www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Urteko domeka gustijetarako berbaldi ikasbidekuak (II)
Pedro Astarloa
1818

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Urteco Domeca gustijetaraco verbaldi icasbidecuac, Pedro Astarloa. Apraizen moldategia, 1818

 

 

aurrekoa hurrengoa

XLIX. BERBALDIJA

 

Elexako lau, eta bostgarren agindu, edo mandamentuben ganian.

 

        Elexako laugarren mandamentuba da, baru egitia berak aginduten dabenian. Baruba da jatordu bat baño ez egitia, eta aragirik ez jatia. Baruba abijetan da gabeko amabijetan, eta dirau urrengo gabeko amabijetaraino. Jatorduba egin biar da bazkarija egin oi dan orduaban; baña preminazko zer eginen bat daguanian, aurreratu, edo atzeratu leiteke. Dauka norbaitek preminzako ibilera, edo biajeren bat; bada gabez ez ibiliterren egin leike jatorduba amarretaruntz, eta bardin atzeratu leiteke, ibilera, edo biajia ez galduterren. Baru egunian ezin aragirik jan leiteke, Aita Santubak autortu, edo konzedietan ezpadau lizenzija. Aragija esaten danian aitu biar da koipia, saldia, beragaz eginiko salzija, edo beste edozeinbere gauza, eta alan ezin jan leiteke aragija eragotzitik dagunanian. Garizuman ezin jan leite arrautza, ez esne gauzarik bere, eta jan nai dabenak artu biarko dau buldia. Aita santubak emoten dabenian lizenzija aragija jateko, egin biar da berak aginduten daben guzija, nai dala limosnaren bat emotia, nai dala Aita guria, eta Abe Marija errezetia, nai dala beste edozeinbere gauza. Orduban aragija jaten dabenak baru egin biar dau onelako lizenzijarik ezpaleuka legez, eta ezin nastadu leike jatordu baten aragija, eta arraina; baña bai bitan,eta alan jan leike eguberdijan aragija, eta arratsian arraina, eta bestera. Onelako lizenzijarik daguanian itandu eikijozube zeuben Arima-zain, edo Kura, Konfesore, edo dakijanen bati, zer egin biar dozuben.

        Jatordu bat baño ezin egin al baleiteke bere baru egunian, egin leiteke kolazinoe. Eztago izentadurik, zenbat jan leitekian kolazinoian iru, lau, ez bost onza, eta alan artu biar da gizon konzienzija oneko, eta Jaungoikuaren bildurtijak artu oi dabeena. Gabon egunian gabez egiten bada kolazinoe, artu leiteke zerbait geijago; baña ez beste egunetan, ez Eguben santuz, ez Idulenzijaz, ez Zapatu santuz, eta Maijatz Paskua bisperan. Kolazinoian ezin artu leite ez aragirik, ez aragi gauzarik, ez arrautzarik, ez esnerik, ez oneekaz egingiko gauzarik. Kristinau guztijak ogeta bat urtera eldu ezkero egin biar dabe baru Elexiak aginduten daben egunetan; baña ogeta bat urtera eldu ez arren, ezin orregaitik jan leije aragirik eragotziriko egunetan, ez nastau aragi, eta arraina jatordu baten, ez jan arrautza, esne, ez eurakaz konponduriko gauzarik garizuman bulda baga. Eztago gauza ziur, edo zierturik nosgino baru egin biar dan, irurogei urteraño ala aurrerago, eta alan emetik aurrera urtetan sarturik dagozanak, edo atso, eta agurak, itundu, edo akonsejadu bediz euren Konfesoriakaz, euren burutik erabagi baga, eta baruba austen azartu baga. Baru danak zerbait arzen badau gomuta baga, edo aragirik jaten badau, eztau pekaturk egingo; baña jaon biarko dau enparauban. Artu leiteke zerbait goxian, edo arratsaldian, guztitan iragoten ezpada onza, edo onzaterditik aurrera.

