Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: María de Bernardo
Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: María de Bernardo
7
Ez dinat sekula ahaztuko guretzat “ohikoa ez den” etorkizuna nahi izan zuen emakume zuria, denen artean lehena. Begira diezaiogun elkar hartuta, beste behin ere, gure eskolari: berdea, arrosa, urdina, horia, benetako ortzadarra. Berdea, urdina, horia, jolaslekua betetzen zuten loreen koloreak. Arrosa: oheak bikain jasota zeuden lo-tokietako kolorea. Gure eskola, bai, entzun, gure ikasteko grinagatik dardaraka suma daitezke hormak. Bizi dezagun hango atmosferaren bozkarioa, ilunabarrean; arratseko kantuak, gure otoitz bateratu esperantzaz asebeteak durunda egiten zuenean. Gaur errepublika autonomotan banatua dagoen Afrika mendebaleko frantses esparruan, lehiaketa bidez egiten zen errekrutatzea, eta horrek adimen, nortasun, ohitura eta usadio ezberdinen nahasketa emankorra eskaintzen zinan. Arrazako arrasto zehatzez kanpo ez zitinan ezerk bereizten Dahomeyko Fon eta Gineako Malinkea. Denborari eta urrutitasunari eutsi dioten adiskidegoak lotu zitunan. Askatasun misiora bidalitako benetako ahizpa batzuk gintunan.
Tradizioen, sineskerien eta ohituren trabatik askatu; geurea ukatu gabe, zibilizazio ugarien aldetik balioetsiak izan; munduarekiko ikuskera jaso, nortasuna landu, geure berezitasunak indartu, gure akatsak apaldu; moral balio unibertsalei gugan fruitu emanarazi; hara zuzendari miresgarri hark bere buruari eman zion egitekoa. Maite hitzak oihartzun berezia zinan beragan. Gure txirikordak zutik edo tolestatuta, gure atorra eta gure oihal, paternalismorik gabe maitatu gintinan. Jakin zinan gure dohainak ikusten eta aintzat hartzen.
Asko pentsatzen dinat harengan! Beraren oroimenak denboraren esker gaiztoari garaile eutsi badio, loreek behinolako indarrez lurrintzen ez duten une honetan, heldutasunak eta hausnarketak amets lilurakorrak biluztu dituztenean, zera erakusten din: gure formaziorako eta osotasunerako aukeratutako bidea ez zela halabeharra izan. Bat zatozan Afrika berrian emakume beltza suspertzeko dauden aukera sakonekin.
Etsipenera daramaten tabuetatik askatua, analisirako gai, zer dela-eta jarraitu behar ninan nik amaren hatza, Daouda Dieng seinalatzen zidana, ezkonge oraindik, bai, baina helduegia nire hemezortzi neguetarako. Poliklinikan Afrikako sendakuntza lanbidean arituz, aberatsa zunan, eta bazekinan hortik etekina ateratzen. Beraren txaleta, itsasertzeko harkaitz baten gainean kokatua, itsasora begira, elite gaztearen elkartze gunea zunan. Ez zunan han ezer falta, ez edari gozagarriz betetako hozkailurik, ezta orain musika motela eta sarri deabru aireak jario zituen fonograforik ere.
Bihotzak behartzen ere bazekinan Daouda Diengek. Nire amarentzat, opari erabilgarriak, arroza-zakutik hasita, hain estimagarria gerra garaietako gabezian; niretzat, erregalu soilak, xingolazko paperean eder bilduta. Baina nik nahiago ninan betiko kaki osoko gizona. Doterik gabe egin zunan gure ezkontza, arrandiarik gabe, aitaren begirada gaitzeslearen mende, amaren haserre min zapuztuaren aurrean, ahizpa txundituen isekapean, gure auzo harritu isilean.