Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: María de Bernardo
Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: María de Bernardo
27
Bihar arte, adiskide kuttun hori.
Nahiko denbora izango dinagu geuretzat, Aissatou, are gehiago alargun oporrak luzatzea lortu dudalako.
Gogo ematen ari naun. Barne iraultza honek ez hau ia batere harritzen… Ezin zionat buruari galarazi bihotza hustea. Ez eta hemen laburbiltzea ere. Mundua astintzen ari ditun emakumearen askapenari buruzko ur-biziek, eta ez naiten ezaxola uzten. Arlo guztietako haustura dakarren astinaldi horrek erakusten zigun zenbaterainokoak diren gure gaitasunak.
Jai egiten din nire bihotzak emakume bat itzaletik argira ateratzen den bakoitzean. Bazakinat zein mugikorra den lortutakoen eremua; zaila dun iraupena: gizarteko trabak bultzaka zauzkanagu beti, eta gizonezkoen egoismoak eutsi egiten zion.
Batzuentzat lanabes, besteentzat beita, begirunez begiratuak edo erdeinatuak, isilaraziak sarri: erlijioek eta gehiegizko legeek oinarriak jarrita, zori berbera diten ia emakume guztiek.
Nire gogoetek bizitzako arazoetan errotu naiten. Gure etorkizuna bideratzen duten erabakiak aztertzen ditinat. Gaur munduan gertatzen ari dena zulatuz zabaltzen dinat nire aburua.
Jabetuta nagon beharrezkoa eta ezinbestekoa dela gizonaren eta emakumearen arteko osagarritasuna.
Maitasunak, bi izaki horien arteko lotura naturalak baziraun, bai edukian bai espresioan oso akastun azaltzen bada ere.
Elkar maite! Bikotekide bakoitzak egiaz jo ahal baleza bata bestearengana! Bakoitza bestearengan urtzen ahalegindu ahal baledi! Bestearen garaipenak eta porrotak bere egingo balitu! Hutsen eta akatsen zerrenda eraiki ordez, bestearen dohainak goratuko balitu! Nork bere grina okerrak apalduko balitu, horretan gogaikarria gertatu gabe! Alditxarrak aurrez ikusteko gordelekurik sekretuenak argira aterako balitu eta lagun gertatu, sendatuz, isileko gaitzetan!
Instrumentu ezberdinen adostasunak sinfonia atsegina eraikitzen duen bezala, bikotearen elkar aditzetik jaiotzen dun familiaren arrakasta.
Aberats eta pobre, batu eta urratu, ganorazko eta kaskarin, familia guztiek osatzen diten Nazioa. Nazio baten arrakasta, nahitaez, familiatik pasatzen dun.
* * *
Zer dela-eta ez dira hirekin joango seme-alabak? Ai! Ikasketak…
Horrela, bihar, jostun trajez ikusiko haut ala soineko luzez? Dabarekin egiten dinat apustu: jostun janzkeran. Hemendik urrun bizitzen ohitua, mahaia, platera, aulkia, sardexka nahiko ditun —Dabarekin egiten dinat berriro apustu—.
Lasaiago, esango dun. Baina nik ez dinat jarraituko. Oihala zabalduko dinat lur gainean. Erdian, lapiko handia, lurrun jario, eta beste eskuek ere bertatik hartzea jasango dun.
Duela urte asko gogortu hauen oskolaren azpian, sinesgaitzeko kopetilunaren azpian, hire ibilera apur bat lotsagabearen azpian, hire barne dardara sumatuko dinat agian. Zenbat maiteko nukeen hi entzutea nire bihozkadei galga jarri nahian, edo bihozkada horiek biziagotzen, garai haietan bezala, eta garai haietan bezala bide bila parte hartzen ikusiko bahindu.
Abisu ematen dinat, badaezpada: ez zionat uko egiten nire bizitza berregiteari. Denen gainetik —etsipen eta umiliatze— itxaropendun naun. Landare berdea humus zikin eta okaztagarritik jaiotzen dun, eta nigan kimu berriak ageri direla nabari dinat.
Zorion hitzak zerbait estaltzen din, ezta? Haren bila aterako naun. Zoritxarra nirea, hain gutun luzea idatzi beharrean gertatzen banaiz…
Ramatulaye