Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: Marķa de Bernardo
Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: Marķa de Bernardo
15
Aissatou, adiskide hori, ez zagon hi eta Nabou txikia aldean jartzerik, esana dinat. Baina aitortu beharra zaukanat ez dagoela Nabou txikia eta Binetou alderatzerik ere. Izebaren ondoan hazi zunan Nabou txikia, bere seme Mawdoren emaztetzat gordea baitzuen. Hortaz, Mawdo izan zinan amets Nabou txikiak nerabezaroan. Begien aurrean edukitzen ohitua, berez, inolako gatazka izpirik gabe, izan zunan harengana erakarria. Neska ez zunan zapuztu haren ile urdintzen hasiengatik; haren begitarte aitontzen hasia lasaigarri zunan gaztetxoarentzat. Gainera, maite zinan eta oraindik ere maite din Mawdo, bataren eta bestearen kezkek eduki bera ez badute ere beti. Izeba Nabouren izaera biziak aurrea hartuta eta bere mendeku gogo amorratuaren esanetara jarria, eskolak utzitako aztarna ez zunan sakona izan Nabou txikiarengan, izeba zaharrak ez baitzuen ezer laga ezustekoaren esku ilobaren heziketan. Izarren azpiko gaubeiletan izan zinan eragina iloba Nabouren ariman, ipuin bitartez batez ere. Haren ahots adierazkorrak gerlariaren errukirik gabeko zigorra goratzen zinan; eta kexu zunan bere mintzo esanguratsuan, dena esaneko zen maitearen egonezinarekin. Alferkeria, maltzurkeria eta saldukeria iraintzen zitinan bitartean, ausarten kemena goraipatzen zinan; umezurtzarentzat arreta eta zaharrarentzat begiramena eskatzen zitinan. Animalien antzezpenak eta kantu nostalgikoek hatsanka uzten zitenan Nabou txikia. Eta, apurka-apurka, behin eta berriz errepikatzearen indarrez, zalantzari bide eman gabe, gaztetxoarengan barneratzen zitunan arrazaren handitasuna eta bertuteak.
Ahozko heziketa barneraerraz eta liluragarri horrek bazaukan erantzun ona eragiteko ahalmena harreman zuzenean landutako kontzientzian. Gozotasunak eta eskuzabaltasunak, esanekotasunak eta begiramenak, egiteko eta mintzatzeko iaiotasunak atsegin bilakatzen zitenan Nabou txikia. Bizkarrak jasoz, txepela deitzen zionan Mawdok.
Horrezaz gainera, Nabou txikiak bazinan bizibidea. Ez zinan jarrera erabakitzeko astirik. Aldiriko auzo jendetsu eta gabezia handikoen muturrean, Repos Mandel izena zeraman amaetxeko hurbileko zainketaren erantzule, egunean zehar sarri betetzen zitinan bizi-keinu askatzaileak. Behin eta berriz pasatzen zitunan jaioberriak bere esku trebeetatik.
Leher eginda etortzen zunan lanetik, zaindari eta lanabes egokien urritasuna eta sendagaien eskasiagatik erreta, ohe faltagatik, bere iritzian azkarregi bidaltzen zituztelako erditu berriak etxera, berenak eta bi esanez. Samindu egiten zunan: «Azkarregi uzten da jaioberri hauskorra higienerik gabeko ingurumari bateko gizartearen esku».
Lorik gabeko gauek eta etengabe hartutako nekeek ere jaisten ez duten heriotza-tasaz pentsatzen zinan. Eta amets egiten: «Abentura zoragarria dun jaioberria gizaki sendo egitea! Zenbat amak lortzen dute hori, ordea?».
Bizitzaren eta gabeziaren bihotzean, itsuskeriaren muinean, bere jakituriari eta trebeziari esker, Nabou txikia garaile zunan, baina ezagutu zitinan porrot mingarriak ere; herioren indarraren aurrean, ezina erakutsi behar!
Ondo barneratutako erantzukizunaren jabe eta ikasia, gainera, heu eta neu bezalakoa zunan Nabou txikia! Adiskide ez badut ere, gure kezkak bat zatozan sarri.
Gogorra zela bizitza iruditzen zitzaionan, baina, borrokalari bizkor, ez zunan arinkeriarako egina.
Binetouri dagokionez, askatasun osoan bizi zunan biziraupena beste legerik ez zen inguruan. Haren amaren ardura nagusia eltzea zunan, eta ez alabaren heziketa. Ederra, jostaria, bihotz onekoa, argia; eroso bizi ziren familia askotan zinan sarrera, haietan haziak baitziren beraren adiskideak. Aukeratutako ezkontzarekin, uko zeri egiten zion oso argi zeukanan Binetouk. Biktima izanik, zapaltzaile izan nahi zinan. Berea ez zen nagusien munduan erbesteratua, urrezko presondegia nahi zinan beretzat. Garratza zunan, sufriarazi egiten zinan. Saldua zunan, egunetik egunera altxatzen zinan prezioa. Garai batean pizgarri izandako uko-egiteak, orain, minduta, banan-banan zenbatzen zitinan, eta Modou lehertu arte saiatzen zunan neurriz gaineko ordaina eskatzen zuten uko haiek asetzen. Beren bizimoduko oihartzunak bisitariaren arabera hanpatuak edo gutxituak iristen zitzaizkidanan. Binetouk ez zinan ezagutzen adin helduaren sedukzioa, denboraren gatz eta piper. Eta Modouk hilero tindatzen zitinan ileak. Modaz kanpoko bere praken neurriak hartzen zituenean ere, ez zinan Binetouk irri zitalez burla egiteko aukerarik huts egiten. Itolarriraino saiatzen zunan Modou alde guztietatik ihesi zihoakion gaztetasunari eusten: zorigaiztoko kokots bikoitza, haize bolada txiki batek zalantzati eta astun bihurtzen zuen ibilera. Inguruan, berriz, grazia eta edertasuna. Huts egitearen beldur zunan, eta, ohartzeko denborarik ez izateko, egunero asmatzen zitinan festak, non haur xarmangarriak, beso arineko ninfak, dantza egingo zuen, irri batez eguzkia eta muzin batez tristura sorraraziz. Aztikeriaz ari zunan jendea. Adiskideen andre taldeak, seriotasun osoz, aurre egiteko eskatzen zidatenan: «Beste edonoren esku uzten al dun hire lan astunaren fruitua?».
Kartsuki adierazten zizkidatenan emazteki gaiztoa uxatuz senarra bere familiara bildu zuten marabuten izenak, jakituria sendokoak. Oso urruti zeukatenan, ordea, bizilekua hitzontzi horiek. Casamance aipatzen zitenan, non sekulakoak baitziren Diola eta Madjago edabe magikoak. Hatza Linguere aldera begira jartzen zitenan, Peulen herria, bai armaz bai marabuten magiaz mendekuan iaioa. Mali ere aitatzen zitenan, ebakidura sakoneko aurpegien Bamabara herria.
Aholku horiei jarraitzea neure burua zalantzan jartzea izango zunan. Neure buruari botatzen nionan jada etxearen gainbeheraren errua. Modouk beste bidea hartu zuelako neure burua gaitzetsi behar ote nuen ba? Ez, nik ez ninan erreguen aurrean amore emango. Nire arrazoiak eta sinesmenek naturaz gaindiko ahalmenak arbuiatzen zizkidatenan. Arrazoi eta sinesmen berberek erabateko ezetza ematen ziotenan borrokarako gogo oro hutsera daraman xarma errazari. Aurrez aurre begiratzen nionan errealitateari.
Errealitateak dama amaginarrebaren aurpegia zeukanan, zeinak ahokada bikoitzak irensten zituen eskaintzen zitzaion azpiletik. Urrezko bizimoduaren zantzu eta ametsak betetzen ari zitunan. Ahaztua zegonan haren txabola eskasa, zink txapaz eta aldizkari azalez tapizatua, pin-up eta iragarkiak alboz albo jarriak zituena. Keinu bat bainugelan, eta hor dun ur beroa, zurrusta zoragarrian, haren sorbalda ferekatzen! Keinu bat sukaldean, eta izotz puskek hozten zitenan basoko ura. Beste keinu bat, eta gasa jariatzen zunan gas-labetik, arrautzopil gozo bat prestatzeko.
