www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Urteko domeka gustijetarako berbaldi ikasbidekuak (II)
Pedro Astarloa
1818

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Urteco Domeca gustijetaraco verbaldi icasbidecuac, Pedro Astarloa. Apraizen moldategia, 1818

 

 

aurrekoa hurrengoa

XLI. BERBALDIJA

 

Jaungoikuaren legeko zazpigarren mandamentuben ganian.

 

        Jaungoikuaren legeko zazpigarren mandamentubak aginduten deuskuna da, inori ezer ez ostutia; au da, ezteutsagu inori ezer kendu biar, eztogu inoren gauzarik euki biar jaubiak nai eztabela, eta ezta inoren gauzarik nai bere. Lau gauza eragozten jakuz mandamentu onetan. Lenengua: inori zerbait ostu, edo kenzeia. Bigarrena: inoren gauzarik eukitia, Irugarrena: kalteren bat inori egitia bere gauza, edo ondasunetan, Laugarrena: inor engañetia sadu erosi, edo tratubetan. Edozeinbere modu oneetan egiten dan kaltia nagusi, edo andija bada izango da pekatu mortal, baña txikija baño ezpada bakarrik izango da benial. Ezta erraz izentadu, edo señaletia zenbatera eldu biar dan pekatu mortal izateko; geijenak dinue, lau errialera elzeia gitxi bat gora bera dala grabe, edo andija, eta pekatu mortal; baña batentzat kalte txikija dana, izan leiteke andija beste batentzat. Gizon aberats batentzat, ezta gauza andija errial-zirar bat; baña da, andija pobretxu egun atan ogija erosteko biar dabenentzat. Kenzen dan gauzia txikija izan arren, bera kendubagaz kalte andirik badatorkijo jaubiari, pekatu mortal izango da bera kenzeia. Jostorratz bat berez gauza txikija da, baña alanbere jakinik zuk bera kendu arren ez leukiala irabaziko jaubiak egun atako alogera, ostuko bazeuntsa, pekatu mortala egingo zeunke, andija dalako egiten deutsazun kaltia.

        Au jakinik. Lenengo: egiten dau pekatu mortal, bere proximuari gauza nagusi, edo andirik kenduten deutsanak, nai dala diruba, nai dala erropia, gari, arto, edo beste edozeinbere gauza. Modu bitan gauzia ostu leiteke; edo beingo baten kendubagaz gauza nagusija, eta pekatu mortal izateko asko dana, edo puskaka puskaka ostubagaz, gaur lauzuri, bijar laumarai, etzi zorzimarai, orain ogija, gero sagarra, bein artua, beste bein ardaua. Modu onetan ostuten abijetan danak, beukan orduban gauza andira elduteko gogo, uste, edo borondatia, orduban egiten dau pekatu mortal; baña ezpeukan onelako gogorik, izango da pekatu mortal, arako lapurreta txiki oneek eldu deitezanian gauza andija izatera, Baña puskaka osturiko gauzia pekatu mortal izateko, zerbait geijago biar da beingo baten ostuten danian baño. Esterako: beinguan ostuten danian lau errial kenzeia bada pekatu mortal, sei errialera legez eldu biar dira puskaka eginak. Eztago ikasbide, edo doktrina au baño ziur, edo ziertubagorik; baña añanbere etzake falta askori, eta askori atxakijarik modu askotan ostuteko. Ikusi daiguzan zelakuak izan oi dirian.

        Krijadu askok kendu oi deutsee euren ugazabai gaur lauziri, bijar zorzimarai, orain erropia, gero artua, edo garija, betzubeta, aragija, beste batzubeta, egurra, Esaten bajake au ezin leijela, eta alan biurtu daijela modu onetan kendu dabeena, eranzun oi dabe: guztiz da gitxi emoten deusten soldatia daukadan neke, edo trabajurako, nik enekijan ainbeste biar eguanik. Esaizu: pagetan jatzu agindu jatzun soldatia? Bai Jauna; bada ezteutsu geijago zor ugazabak. Baderitzu gitxi dala soldatia, esan ugazabari geitu deizula, eta ezpadau nai, billatu beste ugazaba bat. Jauna, nik uste neban probetxu andijak eukiko nituzala, baña eztago bapere ni naguan etxian, eta alan etxat elzen soldatia zapatatarako bere. Probetxubak eztira sodatan sarzen, eta ez jatzuz zor; eta alan eztauka ugazabak eurak emoteko biar, edo obligazinoerik. Zegaitik etzatzu zapatatarako bere elzen soldatia? Amasei errialeko zapatia asko dozula, ogeta laukua nai dozu, eta au bere polit polita, eta laster urratuko dana. Ogei errialeko pañuelua asko dozula, berrogei, edo berrogeta amarrekua gura dozu, Berogeta amar errialeko mantilia asko dozula, irurogeta amar, edo larogeikua nai dozu, eta alan ezin eldu leiteke soldatia zuk nai dozunera; baña eztauka ugazabak zu janzi biarrik. Zabilz Maaxtxubago, eta eldko jatzu. Jauna, ikusi deustez ugazabaak soñeko orreek, baña ezteuste ezer esan. Eta badakije ugazabaak nundik daukazun gauza orrek erosteko? Itanduko baleutsube nundik, edo zegaz erosi dozuzan, eranzungo zeuskije eurai ostu deutsazubela puskaka, edo lauzuri laumaraika? Lenago sinistuko neuke, bertatik asmaduko zeunkiala guzur bat, esanagaz gurasuak edo senideren batek emon deutsula, Beraz utsa da atxakija au, eta alan ezin ezer kendu leijue otseinak euren ugazabai.

        Atxakija auxe emon oi dabee alogereko asko bere. Jostunak kenzen dabe arija, sedia, oijal atala, miesa zatija, edo beste gauzaren batzuk; atxurlarijak sagar, madari, ogi, arto, egur, edo beste gauzaren batzuk, Esaten bajake, ezin olako gauzarik egin leijela. eranzuten dabe; alogerak balijo daben baño biar geijago egiten dogu: baña ezteutse atxakija onek balijo, bada etxake zor alogera baño geijago. Beste batzuk kenzen dabe auzuan azia, sagarra, bedarra, artua, garija, egurra, eta aldaijen guztija. Esaten bajake, ezin onelako gauzarik egin leijela, bertatik eranzuten dabe: berak bere beste orrenbeste egin izango deust. Au buru bagako atxakija da, eta zure ustia bakarrik ezta asko inoena kenzeko. Modu onetan kenzen dabeenak, nai dirirala otseinak, nai diriala alogerekuak, nai auzotegikuak, pekatu mortal egiten dabe, eta biurtu biarko dabe modu onetan kendu dabeena. Ziur ziur, edo ziertu ziertu bazengoz bere zerbait kendu deutsubena, etzara orregaitik azartu, edo atrebidu biar beste ainbeste kendutera; bada guztiz da pelleburutsu au egitia, eta gatx andijak etorri leitekez onetatik. Itundu, edo akonsejadu zadiz zeuben Konfesore, edo gizon jakitun, eta Jaungoikuen bildurtijakaz, eta eurak esango deutsube zer egin biar dozuben.

        Mandamentu onetan galazoten jakun bigarrena da besteren gauzia eukitia, Modu bitan gugana etorri leiteke geuria eztana. Etorri leikegu bide txar, edo okerretik. Esaterako: ostuten dau norbaitek besteren gauzen bat; bide txar, edo okerretik etorri jako au ostu dabenari, Onek gauzia artu, edo ostu ebanetik, pekatu egin eban, eta ordutixek asi zan jaubiari biurtu, edo errestituidu biarra. Etorri leikegu inoena bide artezetik, edo onetik, edo uste izan ginaike onetik datorkigula, eta ez alan izan. Esaterako. Aide batek itxiten zaituz bere ondasunen herederu: zuk uste dozu ondasun areek modu onian irabazi zituzala. Orra zelan uste dozun zuk artez etorri jatzuzala. Jakiten dozu gero etziriala beriak, ezpada besteren batenak, orra zelan daukazun zuk inoena bide onetik. Modu onetan inoena daukanak, eztau pekaturik egiten; baña jakin daijanetik inoena dala, euki biar dau gogo, edo borondatia jaubiari biurtuteko; bada jakinik eztala beria, edo inoena dan, badauka ez biurtuteko uste, edo proposituba, ordutixek egingo dau pekatu mortal. Askok eta askok pekatu egiten dabe modu onetan. Lenengo: egiten dabe pekatu euren guraso, anaije, senide, edo besteren batzuk gandik heredadu ezkero etxe, solo, baso, diru, urre, zirar, edo beste gauzaren batzuk; jakinik gero, besteren batzubenak, ostubak, dongaro erosijak, edo ostubak ziriala, euren jaubiai biurtu nai ezteutsezanak. Onelakuak eztabe itxaron biar jaubiak eskatu deijuezan; bada jakinik ziur ziur eztiriala eurenak, edo noenak dirian, berbertatik biurtu biar deutsez, Naijago badabe auzi bat emon deijuen, ez bakarrik egingo dabe pekatu inoena daukelako, ezpada osotu, edo errestituidu biarko deutseez jaubiari auzitik datorkijozan kalte guztijak. Bigarrengo: egiten dabe pekatu herederubak, euren guraso, eta herederutzat autu, edo eskojidu zitubezanen zorrak pagaduten ezpaditubez itxirik zegaz pagadu, edo ateraten ezpaditubez eurek aginduriko meza, eta ofizijuak, edo emoten ezpaditubez limosnak. Irugarrengo: egiten dabe pekatu topetan dabeena eurentzat artuten dabeenak, aleginik egin baga jakiteko nok galduko eteban, edo nor ete dan jaubia berari biurtuteko. Jakinik nor dan, bertatik biurtu biar jaka, eta ezin indarrik egin leijo billasarija emon daijan; bada borondatezkua da emon nai badau, ala ez. Jauberik agiri ezpada, ezeikezube zeuben burutik erabagi, eta zeubentzat artu; esaijozube konfesoriari, berak esango deutsube zer egin.

        Laugarrengo: egiten dabe pekatu, otseinai soldatak, eta alogerekuai alogerak pagetan ezteutsezanak. Aloger oneek ainbat lasterren pagadu biar dira, bada benturaz zure biarra egin dabeenake eztabe eukiko, zer jan, eta egongo dira zuk emon deujozunen begira ogi kopau bat jateko. Pekatu onek diadar egiten dau Jaungoikuaren aurrian pagadu nai eztabenen kontra. Bardin egiten dau pekatu zorrak pagetan eztituzanak. Zenbat atxakija ifinten ez oi dira onetan? Ikusi daigun onak dirian, ala ez. Jauna, zorrak daukadaz, baña eztira txikijak baño. Zapatarijai zapata batzuk, denderubari oijala, miesia, edo pañuelua, jostunari jake, edo almillia, eta beste onelako gauza txiki, edo txutxerija batzuk. Zuk txutxerija dei egiten deutsazu, baña zuk, eta zu lezko askok dauke dendari, zapatari, edo beste zazailia estura, eta premina andijan: zuk zor deutsazuna legez, beste askok bere zor deutsee. Pagadu biar dau zapata, jake, edo txupa geija, eta zuk, eta zulakuak pagetan ezteutsazubelako, eztauka zegaz pagadu, edo zegaz erosi. Bardin egiten dozu denderubagaz bere, eta orra zelako kaltiak datorkijozan zuk txutxerija ori denporaz ez pagetiarren.

        Beste batzuk eranzun oi dabe: Jauna, uxala baneuka zegaz pagadu, bake obian egongo nitzateke, baña ezin dot. Zenbat ete daruaz atxakija onek infernubetara? Daukazu tabernarako, jokorako, zeure seme alabak polito polito janzirik erabilteko, jan edanetarako: eta eztaukazu zorrak pagetako? Etxian mugaldi, edo okasinoerik bada gastetan da benturaz al deitiana baño geijago bestiak baño gitxijago ez izaterren; egingo dira konbitak, ifiniko dira edanak ugari, eta kostu andikuak: eta eztago zorrak pagetako? Biar geijago eginagaz, etxeko gauzak ardura obiagaz begiratubagaz, egunian eguniango gastuba gitxitubagaz pagadu leitekez zorrak, baña ezta onelakorik egiten, eta lan gitxitubagaz juan biarrian, azi, eta geitubagaz duaz. Jakin egizube bada, zorrak daukezanak al daijen guztija egin biar dabeela eurak pagetako, edo biar geijago eginagaz, biar biarreko eztirian gastubak kendubagaz, jan, edan, eta janzijan al dedin guztija estutubagaz. Jakin begije onelako zordunak, au egiten eztabeen artian pekatu mortalian dagozala, eta ezin esan leijela eztaukela zegaz pagadu. Bostgarrengo: egiten dau pekatu zerbait erosten dabenak besteri osturiko gauzia bada: bildurra beukan ostuba zala erosi ebanian, egin eban pekatu; baña uste beeban beria ebala salzailiak, eta gero badaki ostuba zana, edo norena dan, biurtu biarko deutsa jaubiari, galduko badau bere beragaitik emon eban diru, edo balijua. Zenbat pekatu egiten ete dira onetan? Guztijak nai leuke merke erosi. Dator lapur bat zerbait salzera; onelako eskubetan gauzia ikustiak, ain merke salzeiak, eta beste gauza askok sospetxa, edo bildurra emoten dabe, eta benturaz argi, edo klaru adi erazoten dabee ostuba dana, eta alanbere erosten jakee, merke dalako. Onelakuak pekatu mortak egiten dabe.

        Mandamentu onetan galazoten dan irugarren gauzia da, gatx egitia proximuari bere ondasun, edo gauzetan, kalte egiten dabenak probetxurik ateraten ezpadau bere gatx onetatik; eta alan egiten dau pekatu mortal, inoren etxe, baso, lasto, garitza, edo artatzaren bat erretan dabenak, edo ebagiten dabenak; idi, bei, egazti, edo beste abereren bat ilten dabenak, edo beste edozeinbere kalte andi egiten dabenak bere guraz, edo berak nai dabela. Au edonok daki, baita bere biurtu, edo osotu biar deutsazana egiten dituzan kalte guztijak, beste kalte modu batzuk dagoz gitxijago ezagutubak, eta zeinzubetan eztan arzen pekatu usterik, edo eskrupulurik bere. Onexen ganian orain esango dot. Lenengo: egiten dabee pekatu mortal, ofizijoren bateko lan, edo obligazinoien bat artuten dabeenak ofizijo ari dagokijona jakin baga; eta alan egiten dabe pekatu, erri edo urijen bateko mediku, zirujau, edo barberu, eskribau sarzen dirianak euren ofizijua jakin baga, ifinten dirialako uts andijak egiteko pelleburuban. Onelakuak beti dagoz pekatu mortalian, euren ofizijua ondo, edo al dedin onduen ikasi daijen artian. egingo dabee pekatu onelakuak, leenenguan jakin arren euren ofizijua, astuten badabe euren alperkerija, eta nagitasuna gaitik, edo ez estudijetarren. Bardin izango da edozeinbere beste ofizijokuakaz, euren kontu, edo ardurara arzen badabe eztakijen gauza, edo obraren bat. Esaterako. Eztaki arotz, edo argin batek ola, errota, edo beste onelako gauzaren bat egiten; bada arzen badau bere kontura berak egitia, pekatu mortal egingo dau, aginduten deutsanari badatorkijo kalterik, gei, edo materijaletan, nai dala beste gauzatan. Ofizijo onen ganian dinodana, dinot beste guztijetan bere.

        Bigarrengo; egiten dabe pekatu alogerekuak, egiten ezpadabe al daijen biarra, euren nagitasun, alperkerija, edo barriketiagaitik. Bardin da, au egiten badabe lanak geijago iraun daijan, biargeija, edo alogera nun irabazi eukiterren. irugarrengo: egiten dabe pekatu obria, edo lana biar dan moduban egiten eztabeenak. Modu onetan egin oi dabe pekatu zapatari, jostun, eta beste ofizijo askoko edozein modutan eta arrastaka, edo gei, eta material txarragaz, euren lanak egiten ditubezanak, bardin pagadu erazoten dabeela. zein da ondo eginik balegoz. Egiten dabe pekatu, eginza, edo obraren bat abaseruan, destaju, edo onenbestian arzen dabeenak, biar dana legez, edo ajustadu ziriana legez egiten ezpadabe. Esaterako. Arzen dau argin, arotz, edo maesu batek etxe bat egitia onenbestian, eta ainbat lasterren akabadu, edo amaituterren, egiten dau arrastaka, eta txarto; edo geijago irabazterren ezteutsaz ezarten biar leukezan kare, arri, zur, edo geijak; pekatu mortal egingo dau, eta osotu, edo biurtu biarko deutsaz etxien jaubiari, orregaitik datorkijozan kaltiak. Irugarrengo: egiten dabe pekatu euren ardurara ifinirik dagozan gauzen konturik eztaukenak, edo biar dan baño geijago gastetan dabeenak. Modu onetan egiten oi dabe pekatu, otsein, edo krijadubak euren erruz, edo ardurarik ez eukijagaitik, ugazaben gauzak galzen badira; baita bere biar dan baño koipe, orijo, egur, ikatz, edo beste gauza gastetan badabe; edo euren nagitasun, alperkerija, edo ardura faltaz ezer galzen bada; edo besteri emoten badeutsez etxeko gauzak ugazabak jakin baga; edo ezaguturik eztabeela ontzat eruango. Egiten dabee pekatu ikazginak, euren erruz ondo egosten ezpada ikatza, edo euren ardura faltaz erretan bada. Egiten dabee pekatu olagizonak, euren kulpaz biar dan arduria ez ifinterren, edo ordirik dagozalako burdina onak urteten ezpadau, edo biar dan baño ikatz geijago erretan bada. Esaterako: bost ikatz kargagaz egin leitekiala kintal burdinia, sei gastetan badira. Berba baten, zebait daukanak bere ardurara, begiratu biar deutsa beria baleu legez. Laugarrengo: eguten dabee pekatu tasadoriak, eurai deritzen beste tasetan ezpadabe. Esaterako: salzen deutsa gizon batek bestiari, edo errijak olajaunari baso eta ikatza egiteko, dei egiten deutse gizon on, edo basoneurliari esan daijan zenbat ikatz egon leitekian gitxi bat gora bera, ezin onek esan leike deritzan baño geijago, edo gitxijago daguala, eta alan usterik milla karga dagozala, badino bosteun, edo seireun dagozala, pekatu mortala egingo dau. Esan danetik, ezagutu leije beste edozeinbere ofizijokok, zer egin biar dabeen.

 

 

Erazoginza

 

        Begiratuko balebe Kristinaubak biar dan moduban, zer egiten dabeen inoena kenzen dabeenian, edo ostuten dabeenian, ez litzatekez ainbeste lapur aurkituko bide orreetatik; ez litzatekez ikusiko ainbat ostute. Lapurretan kendubagaz, edo osturikuagaz ezin inor aberastu leike. Batu begiz gizon batek errege guztijak euki al leikezan ondasunik ugarijenak, bada modu txarrian bada, ain dago pobre zein da lauzuri ezpaleuka; ezituz beriak, ezin egin leikez bere; biurtu biarko deutsaz bere jaubiari, eta au egiten ezpadau gurata gura ez izango da zorigaldukua beti betiko. Alperrik egingo dituz santurik andijenak egin ditubezan penitenzija, barau, gaubela, eta mortifikazinoerik andijenak; alperrik juango da basamorturik itzalsubenera, eta iragoko ditu urte luzietako gau, eta egunak negar, zotin, eta zispuru artian; alperrik egingo ditu munduban ikusi dirian miraririk arrigarrijenak, ezteutse ezerbere balijoko inoena beragan daukan artian, eta bakotxari beria biurturik ezerbere geratu artian, Zetarako bada nekatu leiteke gizon bat ezerbere balijo ezteutsen ondasunak arzeko? Zetarako igaro leikez gau ilunak, egun astunak, bildur andijak, ibilera luziak, beriak ezin izan leitekezan gauzakgaitik.

        Baña, o gizonaren itxumendija! Gurago dabe askok eta askok beti betiko pobre izan beste munduban, denpora apur puska baten mundu onetan baño. Mundu onetan ppobre izatiari deutse bildur, et ezteutse bildurrik betiko infernubetan pobre, billoz, eta ezerbere baga egotiari. Mundu onetan diru puska bat, ondasun zati bat eukitiarren, galdu gura ditubez zeruko ondasun ugari, inosbere galdu, eta gitxitu baga iraungo ditubeezanak. Ay neure Kristinaubak, nos idigiko dituguz geure arimako begijak? Nos ezagutuko dituguz zeinzuk dirian benetako begijak? Nos ezagutuko dituguz zeinzuk dirian benetako ondasunak? Nai badogu benetan aberats izan, geure eskubetan daukagu, nai izan geunkian baño aberatsako izatia. Ez begik ikusi, ez belarrik enzun, ez gizonen bijotzera eldu da oraindio, ze ugari, ze andi, ze neurri baga dirian Jaungoikuak guretzat daukazan ondasunak. Oneek irabazteko, oneek geuriak bene benetan izateko, eztaukagu ze nekatu, ze adikatu, inoena kenzeko adikatu biar dan beste. Eztaukagu ze bildurrik euki lapurtzat euki ez gaijezan, ez atakotzat kastigadu ez gaijezan. Eskubidia daukagu al daigun guztija arzeko, ezteusku inok galazoten. Biztu gaitezan bada ondasun oneen jaube izateko; bada ez jakuz ukatuko, geuk nai badoguz benetan. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa