www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Urteko domeka gustijetarako berbaldi ikasbidekuak (II)
Pedro Astarloa
1818

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Urteco Domeca gustijetaraco verbaldi icasbidecuac, Pedro Astarloa. Apraizen moldategia, 1818

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXXVI. BERBALDIJA

 

Jaungoikuaren legeko bostgarren mandamentuben ganian.

 

        Jaungoikuaren legeko bostgarren aginduba da, ez inor iltia. Ez bakarrik aginduten jaku berba oneetan, ez inor iltia; baita bere ez inori gatxik egitia, ez obraz, ez berbaz, ez gurariz, edo deseoz. Lenengo: aginduten jaki ez inori gatxik egitia obraz; eta alan egiten dau pekatu, ez bakarrik norbait ilten dbenak, baita bere borondatez, edo guraz epairen bat egiten deutsezanak, arrikada, makilakada, ukabilkada, edo ostikadaren bat emoten deutsnak, edo beste gatx andiren bat egiten deutsanak; eta ez bakarrik egingo dau pekatu mortal, baita bere osotu, edo erresistidu biarko dituz ein daben gatx onetatik datozan kalte guztijak. Esaterako: ilten dozu gizon ezkondu bat, zeinek bere biar, edo irabazijaz emoten eutsen bere emazte, eta semiai biar eben guztija; bada biurtu biarko deutsezu, il dozun gizon onen etxadi, edo familijari erijotza onetatik datorkijozan kalte guztijak. Egiten deutsazu zeuren erruz epai bat biargin bati, edo zauri andi bat, eta onek ezin biarrik egin dau egunen batzubetan, bada biurtu biarko deutsazuz, ez bakarrik epaija osatuteko egin dituzan gastubak; ezpada biarrik egin eztaben egun areetan irabaziko ebana. Egiten dau pekatu mortal ama, edo inudiak, ardura andi bat ifinten ezpadau beragaz eratzoten daben umia lozorruan ez ito, edo galzeko, edo au egiten badabe, ardura ez ifinagaitik. Egiten dabe pekatu mortal gurasuak, euren umiak modu baga, eta gogortasun larregijagaz kastigetan ditubezanian, arako aserraturik euren umiakaz, eztakijela arrabijen arrabijaz zer egiten dabeen bere, edo nun joten ditubezanian, nai buruban, nai auan, nai begijan, nai belarrijan, eta edozein gauzakaz, ukabil, ostiko, makila, burdina, edo urrengo eskubak emoten deutsen gauziagaz; ain modutan ze epai, zauri, eta anditubak eginik, egun osuetan oian egon biar dabeen. Kastigadu begije gurasuak euren umia, ezi begije, baña ez arako aserrien aserrez zeregiten dabeen bere eztakijenian, ezpada atsegin onian, ez euren arrabijua aseterren ezpada semia onduterren.

        Egiten dabe oekatu mortal, arako neskatila seindun geraturik seina galduten dabeenak, edo galzeko aleginak egiten ditubezanak, euren honria ez galzerren, nai dala sangradubagaz, nai dala edatekuen bat artubagaz, nai dala karga pisutsubak eruanagaz, nai edozeinbere beste modutan. Ez bakarrik egingo dau pekatu au egin daijan neskatiliak, baita bere onetara lagunduten deutsanak, edatekua aginduten deutsan medikubak, sangrija emoten deutsan barberubak, edatekua konponduten daben botikarijuak, eta beste edozeinbere modutan seingalzeian alde, edo parterik daukanak. Jauna, au jazo jakana etxe on bateko alabia da, eta errijan jakiten bada galdurik geratuko da; ezin ezkondu leiteke seinaren aitagaz, bestek au jakinik eztau emaztetzat artuko, eta alan bera honra baga geratuko da; guraso, etxeko, eta senidetasun guztijak atsakabe, eta naibage andi bat artuko dabe. Bai nai ez. Neskatila ori balitz errege baten alabia, eta baleki bere sabelian daukan umia ez galzerren erreinu guztija erre, eta kiskilduko litzatekiala, edo bera galdubagaz, bake, zorion, eta ondasun guztiz andijak etorriko litzatekezala erreinu guztikuentzat, ezin olako gauzarik eginleike, eta beti egingo leuke pekatu mortal ikaragarrizko bat.

