Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: Marķa de Bernardo
Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: Marķa de Bernardo
14
Azkenean bakarrik, ezustekoari bidea libre uzteko eta nire nahigabeari neurria hartzeko. Ai, bai! Lehiakidearen izena galdetzea ahaztu zaidan, horrela giza itxura eman ahal izango niokenan nire zoritxarrari.
Ez zunan nire galdera luzaroan erantzunik gabe geratu. Berehala etorri zitunan Dakar Handiko ezagunak ospakizunaren zehaztasunak argitzera, benetako adiskidetasunagatik batzuk, Binetouren amak ezkontzatik atera zuen etekinagatik amorru bizian eta bekaizti besteak.
«Ezin dinat ulertu». Haiek ere ez zinaten ulertzen Modou, nortasun handiko gizona, nola sar zitekeen azken muturreko ndol[20] familia batean.
Binetou, nire alaba Dabaren adineko haurra, nire emaztekide mailara igoa, eta berari aurre egitera behartua ni. Binetou lotsatia! Modou zunan jantzi zaharkituen ordez prźt ą porter berriak erosten zizkion aitona. Tuntuna ni, uste izan bainuen ez zela inoiz ere beteko zahartzarora heldutako buruan zebilen ametsa, eta uste horretan hustu nitinan nire sekretuak aurkariaren alabarengan. Dena aitortua zinan: txaletarena, hileroko diru-laguntzarena, gurasoei agindutako Mekarako bidaiarena, dena. Neurria hartzen ari zen gizona baino indartsuagoa zela uste izan zinan. Ez zinan Modouren nahiaren indarra ezagutzen, trabaren aurrean erakuts dezakeen ahalegina, irabaztearen harrokeria, galtzen duen bakoitzean burura datozkion eraso berriak…
Bere harrotasunean minduta, amorru bizian zegonan Daba. Binetouk aitari eman zizkion ezizen guztiak errepikatzen zitinan: Aitona! Tripazorroa! Agure zaharra!... Bere bizitzaren sorburua zikindua zunan egunero, eta berak onartzen zinan. Haserre gorriak harrapatu zinan Daba. Bazekinan egiazkoak zirela bere adiskide laztanaren hitzak. Baina zer egin zezakenan Binetou bezalako haur batek bizi gose-egarria orroka darion ama baten aurrean?
Binetou, beste askoren antzera, “materiaren” aldarean oparitutako bildotsa baino ez dun. Egoera aztertzen zuen neurrian, hazten zihoanan Dabaren amorrua: «Hautsi, ama! Bota gizon hori. Ez zuri, ez niri, ez digu errespeturik erakutsi. Egizu izeba Aissatouk bezala, hautsi. Hautsi egingo duzula esadazu. Ez zaitut gizon bategatik lehian ikusi nahi nire adineko neska batekin».
Engainatutako emakume guztiek diotena esaten nionan neure buruari: Modou esnea balitz, neuk izan dinat esnegain guztia. Geratzen dena, bada, ura baino ez dun, nolabaiteko esne usainarekin.
Baina azken erabakia neure esku zegonan. Modou etxetik kanpo gau osoan (burutua ote zuen ezkontza?), eta aholkua dakarren bakardadeak bidea ireki zidanan arazoa bere neurrira mugatzeko.
Alde egin? Gizon batekin eman hogeita bost urte, bitartean hamar haur mundura ekarri, eta berriro hutsetik hasi? Ba ote nuen neuk bakarrik nahiko indar erantzukizun moral eta material horren pisuari eusteko?
Alde egin! Marra bat marraztu joanaren mugan. Orriari buelta eman; dena distira izan ez bazen ere, garbia behintzat bazunan. Handik aurrera gainean grabatuko zenak ez baitzuen ez maitasunik, ez konfiantzarik, ez handitasunik, ez itxaropenik edukiko. Nik ez ditinat inoiz ere ezagutu ezkontzaren ifrentzu ustelak. Ez ikasi! Ihes egin! Barkatzen hasten baldin bahaiz, hutsen uholdea zatorren gainera, eta ez daukan barkatu beste erremediorik; barkatu beste behin ere, barkatu beti. Alde egin, saldukeriatik urrutira joan! Parte naizen senarraren zain neure buruari galderarik egin gabe, hotsik txikienari belarria erne jarri gabe egin lo.
Ezagutu ditudan nire belaunaldiko emazte utziak banan-banan zenbatzen nitinan.
