Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: Marķa de Bernardo
Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: Marķa de Bernardo
24
Gaur ezin izan dinat arratseko otoitza nire gisara amaitu: kaletik zatozen orroek jauzarazi naiten eserita nengoen tapizetik.
Zutik, atarian, hara non ikusten ditudan nire seme Alioune eta Malick badatozela negar malkotan. Errukarria egoera: jantziak urratuta, gorputzak hautsez mozorrotuta lurrean ibili direlako, belaun odolduak praka motzen azpian; zarratada luzea ageri dun Malicken jertsearen eskuineko maukan, besoa penagarri zintzilik. Lagun zetorren mutiko batek azaldu zidan: «Futbolean ari ginela, motorrean zetorren gizon batek hankaz gora bota ditu Malick eta Alioune».
Gizaseme bat aurreratzen zaidan, ilea luze, betaurreko zuriz, gri-gria lepoan. Kaleko hauts erreak itxuraldatzen din bere jean osoa. Mutiko haserretuen jomuga, ostikoka erabilia, zauri odoldua hankan, hainbesterainoko etsaigoagatik gogaitua. Janzkera narrasarekin kontrastean, barkamena eskatzen zidan doinu eta keinu adeitsuan: «Ezkerrera egin dudanean, berandu ikusi ditut gaztetxoak. Bide aske batera nentorrela uste nuen norabide bakarreko kale horretara heldu naizenean. Ez zait burutik pasatu haurrek hortxe jar zezaketenik jolaslekua. Frenoa sakatu dut, baina alferrik. Gol egiteko atea mugatzen duten harrien aurka jo dut. Erortzean, aurretik eraman ditut zure bi semeak, eta beste hiru mutiko ere bai. Barka iezadazu».
Motorzale gaztea atsegina gertatu zaidan. Neureak eta bost bota zizkionat, baina ez zitunan beretzat. Bazakinat zein zaila den hiriko kaleetan barrena gidatzea; musulmanen auzoan batez ere, ikasia baitut. Asko maite diten mutikoek galtzada. Bere egiten dutenean ez diten beste ezer begiratzen. Deabruak balira bezala aztoratzen ditun bero-bero baloiaren atzetik. Maiz, beren lehiaren xedea hariz estu lotutako trapu zahar borobila baino ez dun. Zer axola! Gidariak ez zaukan frenoa, klaxona eta bere odol hotza beste babesik; hesia irekitzen zaion tarrapatan, bultzaka itxia berehala. Atzetik, lehen baino beroago, garrasika ekiten zioten berriro.
«Gazte, errua ez duk hirea. Nire semeena duk. Otoitzean ari nintzen bitartean iruzur egin baitiete nire begiei. Hoa, edo, itxaron apur bat, hire zauriarentzat alkohola eta kotoia ekarri bitartean».
Aissatou, hire homonimoak ekarri ditin alkohol iodoztatua eta kotoia. Ezezaguna zaindu din, eta, gero, Alioune. Auzoko mutikoek ez diten ontzat hartu nire obra ona. Zigorra nahi diten “egilearentzat”; nik haserre egiten zienat. Ai!, umeak! Istripua eragin, eta zigorra nahi diten mina hartu duenarentzat.
Dilindan dagoen Malicken besoa hautsita dagoela iruditzen zaidan. «Aissatou, eraman ezan erietxera azkar-azkar. Mawdo han ez badago, eramazan larrialdietara. Hoa bizkor, neska». Istant batean jantzi dun Aissatou; lagundu zion Malicki garbitzen eta arropa aldatzen.
Zaurien odolbilduak orban ilun eta okaztagarriak utzi ditin lurrean. Haiek garbitzean, gizakion identitateaz egiten dinat hausnar: odol gorri berbera atal berberak odoleztatzen. Leku jakinean kokatutako atal horiek zeregin berberak betetzen ditizten.
Sendagai berberek gaitz berberak osatzen ditizten zerupe guztian, dela beltza dela zuria laguna: denak bat egiten baikaitu gizaki izaerak. Horrela, giza biziaren sarraskiari begiratzen badiogu, zer dela-eta hiltzen dute elkar gizakiek arrazoi zirtzilengatik sortutako borroka gaiztoetan? Hala ere, izaki paregabetzat din bere burua gizakiak. Zertarako balio dio adimenak? Adimenak berdin sortzen din ederra eta gaiztoa, sarriago gaiztoa ona baino.
Hartzen dinat nire lekua meskita berdearen irudiz apaindutako oinazpiko oihalean, nire erabilerarako soilik gordea baita; garbikuntzarako galdara ere bai. Aliounek, ukatzen diodan eztigarriaren bila beti usnaka, bultzaka baztertu din Ousmane, nire ondoan bere tokia hartzeko. Ni, berriz, aukeraz baliatu naun demanda egiteko:
—Kalea ez duk jolas egiteko lekua. Gaur ondo atera zaik. Baina bihar? Kontuz Zerbait hautsiko zaik, anaiari bezala.
Aliounek marmarka:
—Baina auzoan ez dago jolas egiteko lekurik. Eta amek ez dute nahi etxeko patioetan jolas egitea. Zer egin behar dugu mutikook?
Haren oharra zuzena dun. Urbanismoko arduradunek jolas egiteko lekuak ere antolatu behar ditizten, esparru berdeak begiratzen dituzten bezala.
Orduak geroago, erietxetik itzuli ditun Aissatou eta Malick, non, beste behin ere, Mawdo ondo baino hobeto arduratu baita haietaz. Igeltsuz lotutako Malicken besoak erakusten zidan hautsita zegoela. Ai, zein garesti ordainarazten duten mutikook mundura ekarri izanaren poza.
Ai, kuttuna, dudarik ez, zoritxarreko gertakarien uholdea dun gaur. Horrela nagon ni egina: zoritxarrak harrapatzen banau ez nain sekula uzten.
Aissatou hire homonimoa hiru hilabetez haurdun zagon. Farmatak, kaurien griotak, zorigaiztoko aurkikuntzara ekarri nain sator-jolas trebe baten bidez. Herriko esamesek zirikatu zitenan noski, edo urte luzeetako begiratze senak esana zionan.
Gure eztabaidak eteteko kauriak botatzen zituen bakoitzean (gure ikuspuntuak kontrajarriak zitunan beti), atsekabetuta, “han” intziria jaurtitzen zinan. Intziri ozenagoarekin erakusten zinan kaurien nahas-mahasean: neska gaztea haurdun.
Ikusia ninan hire homonimoaren mehetze ia bat-batekoa, jateko gogorik eza, bularrak nola puztu zitzaizkion, bere baitan zeraman haurdunaldiaren adierazle.
Baina nerabezaroak ere aldarazten ditin gazteak: puztu edo mehetu egiten ditin, luzatu. Aissatouk, gainera, paludismo krisi gogorra izan zinan aitaren heriotzaren ostean, Mawdo Bāk gerarazia. Gizenen desagertzea garai hartatik zetorrenan.
Aissatouk, taila txairoari eutsi nahi ziolako, ez zinan berriro gizentzerik nahi. Apeta berri horren kontura botatzen ninan nik hain gutxi jatea eta janari batzuen arbuioa. Mehe, bere praketan airean iduri, ez zitinan, nire atseginerako, gonak baino janzten.
Zintzo adierazi zidanan behin Oumar txikiak, Aissatou botaka aritzen zela beren bainugelan garbiketak egitean. Baina Aissatouk, nik galdetzean, ezetza eman zidanan; dentifrikoarekin nahastutako urari nazka ziola aitatu zidanan. Oumarrek ez zidanan botaka egite horiei buruz berriro hitz egin. Jakin-min hori alde batera geratu zunan.
Nola imajina nezakeen begi bistara bat-batean leher egin didan egia? Nola asma nezakeen nire alaba, zigarretaren arazoan nire haserrea apaldu zuena, jolas askoz astunago batera emana zegoela? Halabehar bihozgabeak ustekabean harrapatu nindinan berriro ere. Babeserako armarik gabe, beti bezala.
Farmata behin eta berriz eta egunero tematzen zunan bere kaurietako “neskatxa gazte haurduna” dela eta. Erakutsi egiten zidanan. Min zinan haren egoeraz. Esanguratsua zunan beraren jarrera: «Hara! Baina begira ezan: kauri bakarti hori, ezdeus airean. Begira ezan egoki datorkion beste kauri hori, alde zuria gora, marmita eta tapakiaren antzera. Haurra sabelean zagon, amarekin bat egiten din. Bi kauri horien bikotea bakartuta zagon; loturarik gabeko emakumea dun, senarrik gabekoa. Baina, kauriak txikiak direnez, neska gaztea dela esan nahi din».
