www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Urteko domeka gustijetarako berbaldi ikasbidekuak (II)
Pedro Astarloa
1818

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Urteco Domeca gustijetaraco verbaldi icasbidecuac, Pedro Astarloa. Apraizen moldategia, 1818

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXXVII. BERBALDIJA

 

Birao, madarikazinoe, edo maldizinoiaren ganian.

 

        Bostgarren jaungoikuaren legeko aginduban galazoten jakuzan gauzetatik bat da biraua. Au berez pekatu mortala da; bada dirausku San Paulo Apostolubak, biraotijak eztiriala zeruban sartuko. Zagoze adi esatera noian doktrinara, bada ain dagi zabaldurik ekandu donga au, ze deritz Kristinau guztiz asko kondenetan diriala birauagairik. Ezin esan leikez birao modu guztijak, eta alan bakarrik azaldu, edo explikaduko dodaz ezaunenak, jakin daizuben nos dirian pekatu mortal, eta nos benial. Lenengo: egiten jake birao zenzun bagako gauzai. Dago bat biarrian kanubita bategaz, egiten jaka epai bat, eta dino: diabruak eruan biar leuke onelako kutxilua, edo diabruaren kanubita. Au ezta pekatu beniala baño. Bigarrengo moduba da, noribait demonino, edo diabruba dei egitia: esango balitz legez: ator ona demoninori, ua ortik diabruori. Onelako birauak berez pekatu benial dira, baña esaten bajaka guraso, Sazerdote, Obispo, edo itzal, nai errespeto andija zor jakonen bati, mortala izango da: baita bere gurasuak umiari, ugazabak otseinari lanzian lanzian ezarten badeutsa, emoten deutsan ejenplu txarra gaitik. Irugarren moduba da, utsian eta beste baga esatia: demonino demoninua, diabruba, arraijua, edo beste onelako izenen bat. Laugarrengo: gauzia oker datorrenian, gauzia egin ebanari izentadu baga, eta nor dan jakin baga gauza txarren bat esatia. Urteten deutsu motzak axkoriak, eta dinozu: esku bijak ebagi biar leuzkijoz au egin ebanari. Bostgarrena da, atzetik esatia: demoninuaren jenijua, diabruaren miina, arreijuen kastia, isilduko al-az nos, edo nos. Birao guzti oneek pekatu benial dira eurenez, eskandalu, edo beste gauzaren bat gaitik mortal ezpadira.

        Azkenengo moduba da: noribait gatxen bat etorri dakijola eskatutia, esango balitz legez: milla demoninok eruan daijela, min gogorrak garbitu daijala, arren bada beso bijak igartu dakijozala; lupu gogorrak jo daijala, korronzija gogorrak eruan aijala, ez eila bizirik etori, eta beste onelako einbat modu. Eskatuten dan gatxa andija bada, eta jazo dakijon gogo, edo deseorik badago, pekatu mortala izango da. Jauna, esan oi dabe geijenak, maldizinoe asko bota dodaz, baña eztira inos bijotzetik izan, eztot etorri dakijuen intenzinoerik euki. Baña au ezin beti sinistu leikezube. Gura dozube jakin zuben birao orreek intenzinoiagaz izan dirian ala ez? Ara bada: biraua egin deutsazun ori bada laztan dozun senar, emazte, seme, alaba, edo adiskide, nogaz bakian zagozan aserre baga, arrabija baga, deslai, uste baga legez, eta deskuido moduban; ezaugarri, edo señalia da etzendubala euki gogo, edo borondate dongarik. Baña birao ori egin badeutsazu zeure arerijo bati, nogaz zagozan guztiz aserraturik, eta ezarri zeuntsanian irriturik bazengozan noribait esan, edo kontetan, ezaugarri, edo señalia da intenzinoiagaz ezarri zendubala, eta pekatu mortala dala. Esaterako: ostuten deutsun gauzaren bat, eta irritu, eta aserraturik guztijori, dinozu: arren bada beso bijak igartu dakijozala, neure diruba, edo ainbeste falta egiten deustan gauzia kendu deustanari. Emoten deutsube auzi bat, eta zuri eritzi arren eztaukadala emoten deutsunak errazoien gerizarik bere, irabazten deutsu, eta ifinten zaitu, esan oi dana legez kalien erdijan ondasun baga, diru baga, eta zer jan eztaukazula. Irriturik guztijori abijetan zara birao urtika: arren bada ni ifini nabena legez ikusi deila; eztakijola luzidu lapurzarrari niri jendu deustanak; aterik ate ikusi daidala. Onelako maldizinoiak bijotzetik izan oi dira, eta pekatu mortal.

