www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Urteko domeka gustijetarako berbaldi ikasbidekuak (II)
Pedro Astarloa
1818

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Urteco Domeca gustijetaraco verbaldi icasbidecuac, Pedro Astarloa. Apraizen moldategia, 1818

 

 

aurrekoa hurrengoa

LI. BERBALDIJA

 

Azkenengo lau eskari, edo petizinoien explikazinoia.

 

        Laugarren eskabide, edo petizinoian dinogu: Egunian eguniango geure ogija egun iguzu, edo gaur emon eiguzu. Bizitza bi daukaz gizonak: bata gorputzekua, bestia arimakua. Ez batak, ez bestiak iraun leije janari baga, eta au ezin eukirik gizonak zeruko Aitak emoten ezpadeutsa, orregaitik esatuten deutsagu. Jakin dagizuben ze janari dan emen eskatuten doguna, azaldu, edo ezplikaduko dot, lenengo, zer dan gorputzarentzat eskatuten dan ogija, eta gero arimarentzat nai doguna. lenengo: eskatuten dogu ogija gorputzarentzat. Ogijaren izenian aituten da bizitzia iragoteko biar dogun guztija, artua, arraina, okelia, eta frutia, nai beste edozeinbere janari, eta edari. Aituten bere da erropa, edo soñekua, bizi lekuba, edo etxia, eta beste biziteko biar dogun, guztija. Baña begira zer dinogun, egunian eguniangua; esan gura dau, eguna, edo bizitzia iragoteko biar doguna, eta alan petizinoe onetan ezteutsaguz eskatuten Jaunari janari gozo, ez erregalubak, ez edari edo ardao ugarijak, eurekaz aseteko, ez erropa urre, zirar, sedazko balijosuak, eta ederrak, ez Jauregi, edo Palazijo zabal, eta ederto apaindubak, ez diru, eta ondasunak; bada oneek baga bizi leiteke, edo irago leiteke bizitzia; bakarrik eskatuten deutsagu biziteko biar doguna. Onexegaz duin dauka Kristinaubak. Eukirik zer jan, eta zegaz estaldu aragijak, eztogu besterik gura, zinuan San Paulo Apostolubak.

        Dei egiten deutsagu ogi geuria: au da ondo irabazija, eta modu onian etorrija, ez lapurretan ostuba, ez tratu okerrakaz irabazija, edo beste bide txar, edo okerretik artuba; bada modu onetan daukaguna ezta guria, ezpada inoena, eta alan Jaunari eskatuten deutsagun ogija da, edo geuk geure lan, neke, ta izerdijagaz irabazija, edo norbaitek emona, edo gure gurasuakgandik etorrija. Dinogu gaur emon egiguzu, gaur dinogunian aitu ginaike mundu onetan biziko garian denpora guztjia; esango bagendu legez; ezteigula ukatu mundu onetan gagozan artian bizikaija, edo biziteko biar doguna; bada zeruban eztago onen biarrik. Aitu bere ginaike gaur dinoguanian, emon daigula Jaunak gaur biar doguna, bijarkuen ardurarik artu baga, edo bildurrik euki baga bijar eukiko dogun ala ez: bada eztakigu bijarrera elduko garian. Etzaku emen galazoten gerorako biar doguna gordetia, edo batutia nai dala modu onian irabazijagaz, nai dala soluan batuten dana gordiagaz geuretzat, edo geurientzat. Jesu Kristok berak gorde oijeban enparetan jakona ongiliak emoten eutsenetik. Eragotziten jakuna da, ondasunen ardura larregija, eta ondasunak batuteko arrastaka ibiltia, Jaungoikuak ezpaleuka legez beste modurik emoteko guri biar doguna. Biarra egin begi bakotxak biar daben janari, eta jaztekua irabazteko; baña izan bedi arimia aztu baga, eta gorputzak biar dabena batzeko bera galdu baga.

        Petizinoe onetan eskatuten deutsagu Jaunari arimako janari, edo ogija bere. Iru gauza artu ginaikez ogijaren izenian, eta irurak eskatuten deutsaguz Jaunari berba oneetan. Lenengo: sermoia, edo Jaungoikuaren berbia: au da, eztakigula falta nok irakatsi deigun doktrina kristinauba, eta zer egin biar dogun; bada onixe dei egiten deutsa Jesu Kristok Jaungoikuaren, edo Jaungoikuak emoniko ogija. Bigarrengo: bere grazija, eta laguntasuna; bada gorputzak ezin bizitzarik euki leikiana legez janari baga, alaintxe gure arimiak bere ezin bizitzarik euki leike bere grazija baga, eta au faltako balijako, bertatik ilgo litzateke. Irugarrengo: ogijen izenian aituten dira Sakramentubak, bada janari baga ezin jaijo, azi, eta iraun ginaikiana legez; alaintxe gure arimia bere Jaungoikozko izatian ezin jaijo, azi, eta iraun leike Sakramentu baga. Baña sakramentu guztijen artian dei egiten jakan bestiai baño obeto, da Alatarako Sakramentuba; bada Jesu Kristo gure Jaunak dirausku; bera dala Sakramentu onetan zerutik jatsiriko ogija, bera dala benetako janarija, berak emoten dabela betiko bizitzia. Iru arimako janari onexek eskatuten deutsaguz Jaungoikuari, dirautsagunian: Egunian eguniango geure ogija gaur emon eiguzu.

 

 

Parkatu egiguzuz geure zorrak, geuk geure zordunai parkatuten deutsegubezana legez.

 

        Bostgarren eskari, edo petizinoia da: parkatu egiguzuz geure zorrak, geuk geure zordunai parkatuten deutsegubezana legez. Emen eskatuten deutsagu Jaunari parkatu deiguzala geure pekatu guztijak, alan mortalak, zein da benialak; bada onexek aituten doguz zorren izenian, Zegatize pekatu egiten dogun bakotxian, arzen dogu geure ganian zor bat, zein pagadu biarko deutsagun Jaunari, mundu onetan penitenzija, eta obra onakaz, edo bestian, mortalak badira infernuko su ikaragarrijetan, eta benialak badira Purgatorijuan. Erregututen deutsagu bada Jaungoikuari lenengo: parkatu deigula pekatuba bera, eta irago gagizala bere arerijo bagara bere adiskide izatera, eta gero parkatu deiguzala pekatu oneek gaitik merezi izan dogun kastigu, edo zorra. Baña nai badogu enzun dagijan Jaunak gure eskabide au, eta parkatu deiguzan geure pekatuben zorrak, egin biar dogu bera aserratu dogulako damubagaz; bada bestelan eztau Jaungoikuak enzungo gure orazinoia, edo obeto esateko, pekatuben parkazinoia eskatu, ta euretan irauteko ustiagaz, edo eurak isteko borondaterik ez eukitia, orazinoe baño geijago da, Jaungoikua tentadu, eta berari burla egitia.

        Begira zer dinozuben eskari onetan: Geuk geure zordunai parkatuten deutsegubezana legez. Gura dozu parkatu deizuzan Jaungoikuak zeure pekatubak? Parkatu eijezu zeuk bere zeuri gatx egin deutsuben guztijai; bestelan eztau Jaunak enzungo zure eskari au. Jesu Kristok dino: Nai dozube Aita zerukuak parkatu deizubezan deutsazubezan zorrak? Parkatu eijezube zeubek bere zor deutsubenai; bada zeubek parkatuten ezpadeutsazubez zeuben zordunai, ezteutsubez zubei parkatuko Aita zerukuak. Auxe berau dinozube zeubek bere, zeuben arerijuai parkatu baga, eta parkatu bere gura baga, aita guria errezetan dozubenian; bada esatia parkatu egiguzu geuk parkatuten doguna legez, da eskatutia zeubeek zeuben zordunai parkatuten badutsezube, parkatu deizubezala zeuben zorrak; eta zeubek parkatuten ezpadozubez ezteizubezala parkatu: auxe da zeubek parkatuten dozubezana legez parkatutia. Ay neure Kristinauba, ze bildur izan zinaitekezan zeure proximuaganako gorrotuagaz esaten badozu Aita guria, zeure kontra biurtu eztedin zure eskarija, jazoten jatzula David erregeren biraua: pekatu biurtu dakijola bere orazinoia? Zeuk zeure buruba kondenetan dozu. Alanbere esan begije gorrotuan dagozanak bere Aita guria, bigundu deijuen Jaunak euren bijotza parkatuteko gatx egin deutsenai. Zorren izenian ezta emen aituten norbaitek zor deuskun diru, ondasun, edo beste gauzaren bat, eztana legez aituten beste Ebanjelijoko leku askotan; bada etzaku inos aginduten zor oneek parkatutia, ezpada, esan deuskubezan berba astunak, edo euki deuskuben ezin ikusi, eta aserrakunzia.

 

 

Ez eiguzu itxi jausten tentazinoian.

 

        Seigarren eskabide, edo petizinoia da: ez eiguzu itxi jausten tentazinoian. Emen eskatuten deutsagu Jaungoikuari, euki gaizala sendo konsentidu eztaiguzan demoninuak bilduten deuskuzan pensamentu txarrak, zeinzukaz jausi erazo nai deuskun pekatuban. Gerra bizi, eta gogor bat da gizonaren bizitza guztija luurraren ganian: dino Job Santubak. Daukaguz iru arerijo krubel, zeinzuk dirian demoninua, aragija, eta munduba. Ain modutan egiten dabe iru areriko oneek alegina gu galzeko, ze egunez, ez gabez, etxian, ez kanpuan, mendijan, ez errijan, ezta Elexan bertan bere itxiten deuskube bakian. Eztogu pausutxu bat emoten, eztogu zirkintxu bat egiten tentazinoe artian baño; alde guztijetatik gagoz lakijoz ingiraturik. Ain dogu biar Jaungoikiaren grazija, eta laguntasuna tentazinoe, edo lakijo oneetan ez jausteko, ze bera baga ezin puntutxu baten bere egon ginaitez euretan jausi baga. Grazija auxe bada eskatuten deutsagu Jaunari eskari, edo petizinoe onetan, jakinik argal, eta kadenak bagara bere, ezin arerijorik sendo, eta indartsubenak goitu, edo benzidu al ginaizala, berak lagunduten badeusku bere grazijagaz.

        Ezteutsagu Jaunari eskatuten eztaigula tentazinoerik euki, eztaijuela itxi arerijuai gu tentetan; zegaitize on, eta probetxu andijak datorkiguz tentazinoietatik. Lenengo: eurak ezagutu erazoten deuskube ze argalak, eta gitxirakuak garian, ezauera onegaz humildu, eta beeratu daigun geure arrokerija, edo soberbija. Bigarrengo: tentazinoiak egiten gaitu zur, eta arduratsu; bada ikusirik zelako pelleburuban gagozan pekatuban jausteko, pelleburubak gaukaz iratzarri, eta arduratsubago. Irugarrengo: pelleburu, eta tentazinoie oneek goitu, edo benzidubagaz irabazten dogu zeruba, norako eztaguan biderik tentazinoien erditik baño. Laugarrengo: tentazinoian ezagututen da nor dan, eta zelakua dan bakotxa: ona, santuba, eta Jaungoikuaren bildurtija obago, santubago, argijago, eta garbijago egiten da tentazinoian; eta txarrago, gestuago, eta dongago egiten bada pekatarija, ezta tentazinoiaren erruba, beria baño; bada eskatu baleutsa Jaunari bera azpiratuteko grazija, dudatzaka emongo eutsan, eta ez bakarrik etzan jausiko tentazinoian; baña irabaziko zituzan merezimentu andijak. Eskatu deijogun bada Jaunari ez kendu deiguzala tentazinoiak, ezpada emon deigula eurak goitu, edo benzietako grazija. Baña ez gaitezan geratu orazinoian bakarrik, egin bere daigun alegina pelleburu guztijetatik iges egiteko, eta aragijaren gurarijak eziteko, eta ikusiko dogu zelan azpiratuko dituguzan geure arerijo guztijak.

 

 

Baña libradu gaizuz gatxetik.

 

        Zazpigarren, eta azkenengo eskari, edo petizinoia da: Gorde, edo libradu gaizuz gatxetik. Gatx batzuk dira arimakuak, beste batzuk gorputzekuak. Nai batekuak, nai bestekuak dira guk neurtu al ginaizan baño andijaguak. Arimakuak dira: Lenengua, eta andijena, eta guztijen sustraija da pekatuba. Bigarrengo: demoninua, nori dei egiten jakan Eskritura Sagraduban dongia, txarra, gestua, tentalarija, eta gatxkina, norganik asi zan, eta datorren gatx guztija. Irugarrengo: Jaunaren aserrakunzia, edo bere arerijo izatia: eta bostgarrengo, infernuko su, eta azken bagako ala, edo tormentubak. Onenxek dira gatx benetakuak, eta euretatik zaindu gaizala da lenengo eskatuten doguna. Beste gatx batzuk dira gorputzekuak. Oneek dira gexua, osasun faltia, ekatxak, trumoia, luikaria, arraijuak, urolak, labore faltia, edo urritasuna, gerria, pobrezia, eta beste esan bere ezin leitekezanak. Gatx guzti oneetatik jaon gaizala erregututen deutsagu Jaunari, alan arimakuetatik, zein da gorputzekuetatik. Baña eztogu bardin eskatu biar gorputzeko gatxetatik, eta arimakuetatik libretia. Arimako gatxak beti dira gatxak, eta beti dira gure kalterako: orregaitik beti eskatu biar dogu euretatik urtetia, edo euretan ez jaustia. Barriz gorputzekuak, guk uste arren gatxak, edo gure kalterako diriala, sarri eztira onak baño. Pobrezia, esaterako, uste ginaike gatx, edo kaltia dala, eta alanbere izan leiteke gure onerako: eta bestera, guk uste arren ondasunak onak diriala guretzat, jazo leiteke benetako gatxa izatia, eta kalte andijak guri ekartia. Orregaitik biar dan moduban egin nai badogu eskari au, nai izan biar dogu Jaungoikuak kendu deiguzala gorputzeko ondasun, osasun, zorion, poz, atsegin, eta beste guk ontzat daukaguzan gauza guztijak, gure arima, eta bere salbazinoiaren kalterako izango badira; bada orduban bene benetan gatxak dira. Onetan uts egin nai ezpadogu, eskatu biar deutsaguna da libradu gaizala, ez bakarrik guk gatxak diriala uste dogunetatik baita bere berak gatx diriala dakijenetatik, eta onelakuak badira guk zoriontzat daukaguzanak, libradu gaizala euretatik bere.

 

 

Amen.

 

        Berba onexegaz zarratu eban Jesu Kristok mirarizko orazinoe au. Orregaitik nai izan dau, alaintxe, eta aldatu baga geratu dedin bere Elexan. Esan gura dau alan deila, edo alan izan deila: au da, Jaungoikuak autortu, edo konzedidu dagijala orain eskatu jakan guztija, eta alan Amen esanagaz barriztetan dituguz, edo barriro egiten dituguz zazpi eskari, edo petizinoiak. Baita bere esan gura dau: Alaintxe da: au da, enzun dau Jaunak zure eskabidia, eta autortu deutsu zure erreguba; guri adi erazoteko, leijala dala Jaungoikua bere iskini, edo promesetan, eta guk geure aldetik egiten badogu eskabide, edo orazinoia, lenago faltaduko dabela zerubak, eta luurrak, berak ukatu deigun baño gure eskabidia. Modu onetan aituten dau izen au S. Paulo Apostolubak.

 

 

Erazoginza

 

        Orra, neure enzula maitiak, azaldurik, edo ezplikadurik, laburrian baño ezpada bere, zeruban, eta luurrian aurkitu al leitekian eskabide, edo orazinoerik miragarri, andi, eta onena, jakin dagizuben gitxijenez abasberuan, edo ilun abarrian, zer eskatuten dozuben bera errezetan dozubenian; bada bertan zarraturik dagozan eskabide guztijak argitan ifintia ezta gizonentzat. Guk asko dogu jakitia arako Jaungoiko, antxina Igarla, edo Profeten bitartez berba egin oijebanak berberak ekarri euskula zerutik, berak irakatsi euskula bere aoz, berak agindu euskula esaten, eta berak opa euskula enzuna izango zala zeruban bertan, beragaz eskatu gengijana. Orregaitik egunian egunian, edo sarri egunian esan bar dogu Aita guria; bada betikua izanik gure biar, edo nezesidadia, eta ezin eukirik geurez, edo geugaz zegaz bete, edo erremedijau; beti egon biar gara eske biar doguna emon al, eta agura deuskunari.

        Baña, esango deustazube; egunian egunian, eta sarri, egunian esaten dogu Aita guria, eta geure premina, eta esturetan esaten oi dogu; baña alanbere ezteusku emoten Jaungoikuak eskatuten deutsaguna. Badakizu zergaitik? Gauza bi gaitik. Lenengo: eztozulako esaten Aita guria biar dozun moduban. Ifinten zara esaten, edo errezetan arrastaka, arin aringa, begiratu baga, ez nogaz zagozan berbaz, ez zer dan eskatuten dozuna, ez zelan daukazun zeure arimia, bazagoz ala ez guztiori pekatuz atsitu, usteldu, eta Jaungoikuaren arerijo eginik; eta orregaitik bere anditasun neurri bagiari zor deutsazun itzal, edo erreberenzija baga; eta bera zeure humiltasun, eta bildur santubagaz, gozatu biarrian, bere aurrera daruazuzala pekaturik ikaragarrijenak bere justizija aserratuteko. Zelan nai dozu enzun zaizan Jaun onek badaruazuz bere aurrera zeure eskubak bere seme maitiaren odolez orbandu, edo mantxadurik? Zelan nai dozu emon deizun eskatuten deutsazuna badaruazu zure bijotzian zeure pekatuben kurutze lotsagarrijenian josirik bere seme bakar maitia, eta bazagoz berari burlaz? Eta pekatuban ezpazagoz bere, zelako oztasun, zelako epeltasun, eta zelako nagitasunagaz esan oi dozu Aita guria? Geijenetan zeure goguz beste lekutan dozula, zeuben arazu, zeregin, tratu, edo jolas, eta olguretan. Orra zegaitik enzuten etzaizuzan Jaungoikuak Aita guria errezetan dozunian, dirautsu Santijago Apostolubak. Eskatuten dozube, eta eztozube arzen dongaro eskatuten dozubelako.

        Bigarrengo: eskatuten dozu, eta ezteutsu Jaungoikuak emoten konbeni etzatzulako eskatuten dozun gauzia, edo emongo baleutsu zeure gatx, eta kalterako izango litzatekialako. Nai badogu enzun dagizan Jaunak gure eskarijak, egin biar dituguz Jesu Kristoren izenian, eta konbeni ezpajaku eskatuten doguna, eztogu eskatuten Kristoren izenian. Gexorik gagoz, eskatuten deutsagu Jaunari osasuna; bada konbeni ezpajaku pekatubetan irago, edo emongo geunkialako, eztogu eskatuten Kristoren izenian; eta orregaitik ezteusku emoten Jaunak. Eskatuten deutsazu il aginian daukazun seme, edo alabiaren osasuna, etzazu konbeni dakijalako Jaungoikuak biziko balitz, bere, eta zeure kondenagarri izango litzatekiala, eta ukatuten deutsu. Eskatuten deutsazu atera zagizala zeure pobreza, estura, edo preminatik, dakus Jaungoikuak autortu, edo konzediduko baleutsu zeure eskarija, galduko zeunkiala humiltasuna, beteko zinaitekiala arrokerija, edo soberbijaz, eta kondenaduko zinatekiala, eta etzaituz enzuten. Eskatuten deutsazu emon deizula, edo zeuri, edo seme, edo aidiari leku eregi, ofizijo, edo enpleo onen bat, ezteutsu emoten, dakijalako emongo baleutsu zuri, zure seme, edo senidiari, galduko zinaitekekezala, eta etzaituz enzuten. Sarri eta sarri jazo oi da guk uste izatia konbeni jakula au, edo beste gauzia, eta eskatutia Jaunari; baña Jaunak ezaguturik gure gatx, edo kalterako izango dala, ukatuten deusku. Orduban ukatutia bere erruki, edo miserikordija andja da, eta autortu, edo konzedietan badeusku dakijana gure gatxerako izango dala, bere justizija beragandik arteza, baña guk ezin ezagutu ginaijenetik dator.

        Nai badoguz bada artu Aita gurian egiten doguzan eskarijak, esan daigun orazinoe au debozinoe andi bategaz: begiratu daigun onetarako, gagozala berbaz ez luurreko erregeren bategaz, ez Apostolu, Aingeru, edo Ama Birjiniagaz, ezpada zeru luurrak bere anditasunez beteten dituzan Jaungoikuagaz; noren aurrian bildurrez ikara dagozan zeruba euren ganian daukenak, eta noren izena enzunagaz luur joten dabeen luur, zeru, eta infernuban dagozan belaun guztijak. Bete gaitezan begiraune onegaz debozinoe, itzal, edo errespeto, eta bildur santuz, egin daigun eskari au al daigun humiltasunik beerenagaz, baita bere uste, edo konfijanzarik osuenagaz, jakinik geure Aita maite, bigun, eta maitetsubena dana. Eztaigun duda, ez bildurrik euki ukatuko deuskula gure onerako bada, eta ukatuten badeusku ziur ziur gagozan bere gurarija dala gure salbazinoia emotia zeruban. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa