Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: María de Bernardo
Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: María de Bernardo
9
Mawdok, printzesaren seme, bere garaierara jaso hinduen hi, errementariaren alaba. Ez zunan amari uko egiteaz beldur izan.
Gure bizitzak alboz albo eraman ditinagu. Ezkonduen bizitzako zaputzaldiak eta adiskidetzeak ezagutzen genitinan. Era ezberdinean eramaten genitinan gizarteko gorabeherak eta ohituren zama. Maite ninan Modou. Konpontzen nindunan bereekin ere. Jasaten nitinan beraren arrebak, hain sarri beren supazterretik ihesi nirea lepo egiteraino betetzen zutenean. Erraz jotzen zitenan bertan jatera eta losintxaz gozatzera. Aurka egin gabe begiratzen zietenan beren haurrei besaulkien gainean dantzan. Haserre gabe hartzen nitinan alfonbra azpian trebeki irristatzen zituzten karkaxak.
Erosketen aitzakian, behin eta berriz gerturatzen zunan beren ama, semearen arrakasta soziala ikusarazteko adiskidez inguratuta beti, eta batez ere bera bizi ez zen etxe eder honetan zuen nagusitasuna erakusteko. Erregina bati dagokion begiramenez hartzen ninan nik; ase alde egiten zinan, zuhurki ematen nion bankuko billetea estutu bazezakeen batez ere. Baina, etxetik irten bezain laster, hurrena txunditu behar zuen lagun saldoarengan pentsatzen zinan.
Atseginagoa zunan Modouren aita. Eseri gabeko bisitak egiten zizkigunan gehienetan. Baso bat ur fresko hartu, etxea babesteko errezoak esan, eta alde. Banekinan denei irribarrea erakusten, eta onartzen ninan alferrikako berbetan denbora galtzea. Ezkonahizpek uste zitenan etxeko lanetatik aske zen etxekoandre bat nintzela. «Hire bi neskameekin», esaten zitenan behin eta berriz.
Hoa azaltzera lan egiten duen emakume batek ez duela bere etxearen ardura txikiagoa. Hoa azaltzera ezerk ez duela aurrera egiten heuk esku hartu ezean, sarritan dena begiratu, dena berriro hasi behar dunala: etxea, sukaldea, plantxa. Haurrak garbitu, senarra zaindu. Lanean ari den etxekoandreak beharrizan bikoitzak zauzkan, berdin astunak biak, eta biak bateratzen saiatzen dun. Nola bateratu? Hor zagon etxeak elkarrengandik bereizten dituen trebezia.
Koinatetako batzuk ez zitenan nire bizimoldearen inbidiarik. Ikusten baininduten, eskolako lan gogorraren ondoren, etengabe atzera eta aurrera etxean akitua. Atsegin zitenan beren erosotasuna, beren buruhausterik gabeko lasaitasuna, beren jolaserako uneak, eta onartzen zitenan beren senar lanpetuen zaintzapean egotea.
Beste zenbait, burutik mugatuagoak baitziren, nire ongizatearen eta erosteko ahalmenaren bekaizti zitunan. Txundituta geratzen zitunan nire etxean hainbeste “tresna” ikustean: gas-labea, barazkiak xehatzeko errota, azukre-pintzak. Erosotasun horren iturria zein zen ahazten zitzaienan: lehena zutik etxean, oheratzen azkena, lanean beti…
Hik, Aissatou, bere duintasun zapuztuan gatibu laga huen ezkon familia. Kexu hintzen: «Hire ezkon familiak estimu handian hauka. Zaindu ezan ondo. Nireak, aldiz, bere noblezia minduaren goitik begiratzen zidan. Ezin ezer egin!».