        Egiten dabe pekatu mortal Mediku, eta Barberu errijetan ifinten dirianak ezerbere jakin baga, ezerbere estudijadu baga. Eztakije gatxa ezagututen; eta ezagutu arren eztakije zelan osatu; aginduten dabe itxumustuan sangrija batetik, purgia besteti, jakin baga on, ala gatx egingo deutsan. Ez bakarrik egiten dabee pekatu mortal onelako Mediku, eta Zirujaubak, baita estudijetan eztabeenak bere, aztuten itxiten dabeela lenago ekijen guztija. Euren ofizijuan ikasi, edo estudijaduten eztabeen Mediku, eta Barberu, edo Zirujaubak beti dagoz pekatu mortalian. Egiten dau pekatu mortal laarregi jaten dabenak. Bardin, ezaguturik janari onek, edo edarijak gatx egiten deutsala, itxi gura ezteutsanak. Egiten dau pekatu karia, ikatza, luurra, autsa, edo beste onelako gauzaren bat jaten dabenak, jakinik eurak jaterren daguala erkindu, argaldu, eta ezetarako bere indar, eta poder baga. Berba baten: jakinik janarijen batek gatx egiten deutsala, edatekuen batek gexorik ifinten dabela, fumetiak galduten dabela, laregi janak, edo edanak gatx egiten deutsala, onelako gauzarik egiten badau, pekatu mortal egingo dau . Pekatu mortal egiten dau laaregi edanagaitik, edo bere borondatez ordituten danak. Onen ganian beste berbaldi baten luziago esango dogu.

        Mandamentu onetan bigarrengo aginduten jakuna da, ez inori gatxik egitisa berbaz. Modu askotan gatx egin leikijo proximuari miinagaz, baña orain bakarrik esango dot norzuk pekatu egiten dabeen berba astun, edo lotsabagak esanagaz. Lenengo bada: egiten dau pekatu mortal, bere proximuari dei egiten deutsanak aserre, eta garratztasunagaz lepurra, sorgina, ordija, dongaro jaijua, edo beste onelako izen dongaren bat, jakinik atsakabe andi bat artuten dabela au entzunagaz. Onetan jakin biar da nori esaten jakon, bada batzui esatia pekatu mortal ez izan arren, izan leiteke beste batzui dei egitia. Gizon galdu, tabernarik taberna dabiken lotsia galdurik daukan bati, ordja dei egitiam pekatu mortal ez izan arren, izango da auxe berau Sazerdote, gizon honradu, edo Kaballero bati esatia. Txarri, edo urdia dei egitia edozein modutan bizi dan anra, edo emakume bati ezta pekatu mortal, baña beste onenbeste esatia emakume honradu, etxandera, edo Señora bati, pekatu mortal izango da. Esaten dan gauzia bada bere egija, pekatu mortal izango da badakizu ori zuk esanagaz atsakabe andi bat artuko dabela, lotsaturik geratuko dala, eta bardin da dirautsazun oben, utsune, edo tatxia danzuben guztijak badakije bere. Esaterako: dei egiten deutsazu zuk beste bati sasikume, dongaro jaijo , edo beste onelako lotsatuten daben izen gestoren bategaz, pekatu mortal egingo dozu egija izan arren, eta danzuben guztijak alakua dana badakije bere. Eta zuk esaniko gauzia inok ezpekijan, eta guztijak beuken beste modutakotzat, biurtu, edo errestituidu biarko deutsazu kendu deutsazun honra, edo familia.

        Bigarrengo: egiten dabe pekatu mortal, edo obeto esaterren, beti dagoz pekatu mortalian arako gizon (baña geijago emakumiak) arrabijoso, irritu, eta erre inogaz bakerik eztaukenak, eta auzotegi guztija goikuaz beera darabilenak; orain aserratuten dira bategaz, gero beste bategaz; berbatxu txiki bat enzutia, begiraune bat egitia da asko, edo benturaz eurai goguak emotia, edo begitandutia zerbait egin deutsela, berbarik gogor, garratz, eta lotsabageenak, eta aora datorkijuen guztija esateco. Eztau inok eurakaz berbarik egin gura, guztijak dabilz eurakgandik igesi; eztauke adiskiderik. Onelakuak ezin absolbidu leitekez euren ekandu zitala ezi daijen baño leenago. Irugarrengo: egiten dabe pekatu mortal arako senar emazte euren etxe, eta etxadi, edo familija guztija darda ganian darabilenak leoe amurratu batxuk balira legez, guztija da agirakia, guztija diadarra; gauzarik txikijenagaitik ifinten dira aotik bitsa, begijetatik suba, eta alde guztijetatik gara darijuela. Ezta enzuten ezpada berbarik garatz, astun, eta lotsabagienak, senarrak emaztien kontra, eta emazatiak senarren kontra, gurasuak eta umiak alkarren kontra. Etxia infernubaren irudi bene benetako bat da; auzo guztijak dagoz bertara adi, guztijak esakandalizadurik, eta ikusten da aserre, errijeta, diadar, eta agirakia. Bada Jauna, ez jekee agiraka egingo seme, alaba,eta otsein, edo krijadubai. dongaro egiten dabeenian? Bai, Kristinaubak; baña eztago beste modurik agiraka egiteko, edo erreprendietako diadar, berba astun, eta lotsabagakaz baño? Ezin agiraka egin leijue, ezin erreprendidu, edo kastigadu leitekez, auzotegi guztija adi ifini, eta eskandalizadu baga? Zenbat obago izango litzateke, zeuben seme, eta alabatxuak dongaro egiten badabe, eta berbaak asko ezpadira, lau azotetxu emotia zeuben bake onian, eta isil islik, edo afari, eta jatekorik ez emotia? Onexek bai obeto onduko dituzala, zure diadar, eta berba astunak baño.

        Askok eta askok ifini oi dabe atsakijatzat esatia: ain daukat jenijo bizija, ain lasterra, eta erria, ze berbertatik iragoten naz; berbatxu bat enzun orduko, eztakit nun naguan bere, bertatik guztijau iragorik, eta isiorik geratuten naz, ain modutan ze eztakit zer dinodan bere. Badakizube, Kristinaubak, zer dan atxakija au? Da zeuben pekatuben erruba Jaungoikuari ezartia; bada da esatia, ain laster aserratuten banaz, da Jaungoikuak emon eustalako daukadan jenijo txarra, ze beste oba bat emon baleust eninzan ni onelakua izango. Baña atxakija au utsa da, guzurra da, herejija da. Espiritu Santubak dirausku: Jaungoikuak arteza egin eban gizona, baña gizona bera da okerrunetan sarzen dana. Zeuk zeure ekandu zitalai emon zeuntsen indarra, arako lenengo ezagutu zenduzanian ezi etzenduzalako. Ezpabere esan egidazu: zer egin dozu zeure jenijo orren bizitasun, eta suba amatetako? Ezerberez. Arako ikusi zendubanian zeure bijotza isioten zala aserrian egin autsuben gatxen bategaz, artu dozu al daizun moduba sutxu ori indarrik artu baño leenago amatetako? Alderatu, edo apartadu zara aserratuteko pelleburutik? Arako jakin, edo asmadu dozunian norbait daguala zerbaz zure kontra, egin dozu andik iges ez jakiterren zer dinuan? Norbaitek errazoe, edo berba astuntxubago, edo garratzagoren bat esan deutsunian, egon zara isilik ez beste ainbeste eranzuterren? Egin dozu alegina, edo indara pazienzijatan iragoteko, aurrerabiderik artu eztagijan abijetara doian aserriak?

        Ay neure Kristinaubak, dakuskuna da, onelako gauzarik egin biarrian, okerretara egiten dala. Jakiten badozu norbaitek ezer esan dabela zure kontra, bertan beera itxi biarrian, jakin nai dozu esan daben guzti guztija berbarik txikijenairokua, baita bere albazinai ze gogo, edo intenzinoe euki daben. Zerbait enzuten badozu, etea baderitzu zerbait dinuela zure kontra, aldendu biarrian ez enzuterren, zurrako ifinten dozu belarrija zer dinuen enzuterren. Berba astun, edo garratzen bat esaten badeutsube, astu biarrian beti zagoz barriztetan, adiskide, eta lagun guztijai esaten deutsezu, eta nai zeunke euretan isio zeuk zeure bijotzian daukazun suba. Eta nundik etorri oi dira aserrerik andijenak? Ezerberezetatik geijenetan. Esaten deutsu benturaz zeure adiskiderik andijenak berbatxu bat intenzinoe donga baga, zuk bertan beera itxi bazendu, antxe geratuko zan; baña ez puska-bat eziterren zeure jenijua eranzuten deutsazu beste bat; bestiak dirautsu gogortxubago bat; zuk dirautsazu astunago bat; aurrerago, eta gogorrago; azkenian aserria, diadarra, eta berbarik lotsagaldukuenak. Berotuten da miina, eta ezta begiratuten esaten dana guzurra ala egija dan; honria kenzen bada ala ez; inok bekijan, ala ez. Irrituten zara, aserrratuten zara, karramatuten zara, eta leen adiskide zinianak zagoz aserraturik, eta arerijo. Lenenguan jaramonik egin ezpazeuntsa enzuniko berbiari, eraz zendubana legez, etzenduban ainbeste aserre eukiko, zein da gero; etzinian adiskide zinianen arerijo izango. Orregaitik zeure jenijo erre, eta bizijaren atxakija utsa da; bada orrelakua badaukazu, zeure erruz daukazu, zeuk ezin nai eztozulako. mugaldu, edo okasinoietatik iges egin nai eztozulako.

