Pette Basabürü
Junes Casenave

Euskaltzaindia / Bizkaiko Aurrezki Kutxa, 1981

 

 

Bederatzügerren jelkhaldia

 

Jelkhi Xaxi, Izarra, Kharrikabürü eta lagünak, esküiñ.

Arrosa, Elhorri, Zübühandi eta etsaiak, exker.

 

        Xaxi

Ostatian iraganik

gazten tzarkeria horik,

Ikhusten naizie egün

arrunt esker-gaixtatürik.

 

        Arrosa

Orai eztela izaten

deüs hunik gure herrian,

Thai gabe bethik erraiten

eneizüna aspaldian?

 

        Izarra

Eztezagün hori sinhets:

okherrian düzü, Xaxi;

Segür beno haboro, segür,

nahi zütie galerazi.

 

        Zübühandi

Zer egin beharko zaikü

herriko basherrietan,

Bethik bizitze gaitzian,

bethik ere ber lanetan?

 

Ta gaixki saristatürik

zeri loth sos eskasian?

Hau bizia guretako

egoitia beharrünian?

 

        Kharrikabürü

Erran ezak ere zer den

hiriko irabazia:

Lanak ezpadira eskas,

egün oroz lehertia.

 

Lan lekhila juaiteko

tresna franko balinbada,

Ha-hunaka hiz kharrikan

ezin egon ertzo gisa.

 

Jentetze ozten erditan

ihur ez dük ezagützen,

Etxetan muthuatürik

aizorik ez elhestatzen.

 

        Xaxi

Horietzaz aspaldian

badaki nik berri hunik,

Goizetik arratsiala

nihaur lanian egonik.

 

Nausi eta etxekanderen

zerbütxü egün orotan,

Haur inphiltü zunbaiteki

ogen ükheiten frankotan.

 

Ohartzen zaiztadalarik

ene neke phenak oro,

Zalhe nüzü bürhüngützen,

juan ez nahian haboro.

 

        Elhorri

Ahatzerik düzü arren

heben zertan zinantian:

Suiñetako tzarrekilan

salsatürik gorotzian.

 

Hirian, pharpiñatürik,

zira jauntsi ederrekin.

Andere handi heltürik,

nahi zinante arrajin?

 

        Xaxi

Hortan borogatzen zütiet

nahi naiziela galdü,

Ziek ene etsai bezala

behar zütiedala hartü.

 

Badakiat aski nihaurk

gihaurtzaz han zer berri zen:

Ithotzeko heiñiala

gure indarrak emaiten.

 

        Arrosa

Segür ütsü izan haite:

heben hersian hintzate,

Eta hirietan badün

bizitze handiko arte.

 

        Xaxi

Nuiz nahi hitara jauzten

gaiaz, egünaz, Uhuiñak;

Thai gabe ere orotan

guaitan gaixkiegiliak.

 

Ikhara, ez nian südürra

gaietzaz elkhitzen kanpo,

Nihaur lotsaz baztertürik

khanberan hegatz petan lo.

 

Pette sar.

 

        Pette

Neskatila hunentako

ezinago gaixto zide,

Herriaren maitharzüna

bihotzian ez düzie.

 

        Xaxi

Adixkidiak, herritik

lasterkaraz itzatzie;

Merexi dien bezala

hebentik hürrün jun bite.

 

        Pette

Hola bühürtzen bazide

gure nahiküntiari,

Arruntaz herritik kanpo

behar zütiegü ezari.

 

Apho hügüngarri tzarrak,

so zazie gure besuer;

Lekhia hütsaraziko

deiziegü zalhe zier.

 

Tziauzte egin ezazie

bi ürhastto gure gana,

Beharko zaizie ützi

hasi düzien sathor lana.

 

Ene lagünak, jo azkar

debrin belar handi horik,

Berhilki tzüsto, hirila,

igor ditzagün gogotik.

 

Egin güdüka.

Etsaiak eho; satanek ehortz.

Lagünak elkh; Xaxi egon.

Aiñgüriak sar eta aholkü eman, khantan.

 

Gure bakhotxaren beita

Gaixtua bethik guaita,

Huni ez ütz arrakasta,

Gal etzitzala sar eta.

 

Dei tzarrak ützirik bazter,

Bide okherrak halaber,

Beha aholkü emailer

Xüxena aiphatzen dien ber!

 

Aiñgüriak juan

Xaxi juan ondotik.

 

 

Pette Basabürü
Junes Casenave

Euskaltzaindia / Bizkaiko Aurrezki Kutxa, 1981