Ezagutu ditinat, ezagutu, geratzen zitzaien gaztetasun oparoaz baliatuta, egoera ona eta lerdentasuna batzen zituen gizona bereganatu ahal izango zutenak, «zihoana baino mila bider hobea». Emakume horien patua miseria zunan, baina miseriak atzera egiten zinan masailak borobilduz eta begiak dizdiz jarriz, bizitza aldatzen zien poz berriak betetzen zituen neurrian. Berritze ororen itxaropena galdutakoak ere ezagutu ditinat; azkar asko eraman ditin lurpera bakardadeak.
Halabeharraren jolasa ezin arakatua dun. Auzoko emaztekiak nire aurrean galbahera botatzen dituen kauriak ez zaizkidan optimismorako komeni, ezta, isekaren sinbolo, beren zulo beltz irekia erakusten didatenean ere, ezta zera adierazten didatenean ere, beren bizkar zuriak denak pilan: badatorrela niregana, aberastasunaren agintzari, «bi prakadun gizona»[21]. «Gizona eta aberastasuna, ez hau horietatik bereizten bi kola zuri eta gorrien limosnak baino», gehitzen zidan auzoko Farmatak.
Eta behin eta berriz: «Esaera zaharrak egia zion: hemengo konpondu ezina, beste nonbaiteko aukera gerta daiteke. Zergatik ez dun sinesten? Zergatik ez haiz haustera ausartzen? Baloi bat bezalakoa dun emakumea; baloi hori jo duenak ez zakin zenbat jauzi egingo dituen. Baloia pirritan doan zorua ezin baitu menderatu, are gutxiago nork harrapatuko duen jakin. Uste ez genuen esku batek harrapatzen baitu sarri…».
Eskupeko gizenak amets dituen auzoko griot endreda-makilari jarraitu ordez, neure buruari begira jarri nindunan ispiluan. Eta ispiluaren elokuentzia nire begietara begira jarri zunan. Desagertua zunan nire argaltasuna, eta nire mugimenduen txairotasuna eta bizkortasuna. Nire sabela nabarmen ageri zunan txiki-txikitatik ibilitako kilometroek sendotutako zangoak disimulatzen zituen oihalaren azpian. Hainbeste umealdiren ostean, bularrek galdua zitenan borobiltasuna eta tinkotasuna. Alde zeginan gaztetasunak nire gorputzetik; ezin ninan amets egin!
Urteen joanean, emazteak beregana atxikitzeko indarra berritzen duen bitartean, gero eta gehiago murrizten zaion gizonari samurtasunerako eremua, lagunaren zahartzea gorabehera. Beraren begi egoistak emaztearen bizkar gainetik begiratzen din. Dagoeneko ez daukanarekin konparatzen din eduki duena, eta daukana, eduki lezakeenarekin.
Nahigabe asko entzuna naun neurea ez ulertzeko. Hire kasua, Aissatou, eta beste emakume askorena. Gutxietsiak, zokoratuak edo trukean emanak. Asko erabilitako edo modatik kanpo geratutako bubu urratuak bezala bazterrera utziak. Zorigaitzak harrapatzen hauenean, indarra behar dun gero hari gaina hartzeko. Badoan segundo bakoitzak bizitza murrizten digula pentsatzen badugu, suharki aprobetxatu behar dun segundo hori, galdutako edo irabazitako segundoen bildumak erabakitzen baitu bizitza hutsegina den ala irabazia. Etsipenari hesia jartzeko eta bere neurri propiora mugatzeko gihartu beharra zagon! Bigun jokatuz saminari gaina harrapatzen uzten badion, bertan dun kirioen depresioa. Apurka-apurka, hire izatearen jabe gertatuko dun.
Oi! Kirioen depresioa! Haiei ez balegokie bezala mintzatu ohi ditun klinikoak, burlaizez, eta ohartarazten diten hire bizi organoak ez daudela ukituak. Egia dun, erradiografiak inoiz ere baieztatu ez dituelako, hire gaitzen zerrenda egunetik egunera luzeagoarekin asper-asper eginda daudela esaten ez dinaten bitartean —burua, eztarria, bularrak, bihotza, gibela—. Hala eta guztiz ere, zein gaiztoak kirioetako depresioak eragindako minak!
Jacquelinengana zoakidan burua, harrapatu egin baitzuten. Boli Kostako Jacqueline, guraso protestanteen aginduari uko eginez Samba Diack sendagilearekin ezkondua. Mawdo Bāren promoziokoa zen sendagile hura, Afrikako Medikuntza eta Farmazia Eskolatik irtetean Abijanera bidalia. Sarri bisitatzen gintinan Jacquelinek, gureak ikustera etorri ohi baitzen senarra. Senegalera itzultzean, mundu berri batean hartzen zinan lur: erreakzioetan ezberdin, izaera eta burubideetan ere bai, bera hazi zen lekutik urrun. Horrezaz gainera, senarraren gurasoek —gurasoak tartean beti— are haserreago begiratzen ziotenan Mahomaren erlijioa hartu nahi ez zuelako eta igandero protestanteen tenplura joaten zelako.
Beltza eta afrikarra bera, zer aitzaki izan zezakeen herri beltz eta afrikarrean txertatzeko, Frantziako kolonizatzaile berberaren eskuetatik iraganak izanik, gainera, Senegal eta Boli Kosta? Afrika, ordea, ezberdina dun, pusketaz osatua. Behin baino gehiagotan aldatzen dun aurpegiz eta pentsamoldez lurralde berberean, iparretik hegora edo ekialdetik mendebalera.
Senegaldar bilakatzeko gogoa zeukanan Jacquelinek, baina isekek itotzen zitenan beregan lankidetzarako gogo guztia. Gnac[22] deitzen ziotenan, eta, goitizenaren esanahia jakin zuenetik, asaldura bizian jartzen zunan hitz hori entzun orduko.
Senarrak, jatorriz urrutikoa, senegaldar emazteki “finen”, hala zionan berak, usnaka pasatu ohi zinan denbora librea, bere abenturak ezkutatzeko ezaxola eta emaztea eta haurrenganako errespetuaz ardura izpirik erakutsi gabe. Hain neurrigabekoa zunan bere axolarik eza, ezen, Jacquelinen begi aurrean ipintzen zitinan portaera txarreko froga ezin ukatuzkoak: maitasun hitzak, hartzaileen izenak zeramatzaten txekeak, jatetxeetako eta ostatu geletako fakturak. Negar zeginan Jacquelinek, parrandarekin erantzuten zinan Samba Diackek. Argaltzen ari zunan Jacqueline. Samba Diack, “juerga betean” zebilenan egunero. Behin batez, kexu zunan Jacqueline, bola mingarria zuela bular aldean, ezkerreko bularraren azpian; handik bizkarreraino punta zorrotz batez zulatua zegoelako irudipena zuela. Zotinka ari zunan. Mawdok auskultatu zinan: «Bihotzean ez duzu ezer», esan zionan. Eta lasaigarri bat errezetatu. Min maltzurrak estu hartuta, gogoz irentsi zitinan Jacquelinek pastilla haiek. Flaskoa amaitu zuenean, mina eragiten zion bola leku berean zegoela ohartu zunan; hasierako zorroztasun berberaz estutzen zinan.
Bere aberriko sendagile bati aitortu zionan bere gaitza; elektrokardiograma bat eta hainbat odol analisi agindu zizkionan. Bihotzeko elektrokardiograman, ezer ez; ezer anormalik ez odolean. Lasaigarri bat agindu zionan hark ere: Jacqueline gajoaren larritasuna desagerrarazi ez zuten konprimitu eferbeszente lodiak.
Gurasoengana joan zitzaionan burua, ezkontzari ezezkoa eman izanaren arrazoien bila. Gutun zirraragarri bat idatzi zienan barkamena eskatuz. Gurasoen bedeinkapena heldu zitzaionan, benetakoa, baina ez zionan inolako aurrerapenik ekarri bularreko larritasunaren aurka.
Eraman zitenan Jacqueline Fann ospitalera, Ouakam bidean, unibertsitatetik gertu. Aristide Le Dantec ospitalera bezala, horra ere bidaltzen ditin unibertsitateak medikuntzako ikasleak, egonaldiak egitera. Ospitale hori ez zunan existitzen Mawdo Bā eta Samba Diack Medikuntzako eta Farmaziako Eskolako ikasle zirenean. Baditin eraikin autonomo batzuk, elkarren artean hobeto komunikatzeko zerbitzu anitz babesten dituztenak. Masa handikoak eta asko izanik ere, eraikinak ez diten ospitalea jasoa dagoen eremua betetzen. Hara iristean, han sartzen zituzten zoroengan pentsatu zinan Jacquelinek. Azaldu behar izan zitzaionan zoroak psikiatrikoan zeudela, eta buruko gaixoak deitzen zitzaiela etxe hartan. Ez zirela erasokorrak, bestalde; erasokorrak Thiaroye ospitale psikiatrikoan zeudela. Jacqueline neurologian zegonan. Eta bisitatzera joan ohi ginenok ikasi geninan ospitaleak bazuela tuberkulosia zaintzeko zerbitzu bat ere, baita gaitz infekziosoak zaintzekoa ere.