        Baderitzu eztiriala onelakuak ezarten oi dituzunan birauak, esan egidazu: Nos ezarten oi dituzuz? Ez oi dira izaten arako gatx egiten deutsubenian; gatxak estututen zaituzanian, bera gomuta dozunian, edo noribait esaten deutsazunian? Bada ikusirik zer jazo oi dab orduban, gurata gura ez konfesadu biar dozu gogo, edo intenzinoiagaz izan diriala. Begiratu daigun zer jazoten dan noribait ezarten deutsuzanian. Abijetan zara zeure adiskide bati kontetan bestiak egin deutsuzan kalte, eta gatxak; andizkatu, edo ponderetan dituzuz al daizun guztija; zenbat eta minago atsakabia, ainbat eta erriago zure arrabija; zenbat eta gogorrako biraua, ainbat gogozkuago, eta orregaitik pekatu mortal. Ez Jauna olakorik, esango dozu; Ain dira andijak egin deutsazan kaltiak, ain gogorrak ekarri deustazan gatxak, ze dakijen guztijak dagoz arriturik, guztijak deuste erruki, guztijak dirauste errazoia daukadala; baña alanbere ezteutsat gatxik nai. Egija da arako gomuta dodazanian, edo euren ganian berbaz naguanian, neure bijotza erdibituten jatana sentimentu, eta atsakabien poderez, eta ordu berian aurrian baneuka, eztakidana zer egingo neuskijon, eta ordubantxe birao, eta maldizinoiak botaten deutsadazana; baña ez oi dira gogotik izaten, bertatik iragoten jat, eta aztu ezkero ezteutsat jaramonik egiten, eta damututen bere jat.

        Ay neure Kristinaubak, nok au sinistuko deutsu? Arrabija andija zeuntsan, irritu, ta aserraturik zengozan egin eutsuzan gatx, eta kaltien anditasunagaz, eztakizu zer egingo zeuntsan aurrian euki bazendu; modu onetan zengozala birao, eta maldizinoe ikaragarrijak bota zeuntsazan; eta etziriala bijotzetik izan dinozu? Nok nai dozu au sinistu dagizun? Ez inok. Edonok esango dau borondate guztijagaz, bijotz osuagaz, eta gogo, edo intenzinoe betiagaz ezarri zeuntsala. Bertatik irago jatzun. Ara Kristinaubak, pekatu mortal egiteko denpora apur puska bat da asko; berbertatiko baija, edo konsentimentuba baño ezta biar. Berbertatik damutu jatzun. Ondo da damututia, baña beindunik bein gatxa egin zan. Emon egijozu su polbiraz beteriko barrika bati zeure arrabijuagaz, jaurtigi egijozu gizon bati balazo bat zeure aserriagaz; esan zinaike esteutsazula zuk su emon barrikiari, edo eztozula il gizona arrabijuagaz izan dalako, bertatik irago jatzulako, edo laster damutu jatzulako? Zeuk ezagutuko dozu au zorakerija dala. Bardin da bada biaruagaitik ifinten dozun atxakija. Orregaitik, zeure arerijo, edo gatx egin deutsunen kontrako maldizinoiak, pekatu mortal dira.