Mawdoren amak burua mendekuan jarrita zeukan bitartean, gu biok bizi egiten gintunan: Gabonetako afaria, etxe bakoitzean txandaka ospatua, bikoteen artean prestatua eta, kostuak ere, erdibana. Konplexurik gabe berritzen genitinan aspaldiko dantzak : biguine sutsuak, rumba amorratuak, tango geldoak. Eta, sentimenduen berritzaile, antzinako taupadak aurkitzen genitinan.
Hiriko itolarritik ere alde egiten geninan, itsas ondoko aire osasuntsua arnasteko.
Dakarreko erlaitza, Afrika mendebaleko ederrenetakoa, naturaren artelana, hegiz hegi ibili ohi geninan. Harkaitz borobilduek eta zorrotzek, beltzek eta okreek, gainetik begiratzen ziotenan ozeanoari. Berde, benetako lorategi zintzilikatuak zabaltzen zitunan sarri zeru argiaren begiradapean. Ngor-era ere badaraman Oukam-eko bidera irteten gintunan, eta, areago, Yoff-eko aireporturaino. Pasatzean ezagutzen geninan, han sakonean, Almadien hondartzara zeraman kalezuloa.
Ngor-eko hondartzan geratzea geninan atseginen, izen bereko auzoan baitzegoen; arrantzale zahar bizardunek sareak konpontzen zitiztenan bentennierren[12] itzalean. Haurrak, biluzi eta mukitsu, uretan zalapartaka ez bazen, jolasean askatasun osoan.
Uretara boteak izateko zain zeutzanan urez asetako hondar finaren gainean olatuek kolpeka garbitutako txalupak, maitekiro margotuak. Beren kroskoan diz-diz egiten zitenan urmael txiki urdinek, zeruz eta eguzkiz beteek.
Hura jendetza jaiegunetan! Familia ugari, leku zabalaren eta aire garbiaren egarri, harat-honat pasieran. Konplexurik gabe jartzen gintunan larrugorritan, iodoz asebetetako haize kirriaren fereka mesedegarriak eta eguzki izpien epeltasunak erakarrita. Eguzkitakoak zabalduta, nagiek lo zegitenan. Umemoko batzuek, pala eta baldetxoa eskuetan, asmameneko gazteluak eraikitzen zitiztenan eta eraisten.
Arratsean, bazetozenan arrantzaleak beren arrantzaldi neketsutik. Beste behin ere, ihes egin ziotenan itsasoaren amarru mugikorrari. Horizontean lerro xume beltz bat baino ez ziren batelak bertaratzean, gero eta bereziago azaltzen zitunan elkarrengandik. Dantzan zegitenan olatuen sakonean, eta, gero, nagi azaleratzen, banan-banan. Arrantzaleek, alai eta kantu, oihala eta materiala jaisten zitiztenan. Batzuk borborka ari zen ekoizpena biltzen saiatzen ziren bitartean, besteek jantzi bustiak bihurkatzen zitiztenan, eta beren kopetak xukatzen.
Bizirik zeuden arrainek jauzi egiten zitenan haurren begi txundituen harridurarako, itsas suge luzeak bihurrika zebiltzan bitartean. Arraina uretik irtetean baino gauza ederragorik ez zagon; haren begi argi eta freskoak, urre edo zilar koloreko ezkatak, haren distira urdinxka!
Eskuz bereizten zitiztenan; eskuz pilatu eta eskuz banatu. Etxerako probisio ederrak egin ohi genitinan.
Itsaskirriak umore onera bultzatzen gintinan. Dastatzen genuen gozamenak jai giroan jartzen zitinan zentzumen guztiak, eta neurri berean mozkortzen aberatsa eta pobrea. Natura sakon, aztergaitz eta mugarik gabekoarekin egiten genuen komunioak arima garbitzen zinan. Etsipena eta gogo iluna bazihoazanan, bat-batean haien ordez betetasun eta irekitasun sentipenak aseta.
Indarberrituta, etxerako bidea hartzen geninan. Oi, zorion xumeen sekretua, osabide onuragarria eguneroko iskanbilan!
Gogoan al ditun Sengalkam-en Mawdo Bâk aitarengandik jasotako zelaian antolatzen genituen bazkari haiek? Sengalkam dun orain ere hiriko zoramenarekin hautsi nahi duten dakartarren abaroa. Gazteek erositako partzela ugari zauden han alboz albo, non benetako bigarren bizilekuak apailatu dituzten: onak ditun sail berde horiek atsedenerako, gogoetarako eta haurren jolaserako. Oasi horretara zaraman Ruffisque bideak.
Mawdoren amak zaindu zinan eremu hori semea ezkondu zen arte. Lursail horretara lotu zitzaizkionan berriro begiak senar hilaren oroimenarekin; biok bat, gogor saiatuz otzandu baitzuten gure begiek harri-harri eginda begiratzen zuten landaretza.
Hik mugako etxola gehitu huen: hiru logela xume, bainugela eta sukaldea. Lore ugariz hornitu hituen zenbait bazter. Oilategia eraikiarazi huen, artegia ere bai gero.
Elkarren artean gurutzatutako hostotza ugariko koko-ondoek babesten zitenan eguzkitik. Mangondo urtsuak zeudenan granada lurrintsuen artean. Arbak makurtzen zitiztenan mangoek, fruituz astun. Papaiak geratzen zitunan tentalari baina eskuraezin han gorako tantaien gainean, forma askotako bularren antzeko.
Orri berde, brontze koloreko, belar erne berri eta belar zimelduek estaltzen zitenan lurra. Gure oinen azpian, txindurriek etenik gabe berregiten zitenan beren bizilekua.
Zein atsegina zitzaigun itzala zelai landuaren gainean! Irabazleen oihu edo galtzaileen amorru, jolas taldeek bata bestearen atzetik jarraitzen zitenan etenik gabe.
Eta eskura genituen fruituz asetzen gintunan. Eta koko-ura edaten geninan! Eta gatz eta piper istorioak kontatzen genizkionan elkarri! Eta fonografoaren doinu bizien deira eragiten genionan gorputzari. Eta, bitartean, piperbeltz, baratxuri, gurin eta piperrez gozatuta, arkumea erretzen ari zunan.
Bizi, bizi gintunan. Gainezka betetako eskolako geletan zutik, geu gintunan ezjakintasuna gainditzeko osatu behar zen ahalegin erraldoiaren hauspoa.
Lanbide bakoitzari, dela eskulana, dela burulana, begiramena zor zaion, ahalegin fisiko neketsua eskatzen baitu, trebetasuna, ezaguera zabalak, txindurriaren pazientzia.
Sendagilearenak bezala, gureak ere ez din hutsegiterik onartzen. Bizia ez baita txantxetan hartzekoa. Eta bizia, gorputza dun, eta espiritua, biak batera. Arima itxuragabetzea hilketaren pareko sakrilegioa dun. Irakasleek, haur eskolatik unibertsitateraino, laudoriozko aipamenik eta dominarik irabaziko ez duen armada bikaina osatzen diten. Beti erne, beti martxan dagoen armada. Atabalik eta uniforme distiratsurik gabeko armada. Armada horrek, amarru eta lakio zapuztuz, nonahi landatzen din jakitatearen eta onbidearen bandera.
Auzo apaletako andereño apal gu, noraino maite genuen irakaskuntzaren apaizgoa! Zer-nolako fedez zerbitzatzen geninan gure lanbidea eta noraino husten gintunan haren ohoretan. Ganoraz betetzen ikasi geninan —ikasle orok bezala— metro gutxira zegoen praktika-eskolan, non eskarmentu handiko irakasleek psikologia eta pedagogiako jakitatea zehazten erakutsi ziguten hasiberrioi. Gure izatearen zerbait bazeramaten ume aldraren garapen eztanda eragiten geninan beren tolesturetan.
[12] Zeiba arbolaren wolof izena, malbazeoen familiako zuahaitz erraldoia.