        Iru gauza gaitik itxi leiteke baruba, edo ezta pekatu baru ez egitia; gorputzeko gexo, edo argaltasunagaitik, biar, edo lana gaitik, eta karidadia gaitik. Lenengo: gexo, edo argaltasunagaitik: alan eztauke baru eginenik gexorik dagozanak, gexo ostian kaden, eta erkinik dagozanak, eta barubak gatx egiten deutsenak baderitzo medikubari ezin baru egin leijela; eta alan, eurai itandu biar jake baru egingo badabe ala ez; eta mediku, eta barberu, edo zirujauba dudan badagoz, esan Arima-zain, edo Konfesosriari, eta bere lizenzijagaz itxi leije baruba. Aragija jan biar dabenak baru egin al badai, egin biar dau; bada agindu guztija ezin jaon al daijanak zaindu biar dau al daijan zati, edo partia. Bardin, barurik ezin dabenak ezin orregaitik aragirik jan leike. Seindun diran, edo seina azten dagozan emakumiak eztauke baru egiteko biar, edo obligazinoerik. Aterik ate dabilzan pobriak ezin egin al badaije egun guztija iragoteko asko dan jatordu bat, eztauke baru egin biarrik, eta bardin euren pobrezia gaitik eztaukenak janari segururik, ez jateko ordurik. baita bere bidian ibili biar dabenak, ezin aurkitu al badau zer jan, ezpada puskatxu bat leku baten, beste puskatxu bat beste baten, jan leike leku oneetan aurkitu al daijana, ezin aurkitu al badau janari bat egiteko duin.

        Bigarrengo: itxi leiteke biarra gaitik. Modu bitakua da biarra. Bata da ezin egin leitekiana gorputzaren neke andi baga. Onelakuak dira baru egiteko obligazinoerik eztaukenak; zelakukak dirian atxulari, olagizon, argin, zapatari, arotz, errementari, eta beste edozeinbere biar gogorreko nekezaliak. Oneek, ez bakarrik eztauke zer baru egin biarra egiten dabeen egunian; baña ezta egiten eztabenian bere. Esaterako: dator garizuman Anunziazinoeko jaija, zeinetan eztan biarrik egiten; bada egun atan bere eztauke baru egiteko obligazinoerik. Baña ofizijo onetakuak izan arren, ezpadabe eurak biarrik egiten, edo ezpadabe euren krijadubai agindu baño beste gauzarik egiten, baru egin biar dabe. Beste ofizijo, edo lan batzuk dagoz, zeinzuk egiteko eztan ainbeste nekatuten. Onelakuak dira Eskribau, Prokuradore, Letrau, joskile, dendari, eta eskribietan dabeenak; oneek baru egin biar dabe. Krijadubak ezpadabe egiten etxe-zereginak baño; baña oneek badauke neke andiko biarrik egun atan, itxi leije baruba. Jakin begije ugazabak ezin agindu leijuela euren otsein, edo krijadubai baru egunian beste egun batera luzatu al leitekian biar neketsurik. Esaterako; ezin agindu leijo otseinari egun guztijetan egon deila lexiba, edo bogada joten baru egun oso baten, baru ezin dagijan moduban, beste egun baterako luzatu al daijala; baña balitz garizuman, zeinetan ezin egon leitekian lexibia egin baga, orduban agindu leijo.

        Bide, edo ibilera premiazko, edo biar biarrekua egiten dabenak, ausi leike asko nekatu, edo adikatu biar bada. Eztago gauza zierturik zenbat bide ibili biar dan onetarako; bada begiratu biar da zelakua dan bidian dabilena, zelakua dan bidia, eta eguraldija; bada jazo leiteke legua bi asko izatia gizon argal, eta gexoti batek baruba galzeko, eta ez asko izatia iru gizon sendo batentzat; eta negu gogor, eta euri andi bategaz asko dana, ez izatia eguraldi onagaz, eta geijago nekatutia bide garratz, aldatz baten, lau, eta zelai baten baño. Onetan esan leitekiana da, Aita Santu Alexandro zazpigarrenak kondenadu ebala esatia: zaldiz dabilenak egun baten bakarrik bada bere, nai dala bere guraz, nai dala preminaz, eztaukala baru egiteko biar, edo obligazinoerik. Eta alan zaldiz dabilenak egun bat, edo bestian, preminaz bada bere, neke andi baga, baru egin biar dau; baña egun askotan ibili biar baleu, eta bide luzia egin biar baleu egun bakotxian nekatuten dala, jazo leiteke baru egiteko onligazinoerik ez eukitia; bardin jazo leiteke ibili biar baleu edur, ekatx, eta euri andijakaz. Bide, edo ibileria borondatezkua bada, asko nekatu arren, ezin galdu leiteke baruba; eta alan kazan dabilzanak egun guztijan, erromerijara duazanak, jolasian dabilzanak, eta euren gogoko guraarijetan izerditu, birrindu, eta guztiz nekatuten dirianak, ezin orregaitik baruba galdu leike; bada oneek euren eskuban eukeen ibilera oneek itxita, eta nekatu badira euren borondatez izan da, eta ez daukee modu onetan nekatu biarrik.

        Irugarrengo: obra on errukizko, edo karidadezkoren bat egitiagaitik; ez obra onak, kenzen deutsalako baru egin biarra, edo baru egiteko obligazinoaia, ezpada obra au eginagaz ezin baru egin leitekialako dakarren neke, ta lan andijagaitik. Esaterako: dago bat gexotegi, edo hospitale baten gexuai lagunduten, edo etxeren baten egunez eta gabez; eta onetan daukan nekia andija dalako, ezin baru egin leike, edo itxi biar deutsa gexuai lagunziai, ausi leike baruba. Bardin, dabil gatx, edo enfermedade itzatzikor, edo laster itzatziten dan bat; dauka batek zer lagundu, senar, emazte, guraso, seme, edo besteren bati; deritza bestetan ikusi danetik, baru egiten badau itzatziko jakala gatxa; ausi leike baruba. Norbaitek ezin bete, edo kunplidu al badituz bere estadu, edo ofizijuari dagokijozan lanak baru eginagaz, edo baderitza osasuna orregaitik galduko dabela, edo ezin egin badituz biar dana legez, eztau pekatu egingo baruba ez jaoterren. Onelako gauzarik jazoten danian onen onena da itandutia Konfesoriari zer egingo daben, guztija argitan ifinten jakala, ezerbere geitu, eta gitxitu baga. Bildur danak arrain, orijo, eta beste bijilijako janarijak gatx egingo deutsala, itandu beijo mediku, edo barberu, edo zirujaubari, eta egin begi berak dirautsana.

        Baru egin biar da garizumako egun guztijetan, Domeketan ezpada, lan-denporetan, edo kuarta denporetan, eta Santuben batzuben jai besperako egun aurrekuetan. Zeinzuk dirian oneek Meza nagusijan esan oi da Domeketan: orregaitik guztijak ezin juan badira, bialdu biar dabe norbait, edo etxekoren bat jakiteko ze baru, eta jaijegun dagozan astian. Onezaz ostian dagoz egunen batzuk, zeinzubetan baru egin biar ezpada bere, ezin aragirik jan leitekian zelakuak dirian garizumako Domekak, eta urte guztiko barijakubak; Letañetako egunetan bakotxak jarraitu biar deutsa erriko oitura, edo kostunbriari. Ez bakarrik egingo dabe pekatu mortal baru egiten eztabeenak, edo aragija jaten dabeenak jan ezin leiken egunetan, baita bere onei jaten, edo aragija emoten deutsenak. Esaterako: daki ostatari, edo ardaozain, edo tabernarijak, urlijak, edo urlizijak eztaukela gatxik, edo beste gauzarik zegaitik jan leijen aragija, eragotzirik daguan egunetan; dua au taberna, edo ostatura onelako egunen baten, eskatuten deutsa ostatari, edo tabernarijari ifini deijola aragija, ezin ifini, edo emon leijo, eta emoten badeutsa pekatu mortal egingo dau. Bardin da, jaten emoten deutsanak, jakinik baru egin biar dabela egun atan, eta emoten jakan janarigajaz galduko dabela baruba. Egingo dabe pekatu ostatari, tabernazain, edo beste edozeinek baru egun, edo bijiliakuan, aragi, eta arraina jatordu baten emoten deutsanak. Eztinot datozan, eta duazan guztijai itandu biar jakela baru egin biar badabe, ala ez, edo jakin biar dala norzuk egin biar daben; eta alan dinot jakin ezkero baru egin biar dabela, eta austera duazala; bada orduban emoten badeutse, euren pekatuben lagun egiten dira.

 

 

Bostgarren mandamentuba: Amarren primizijak pagetia.