        Beste batzuk esan oi dabe: birao asko egotzi ditudaz, baña ezta daukadan ekandu. edo kostunbria baño. Ekandu txarra daukazu? Ainbat eta dongago. bada oitura, edo ekanduzko pekatuba andijagua da bestelakua baño. Au dakusku beste pekatubetan. Andijagua da ekanduz eginiko pekatu loija ekandu bagia baño; bardin lapurretia, guzurrezko juramentu egitia, eta beste edozeinbere pekatu. Ekandu dongiak ezteutsa kenzen borondatiari bere eskubide, gogo, edo konsentimentuba, eta alan ondo eta ondo ian leiteke ekanduz egiten dna borondatiak nai izatia. Eta esn egidazu, zer egin dozu ekandu zital ori goitu, edo benzietako? Ze indar egin dozu? Ze modu artu dozu zeugandik kenzeko? Ezerberez. Ezerberez. Dakuskuna da, ez bakarrik zeubenez, ezta Konfesoriak agindurik bere egin nai dozula ezerm ekandu zital au kenzeko. Ikusirik Konfesoriak ekandu au aurrera doiala, emoten deutsuz ber kenzeko penitenzija oneen deritzanak. Konfesadu zaitezala ilabeterik ilabetera, birao egiten dozun bakotxian luurrari mun egin deijozula, dan lekuban dala. Belauniko ifinirik Abe Marija bat errezadu daizula, eztaizula egun atan afaldu, edo beste onelako batzuk. Bete,edo kunplietan dozuz penitenzija oneek? Ainbat atxakija billatu oi dozuz ez egiteko; bertan beera itxi dozuz, eta ekandu ori badaukazu zeure erruz daukazu, zeuk nai dozulako, bera kenzeko ezer egin gura eztozulako, eta atxakija orrek ezteutsu ezer balijo.

        Baña emon daigun zure birao orreek gogo, edo intenzinoe donga baga izan diriala; alanbere jazo leiteke pekatu mortal izatia; eta da arako exenplu txarram edo eskandaluba emoten danian, edo beste gauzaren bat gaitik; eta alan semiak gurasuari, gurasuak semiari, senarrak emaztiari, eta emaztiak senarrari botaten deutsazanak geijenetan pekatu mortal dira, aserre, eta arrabijaz badira. Seme alabak gurasuai botaten deutsezanak pekatu mortal dira, ukatuten deutselako zor deutsen lotsa, eta begiraune, edo errespetua. Gurasuak umiai, edo seme alabai egozten deutseznak, pekatu mortal dira, ezteutselako emoten zor deutsen azikera, eta exenplu ona. Senarrak emaztiari, eta emaztiak senarrari egiten deutsezanak pekatu mortal dira, ukatuten deutselako alkarri zor deutsen amodijua, eta austen dabeelako alkarregaz jaon biar daben bakia. Ezta erraz birauak botateko ekanduba daguan etxian, ez pekatu mortalian egotia. Baderitzube larregi estuten dodala dinodanian pekatu mortal diriala etxe artekuen bata bestien kontrako maldizinoiak, zabilzaz edozein lekutatik, nai dala uri, eta errijetatik, nai dala baso, eta soluetatik, nai dala mendi, eta bideetatik, eta ezagutuko dozube errazoerik daukadan ala ez. Arritu, mututu, eta odol malkoz negar egitekua da ikusten dana. Alde guztijetatik ezta entzuten, ezpada birao, edo maldizinoe ikaragarrija. Umetxu ozta berbaz dakijenak, eta luurrian agiri eztirianak, beti dauke auan birao, eta maldizinoia; eurengaz ezin urten dabeenian, lagunakaz aserratuten dirianian, edo jokuak dongaro urten daijuenian, nai eurak gura ez leukien gauzarn bat jazoten jakenian, ze berba astunak! Ze birao gogorrak! ze madarikazinoe ikaragarrijak! Baña zelako arrabijagaz? Zelako subagaz? Esan leiteke infernuko subagaz errerik daukela euren barruba, eta ango garrez goriturik euren miina. Et nundik dator ikaragarrizko gatx au? Euren etxekuak, euren gurasuak emon deutseen exenplu txarretik.

        Ezpabere begira zer jazo oi dan etxadi, edo familija askotan. Ezta entzuten ezpada diadarra, agirakia, errijetia. aserria, demoninua, diabruba, biaro, eta madarikazinoia. Eztirudi euren etxiak, eztinot Kristinauben bizi lekuba, ezta gizoneena bere; Danzuben guztijak dagoz bertara adi, arritu eta konkorturik. Auzotegi guztija dago eskandalizadurik. Zer nai dozube bada ikasi daijen onelako eskolan? Zelan birao, eta maldizinoekarijak izango eztira eguneko ordu guztijetan badanzube infernuko lekzinoe au? Edonun dira agiri noren semiak dirian. Eta alanbere nosbait konfesetara datozanian esan oi dabe otz otzik: Jauna, birao asko bota ditudaz, baña eztira bijotzetik izan. Eta etxian, eta kanpuan emon dozun eskandaluba? Seme alabai emon deutsezun exenplu dongia? Zer egingo dot Jauna? dinue: seme lotsa galduko batzuk daukadaz; eztabe nire esanik egin gura: lanzian lanzian lotsia galzen deuste, neure arimia galdu erazoten deuste, eta birao erazoten deuste; baña ezta beste gauzagaitik ezpada bildur pudka bat euki deiden. Esan egidazube guraso madarikatubak, zer aurreratu dozube birao orreekaz? Ondu dira eurekaz zuben semiak? Dira leen baño humilago? Egiten dabe obeto zure esana? Deutsube bildur, edo lotsa geijago? Eztakit azartu, edo atrebiduko zarian baijez esaten.

        Baña zetan nago? Zuben semiak ain gestuak badira, zuben esanik egin nai ezpadabe, lotsia galduten badeutsube, bildurrik ezpadeutsube, zeuben birao, eta maldizinoiak gaitik da. Eta oraindio bere, dirian baño bere gestuago izango dira birauak ezarteko ekandu zital ori kenzen ezpadozube. Eztozube gauza onik izango, ez semeetan, ez alabeetan, ez ondasunetan, ez osasunian, ez beste gauzetan. Espiritu Santubak dirausku: amaren birao, edo maldizinoiak etxe guztija irulten dau sustrai edo zimentubetaraino. Eztago semientzat beneno gogorragorik, eztao ezpata zorrotzagorik, eztago arraijo bildurgarrijagorik gurasuen birao, eta maldizinoia baño. Orregaitik eutsen antxinako legian ein bildur andija. Ekusen ze gatx bildurgarrijak, ze gatx ikaragarrijak, ze kalte eskergak etozan beragaitik, ez bakarrik euren semien ganera, baita bere semien seme, onen urrengo, eta onekgandik jaijoko ziriakgana. Au ekusen Canaanegan: Ezarri eutsan bere guraso Noek maldizinoia? bada ez bakarrik etorri zan bere ganera, ezpada eldu zan beragandik etorri zirian jenerazinoe guztijetara, eta beti iraun eban euretan. A gurasuak, gurasuak! Ze bildur izateko dan zuben birao, eta maldizinoetatik datozala zeuben semietan, eta benturaz eureetatik datozan ostekuetan ikusten dirian gatx, lan, auzi, pobreza, eta lanak. Eztakuskus zubek bota, eta bertatik jazoten; baña ezin ukatu zinaike egija dala Jaungoikuak berak dinuana: Amaren birauak etxe guztija iruliten dabela.

        Bildurgarrijak dira benetan birao guzti oneek; baña oraindio bere guztiz dira ikaragarrijaguak askok, eta askok euren burubai ezarten deutseezanak. Sinisezgarritzat eukiko geunke Kristinau batek, bere burubari egotzi al leijozala birao ain arrabijadubak, ze aserreren bat badauke, nai eztabeen gauzaren bat jazoten bajake, auziren bat emoten bajake, bertatik abijetan dira euren burubai birao urtika. Baña ze birao, eta madarikazinoe ain gogor, ain ikaragarrijak enzuten ez dira? Enenduke arraijo batek ementxe bertan erdibituko? Enenduke luurrak irunziko? Eztago demonino bat, ni infernubetara eruateko? Eztago niretzat erijotzarik bere? Ustr leiteke ezin gizon, edoemakume onelako gatxik gura, edo deseasu leijala. eta alan eztabeela bijotzetik urteten, eta orregaitik intenzinoe baga diriala; baña sarri, eta sarri alako bizitasunagaz, alako arrabijagaz esan oi ditubez, ze edonok sinistu leike bijotz bijotzetik diriala; eta dudatzaka sarri, eta sarri intenzinoiagaz izango dira; ezin uste leiteke gizon, edo emakume batek benetan nai leuzkijola bere burubari onelako zori galdurik; baña dakusu asko, eta asko ibaira bota diriala, kutxilo bategaz il diriala, urkatu diriala. uste baleiteke bere ezin inok onelako gatxik bere burubari nai izan leikijola. Baña ezpadaike bere, inoren aurrian esaten baditubez, beti izango da pekatu mortal, emoten dabeen eskandaluba gaitik, bada edonori laztuten jakoz uliak onelako birao, eta maldizinoiak enzunagaz.

