Pette Basabürü
Junes Casenave

Euskaltzaindia / Bizkaiko Aurrezki Kutxa, 1981

 

 

Zazpigerren jelkhaldia

 

Jelkhi Xaxi eta Izarra, esküiñ.

 

        Izarra

Hiritik eraitsiz geroz

nula ziren khanbiatü!

Ulhün hatzamaiten zütüt,

erran ezazü: zer düzü?

 

        Xaxi

Badakizü zer xedetan

hantik hunat jinik nizan:

Behar niala bethikoz

nik egon ene herrian.

 

Bena ikhusi bazünü

nihaurk ikhusi düdana,

Zihaur ere lüzazago

oithian hor zinantiana?

 

        Izarra

Holakatürik bazira

arrunt oso ützülürik,

Prefosta izan zintakian

kolpü handi zunbaitez joik!

 

        Xaxi

Harrigoiniako bestetan

nintzan lagün zunbaiteki:

Ordian hantik gütüzü

esker-gaixtatürik elkhi.

 

        Izarra

Entzütia dit besta handi

bethik egiten diela,

Gazte hanitx biltzen dela

goizetik berant gaiala.

 

        Xaxi

Besta eder baginizün,

gazte bazen: hau da egia;

Zentako berantialat

sarthü da itsuskeria?

 

Potikuak ostatian

ordi-llapa eroririk,

Neskatilak deseginik

hantxe mozkor-iraillirik.

 

Horra: orai badakizü

zentako nizan haiñ ülhün:

Ezta hobe enetako

jun nadin hebentik hürrün?

 

        Izarra

Eztezazüla deüs egin

beita sordeisik bestetan,

Eta heben heltü dena

agit daite orcetan.

 

        Xaxi

Badakit, badakit, segur,

bazterrak eztützü eder!

Herria hola delarik,

nula phentsa niro bester!

 

Uste nizün heben niala

arraeginen bizitzia;

Bai bena egoiten baniz

lotsa niz enganatzia.

 

 

Pette Basabürü
Junes Casenave

Euskaltzaindia / Bizkaiko Aurrezki Kutxa, 1981