 

        Elexako bostgarren mandamentuba da, amarren primizijak pagetia. Amarrenen izenian aituten da amarrik bat. Primizijak gaitik aituten da, lenengo arbola, solo, edo aberiak emoten daben frutuba, edo errijetan oneen orde emon oi dana. Lege guztijak aginduten dabe oneek pagetia. Aginduten dau lege berez jakinak, edo naturalak; bada edonok daki bakotxari emon biar jakala bere biar eginaren sarija; eta Elex gizonak biarra egiten badabe bestien arimien onerako, errazua andija da, oneek biurtutia, gorputzerako biar dabeena. Aginduten dau Jaungoikuen legiak; bada Jaungoikuak berak agindu eban, Sazerdote, eta Levitai amarren primizijak emotia. Aginduten dau Elexako legiak; bada dakusku, Batzar, edo Konzilijo askotan agindu au ifini dabela. Auxe berau dirausku San Paulo Apostolubak. Altaran serbietan dabenak, Altaratik jan biar dau. Orregaitik amarren primizijak pagadu biar dira, eta pagetan eztituzanak pekatu mortal egingo dau. Amarrenak pagadu biar dira Jaungoikak emoten daben moduban, ez txarrena, ez kaskarrena; baña eztago obligazinoerik oneena emoteko, ezpada arzen dana legez, ona arzen danetik ona, ontxubagua arzen danetik ontxubagua, eta txarra arzen danetik txarra. Amarrenak biar dan moduban pagetan eztituzanak, ez bakarrik egingo dau pekatu, ezpada biurtu biarko deutsa eurak arzeko eskubidia daukanari kendu deutsan, edo gitxijago emon deutsan guztija. Amarrena pagadu biar da oso osorik, ezerbere kendu baga, ez erin dan azija, ez erin, batu, eta konponduteko kosta dana, ez besteri emon jakona.

        Emetik ezagututen da nok pekatu egiten daben mandamentu onen kontra. Lenengo: egiten dau pekatu mortal soluan artuten daben arto, gari, edo beste laboren amarrenak pagetan eztituzanak; bardin da bildots, auma, edo aberenik pagetan ezpadau, edo sagar, gaztaña, edo beste edozeinbere gauzarena. Onetan begiratu biar da ze oitura, edo kostunbre daguan errijetan, eta ze gauzak pagetan daben amarrena, eta zek pagetan eztaben. Bigarrengo: egiten dau pekatu artu daben baño gitxijago emoten dabenak. Irugarrengo: txarrena emoten dabenak. Esaterako: larrin ondokua, lastoz, edo luurrez beteriko arto, edo garija; bildotsik, edo aumarik erkin, kaden, edo argalena. Sagarrian barriz, txatxar, edo txikinena, jenerorik txarrena, dagokijon beste emon arren bere. Esan gura dot; daukazuz eun zaran sagar, berrogeta amar jenero ederrekuak, eta berrogeta amar ez ain onekuak, edo benturaz txatxarraguak; bada eztozu beteten agindu, edo mandamentu au, amar zaran jenero ez ain oneko, edo txarrekuak amarrenari emonagaz; emon biar dozuz bost onekuak, eta bost ez ain onekuak: bardin beste edozeinbere gauzatan. Aginduten badau bere Elexiak primizijak pagetia, eztau inos izentadu, ze gauza, edo zenbat, ez ze modutan pagadu biar dan, eta alan onen ganian gorde biar da erri bakotxian daguan oitura, edo kostunbria. Bardin dinot frutu batzuk pagetian, eta beste batzuk ez pagetian.

        Amarren primizijak Jaungoikuari berari emoten dakaz, nai Abade, edo Sazerdote, edo beste Elexgizonak artu daijezala, nai Elexa, altara, edo beste tresna, apaingarri, edo ornamentubak egiteko izan deitezala, nai Patroe, edo besteren batzui emon dakijuezala; bada modu onetan errepartietan badira amarrenak, Elexa Ama Santubaren aginduz egiten da, eta zubei eztagokizube jakitia ondo, edo dongaro egingik badago; biar dan moduban gastetan badira ala ez: zubentzat asko da jakitia Elexa Santubak alan agindu dabela. berari ez eskurik arzeko, eta ziatz, eta biar dan moduan zor dozubezan Amarren primizijak pagetako. Jakin egizube bada au eztala beste gauzarik, ezpada Jaunari berak ugari emoten deutsunetik puskatxu bat biurtutia, onetan adi erazoteko, sinistu, eta konfesetan dozubela, beriak diriala daukaguzan gauza guztijak; beragandik datorkuzala, eta bera baga ezin ezer euki ginaijala. Alaintxe zirautsen antxinako legian: Gauza guztijen Amarren primizijak emongo deutsazubez, bada guztijak dira neuriak.