Han zegonan Jacqueline ohean etzanda. Bere ile eder beltzak sakabanatuta, medikutik medikura hasi zenez gero ez baitzuen inolako orrazik askatu buru gaineko mataza. Babesteko zeraman buruzapia alde batera edo bestera mugitzean, agerian gelditzen zunan guk ekarri ohi genion sustraiz egindako nahastura; izan ere, zer ez genuen egin gure ahizpa infernu hartatik ateratzearren? Hire ama zunan, Aissatou, gure ordez sasiko sendatzaileei galdetzera joan ohi zena. Safara[23] ekarri ohi zigunan bere ikustaldietatik, eta heuk azkar-azkar betetzen hituen sakrifiziorako arauak.
Heriotzan pentsatzen hasia zegonan Jacqueline. Beldur eta aztoramen, eskua bularrean, zain zegonan, lakio guztiei iruzur zegien bola ikusezin eta iraunkor haren beldur, lasaigarri guztiei iseka egiten baitzien azerikeriaz. Letretako irakasle bat zeukanan Jacquelinek gelakide, Saint Louiseko Faidherbe lizeoan irakasle laguntzaile teknikoa zena. Dioenez, Saint Louisen ezin izan din ezagutu ibaia pasatzeko zubia baino. Eztarriko minak, bat-batekoa bezain jasanezinak, zerbitzua hastea eragotzi zionan, eta hona ekarri zitenan, herriratzeko zain.
Sarri egon ohi naun berari begira. Neskato izateko zaharregi. Hezurretaraino argal, atxikimendurako xarmarik gabea. Ikasketak izan zitinan nonbait gazte garaiko denbora-pasa bakarra. Zakarra; pasioen indar guztiari ateak itxi zizkionan, antza denez. Bakardadeak behartu din, nonbait, aldaketa bilatzera. Senegalen irakasle plaza bat lortzea izan dun, dirudienez, ihes egiteko amets-bidea. Horrela etorri zunan, baina amets guztiak hilotz, itxaropen guztiak huts, itsaso urdinaren koloreko puntu zuridun lepoko zapiak bularralde zurbiletik bereizten duen eztarriaren aurka bildu ditun isilik gordetako asaldurak oro. Eztarria estaltzen zuen medikamentuak urdintzen zizkionan ezpain meheak, miseriaren gaineko argi printza. Begi argi urdinak zeuzkanan edertasun soil, argitsuak, zeruko grazia bakarra aurpegiaren esker gaiztoan. Jacquelinengan zeuzkanan begiak. Jacquelinek begiratzen zionan. Eztarria ukitzen zinan. Jacquelinek bularrera eramaten zinan eskua. Eta barre egiten geninan haien eskuen jolasari begira, alboko gelako gaixoa etortzen zenean batez ere. “Berriketan” egitera, zionan; klimatizatzailearen laztan freskagarriaren kontra jartzen zinan bere sorbalda, jasanezinak baitzitzaizkion beroaren bafadak gorputzaren alde horretan.
Distonia neurobegetatiboaren agerraldi arraro eta anitzak. Argi ibili, doktoreok; neurologo edo psikiatra ez bazarete, batez ere. Adierazten zaizkizuen gaixotasunek galerna moralean baitute sarri beren erroa. Jasandako eskarnioak eta gorputzean non edo non pilatzen diren etengabeko kontraesanek ito egiten baitute azkenean.
Bizitza maite zuenez, Jacquelinek kemen handiz eutsi zienan bata bestearen ondorengo odol hartzeei. Behin eta berriz egin zizkiotenan elektrokardiogramak eta biriken erradiografiak. Elektroentzefalograma bat ere egin ziotenan, eta han ageri ziren sufrimenaren arrastoak. Elektroentzefalografia gaseosoa beharrezkoa zela uste izan zunan orduan. Guztiz mingarria dun, ziztada lunbar batez lagundua baita beti. Ohean iltzatua egon zunan egun horretan Jacqueline, inoiz ere baino errukarriago eta izuak hartuago.
Adeitsu agertu zunan Samba Diack, emaztearen hondamenaren aurrean hunkitua.
Egun batez, hilabete osoko tratamendu baten ondoren (zain barneko ziztada eta lasaigarriak) eta bilaketaren ondorioz, gelakide frantsesak bere herrirako bidea hartu zuenean, Jacqueline deitu zinan neurologiako buru egiten zuen sendagileak. Zuhurtziak eta lanbidearen nobleziak ederrago azaltzen zuten gizon bat zeukanan bere aurrean, miseria beldurgarrienaren salerosketak —zoramenarenak— garraztu gabeko gizona. Arreta handiz begiratzen ohitutako begi zorrotzez aztertu zitinan Jacquelinen begiak, haren barruan organismoa nahasten zuten itolarrien iturria bilatu nahian. Ahots gozoz, izaki aztoratu harentzat ezti, aitortu zionan: «Diack anderea, zeure burua osasun onean dagoela aitortzen dizut. Erradiografiek ez dute kontrakorik erakutsi, odol analisiek ere ez. Deprimituta zaude, hori da guztia, hau da… ez zara zoriontsu. Bizi duzun errealitatetik urrun daude nahiko zenituzkeen bizi baldintzak; hori da zure oinazeen iturria. Gainera, zure erditzeak bata bestearen ondoren gertuegi gertatu dira; organismoak bere bizi-zukuak galtzen ditu, eta ez du ordezkorik sortzeko astirik. Laburbilduz, zuk ez daukazu zure bizia arriskuan jartzen duen ezer.
Erreakzionatu egin behar duzu, irten, bizi-arrazoiak bilatu. Goiari eutsi. Apurka-apurka irabaziko duzu. Lasaituko zaituzten shock sail batzuk emango dizkizugu. Gero, joan zintezke».
Buruari eraginez eta irribarre sendogarriz baieztatzen zitinan sendagileak bere hitzak, eta hitz haiek ageriko itxaropena sortu zuten Jacquelinengan. Bizkortuta, esan berri ditudan aitorpenak egin zizkigunan, eta elkarrizketa horretatik erdi sendatua atera zela aitortu. Gaitzaren muina ezagutzen zinan, eta borrokari ekingo zionan. Bere burua zentzatzera behartzen zinan. Urrutitik zetorren Jacqueline!
Zer dela-eta ekarri dudan gogora adiskide honen zorigaitza? Bukaera zorionekoa izan zuelako? Ala, besterik gabe, nik egin dudan aukeraren aitormena atzeratzeko? Neure buruak aukera hori nahi ez, baina hobeto zetorrelako nik Modou Fallekiko sentitzen nuen samurtasun neurrigabearekin?
Bai, argi ikusten ninan non zegoen irtenbiderik onena, duinena. Eta, nire familiaren harridurarako, Dabak eragin arren, nire haurrek denek batera ezetsi arren, geratzea erabaki ninan. Ustekabean harrapatuak, Moudok eta Mawdok ez zitenan ulertzen… Jakinaren gainean, heuk, nire adiskide kuttunak, ez huen, nire bizi-aukera berriaren errespetuz, nire asmo zoro hori burutik kentzeko ezer egin.
Negarretan pasatzen nitinan egunak.
Nire bizitza aldatu egin zunan handik aurrera. Poligamiari dagokionez, prest nengonan Islamaren legearen araberako banaketa onartzeko. Ez ninan deus ere jaso.
Nire aukerarekin haserre, seme-alabek destaina egiten zidatenan. Niri dagokidanez, beraiek zitunan nik errespetatu behar nuen gehiengoa.
—Zure minak ez dira amaitu— iragartzen zidanan Dabak.
Bakardadea zunan nire ingurua. Niregandik ihesi zebilenan Modou. Artaldera itzul zedin adiskideek eta familiakoek egindako ahaleginak alferrikakoak gertatu zitunan. Bikote berriaren gertuko batek aitortu zidanan “txikia” trantzean sartzen zela Modouk nire izena aipatzen zuen bakoitzean eta seme-alabak ikusteko gogoa azaltzen zuenean. Ez zunan sekula gehiago etorri; bere zorion berriak gure oroitzapena estali zinan apurka-apurka. Ahaztu egin gintinan.
[20] Eskasian daudenak, behartsuak.
[21] Botere soziala duena izendatzeko esapidea.
[22] Senegaldarra ez dena; nagusikeriazko mespretxu-kutsua du.
[23] Ur bedeinkatua, erregu eta dei egiteko erabilia, gaitzei aurre hartzeko zein haiek sendatzeko.