Garai batean etxekoandre, aspaldi bazterrera utzia, dama amaginarreba itzaletik argira etorri zunan, eta senar desleial bat bereganatu zinan. Bazitinan baliabideak: parrillan kiskalitako okela, oilasko errea eta, zergatik ez, logelako pertxan zintzilik egon ohi zen gau-jantziaren patrikan lagatako bankuko billeteak. Ez zionan begiratzen, garai batean bezala, Toucouleur kaleko saltzaileari erositako ur erradaren prezioari. Miseria ezagutu ondoren, ditxa berriaz gozatzen zinan. Espero zuenaren erantzuna zunan Modou. Adeitsu, billete-sortak bidaltzen zizkionan hark, eta, kanpora egiten zituen ibileren ondoren, bitxiak eta gau-jantzi aberatsak opari ekartzen. Orduan lortu zinan “eskumutur astuneko” emakumeen maila, griotek kantatzen zuten bezala. Lilura betean entzuten zitinan irratiak haren omenez ematen zituen ereserkiak.
Familiak ohorezko lekuak eskaintzen zizkionan zeremonietan, eta beraren aholkuei jarraitzen zietenan. Modouren auto luzea iritsi eta bera azaltzen zenean, esku-uholde bat luzatzen zunan beregana, bankuko billeteak eskain zitzan.
Binetourena ere errealitatea zunan, night clubetik night clubera ibili ohi baitzen. Soineko luze garestiz jantzia iristen zunan; urrezko gerrikoz distiratsu zeramanan gerruntze bat, Modouk lehen haurra jaiotzean oparitua.. Oinetakoek zorua mailukatzen zitenan, bera han zela hots eginez. Zerbitzariek, begiramen handiz, bazterrera egiten zitenan eskua luzatuz, sari on baten zain. Destainazko begiradaz goitik behera neurtzen zitinan bera etorri aurretik eserita zeudenak. Milika hazitako umearen keinuz adierazten zionan Modouri zer mahai zuen aukeratua. Azti baten keinadaz, lerroan jartzen zitinan botilak. Gazteen aurrean agertzen zunan, eta arrakasta izateko bere modua inposatu nahi zienan. Ederra eta desiragarria Binetou, nork ukatuko! «Itsutzekoa!», jendearen ahotan. Baina, txunditzeko uneak joan zirenean, berak makurtzen zinan burua apaintasun huts gisa gaztetasuna eta aberastasun huts gisa zoriona baino ez zuten bikoteen aurrean.
Musikak batzen zitinan eta banatzen bikoteak, une batean geldo eta limurtzaile, hurrengoan bizi eta deabruzko. Tam-tamaren zoroaldiak lagunduta tronpetak leher egiten zuenean, gazteek hartzen zitenan zorua, musikaren eraginak berotuta, ostikoka, saltoka, jauzika eta zilipurdika, orroka adieraziz beren gozamena; jarraitzeko ahaleginak egiten zitinan Modouk. Argi gordinek errukirik gabeko sarkasmoen eskuetan uzten zutenean, «artegian otsoa» aurpegiratzen ziotenan batzuek. Zer axola! Binetou baitzuen besoen artean. Zorioneko zunan.
Leher eginda, etsipenez begiratzen zienan Binetouk kideen mugimenduei. Berak eraildako bizitzako irudiak berak zartatzen zionan bihotza.
Daba ere joan ohi zunan batzuetan night club horietara, nire gogoaren kontra. Apainkeriarik gabe jantzita, mutil-lagunaren eskutik azaltzen zunan; hala nahita, oso berandu iristen zunan, aitaren begi-bistan jartzeko. Aurrez aurreko barregarria gertatzen zunan: bikote itxuragabea alde batetik, bata bestearekin egoki zetorrena bestetik.
Eta gaueko jaiak su ematen zionan azken muturrerainoko tentsioari, garai bateko bi adiskide kontrajarriz: aita bere alabarekin eta suhia aitaginarrebarekin.