Adanen poema amaigabea
Joseba Zulaika

Kriselu, 1975

 

 

HITZAURRE INPOSIBLEA

 

        Gure artean hainbeste gauza estraino gertatzen ari da, bat ezin da erraz aklara. Badago gure artean gauzak klaro ikusten duenik ere, nondik eta nora doan hau guztia ordu laurden batetan esplikatuko dizunik; batek ez daki nori bota bere moztasunaren errua, inor ez baita bere borondatez tontoa.

        Gainera, bi edo hiru aldiz engainatua sentitu denak, gehiago inoren maisutzarik ez ametitzeko erabakia erraz har dezake. Orduan gauzarik elementalenak ere problematiko gertatzen dira, eta edozer gauza estraino bihurtzen da. Ze gure egoera honetan aski duzu akto inuzenteren bat egitea (ez hain inuzentea, esango dizute serioski) betirako herriaren etsai gorrotagarri proklama zaitzaten.

        Edo bortizki estinaatuko dituzu bi gizon miragarri (biak heroeak, edo sainduak), ondo begiratuz gero beren bizitzak kausa berdinari entregatu zizkiotenak, eta eskandaloz entzungo diezu ezin direla elkar ikusi; noizbait entzuna duzu sua eta ura ezin direla nahas, baina biak sutan ikustea tokatzen zaizu zuri. Norbaitek laister esplikatuko dizu hori ere, baina zuk nahiago duzu gauzari esplikaziorik ez aurkitu eta inori ez eman zu baino listoago izateko oportunidaderik.

        Estraino eta adierazkor den gauza hoietako bat da, ezenploz,seminarista edo apaiz izateari utzi eta gabetik goizera ateo militante, gerrillero, pedagogo edo besterik ezean marjinatu bilakatu ginanon talde ugaria. Poema honek badu zerikusirik gertakizun horrekin.

        Gure artean, eta non ez, zerbaiterako balio behar duzu, ideia garbiak esijitzen zaizkizu, kobardiarik ezin da permiti. Ideiak toreatzen ez badakizu edo potroso hoietako bat ez bazara, edo horrelakorik interesatzen ez bazaizu, hobe zenduke zure burua nonbait gordetzea. Edonork ezin du bere gogoan manifestu izkuturen bat aurkitu, ez edonori ez zaio bere hitza harma konbertitzen. Eta batek aspertzeraino daki gu ere gurutzada garaian gaudela, oraindik.

        Horrez gain, eta lurralde latz eta egun estraino hauetan, amaren sabelak «bigun» hoietako bat egin bazindizun, eta nahasmenduaren poderioz gaiso mental bat bilakatzen bazara, (gure artean oso raroa ez dena), jadanik ez daukazu erremediorik. Eta jendearen begietatik errukia jasotzeak nazka biziegia ematen badizu, sarritan «artista», «bohemio», «zoro» edo horrelako hitz kariñosoren bat ezpainetan dutelarik, orduan, eta errukia horren gorrotoz, (eta tristeziaz beren lanak, afanak, asmoak, esperantzak erabat estupidoak iruditzen zaizkizun bitartean), orduan bi gauza gutienez egin ditzakezu: bat, suixidatu; bi, mitoren baten laguntzaz zure gogoa (bizia) salbatzera saiatu. Hainbesteraino da erraz bizi ala hileko arazoetara iristea. Bestalde, gure herrian inoiz kartzela edo erbestea sofritzea merezi ez izanaren kulpabilitate konplejoa bizi dugunok, bizi ala hileko uste ditugun arazoetaz bakarrik atrebitzen gara publikoan mintzatzen.

        Adan mito hoietako bat da. Nahiz eta bere maneraz, eta enteni nahi duenarentzat, oraindik borondatea posible dela adierazten du, oraindik gauzak konprenditzen saiatzeak merezi duela.

        Poema amaigabe hau Londres-en 1971ko Urtarrilean hasia eta urte berdineko Abenduan Itziarren akabatua izan zen. Jeffrey Rudick poeta judu-amerikanoaren laguntasuna eta nigan jarri zuen sinismenagatik izan ez balitz, poema hau ez zen inoiz eskribitua izango; aipamen honek esker bezaio inoiz eskertu ezingo diodana ere. Eskribitua zen bitartean ez nuen inoiz pentsatu poema Hau argitaratuko zenik. Joxe Azurmendi eta Ibon Sarasola dira batez ere publikazio honen kulpante beren eritzi laudatzaile eta zuzenketa ugariengatik; Joxek hainbesterainoko libertadeak hartu zituen nere testoarekin, zenbait bertso osorik berak erantsiak dira.

 

J. Zulaika

Donostia, 1975ko Urtarrillak 7

 

Adanen poema amaigabea
Joseba Zulaika

Kriselu, 1975