|
Adanen poema amaigabea
19. Jainkoaren oroitza
Egiteko guztiak bukatu ta
tristuraren mende
hoztasun hark
Adanen gogoa oroitzapenez bete zuen
Jainkoa dut desira —pentsatu zuen
Nire eskasiak Jainkoa du maite
aintzinako Jainko zuria.
Hura paradisuan gelditu zen
Hil bedi han
Udazken izan zitekean, apika,
ibarretan zehar
Eta paradisutik at
nekearen lur zoragarri honetan
ez ote Jainkorik?
Norbaitek maite nauela dut sentitzen
edo ta bestela, zergatik naiz bizi?
Zergatik dago nire baitan paradisua bizi?
Zerbaitek suzko indarra sortarazten du nire gogoan,
indarra nirea, nirea bakarra
paradisua uzteraino behartu ninduena
Eta nik burruka hau dut maite
nire bakartadean hilko den burruka
Nigan zerbait dago nadukana
eta neu ez naiz nirea
Nigan zerbait dago
nire bizitzaren
nire paradisuaren ofrenda hatrapatu duena,
nire muinaren muin
nire bizitzearen jabe
Norbaiten maitasuna dut sentitzen
edo ta bestela
nolatan dut bakartadea
eta heriotzea hautatu?
Nire heriotzea
paradisuko eternidadea baino ederrago da
Zergatik da nire heriotzea hain eder?
Norentzat da hain eder?
Ez niretzat
Ni hil egingo naiz
hil betiko
baina norbaitek nigan duen maitasuna
edo nik norbaitegan dudan maitasuna
ez da hilko
paradisuko eternidade bat madarikatu zuena
ezin da hil
Adanen poema amaigabea |