 

 

Erazoginza

 

        Ondo, eta biar dan moduban begiratuko balebe Kristinaubak zer egiten dabeen euren proximuari birao egiten deutsenian, ez litzatekez enzungo ainbeste maldizinoe; bada ikusiko leukee batetik eztabeela ezer aurreratuten, eta bestetik euren burubai gatx, eta kalterik andijena egitn deutseela. Batetik: eztozu ezer aurreratuten, bada eztozu birauagaz egin jatzun kaltia osotuko, etzara gatx egin deutsunagaz bengaduko. Kenduten deutsube diru, edo ondasunen bat, ezteutsube zure birauagaitik biurtuko. Emoten deutsube auziren bat, eztozu maldizinoiakaz irabaziko; egiten deutsube epai, edo zauriren bat, ez jatzu maldizinoiakaz osatuko bazenki zeure maldizinoiakaz biurtuko seutsubela ostu, edo kendu deutsubena, irabaziko dozula auzija, osatuko jatzula zauri, edo epaija, atxakiren bat euki zinaike birao egiteko; baña jakinik etzatzula onelako gauzarik jazoko, ez beste onik etorriko, zeri ezarri zinaijoz birao, eta madarikazinoe orreek? Etzara ostu deutsunagaz, kalte, edo gatx egin deutsunagaz bengetan. Zuk esan arren milla demoninok eruan daijela, eztabe orrgaitik eruango. Zuk esan arren auzija emon deutsunagaitik, arren bada aterik ate ikusi dagidala, eztozu orregaitik eskian ibilten ikusiko. Eta alan zu etzara orregaz bengetan, ezteutsazu gatxik egiten.

        Bestetik, zure burubari bene benetan gatx egiten deutsazu, eta au ez edozein modutakua, ezpada egin zinaijanik andijena. Erbestetuten zara zerutik, ilten dozu zeure arimia, galzen dozuz zeru, eta grazijako ondasunik andijenak, egiten zara demoninuaren menpeko, edo esklabo, eta kondenetan dozu zeure buruba infernuko presondegi, edo karzelara. Orra zer orabazi dozun zeure birao, edo maldizinoiakaz. Zer dauke ze ikusi zuri zeure arerijorik krubel, eta gogorrenak egin al leikezuzan gatx, eta kalte guztijak, zuk zeure burubari egin deutsezuzanakaz? Eztira onen gerizia bere. Ze zorakerija andijagorik au baño? Gatx egin deutsubelako, beste andijago bat egin zeure burubari. Ondasunen batzuk kendu deutsubezalako, erijotzarik krubelena emon zeure burubari. Ze gizon zenzudunek egin leike onelako erakerijarik. Esaidazu; esan deutsuben berbatxu garratz bat gaitik sartuko bazendu zeure bularretik ezpata bat, eta geratuko bazina ilik: edo ostu deutsubelako siru zatiren bat, botako bazenduz itxasuen erdira zeure ondasun guztijak; zer esango litzateke zugaitik? Edo zer esango zeinke zeuk beste bat gaitik beste onenbeste egingo baleu? Etzeunke esango burutik daguala, zenzuna galdu dabela, eta zoratu jakala? Bada auxe berberau, eta geijago egiten dozu birao, eta maldizinoiak botaten deutsazuzanian gatx, edo kalteren bat egin deutsunari. Modu onetan zeure ganera datoz bestientzat eskatu dituzuzan gatxak, eta zeure ganian jausi da bestiari ezarri deutsazun birao, eta maldizinoia, eta jausi zara zeure arerijujarentzat idigi dozun trokan.

        Orra gizon aserre, eta irrituba, zer atera dozun zeure birao guztijakaz. Eztozu artu kendu deutsubena, ez jatzu osotu egin deutsuben kaltia, etxako gatxik etorri zeure arerijo, edo gaixkinari, zure ganian jausi da zuk beretzat eskatu dozun gatxa, eta ondatu dozu zeure buruba zori gogorrik andijenetan. Idigi egizuz nosbait zeure arimako begija, ezagututeko egija guzti oneek, eta etzaitez izan zeure burubaren arerijo ain gogor, eta krubela. Kendu egizu ekandu zital ori, bete zaitez pazienzijaz, eta jakin egizu, zeure arerijuakgandik bengetako modurik onena dala ez bengetia, eta Jaungoikuari istia. Zure arerijuak gatx egiten badau, berak pagaduko dau mundu onetan, edo bestian, eta zuri emongo deutsu zure pazienzija, eta malsotasunaren sari oso, oso, eta betia, zein daukan gorderik zeruban. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa