Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: María de Bernardo
Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: María de Bernardo
25
Hitzartutako orduan sartu zunan Ibrahima Sall nire gelan. Atsegin zaidan orduarekiko begiramen hori.
Handia, eguneroko jantzitan. Aurpegi atsegina oro har. Begiak, ordea, nabarmen ederrak. Gozoak, samurrak, begitarteko pantaila luzean. Gustagarriak emakume baten aurpegian… Irribarrea ere bai. Haren hortz lerrokadan kokatu zunan nire begirada. Saldukeriaren seinaleko etenik ez. Ibrahima Sallek zuzen bereganatzen zinan: lotsagabe izpi bat lagun, lehen seduzitzaile gaztearen irudia. Atsegina gertatu zitzaidanan, eta bere txukuntasunak lasaitu nindunan: ilea motz eta ondo orraztua, azkazal ebakiak, oinetako distiratsuak. Gizaseme prestua behar zinan izan; azerikeriarik gabekoa, beraz.
Neuk deituta etorri zunan, baina berak hartu zinan hizketaren norabidea.
—Askotan izan dut buruan hizketaldi hau zu jakinaren gainean jartzeko. Badakit zenbateraino esanahi handikoa den alaba bat amarentzat, eta Aissatou sarri mintzatu zait zutaz, zuk dituzun loturei buruz; ezagutzen zaitudala iruditzen zait. Ez naiz abenturazalea. Zure alaba nire lehen maitasuna da. Bakarra izatea nahiko nuke. Barkamena eskatzen dizut gertatu denaz. Zu bat baldin bazatoz, Aissatourekin ezkonduko naiz. Nire amak zainduko du haurra. Gure ikasketak jarraituko ditugu.
Hara hor laburbildua eta zuzen esana nik entzun nahi nuen guztia. Zer erantzungo? Aise eman baietza bere proposamenei? Aurrean zegonan Farmata zehaztasunei erne.
Berak zirikatu zinan:
—Heu haiz, hortaz, lehena?
—Bai —erantzun zinan Ibrahima Sallek.
—Ohartu, beraz, hire ama. Bihar joango gaituk, edo joango nauk, hire bidegabekeriaz jakinaren gainean jartzera. Aurreztu dezala diru mordoxka bat nire ilobari kalte-ordainak emateko. Bestalde, ezin izan al duk itxaron lanbide bat eduki arte nesken atzetik ibiltzeko?
Haserre gabe onartzen zitinan Ibrahima Sallek griotaren oharrak. Izenez ezagutzen zinan beharbada, eta jitez, isiltasun adeitsu batez baino ez baitzuen kontrajartzen.
Farmataren kezketatik urrun, erabat bestelakoak zitunan nireak. Ikasturtean gintunan bete-betean. Nola jokatu behar dut alaba ikastetxetik bidal ez dezaten?
Nire kezken berri eman nionan Ibrahima Salli. Berak ere gogoeta egina zinan horri buruz. Oporretan jaioko zunan haurra. Behar-beharrezkoena burua ez galtzea zunan; utzi hilabeteak aurrera joan zitezen, Aissatouk arropa zabalak jantz zitzala. Bi hilabete izango zitinan haurrak ikasturte berriaren hasieran. Azken urtea hasiko zinan Aissatouk.
Azken urte horren amaieran, ezteiak.
Arrazoi zuzenak ematen zitinan alabaren lagunak. Dabaren buru argian pentsarazten zidanan.
Berak, Ibrahima Sallek, ez zinan unibertsitatetik bidalia izateko inolako arriskurik. Eta, lizeoko ikaslea baino ez bada ere, nork ohartaraziko zion ikastetxeari aurki aita izateko tenorea? Ez zunan ezer ageriko. “Zapal” jarraituko zinan… Alabaren sabela, baina, hanpatua, salatari gertatuko zunan.
Zer lege bihozbera etorriko ote oporraldi luzeak estaliko ez duen lizeoko neska errudunen egoera arintzera?
Ez nionan ezer gehitu hain antolamendu zehatzari. Une hartan, alaba nire izatetik bereizi egiten zitzaidala nabaritu ninan, berriro mundura ekarriko banu bezala. Ez zegonan gehiago nire babesean. Lagunarena zunan nirea baino gehiago. Familia berria sortzen ari zunan nire begien aurrean.
Menpeko zeregina onartzen ninan. Fruitu umotuak zuhaitzetik erori beharra din.
Jainkoak erraz diezaiola ume honi bere bizitzako norabide berria.
Baina, dena den, zer bide?