Pette Basabürü
Junes Casenave

Euskaltzaindia / Bizkaiko Aurrezki Kutxa, 1981

 

 

Hamalaugerren jelkhaldia

 

Jelkhi Xaxi, esküiñ.

 

        Xaxi

Petteren galthuak nizü

boztario handiz bethe,

Zeren güzietan düzü

izan maithagarri ene.

 

Sar Arrosa eta Nabarra, exker.

 

        Arrosa

Jakin dit Pette zureki

ezkuntü nahian dela;

Zohartitsüren ondotik

ikhusten dit baduela.

 

        Nabarra

Hau bethik gibeletik dü

ezkuntzekq dielakuan,

Senda horik gaintik tützü

bata bestian onduan.

 

        Xaxi

Bena nula nahi düzü

ez dadin izan holaxe:

Aizo lehenak bezala

zor die algar lagüntze.

 

Pettek, haiñ beitü bihotz hun,

so egiten dü oroer,

Lagüntza handirik ere

ekharten bere aizuer.

 

        Arrosa

Eztakit, Xaxi, etzinez

untsatto lillüratürik,

Zoharbitsük berak diozü

Petter diala haitatürik.

 

        Nabarra

Hori züzün bethik ere

Petteren nahiküntia;

Bien aitetamek die

güzietan aiphatia.

 

        Arrosa

Eta jentek erraiten die

ezkuntzeko bortxa diela,

Ta, Zoharbitsü dügüla

bertan haur ükheitiala.

 

        Xaxi

Zirzil tzarrak ziek biak

enetzat zideie gogor.

Zizikatzera heltürik

zer elhakak dütüzie hor?

 

Sar Pette gaiztürik, ebil üngürüka.

 

        Pette

Esker hanitx zuri, Xaxi,

bihotz azkarra düzü bai

Ta banakizün zinela

aspaldian ene erphai.

 

Gaizki-erraile horien

txaputak ditzat behatü;

Holako gezürter tzarrek

lekhia behar die hüstü.

 

Tziauzte arren ene gana:

laster zide iraillirik;

Ezpata hunek zütie

galeraziko hebentik.

 

Egin güdüka. Etsaiak ihes juan.

 

        Pette

Guatzan orai algarreki:

Pette, Xaxi, dirate biak,

Basabürü etxaltiaren

nausi etxekanderiak.

 

Gure aitetamek die

orozbatkoz jakineko,

Biak girela bethikoz

bata bestiarentako.

 

Biak juan.

 

 

Pette Basabürü
Junes Casenave

Euskaltzaindia / Bizkaiko Aurrezki Kutxa, 1981