 

 

Erazoginza

 

        Eztago zerura elduteko beste modurik, geure aragija ezitia baño. Onen gurarijak azpiratuten eztituzanak eztauka ze itxaron Jaungoikua arpegiz arpegi ikustia. Auxe nai leuke Elexa Ama Santubak egin daijen bere semiak, aginduten deutsenian baru egin daijela. Baña zenbat atxakija billatuten ez ete dira agindu au ez jaoteko? Batzuk ozta ozta egiten dabe legua bat, edo bateterdi, uste dabe eztaukela zer egin barurik. Beste batzuk buruko min puska bat daukeneko, austen dabe baruba. Askok eta askok jan ala jan arren, ase ase egiten ezpadira, edo geiago jan al leijela geratuten badira, uste dabe baru egiten dabeela. Sarri eta sarri naiko beste lo egiten ezpada, bertatik isten da baruba. Askok nekezale izan ezkero, edo baserriko modura bizi badira, eurak biarrik egin ez arren, eztabe barurik egiten. Krijadu, eta otsein askok ez euki arren etxeko arazubak, edo etxe-zereginak baño, eztabe barurik egin gura. Batzuk eztauke pekatutzat koipe gauzia arrain egunian jatia, orijo orde arrainagaz beragaz bada bere. Bete batzuk uste dabe eztala pekatu puskaka puskaka jatia, dinuela, puska onek eztau baruba austen, ezta beste puska onek bere. Baña oneek guztijok eztira bide bagako atxakijak baño. Beti beti dago Jaungoikua aginduten baru egin daigula, berak izentadurik baru egunak. igarla, edo Profetak ez bakarrik esanez, edo berbaz, baita euren egite, eta ejenplubagaz bere irakatsi euskuben baru egiten. Moyses berrogei eguneko barubagaz gertu, edo prestatu zan legia artuteko. Elias beste ainbeste eguneko barubagaz disponidu zan Jaungoikua ikusteko.

        Baña itxirik beste guztijak, ikusi daigun zelan santutu eban baruba Jaungoikuaren semiak. bere Jaungoikotasuna mundubari adi erazoko eutsanian, baztertu, edo erretiretan da basamortu ikaragarri batera, ta dago bertan berrogei egun osuan ezerbere ezerbere jan, eta edan baga. Kristinauben lotsarija benetan! Jaungoiko benetako, zeru luurreko, Aingeru, gizon, abere, txori, eta arrainai emoten deutsana dago berrogei egunian ogi kopau, eta beste gauzarik bere auan sartu baga, ez bere aragija ezi biarrik eukalako, ez pekaturik eukalako, ez bere Aita betikua aserraturik eukalako, ezpada gizonen bitarteko eginik, euren pekatuben zorrak bere ganian artu zitubalako; eta gizon pekatuz betia, aragi ezi bagaz ingiraturik daguana, Jaungoikoa aserraturik daukana, dago atzera baru egiteko, dabil al daizan atxakijen billa, ez jaoteko? Pekaturik eztaukana, eta euki bere ezin leijana, dago aragija eziten ezi biar baga, eta pekatuz beterik daguana dago bere arerijo aragijari, nai daben janari guztija emoten? Ze bildur izan leitekezan onelakuak, jazo eztakijen San Paulo Apostolubak dinuana. Asko dagoz Jesu Kristoren kurutziaren arerijo dirianak, eta euren sabela Jaungoikotzat daukenak; baña oneen amaija zorigestokua izango da, eta euren glorija lotsari biurtuko jake. Onelako gatx negargarrizkorik jazo eztakizuben, ezi egizubez zeuben gorputz, edo aragijak barubagaz, eta ezin dabenak egin begiz beste al daizan onbra onak; opa, edo ofrezidu begijoz Jaunari bere neke, eta lanak; pazienzijatan eruan begiz jazoten jakazan gatxak, artuten dituzala Jaunaren eskutik etorrijak legez. Baña barurik onen onena da pekaturik ez egitia, bere pelleburu guztijetatik iges egitia; bada alperrik gorputzari kenduko jaka janarija, borondatiari ukatuten ezpajaka pekaturako gurarija. Baru au egiten badozu, zabal eukiko dozu zerurako bidia. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa