Hain gutun luzea
Mariama Bâ
Hain gutun luzea
Mariama Bâ
Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: María de Bernardo
2015eko martxoa
nobela
Literola, 3
149 orrialde
978-84-940489-9-9
Hain gutun luzea
Mariama Bâ
Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: María de Bernardo
2015eko martxoa, nobela
149 orrialde
978-84-940489-9-9
aurkibidea

Aurkibidea

Hain gutun luzea

1

2

3

4

5

6

7

8

9

10

11

12

13

14

15

16

17

18

19

20

21

22

23

24

25

26

27

hitzostea: Mariama, jaso ditinagu hire hitzak, Josune Muñoz

Biografiak

Aurkibidea

Hain gutun luzea

1

2

3

4

5

6

7

8

9

10

11

12

13

14

15

16

17

18

19

20

21

22

23

24

25

26

27

hitzostea: Mariama, jaso ditinagu hire hitzak, Josune Muñoz

Biografiak

 

 

Hitzostea

 

Mariama, jaso ditinagu hire hitzak

 

Josune Muñoz

 

      Euskarazko literaturara Afrikako testuak ekartzeko ahalegin gutxi egin da. Ziur asko, auzoliteraturen joerek bultzaturik. Batetik, Frantziako Estatuan ez da itzulpen behar hori hedatu, batik bat literatura afrikar frankofonoa argitaratzearen alde egin delako. Bestetik, Espainiako Estatuan Afrikako literatura argitaratzeko ahaleginak egon badira ere, oso gutxitan egon da hango literatura bide komertzialetan sartzeko benetako saiorik, asmorik edo apusturik. Argitaletxe komertzial handien katalogoetara begiratu besterik ez dugu horretaz ohartzeko. Testuinguru horretan, orain arte, Afrikako literatura euskaraz irakurtzeko aukera eskasa izan da oso[1]. Ipuin ugari, egia da; baina eleberri gutxitxo. Afrikako ipuingintza munduko aberats eta erakargarrienetarikoa izan arren, genero literario horri begiratzeak Afrikako literaturaren irudi jakin bat sortu du: hain zuzen ere, haur imajinariora hurbiltzen dena. Afrika koloretsua, animalia basatiz betea, basamortua edo oihana baino ez duena kontagai. Irudi biko topikora makurtuz kontinente erraldoi bat, berrogeita hamalau Herri bateratzen dituena.

      Eleberrigintzari begiratuz gero, bestelakoa dugu irudia. Afrikako eleberrigintza aspaldikoa da, gainera, zenbait ikertzailek azpimarratu duten eran: «Bigarren Mundu Gerra amaitu ostean, Afrikako eleberrigintzak literaturaren agertokia hartzen du, eskubide osoz hartu ere (...), eta Afrikako errealitateari buruzko ikuspegi berri bat aurkezteko balioko du: afrikarren beraien ikuspegia». (Diaz 2005: 17). Horren erakusle argia dugu Hain gutun luzea eleberria, beste Afrika bat irudikatzen diguna; kolonizazio garaiaren ondorengo Senegal, alegia.

      Mariama Bâ Senegalgo hiriburu jendetsuan jaio zen, Dakar ospetsuan, 1929an. Goi-mailako familia musulman batean sortu zen, inguru tradizional batean; baina, emakumea izanda ere, maistra-ikasketak egiteko aukera izan zuen: egoera eta bizi-baldintzak aldatzen ari ziren seinale. Mariama Bâk goiz galdu zuen ama. Aita, 1956tik aurrera Senegalgo osasun-ministro izan zen; kargu horretan jardun zuen lehen afrikarra, hain zuzen. Eta aitak erabaki zuen Mariama Bâk heziketa modernoa jaso behar zuela.

      Afrikako literaturaren adituek XX. mendeko emakume idazleez jardutean, bi belaunaldi aipatu ohi dituzte: lehen belaunaldia eta bigarrena. Mariama Bâ lehen eta bigarren belaunaldien artean kokatu ohi dute. Lehen belaunaldian, idazle hauek kokatu ohi dituzte: Kameruneko Marie Claire Matip (Ndonga, 1958) eta Therese Kouh-Moukoury (Recontres essentielles, 1969); eta Senegalgo Aminata Sow Fall (Le revenant, 1976). Lehen belaunaldiko idazleen liburuetan Afrikako kultura, belaunaldi eta esparruen arteko tentsioak, gatazkak eta kontraesanak aztertzen badituzte ere, ez dute Afrikako patriarkatuaren aurkako jarrera ozen eta argirik. Beraz, Mariama Bâ ez da lehen idazle emakume afrikarra, esan izan denaren kontra, baizik eta gailentzen zen ikuspegia eta jarrera irauli zuen lehena, beste era eta bide batzuk lantzen lehena:

      Hau dun unerik beldurgarriena Senegalgo emazteki guztientzat: denbora labur honetarako sakrifikatzen ditin ondasun guztiak ezkon familiaren oparitan. Are okerrago, beren pertsonalitatetik eta duintasunetik eten egiten dun, eta senarraren zerbitzuko gauza bilakatzen; haren aitonaren, amonaren, aitaren, amaren, anaiaren, arrebaren, osabaren, izebaren, lehengusuen, lehengusinen, adiskideen zerbitzuko objektu. Baldintzatua geratuko dun haren jarduera: ezkonahizpetatik inork ez baitu, zikoitz eta zeken, ezkontza nahasle edo abegi txarreko emazte baten burua ukituko (14. or).

      Aitzindari eta apurtzaile izan zen Mariama Bâ: literatura-bide berriak urratu zituen. Ohiko tradizioaren eta modernitatearen arteko talka aztertzeaz gain, ikuspuntu eta sentsibilitate feminista afrikarra jorratu zuen. Horregatik dugu klasiko bat Hain gutun luzea, ospe eta eragin handiko eleberria. Izan ere, 80ko eta 90eko hamarkadetako idazleak Mariama Bâk zabaldutako bideetatik abiatu ziren. Besteak beste, Werewere Linking, Ken Bugul eta Calixthe Beyala[2].

      Baina itzul gaitezen Mariama Bâren garaira, idazlearen ekarpena kokatze aldera.

      Senegalek independentzia lortu zuen 1960. urtean. Mariama Bâ maistra zen garaitsu hartan, eta Obeye Diop Asanblea Nazionaleko diputatuaren emaztea; beraz, hurbil-hurbiletik bizi zituen garaiko borrokak, itxaropenak, aldaketak… Mariama Bâk emakumeen eskubideen aldeko borroketan parte hartu zuen, eta giro haren emaitza bikaina eskaintzen digu Hain gutun luzean. Mariama Bâk, begirada argi eta zorrotzaz, aldaketa-aro haren kronika egiten du, Ramatulaye protagonistaren ahotik. Garai hartan, Afrika berria esnatzen ari zen, eraldaketa soziala borborka zegoen; iluntasun, itzal eta kontraesanez beteriko Afrika, benetakoa. Hamaika etnia, hamaika hizkuntza, kontinente bakarrean: Fon, Malinké, Dioufene, Diolas, Madjago, Peul, Bambara… Zarataka eta taldeka aritzeko joera, kolorez betetako Afrika bizi-bizia. Usainak, jendearen joan-etorriak, aisialdia, janariak, jantziak, algarak, dantzak… dibertitzen badakien Afrika alaia; baina baita ohiko lanbide eta jakintzak atzean uzten ari den Afrika beltza ere, Europa zuriarekin liluratuta.

      Kronikagile bikaina dugu Ramatulaye. Bikain lortzen baitu, adibidez, orrialde pare batean kolonizazioaren hari fin, luze eta hautsezinak agerian uztea eta zerrendatzea:

      Gure belaunaldiaren pribilegioa izan dun bi garai historikoren arteko giltzarri gertatzea; mendetasunarena bata, independentziarena bestea. Proiektuen bultzatzaile ginelako iraun geninan gazte eta eraginkor. Independentzia eskuratu genuenean, han geundenan gu Errepublikaren sorreran, ereserkiaren jaiotzan eta ikurrina jasotzean (46. or).

      Beste kontu historiko batzuen kronika ere topatuko dugu. Deskolonizazioaren borroka amaitu ondoren, estatu independenteak eraikitzeko ahaleginetan ari ziren gizon zein emakumeen bizipenak ere islatzen dira. Tradizioen, sineskerien eta ohituren kaiolatik askatzeko ahaleginetan aritu ziren, Ramatulayek pasarte hauetan ongi azaltzen digun bezala:

      Askatasun misiora bidalitako benetako ahizpa batzuk gintunan. (...) geurea ukatu gabe, zibilizazio ugarien aldetik balioetsiak izan; munduarekiko ikuskera jaso, nortasuna landu, geure berezitasunak indartu, gure akatsak apaldu; moral balio unibertsalei gugan fruitu emanarazi (33. or).

      Irakasleek, haur eskolatik unibertsitateraino, laudoriozko aipamenik eta dominarik irabaziko ez duen armada bikaina osatzen diten (44. or).

      (…) Gainezka betetako eskolako geletan zutik, geu gintunan ezjakintasuna gainditzeko osatu behar zen ahalegin erraldoiaren hauspoa (43. or).

      Geroago, Afrikako emakumeen lan eskergari eginiko traizioa kontatzen digu, eta lorturiko eskubideak nola eten zituzten kontatzen:

      «Zuek adinako eskubidea diagu geure buruaren ahalmenaren mugaraino akuilatuak izateko jakitaterako bidean. Baldintza beretan banatu eta zuzen ordaindutako lan eskubidea ere bai. Funtsezko arma duk boto eskubidea. Eta hara non Familia Legea aldarrikatu den, emazterik apalenari ere luzaroan ezetsi zaion duintasuna aitortzen diona.» «Baina, Daouda, murrizketak egon, bazaudek (…) Badituk ia hogei urte independentzia lortu zela!» (103. or).

      Garaiko «pertsonala politikoa da» lelo feministari lotuz, Mariama Bâren begirada zorrotzak arlo publikora zein pribatura begiratzen du, geroago beste emakume idazle batzuek egingo duten bezala. Are gehiago, ezaugarri hori bilakatu zen idazle horien literaturaren gakoetariko bat, Inmaculada Diaz Narbonak Otras mujeres, otras literaturas liburuan azaltzen duenez:

      (…) funtzio politiko bat, pribatua zen hura publiko bilakatzekoa. Pertsonaia narratzaileari esker, kontatzen denaren lekukoa baita, testua egiazkotu egiten da; prozedura horrek intimotasun- eta aitorpen-giroa sortzen du... (Diaz 2005: 35).

      Narratzaileek ikuspuntu pribatu eta eguneroko batetik begiratzen diote errealitateari; horrela, bizitzaren hainbat alderdi aztertzen dituzte, eta hain zuzen ere, alderdi horiek ez dute errealitatea ezkutatzen, ezpada gizartearen benetako zailtasunak agerrarazten (...) emakume baten begirada kritikoa gizarte horri, gizarte bat, zeinak, aldaketak gorabehera, emakume afrikar baten bizitzaren oinarriak markatzen jarraitzen baitu (Diaz 2005: 49).

      (…) antzinako espazio bat, eraldatu nahi ez duena (Diaz 2005: 51).

      (…) ezein emakumek ihes egin ezin dion errealitate bat; ahalik eta hobekien itzuri egitea, hori du erremedio bakarra. Edo beste emakume batzuen sostengua jasotzea, elkarrekin etorkizun bat eraikitzeko (Diaz 2005: 54).

      Beraz, Hain gutun luzea irakurtzeak, aipatutako benetako Afrika bizi horretara hurbiltzeaz gain, Afrikako tradizioa eta modernitatea, arlo publikoa eta pribatua hobeto ezagutzeko parada eskaintzen digu. Horretarako, Ramatulayeren begiradak lehenik, eta ahotsak geroago, Senegalgo bizimoduaren geruza eta esparru guztiak arakatzen dituzte: politika zein garbiketa-ohiturak, hezkuntza zein dantzarako jantziak, etorkizuna zein eguneroko sukaldaritza… Zoom erako jokoak eginez, hurbiltasunerantz edo urruntasunerantz. Nitik gurantz edo, alderantziz, orokorretik partikularrerantz abiatuta, Ramatulayeren istorioak garaiko Senegalgo emakumeen istorioa/historia gorpuzten du.

      Eta, eleberria frantsesez idatzita egon arren, literatura postkolonial guztietan gertatzen den bezala, herri-hizkuntzen aztarnak topatuko ditugu narrazio osoan zehar, jendarte horien aberastasun eta konplexutasuna gogoraraziz. Esaterako, Woloferazko hitzak, ohitura eta sinesmenen ingurukoak: gri-gria, Siguil ndigalê, henna, griota, Kora, laobe, gongo, Gelewar, ndol, Gnac ,Guer, Samba Lingere. Jendarte klaseen edo taldeen ingurukoak: Djou-djoung, Sine, tour; wolere… Janarien ingurukoak: laax, kola-intxaurrak, Thiakry; kauriak, safara. Janzkeraren ingurukoak: bubuak, Bazzin, rombal band… Baita islameko hitzak ere: zem-zem, henné, Miraas, "Bissimilai! Bissimilai!", Hadja eta El-Hadj tituluak, djin, couscous, babutxa… Eta, azkenik, modako hitzak: SICAP, biguine, gourmetteek, “prêt à porter”, pin-ups, night-club, Alfa Romeo, Fiat 125.

      Hitzez haraindi, esaera eta errefrauak ere ugari, tradizioaren igorle, errepikaren errepikaz. Behin eta berriro aurkituko ditugu halako esaerak eleberrian zehar, idazkerari darion ahozko kutsu hori indartu ez ezik emakumeek jasandako tradizio atzerakoia agerrarazten dutenak: horren adibide batzuk baino ez dira «Etxekoandre batek ezkorra izan behar din» (133. or) eta «Etxekoandreak ez dauka bidaiatzeko astirik, baina badauka hiltzeko astia» (125. or). Mineke Schipper Afrikako kulturetan adituak eginiko gogoetetan, argi azaltzen da errefrauen joera arautzailea, tradizioaren gordailu dira eta. No te cases con una mujer de pies grandes liburuan ohartarazi bezala, Afrikakoaz gain, mundu osoko errefrauen joera da misoginia, baita Euskal Herrikoena ere (ikus Garate 1998).

      Afrikako betiko tradizio horri, gainera, beste bat batzen zaio: erlijio islamikoa. Islamak zehatz-mehatz ezartzen ditu bizitzak eta bizimoduak arautzeko bideak, eta bada eskakizunen artean bat gailentzen dena: esanekoak izatea, eta otzanak —emakumeen kasuan, bereziki—. Ramatulayek oso argi erakutsiko digu islamaren legeak ez direla berdinak gizon eta emakumeentzat:

      Uler nezala eskatzen zidanan. Baina ulertu, zer behar ninan ulertu? Grinaren nagusitasuna? Iruzur egiteko eskubidea? Aldaketa gogoaren aitzakia? Ezin nindunan poligamo joeraren aldeko azaldu. Beraz, ulertu, zer ulertu? (61. or).

      Poligamia da nagusi afrikar tradizioan zein islamikoan. Azken horrek Jaungoikoaren legetzat du poligamia:

      Ala guztiahaldunak bi izaki bata bestearen ondora ekartzen dituenean, ezin du inork ezer egin aurka (65. or).

      Jainkoak bigarren emaztea eman zionan, berak ezin din hor ezer egin. Zorion hitzak baino ez ditin hiretzat, gizaldi laurden batez ezkontide izan haizelako, emazteak senarrari zor dizkion atsegin guztiak eman baitizkio. Haren senitarteak, batez ere neuk, anaia nagusia naizenez, eskertzen dinagu (65. or).

      Afrikako emakumeek poligamia ulertu, onartu eta defendatzen dutela esan bada ere, Ramatulayek kontrakoa adierazten digu eleberri honetan. Eta lehena baino ez da, poligamiak dakartzanak salatu baitituzte geroko idazleek ere (Buchi Emechetak, Paulina Chizianek eta abarrek; emakume idazle gehienek, alegia): iraina, mina, abandonua, gizonen erantzukizunen utzikeria, jeloskortasuna eta inbidiak, istiluak eta beste.

      Gizon batekin eman hogeita bost urte, bitartean hamar haur mundura ekarri, eta berriro hutsetik hasi? Ba ote nuen neuk bakarrik nahiko indar erantzukizun moral eta material horren pisuari eusteko? (70. or).

      Nahigabe asko entzuna naun neurea ez ulertzeko. Hire kasua, Aissatou, eta beste emakume askorena. Gutxietsiak, zokoratuak edo trukean emanak. Asko erabilitako edo modatik kanpo geratutako bubu urratuak bezala bazterrera utziak. Zorigaitzak harrapatzen hauenean, indarra behar dun gero hari gaina hartzeko (72. or).

      Ez baita betetzen Koranak argi adierazten duena: alegia, senarrak emazte guztiak berdin hartu eta zaindu behar dituela. Usu, gazteenak edo heldu den azkenak jaso ohi du diru eta arretarik gehien. Ramatulayek, emazte zaharrenak, adinekoen patu hori salatzen du:

      Ez zunan sekula gehiago etorri; bere zorion berriak gure oroitzapena estali zinan apurka-apurka. Ahaztu egin gintinan(79. or).

      Modouk erauzi egin nindinan bere bizitzatik (…) Utzia, abandonatua, airean dabilen hostoa jasoko duen eskurik aurkitu gabe, horrela esango zinan amamak (88. or).

      Testuan, Ramatulayeren ahotsa da nagusi, baina Aissatouk ere hartuko du hitza pasarte batean, bere duintasuna defendatzeko, hau da, Mawdo-ri idatziriko gutunean (57. or). Une esanguratsua, beste ahots narratibo bat sartzen baita eleberrian.

      Emazte berri eta gazteagoaren aurrean jarrera oso ezberdina dute bi emakumeek. Aissatouk ez du onartuko, eta bertan behera utziko du harremana. Ramatulayek lagunaren ausardia miretsiko badu ere, eta emazte berria onartuko ez badu ere, ez du senar-emazte hitzarmena hautsiko. Halere, horrek ez dio abandonua arinduko.

      Berriro ere, Ramatulayeren hausnarketen sakontasuna azpimarratu behar dugu, bereziki une horretan, bere etorkizuna kolokan dagoenean: «Ez baitizkinat sekula hainbeste begiratu, ez zaizkidalako horrenbeste axola izan» (162. or). Ez du ezer ezkutatzen, alde ilunei ez die beldurrik. Senegal, bere herria zein bere mundua, patxadaz eta zorrotz aztertuko du zortzigarren atal osoan zehar; hausnarketa sakonean emango du denbora luzea[3]. Beraz, Ramatulayeren kezkak eta kexuak ez dira haserrealdi edo egonezin baten isla soilik; Ramatulayeren inkonformismoa emakume begiradatik haratago doa: humanismo ariketa bat da. Jende ororentzat dira muga tradizio itxiak, ohitura zaharkituak eta sinesmen estuak. Ez dituzte emakumeen hegalak bakarrik mozten, gizonak, alde erosoenean egonda, konturatzen ez badira ere.

      Hain gutun luzea adiskidetasun baten gorpuztea da batik bat, Ramatulayek Aissatouri bidalitako gutunean eraikia. Lagun bien babeslekua adiskidetasuna da: «Adiskidetasunak badin maiteminak ezagutzen ez duen handitasuna» (90. or). Narrazioaren egitura laguntasun horretan datza. Nokaren erabilerak maitasun, hurbiltasun eta konfiantzaz blaitzen du gutun osoa; eta tonuak, askotan, ahapeka egina dirudi, isilgordeka, elkarri konfidentziak eginez: «Ondo dakin hik zenbateraino naizen minbera. Bai batak, bai besteak erakutsitako jokaerak ez zidanan grazia izpirik egiten…» (25. or); «Eta gizon hori pasio osoz maite izan dudala aitortu behar» (28. or); «negar egiten zionat Modouri, eta ezin dinat ezer egin horren aurrean, Aissatou» (95. or). Aldeko entzulea eta hartzailea duela jakiteak isilik egoteko mandatua hausteko indarra ematen dio, lagunari sentitzen duena ozen esateko. Ironia erabiltzeaz gain, Mariama Bâk emakumeen eleberrietan ezohikotzat jotzen diren tonuak erabiltzen ditu: tonu isekaria, tonu mingotsa, haserrea… Beraz, hika irakurri dugun gutun luze honetan, bi emakumeen arteko konfiantza gorpuzten da, baina, aldi berean, barrenak hustu eta minak partekatzen dira, eta amorrua adierazi.

      Askotariko gaiak eta tonuak gurutzatzen dira, hortaz: barnea lasaitzeko eta salatzeko kapituluak; maite eta miresten duen Senegal deskribatzeko eta ohitura zaharrek dakarten atzerapenaren kronika egiteko uneak… Mariama Bâk, ahozko substratua duen eleberri moderno honetan, bikain bateratzen ditu estetika eta kritika soziopolitikoa; eta garaiko emakumeen egoera publikoaren eta pribatuaren kronika sakona eskaintzen digu. Asmo handiko eleberri honetarako Mariama Bâk erabili zuen estiloa erabat egokia dela uste dugu. Eleberri tradizio handirik gabeko Senegalen, gainera, eleberri bat sortzea ardura handiko eginkizuna zen. Mariama Bâk ahozkotasunean oinarritzen zen estiloa hautatu zuen, eta arintasunari eman zion garrantzia. Eleberri, kapitulu nahiz ahapaldiak laburrak dira. Esaldiak ere, laburrak eta indarrez beteak. Deskripzioz jositako eleberria da, eta zoom efektuari esker lortzen ditu mugimendua eta bizitasuna:

      Taxi! Taxi! Azkar! Azkarrago, mesedez! Nire aho-lehorra! Bola geldi mingarria bularrean! Azkar ba! Ospitalera! Zornearen eta eterraren usain nahasiak. Aurpegi suminduak. Ezagunen talde bat negarrari emana. Ezbehar beldurgarriaren gogoz kontrako lekukoak. Amaitzen ez den pasillo luze bat. Gero eta luzeagoa. Eta, han, gela bat. Gelan, ohea. Ohean, Modou. Oihal zurian bilduta zerraldo (10. or).

      Ahozkotasuna nonahi aurkituko dugu; errefrauak, istorio laburrak, elkarrizketa bizi-biziak; Ramatulayek iman edo griotekin dituen elkarrizketak berrirakurri baino ez dugu. Afrikako erritmo biziak, baina baita lasaiak ere. Hain gutun luzea aurrera doan heinean, Ramatulayeren nekea areagotu egiten da, erritmoa lasaitu egiten da, lirikoagoa bilakatzen da: «Oihal beltzen azpian, bihotzaren taupada monotonoak. Zenbat maite dudan erritmo geldo hori entzutea!» (143. or). Alarguntsak gorde behar dituen berrogei dolu-egunak pasatu ondoren, Aissatou lagunarekin elkartzeko unea hurbil du: «Batera zenbatuko ditugu loraldi zimelduak ala hazi berriak lurperatuko ditugu ekoizpen berrietarako?» (119. or).

      Poligamia jorratzerakoan, eleberriko gai eta salaketa iturri nagusia baita (hari eskaini baitizkio orrialde gehien), parte-hartzaile guztien egoera hartu du kontuan, honako ondorio honetara heltzeko: saria benetako zoriona baldin bada, poligamian kide guztiak dira kaltetuak (aurreko emaztea, datorren emakume gaztea, gaztetasun bila doan gizon heldua…); poligamia bultzatzen duen kidea izan ohi da, askotan amaginarreba, onuradun bakar. Ramatulayek badaki ez direla gizonak bakarrik oztopo-jartzaile, emakume batzuek —bereziki edadetuek—, tradizioei eutsiko dietela indarrez. Hainbat emakumeren joerak zerrendatzen ditu, biktimismoan erori gabe. Eta, hausnarketa egin ondoren, ohartuko da zailtasun larriak daudela giza harreman orekatuak izateko tradizio patriarkalak oinarri dituen jendarte batean. Horren ondorioz, senar-emazteen artean egon behar duen orekaren eta harmoniaren garrantzia defendatuko du: «Jabetuta nagon beharrezkoa eta ezinbestekoa dela gizonaren eta emakumearen arteko osagarritasuna. Maitasunak, bi izaki horien arteko lotura naturalak baziraun, bai edukian bai espresioan oso akastun azaltzen bada ere» (147. or). Eta poligamiaren eta senitarteko nagusien gehiegizko presentziaren eta garrantziaren aurka agertuko da.

      Aissatouren zein Ramatulayeren bizitzak erabat zailduko dira poligamiaren ondorioz. Aissatou liburuetan babestuko da, eta Mariama Bâk omenaldi hunkitua egingo die hainbestetan emakumeen lagun eta akuilu izan diren liburuei:

      Liburuen ahalmena giza inteligentzia azkarraren asmamen liluragarria dun. Hotsetan bildutako zeinu askotarikoak; hitza moldeatzen duten hots ezberdinak. Ideia, pentsamendua, historia, zientzia, bizia sortzen duten hitzen antolamendua. Harreman eta kultura tresna bakarra, hartzeko eta emateko bitarteko ezin hobea. Liburuek lotzen ditizten belaunaldiak aurrerapen iraunkor berberera. Haiek altxarazi hinduten. Haiek eman zinaten gizarteak ukatu zinana (59. or).

      Aissatouk liburuetan topatzen du lasaibidea; Ramatulayek, aldiz, zineman, irratian, seme-alabekiko maitasunean eta adiskidetasunean aurkituko du. Babesleku horiek Zergatik panpox eleberriaren protagonista ekarri digute gogora. Eleberri labur bi horiek 1979an argitaratu ziren. Eleberrien protagonistek senarren abandonua pairatu dute, seme-alabekiko maitasunean babesten dira, eta, gertatukoa ulertu nahian, gogoeta egiten dute, sakon, zauria kontatzeko ariketa mingarrian. Milaka kilometro idazle bien artean, baina haien lan literarioek helburu bera zuten. Inmaculada Diazen hitzetan:

      (…) kultura orotako emakumeen literaturan agertzen da beraien burua kontatzeko eta izendatzeko beharra (Diaz 2005: 14).

      (...) balizko elkarrizketa baten bilaketa larriminezkoak idazketa askatzailea dakar, bizipenak partekatzeko eta izendatzeko desira zilegi gisa, gizonaren uztarritik askatu eta bere emakume-patuaren eta Historiaren jabe izateko nahi gisa (Diaz 2005: 29).

      Elkarren arteko loturak gehiagotan ere antzeman ditugu. Ramatulayek etxe barruan gordetzen diren lanbide ezkutuen zerrenda egiten du, eta antzeko zerrenda bat agertzen da Zergatik panpoxeko protagonistaren barne-solasaldian (Muñoz 2013: 62; Urretabizkaia 1979: 9-19). Bestalde, hamazazpigarren kapituluaren bukaeran, Ramatulayen hitzetan «nire jokabidearen ahuldadeak aztertzen ari naun» (94. or). Arantxa Urretabizkaiaren eleberriko protagonistak eginiko gogoeta-ariketa bera dugu: «Txemak alde eginez gero sentitzen dudana analizatzen eman ditudan ordu pilak ez du ondorio ederrik ekarri» (Urretabizkaia 1979: 24-25). Bi eleberrietako protagonistek beren buruari egiten dizkioten galderak antzekoak dira, eta ondorio antzekoa dute: emakume izateak ekarri die egoera hori. Ez da egoera pertsonal hutsa, soziala baizik, jendarte bietan eraikitako genero-rolen banaketaren eta antolaketaren ondorio. Gizonak «garaile kastako kideak» (Urretabizkaia 1979: 11) dira herri eta kultura bietan; emakumeak, galtzaileak: «ez dago justiziarik idatzi eta aipatutako lege guztiak bete dituen emakume batentzat» (Urretabizkaia 1979: 55; Muñoz 2013: 64). Era berean, amatasunari buruzko gogoetak harilkatzen dira bi literatura-lanetan. Hona hemen adibide bi; lehena, Mariama Bâren eleberrikoa; bigarrena, Arantxa Urretabizkaiaren eleberrikoa:

      Ai, zein garesti ordainarazten duten mutikook mundura ekarri izanaren poza (…) ama gaitun azaldu ezin dena ulertzeko. Ama, ilunpeak argitzeko. Ama gaitun txitak ateratzeko, tximistak gaua marraz zirriborratzen duenean, trumoiak lurra urratzen duenean, lokatzak bidea labain bihurtzen duenean. Ama gaitun, ez hasiera ez azken, maitatzeko (131. or).

      Ama izateko disziplina gogorra izan da neretzat. Axolagabekeria guztiak Antxonen irribarre baten truke. Disziplina gogor bat dohain miresgarri batzuk lortuko baditut, apaltasuna, xamartasuna eta dohain hauek lortzen ez badituzu, jarrai, ez etsi, bestela ez duzu bizitzaren poza dastatzerik izango (Urretabizkaia 1979: 9-19).

      Eleberri bakoitza aitzindaria izan zen bere kulturan eta literaturan, amatasunaren gaia era moderno eta feminista batean jorratu zuelako. Bietan agertuko dira amatasunaren alde ilun eta ezkutuak emakumeen ikuspuntutik kontatuta[4].

      Halere, bi eleberrien artean badago ezberdintasun bat baino gehiago. Protagonista bien adinean, adibide baterako, alde handia dago. Ramatulayeren bizi-esperientzia handiagoa eta luzeagoa da, eta hamabi seme-alaba ditu, belaunaldi berri bat. Belaunaldi berri batek bizimodu berri bat dakar: sexua, erlijioa, harremanak... Azken finean, bizitza eta mundua etengabe mugitzen eta aldatzen ari direla gogoraraziko diote gazteek, bizitza aurrera doala beti. Ziurtasun horrek indarra eta baikortasuna emango dio Ramatulayeri.

      Zergatik panpoxeko protagonistaren egoera, aldiz, beste bat da: amatasuna bakardadean bizi du, ez du inolako laguntzarik, semearen zaintzaren urte neketsuetan dago, eta, ondorioz, eguneroko lanak zamatzen du. Gainera, ez du ez beste erreferentziarik inguru hurbilean, ez baikortasuna pizteko alternatibarik… Oso nekatuta, minduta, galduta dago. Eta bada, gainera, funtsezko beste ezberdintasun bat: Zergatik panpox eleberriaren protagonista isolaturik dago; liburu osoan zehar ez da agertzen amarik, ahizparik, lagunik… Eta, semeari edo joan den senarrari hitz egiten badie ere, bere buruari hitz egiten dio: gogoeta-jarioa da nagusiki (Muñoz 2013: 61). Arantxa Urretabizkaiaren narrazioak tonu goibela du. Hain gutun luzeak, aldiz, bi lagun minen arteko solasaldia irudikatzen du, aipatu bezala.

      Zergatik panpoxen irakurtzen genuen legez, naturatik hartzen dituen irudietan imajinatzen du bere burua Ramatulayek: «Abisu ematen dinat, badaezpada: ez zionat uko egiten nire bizitza berregiteari. Denen gainetik —etsipen eta umiliatze— itxaropendun naun. Landare berdea humus zikin eta okaztagarritik jaiotzen dun, eta nigan kimu berriak ageri direla nabari dinat» (149. or). Baina, Urretabizkaiaren eleberrian, bukaerako hitzak ilunak dira, itxaropenik gabekoak: «Nola ailegatuko naiz, panpox, beste negu hotz baten bukaeraraino» (Urretabizkaia 1979: 58). Bestelakoak dira Ramatulayerenak: «Zorion hitzak zerbait estaltzen din, ezta? Haren bila aterako naun. Zoritxarra nirea, hain gutun luzea idatzi beharrean gertatzen banaiz…» (149. or). Aspaldiko lagunarekin elkartuko da biharamunean.

      Bazegoen Mariama Bâ idazle senegaldarren Hain gutun luzea euskaratzeko hamaika arrazoi. Haien artean, afrikar emakumeen literaturaren adierazgarritasuna, Inmaculada Diazek hain ondo adierazten duen moduan:

      Fikziozko autobiografia, semiautobiografia, bizitza-kontakizun eta gutun-kontakizunen bitartez, emakume afrikarrek idatzitako eleberriek hastapen- eta emantzipazio-kontakizunak dakartzate, eraikitako errepresentazioa eta baloreak gainditzea funtsezko helburu (...) emakumeen fikziozko autobiografiek berriro zehazten dituzte estrategia politiko, kultural eta intelektual posibleak, emakumeen mesedetan (...), tradizioaren biolentzia sinbolikoa gainditu nahi dute, (...) etorkizunerako estrategia emankorrak aurkezten dituzte, botere-harremanei gain egin eta emakumearen parte-hartzea ezartzeko, historiako subjektu erantzule bezala, gaur eta etorkizunean. (...) Mundukotasunean esku hartzeko modu bat, elkarrizketa zabal hori, Norberaren eta Bestearen arteko enkontruan, hierarkiarik eta generorik gabeko mundu horretan, kulturen mundu bat, den-denek konpartitutako gizaterian (Diaz 2002: 33-34)

      Mariama Bâren Hain gutun luzea eleberria euskaratzeak Afrikako emakume idazle gehiago euskaratzeko ohitura ekartzea espero eta nahi dugu. Hango emakume idazleek, jakina, idazteari ekin diote. Adibidez, hona hemen Senegalgo beste idazle esanguratsu bi: Ken Bugul eta Fatou Diome. Batak zein besteak Mariama Bâk jorratutako gaiak atzera hartu, zabaldu, sakondu eta zehaztu dituzte.

      Ken Bugul (1948): 80ko hamarkadan hasi zen argitaratzen, eta XX. mendeko bigarren idazle belaunaldian kokatu ohi da. Eragin eta ospe handiko egilea da. Ken Bugulek zortzi liburu argitaratu ditu —gehientsuenak molde semi-autobiografikoan—, eta hainbat hizkuntzatara itzuli dira; besteak beste, gaztelaniara[5].

      Egile honen literaturgintzan, Afrikako emakumeen identitatea eraikitzeko bidean Afrikan zein Europan topatu ohi diren askotariko oztopo eta zailtasunak irudikatzen dira. Afrikar askok eta askok bezalaxe, Ken Bugulek Europako irudi liluragarria eta idealizatua jaso zuen; baina migrazioan bizi izandakoa oso gordina eta traumatikoa izan zen. Afrikara itzultzean, idazle honek Afrikako kontinenteko zauri sakonetara zuzendu du begirada: kolonizazioaren eragin suntsitzaileak, ustelkeria, indarkeria, gerrak, migrazio legalaren nahiz ilegalaren ondorio lazgarriak… Eta, Mariama Bâren lanean agertzen zen antzera, emakumeen esperientziak eta patuak era zuzen eta kritiko batean islatu ditu: gizonekiko harreman zail eta korapilatsuak, amatasuna, poligamia, mendebaldeko feminismoa… Europako irakurleei batzuetan ulergaitzak gertatzen zaizkien erabakiak kontatzen zaizkigu istorio gordin horietan. Edonola ere, lan horiek guztiak erakargarriak eta bitxiak dira, eta griotek mendeetan zehar gordetako ahozko moldea eta lirikotasuna baliatzen ditu. Ken Bugulen eleberriek Afrikako emakume idazleek eraiki duten literatura-esparru ugaria hobeto ezagutzeko aukera eskaintzen digute.

      Fatou Diome (1968): Europan bizi eta idazten du egile honek. XXI. mendearen hasieran ekin zion argitaratzeari, eta, hortaz, mende honetako lehen belaunaldiko kide dugu. Kontakizun laburrak argitaratuz abiatu zuen bere literatura-ibilbidea, baina Europaranzko migrazioari buruzko eleberriek ekarri diote ospea (Le Ventre de l’Atlantique, 2003, eta Celles qui attendent, 2010)[6]. Afrikako migrazioa gai berria ez den arren, Diomek genero-ñabarduretan jarri du arreta. Europara doazen emakumeek uko egin behar diote identitatearen ezaugarri askori, Europa ez baitago ohituta Afrikako emakume etorkinak hartzera, eta arrazakeria da nagusi. Migrazioa arrakastatsua izanez gero, aurrera egingo dute, eta Afrikan lortu ezin dutena —salbuespenak salbuespen— lortuko dute: hezkuntza, lanpostua edo eskubideak. Baina Afrikara itzultzerakoan galduko dute dena. Bestalde, Fatou Diomek eleberrietan “maistraki” kontatzen duen eran, emakumeen migrazioak itzulera zaila du. Afrikar jendarteak errezeloz begiratu ohi ditu, gutxietsi egin ohi ditu hango patriarkaturen menera bizi ez direlako. Itzulerako bidaia horretan, ordea, atsegin handiz hartu ohi dira gizonezkoak; badago horrelako eredurik eta ohiturarik, baina itzuli den emakumearen eredurik ez da kasik garatu.

      Gainera, Afrikan geratzekotan, emakume horiek zain egon behar izaten dute, ziur asko haien senarrak kanpoan egongo direlako urte luzez. Gaztetasuna senar horien zain emango dute, eta, jakina, gizon gazte horiek bidean hiltzen dira sarri, edo galdu egiten dira. Bakardadean egin beharko diote aurre amatasunari; familiako zailtasunak gainditzeko askotariko trikimailuak egin beharko dituzte; konpainia, maitasun eta sexu gabetasunak baldintzatuko ditu; besteen zerbitzura biziko dira.

      Halere, Mariama Bâk agerian utzi zuenez, Afrikako emakumeek bide berriak asmatu izan dituzte: publikoa eta pribatua, tradizioaren eta modernitatearen arteko gatazka elkarrizketa bilakatzeko ahalmena izan dute, jendarte eta emakume eredu berriak sortzeko gai dira. Hain zuzen ere, literatura dugu horren adibide bikaina. Ahots hauek entzutea gomendatzen dizuegu, Afrikako emakume idazleen kateari segitu eta sormenerako gaitasun hori lehen eskutik gozatzeko.

      Gaur-gaurkoz… Mariama, jaso ditinagu hire hitzak.

 

 

[1] Esku artean duzun eleberria, agian irakurria duzuna dagoeneko, gertakari ezohikoa da euskal kulturan: emakume afrikar baten eleberria euskaraz irakurtzeko aukera dugu, lehen aldiz. Hainbat ahaleginen emaitza da: aipagarriena, Afrika biziki ondo ezagutzen duen Iokin Otaegiren prestasuna. Emakume afrikarren eleberririk euskaratu ez zela jakin zuenetik, itzultze-lanari lotu zitzaion, eleberri bikain hau, Hain gutun luzea, euskaraz irakurtzeko aukera izan genezan.

[2] Baita ingelesez idatzi zuten beste idazle batzuk ere: Grace Ogot, Buchi Emecheta, Ama Ata Aidoo eta Tsitsi Dangarembga.

[3] 5. kapitulua dugu horren emaitza.

[4] Informazio gehiago Afrikako literaturari buruz: Perez, Bibian (2012). Lo lejano y lo bello. Feminismos y maternidades africanas a través de su literatura. Fundamentos, Madril. Euskal literaturari dagokionez: Lasarte, Gema (2013). «Arantxa Urretabizkaiaren amatasuna eta emakumetasuna».

[5] Hona hemen Ken Bugulek argitaraturiko liburuak: Le Baobab Fou (1982) [El baobab que enloqueció, Ed. Zanzibar, 2001]; Cendres et braises (1994); Riwan ou le Chemin de Sable (1999) [Riwan o el camino de Arena, Ed. Zanzibar, 2005]; La Folie et la mort (2000) [La locura y la muerte, El Cobre , 2003]; De l’autre côté du regard (2002); Rue Félix-Faure (2005); La pièce d’or (2006); Mes hommes á moi (2008); Cacophonie (2014).

[6] Hona hemen Fatou Diomeren liburuak: La Préférence nationale (2001); Les Loups de l’Atlantique (2003); Le Ventre de l’Atlantique (2003) [En un lugar del Atlántico, Lumen, 2004]; Ketala (2006); Inassouvies, nos vies (2008); Celles qui attendent (2010) [Las que aguardan, El Cobre, 2011]; Mauve [Fatou Diome - Titouan Lamazou, 2010]; Impossible de grandir (2013).

 

 

Bibliografia:

 

Campos, Mónica (2001). De mujer a mujer. Las cartas de las protagonistas de la historia. Bartzelona: Oceano.

Z.Z.E.E. (2001). Diccionario de literatura del África subsaharina. Bartzelona: Virus.

Diaz Narbona, Inmaculada (arg.) (2002). Las africanas cuentan. Cadiz: Universidad de Cádiz.

________ (2005). Otras mujeres, otras literatura. Madril: Zanzíbar.

________ (2007). Literatura del África subsahariana. Cadiz: Universidad de Cadiz.

Garate, Gotzon (1998). 27.173 atsotitzak. Refranes. Proverbes. Bilbo: BBK.

Lasarte, Gema (2013). “Arantxa Urretabizkaiaren amatasuna eta emakumetasuna” in 05 Forum Hitzaldiak. Bilbo: Forum Liburuak, 39-54.

Muñoz, Josune (2013). “Nahiago dut nire zuloa” in 05 Forum Hitzaldiak. Bilbo: Forum Liburuak, 59-76.

Pereyra, V, Mora, L.M. (1998). Literaturas africanas. Madril: Mundo negro.

________ (2003). Mas allá del arco Iris. Textos femeninos y feministas al sur del Sahara. Mexiko: Tanya.

Perez, Bibian (2012). Lo lejano y lo bello. Feminismos y maternidades africanas a través de su literatura. Madril: Fundamentos.

Torras, Meri (2001). Tomando cartas en el asunto. Las amistades peligrosas de las mujeres con el género epistolar. Zaragoza: Prensas Universitarias de Zaragoza.

Schipper, Mineke (2004). No te cases con una mujer de pies grandes. Bartzelona: Oceano.

Urretabizkaia, Arantxa (1979). Zergatik panpox. Donostia: Hordago.