagaz. Baina zer? Ardauaren egitade nausija dala: Edo, suba, asarria, zamaija, desapijua, burrukia ta okasinoia. Edo, berdetasuna, desonestidadia ta luxurija. Ez zaitez orditu, dino Espiritu Santubak, zeinetan daguan luxurija. Ardaua da luxurijotsuba ta orditutia bake txaargina, dino beste leku baten. Alemanija guztien luxuria baino txaarrago da ordijarena, dino san Basiliok. Bada, alemanijaak gordetan ditubee naturale ziaren legiak ta ordijak ez, dino Santubak berak. Nun ordija, an diabruba, dino san Juan Krisostomok. Oh, ordi desbenturaubak, zeinbat pekatu irunsten ete ditubee! Ze estado tristian iminten dituben euren arimak, auan eztija ta sabelian berenua dan ardao puska bat gaiti!

        Ta euren ondria? Baina ze ondra eukiko dau, bere guraz ta dakijala, zoro baten edo amurratu baten edo abere loi baten etxuraan sarritan bere buruba iminten dabenak? Bide baten edo basatza baten edo taberna baztar baten noren seme edo alaba dan ez dakijala, ordituta datzanak? Or emen baztarrak loituten ditubanak? Ah! Umeetaraginoko guztien barregarrija ta burlagarrija da ordija. Leku askotan testigutzat bere balijo ez dau. Inor bere pijetan ez da ordijaren berbiagaz. Baso bete ardaogaz edozein tratu, logrerija, testigantza paltso, desonestidade ta pekatura ekarten da ordija. Entzute au daukee ordijak lagun artian.

        Ta aziendia? Ah! Zeinbat etxe ta pamelija galdu ez ditubee ordijak? Gizon ordi geijenak dira jokolarijak. Geijenak, tratu txaarretan ta desonestidadetan aziendak galdu ditubenak. Geijenak, tabernetako zorrak pagetan inos amaitu ez ditubenak. Asko, etxiak konkursau ditubenak. Ta ez gitxi, emaztia ta pamilija bakee txaarrian gosez ta biloxik daukenak. Ta emakume ordija? Oh! Ezin aitatu legi. Gauza guztietati ezainena, loijena, itsusijena ta galdubena, dinue Eleisiaren Guraso askok, dala emakume ordija. Nihil tur pius, nihil fedius, ad modum turpe. Zer geratuten jako, bada, ordi tristiari, bere arimia, osasuna, kleituba ta aziendia galdu ezkero? Sedezias erregiari jazo jakona jazoten jako ordi tristiari, dino jakitun batek. Begijak aterata, itsu itsuban nora eroien ez ekijala, Babilonijara eruan ebeen Sedezias. Etsai gaistuak ardauagaz itsututen ditu ordijak. Erabilten ditu munduban Babilonijati Babilonijara, pekatuti pekatura. Ta azkenian eruaten ditu itsu itsuban bere erreinura, zein dan inpernuba. Oh, zeinbat onako jatzo negargarri irakurten dirian, kristinaubak! Entzun egizu bat ta da erakusla askok dakarreena.

        Taberna baten ordituta egozala, asi zirian gizonak edozein modutan arimiaren gainian berba egiten. Areetati ordi batek zinuan: Abadiak pundamentu bagarik engainetan gaitubee, ill ta gero arimaak gorputz bagarik bitzi diriala esanda. Ari barreka guztiak egozala, sartu zan tabernan etxura gaistoko ezezagun bat. Eskatu eutsen trago bat ta itandu eutsen, zer iragoten ebeen. Erantzun eutsan ordijak: arimeen gainian gagoz berbetan; ta inok erosi gura badeuts neuria, azunbre bat ardao gaiti emongo deutsat nik neure arimia. Pensau zeubek, kristinaubak, beste ordijak zer esango eben ta ze barriak egingo zituben, errazoe areek entzunda. Kanpoti sartu zana egin jakon arimiaren merkatari, barreka. Egin eben tratuba algaraz. Atera ebeen arimiaren balijua, azunbre ardaua. Edan ebeen. Ta andi gerotxubago intandu eutseen arima erosliak guztiai, ia zaldija erosten dabenak, kabubak beriak ez dituban. Erantzun eutseen ordijak, baietz. Bada, nik erosi dodan arima onen kabuba gorputza da esanda, gorputz ta arima, ordi tristia gustien bistan gora gora jasota, eruan eban demoninuak inpernura.

        Oh, zeinbat onako amai zorigestoko izan ditubeen ordiak! Ez ete dira gizonak eta emakumiak nos edo nos kontuban jausiko ardauagaz! Alan gura izan dagijala Jaungoiko andijak. Entzun dozu bada, kristinaubak, zer dan orditutia; zelan ezaututen dan; ta ze pekatu ezaina dan. Onegaz amaituten ditut leleengo bost aginduben ikasikizunak. Amau daigun, bada, bijotz guztiagaz geure Jaungoiko ona. Ondrau daigun bere izen santuba. Santutu daiguzan domeekak ta jaijak. Prestau daiguzan geure arimaak, gurasuen ta nausijagen esanak pozik eta gogoz egiteko. Opa daijeegun proximo guztiai, geure burubai opa deutseeguna. Ta gordeko ditugu Jaungoikuaren agindu santu oneek. Oh, Jesus zerukua! Oh, Birjina gozua! Entzun egizuz, bada, gure erregubak, ta emon egiguzu zeruko erreinuba. Aitiaren, Semiaren ta Espiritu Santubaren izenian. Amen.

 

LELEENGO PARTIAREN AMAIJA

 

aurrekoa hurrengoa