|
Adanen poema amaigabea
7. Adanen miseria
1
Samina han zegoen
Eta Adan konturatu zen
hala izan behar zuela
berdin zela
bere samina bai ala ez
gauza guztien ibiltzean
Bide honetaz
—bat eta guztia ezagutuaz—
larritasun hark
pakea ekarri zion Adani
2
Eta egun batez
Adanek
hil egin behar zuela jakin zuen
3
Heriotzearen dantza
Dantza beltza
Dantza gorria
Eta dantza
Eta dantza
beltza gorria
derrigorrezkoa
4
Heriotzeak Adanen begiak zabaldu zituen
eta jakin zuen
nekearen
zorionaren
ezinaren iturria
non zegoen
Egun hartan
Adanek asko ikasi zuen
5
Bat batean
Adanek
angustiaren larria sumatu zuen:
angustia
heriotzea, heriotzea dator
baina ni hemen nago
ni hemen nago
eta nire agoniak
heriotzea hilko du
nire infernuak
infernua desegingo du
Eta bitartean
angustia, izerdia
gorritasuna
6
Hemen dago mina, sufrikarioa
hemen dago biharko heriotzea
gaur
heriotze bakarra
eta orain bere mina
beste gabean, hain sinplea
Zergatik eta zergatik
galderak alferrik dira
Hemen dago mina
Nire gogoak bizitza honetatik aparta nahi nau
alferrikako dela hau guztia, nahi ninduke engainatu
Nire gogoaren izkuta nahiak beldur ematen dit,
sinesten dut kasi,
zulo beltz batetan ,izkutatu
sekulako, irten ezinez
Lotsa honen neurria
nire gogoaren neurria da.
Hemen dago mina, lotsa, ezina
Dena mugi ezineko dirudi
Adan, alferrik dituk hire ahalmenak
Ezin duk. Ezin duk.
7
hain biburtu naiz pobre
pobrezia desegitea deliberatu dut
hain bihurtu naiz miserable
miseria apurtzea deliberatu dut
hain biurtu naiz triste
tristura hiltzea deliberatu dut
hainbesteraino galdu dut nahimena
deliberamenduz bete dut gogoa
nahimen osoko deliberamenduz
bainan, akaso
hau guztia
hau guztia
huskeria bat da
8
mina-zoriona
mina-zoriona
nork jarri nau uztarri honen pean?
min eta zorionaren katea
gaur uste gabean
min ta zorion lokatza
ezpainetan zehar
aho guztia beteaz
eztarriraino iritxi zait
lodi lodi;
burua jaso dut sustoz
eta lokatz hartan igeritan ni,
ze nazka
ez naiz ni minaren seme
ez naiz ni zorionaren aita
ez da lokatza nire itsaso
9
nora ezean
desioz betea
bizitzaren maitasuna
Adan ez da heriotzea
Adan ez da mina
Adan Paradisu Galdutik
natura berriaren tarteko lan-pausoa da
Adan saltzen dutenak
ez dira Adanen jabe
Adan juzgatzen dutenak
ez dira Adanen Jainko
Adanen espiritua ez da inoiz hilko
10
Adanek ez zuen Prometeoren laguntzarik
Adan ez zuen judua:
inoiz ez zuen entzun Dabiden salmorik
ez Isaiaren iragarpenik
eta inor berpiztua izan zitekeenik
ezin zitzaion bururatu ere
Hainbesterainokoa zen Adanen miseria
Adanen poema amaigabea |