Eta bere eskuak behin eta berriz botatzen zitinan airera kauri berritsuak. Elkarri ihes egiten ziotenan, elkar topa, elkar zamalkatu. Beren txilin-hots iragarleak bahea betetzen zinan, eta bi kauriko bikotea beti bakartzen zunan larritasuna adierazi nahian. Grinarik gabe jarraitzen ninan beren hizkera.
Eta, arratsalde batez, nire xalotasunaz asper-asper, Farmata ausartu zunan: «Galde iezaien alabei, Ramatulaye. Galde iezaien. Etxekoandre batek ezkorra izan behar din».
Etenik gabeko setakeriarekin aztoratuta, urduri, onartu ninan proposamena. Iritziz aldatuko nintzen beldur, gazelaren usain fineko jauziaz, Aissatouren gelan desagertu zunan Farmata. Irabazi duenaren distira begietan irten zunan handik. Atzetik negarrez, Aissatou. Bidali zinan kanpora nire bubuan kuzkur zegoen Ousmane, atea giltzaz itxi eta aitortu: «Kauriek ezin diten egunero gezurra esan. Hain temati azaldu badira, badagoela zerbait esan nahi din. Ura eta harea nahastuta zauden; lokatza sortzen diten. Bil ezan hire lokatza. Aissatouk ez zion ezetzik bere egoerari buruz. Neuk salbatu dinat dagoena ezagutzera ematean. Hik ez zunan ezer sumatzen. Bera ez zunan aitortzera ausartzen. Egoera horretatik ez zineten sekula irtengo».
Zirrarak ixten zinan nire eztarria. Ni, hain bizia errietarako, isilik nengonan. Harri eta zur, berotasunez arnasestuka. Begiak itxi nitinan, gero berriro ireki. Mingainari hozka nengonan.
Horrelako egoera baten aurrean, burura datorren lehen galdera dun: «Nork? Nor da lapurreta honen egilea, zeren, lapurreta, egon, bazagon; nor da hondamen honen eragilea, zeren, hondamena, egon, bazagon! Nor ausartu da? Nor…? Nor…?». Aissatouk delako Ibrahima Sall baten izena aurreratu zinan berehala, bere hizkeran Iba gertatuko zena.
Harri-harri eginda begiratzen nionan alabari, hain ondo hezia, hain samurra nirekin, hain lagunkoi etxean, hain eragin handikoa zeregin guztietan. Bat etor al daitezke hainbeste dohain horrelako jokaerarekin?
Unibertsitateko ikasle dun Iba, lege ikasle. Adiskide baten… urtebetetze jaian ezagutu zitenan elkar. Noizbehinka, lizeora etorri ohi zunan Iba Aissatouren bila, eguerdian “jaisten” ez baldin bazen. Bi bider gonbidatu zinan bere gelara unibertsitateko eremuan. Ibarekin ondo egoten zela aitortu zinan alabak! Ez, ez zionan ezer eskatu; mutilak ez zinan ezertara behartu. Dena natural gertatu zunan bien artean. Ibak bazekinan Aissatouren egoera. “Lagundu” nahi zion lagun baten zerbitzuak ez zitinan onartu. Neskari atxikia zegonan mutila. Bekaduna izanik, beka galduta ere haurraren ardura hartzeko prest zegonan.
Aitorpen bakarraren jarraian ikasi behar izan nitinan guztiak, arnasestuek zotinka ebakitako esaldiekin baina inolako damurik gabe! Burua makur, Aissatou. Itxurakeriarik gabeko kontakizun hartan ezagutzen ninan alaba. Ezagutzen ninan bere bihotzean nire irudia eta maitalearena biak batera bizitzea lortu zuen mutilarekiko eskaintza osoan. Aissatouk begiak jaisten zitinan zapaltzen ninduen zorigaitzaz jakitun, isilik bainengoen. Eskuz eusten nionan neure buru akituari. Aissatouk begiak jaisten zitinan. Nire erraien karraska entzuten zinan. Jabetzen zunan zenbateraino zitekeen larria bere jokaera, lehenbizi abandonatua eta ondoren alargundu berria nintzen haren aurrean. Alaben borroketan, Dabaz aparte, bera zunan zaharrena. Zaharrenak etsenplua eman behar din… Nire hortzek klaska egiten zitenan, amorruz klaska.
Larrialdi garaian, bakardade urte luze haietan, sorospen bafada bailitzan Aissatou alabaren jarrera samur eta gozagarria gogora ekarriz, nire aztoramena menderatu ninan. Bizitzako ezbehar guztietan bezala, Jainkoarengana itzultzen nindunan. Nork erabakitzen ditu jaiotza nahiz heriotza? Jainko Ahalguztidunak!
