Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: María de Bernardo
Itzultzailea: Iokin Otaegi
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza
Azala: María de Bernardo
23
Seme-alaba zaharrenek kezkatzen naiten. Amona gogora ekartzen dudanean eztitzen ditun kezka horiek, gertaera bakoitzari esaera egokia aurkitzen baitzion hark. Gogoko zinan behin eta berriz esatea: «Etxekoandreak ez dauka bidaiatzeko astirik, baina badauka hiltzeko astia». Logale, eguneko beharraren azken zatiari amaiera eman behar zionean kexatzen zunan: «Ai! Ez zeukanat etzateko oherik».
Bihurria ni, etxeko hiru oheak seinalatzen nizkionan. Haserre, erasotzen zidanan: «Bizitza hire aurrean dun, ez hire atzean. Jainkoak egin beza heuk ere nire egoera jasatea». Eta hara hemen ni “haren egoera jasaten”.
Haurra arazorik gabe jaiotzen zela eta hazten uste ninan. Bide zuzena markatu eta hark hartuko zuela besterik gabe, uste ninan. Alabaina, nire kaltetan ziurtatzen dinat zenbateraino den egia amonaren profezia hura: «Guraso berberetik jaio izanak ez din nahitaez antzarik sortzen haurren artean. Posible dun haien aiurria eta arrasto fisikoak ezberdinak gertatzea. Sarri ditun ezberdinak bestalde: guraso berberetik jaiotzea logela berean gaua pasatzea bezala dun».
Haren hitzek eragin zezaketen etorkizunarekiko beldurra apaltzeko edo, irtenbideak eskaintzen zitinan amonak. «Aiurri bakoitzak zentzabide bat eskatzen din. Laztasuna hemen, gozotasuna han. Txikiengan etekina emango duen ipurdikoak mindu egingo din hazitxoa. Egunero gertatzen dun kirioak ataka gaiztoan jarriak izatea! Baina hori dun amaren halabeharra».
Hori bihotza zurea, amama: zuregan ikasitakotik eta zure eredutik ateratzen nuen aukera zailetan bizkortzen ninduen kemena.
Aurreko gau batean, ustekabean, hirukotea (hala deitzen dinagu etxean) harrapatu ninan logelan erretzen: Arame, Yacine eta Dieynaba. Keinu guztiek adierazten zitenan ohikoa zutela erretzea: hatzen artean zigarroa kokatzeko era, ezpainetaraino txairo igotzekoa, dakitenek bezala xurgatzekoa. Sudurrak dardara egiten zuen, eta kea ihesi ateratzen zunan. Arnasa hartu eta airea botatzen zuten bitartean, lezioa buruz esan edo etxerako lanak egiten zitiztenan nire andereñoek. Ahozuriz dastatzen zitenan plazera, ate itxiaren atzean; ahal dudan neurrian saiatzen bainaiz beren intimitatea errespetatzen.
Deynaba, Arame eta Yacine nire antzekoak ditun, diotenez. Antzekotasun ugarik eutsitako adiskidetasun panpoxak batzen ditin; taldea osatzen diten nire beste haurren aurrean, erantzun fidagaitz eta babesle berberekin; batak bestearekin aldatzen ditizten gona, soineko, praka, kortse, ia-ia neurri berekoak baitira. Ez dinat sekula esku hartu beharrik izan beren arteko liskarretan. Ikasle saiatuen ospea din hirukoteak.
Baina hortik erretzeko baimena bereganatzea! Nire haserrearen tximistak jo zitinan. Ezusteak itsututa bainengoen. Emakumearen ahoa, usain gozoaren ordez tabakoaren bafada kirastua dariola! Emakumeen hortzak, zuriz distira egin ordez, nikotinaz belztuak! Hala ere, beren hortzak zuriak zeudenan. Nola konpontzen ziren balentria hori lortzeko?
Ezin itsusiagoa iruditzen zitzaidanan prakak janztea, osaeran Mendebaldekoen erliebe gutxikoa ez bahaiz. Prakak emakume Beltzaren forma oparoak erakusten ditin, giltzurrunen eta aldaken konkordura gehiegi nabarmenduz. Baina amore eman ninan askatu ordez estutu eta trabatu egiten duen modaren aurrean. “Garaiko haizera” ibili nahi baitzuten nire alabek, prakak onartu nitinan beren arropategian.
Aurrerapenaren ondorioen beldurrak harrapatu nindunan bat-batean. Ez ote zuten, ba, nire alabek ere erreka horietatik edaten? Nork jakingo? Grina txar batek beste bat ekar baitezake berekin. Ezin ote gara, ba, modernizazioan sartu, ohituren okerreko bidea lagun ez bada?
Neu ote nintzen, bada, alabei askatasun apur bat ematearen erantzule? Aitonak gazteak etxera etortzea galarazten zinan. Arratseko hamarretan, txilina eskuan, sarrerako atea ixtera zihoala ohartarazten zitinan bisitariak. Txilin-hotsaren konpasean agindu hau errepikatuz: «Hemen bizi ez denak alde egin dezala!».
Nik noizean behin kalera ateratzen uzten nienan alabei. Zinemara joaten zitunan nik lagundu gabe; mutil eta neska zitiztenan adiskide. Banitinan nire jokabidea zuritzeko arrazoiak: adina datorkionean, nahitaez, maitasun sentimendura irekitzen dun, dela mutila, dela neska. Nik nahi ninan nire alabek jatortasunean egitea horren aurkikuntza, errudun sentimendu, itxurakeria eta hondamenik gabe. Beren harremanen berri izaten saiatzen nindunan; jendetasunerako eta konfidentziarako giro egokia sortzen ninan.
Eta hara non erretzeko ohitura jaso duten beren harremanetatik. Nik ez nekinan tutik ere; nik, dena nire mende eduki nahi duen honek. Amonaren jakituria burura zetorkidanan behin eta berriz: «Ona dun sabela elikatzea; hik ez badakin ere, bera hornitzen dun».
Gogoeta egin beharra neukanan. Okerreko bidea geldiarazteko, beharrezkoa ninan berrantolaketa. Belaunaldi berriarekin, bide berria; horixe iradokiko zinan dudarik gabe amonak.
“Jostailu zaharra” izatea onartzen ninan. Tabakoaren kaltegarritasuna ezaguna ninan, eta ezin ninan haren kontsumitzea onartu. Ezezkoa zionan nire kontzientziak, alkohola gaitzesten zuen bezala.
Handik aurrera, bada, usainaren atzetik nenbilenan atsedenik gabe. Nire zaintzaren gordeketan jolasten zinan usainak. Maltzur eta burlati, nire sudurrak zirikatzen zitinan, ihes egiteko gero. Haien gordelekurik kutunena komunak zitunan, gauez batez ere. Baina ez zinan, ernai eta likits, zabaltzerik lortu.