Hain gutun luzea
Mariama Bâ
Hain gutun luzea
Mariama Bâ
Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: María de Bernardo
2015eko martxoa
nobela
Literola, 3
149 orrialde
978-84-940489-9-9
Hain gutun luzea
Mariama Bâ
Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: María de Bernardo
2015eko martxoa, nobela
149 orrialde
978-84-940489-9-9
aurkibidea

Aurkibidea

Hain gutun luzea

1

2

3

4

5

6

7

8

9

10

11

12

13

14

15

16

17

18

19

20

21

22

23

24

25

26

27

hitzostea: Mariama, jaso ditinagu hire hitzak, Josune Muñoz

Biografiak

Aurkibidea

Hain gutun luzea

1

2

3

4

5

6

7

8

9

10

11

12

13

14

15

16

17

18

19

20

21

22

23

24

25

26

27

hitzostea: Mariama, jaso ditinagu hire hitzak, Josune Muñoz

Biografiak

 

 

2

 

Beraz, Aissatou, Modou Fall hil egin dun.

      Hala aitortzen din gizon eta emakumeen etengabeko joan-etorriak, «jakin dutenez» esaka. Eta inguratzen nauten alarau eta negarrek. Gehiegizko urduritasun giro honek mingarriago bihurtzen din nire sufrikarioa, bihar lur eman arte iraungo baitu.

      Irratiak berria zabaldu duenez, alde guztietatik zatorren jende uholdea!

      Andrazkoak eta gertuko ahaideak zabiltzan arduran lanpetuta: intsentsua, kolonia, kotoia… Hil ondoko garbiketarako behar direnak ospitalera eramateko. Eta musulman bat ehorzteko zilegi den jantzi bakarra: zazpi metroko perkal zuria. Dena kontu handiz saski berri batean tolestatuta. Eta Islamaren Lur santutik ekarrita etxe guztietan pietate handiz gorde ohi den zem-zem mirarizko ura ere bai. Gehi Modouren gainean zabaltzeko oihal ilun ederra.

      Hankak luze, burua oihal beltzez estalita, bizkarra kuxinetan galdua jarraitzen dinat jendearen joan-etorria. Aurrean dinat une honetarako propio erositako galbahea; berak jasotzen ditin lehen erremusinak. Alboan dudan emaztekideak asaldatzen nain. Ohiturari men eginez nire etxera ekarri baitute hiletetan parte har dezan. Haren sekretuen gainean ireki eta itxi zabiltzan beraren begi handi ederrak. Masailetako txuloak berriz, gero eta txuloago, eta begi-zuloak begi-zuloago. Damu dun agian. Dena den, dela axolagabekeria garaian, dela maitasun garaian, tristezian murgil dun beti ume hau.

      Gizonezkoek, bitartean, kamioneta, motozikleta eta bolido, auto ofizial eta partikularrak nahas-mahas, bere azken egoitzara zaramaten Modou ilara luzean (denbora askoan hitz egingo dun hilkutxaren atzetik ibili zen jendetzaz). Gure ezkonahizpek buruko zapiak kentzen zizkiguten. Ehun bat hedatu diten emaztekidearen eta bion buruen gainean, oihal-denda bat osatuz. Bitartean, inguruan dauden emakumeak, ohituretan ikasiak, txanponak botatzen ditizten balantzaka dabilen oihal-teilatuaren gainera, suerte txarra aienatzeko.

      Hau dun unerik beldurgarriena Senegalgo emazteki guztientzat: denbora labur honetarako sakrifikatzen ditin ondasun guztiak ezkon familiaren oparitan. Are okerrago, beren pertsonalitatetik eta duintasunetik eten egiten dun, eta senarraren zerbitzuko gauza bilakatzen; haren aitonaren, amonaren, aitaren, amaren, anaiaren, arrebaren, osabaren, izebaren, lehengusuen, lehengusinen, adiskideen zerbitzuko objektu. Baldintzatua geratuko dun haren jarduera: ezkonahizpetatik inork ez baitu, zikoitz eta zeken, ezkontza nahasle edo abegi txarreko emazte baten burua ukituko.

      Ondo merezia dugula irizten zioten, eta gure aldeko goraipamen korua saiatzen dun deiadarka. Erakutsi dugun pazientziak, gure bihotz zabaltasunak, gure oparien ugaritasunak zuribidea eta saria aurkitzen din egun honetan, oztopo guztien gainetik. Ezkonahizpek berdintasun osoz tratatzen ditizten ezkonduta hogeita hamar urte eman dituena eta bost baino ez daramatzana. Haserre bizian hartzen dinat Modouren amaginarreba berria pozez zoratzen duen berdinkeria grina hau.

      Gizonek, hilerritik itzultzean, etxeko sarreran dagoen ontziko uretan eskuak garbitu ondoren, bi alargunon inguruan bildutako familiaren aurrean desfilatzen diten. Doluminak aurkezten zizkiguten, eta desagertuari dagozkion handiespenak goraipatzen:

      —Oi, Modou, gazte eta zaharron adiskide…

      —Modou, lehoi-bihotz, zapalduaren ararteko…

      —Modou, eroso beti, dela trajez, dela txilabaz…

      —Modou, anaia ona, senar zintzoa, musulman leiala…

      —Jainkoa, erruki zakizkio…

      —Zeruko zorionaren aurrean damu dakiola Lurreko egonaldia…

      —Lurra bekio amultsu!

      Hor zauden baloi borobilaren atzetik ostikoka eta tiragomaz txori harrapari ibilitako haur garaiko lagunak. Hor zauden ikaslagunak ere. Hor, sindikatu borroketako bazkideak.

      Bihotz erdiragarri jarraitzen dinate, bata bestearen atzetik, Siguil ndigalé-ek[2], esku trebeek ondo oratutako bizkotxo, bonboi eta kola-intxaurrak banatzen dituzten bitartean, zeruetako bidean joandakoari lehen eskaintza gisa.

 

 

[2] Hobea opatzeko dolumin formulak.