Bestalde, ama gaitun azaldu ezin dena ulertzeko. Ama, ilunpeak argitzeko. Ama gaitun txitak ateratzeko, tximistak gaua marraz zirriborratzen duenean, trumoiak lurra urratzen duenean, lokatzak bidea labain bihurtzen duenean. Ama gaitun, ez hasiera ez azken, maitatzeko.
Nire izate osoarekin, alabaren eta oztopo guztien artean babes harresia eraikiko nuela zin egin nionan neure buruari. Neurriak hartu nizkionan aurrez aurre jartzeko une horretan alabarekin lotzen ninduen guztiari. Zilbor hesteak bizi berri bat bereganatu zinan, hautsi ezineko lokarri bat erasoen tropelaren aurrean eta denboraren luzaroan. Berriro ikusi ninan erraietatik atera berria, haur-oihal arrosatan ostikoka, bere aurpegi txiki zimurrez betea zetazko ileen mende. Ezin ninan abandonatu harrokeriak agintzen zidan bezala. Haren bizia eta haren etorkizuna apustu indartsua zitunan tabuak eraisteko eta beste guztiaren gaineko nagusitasuna ezartzeko bihotzari eta arrazoiari. Beregan gor-gor zegien bizia galdera zunan niretzat. Ireki eta zabaltzeko lehia bizian zegonan. Dardara zeginan babes eske.
Neu nindunan behar bezainbesteko goieran egon ez nintzena. Baikortasunez gogobetea, ez nionan antzik hartu kontzientziaren dramari, bere izatearen irakinaldiari, bere buruko erauntsiari, beregan zeraman mirariari.
Ama gaitun uholdeari aurre egiteko. Alabaren lotsaren, zinezko damuaren, oinazearen eta estualdiaren aurrean, mehatxuka hasi behar ote nuen?
Hartu ninan alaba besoetan. Asaldura paganoz eta hastapenetako samurtasunez osatua baino hamar bider indar handiagoz estutu ninan besoen artean. Negarrez ari zunan. Zotinka.
Nolatan ahal izan zuen berak bakarrik bere sekretuarekin bizi? Trauma eragiten din niregan ume honek nire haserretik ezkutatzeko erabili behar izan duen ahaleginak eta nagusitasunak zoraldiak harrapatzen zuenean edo nire umeteria bihurriarengan nire ordezkoak egitean. Min ninan. Zinkurinka nenbilenan. Bihotzean min.
Egundoko indarra erabili behar izan ninan zutitzeko. Eutsi! Ilunaldia arintzen hasi zunan. Eutsi! Argi izpiak bat zetozenan bakezko argitasunarekin. Zalapartaren gainetik babesa eta laguntza emateko erabakia argira zetorrenan. Malkoak xurgatzen nituen neurrian eta kopeta kiskalgarria laztantzen, nire erabakiak indarra hartzen zinan.
Bihar bertan, aholkua eskatuko zionat Aissatou txikiari.
Harri eta zur zegonan Farmata. Auhenen zain zegonan; irribarrez, ni. Gaitzespen sutsuak espero zitinan; ni, bihotza arintzen saiatzen nindunan. Mehatxuak nahi zitinan; nik barkamena eskaintzen nionan.
Dudarik gabe, ez din sekula ikasiko zeri atxiki nirekin. Bekatari batengana samurtasunez inguratzea bere buruaren gainetik zegonan. Gazte-gaztetandik nire pausoei itzala bailitzan lotua, eztei jai handiosak zitinan amets Aissatourentzat nire eztei pobreen ordain. Hi goresteko ohitura zinan, Aissatou, diru mordoa emango baihion homonimoaren ezkontzan. Fiataren historiak bere egarria zorrozten zinan, eta egundoko aberastasuna hiri egozten. Jai erraldoiak zitinan amets, eta hara non neska hau dirubako estudiante gazte bati eman zaion, zeina ez zaion sekula esker handikoa gertatuko. Nire lasaitasuna botatzen zidanan aurpegira.
—Alabak baino ez ditun. Har ezan iraun dezakeen jarrera bat. Ikusiko dun. “Hori” egin duena Aissatou baldin bada, neure buruari galdegiten zionat zer ez duen egingo hire hirukote erretzaileak. Bete ezan laztanez alaba, Ramatulaye. Ikusiko dun.
Ikusiko dinat, bai, Ibrahima Sall biharko deituz…