        Jauna, bera asi jatan dongaro esaten, eranzun oi dabe beste askok: niri ezer esan ezpaleust ni isilik egongo ninzan. Zegaitik esan biar eustazan ainbeste pikardia, ainbeste lotsabakerija, eta ainbeste txatxarkerija? Beraz, bestiak dongaro egin ebalako, zuk bere egin biar dozu; bestiak pekatu egin ebalako, zuk bere egin biar dozu, eta bestia infernura doialako, zuk bere jarraitu biar deutsazu. Eta zer aurreratu dozu orregaz? Zer erremedijau dozu? Ezerberez: dongago ifini dozu, irritu zara, aserratu zara, eta leneguan bein bakarrik esan beutsuben enzun nai etzendubana, gero lau, bost bidar, edo geijagotan enzun biar izan dozu. Lenenguan jaramonik egin ezpazendu, isilik egon bazina, eta errazoe txarra esan eutsunagandik alderatu, edo apartadu bazina, bake obian egongo zinian, etzenduban enzungo benturaz uste etzendubana, edo zeritsuna inok ezekijala. Eta Jaunari milla esker onetan geratuten danian. Zenbat auzi galgarri, zenbat kerella ikusten eztira onelakoxe berbatxu bat baño beste sustrai, edo asijerarik eztaukenak? Sarzen da Eskribaua batetik, Letraduba bestetik, emetik Prokuradoria, andik Alguazila; egiten dira prozesuak, ateraten deutsez batak bestiari jakin al daijezan utsune, edo falta guztijak; egiten dira gastu andijak, eta azkenez ezagututen daniain, pazienzija puska bategaz erremedijau zatekezala gatx, eta gastu guzti oneek, eztago erremedijorik. Orra zer dakarren berbatxu axiak daroian bati jaramon egitiak, eta bertan beera ez istiak.

        Baña oraindio bere andijagua da beste batzuben itxumendija. Askok eta askok, ez bakarrik eztabe artuten egin daben pekatuben damurik, ez bakarrik eztira lotsatuten aora etorri jaken lotsabakerija guztija proximuari esan deutselako, ezpada alabadu oi dira au egin dabeelako, gauzarik miragarrijena izan balitz legez; eta txarren dana, urte luzietan iraun oi dau euren buruben alabanza onek. A zelakuak enzun dituzan, esan oi dabe Kristinauben izena baño eztauken oneek; zelakuak esan deutsadazan; enzun biar baditu, enzun ditu. Zelan berotu deutsadazan belarrijak. Bela bat baño balzago ifini dot. Ezteutsat ezer parkatu. Benetan, Kristinaubak, alabanza andi batr emoten deutsazu zeure burubari. Pekatu mortal ikarragarri bat egin dozu, berba astun, eta garratzak esanagaz zeure proximuari; eta Kristinau batek alabaduko dau bere buruba pekatu mortal egin dabelako? Benetako Kristinauba bazina, lotsatu, eta mututurik geratuko zinatekez, ikusirik zenbat pekatu egin zenduzan, zeure proximuari utsune, edo tatxa orrek atera zeuntsazanian. Onelakuak, ez bakarrik pekatu egin eben aserria euki ebenian, baita bere euren burubak alabeetan ditubezanian; eta onelako goguan dirauben artian, edo onelako moduban euren burubak alabetako gogo, edo ustia dauken artian ezin absolbidu leitekez; bada onelakuak ez bakarrik eztauke gogarre, edo propositurik ez ostera egiteko, ezpada barriren barri kenzen deutse honria proximuari, eta dagoz murmuretan, edo deungaro esaten beragaitik.

 

 

Erazoginza

 

        Eztauka gizon batek gauza oberik, ez txarragorik miina baño: bera ondo badarabil bedeinkatuten dau Jaungoikua, konfesetan dituz pekatubak, egiten dituz skramentubak, prediketan dau Jaungoikuaren legia, irakasten dau doktrina Kristinauba, irakusten dau zerurako bidia, poztuten dituz nekatubak, edo tristiak, zainduten dau Elexia, eta ain dira andijak beste miinak dakarzan onak, ze eztago guztijak adi erazo leikijanik. Baña, nok esan leikez miin batek dakarzan gatxak? Guztiz da pellebusua miina, dino Santiago Apostolubak: beragaz pekatu egiten eztabena, eta bera eziten dabena gizon santuba da; bada oni erraz txikija dan zaldi bati ifinten jakan freuba? Bada beragaz eruaten da nora nai zaldijaren gorputza. Eztakutsubez, ze andijak dirian onzijak? etxe andi bat dira; eta asko uri bat leezkuak; eta izanik ain andijak, nogaz, edo zegaz arteztuten dira norabait eruan gura dirianian? Ozta ozta agiri dan gauza bategaz: lema txiki bategaz. Auxe berau jazoten da gura miinagaz bere, dino Apostolu onek. Gorputzeko alde, edo parte txiki bat da, eta alanbere bera da gure gorputz guztija gatx, edo onera daroiana. Miin txar batek subak egiten dabena egin oi dau. Begira ze kalte ezin esan leitekezanak egiten dituzan subak. Su apur batek erretan dituz basorik zabalenak, mendirik andijenak, erri eta uri osuak: miina barriz suba da, gatx guztijen tegija: dago beneno ilgile, edo mortalez beterik. Da geldirik ezin egon dan gatxa, eta infernuko gar bizijan dago goriturik. Orregaitik eztago bera otzandu leijan gizonik. Abererik krubelenak, txoririk uzubenak eziten dira, baña ez min zitala.

        Nor bildurtuko ezta Apostolu andi onek dinuana enzunik? Nok aleginik andijenak egingo eztituz bere miina ondo ondo gordetako? Baña ikusten dana da, eztala ezetan ardura gitxiago ifinten, miina eziten baño. Guztija da berbetia, edozein gauza esatia, ez ezer perkatutia, ez ezer isilik eukitia. Zelannai dozube bada auzirik izan eztedin, aserre, errijeta, gorrotorik aurkitu eztedin, zeure miina geldirik euki nai ezpadozu, eta gustijen iturria zabalik badaukazu? Sinistu nai ezpadeustazu niri gatxik geijenak datozala miin zitaletik, sinistu egijozu Espiritu Santubari. Miin dongiak aserratuten ditu bakian egozanak, arerijo egiten ditu adiskide zirianak, erre dituz urijak, iruli dituz etxerik senduenak. Miin txarra daukanak eztau bakerik eukiko, eztau adiskiderik izango, eta madarikatuba izango da, Jaungoiko, eta gizonakgandik. Asko il dituz ezpatiak, baña guztiz dira geijago euren miin gestuak il dituzanak. Berak emoten daben erijotzia da guztiz zori gogorrekua, eta infernuba bera baño bere txarrago da. Begira bada jausi etzaitezan gatx onetan; ezi egizu zeure miina. Etzaitez lasterra izan edozein gauza esaten, begira bein, eta birritan zer dinozun, gero damutu eztakizun, erremedijorik eztaguanian. Baña inos baño kontu andijago bat euki biar dozu, arako aserratu aginian zagozanian, gatxen bat egiten deutsubenian, berba gogorren bat dirautsubenian, eta zugaitik dongaro esaten dagozanian. Ezta suba amatetako moduba orduban orrekaz berbaz abijetia, ezpada alderadu, edo apartetia, eztana legez modu ona suba amatetako egur geijago ezartia, ezpada lenago daguan egurra kenzeia. Au egiten badozu, eziko dozu zeure miina, biziko zara bakian mundu onetan, eukiko dozuz adiskidiak, artuko dozu Jaunaren bendizinoia, eta iragoko zara bizitza baketsutik, beti iraungo daben bakera. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa